Ginebra erreginaren itzulera
Izurtzako Etxaburuko dorrean gaur, azaroak hogeita bat egun dituenean, Ginebra erreginaren berrogeita hamaikagarren urtebetetzea ospatuko dute. Onddoak eta gaztaina erreak jango dituzte, Tabiran erositako ardoarekin, aspaldian ez dira-eta Bitoriako ferian izan, hiribildua setiatuta baitago joan den sei hilabetean. Laster batean XIII. mendean sartuko dira. Sei mende luze dira euren mitoa hasi zela, eta badakite XX. mendean oraindik Galahaden adorea miretsiko dela Ginebraren traizioa arbuiatuko dela eta Arthurren zoritxarrak bihotzak hunkituko dituela.
Fool bufoia goizean goiz joan da ondoko hiribildura, eta han, Urkiolarako atean, inguruko baserritarren eskaintzei muzin eginda, erdigunerantz abiatu da Biasteriko ardoaren bila. Laster itzuli da etxerantz, eta bidean, besterik ezean, txikoribelar-loreak batu ditu erreginarentzat.
Hark irribarre hits batez eskertu dio, eta mahai gainean jarri ditu eguzki txikiak pitxartxo batean. Badaki Foolek maite duela; maitasun horrek eragin zion samina baina, ez dio inoiz barkatuko, harrezkero zuria, gorria eta beltza baitira bere amesgaiztoetako koloreak.
Elurrak estalitako berdea da, ordea, semea kuman, bere eta Galahaden seme jaio berria. Hark ematen dio bizitzen jarraitzeko kemena, aitita Lanzeloten esperoan. Ez daki ezer hartaz. Hilda dago hainbatean, basamortuan erreta edo mendi garaietan izoztuta.
Graal sainduaren esperantza berpiztua da umea Arthurrentzat, horregatik ez zuen akabatu jaio zenean. Haren karena lehen Gernikako arbola izango zen kimuaren azpian lurperatu zuen, arbola santuak indarra har zezan.
Hori eskatu zion Merlini, kimu hura gogortzeko. Galahad garbitu zuenetik, bere etsipenean, inoiz baino ozenago eta sarriago deitzen dio aztiari, baina hark ez dio jaramonik egin nahi, edo Euskal Herria urrunegi dago berarentzat.
— Zergatik abandonatu nauk, adiskide zaharra? —galdetzen dio—, ez nauk jada maite?
Merlinek ez dio erantzuten, mutu dago, Ginebra legez.
Erailketaren hurrengo eguna garbi azaldu zen. Eguzkia indartsu ageri zen Santikurutzetik, neguari egun guztian etenik gabe eraso egiteko. Borroka gehiegi zegoela pentsatu zuen Foolek, azkonek, ezpatek, eta balek errukirik gabe zulatzen zituztela bihotzak nonahi, eta hala ikusi zuela mendeetan zehar.
Arthurren begi-zulo ubel eta aurpegi zurbilean heriotza zetzan oraindik ezkaratzera jaitsi zenean.
—Fool —esan zion—, eraman itzak atzoko enbor eta arramak baratzera, eta piztu ezak sua.
— Iritziz aldatu zara? —galdetu zion morroiak aztoratuta.
— Ez, gorpua erre behar diagu.
Erreginak ez zion oniritzi errautsak lurperatzeari. Mutilaren aita, Lanzelot, ageriko zen egun batean, eta esku hutsik aurkituko zen hari ezer emateko, ezingo zion berea zena itzuli.
Arthur erregea ez zen errukitu.
— Hemengo antzinako erara egingo dugu —esan zuen, eta morroiari aitzurraz ekiteko agindu zion.
Errautsak hilobiratutakoan, han geratu zen anderea lur aztarrikatuaren ondoan. Bere adatsak distira horailak egin zituen hasieran, zuriak gero, egunsentira arte. Foolek ere ez zuen lorik egin, eta noizbehinka leihotik, zelatan, haren zotin eta negarrak entzuten zituen. Haiek izan ziren erreginaren ahotik berarentzat eta erregerentzat atera ziren azken soinuak.
Bertoko zaldunekin harremanetan dabil Arthur erregea. Gaztelarren erasoak dira haien ardura. Durangarren errege nafarra urrun dabil, Afrikan, hangoen laguntza behar du. Laster Durango Bizkaiko kondearena izango da, eta Historian beste bide bat hartuko du. Mutikoa koskortzen denean berarekin eramaten hasiko da.
— Ikas ezak orain eta egin ezak bihar —esango dio—, 2000. urtean oraindik gudan ibiliko dituk eta.
Afal ostean Ginebra erregina baratzera aterako da. Elurra ariko du. Busti egingo da anderea eta hoztu. Maitearen besoak nahiko ditu bizkarra batzen, haren arnasa beroa nahiko du masailak laztantzen, haren eleak utzi izana arintzen.
— Buelta hadi —bere artean dio erregutuko.
— Etor hadi hirea dena hartzera —dio gomendatuko.
— Iloba ere kenduko dik —du ohartaraziko.
Eta negarrez hasiko da.
Beti zelatan dagoen morroiak haren zotinak entzungo ditu, eta maitearen etsipenak sortzen duen saminaz eta guritasunaz zeta urdinezko zaia estaliko dio kapusaiaz, pena handiz, ze bere gorputzaz estali nahiko luke. Leihotik bere argiaz erregina laztanduko duen suaren inbidia izango du bufoi ziztrinak.
— Zatoz, umea negarrez da —entzungo dute.
Foolek umezain egin beharko du. Oba-oba txuntxurunberde kantatuko dio, esperantzaren kolorea daraman kantak inguruak alaituko dituelakoan. Berba musikatuak arao bilakatuko dira, eta apurka-apurka lainoak dena irentsiko du.
Lo sakonetik iratzarri da Arthur erregea ikaraturik. Aspaldiko lagunaren ahotsak esnatu du.
— Hator, ahantz ez gaitzaten; itzul hadi Camelotera, ahantz ez gaitzaten!
Bat-batean gaztetuta sentitu da gizona, mendeak soinetik kenduta. Izara albora egin eta jaiki egin da lirain.
— Fool, Fool, bagoazak, bagoazak!
— Nora, jauna? —galdetu dio morroiak beste askotan legez.
— Etxera. Ai, ene!
Bufoiak jakin gura luke pozak ala tristurak eragin dion hasperena. Mitoak berpiztu egingo diren ala liburutegietako izkinaren batean lo geratuko diren. Ez daki hilezkorrak ere badiren. Tokian eta denboran zehar bidaiatu ahal badute ere, horrek ez die egindakoak aldatzeko aukerarik eman.
— Uda hasieran joango gaituk —erantsi du, eta umearen gelara abiatu da oroimenen zakua husteko asmoz.
Etxaburuko dorrearen alboan gauza ugari pilatu da. Ate eta haga zaharrak, zedenak jandako teilatuko lata-oholak eta gapirioak, eskolako kaierak, aldizkari zaharrak, eta enbor eta egurrak. Arthur erregea, Ginebra erregina, Fool bufoia eta umetxoa inguruan daude.
Arratsean, muino eta auzuneetan su bakan batzuk izeki dira. Gaua den arren, abiadura handiko trenaren lanen zaratak entzuten dira. Haien erritmoan dantzatzen du suak. Erreginak goizean, semearekin batera, era askotako sendabelarrak batu ditu, eta beraiekin ia dena sendatzeko balio duen donibane-ukendua egin du. Mendeetan ez bezala, pozik dago gaur anderea, eta adats oraindik horailean larrosa gorrixka bat jarri du. Barre egitean suaren ispilua da bere burua. Atzo gutun bat ekarri zioten, banator zioen. Luzaroan dirau suak, erreginari dantzan lagundu nahian. Azkenean, txinpartek nekatuta, lotara joan gura dute eta amatatze lanetan hasi dira. Ginebrak laztanduz agur esan die. Eta etxeko bizidunak ere amatatu direnean, bere gelako ohe zabalean etzan da biluzik.