Pendrive
Pendrive
2013, narrazioak
136 orrialde
978-84-92468-50-8
azala: Gorka Lasa
Arrate Mardaras
1960, Abadiņo
 
 

 

LITERATURA NAHIERAN

 

Enkargu berririk bazuen jakiteko klikatu zuen Literatura nahieran webgunean. Hilabete zen ez zuela bat ere jaso. Oso ondo etorri zitzaion, ideia aldetik agortuta zebilelako. Baziren lau urte negozioa ireki zuela. Irakurleek eskatzen zutena egiten saiatzen zen beti, eta arrakastaz itxuraz; hirurogei ipuin baino gehiago, bi nobela labur, eta eleberri luzea idatzi zituen denbora tarte horretan, eta bezeroak gustura utzi zituen, antza.

        Enkargu berria zegoen. Emakume bi nahi zituen bezeroak, maitasun istorio bat amaiera txarrarekin. Baina hau zen sakoneko eskaria: maitasun platonikoa behar zuen izan. Alde bietako sentimendu eta desirak ondo azaldu behar ziren.

        Onartuko ziola erantzungo zion, baina argitu zezala sentimenduek ala desirak hartu behar zuten arlo handiagoa. Eta proposamen bat zeukan «postrerako»: emakume biak elkartzea; jarriko ziola sorpresa puntua, piperra opilari.

        Baietz erantzun zion bezeroak, ados zegoela.

        Idazleak amaieratik hastea pentsatu zuen, honela:

        Sartzeaz batera parez pare dagoen karezko horman ordulariak zortziak direla diosku zazpiak direnean, bere azpian eskuineko hormako leihotik barrena eguzkiak bidalitako izpiek argia zabaltzen dute gaztaina-zurezko komodaren argizarian. Leihoa jantzi gabe dago, harlauzak egiten dion apalean ez dago ezer. Harrizko hormatik hari begira dagoen ohea nagusi da logelan, burdinazko ohe sendo eta zabala, izara zuriekin estalia. Ez dago jarlekurik, ez dago tapizik gerezi-zurezko lur zaharraren gainean, ez dago margorik inon eskegita, ez dago argazkirik komoda gainean argazkiak jartzeko mesanotxerik ez badago ere. Komodaren atea giltzaz itxita dago inork haren barruan ezer ahatz ez dezan.

        Baina luxu gabeko gela luxuriaz beteko da laster, haragikeriaz...