Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Txipiroiak Donostian

 

 

Memoria bada gauza bitxia, biziki. Ez hainbeste selektiboa baita nahi duena gordez, baizik eta nahi duen forma eta asoziazioekin egiten duelako.

        Adibidez, historikotzat eman egun hartan, zeinetan ETAk azken bi hilabeteetan espero zen su-eten iraunkorra iragarri baitzuen, irakasleen arteko bilera bat zela eta Donostiako Amaran gertatu nintzen. Egia giroan zerbait sendi zela goizetik, iparraldetik nekez sentitua. Desberdina. 2011ko urtarrilaren 10a zen. Alta, egun hartaz lehen kolpean nik gogoan dudana da txipiroiak jan nituela.

        Arratsaldeko biak pasatuxeak zitezkeen eta ni hamikatua. Urtarrileko eguzki zuriaren pean euskaltegiaren egoitzaren aitzinean, oraino bestalde bildurik ziren lankideen zain nengoen: ordubete lehenago jakinik su etenaren komunikatuaren berria. Ez zidan sentimendu berezirik eragin, ez nekien sobera zer pentsa eta, ordukotz, nekez nezakeen irudika bidea laburra gerta zitekeela libertateraino.

        Pertsona aldi bat atera zen lantokitik, gehienak jarri ziren multzoan bideo berari beha haien eskuko tresnerietan. Batzuk marmarikan aritu ziren, azken minutuko laneko arazo bat doaike, ez nuen dena ulertu: euskalkiak baino erreferentzia kulturalak trabagarriak dira batzuetan. Denek arranguratuak ematen zuten. Aurpegiak markatuak, zimurtuak. Iruditzen zait hegoaldeko gure anai-arrebak gu baino fiteago zahartzen direla, desberdinki behintzat.

        Zeri pentsatzen zuten? Honek hauteskundeei pentsatuko zuen. Agian laster berriz ikusi beharko zituzketen lagunei edo senideei pentsatuko zuten haiek. Sekulan berriz ikusiko ez nuenari pentsatu nuen nik. Denek biharamunean berri honi emanen genion segidaz gogoetan genbiltzan. Historian bakanetan gertatzen den zerbaiten atarian ginela bagenekien. Aldi berean, agiri berantetsia ikustean, pixka bat galduak eman zuten. Ez zen gehiago espero. Ez genekien. Gose nintzen.

        Biak eta hamar, zigarreta lehertu nuen. Ateratuak ziren azkenak, barne iparraldeko ene lankideak.

        — Bagara? Bagoaz bazkaltzera?

        — Bagara, bagara, aitzina bazkaltzera, Baionara heldu arteko bidea ez genuke jasanen bestela.

        Biak eta erdiak ziren mahaian jarri orduko. Euskaraz tutik ematen ez zuen zerbitzaria gureganatu zen. Gure betiko jokoan ariko ginen, nolaz ez? Menua gazteleraz botako zigun, bost aldiz errepikaraziko genion, eta beti berdin emanen zigun, indar izpirik egin gabe letania ulergarria bilakarazteko. Pescado eta chipirones ulerturik, tira, hori hartuko genuen.

        Jatetxean ere giro berezia zen, ez ohiko solasak, behatu nien alegia deusez.

        Barran, bi gizon. Helduak. Espainolez ari ziren, denen kontra bazuten zerbait.

        — Ordukoa, sekulako aukera politikoa izan zen!

        — Bai, horixe, ez dira horrelako bat berriz ikustekotan!

        — Gure hitza ez da errespetatzen.

        — Horrela egin behar zen. Zergatik ez zuten horrela egin?

        — Bitartean, gorriak eta bi ikusi ditugu!

        Bi sosetako analisiak, aterabide merkeak, barraren izkinan.

        Ezkerraldean, hirukote bat. Pozik ematen zuten. Euskainolez.

        — Gaurko egunean ezker abertzalearen indarra ukaezina da.

        — Alde dugu haizea, baliatu behar aukera guziak jada.

        — Azken bi hilabete hauek zein luzeak izan diren, ez? Benetan, ez dakit zergatik.

        — Ba, bihartik goiti badugu lan, eta nik uste prest ere gaude.

        Sentitzen zen aspaldiko partez, bero zirela. Bi plateren artetik solas sakon eta funtsezkoak, bazter batean.

        Eskuinekoak besterik zuen, bost axola kontestu politikoa. Zerbitzari murrukutunarekin bilduak ziren, orduan preseski indarrean jartzen ari zen legeaz, zeinek debekatzen baitzuen erretzea leku publikoetan; mila itzuli ematen eta kexu: bazkal ondotik ezin izanen baitzen erre. Sekulan entzuna ez nuen bat:

        — Aizu baina, badakizu? Airbus A380 hegazkinek eragin kutsaduraren ondorioak zein dira? Zigarreta zenbaitzuenari konparatuz? Zer?

        — Ostatuetako keaz egiten duten auzia ez da zuzena! Dena den, auskalo noiz arte beteko den!

        — Ezina! hemendik sei hilabetetara lehengora berera itzuliko gara.

        — Ea ordukotz zure A380ei buruz debekurik jartzera ausartzen diren...

        Irri egiteko parada, minutu pare batez.

        Egun historikoa zen, aurpegietan, posturetan, solasetan, airean ere. Donostiako aireak, urtarril betean egoteko, primaderakoa zirudien, fresko eta bizkorgarria, berri eta garbia. Sentimendu eta pentsamenduak nahasten ziren errazki, hainbeste espero hainbeste egiteko eta momentua heldua.

        Eta niri aipatuko badidazue, txipiroiak oroituko ditut. Txipiroiak plantxan hain xuxen. Ez gaziegiak, gozoak, goizetik arrantzatuak dudarik gabe. Ozpin doi bat gehiegirekin erranen nuke. Ez zituzten beste behin Aita Mari jatetxean janak izan nituen beste haiek balioko, urrundik ere; halere gustatu zitzaizkidan: txipiroien eta nire arteko kontuak.

        Azken arrainki puska irentsi, hegoaldekoek bakarrik egiten dakizkiten ebaki ahotik ezin utzi horietarik bat kliskatu eta parti. Egun historikoa izateak alde batean ez baitzigun egiteko demasa ezeztatuko bestaldean.