Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Irakas-geletako aipuak

 

 

Fantasma anitzen iturria bada, irakasleen gela, nonahi, edozein eskolatakoa izanik ere, berdintsua da eta, zer nahi pentsaturik ere, han gertatuak ez dira beste mundukoak. Amultsuak ere badira.

        Beti ordutegi berdintsuan baliatuak dira, klaseak hasi baino doi bat lehenago edo bi klaseren artetik, eta solas biziki arrunten lekuak izaten dira.

        Badira irain batekin edo hitz itsusi zenbaitekin hasiak. Noski, euskal irainen hiztegi osoa kokatzeko aukerak eskainiak, klasikoenetatik pipertsuenetara:

        — Mekauen, ze hotza goiz honetan!

        — Debruasarbalakio, ez da gehiago paperik fotokopiagailuan! Nork du beti hutsik uzten?

        — Ze puñeta! Ez da nehor bulegoan gaur ala?

        — Talde horretarakoak? Kuialili banda!

        — Kaka, ahantzi dut ene USB gakoa!

        — Fateferafutro, inprimagailu astapito hau sekulan ez dabil behar orduan.

        Badira zintzoak direnak:

        — Uaa! Ongi jantzia zara gaur!

        — Nork nahi du kafe bat?, bixkotxa bat?

        — Klase biziki ona egin dugu X taldekoekin e! Kontent naiz!

        — Politak dira zure zapatak. Non erosi dituzu?

        Batzuk zernahiz hitz egiten dute salbu lanaz:

        — Ikusi duzu bardako partida?

        — Ez, Canal-eko filma barda: nüla zen.

        — Nork luke gogoa maskaradaren ikustera joateko?

        — Afari bat antolatuko bagenu heldu den astean?

        Badira galdera existentzialak:

        — Nork du bere kikara garbitu gabe uzten aldi oro?

        — Nori zen kafea ekartzea?

        — Bukatu duzu laster fotokopiak egiten?

        — Uf, baduzula idazlanik zuzentzeko oraino!

        — Zer egin duzu azken egunetan zure goi mailako taldearekin? Errekupera dezaket?

        — E! pssst! —ahapetik kokotsez masa horretan zaren sarkina seinalatuz—: nor da?

        Hots, nonahi agiturik, giro bera da, erranaldi berak, jokamolde berak. Jendea joan-jinka ari da, txandaka, momentu labur batez den bezalakoa da, irri egiten du, elkar sostengatzen du, zerbait partekatzen du. Edo ez. Ez da egiazki lan egiten, deus frogatzen, deus eztabaidatzen edo erabakitzen, zeregin komun tipiak burutzen dira, azken minutukoak; mundua berregiteko presiorik gabe alde humanoa agerian utz daiteke.

        Bat-batean, txirrina birtual batek jo duke, ez dakizula nolaz eta nora, denak desagertu baitira, bakardade eta isiltasun ikaragarriak jabetuz gela zabalegiaz.