Jende desegokia
Jende desegokia
2015, nobela
256 orrialde
978-84-92468-69-0
azala: Joseba Eskubi
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2011, nobela
 

 

Ziztada bat

 

 

Izenen inguruan sortutako desadostasun erabatekoaz ari nintzen ordea.

      Josebak, denen gaitzespena jaso zuen Gonbitoa-renaz aparte, egin zituen beste proposamen batzuk, Aretxabaletak eta Kattalinek egindakoekin tartekatuz. Aretxabaletak Peter Zuazoz hitz egin zien. Baita bere bi poema irakurri ere, gehiago ez ziotelako utzi. Kattalin eta Joseba, kontra. Odile Mores alde eta Roman isilik. Kattalinek, besteak beste, bere gustuko idazle bat proposatu zuen. Denak kontra. Denak Roman izan ezik, isilik jarraitzen zuen-eta. Beharbada proposamen hau izan zen kalapita handiena eragin zuena. Azpimarratzekoa da postulatu ziren izenetatik guztiek ezagutzen zuten bakarra zela. Odile Moresek bazekien Kattalinen gustukoa zela, berak ere atsegin zuen. Hala ere, harrituta geratu zen bere lagunaren ezpainetatik izen hori erori zenean. Ezin zitekeen besterik espero, azken batean egokien zerrenda batean goiko postuetan baitago. Aretxabaletak ez luke inoiz atsegin zuela aitortuko, baina onartuko luke, eta onartzen du, idazle ona dela, maisuki marrazten duela gizon eta emakumeen arteko korapilo askaezina letrak etzaten dituenean paperean. Josebak ez luke onartuko idazle ona denik ere. Zintzoki, ez baitu sekula irakurri. Romanek ere ez du irakurri, baina atsegin du. Probintziako egunkarian elkarrizketa mamitsuak egiten dizkiote bere liburuen gaztelerazko itzulpenak argitaratzen direnean. Romanek ez du elkarrizketa bakar bat ere irakurri. Gehienez ere egunkariak nabarmendutako hitzen batzuk, beti ere literaturatik at, egoera politikoaz eta horrela. Ez da, ordea, idazle politikotzat hartzen, bere liburuak ez dira inongo ideologiaren zerbitzuan kokatzen. Gatazka armatuaren pasarteak, sarritan Dignidad y Justiciakoen tintaz idatziak, beti agertzen dira ikuspuntu literariotik justifikatuak, literaturaren gailurretara iristeko baliabideak baino ez dira. Ez da idazle mediatikoen kastakoa, baina estimu handian dute hedabideek. Ezkerrekoei alderdi literarioa baino ez zaie interesatzen, agian euskararen inguruko hausnarketaren bat. Eskubikoei idazlearen gogoeta politikoak, eremu horretan polito ematen baitie egurra abertzaleei, status quoa elegantzia handiz defendatuz, areago, zalantzan jartzen diharduenaren fineziaz defendatuz. Makina bat bider egon zen Roman eztabaidan sartzekotan. Pentsatzekoa den modura, Aretxabaletaren eta Josebaren proposamenak entzun bezain laster, postulatutakoa ezagutu zein ez (gehienetan ez), postulatzaileen lehenengo arrazoia entzun orduko ateratzen zitzaion eztena mihi puntan. Baina isilik eutsi zion. Hedabideek maite zuten idazle ez mediatikoaren saltsan murgilduta zebiltzala erabaki zuen Romanek bere isiltasuna etetea. Idazlea proposatu zuena Kattalin izateak izango zuen zerikusirik, baita ere idazlearekiko sentitzen zuen hurbiltasunak, hala esan badaiteke. Dena den, Roman aipatua izan zelako sartu zen. Joseba ari zen proposamenaren kontrako argudioak bata bestearen atzean aletzen. Amaitu zitzaizkionean, esan zuen, Romani begiratzen ziola, idazlea ikusten zuen bakoitzean, telebistan zein prentsan, yatetik jaitsi berria zela iruditzen zitzaiola, Roman bezala. Hitz horiekin burutu zuen bere diatriba.

      — Konplimendutzat hartuko dut —Romanek gazteari irribarre maltzurrez begiratuz—. Eta gauza bat esango dizut: yatetik jaitsi berri bat oso ondo legoke zuen jardunaldi horietan.

      — Zuen? Zu non zaude, barruan ala kanpoan? —galdetu zion amorru puntu batekin gazteak.

      — Ba, begira. Batzuetan barruan eta beste batzuetan kanpoan. Eta inoiz, aldi berean barruan eta kanpoan.

      — Bai, denon antzera —ekin zion doinu bakegilez Aretxabaletak—. Baina, parte hartuko duzu honetan?

      Jakinmina zegoen Romanen inguruan. Azken batean ez zekiten ezer berari buruz, giro hartara oso egokitua ez zela zen susmo orokorra eta, hala ere, Purgatoriora joan zen, batzokitik edo yate batetik irten berriaren itxurarekin. Kattalinek zerikusiren bat izan zezakeela gehienek uste zuten. Josebak izan ezik, ez baitzuen ikusi aurreko larunbatean mostradorean zelan hurbildu zitzaion bere irakasle ohiari. Ikusi izan balu ere ez dago inolako bermerik ezertaz jabetuko zenik. Romanek ez zeukan erabakita hartan parte hartu ala ez. Hamar egun lehenago esan izan baliote Purgatorioan egongo zela halako jendearekin halako bilkura batean, ezinezkotzat joko zukeen. Hura ez zen bere giroa. Existitzen zirenik ez zekien lekuetan ez ezik —Martzana 16 eta Purgatorioa—, existitzen zenik ez zekien jendearekin zegoen. Martzanan asko hitz egin zuen, putzu ilun eta sakon baten hondotik hasieran, in crescendo, oso goitik gero. Purgatorioan, ostera, isiltasuna aukeratu zuen, besteak beste, ez zuelako argi zer demontre egiten zuen han. Baina isiltasuna beharrezkoa den arren besteengan arreta jartzeko, ez du esan nahi arreta horri eutsiko zaionik isilik egoteagatik. Purgatorioan, bere isiltasun hartan gordeta, Aretxabaleta eta Joseba behin eta berriro iraintzen zituen bitartean, emazte ohia agertzen zitzaion batean bai eta bestean ez. Martzanan alderantzizko proportzionaltasunez agertu ziren bere mintzoa eta Edurne. Zenbat eta hitz gehiago egin, gorago bera, beherago ohia. Purgatorioan ohia burmuinaren erdi-erdian eroso jartzen zitzaionetan gorrotoa sentitzen zuen bor-bor bere baitan, zeinaren zati bat, mespretxu bilakatuta, ezkertiar zaharkituarengana eta zakurflautarengana zuzentzen zen. Bere arreta Kattalinengan jartzen zuenean baino ez zuen lortzen Edurne ezabatzea. Alkandora berenjena, zetazkoa izan zitekeena, titien hastapena erakusten. Han inork ez zion aurpegiratuko yate batetik datorrenaren itxura duela. Ezpainak antzeko tonuan margotuta. Begiak beltz, alai eta bihurri artean. Emakume haren barruraino sartzeko ate guztiak itxita ikusiko balitu ez litzateke han egongo, era lausoan aitortzen ziona bere buruari. Ez zuen Odile Mores bere hankartearen helburu. Desioa ez zen indiskriminatua. Zerbait zeukan Kattalinek. Besteak beste, ezagutu berria zuen, ez zeukan, Odile Moresekin bezala, partekatutako ezer. Odile Mores emakume ederra zen, baina Kattalinek igortzen zituen uhinek piztu zuten Romanen sentsorea. Makina bat ikerketa daude eginda eta beste hainbeste abian erakarpenaren norabideen inguruan, bakarren batzuk balekoak pertsonen arteko bulkadak eta grinak hobeto ezagutzeko. Hala ere, kasu zehatz baten aurrean gaudenean, demagun Romanek sentitzen zuen erakarpena Kattalinekiko, ulertzerako orduan ezer gutxi laguntzen dute ondorio argiren bat ateratzeko.

      — Honek ez nau konbentzitzen —esan zuen halako batean Romanek—. Nik ez dakit zer antolatu nahian zabiltzaten. Okerrena da, ordea, zuek ere ez dakizuela.

      — Oker zaude, Roman. Guk badakigu zertan ari garen. Gutxi baino ez bada ere, eremu pribatua gaindituz jendartearekiko desegokia denaz eztabaidatu plazan, plaza txikia, baina plaza. Eltxo txiki batek errinozeroaren larruan eman lezakeen bezalako ziztada bat eman soziedadearen larruan. Libertitzeko ere egiten dugu.

      Solemnitaterik gabe ebaki zituen hitzok Odile Moresek. Ukitu didaktikorik gabe. Lehenengo bi esaldiak irmo eta xuabe, hortik aurrerakoa ia-ia autoparodiatuz, proklama bat herriari iragartzen ari balitzaio bezala. Aretxabaletak baietz zioen buruarekin, parodiarik gabeko solemnitatez. Gaztea txaloka hasi zen, tabernan zeuden gainerako bezeroen arreta erakarriz une labur batez.

      — Aspertuta zaudetelako, beraz. Entretenitzeko —ondorioztatu zuen Romanek.

      — Entzunda daukat medikuen jardunaldiak botika saltzaileek antolatzen dituztela askotan. Lehengo batean jardunaldi batzuk egin zituzten Euskaldunan Ilargia eta ilea izenburupean. Zerrenda amaigabea da —argudiatu zuen Aretxabaletak.

      — Nik jai bat bezala ulertzen ditut jardunaldiak, jai desegoki bat —esan zuen Odile Moresek, bere baitarako ari bailitzan—. Horregatik proposatu dut Muelle 4.

      — Benetan desegokia izateko —ekin zion Josebak serio— jaia baino zerbait gehiago behar luke. Ziztada bat eman nahi bazaio soziedadeari, jai batean amaituko den hitzaldi sorta bat baino gehiago egin beharko da.

      — Esate baterako? —galdetu zuen Kattalinek, gainontzeko guztiengan Josebaren hitzek sortutako ezinegonaren bozeramaile.

      — Ez dakit. Hitzaren gainetiko zerbait. Hitzik gabe, hobe.

      — Ekintza bat —lagundu zion Odile Moresek, denek sumatzen zuten eta ikaratzen zituen hari izena jarriz—. Ekintza desegoki bat.

      — Ekintza artistiko-politiko bat —ikusirik norbaitek bere hariari eusten ziola gora etorrita Joseba.

      Joseba, eta agian ez Joseba bakarrik, astakeriaren bat egiteko gauza zela hasi zen pentsatzen Roman. Ez zen bakarra hori pentsatzen. Isilune bat egin zen. Ekintza artistiko-politikoa zein izan zitekeen hausnartzen zihardutela zirudien. Inorentzat deseroso egiten hasi baino lehen, isiltasuna haustea erabaki zuen Romanek.

      — Ketchup potea bota diezaiokezue San Nikolaseko apaizari. Edo su eman elizari, behin hasita.

      — Zure proposamenak, adiskidea, gauza bat du kontuan hartzeko modukoa: helburua —esan zion Josebak—. Ekintzak berak, ostera, lehen egindakoak dira eta horrek haien interpretazioa mugatzen du. Zuk egindako proposamenen intentsitatea galdu gabe, zerbait berria izan beharko lukeela uste dut.

      — Aizu, nik proposatu, ez dut ezer proposatu.

      — Nik baietz uste dut —sartu zen Odile Mores irri malizioso batez lagunduta—. Eta hala jasoko da aktan.

      — Ados nago Josebarekin —sartu zen Aretxabaleta— ekintza horiek, lehenago ere egindakoak direnez, mugatuta daudela dioenean.

      — Elizei su eman al zaie inoiz Euskal Herrian? —galdetu zuen Romanek, hanka sartzen ari zela konturatu baino istant antzemanezin bat lehenago.

      — Nik dakidala, ez —lagundu zion Kattalinek.

      — Hemen ez, baina espainiar estatuan bai eta horrek mugatuko egingo luke interpretazioa —argitu zuen Aretxabaletak.

      — Hemen ere izango zen horretarako prest zegoenik, baina Gibraltar Vatikanistako agintariek gudariak jarri zituzten elizak zaintzen. Pentsatu nahi dut —jarraitu zuen Josebak— jomugan bat gatozela.

      — Ni ez —argitu nahi izan zuen Romanek.

      — Zeuk jarri duzu jomuga. Ez ahaztu aktan jasota geratu dela —erantzun zion txantxa doinuz Kattalinek.

      — Gainera, eliza da bortxa iraultzailea jaso ez duen boterearen erakunde bakarra —sakatu zuen gazteak.

      — Hori —argitu zion Aretxabaletak— bortxa iraultzailea ekintza armatuetara mugatzen badugu. Guztiz okerra litzatekeena. Laurogeiko hamarkadan izan ziren elizaren kontrako ekintzak, Gasteizen bereziki.

      — Halaxe da —sartu zen Odile Mores, Aretxabaleta Ateos Reunidos Geyper eta Nazio Askapenerako Apostaten Frontearen ibiliak kontatzen hasiko zen beldur.

      Han ez zen inor aktarik jasotzen ari, baina Romanek ez zituen txantxatzat hartu bera saltsa hartan nahasteko ahalegin nabarmenak. Hala ere ez zen tematu bere burua zentzugabekeria hartatik aldentzen, jabetuta baitzegoen zenbat eta gehiago ekin, orduan eta okerrago izango zela. Dena esatera, ez zen oraindik zehaztu gabeko ekintza artistiko-politiko hark larritzen zuen bakarra. Joseba izan ezik, beste guztiak zeuden, neurri batean edo bestean, arduratuta. Roman izan ezik, denek zeukaten balizko ekintza argi eta garbi errefusatzeko eragozpenen bat. Azken batean ezin zuten erlijioaren kontrako ekintza artistiko-politiko baten zilegitasuna eztabaidatu. Ez behintzat zehaztu arte. Baina inork ez zuen zehaztu nahi. Josebak izan ezik, noski. Begoñako Ama Birjina bahitzea baztertu egin zuten arrazoi praktikoengatik. Ez zuelako zentzu handirik Desegokituen Elkarteak topaketa batzuk antolatu, era publikoan, eta aldi berean, topaketen parte gisa, halako bahiketa bat egitea. Bilboko eliza guztiak pintadaz jostea ez zen intentsitatearen aldetik behar beste desegokia ikusi. Hori esan zuen, behintzat, Josebak eta gainontzekoek isilik entzun zuten. Pintadetan inoiz ibili baziren, Roman ez besteak, aspaldiko kontuak ziren horiek. Ez zeukaten gorputza halakoetarako. Baina isilik geratu ziren, ez ziotelako zilegitasun faltarik ikusten, egitekotan Josebak egingo zuela pentsatzen zutelako, izango zuelako Josebak ekintzaileak non errekrutatu. Entzun ziren beste aukera batzuk ere (esate baterako mendi tontorretako gurutzeak lurrarekin berdintzea), baina ekintza artistiko-politikoaren kontua nebulosa batean geratu zen. Esan nahi baita, Romanenaz aparte, kontrako jarrera argirik agertu ez izanagatik, aldekoak ere ez zirela entzun. Ez bederen behar besteko irmotasunez, izan ere egia da, edan ahala, baten bat kartsu agertu zela une batean edo bestean. Pintadena, adibidez, Aretxabaletak aipatu zuen, inolako gogorik izan ez arren espraiekin ibiltzeko. Ez gogorik, ez asmorik. Romanek Kattalini begiratzen zion, hura ikusteak soilik ekidin zuen gizona ihesean irtetea handik. Horrenbestez ekintzarena airean zegoen. Ez zen zeharo baztertu, ez zen esplizituki onartu, ez zen zehaztu. Denek zekitena zen Josebaren eskuetan zegoela. Beste inork ez zuen pausorik emango.

      Odile Moresen bi proposamenak onartuta (elkartea osatzea eta topaketa Muelle4n egitea), jardunaldien zutoinak jarrita zeuden. Izenen afera konpontzeko Josebaren proposamena eman zuten ontzat, proposamenaren beraren balioagatik baino gehiago bateratzaile rola gazteak egin izanak sortutako harridurarengatik ziurrenik. Bakoitzak bi izen jarriko zituen eta gainontzekoek onartu egin behar zuten. Gonbidatuen artean diziplina ezberdinak jorratu behar zituzten. Ordura arte hartutako txakolinek erraztu egin zuten bat-etortzea. Purgatorioko paperezko ezpain-zapietan idatzi zituen bakoitzak bereak. Tolestu eta mahaiaren erdian utzi zituzten. Odile Moresek bereganatu zuen zeremoniaren gidaritza. Hartu zuen lehenengoa bi aldiz tolestuta zegoen. Astiro zabaldu zuen, ukitu zitekeen jakinmina elikatuz. Peter Zuazo eta Pancho Rodriguez irakurri zuen. Denek begiratu zioten Aretxabaletari. Sophie Clement eta Pedro Lemebel irakurri zuen bigarrenean, hau ere birritan tolestuta. Elkarri begira geratu ziren. Sophie Clement, kazetari frantziarra Odile Moresek eta Kattalinek baino ez zuten ezagutzen. Pedro Lemebel emakume biek eta Aretxabaletak. Elkarri begiratu hartan, Romanek eta Josebak baino ez zieten beste guztiei begiratu. Hirugarrenean, hiru bider destolestu behar izan zuena, Albert Pla eta Vladimir Axular irakurri zituen Odile Moresek gaztearengana zuzenduz soa. Eta berari azaldu zion Pla poeta eta kantore kataluniarra dela eta Axular euskal letretako queer nagusia. Laugarren papera, hau ere hiru bider tolestutakoa, zabaldu zuen Odile Moresek, aurrekoak baino astiroago. Ezin izan zuen harridura ezkutatu bertan idatzitakoa ikusi zuenean. Arnasa hartu zuen irakurri baino lehen. Munilla eta Aretxabaleta. Munilla? Galdetu zuten aho batez Kattalinek, Aretxabaletak eta Josebak. Donostiako gotzain faxista hori? Ziurtatu nahi izan zuen Aretxabaletak. Josebari eta Kattalini, ziurtatzeko premiarik gabe antza eta biei batera, hautagaitzaren aurkako irainak eta argudioak atera zitzaizkien bata bestearen atzean, halako moldez non ez zen beti erraza batzuk eta besteak bereiztea. Aretxabaleta eta Odile Mores ez ziren korura batu. Probokaziotzat hartu zutelako edo ez zeukatelako gotzainaren kontra aletutako argudioei ezer gehitzeko, laidoei agian bai. Edo, Aretxabaletaren kasuan, berarekin batera proposatutako izenaren aurka egiteak elegantzia eskasia erakutsiko zuelako edo, litekeena hau ere, ez zutelako hautagaitza desegokitzat hartu edo, Munillak ez lukeela gonbita onartzetik abiatuta, jostaketa gisa hartu zutelako. Ziurrenik beraien argudioak eta isekak agortzetik urrun izanagatik ere, halako batean isildu egin ziren Joseba eta Kattalin.

      — Nik sarrera ordainduko nuke Munilla eta Aretxabaleta mahai berean ikusteagatik —hasi zuen Romanek bere proposamenaren defentsa—. Eztabaida, ez didazue ukatuko, bermatuta legoke. Besteen artean, eta aitortzen dut ez ditudala ezagutzen, beharbada ez litzateke berme hori izango.

      — Munillaren boutadea alde batera utzita, barruan zaudela ulertu behar dugu, Roman? —galdetu zion Odile Moresek.

      — Lehen esan dudan bezala, eta zuen baimenarekin, barruan eta kanpoan.

      — Barruan ala kanpoan —eten zion Josebak—. Bietan batera ezinezkoa eta onartezina da.

      — Esan nahi dudana da laguntzeko prest nagoela, baina anonimatuan —zehaztu zuen Romanek gazteari muturra txikitzeko gogoari eutsiz.

      — Bai, zu hobe anonimatuan, ez dugu-eta nahi eskumika zaitzaten. Ezin dugu ahaztu ekintza artistiko-politikoaren helburua zeuk jarri duzula —erantsi zuen Josebak, ezkerrarekin emandako crochet eder batez burges nazkante hari hortzeria birrintzen ziola imajinatuz.

      Bazirudien topaketa mamitzen ari zela. Mahai gainean ezpain-zapi bat baino ez zen geratzen, Odile Moresena. Honek terrazara irtetea proposatu zuen azkena irakurri baino lehen. Josebari ez zitzaion proposamena gustatu, Odile Mores protagonismo bila zebilela iruditu zitzaiolako. Nola ulertu bestela bilkura lekuz aldatzea azkeneko papera irakurri gabe, bere papera ireki gabe terrazara eramatea. Beste bakarren batek ere pentsatuko zuen hori beharbada, baina, Joseba bezala, gainontzeko erretzaileak berehala altxatu ziren kalera irteteko. Kattalin eta Roman besteen atzetik irten ziren. Zoriak zerikusi gutxi eduki zuen hala egokitzean. Kanpora bidean, elkarren ondoan zihoazenez, Romanek Kattalinen besoaren epela sentitu zuen berean. Lehenengo ukalondoak ukitu zuten elkar, berehala aldentzeko. Bigarrenez bat egin zutenean, aldendu beharrean kontaktua sorbaldaraino iritsi zen. Bi eta hiru segundo arteko kontua. Denbora tarte luzeegia borondateak ez zuela parte hartu pentsatzeko, gutxienez baten borondateak eta bestearen onarpen pasiboak. Tarte laburregia ondorio zehatzagorik ateratzeko.

      Terrazan jesarrita, Odile Moresek zerbitzariak eraman berri zien izotz ontzitik txakolin botila hartu eta ireki egin zuen, azkeneko papera, berea, zabaldu baino lehen. Magoa bailitzan, ezpain-zapia destolestu eta bi aldeak erakutsi zizkien lagunei. DES. Horixe jartzen zuen erakutsitako bigarren aldean. Eszeptiko samar begiratu zioten.

      — Desegokituen Elkarte..., ez dakit zer —deszifratu zuen.

      Ez zuen laudoriorik jaso, gaitzespenik ere ez. Iluntzen hasia zela ohartuta, jatekorik ba al zuen galdetu zioten Anselmori. Zumaiako olagarroa jan zuten, hala aurkeztu zien behintzat Purgatorioko nagusiak platerean ekarritakoa. Alkohola zertxobait neutralizatzeko ondo etorri zitzaien bost gorputz haiei. Olagarroaren ostean beste fase batera igaro zen bilkura. Peter Zuazoren Postariaren mendekua liburutik paper bat atera zuen Aretxabaletak. Hartutako akordioak idatzi zituen bertan, bakoitzaren laburpena egin eta bilkuraren onespena jaso ostean. Paper hura neuk daukat. Bolaluma urdinez idatzita dago, kaligrafia aski desegokiz. Goian eta lauki batean sartuta Odile Moresek esandakoa: eremu pribatua gaindituz jendartearekiko desegokia denaz eztabaidatu plazan, plaza txikia, baina plaza. Eltxo txiki batek errinozeroaren larruan eman lezakeen bezalako ziztada bat eman soziedadearen larruan. Laukia ukitzen zuen gezi baten gainean, letra larriz, agiria-oinarria jartzen zuen. Beste lauki batean, baina dena bete gabe, beste batzuentzat lekua gorde nahian-edo, eta antzezlan bat bailitzan, jokalariak irakur zitekeen letra xehez. Jarraian, bildutakoek proposatutako izenen zerrenda, berea izan ezik. Denak larriz. Aretxabaletak, bat etorri arren hizlari ona izango zela uste zutenekin, mahaikidea Munilla edo beste edonor izan, ez zuen, lotsarengatik, bere izena jarri. Romanek protesta egin zuen, berak proposatutako izena jartzearen alde argudiatuz. Gainontzekoek ere arrazoi ezberdinak eman zituzten Aretxabaletaren egokitasunaren alde. Intentsitate baxuko erresistentzia erakutsi ondoren, bere izena idatzi zuen Munillarenaren azpian. Beherago, orria ia osorik hartzen zuen lauki zuzen baten barruan, DES Desegokituen Elkartea jarri zuen. Elkartearen izena erabakitzeak bere denbora hartu zuen. S hizkiak eman zien lana, esez hasten zen hitz egokiaren bilaketak hain zuzen. Sadomasokista, saduzearra, setatia, seborreikoa, segalaria, sektarioa, septikoa, sofista, subjektiboa, sublimea, suizida. Azkenean DES Desegokituen Elkartea jarri zioten izena, s letraren inguruan, aurreikus zitekeen modura, ez baitzegoen adostasunik.

      — Akta horretan ekintza artistiko-politikoaren xedea idatzi behar litzateke eta proposatu duenaren izena —iradoki zuen Josebak.

      — Ezta pentsatu ere! —orri hartan bere izena agertzeak gauza onik ekarriko ez zion ziurtasunez Romanek.

      — Ez dakigu zein izan daitekeen ekintza hori, ezta egingo den ere. Ez dago idatzi beharrik —esan zuen Aretxabaletak, Joseba eta bere lagunek egin zezaketena eta indarrean dagoen legeriaren arteko tarteari tamaina hartu nahian.

      Denak etorri ziren Aretxabaletarekin bat. Denak Joseba izan ezik, noski. Baina ez zen tematu gaztea. Edozein modutan, Aretxabaletak, noiz ez dakidan arren, idatzi egin zuen paperean: ekintza artistiko-politikoa (oraingoz zehaztu gabe)

 

            helburua: erlijioa, eliza.

            proposatzailea: roman.

 

      Odile Mores aukeratu zuten lehendakari. Ez eztabaidarik gabe. Kattalinek iradoki zuen lehendakari bat hautatu behar zela. Berehala adierazi zuen Josebak bere desadostasuna, hierarkiak eragiten dituen kalteen zerrenda oparoa osatuz. Bere irakasle izandakoak baietz egin zion buruarekin aletutako argudio bakoitzari. Baina, amaitu zuenean, arrazoi gehiago ere bazituela argi utzi eta gero amaitu zuenean, Kattalinek bi argudio eman zizkion lehendakaria hautatzeko. Prosaikoa bat, iragarri zion, eta lirikoa bestea.

      — Gonbidatuengana gutunez zuzendu beharko dugu eta, ziurrenik ez dutenez gure elkartearen arrastorik izango, gonbidapena pertsona batek elkartearen izenean sinatua izateak konfiantza eman liezaioke hartzaileari.

      — Pertsona egokiak sinatuta —gehitu zuen Josebak.

      — Eta arrazoi lirikoa? —galdetu zuen Aretxabaletak, gazteak ireki nahi zuen bidearen arriskuez jabetuta.

      — Lehendakaritza efimeroa. Topaketa burutu arte baino ez du iraungo.

      Joseba bakarrik geratu zen asanblearismoaren defentsan, horrela aurkeztu nahi izan baitzuen bere posizioa.

      — Agian arrisku hori, presidentzialismoan erortzea demokraziaren kaltetan, ekidin daiteke zeu bazina lehendakari —iradoki zion Romanek.

      — Beste norbait proposatuko zenuela uste nuen —erantzun zion Josebak—. Egia esan, ziur nengoen beste elkartekide bat proposatuko zenuela.

      — Nik badut hautagai bat —pragmatiko Odile Moresek zigarro bat ahokoan sartzen zuen bitartean.

      Mahaikideen arreta bereganatu zuen. Beste arrazoi batzuen artean, beharbada, eta beharbada diot, bildutakoen artean integratzaileena izan zitekeelako. Batzuetan. Zigarroa ahokoan sartu eta pizteko hartu zuen denboran, entzuleen buruetan hainbat aurpegi igaro ziren Odile Moresen hautagaia asmatu nahian.Tarte labur hartan, hamabost segundoraino luzatuagatik zeremonia Odile Moresek, tartea laburra izan baitzen, lau buru haietan gehien agertu zena Kattalin izan zen (bere buruan ere agertu zen, autoagertu). Orpoz orpo, Aretxabaleta eta, azkenik, Roman.

      — Ba, neure burua aurkeztea pentsatu dut, agintaldi oso laburra izango duenez, zama hartzeko gai ikusten dudalako.

      Gutxi falta izan zuen lehendakari aho batez izendatua izateko, Joseba abstenitu egin baitzen. Elkarteak bazituen, bada, izena, lehendakaria, oinarri ideologikoa (Postariaren mendekua-tik ateratako paper batean idatzia eta neronek daukadana) eta zeregin bat. Horrela jarri zen abian Desegokituen Elkartea, karranka egiten zuen motore baten indarraz, norabidea argi, Odile Moresen makila polikromatua lema.