Pendrive
Pendrive
2013, narrazioak
136 orrialde
978-84-92468-50-8
azala: Gorka Lasa
Arrate Mardaras
1960, Abadiņo
 
 

 

Burdinazko besoa

 

Dorretxerako eskaileretan gora egin zuten gizon gazte biek. Goiko harrabotsa entzuten zen, andre eta umeena batez ere. Arrapaladan zetorren anderea goitik behera, hangoengan arreta jarriz oraindik. Gelditu egin ziren gizonak, pasatzen uztearren. Andereak burua zuzendu, eta so egin zien: garaiera bertsua zuten; urdinak ziren bien begiak; sudurra eta kokotsa tankera berekoak; ile-kirru luzeek bekokiak eta masailak estaltzen zizkieten, batarenak urre argia ziren, eta bestearenak gaztaina ilunak; bata egunsentia, bestea ilunabarra, egun bereko egunsentia eta ilunabarra.

        Bien begiradak nabaritu zituen aurpegian, soinean; urrezko adasdunarenak inguratu egin zuen, hartu egin zuen. Bihotzak hasperen ezkutua egin zion. Maila guztiak jaitsi arte jarraitu zioten begirada haiek.

        Gero, dorretxera itzuli zenean, gela nagusian aurkitu zituen senarrarekin. Andere Urrike, nire emaztea aurkeztu zien. Nafarroatik etorriak ziren, jaun Ontzalu Baztangoa, adats argiduna eta bietarik gazteena, eta bere anaia Johango.

        Berriro bere begirada urdin zabala sentitu zuen, begirada haren sarean harrapatu nahi zuen gizon gazte hark. Ezin zen bat-batean joan, ihesi egin nahi bazuen ere. Zalantza igarri zion hark. Andereak protokoloari jarraitu, eta beraiekin eseri zen.

        Gizon hark ez zion goitik so egiten, ez zion artean desio lizunez so egin, norbere buruaz segur dagoen harrotasuna zerion, eta era berean umil ageri zen. Bere begiradan mirespena eta jakingura nabari ziren.

        Senarrak azaldu zion gero, ama biko anaiak zirela; hogeitaka urteren erdira heldu gabeak oraindik, lau urteko aldea zutela. Biek ama umetan galdu zutela, eta inude berak hazi zituela. Horregatik, beharbada, hezur eta haragi ziren. Ontzalu zen leinuko jauna, Johango sasikoa zen-eta. Ez zen asko aita galdu zutela.

        Bazkaritan ume-barre, ontzi-zarata eta ahotsen artean, haren begiradak sortzen zion doinu goxoa nagusitzen zen.

        Senarrarekin hamalau urte zeraman etxe hartan, hamazazpi urterekin ezkondu zen bost urte zaharragoa eta ordurako etxeko nagusia zenarekin. Ez zuten seme-alabarik izan. Senarrak ondo baino hobeto tratatzen zuen beti, ez zegokiolako sasikumerik hainbatean, eta horrek agerian uzten zuen norena zen ezintasuna. Hamalau urteotan elkar maite izan zuten. Seguru eta lasai bizi zen; ume faltan astia zeukan, eta inguruko beste etxandereek egin ezin zituztenak egiten zituen berak.

        Horrela ba, zaldi gainean edonora joateko gauza zen. Askotan bakarrik abiatzen zen itsasertzeraino olatuen joan-etorriari begira egoteko. Itsasoak zer ekarri eta zer eraman ahal duen irudikatzen zuen. Durangoko alaba zen jaiotzaz, eta etxean entzuna zuen askotan, bizkaitar bihurtu zireneko ezbeharra, aititak eta gero aitak ere, borrokan egin zuten gaztelauen aurka, asko galdutakoak ziren bere sendikoak. Horregatik, itsasoa adiskidez, aberastasunez eta maitasunez beteta zetorrela irudikatu nahi izaten zuen arren, batzuetan etsai gupidagabeez jantzita ageri zitzaion. Orduan, eta beste askotan, dorretxetik hurbil zegoen osinera joaten zen, eta uda partean gorputza busti, eta, inor ez bazegoen, bainatu ere bai.

        Osinak ur-jauzi txiki bat zeukan iraz inguratua. Kolore urdin-berde hura nahi izan zuen bere azken jantzirako. Ile argi-argia izan zuen txikitan, baina jadanik lurraren kolorea hartua zion, lur busti gabearena.

        Jantzi harekin azaldu zen hurrengo egunean gosaltzera. Gizon gazteen atsegina nabaria zen. Ez nuen jantzi behar pentsatu zuen, eta lotsaz igaro zituen lehen uneak hizketaldiak bere arreta guztiz hartu zuen arte: Nafarroako Blanca erreginak etxe bakoitzari zegozkion hamabi diruak ordaintzeaz askatu zituen Vianako biztanleak, eurek eskatuta sari gisa, Gaztelako infante Fernandok hiribildua hartu nahian setiatu egin zuenean hain gogor eusteagatik...

        Ez zuten gizonok gaua bertan igaro, hurrengoetan egingo zuten bezala.

 

 

Goizeko freskuran atera zen kalera, ohi baino apurtxo bat arinago. Gosaldu baino lehen itzuliñoa egiten zuen txorien txioen artean. Basotxiki goiko zelaian iruntza bazegoen, abarkak erantzi eta ortozik ibiltzen zen, oso osasungarria zela entzuna baitzion amari, eta honek amamari. Goiz hartan, ordea, ez zuen basotxo hura zeharkatzeko astirik izan.

        Esku bat sentitu zuen aurpegian ahoa eta sudurra estutzen zizkiola zapi batez. Konortea galdu zuen.

        Iratzarri zenean, aurpegia eta gorputza beste gorputz bati itsatsita nabaritu zituen. Haragi trinkoa zuen gorputz hark, gaztainondo gaztearen enborrak halaxe. Biek, besarkaturik, jauzi egiten zuten. Zaldi gainean zihoazen. Zangalatraba gizonaren izter gainetan, burdinazko besoak batzen zion gerria. Ira usaina zerion haren sorbaldari. Lobelarrak eragindako zorabioa igarri zuen begiak zabaldu zituenean. Larriari eutsiz, gizonaren bular gainean zetzan burua goratu egin zuen. Ile kirrudun argiek distira egiten zuten eguzkipean. Bihotza eurekin saltoka hasi zitzaion.

        — Traidorea! Lotsagabe zital halakoa! —zer nahiko zuen trukean?; ausardia behar zen!—. Itzul nazazu etxera, utz nazazu hartu nauzun lekuan!

        Aginte berbok eragina izango zutelakoan esan zituen, hasierako ustekabeak eta ondoko ezintasunak sortutako estutasunari aurre egiteko; senarrak laster harrapatuko zituen itxaropenak indartu zuen.

        Baina estutasuna areagotu egin zitzaion gogoratu zuenean beste batzuetan baino goizago abiatu zela egun hartan, ez zuela inork ikusi joaten, eta horregatik ez zutela bere falta sumatuko ordubete edo gehiagoz, eta ohean zela oraindik, edo azokara joana zela usteko zuten; senarra ere ez zen arduratuko zati batean. Denbora luzea galduko zen hartan horretan. Beldur ikarak hartu zuen.

        — Itzul nazazu etxera, arren —erreguari oratu zion.

        — Ez, ez zaitut itzuliren. Gurekin eramanen zaitugu.

        Anaia ondoan zetorrela ohartu zen, bekatari damutu aurpegiarekin begiratu zion, eta hasperen egin zuen.

        Gizonak hitzok samurki esan zituen. Traidore sentitzen zen, baina argi zituen asmoak, nekez garbatuko zen.

        — Ezin hobeto hartu zaituztegu, adiskideak zinetelakoan geunden, zelan izan ahal zarete hain esker txarrekoak!

        Zintzotasunari tira egin nahi izan zion azkenik, etsipenez. Ahotsak dar-dar egin zion. Ez zuen erantzunik jaso.

        Gizon haien aitarekin hasi zen salerosketan senarra, bere meategietatik ateratako burdina saltzen zion, orain, aita hil geroztik, jaun Ontzalurenak ziren burdinoletan urtzeko.

        — Nor dago honen atzean?

        — Ez ezazu pentsa holakorik. Gure etxea ez da inoiz Harokoen aldekoa izanen.

        Hala uste izan zuten eurenean beti. Bizkaiko jaunaren aurkako berbak entzun zizkien gazte haiei Muskizera etorri zirenetan, gaua bertan igaro zuten senideko gisa, eta afalondo luzeak egin zituzten honetaz eta hartaz arituz.

        — Zer gura duzu, orduan?

        — Zeu nahi zaitut.

        Hitzok zirrara txiki bat eragin zioten. Sentitutakoaz lotsaz bezala, ez, ez dut ondo ulertu, ezin da izan, aritu zitzaion bere buruari. Egoera txoroa iruditu zitzaion hura. Ni ez nabil zuzen, eta hau ez dago burutik sano.

        Ez zen ausartu ezer gehiagorik esaten, eta bidea isilean egin zuten luze batean.

        Eguerdia orduko gelditu egin ziren hankak luzatzeko eta atseden hartzeko. Lurra ukitzeaz batera ohartu zen mugitu egiten zitzaiola, ezin zen artez ibili. Johangok besotik oratu eta aurpegira begiratu zion.

        — Ongi al zaude, anderea?

        — Ez, ez nago ondo, hobe nengoke etxean.

        Haren ahoaren keinuak hitzok min egin ziotela erakutsi zuen. Anaiaren desioa betetzen ari zen.

        — Nora naramazue?

        — Etxera.

        Euren etxera zen, noski. Senarrarekin egona zen nafar erresuman, baina erdi aldeko lurraldeetan. Oso urrun egongo zen etxetik, leku ezezagunean. Gatibu izango zuten? Noiz arte? Aspertu arte? Eta, gero zer? Hasierako zirrara txikiaz damutu egin zen. Bat-batean etsaien artean ikusi zuen bere burua: edozein unetan bortxaz hartuko zuten; gero nonbait gorde, nahi zutenean erabiltzeko; azkenik, nekatutakoan, lapurren eta gaizkileen eskuetan utziko zuten txanpon batzuen truke. Irudiok bere senetik atera zuten.

        Zoriak agindu zuen zaldiaren anekan aizto batek kirtena erakusten zuela. Sortu zitzaion laztura akabatzeko asmoz, indar handi batek hartuta kirten hari heldu zion, eta aiztoa bihotzerantz bideratu zuen. Esku batek geldiarazi egin zuen, eta aiztoa askarazi. Ziplo erorita, aiztoaren ondoan eserita aurkitu zuen bere burua. Beso batek berehala gerritik hartu, eta altxatu egin zuen. Johango zen. Anaia biek elkarri begiratu zioten une luze eta isilean. Aurpegi biek nahigabea erakutsi zuten.

        Johangok anaiaren zaldira igo zuela gogoratzen du, ez daki zenbat denbora daroan erdi lo, hotzikarak eta izerdi hotza ditu. Gelditu egiten dira. Zalditik jaitsi dute, lurrean etzan dute, bere hasperenak entzuten dira. Ur pixka batekin busti dute oihal bat, eta bekokia eta masailak igurtzi dizkiote. Aspaldi galdu duen buruzapia da. Ez dute ezer bidean ahaztuta utziko, bide nagusiak ekiditen dituzte, ez dute inorekin topo egin orain arte.

        Negar txikiak egiten ditu gizonaren besoetan, ez du indarrik kopeta zutik mantentzeko, hark bere gorputzera estutzen du emeki, eta masailarekin laztantzen dio ilea. Zaldiaren abiadura biziak zangoak hozten dizkio. Ilunabarra da. Baso malkartsu bat igotzen hasi dira, han goian tximiniari kea darion etxola dago.

        Atean gizon nagusi bat azaldu da. Jaun Ontzaluk barrura sartu du, eta sutetik nahiko gertu dagoen lastozko ohe baten utzi du.

        — Mutilak, ez zenidaten esan emakumezko batentzat zela —entzuten da; gizona arduratuta dago—. Johango, ekar ezak ura tupinan eta jar ezak sutan. Eta hik, ken iezaiok jantzia, azkar. Gogortzen hasita zagok.

        Andere biluziaren aurrean batu dira hiru gizonok, arnasa gabe daude zuritasun zoragarriaren aurrean. Zaharrenak gazteak berpiztu ditu.

        — Arin, igurtzi egin behar duk —esan dio gazteenari—. Hasi hadi zangoetatik, irmo eta etenik gabe.

        Bera sutondora joan da eta hango apal bateko pote batzuetan arakatu du, belar ezberdinekin sorta bat osatu du, eta tupinan sartu du, irakin dadinean gaixoari edatera emateko gutxika-gutxika.

 

 

Etxola hartan igaro zituzten hurrengo hiru gau eta egunak. Egunsentiarekin anaia gazteak alde egin zuen; hirugarren eguerdian itzuli zen: beste zaldi bat, janaria, edaria, oihal eta jantziak zekartzan.

        — Bidea ez zagok oso garbi —esan zion anaiari—, erromesak dituk gehienak, baina hobe iluntzera arte itxaroten badugu.

        Gaizkileen muga zeritzon eremuan zeuden oraindik, Gaztela eta Nafarroaren arteko muga. Merinoak bere zaldun eta oinezkoekin partidak egiten zituen lapurren bila, aurkituz gero urkatu egingo zituen. Johangok ez zuen entzun andere Urrikeren desagerpenaren berri, noren eskuetan zegoen ez zekiten seinale. Euren onerako zen, baina ez zitzaien komeni etxetik kanpo luzaro egoterik. Ehizan zebiltzala esan zuen. Beraz, piztien bila atera beharko zuten.

        Anderea ez zen oraindik tente egoteko gauza eraman zutenean. Aginduak argi utzi zituen Mattin Basok, belar haien ura edan beharko zuen ilargi betera arte, eta ur berotan bainatu egunero, harik eta gorputza arindu arte. Eta gorputz hark erantzun egingo ziola ere esan zion jaun Ontzaluri. Gizonak bihotza pozez beterik garraiatu zuen soin hura bere domeinuetaraino. Ez zuten Iruritako gaztelura jo, aurrera jarraitu zuten Otsondo aldera, han zuen beste etxalde bateraino.

        Amaorde zuten Mariak ai ene, ai ene otoiztuz hartu zituen. Zer egin duk, haurra? errepikatzen zuen. Gela nagusian ezarri zuten; arratsalde erdirako, haranean zegoenik eta upel handiena ekarri zuten gelara, eta ur beroz bete zuten.

 

 

Ilargia oso-osorik dago. Jaun Ontzaluk eta Mariak tentuz jagon dute. Aldika Johangoren bisitak izan ditu. Honek irribarre goxoa erakusten dio ezpainetan, baina begiei errua darie. Gero, anaiarekin hitz egiten du luzaz, egoeraren berri ematen dio etsita: senarra erotzear dago, liskarrak areagotu egin dira ahaideen artean. Baina guztiz arduratzen duena anderearen egoera da: gorputzez onera egin badu ere, gogoz gero eta gaizkiago dago eta bizipoza erabat galdu du. Gizonari jasanezin egiten ari zaio. Alferrik da anaiari azaltzen ekitea, hura itxaropenak bizi du, eta maitasun itsuak. Zerbait egin beharko du emakume hura bere onera ekartzeko. Gaur, zaldian txangoa proposatu dio. Haren masailek sasilarrosaren kolorea hartu dute.

        Badoaz, igo eta igo ari dira, gizon gazteak txikitan handik ibiltzen zirela kontatzen dio, aitak eramaten zituela. Al-Andaluserako gurutzada aitzakiatzat hartuz, egoera berrietara ohitzea dela, diotso, bizirik jarraitzeko sendagairik onena. Granadan ondo ikasi zuen berak hori aragoiarrekin joan zenean. Andereak ez du hitzik esan oraindik, laster Auzako ganara helduko dira. Hango ikuspegiak harriturik utzi du, harlauzaz egindako egiturak izpiritua baretzen dio istant batez. Han, behean, bide bat ikusi du, bide garrantzitsua iritzi dio, haraino helduko balitz... Eta zaldia suspertuz, beherantz lasterrean jarri du, gero eta lasterrago. Ezustean harrapatu du zaldun gaztea.

        Arrapalada bizian doaz biak, zaldi-lasterrean. Bidera heldu dira, parean doaz. Gizonak ez duela etsiko konprenitu du andereak, berak ez diola eutsiko ere konprenitu du, eta zaldiari uhala lasaitu dio; arrapalada trosta bihurtu da, eta trosta paseoa. Itxaropena etsipena, eta etsipena negarra.

        Zotinka hasi du itzulerako bidea. Johangoren hasierako asmoa zapuztu egin da, lehen baino gaizkiago bueltatuko da anderea etxera ez badu zerbait egiten. Zaldiak gelditu ditu, eta mintzatu egin zaio: ezin dela bakarrik ibili Nafarroako bideetatik, lapurrek edo gaizkileek aurkituz gero, ez dela inoiz etxera itzuliko. Andere Urrikek ez dio erantzun, etxera ez, lehenaldira itzuli nahiko luke, lasai eta aske bizi zen sasoira.

        Afalorduan jaun Ontzaluk ez du ezer aipatu. Logelan egiten dituzte otorduak elkarrekin, xamurra eta gizalegekoa izaten saiatzen da beti, eta lo egiteko orduan bakarrik uzten du. Atea beti dago giltzaz itxita.

        Hurrengo egunean xorroxin bateraino doaz oinez.

        — Nahi baduzu baina zaitezke —esan dio—, putzu handi eta sakona dago xorroxinaren inguruan.

 

 

— Ez zagok haurdun, ez diagu inoren haurrik izanen —oihukatu zuen Mariak—, hilekoa etorri zaiok.

        Berri ona zen hura jaun Ontzalurentzat, haurdunaldia oztopo litzateke, laster bereak ziren haurrak izango zituen. Horrelako asmoetan zebilzkion ametsak.

        Andere Urrikeri Bizkaian utzitako sendiko umeak zetozkion gogora: zer usteko zuten?, zer esango zieketen?

        Hasieran, bere burua gosez eta egarriz hiltzen uztea pentsatu zuen, baina hiru haiek behartu egiten zuten zerbait hartzera, batez ere Mariak: bere aurpegi samurrean negar-anpuluak zerizkiola, arren erregutzen zion, beste bi haien gaiztakeriaren errudun bera bailitzan. Mutil jatorrak dira errepikatzen zion aldioro, ez dakit nola egin duten hau, ai ene! Barkatuko diezu ezagutzen dituzunean, gure ttikia odol bero samarra da, baina zinez jatorra.

        Gero, ihes-saiakeraren ostean, jaun Ontzaluk eskainitako bainuak hartzen hasi zen, biak joaten ziren. Ur hotzak lehenengoz berpiztu egiten zuen, eta ondoren pixkanaka-pixkanaka logale jartzen, eta hori zen gehien eskertzen zuena, lo egin ahal izatea. Luzaroan egoten ziren xorroxinean, batzuetan ia ilundu arte. Ordurako egunak asko laburtu ziren, laster udagoien betean izango ziren.

        Kezkatuta zegoen gizon haren eroapenaz. Xorroxinera ez zen inor azaldu eurak zeudela, argi zegoen hala izan zedin ordena eman zuela; hala ere, ez zuen inoiz bortxaz hartzeko keinurik egin, ukitu lizunik ere ez, haren desioa nabaria zen arren; gaua ailegatzen zenean gabon anderea, atseden har dezazula esan, eta joan egiten zen.

        Egunak hozten hasiaz batera, Jaun Ontzalu sorlekuan bazebilen, iluntzero afaltzen zuten lehen harena eta orain berea zen logelan. Egunez harekin edo haren anaiarekin egiten zuen txangoa zaldiz, edota oinez. Haien bizimodu eta ohituretara egiten ari zen. Auzoek, inguruko jendeak, begirunez agurtzen zuten, eta hura haien presentziara bezala haiek ere berera egin ziren. Afaritan, nor zen bata, zein bestea, zelan egin zuen honek aurpegiko orbaina, zerk herrenbeldu zuen hura, norenak ziren mutiko bihurri haiek... galdetzen zion etxagunari, eta hango parte ere sentitzen hasi zen pixkanaka. Parte sentitzeak zoramenetik ihes egiteko aukera eman zion. Haiek ez ziren euren jaunak egindakoaren errudun, beraiekin harreman estuagoa izatea lortuko balu, agian, lagundu egingo liokete.

        — Hemengo lagunak ezagutu nahi nituzke, etxaldeko beharrei ekin gura nieke beraiekin batera. Nor naizela esan diezu? —hutsala iruditzen bazitzaion ere, jaurti egin zion.

        — Ez diet nor zaren erran. Enea zarela badakite, besterik ez.

        — Ba, andere bat etxera ekartzen denean, aurkeztu egin behar da, errespetuz har dezaten.

        Egotzitakoak inpentsan hartu zuen gizon gaztea, ez zuen holakorik espero, ez oraino bederen, berarekin lasaiago eta laketago zegoela nabari zuen arren; elkar ulertzearen hasiera liteke? Egunean-egunean gehiago maite zuen, ez zuen nahi beste ezagutzen, hala ere, edertasunarekin batera izaerak zeukan gatibu: arranguran ere gozoa, gozotasunean indarra.

        — Andere Maria, ene emaztea —aurkeztu zien—. Ez zaituztet lehenago bildu hemen, aitzinean zuen etxanderea izanen dena eri zegoelako, baina gaur berak hala eskatuta ari natzaizue.

        Auzoak banan-banan hurreratu zitzaizkien agurra egitera: laket handiz, urte anitzetarako, pozik hemen edukitzeaz, haren irribarre zabalaren aurretik igaro ziren, eta egiazko irribarrea zela ikusi zuten. Euren artean luzaz mintzatu ondoren, bakoitza berera erretiratu zen. Joan aurretik, eztegu-ospakizuna egingo zutela agindu zien jaun Ontzaluk.

        Emazte moduan aurkeztea asmo onaren seinale gisa irakurri zuen andere Urrikek, baina senarrarekin bezala oraingoan ere ez zioten aukerarik uzten; ala oraingoan bai? Noiz arte jarraituko zuen gizon hark bihotza bigundu eta birrindu nahian? Edozelan ere, nahiz eta aske utzi, ez zegoen atzerabiderik, amaren umetokitik berratera zutela sentitzen zuen; ez zen berdin, jadanik ez zen berdin.

 

 

Ate hotsaz gorputzak jauzi egin zion, leiho egurrak ateari erantzun, eta gela ilundu egin zuen. Barruan gertatuko zena ikusi nahi zuen haizeak, eta leiho-egurra zabaldu zuen berriro. Haize epela zen, testigu aparta.

        Gizona ezkontzarako jantzita zetorren: atorra zuriak izpi eztanda egiten zion eskuetan eta saman, belus beltzezko jakaren azpitik. Ez eta bai, ikara eta nahiaren borrokak itxaroten zion emazte-jantzi zurian, lotarako jantzian. Ikarak irabazi zuen, eta kutxa gaineko soineko gorria janzten hasi zen anderea arrapaladan. Beso indartsuak gerritik kateatu zuen, izterretako gihar sendoek ipurmasailak ukitu zizkioten, eta buru bueltaraino baino heldu ez zitzaion ehun gorria erantzi zion esku boteretsuak. Gero, ile mataza alboratu zion, eta ezpainek sama musukatu zioten. Gorputzak baietz eskatzen zion andereari, adimenak ezetz erregutzen zion. Borrokatik askatu guran, haragizko katea hausten saiatu zen. Baina guda irabazia zuen haragiak. Ez dut gehiago itxarongo esan zion, eta besoetan hartuta ohean etzan zuen.

        Eskuek, laztanez, gerriraino igo zioten lotarako jantzia, begiak itxi zituen andereak. Belus beltza erantzi zuen gizonak, eta gerrikoa askatu zuen. Titiak laztandu zizkion ezpainekin, liho zuriaren gainetik hasieran, tarratada batez zabaldu zion liho zuriaren azpitik gero, hasperen egin zuen andereak. Ezpainek beherantz egin zuten maskorraren bila haragizko itsasoan. Sirena deika hasi zen. Olatuek indarra hartu zuten. Sirenak ozenago deitu zuen. Eta hauspoak erantzun zion burdinolatik. Itsaso guztia behar izan zen gau osoa iraun zuen sua amatatzeko.

        Mattin Basok agindu zion bezala, gorputz hark erantzun egin zion. Edertasun ikaragarri hura bere besoetan zetzan lo biluzik. Esnatzean ere hain apal eta emari azalduko zen? Gorputza bai, baina borondatea agian ez.