Aurkibidea
Galdua
Laffitte karrikaren erditsutan neska-mutil gazte pare bat hurbildu zitzaidan, helbide bat eta eskuz zirriborratu mapa zeramatzan paper puska higatua brauki sudurpean zabalduz. Egon nintzen zuzentzekotan, jendetasunak eskatzen dituen gutxieneko konbentzioak ahantzi baitzituzten. Agur, barkatu, lagun gaitzakezu? Antzeko betegarriak hots. Horren ordez, seko galdetu zidaten:
— Non da Saubiole karrika? —galdetu zuen mutikoak hats hartze bakarrean.
— Galduak gara, arras. Laguna deitu dugu baina ez du erantzuten—gehitu zuen neskak tarrapatan—. Bi oren ari garela Baionan itzulika.
Begiak gorrituak zituela iduritu zitzaidan. Zainetan, net.
Irriz karkailaka hasi nintzen, gaiztakeriarik gabe, egoera absurdoa iduritu baitzitzaidan. Saubiole atzemangaitza da, karrika bastarta, potretik gabekoa, existitzen denik ahanzten baita, baina halere... Barre artetik erantzuten hasi nintzen, ez nituelako gaitzitu nahi, eta tupusteko euforia ez baitzen lotua momentuko egoera soilari. Domaia zitekeen oraindik gehiago korapila zitezen. Gogoak ihes egina zidan beste garai eta lekuetara, non zinez galdurik izatea zer den ulertuko luketen: Camopi.
Badira lurraldeak, Guyanako Camopi bezalakoak adibidez, galdua izatearen esentzia sentiaraz diezaguketenak. Guyana Ariane suziria botatzeko baizik ez dute atxikitzen frantsesek eta han kausitzen dira militarrak, autoktonoak, etorkin brasildar ilegalak, misio sanitario-sozialekin zenbait asteren iragatera etorri gazte estudiante ezkongabe eta haurrik gabeak. Hango Wayampi jendakikoak berez dira galduak, zentzu guzietan. Oihanaren erdian. Nehon. Ibai baten bazterrean kokaturik, Brasilgo mugan.
Han, nehork ez du ordularirik. Distantzia ez da kilometrotan izartzen, dena da hurbil edo urrun. Zenbatzea zazpi arte egiten da, gero 'anitz' da. Dena den horko jendeak ez du deus zazpi ale baino gehiagotan, ez azienda, ez arropa, ez fitsik. Artetan, herriaren haraindira badoaz delegazioak, xamana modukoak barne, leinu-kide eta auzoengana, oihanean barna, bizpahiru egunez. Bidaia horretan, ez dakizu nora zoazen, non zauden xuxen, noiz helduko zaren. Deliziosa.
— Urrun da?
— Bai, urrun da.
— Zenbat? Zenbat kilometro? Urrun nola?
— Ha ha! urrun, urrun!
Bakanak direnez xendrak, ardura hangoek bakarrik ikusten dituzten arbola batzuen arabera markatua da ibilbidea. Bidean, hots oihanean, gelditzen bada, edozein arrazoirengatik, ezin da taldearengandik urrundu: taldea da zaren okzidental miserablea biziari eta munduari lotzen duena.
Deus ikustekorik Laffitte edo Saubiole karrikekin, ez eta ere gure egoera arrunt horiekin, zeinetan lausotzen baitzaigu bista zer, nola eta norekin egin asmatzen ez dugulako.
— Bakarturik bazara, ez mugitu, ez egin aitzina, ez gibelera, egon zaren lekuan eta oihu egin behin eta berriz.
— Bilatu eta aurkituko zaitugu. Bestenaz, galdua bazara...
— ...eta ez bazaitugu aurkitzen...
Sinesgaitza. Eta zu, airos eta pentsakor, izaririk ez duten oren eta lekuak kurritzen dituzu jende horiekin. Eta hor, dramaren mugetan zaude, zuhaurrek ez dakizula.
Halako batean, bidaiaz abiatu eta gutxira, oihanaren erdian, arratsalde erditan, afariko fruitu biltzen gelditu zara, taldeko beste kide pare batekin. Ez zara urrundu, ez, hor berean egon zara. Hala uste. Oihana da. Beltz-beltza. Landare eta urek jana. Bat-batean altxatu zara eta zure itzulian ez duzu kiderik ikusi, entzun ere ez. Selban landareek dena jaten dutenez, ez dakizu nondik iragan zaren, nondik etorri. Arbolak hain gora eta tinkoak izanki, ipar eta hegorik ezin desberdindu, ezin jakin eguzkiak nondik jotzen duen. Ordulariak gauza gutxirako balio dizu, telefonoa, GPSa eta beste perttolikeria frankoren gisan. Luze gabe jabetu zara, nehork ez dakiela non zaren, non bilatu, beharbada nehork ez duela zuri pentsatzen. Harrabotsak milaka, txorienak, muskerrenak; oroitu zara aditzen direnak ez direla arriskutsuenak. Ohikoak eta barneratuak dituzun kontzeptu guziak airatu dira, inutilak. Eta sentsazio egiatan ikaragarri bat zure izate osoaz jabetu da, behetik gora, hesteak korapilatuz, burtzoratzeraino: ez zara nehor, nehorentzat, nehon, nehoiz. Engoitik, oihu eginen duzu, indar guziaz, hatsa galtzeraino, zintzurra xehatzeraino eta luzaz, luzaz. Aldizka irri zaintsu geldiezinak inarrosiko zaitu, beste bi mindulinekin zaudenean bezalatsu.
Horri deitzen zaio galdua izatea, eta sentituak ez du deskribatzailerik.
Bestalde iduriturik ere, gutxi gorabehera nondik zabiltzan dakizuno, den mendreneko xendra bide bat gelditzen deno, jenderik badeno zutaz arranguratzeko, ez zara galdua. Errealitatea eta pertzepzioen arteko distortsioak pairatzen dituzu.
Irriz karkailaka jarraikiz, seinalatu nien nondik joan behar zuten nigana hurbildu ziren bi kuia-liliei. Atsegin auhen batean hartu zuen neskak erran niona:
— Helbidetik 200 metrotara zarete.
Lehenago agurtu ez baninduten, orduan eskertzen ari zitzaizkidan ezin kantituz.