Jende desegokia
Jende desegokia
2015, nobela
256 orrialde
978-84-92468-69-0
azala: Joseba Eskubi
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2011, nobela
 

 

Ez dakit zergatik onartu nuen

 

 

Ziur zakurflautak eta bere lagunek beste eraso bat egingo zutela topaketaren hirugarren egunean. Hori zeukan buruan Romanek asteazken goizean. Beste biak baino bortitzagoa ziurrenik. Muelle 4ra joanez gero, sarekada batean eror zitekeen. Joan ezik, ostera, kamaradek ordu berean ausaz egingo zuten astakeriaren batean parte hartzeaz akusatuko zuten. Ziur bezperan poliziaren bat izan zela Muelle 4n eta Aretxabaletaren brindisak kamaraden habia han zegoela ziurtatu ziola. Nahikoa froga zen hori elkartekideak, gutxienez, atxilotzeko. Behin horra iritsita, laster jarriko zuten zakurflauta kantuan eta gainontzeko kamaradak harrapatuko zituzten.

      Aretxabaleta kezkatuta zegoen, baina ez izuak jota Roman bezala. Arriskua ikusten zuen. Nahikoa zen hedabide batzuek Desegokituen Elkartea eta kamaraden arteko lotura egitea zipaioak elkartearen gainera jauzi egiteko. Momentuz ez zen halakorik gertatu. Stablishment-ak buruak eskatzen zituen eta buruak izango zituen. Zenbat eta handiagoa presioa, Poliziak itsu-itsuan kolpatzeko aukerak biderkatu egiten ziren. Bere eskuetan zegoena egin zuen Aretxabaletak. Batetik, astearteko saioa amaitzean, Josebari zorionak eman eta helburu guztiak beteta ikusten zituela adierazi zion. Ez zela beste ekintzaren premiarik. Josebaren erantzunak, irribarre bat, ez zuen lasaitu. Bestetik, asteartean ez zuen jardunaldiaren kronikarik inora bidali. Izan ere, astelehenean lehenengo jardunaldiaren kronika bidali zuen hedabide batzuetara. Hedabide horiek buruak eskatzen ez zituztenak izatea aldeko datu bat zen. Topaketaren oihartzun eskasa, beste bat.

      Ildo beretik zebiltzan Odile Moresen eta Kattalinen burutazioak. Edonola ere, ez batak ez besteak ez zieten liskarrean sartzeko aukerei muzin egin. Josebarekin hitz egin beharko dugu, esango zuen Kattalinek. Edo Odile Moresek. Zertarako? Erantzungo zion besteak lehor samar. Gehiegizkoa ere izan da, esango zuen batak. Gehiegizkoa?, erantzungo zion besteak. Eta gehiegi ere izan ote zen eztabaidatuko dute. Gehiegi zer den ere bai. Batak, bere argudioak ilustratzeko asmoz, adibideren bat jarriko du, zeinean bestearen hurbilekoren baten, edo zuzenean bestearen, jokabide bat gogoratuko duen. Haserretu egin ziren. Haserre sorra. Hala joan ziren azkeneko jardunaldira.

      Peter Zuazori, elkartekoek zuten informazioa ez izan arren, pasatu zitzaion burutik kamaradak eta desegokitasuna lotzen zituen ideia. Hala ere, etorri bezala joan zitzaion. Beste kontu garrantzitsuago batzuek hartzen zioten gogoa.

      Teresa zuen izena putak. Berak jarri zion hitzorduaren lekua, Zabalguneko kafetegi batean. Pisu batera joango ziren gero, ez zuen alferrik goi mailako zerbitzua kontratatu. Behin mozorroa kenduta dutxa luze bat hartu zuen. Bizarra egin zuenez, ilea baino ez zitzaion geratzen topaketan infiltratzeko erabili zuen mozorrotik. Desodorantea egin zuen besapeetan eta kolonia tanta batzuk barreiatu zituen ohe gainean janzteko prest zituen arropetan. Praka beix ilunak, alkandora urdina eta jaka urdin iluna. Gainetik beroki grisa jantziko zuen.

      Peter Zuazo urduri zegoen. Viagraren aukera ibili zitzaion buruan, baina alboratu egin zuen. Ez zen benda zauria egin aurretik jartzearen aldeko. Profesional batekin etzango zen. Jakingo zuen hark zer egin garajean hainbeste denbora gordeta egondako gailuarekin. Gordeta, baina motorra sarritan piztuta.

      Ez gara hemen hasiko Teresak eta Peter Zuazok osatutako gimnastika xehatzen. Ez gara kontu kuantitatiboetan sartuko: zenbat denboran jardun zuten, horretatik zenbat ekinean eta zenbat errekuperazioan, zenbat bider altxatu zitzaion, zenbat denboran bigundu zitzaion trinkotze bakoitza eta zenbat isuri zuen batak edo besteak. Salerosketa tratua izaki, oheratzeko limurtze ariketaren beharrik ez izanagatik ere, atarikoak bete zituztela esango dugu. Gozotasuna izan zela baieztatuko dugu, bai behintzat bezeroaren bizipenetan. Benetako profesionala. Ez dugu lehenbiziko sarketan Teresak zer lentzeria zeraman soinean eta zein zuen ordurako erantzita zehaztuko, ezta zein izan zen sarbidea ere. Esango duguna da Peter Zuazo hustu ahala bete zela, ase eta bare burutu zuela. Bertan lo seko geratu zela, goizera arte baitzeukan zerbitzua ordainduta. Ohean bakarrik esnatu zela. Zakila xut. Burmuinak bi kontu hauen berri jakin zuen une berean sartu zela Teresa gelan, bere burmuinak Peter Zuazorenarekin batera jaso bailuen informazioa. Hala gertatuko da goi mailako profesionalen artean, pentsatu zuen Peter Zuazok. Presarik gabe hustu eta bigundu zion. Dutxa hartu ostean jantzi eta jakaren barruko poltsikora eraman zuen eskua. Han zegoen ileapaindegirako eta taxirako gordetako dirua. Etxetik irtetean dirua baino ez zuen hartu. Praka poltsikoan Teresari ordaintzekoa eta jakakoan bestea. Pisutik irteterakoan Teresak txarteltxo bat eman zion bere telefono zenbakiarekin, bitartekorik gabeko zerbitzua.

      Txartela eskuan egin zuen taxi bidaia ileapaindegiraino. Teresa Torre, konpainia zerbitzuak. Taxitik irten eta lehenengo zakarrontzian bota zuen, bazekien-eta gordez gero hurrengoan telefono hartara deituko zuela.

      Peter Zuazo, guztiz Peter Zuazo, irten zen ileapaindegitik. Beste taxi bat hartu eta etxera. Besaulkian jesarri zen. Denbora zeukan iluntzeko hitzaldiari errepasoa emateko Muelle 4ra joan baino lehenago. Urrun sentitzen zuen jardunaldia. Ordu batzuk baino igaro ez ziren arren bezperako jardunalditik, urrun. Urrun desegokituak. Urrun Odile Mores. Lo geratu zen.

      Doi-doi izan zuen astia behar bezala prestatzeko. Ia ahaztu ere egin zuen hitzaldiaren orriak jakako poltsikoan sartzea. Zazpiak jotzen ziharduten San Antongo kanpaiek Peter Zuazo Martzanako kaira iritsi zenean. Muelle 4ko atera hurbildu ahala Lizaso, Kondia eta Abaroa ikusi zituen nasako barandan Erriberako merkatuari begira zigarro erretzen. Ez zen beste inor ageri inguruetan. Zirenak goian egongo ziren. Baldin baziren. Aukeran ez zekien zer zuen nahiago: entzule asko ala gutxi. Jakin gabe zenbat eta nortzuk ziren, elkartekoak han izango zirela pentsatu zuen. Edonola ere, denak bertan izatea baino ziurragotzat jo zuen Esfingea mostradorean bermatuta egotea ordurako. Baita poltsa altzoan hartzen zuen emakumea, agian. Ongi-etorri beroa egin zioten Lizasok eta haren lagunek.

      — Hara, gure hizlaria! —egin zion diosala Lizasok lepotik helduta.

      — Eman egurra —eskatu zion Agustin Abaroak eskailerak igotzen zituzten bitartean.

      — Odola, mesedez —gehitu zuen Kondiak.

      Sala aurreko egunetan bezalatsu zegoen. Atean Aretxabaleta eta Odile Mores zituen zain. Lasaitu egin ziren hizlaria ikustean. Denborarik galdu gabe mahaia seinalatu zion keinu batez Aretxabaletak.

      — Nahi duzunean, Peter —esan zion Odile Moresek txeratsu.

      Esfingearen ondotik pasatu zen. Honek bere buruaren gainetik beste nonbaitera begiratu zuen. Zazpiak eta hamabi minutu ziren hizlariaren aulkian jesarri zenean. Aurreko egunetan ondoan izan zuen emakumea, poltsa altzoan zeukan hura, lehenengo lerroan zegoela konturatu zen Peter Zuazo. Beste guztia aurreko egunen antzera ikusi zuen hizlariaren mahaitik. Buruan izan zuen jesarri zen unera arte, baina azken momentuan ahaztu egin zitzaion berandutzeagatik barka eskatzea. Orriak jaka poltsikotik ateratzen ari zela ekin zion mintzatzeari. Azken batean, buruz zekien orri haietan zegoena.

      — Ez dakit zergatik onartu nuen jardunaldi hauetan parte hartzea. Are gutxiago zergatik egin zidaten gonbita. Ziurrenik zerrendan aurretik zeudenek ezetza eman zutelako. Ez dakit zergatik etorri zareten zuek, entzuleok. Zerk bultzatu zaituzten hona etortzera. Hori jakiteak beharbada ni neu hemen egotearen arrazoiak ezagutzen lagunduko lidake. Galdetu egin behar nizueke. Agian geroxeago egingo dut, baina, momentuz, ez dut haria galdu nahi.

      «Hona etortzeko gonbita jaso nuenean zer sentitu nuen azalduko dizuet. Lehenengo eta behin, poza. Eta honek harritu egin ninduen, izan ere gutxitan sentitzen dudan zerbait baita. Ez dut jendea maite. Mundutik aparte bizi naiz. Hala ere poza sentitu nuen gonbita jasotzean. Beharbada emailez jaso izanak, eta ez pertsona baten ahotik, ahalbidetu zuen oka egiteko gogoa ez sentitzea eta, honek, aspaldi sentitu gabeko zerbait azaleratzea, alegia, gonbidatua izateak pertsonengan sortu ohi duen poza. Bizi garen artean, mundutik aparte izanagatik, egoak elikatua behar du izan, gutxi eta gutxitan bada ere.

      «Erdeinua sentitu nuen gero. Desegokituen Elkartearen kontrako mespretxua. Aurki daiteke harrokeria handiagorik euren buruei izen ustez transgresorea jarri eta horretaz, izen horren gainean, jardunaldi batzuk antolatzea baino? Bai, aurki daitekeela diote zuen aurpegi batzuek, ikusten dudanarengatik. Bada, pentsa ezazue: antolatuko al luke pertsona batek bere buruari buruzko jardunaldi bat? Ez, jakina, nartzisismoaren gailurra bailitzateke. Momentuz behintzat ez dut halakorik ezagutu. Izan, izango da. Hala ere nik ez dut alboratzen berandu baino lehen gertatzea. Ez dut esaten Estatu Batuetan edo Alemanian, ez baititut ezagutzen, hementxe, Euskal Herrian baizik. Gainera, ez da gauza bera pertsona batek edo elkarte batek egitea, hauen artean ohikoa da-eta. Poesia elkarte batek, esaterako Poeta Galduek, poesiari buruzko jardunaldiak, Kardiologia Elkarteak bihotzaren gainean edo elkarte komunista batek komunismoaren inguruan. Hori guztia onargarria da. Baina, zer da desegokia? Inork ezagutzen al du Desegokituen Elkartea?

      «Atzo entzun zen hemen Vladimir Axularrek, gonbitari baietza eman ostean, izan zuen zalantza xaloa: ez ote zen hobe izango gonbitari ezetza eman eta ekintza desegoki bat egin jardunaldietan. Kamaradek jakingo dute zalantza hori nola ebatzi. Bestalde, bat nator berarekin jardunaldien gaia ez ulertzearen aitortzarekin».

      Jendea bere aulkietan mugitzen ari zen etengabe, jarrera egokia aurkitu ezinik. Vladimir Axular, esate baterako, xaloa hitza entzutean mugitu zen. Aurreko egunetan poltsa altzoan babesten zuen emakumeak ez zuen jarrera erosoa aurkitzen, halako moldez non inguruan zeuzkanak urduri jartzea lortu zuen, hizlariaren jarioak jar zitzakeena baino askoz gehiago. Jarrera erosoa aurkitu zuen bakarra, mostradorean noski, Esfingea zen. Mugitu ez zen bakarra. Besoa altxatu zuen arte. Besoa altxatu eta inork txanda eman baino lehen hitz egiten hasi zena. Hizlariak arnasa hartzeko egindako geldialditxo batez baliatu zen, etena, ezen azken finean eten egin zuen, zertxobait lausotuz.

      — Pare bat zalantza baino ez, ondo baderitzozu. Niri ez zait argi geratu zergatik onartu zenuen gonbita, are gutxiago zeure burua anakoretatzat jotzen duzunean. Ezta ere zergatik den xaloa Vladimir Axularren zalantza eta zuk izandakoa ez. Eskerrik asko.

      — Ez dakidala zergatik onartu nuen gonbita hasi naiz esaten. Zu zergatik zatozen jakiteak lagunduko lidake beharbada arrazoia ezagutzen. Hori ere esan dut. Zuk zergatik daramatzazun hiru egunak mostradorean jarrera aldatu gabe jakiteak lagunduko lizukeen bezala jakiten, beharbada, zergatik jarri dudan izenaren ondoan anakoreta.

      — Barka, Zuazo jauna —doinu neutroz ari zen Esfingea—, baina zerk bultzatu zintuen zehazki arrazoia ikusten ez zenion topaketa batean parte hartzera? Ulertzen dut edozein gonbiti baietza ematerako unean ez jakitea zergatik ematen den. Hala ere, denbora bat igarota, zirkunstantziak perspektiba batez ikus litezkeenez, iruditzen zait zehaztu daitekeela benetako arrazoia. Eta berriro diot: zeure zu hori anakoreta izanik, handia da zeure zuloa utzi eta jendaurrera ekarri zaituen arrazoiarekiko jakinmina. Eskerrik asko.

      — Ez horregatik... —Peter Zuazok etenalditxo bat egin zuen—. Nola deitu behar zaitut?

      — Ez didazu inola deitu behar. Konturatuko zinenez, zu mahaian zaude eta zilegi da entzuleek zure izena jakitea. Ni publikoan nago.

      — Arrazoi duzu.

      — Postas dei nazakezu. Hala deitzen didate —moztu zion, oraingoan aizkorakadaren zehaztasunez, Esfingeak.

      Segundo apur batzuetan trumilka zebilzkion buruan Esfingearen hitzek eragindako ideiak. Hitzek, doinuak, egoteko manera hura, harro samarra. Postas deitzen omen zutela. Postariaren mendekua-ri erreferentzia egin ziezaiokeen, baita kartutxoen jaurtigaiei. Gainontzean, Esfingea Elkartekoek jarritako asaldatzaile bat izan zitekeen, freelance bat edo elkartekide bat edo bere kasa dabilen frankotiratzaile bat.

      — Halaxe deituko dizut orduan. Zuk ere ez diozu galderari erantzun, zergatik daramatzazun hiru egun mostradorean esfinge bat bezala. Pentsatzen dut gerorako utzi duzula. Gerorako utz dezakezun bezala orain egingo dizudan galdera: ez zara, kasualitatez, Desegokituen Elkarteko kidea izango? Edo, kidea ez izan arren, ez zintuen bada hor elkarte horrek jarriko jardunaldi hauek animatzeko?

      — Ez galdera biei —lasai antzean Esfingeak—. Ez dut elkarteko kide bakar bat ere ezagutzen. Eta elkarteari berari dagokionez, zuk nik baino lehenago jakin duzu bere berri.

      — Edonola ere —erantzun zion Zuazok— antzera samar gaude. Nik elkarteko kide bat baino ez dut ezagutzen. Hori bai, lehendakaria. Eta hona iritsi nahi nuen. Esango dizuet, zuri barne, zein izan zen baietza emateko benetako arrazoia. Izan ere, orri hauetan dago idatzita. Eta horrek lasaitzen nau, ezen, bestela, Postas jaunaren galderari erantzuna lirudike. Neurri batean ekidinezina irudipen hori. Hala ere, mahai honetan geratuko dira orri hauek eta orri hauetan hitz hauek: gonbita emailez jasotakoan eszeptiko nintzen parte hartzeari dagokionez, baina halako izen pretentziosoa zeraman elkarteaz jakinmina piztu zitzaidan. Bi email bidali nituen. Bat gonbita egiten zidan presidentari hitzordu bat eskatuz eta bestea hemen publikoan dagoen lagun bati ea desegokitu hauei buruz zerbait zekien galdetuz. Nire lagunaren eta hark peskizan jarri zituenaren —hauek ere hemen daude— ahaleginek ez zuten fruiturik eman. Presidentarekin maiatzean egon nintzen Purgatorio tabernan. Erabakita neukan ezetza ematea. Ondo neurtu ezin ditudan eraginen mende, baietza eman nion. Zalantza izpirik erakutsi gabe. Aitor dut: zeharo limurtuta. Hortaz, Odile Moresekin larrutan egin nahi nuelako nago orain hemen.

      Odile Mores izan zen aulkian mugitu ez zen bakarra. Marmarrak eta jendearen mugimenduek saloia bete zuen harrabotsa osatu zuten. Esfingeak, lehen aldiz jardunaldietan, irribarre egin zuen. Adi zegokeen edonor konturatuko zen Postas ez zela irribarre egitera ohituta dagoen gizona. Aurpegia harmonia galdu izan balu bezala geratu zitzaion irribarre harekin. Abaroa eta Kondia, buruak elkarrengana hurbilduz, alaiki mintzo ziren. Lizasok, bekokia zimur, zorrotz begiratzen zion Peter Zuazori, ezkutuan zegoen zerbaiten bila bailebilen. Ez zegoen bere bi lagunen solasari adi. Lehen lerroan jesarrita zegoen emakumeak, aurreko bi egunetan, poltsa altzoan, atzean jesarri zen hark, betertzez begiratzen zien ezkerrean hurrenez hurren zituen Kattalin, Odile Mores, Mario Castet eta ikusi ezin zuen Aretxabaletari. Aurkezle ibili zen Odile Mores baino ez zuen ezagutzen. Aski zuen horrekin. Peter Zuazo, Esfingearen eztenkadak orbainduta, lasai zegoen. Hitzaldiaren hasieran bainoago. Bide onetik zihoala sentitu zuen.

      — Ez dut ukatuko bakoitza zergatik etorri den hona argitzea interesgarria denik. Bai mahai honetan jesarri direnak zein hor entzuten zaudetenok. Areago, jardunaldien izenburua baino argigarriago, hau argitzea, desegokia zer den, ezinezkoa delako batik bat. Desegokia zer den argitzeko asmoz jardun omen zuen atzo Aretxabaletak hemen. Aretxabaleta Desegokituen Elkarteko kidea da. Beraz, badaki. Ikasgai magistrala eman zuen. Ez, ostera, herenegun Sophie Clementek bestekoa. Moldeaz ari naiz, magistral izate horretaz, ikasi beharra dutenei zuzendua. Magistrala bezain gogaikarria izan baitzen Clement anderearena. Aspergarria.

      Murmurioa. Harrabotsa berriro. Kattalini begiratu zion Odile Moresek. Beste batzuek ere bai. Romanek esate baterako. Erdi aldean zegoen jesarrita eta atze aldea baino ezin zion ikusi. Odile Moresen lekuan egon izan balitz, gorri zegoela ikusiko zukeen, arnasa azkartuta bere baitan norbait azeleratzen balebil bezala. Odile Moresek beste ezagutu izan balu, hitz egiteko zorian zegoela konturatuko zen. Roman ados zegoen Peter Zuazok esandakoarekin. Sophie Clementi entzuten aspertu egin zen, halako moldez non entzuteari utzi baitzion. Irakasle itxurako emakume harekin fantasia irudiak osatzeari ekiteko utzi ere. Hala ere Kattalinen egonezinak erasaten zion barrena. Gustura irekiko ziokeen burua anakoreta hari aulkiarekin. Aretxabaleta jesarlekuan uzkurtuta zegoen. Odile Mores ez zebilen oker Peter Zuazok aspergarria ebaki orduko Kattalini begiratu eta hitz egitear zela sumatu zuenean.

      — Desegoki jokatzea erabaki duzula ematen du. Makina bat modu izango dira hori gauzatzeko. Zuk baldarrena aukeratu duzu, zu zauden aulkian egon direnak iraintzea. Zoaz pikutara!

      Kattalin aulkitik altxa eta kanporantz abiatu zen. Ez zion inori begiratu. Harrabotsa. Beste pare bat emakumek eta mutil gazte batek ere kanporako bidea hartu zuten. Odile Moresek ez zekien zer egin. Umekeria iruditzen zitzaion lagunaren atzetik abiatzea, soberan zegoen menpekotasun ariketa. Beharbada ustezko leialtasun baten pultsioa izango zen. Hitzak dotoretzen hasita, elkartasuna. Baina, elkartasuna, norekiko? Sophie Clementen hitzaldia gogaikarritzat jotzerakoan lehertu zen bere laguna. Ez zuen harekiko elkartasunik sentitzen. Sophie Clement egurtzeak Kattalinengan eragiten zuen minak sentimendu kontrajarriak sortzen zizkion: jelosia eta gozamena aldi berean. Eta ezin ahaztu Kattalinekin haserre bertaratu zela. Hori gutxi balitz, bera lehendakaria zen. Edozer gertatuta ere ezin zuen itsasontzia utzi.

      — Xaloa, gogaikarria, aspergarria kalifikatzaileak erabili ditut. Hitzaldiez ari nintzen. Ez nabil desenkusatzen. Neronek sentitutakoa deskribatzen baizik. Litekeena da aipatutakoa nik baino ez sentitu izana. Ez dut uste. Eta berriro diot bat natorrela Vladimir Axularrekin bi kontutan: ez dut jardunaldi hauen gaia ezta zergatia ulertzen. Alde egin dutenek nahi izango luketen moldean, alegia, beste hizlariekin ados. Baina, zer egin desados ez ezik, erabat kontra zauden baieztapenekin? Bada, orduan, edonork ulertuko du erabili ditudan kalifikatzaileak oso neurtuak direla. Aretxabaletak —eta hau esatean berari begiratu zion, Aretxabaletari— badaki jardunaldi hauen zergatia zein den, badaki zein den gaia. Elkartekoa da. Pentsatzekoa da entzuleek, hemendik irten zirenean, bazekitela zenbateraino ziren desegokituak. Batek baino gehiagok, ez zela behar beste desegokitua ondorioztatuta, nabarmenkeriaren bat egingo zuen gaur hona itzuli baino lehen. Jende ugari ikusten dut hitz egiteko gogoz, baina azken hesia igaro ezinda, baita bakarren bat hizlari honi botilak eta bestelako jaurtigai hiltzaileren bat botatzeko gogoari eutsi ezinik, sasoi bateko kontzertu punkietan bezala. Has daitezela lehenengoak, hastekotan. Bestela jarraitu egingo dut...

      — Ez —moztu zion Aretxabaletak—. Neu hasiko naiz. Jaurtigailu hiltzaileen multzokoa izatea nahi nuke, baina ez dudanez ezer egokirik aurkitzen, hitz egingo dut. Zilegi deritzot erabili dituzun kalifikatzaileak erabiltzeari. Hona hemen horren froga: zure hitzaldiak telezabor generoan erabili ohi den estrategia komunikatiboa gogorarazi dit...

      — Ba oraindik ez dut amaitu —doinu eztiz Peter Zuazok.

      — ...edukiaz bainoago atentzioa emateaz arduratuta dabilenarena, pertsonengan zauriak egin eta bertan gatza isuriz disfrutatzen duenarena inongo ahalegin intelektuala baztertuz. Funsgabeko probokazioa, bi hitzetan esateko. Desegokitasunaz elkarteak esateko daukana aurreneko egunean eman zuen aditzera gure lehendakariak: Eremu pribatua gaindituz jendartearekiko desegokia denaz eztabaidatu plazan. Eltxo txiki batek errinozeroaren larruan bezala ziztada bat eman soziedadearen larruan. Jendartearekiko desegokia da, beraz, jardunaldien gaia, zuk ondo dakizun bezala. Eskerrik asko.

      Aretxabaletak amaitu zuenean hiruzpalau lagunek txaloka eman zioten beren oniritzia.

      Peter Zuazo gero eta gusturago zegoen. Han gertatzen ari zenak baieztatu egiten zion misantropiaren aukera. Hori esaten zion bere buruari behintzat. Hauekin baino hobe bakarrik. Beharbada, hau ez zion bere buruari aitortzen, horrexetarako idatzi zuen hitzaldia, azken hogeita hamar urteetan zeraman bizimodua balioesteko. Zer egokiago horretarako inguruko pertsonekiko zubi guztiak leherraraztea baino. Azken finean misantropoak ere beldurra dio porrotari. Aurreko egunetako batean hitzaldiaren garapen ideala imajinatu zuen: berak hitz egin ahala jendeak alde egiten zuen poliki-poliki, aretoa hustu bera bakarrik gelditu arte. Bere erraietako ertzen batetik sortutako aldaera ere bazeukan egoera ideal hark. Denek alde egiten zuten Odile Moresek izan ezik. Jakina, larrutan amaituko zuten gaua. Buruak, ostera, bereak eta bi egin zituen aldaera hori ezabatzeko. Joan zitezela denak. Ez zedila inor geratu. Nahiz eta Kattalinek eta jarraitu zioten bi haiek joaterakoan gauzagarria iruditu zitzaion imajinatutako egoera ezin hobe hura, ingurura begiratuta, Esfingearen eta Aretxabaletaren parte hartzea ikusita, ezinezkotzat jo zuen. Probabilitate gehiago zituen publikotik jaurtitako botila edo edalontzi batek betondoan jotzeak aretoa jendez husteak baino.

      — Hel diezaiogun bada hain argi dagoen gaiari —jarraitu zuen Peter Zuazok mahai gainean zituen orriei begiratu ostean—. Egin dezagun desegokitasunaren topografia. Hemisferioetan iparra eta hegoa nola, egokitasuna eta desegokitasuna hala. Batean uda bestean negua. Baina ez dut metaforan aurrera egingo. Nahikoa izan dugu azken egunetan —esaldi hori Aretxabaletari begira osatu zuen—. Gogoan dut bai, jendartearekiko desegokia aipatu zidala Desegokituen Elkarteko presidentak, gaia azaltzen ahalegindu zenean. Jendartearen geruzak zenbaezinak direnez eta batean egokia dena hurrengoan desegokia denez, nola mugatu gaia? Hau, une honetan hemen gaudenok, jendartea da eta aldi berean jendartearen geruza mehe bat. Bakoitza bere etxera joango garenean, han beste inor badago, beste geruza batean sartuko gara, beste soziedade batean. Geruza guztietan botere harremanak antzeman daitezke. Geruza bat osatzeko baldintza, gutxienez bi pertsonak eremu bera laburregia ez den denbora tarte batean partekatzea dela. Hortaz, etxera joango garenean batzuk ez gara inongo geruzan sartuko, soziedade orotatik kanpo izango gara. Orduantxe baino ez da desagertuko egoki-desegoki dikotomia, ez baita beste inor egongo norberak egin edo pentsa lezakeena desegokitzat jotzeko. Besteak behar dira desegokia existitzeko. Eremu horretan botereak desegokitzat eta egokitzat duena bereganatuko du besteen gehiengoak. Zein eremu da pribatua eta zein publikoa? Hau bereizten saiatzea, desegokia zer den definitzen ahalegintzea bezain antzua da. Beraz, kontu zehatzetara joatea baino ez zaigu geratzen. Horregatik, amaitutzat emanda nire hitzaldiaren parte magistrala, galdera batzuk egin nahi nituzke, atrebentzia ez bada.

      Geldialditxo bat egin zuen Lizasoren aurrean zeuden bi lagun altxatu zirela ikustean. Atzean zeuden beste bi ere joan ziren. Peter Zuazok iheslari haiei kanpoko atea zeharkatzeko behar zuten denbora eman zien. Beharbada ez zuten hizlariaren galderarik jaso nahi. Denbora tarte hori batzuentzat besteentzat baino luzeago suertatu zen. Aski zen jendea nola mugitzen zen ikustea. Batzuk albokoarekin hitz egiten, beste batzuk, norekin hitz egin ez zutenak, aulkian jarrera erosoa aurkitzeko zailtasunekin, bakanen batzuk batari eta besteari begira.

      Mugitzen ez zen bakarra Esfingea zen. Peter Zuazok erabakita zeukan Esfingea izan zitekeela hitzaldiaren norabidea alde batera edo bestera eramateko pizgarria. Bera izan zezakeen aliatu edo etsai. Esfingeak jar zezakeen jendea hizlariaren alde edo aurka. Helburua ez zen jendea bere alde jartzea. Aldi berean, ez zuen botilakada bat hartu nahi, ezta gutxiagorik ere. Aretoa hustea izango litzateke Peter Zuazoren gogoa asebeteko zukeena. Poliki-poliki hustu; ez denak batera zutitu, honek matxinada kutsua hartuko luke-eta. Denek alde egitea, Odile Moresek izan ezik. Horixe nahiko zukeen sakonean.

      — Postas jauna, zuregana zuzentzen naiz hemengo desegokituena izan zaitezkeelakoan. Baita ere sarritan entzuleak gehiago duelako esateko hizlariak baino. Zer da desegokitua? Zergatik etorri zara jardunaldi hauetara hiru egunetan?

      — Laudoriotzat hartuko dut hasieran esan duzuna, Zuazo jauna. Nire uste apalean nekez topatuko dugu hemen desegokituren bat. Halakoak ikusi nahi baditugu espetxera edo ospitale psikiatriko batera jo beharko dugu. Nahi beste ñabardura jarri, baina leku horietan aurkituko ditugu. Hortik kanpo, zalantza. Zure bigarren galderari ez noa erantzutera, ez behintzat bere osotasunean. Gaur hona ekarri nauen arrazoietako bat aipatuko dizut. Uzkitik isuritakoak eta Postariaren mendekua idatzi zuena ezagutu nahi nuela. Areago, lehen esan dizudan moduan, zure izenaren ondoan anakoreta ikusi nuelako, ez baitut sekula, dakidala behintzat, anakoretarik ezagutu. Jakinmin zoologikoa dei diezaiokezu.

      — Postas jaunak —ekin zion Peter Zuazok Esfingeak amaitu orduko— desegokituak non aurkitu zehazterakoan, bere lekuan kokatu du desegokitasuna. Hortik kanpo deus ez. Beraz, jardunaldi hauen gaia absurdoa da. Zoriontasunaren inguruan egiten diren kongresuak bezala, adibide bat jartzeagatik. Adibide ugariena nire ikerketen arabera. Izan ere, badut gai absurdoen inguruan egindako jardunaldi, sinposio eta kongresuen zerrenda bat. Neurri batean topaketa honi izena jarri ziotenak barkatzera eraman gaitzakeena. Duela urtebete inguru Zoriontasunari buruzko Nazioarteko II Kongresua bildu zen Madrilen. Eduardo Punset eta Luis Rojas Marcos hizlarien artean. Antolatzailea, Zoriontasunaren Coca-Cola Institutua. Ez dago esan beharrik batzuek eta besteek zoriontsu izateko estrategiak eskaini zizkietela bertaratuei. Hemen ere izan dugu desegokia izateko bidea erakutsi duenik. Hilabete batzuk baino ez dira Bilbon bertan Norbere burua maitatu izeneko jardunaldiak egin direla. Beharbada izango duzue horren berri ze, euskal pentsalari ospetsuenetako batek jardun zuenez, euskal hedabideen jarraipen diskreto bat izan zuen. Eta pentsatu behar da hedabide horien kontsumitzaile zaretela hemen zaudeten gehienak. Euskal pentsalariak bere aforismoen erakustaldia egin zuen, hitzaldiaren berri eman zuten euskal hedabide horiek jasotakoaren arabera. Nor zegoen atzean? Coca-Cola ez, jakina. Euskal hiztunen merkatua txikiegia baitzaio. Batek baino gehiagok pentsa lezakeenaren kontra, Bizkaiko Txakolingileen Elkartea ere ez zegoen kontua finantzatzen. Baina, erakusleiho batean nola, hizlarien mahaian jesarri ziren guztiek zeukaten gauza bat komunean. Autolaguntzatik hasi eta enpresetako giroa hobetzeko zerbitzuetaraino eskaintzen zituzten gabinete, consulting, bulego edo dena delako kideak ziren. Desegokitasunaren aurkako agenteak, ekintzaileak, hitz sinpatikoagoa erabili nahi izanez gero.

      — Nik Postariaren mendekua-ra itzuli nahi nuke, Zuazo jauna —ekin zion bat-batean lehen bi egunetan atzean eta azken hartan lehen lerroan jesarri zen emakumeak.

      Ez zuen, Esfingeak bezala, eskua altxatu hitz egiten hasi aurretik. Ez zen zutitu. Ez zuen zirkinik ere egin. Ahotsa eztia ez zen arren, ezin doinuarengatik gauza bera esan. Ez da erraza ahots, gutxi bada ere, karrankatua eta tonu eztia eskutik ibiltzea. Batzuentzat isiltasuna luzatzen hasia zen. Esfingeak zurrut egin zuen kopak zeukan ardoa amaitu arte. Pozik zirudien. Beste kopa bat ardo eskatu zuen. Peter Zuazo emakumeari begira zegoen, mutu. Hasiera batean emakumearen baitako asmoak deszifratu nahi balitu bezala. Gero, begiak hari zuzenduta egon arren, ez zuen emakume hura ikusten. Ez zeukan ezer zehatzik buruan, ez behintzat hitzetara ekar daitezkeen pentsamendu artikulatuak. Postariaren mendekua-ko irudi batzuk zetozkion, lauso eta arras desordenaturik. Testukoak zein testuingurukoak. Esfingearen irribarreak ere bere lekua zuen irudi kaotiko haien artean. Baita Odile Moresekin nahi baino gehiagotan izandako fantasiak. Peter Zuazoren absentzia supituaz jabetuta edo, Esfingeak lagundu egin nahi izan zion hitzaldira itzultzen.

      — Oso interesgarria iruditzen zait hor aurreko emakumeak proposatutakoa. Postariaren mendekua.

      — Zergatik iruditzen zaizu, bada, interesgarria aspaldiko liburu hura? —galdetu zion Peter Zuazok Esfingeari, honi zuzenduta emakumearen asmoa (zein zitekeen jakin gabe, biziki deseroso sentiarazten zuena) saihestuko zuelakoan.

      — Ni ez naiz liburuaz ari... — esaten hasi zen emakumea.

      — Ezta ni ere —sartu zen Esfingea.

      — ...ipuinaz ari naiz —amaitu zuen emakumeak.

      — Baita ni ere —amaitu zuen Esfingeak.

      — Zer dela-eta?

      Berriro ere Esfingeari zuzendu zitzaion Peter Zuazo, emakumearen gainetik mostradorerantz begiratuz.

      — Galdera horri, lehenengo, aurrean duzunak erantzun behar liokeela uste dut, berak egin dizu-eta nik baino lehenago.

      — Arrazoi duzu —onartu zuen Peter Zuazok, zorroztasunari urduritasunak gaina hartzen ziola—. Zergatik Postariaren mendekua?

      — Zergatik ez? —hasi zen emakumea.

      Baina berehala sartu zen, berriro ere, Esfingea, laguntzeko asmoz agian:

      — Jardunaldien gaia absurdoa dela argi geratu ostean, ondo legoke hizlaria bere obraz aritzea, zehatzago publikotik eskatzen zaion obraz.

      Emakumea Esfingeari begira jarri zen honek hitz egiten zuen bitartean. Begiradan, beste kontu antzemanezin batzuez gain, ez laguntzeko gehiago esaten ziola zirudien.

      Hau interesgarri jarriko da, esan zien Lizasok Kondia eta Abaroari ahapeka. Roman ere iritzi berekoa zen: hau interesgarri jarriko da, pentsatu zuen, ez zekien arren zehatz zer jarriko zen interesgarri. Zekiena zen, une hartantxe konturatu zelako, Kattalinek alde egin arte bere ondoan jesarrita egon zen emakumea egiten zitzaiola interesgarri. Esfingearen azkeneko jardunean burua jiratu zuenetik, zehatz esateko. Jakinmin hori nabarmenago egin zitzaion, Joseba (batek daki nondik nora zebilena) Kattalinek utzitako lekuan jesarri zenean, Odile Mores eta emakumearen artean. Jardunaldietako lehenengo bi egunek eragin zioten asperraldiarengatik batetik eta kamaraden ekintzak bere baitan ernaldutako beldurrarengatik bestetik, zalantzan ibili zen azken ordura arte hirugarren hartara joan ala ez joan. Kattalinenganako interesa erabat galdu zuela gehiegi esatea litzateke. Hala ere, jardunaldiak baino lehenagotik alboratuak zituen Kattalinenganako hurbiltze ariketak. Zerbaitek atzera eragiten zion. Norbaitek, hobeto esanda. Odile Mores. Egia da, begiratu batean, Odile Mores Kattalin baino hobeto ahokatzen zela Roman ibiltzen zen lekuetako emakume ereduarekin, Zabalguneko kafetegi batean aurki dezakezun emakume burges batekin. Janzkerarengatik, manerengatik... Orrazkerarengatik ez, ordea. Emakume haien adats luzeetatik urrun zegoen Odile Moresen ile motza. Dena den, gisa hartako giro batean kokatuta ere, Odile Moresek bazuen, ile motzaz harago, berezi egingo zuen zerbait, burges disidente agerrarazten zuen zerbait. Hala ere, Martzanako enkontru hartan Kattalinengana zuzendu zitzaion gogoa. Kontu hauetan ez dago araurik. Peter Zuazo interpelatu zuen emakumea bai, hura biziki egokituko litzateke Zabalguneko kafetegi batean, oso-osorik, orrazkera barne. Muelle 4n, ostera, desegokituago zirudien. Bakarrik joan izanak areagotu egiten zuen sentsazio hura, baita Romanen jakinmina. Horrenbestez, hura amaitutakoan zerbait hartzera gonbidatzea erabaki zuen. Edo amaitu baino lehen, aurrerago Kattalinek bezala, alde egiten badu bere atzean joango naiz, deliberatu zuen bere baitan. Hartan horretan, ez zen konturatu Peter Zuazo hitz egiten ari zela.

      — Ez dakit zer interes izan lezakeen orain eta hemen duela hogeita bost urte argitaratu zen ipuin batek. Gertatuko zen mundu zabalean kontu interesgarriagorik harrezkero.

      — Zalantzarik gabe. Baina zu zaitugu hizlarien mahaian. Beraz, zilegi da zure jardunaz hitz egitea. Ez dut zalantzarik zure jardunean badirela kontu interesgarriagoak ipuin hori baino, baina hemen Postariaren mendekua azaldu denez, hitz egin ezazu horretaz. Esate baterako... —Aretxabaleta galdera egitera zihoanean Esfingeak moztu zion edo, nondik begiratzen den, jarraitu egin zuen.

      — Autofikzioa da? Autoimitazioa? Autobiografia?

      — Ez naiz autozalea —esan zuen Peter Zuazok, gaia norantz eramatea komeni zitzaion erabaki nahian, baina jakitun ez zuela horretarako astirik—. Egia esan, lanak ditut hura gogora ekartzen...

      — Lagunduko dizugu! —oihu egin zion lehen lerroko emakumeak, denak ustekabean harrapatuz.

      — Laguntza behar dudanean zeuri eskatuko dizut —erantzun zion irribarrez Peter Zuazok—. Mendekua, hori da gai nagusia. Mendekuaren inguruan egiten dute bira beste gaiek: zapalkuntza, gorrotoa, manipulazioa, bakardadea. Hauetako edozein egon zitekeen erdigunean, ipuinean mendekuak duen lekuan, baina nik mendekua hautatu nuen. Mendekua beti da justiziaren osagai. Batzuetan bakarra. Justizia mendekuaren alaba baita.

      — Oso ondo, Zuazo! —Esfingeak berriro zeukan kopa beteta—. Goazen mamira. Zu al zara ipuineko postaria? Izan ere, eta begirune osoz, niri behintzat bost axola justiziaren zuhaitz genealogikoa.

      — Ipuina ipuina da. Denek dute errealitatea eta fikzioa, salbuespenik gabe. Ez dago neurgailu homologatu bat bakoitzaren ekarpena neurtzeko, irakurle bakoitzak berea erabili ohi du. Ni postaria nintzen, eta Postariaren mendekua idatzi nuenean ikusitakotik abiatu nintzen. Baina paperean idatzitakoa ez da sekula errealitatea, sinesgarria bai, izan daiteke; hala ere fikzioa da.

      — Utz dezagun errealitatea eta fikzioaren arteko eztabaida eternala eternitatean lekua egin nahian dabiltzanentzat —esan zuen Esfingeak—. Kontua da ea ipuinean kontatzen diren gertaerak hala gertatu ziren, ea nagusia hain putasemea zen eta ea postariak hor kontatzen den legez hartu zuen mendekua.

      Peter Zuazok aurrean jesarrita zituenei begiratu zien, ia banan-banan. Gaztegi albokoarekin hitz egiten ikusi zuen. Izan ere, Romanek galdetu zion ea ditxosozko ipuina ezagutzen zuen. Bera izan zela editorea erantzun zion ezezagun hari. Aski zuen baietz esatea, baina bere itxura eta egoteko moldea hurbila sentitu zuen, han zegoen faunaren artean hurbilena, batek daki zer arrazoik antro hartara eramana. Hotz sentitu zuen Odile Moresen begirada, hieratiko Aretxabaleta. Lizasok, Kondiak eta Abaroak ziruditen ondoen pasatzen ari zirenak.

      — Barrenetxea putasemerik handiena zen. Nire mendekua ipuina izan zen. Mendeku ezdeusa inondik ere.

      — Esan dizut lagunduko dizudala —eta publikoari begira jarri zen lehen lerroko emakumea, zutitu gabe, gorputza atzerantz jiratuz—. Peter Zuazoren mendekuaz badut berak ahaztu duen zerbait esateko —epaitegietako film amerikarretan entzuten diren diskurtso elokuenteak gogorarazten zidan doinua hartu zuen—. Mendekua ez zuen ipuina idaztearekin amaitu, ezta argitaratzearekin. Etxeko buzoian utzi zion Barrenetxearen emazteari. Ipuineko postariak zuen helburu bertsuarekin. Begoña Urmaletaren papera eman zidan Peter Zuazok bere obran. Neu naiz Begoña Urmaleta hori.

      Marmarra zabaldu zen salan. Gero eta ozenago. Barre algararen bat ere entzun zen harrabots hartan. Inor ez zeukala begira konturatu zen Peter Zuazo. Begirada batera eta bestera ibili ondoren, Barrenetxearen emaztearengana zuzentzen zuen behin eta berriro. Begoña Urmaleta. Odile Moresekin eta Josebarekin hitz egiten ari zen, haserre antzean. Zutik zeuden. Gehienak zeuden zutik. Batzuek mostradorerako bidea hartu zuten, hango anabasak egarritu balitu bezala. Edo ospatzea merezi zuelako. Esaterako, Lizasok, Kondiak eta Abaroak. Idazleak keinu bat egin zion mostradorea seinalatuz, informatiboa zein gonbita izan zitekeena. Han, Esfingea kopa betetzeko eskatzen ari zitzaion zerbitzariari. Gaztegi eta Roman ere zutik zeuden, ekitaldi bat amaitu berritan (amaitu al zen, ordea?) jendea egon ohi den moduan. Gaztegik ez zuen Begoña Urmaletaren berririk, ezta Peter Zuazok liburua eta gutun bat buzoian utzi zizkionik Barrenetxearen emazteari. Ez zion, ordea, horrelakorik aipatu ezagutu berria zuen tipo hari. Autofikzioa eta autoimitazioa bezalako substantiboak, liburua argitaratu zenean, ez zirela literaturan erabiltzen ziotson. Gainontzeko arteetan bezala, gisa hartako izendapenak zerbait berria agertu den ideia sendotzeko hasten direla erabiltzen. Nolanahi ere, Roman Begoña Urmaletari adiago zegoen Gaztegiri baino. Ekitaldiak burutu itxura zuenez, harengana hurbiltzeko modua zeukan buruan. Odile Moresekin eta Josebarekin segitzen zuen solasean. Ez zuen nabarmenkeriarik egingo elkartekide haiengana zuzenduz gero. Barka, lagun batzuk agurtu behar ditut, esan zion Gaztegiri eta lehen lerrorantz abiatu zen.

      Peter Zuazo ere une hartantxe konturatu zen ez zuela mahaian ezer egiten. Areago, patetikoa litzateke han jarraitzea publikoaren bizkarrei so.

      Peter Zuazo baino pixka bat lehenago iritsi zen Roman helmugara. Doi-doi Odile Moresek aurkezpenak egin zitzan.

      — Begoña, hau Roman da, elkartekide bat.

      Romanek irribarre amultsua zeraman eta pitin bat areagotu zuen emakumearen izena entzutean. Honek, Romanen irudikoz, begitartea lasaitu zuen istant batez haren izena entzutean, baina lehengora itzuli zitzaion elkartekide entzutean. Trantsizio horretan zapuztu zen aurkezpena behar bezala egiteko aukera. Ez zen kortesiazko musurik izan. Abiapuntu hotza. Hori pentsatu zuen, bederen, Romanek. Ez dago jakiterik. Une hartan, lehenengoz, gorrotatu egin zuen Odile Mores. Elkartekidearena apropos esan zuela begitandu zitzaion, Begoña Urmaleta Romanengandik urruntzeko asmoz. Agian, pentsatu zuen Romanek, nabarmen erakutsi dut nire xedea honako bidean, Odile Mores ohartu egin da eta eskura zeukan oztopo handiena jarri dit aurrean. Hori ere ez zegoen jakiterik, baina izan zitekeen hala. Ez zuen gehiagorako astirik izan Romanek, Peter Zuazo inguratu baitzitzaien.

      Odile Moresek apurtu zuen kolpetik solido bilakatu zen isiltasuna.

      — Peter... hemen Roman eta Joseba, elkartekoak.

      — Urte askotarako.

      Errazena eginda zegoen. Begoña Urmaletari eta Peter Zuazori begiratu zien, hurrenez hurren. Isiltasuna berriro solido.

      — Ez dakit zuek aurkezpenik behar duzuen.

      — Ez, eskerrik asko —erantzun zion Begoña Urmaletak, mespretxuz begiratu bat egin ondoren Peter Zuazok luzatu zion bostekoari—. Tipo honek aspalditik ezagutzen nau. Duela hogeita bost urte zelatan ibili zitzaidan. Nik gaur ezagutu dut.

      — Eta, zer moduz Barrenetxea? —galdetu zion Peter Zuazok.

      Begoña Urmaletak, bizitza osoan egindako ariketa bailitzan, grazia eta aisetasun handiz poltsarekin eman zion ahoan. Bigarren kolpean eskubiko masaila eta begia harrapatu zizkion, halako indarrez, non poltsa lurrera erori zitzaion eta barruan zeramatzan gauzak barreiatu ziren inguruan zeudenen oinetan.

      — Hau nire partez da, ez Barrenetxearen partez. Badaezpada diotsut.

      Makurtu zen emakumea poltsa hartzeko, baina ordurako Romanek ziharduen poltsatik irtendakoak batzen. Telefonoa, ezpainak eta begiak margotzekoak, linterna txiki bat, tablet baten tamainako diru-zorro bat, giltzak (asko). Poltsatik irten bakoak izango ziren beste hainbeste, baita pisuari dagokionez ere. Hori pentsatu zuen Romanek poltsa eskuetan hartu zuenean Begoña Urmaletari emateko, zeinak eskerrak adieraz zitzakeen keinu batekin hartu baitzion. Aterako bidea hartu zuen. Roman haren atzetik abiatu zen, lilura aurpegian.

      Peter Zuazo lurrean zetzan, aho ingurua odolduta.

      Josebak pozik zirudien batera eta bestera begira, hilgarria izan zitekeen arma besoan zuela kanporantz zihoan emakumeari, Odile Moresi, eroritako idazle ohiari.

      Odile Mores makurtu egin zen eta jaikitzen lagundu zion Peter Zuazori. Zorabio puntu bat zeukan eta bere makila ez zenez zutik irauteko berme, Odile Moresen besoa hartu zuen euskarri. Eskuineko ebakortza kili-kolo zeukan Peter Zuazok.

      — Uste dut ez didala erantzun —esan zuen bere onerantz zetorrela.

      — Ez —baieztatu zion Odile Moresek paperezko zapi bat ematen zion bitartean aho ingurua garbi zezan.

      — Lastima. Barrenetxea zertan den jakin nahi nuke.

      — Garrantzia al du horrek?

      — Ez, zarata gutxiago dagoen leku batera joaten bagara.

      — Orduan ez du garrantzirik.

      — Plazera izan da zuek ezagutzea —finitu zuen Peter Zuazok Odile Moresen besoa hartuta, ez bermatuta, kanporako bidea hartzen zuen bitartean.

      Gaztegi agurtzera zetorkion, baina ez zion begiratu ere egin.

      — Jardunaldiak salbatu dituzu —esan zion Esfingeak aldamenetik pasatzean.

      Elkarri bostekoa eman eta Peter Zuazok kanporantz segitu zuen, arreta osoa, betertzez, aurrean zihoan Odile Moresen aldaken kulunkan jarrita.