Preludioa
Fedek deitu zidan, albiste onak. Topatu zuten ezkerreko eskua: Leonard Elschenbroich, nazioartean nabarmentzen hasitako Alemaniako txelista gazte bat. Chicagon Brahmsen kontzertu bikoitza eskaintzetik itzuli berria zen, Christoph Eschenbachen zuzendaritzapean. Bychkov, Scarabino, Gergiev, Kitajenko, denak bat etorri ziren: «Ez duzue hoberik aurkituko».
Elschenbroich prest agertu zen ezkerreko eskuaz soilik aritzeko, eskuina Sararena izatekotan. «Irabazten aterako naiz», onartu zuen. Bi hilabete geneuzkan entseguetarako. Kolosala izan behar zuen, zutik jarriko genuen Kursaala.
Eiderri deitu nion, ohetik atera nuen. Nolatan deitzen nion ordu txikitan, Sara ondo al zegoen, erotu egin ote nintzen, ez pentsatzekoren bat pentsatu zuela.
Negarrez hasi zen notizia eman nionean. Tarte batean aritu zen zotinka ezer esan gabe, eta «Ezin dut sinetsi», errepikatu zuen gero bost edo sei aldiz, «Ezin dut sinetsi Sara berriz agertokian ikusiko dugunik».
Hasteko, Bachen txelorako lehenengo suitearen preludioarekin pentsatu nuela aipatu nion, eta zinkurinka hasi zen berriro. Eskerrak eman zizkidan, gure Sara esan zuen, telefonoa musukatu zuen.
Hurrengo goizerako gelditu ginen Sararen etxean. Zita baino ordubete lehenago deitu zidan Eiderrek, sututa: «Sarak ez du Elschenbroichen izenik aditu ere egin nahi. Palmeratxoak egin behar omen ditu arratsaldean bisitan datorkion lagun batentzat, eta traba baino ez omen diogu egingo han, etxean bueltaka».
Segituan joango nintzela agindu nion Eiderri.
— Ez zaukaat astirik talentu-ehiztarientzat —esan zidan Sarak.
Ez zuen aurpegia hostoretik apartatu. Miresgarria iruditu zitzaidan nik alferrikakotzat ditudan gorputz-atalei ematen zien erabilpen praktikoa. Kokotsarekin ore kiribilduaren ertzari heldu eta hura mahai azukreztatuan hedatzen ari zen eskuineko eskuarekin.
— Eider, egidan mototsa.
Ilea bildu zion ahizpak. Sarak amantala zeraman soinean eta ezkerreko eskua ohi bezala zintzilik, altzoaren parean gakotuta. Pauso bat ematen zuen bakoitzean eskuak izterra kolpatzen zion. Eiderrek esanda nekien batzuetan beltzuneak ateratzen zitzaizkiola. Gorriz margoturik zituen bi eskuetako atzazalak, eskuineko eskukoetan pintura arrakalatzen hasia zitzaion.
— Nirekin hitz egin nahi baduk, hau bukatu arte itxaron beharko duk.
— Itxarongo dinat.
— Alferrik ari haiz.
Azukrea bota zuen hostore gainean. Arrabola atera zuen tiraderatik. Giderretatik heldu beharrean esku-ahur zabalduarekin birarazten zuen egurrezko tresna, eta tarteka amantalean garbitzen zuen eskua. Horretan aritu zen azukrea orean ondo sartuta geratu zitzaion arte. Eider aulki batean eserita zegoen; azalean «Neuroanatomia: dakiguna eta ez dakiguna» goiburua zekarren aldizkari zaharkitu bat gainirakurtzen ari zen soinu handia eginez. Etengabe begiratzen zion labeko ordulariari. Orea tolesteko, alde batera eta bestera mugitzen zen Sara, toles bat eskuineko aldean, beste bat ezkerrekoan, oreak akordeoi itxura hartu zuen arte. Mantalaren patrikatik atera zituen artaziekin zatiak egin, erretilu batean banatu eta labera hurbildu zen herrenka, kristalezko azpilari helduta.
— Kontuz, Sara.
Ezin izan nion erretiluari heltzeko bulkadari eutsi, eskua erre behar zuela iruditu zitzaidan. Haserretu egin zen, ez zidan ordu-erdiz begiratu ere egin. Hiru zigarro erre zituen bata bestearen atzetik, sukaldeko leihoa irekitzeko lanik hartu gabe.
Erre egin zitzaizkion palmerak.
— Orain berriz hasi beharko diat.
— Ez dinagu astirik, Sara, garrantzitsua dun.
Algaraka hasi zen.
— Horixe pentsatu nian nik ere: emakume inportantea naiz, ez dut tronbosi baterako astirik. Eta ikusten duk...
Soina mugitu zuen ezker-eskuin, eta balantza egin zion esku ezinduak. Beste hostore orri bat atera zuen hozkailutik.
— Badakik zer egin nuen iktusaren goizean? Federi deitu nioan, ez nintzela entsegura iritsiko abisatzeko. Garrantzitsua zuan, ulertzen? Hil ala bizikoa. Berrogeita bost minutu eman nitian telefonoa markatu nahian: zenbaki bat markatu orduko ahazten zitzaidaan zein botoi sakatu nuen, eta esku maingua jarri behar izan nian sakatutako zenbaki bakoitzaren gainean hurrengoa markatu aurretik. Azkenean lortu nian, bai, zenbaki osoa markatzea, baina ezin izan nian soinu ulergarririk artikulatu. Bidean ertzain-patruila bat topatu nuela pentsatu zian Fedek, eta telefonoa izterren artean ezkutatu nuela, askotan egiten bainuen. Ordubetez egon zituan nire zain, kezkatzen hasi eta anbulantziari deitu aurretik.
— Entzun egin behar didan, Sara.
— Utziko diok esaldi bakoitzaren atzetik nire izena errepikatzeari? Maingua nauk, eta herrena, baina ondo aditzen diat oraindik.
— Leonard Elschenbroich maisua dun. Hogeita sei urte baino ez ditin eta Bernstein saria jaso din.
Sukaldeko mahaiaren gainean barreiatu nizkion txelo-jotzaile gazteari egindako kritika orbaingabeak. The Independent, Frankfurter Allgemeine, Birmingham Post. Serios ageri zen argazkietan: adats harroa, begi berdeak, azal zurbila. Musikari-itxurako musikaria.
— Ez dun halako aukerarik berriz izango. Ez zain egunero ezkerreko esku bat bidera aterako.
— Txelo-jotzailea ninduan. Ninduan. Orain elbarria nauk eta palmeratxoak egiten ditiat —orea azukreztatzeari ekin zion.
Zientzia-aldizkaria itxi eta zutik jarri zen Eider.
— Hobe dugu hemendik alde egitea.
Besotik heldu zidan. Eskailburura irten ginen, eta atea itxi aurretik arratsaldean deituko ziola jakinarazi zion ahizpari.
— Zaborra jaitsiz gero, eskertuko dinat.
Zaborra hartu eta igogailuan jaitsi ginen kalera. Goizeko hamaikak eta erdiak baino ez ziren, baina zerua ilun zegoen, euria ari zuen aspaldiko partez. Kafe bat onartuko al zidan galdetu nion Eiderri. Aterkiari eutsi nion hark plastikozko poltsa edukiontzira bota bitartean.
Leiho aldameneko mahaietako bat hartu genuen. Eiderrek bi eskuen artean eusten zion kafe-kikarari eta kanpora begiratzen zuen. Lehen eurite gogorra zen udazkenean sartu ginenetik. Bazuen Sararen traza, betartean eta ahoan batez ere, baina ez zen haren edertasun-mailara iristen. Lehenaldian pentsatu nuen: polita izandakoa zen Sara. Orain ere ederra zen, elbarria izateko. Sabatoren nobela bateko pasarte batekin oroitu nintzen. Protagonistari ez zitzaion gustatzen bere maitaleen ahizpak ezagutzea, amorantearengan erakargarri zitzaion ezaugarri bat, begi handiak, adibidez, neurriz kanpokoak begitantzen zitzaizkiolako ahizparengan. Baten begi handiak bestearen begi irtenak ziren, eta edertasuna kasualitate genetiko hutsala baino ez zela ohartarazten zioten halakoetan. Ahizpa ezagutu ostean, maitaleari begietara begiratzen zion bakoitzean ozta-ozta libratu zela etortzen zitzaion burura. Gainbeheraren hasiera izan ohi zen. Ahizpen arteko alderaketak hain ohikoak eta errukigabeak izanda, Sararen gaitzak Eiderri nolabait mesede egin ziola pentsatu nuen: ahizpa itsusia izatetik (batere itsusia ez izan arren konparazioan galtzaile ateratzen zen nabarmen) elbarriaren ahizpa polita izatera igaro zen egun batetik bestera.
Negarrez ari zela ohartu nintzen. Neurritsua zen, horretan ez zeukan ahizparen antzik.
— Ez dut ulertzen —esan zidan—, elbarri izaten tematzen da.
Irribarre triste bat marraztu zitzaion, etsiak ematen duen lasaituak eragina. Masailean behera zetorkion malko bat lehortu nion hatz arinarekin. Belarri atzera eraman zuen bekokia erdizka estaltzen zion ile-xerloa. Keinu hura Sarari noiz edo noiz ikusia niola iruditu zitzaidan.
— Elschenbroichi jotzen entzun orduko aldatuko du iritzia. Tipo horrek hogei urterekin Louvreko auditorioa zutik jarri zuen. Alemaniako kantzilerrak bere amaren hileta-egunean jotzeko kontratatu zuen. Sara bigunduko da, ziur nago.
— Noiz iritsiko da?
— Bihar goizean.
— Txeloa jotzea larrua jotzea baino hobea zela esaten zuen Sarak —esan zuen lotsati—. Ez zegoela hankak horrela irekiarazten zituen beste instrumenturik.
Barre egin genuen. Beste malko bat lehortu nion, eta oraingoan nik eraman nion ilea belarri atzera.
— Gure Sara, hain muturrekoa beti —esan nion—. Gauza bat egingo dugu: gaur gauean zu eta biok afaltzera irtengo gara. Ireki berri duten leku bat ezagutzen dut, gustatuko zaizu —zutitu eta gabardina hartu nuen—. Ospatu egin behar dugu.
Paseo Berriko jatetxe batera eraman nuen. Dotorea zen, baina ez Eider deseroso sentitzeko adinakoa. Badut begia jendeak bere buruari baimentzen dion luxu mailari antzemateko. Errazio txiki eta esperimentalak ematen zituzten, baina ardoa norberak zerbitzatzen zuen. Askotan egiaztatu ahal izan dut emakume gehienei ez zaizkiela somelier erlamandoak gustatzen, kontrolatuta sentitzen dira kopa hustu orduko inguratzen zaizkien zerbitzariekin, edozein momentutan hurbildu eta Ez al zara gehitxo edaten ari? aurpegiratuko baliete bezala. Emakume izatearen gauzarik zailena edozertan neurri egokia zein den asmatu beharra iruditu izan zait beti. Zenbat denbora eman ote zuen Eiderrek gau hartarako jantzia hautatzen? Belaun gainetarainoko soineko beltza zeraman. Eskote estua. Zapata takoiluzeak. Ezpainetan margo leuna. Ilea garondoan bilduta. Lurrin-tanta batzuk.
Sarari buruz mintzatu zitzaidan:
— Hil egingo zela esan ziguten, eta esnatu zenean inork ez zuen uste berriro ibiltzeko gai izango zenik. Kontzentratzeko arazoak zituen, ez zen gai elkarrizketa bati eusteko, ezta film bat osorik ikusteko ere. Sukaldean hasi eta sua piztuta uzten zuen, ahaztu egiten zitzaion komuneko kanila ixtea. Bat-batean gazte izatetik ume izatera pasatu zen, dena egin behar zitzaion. Eta errehabilitazioari esker ume izatetik zahar izatera igaro da hiru urtean. Aurrerapen ikaragarria. Ezin dut jasan kalean agureek aurrea hartzen diotela ikustea. Baina badakizu zer den okerrena? Etengabe esaten duela lehen baino zoriontsuagoa dela orain.
Ahate-hanka bati heldu zion.
— Gai izango dela uste duzu?
— Ez daukat zalantzarik.
— Hiru urtean ez du txeloa ukitu ere egin.
— Hori ez da ahazten, maitasuna egitea bezala da.
Asko edan genuen. Eiderrek nik baino gehiago, lotsatien ausardia bitxi horrekin. Inguruko dantzaleku batera joan ginen. Eider harritu egin zen hainbeste jende heldu ikusita, gazte sentitzen omen zen. Barra ertzeko taburetetik altxarazi ninduen eskutik oratuta. Hogei urte bete arte Sarak eta biek gela berean lo egiten zutela kontatu zidan. Dantzan ari zen bitartean mintzo zen, hitz egiterakoan hurbilduz eta akademiaren batean ikasitakoak ziruditen saltsa-pausoen erritmora urrunduz.
— Behin mutil bat eraman nuen etxera. Isilka sartu ginen ohean, eta larrua jo genuen alboko ohean Sara lo zegoen bitartean.
Aurpegia estali zuen bi eskuekin, ezegitekoren bat egin zuela adierazi nahian.
— Zergatik ez zineten gurasoen ohean sartu?
— Ez nintzen ausartu, edo agian ahizpari erakutsi nahi nion ni ere mutil bat seduzitzeko gai nintzela, auskalo. Baina lo hartu nuen, eta esnatu nintzenean Sararen ohean aurkitu nuen tipoa. Alua miazkatzen ari zitzaion.
Erdi bana edaten ari ginen gintonica pasatu nion.
— Zer egin zenuen?
— Begiak itxi nituen, eta goizean nire aldamenean zegoen berriro. Gosaltzera gonbidatu nuen.
Handik alde egitea proposatu nion. Ez zuen euririk ari, baina lurra bustita zegoen. Nire apartamentura etorri nahi al zuen galdetu nion. Barre-algaraka hasi zen.
— Ez diat astirik talentu-ehiztarientzat —ahoskatu zuen ozta-ozta Sararen esaldia, eta gero lepotik heldu zidan balantzaka—. Bai, eraman nazazu, maitea.
Taxi bat geldiarazi nuen. Eiderrek lo hartu zuen etxerako bidean.
Leonard Elschenbroich erabat kitzikatuta zetorren. Sararen disko guztiak zeuzkala kontatu zidan autoz aireportutik hotelera eraman nuenean. Vienan eman zuen kontzertua inoiz entzun zuen hunkigarriena zela ziurtatu zidan, inork ez ziola txeloari soinu erre hori Sarak bezain ondo ateratzen.
— Será un placer echarle una mano —esan zuen ingeles txukunetik gaztelaniara jauzi eginda.
Irribarre egin zidan atzerako ispilutik.
Hotelean utzi nuen. Handik bi ordurako jarri genuen zita Sararen etxean. Bila pasatzea proposatu nion, baina bakarrik moldatuko zela erantzun zidan politeziaz. Agentziara joan eta ordenagailu eramangarria eta kontratuen paperak jasotzeko aprobetxatu nuen. Sararen azken bi kontzertuetako bideoak biltzen zituen DVDa ere hartu nuen Elschenbroichi oparitzeko.
Eider atarian neukan zain, bezperako soineko berarekin. Irri egin zidan hurbiltzen ikusi orduko. Etxetik pasatu eta arropak aldatzeko detailea izan zezakeela pentsatu nuen, baina ez nion ezer esan. Urduri jartzen nau lana eta ohe-kontuak nahasten dituen jendeak. Egia esan, urduri jartzen nau ohe-kontuak beste edozerekin nahasten dituen jendeak. Bi musu ematera hurbildu nintzaionean, lepoan nire lurrina antzematen saiatu nintzen, ez nuen Sarak gaua elkarrekin igaro genuela igartzerik nahi. Nire xanpua usaindu nuen haren ilean.
— Kaixo —esan zidan doinu kokinez.
Ahalik eta tonu neutroenean erantzuten saiatu nintzen:
— Egun on, Eider. Elschenbroichek bidean behar du, berehala da hemen.
— Mila esker gosariagatik.
Goizean aireporturantz abiatu aurretik presaka irekitako madalena-poltsaz ari zen. Berak esanda ohartu nintzen mahai gainean utzi zabalik.
— Ez da ezer. Igoko gara?
Keinua gogortu zitzaiola ohartu nintzen. Irribarre egin eta pozik egon behar zuela esan nion.
— Gaur da egun handia.
Igogailuan sartu orduko ohartu nintzen elkarrizketa hura bide txarretik abiatuko zela.
— Larrua jo zenidan?
— Ez.
Mindu egin ninduen emakume mozkor batez aprobetxatzeko gai nintzela pentsatzeak.
— Zergatik ez? Oso erraz jarri nizun.
— Ez zen nire asmoa.
Ahotsa leuntzen ahalegindu nintzen.
— Eider, mesedez, utz ditzagun gure kontuak beste baterako.
Txandal galtzak jantzita ireki zigun atea Sarak.
— Eta? Non utzi duzue nire ezkerreko eskua?
Umoreko zirudien. Bi musu eman nizkion.
— Oraintxe zatorren. Adeitsua izango haiz gutxienez? —gaztigatu nion galtzak seinalatuz.
— Zer, Elschenbroichek etiketa exijitzen dik, ala?
— Ja, klaar —entseatu nintzen alemanez.
Kafea atera zigun. Ospitalean zuten izeba bati buruz aritu ziren bi ahizpak.
Hamaikak eta erdietan puntuan jo zuen txirrina Elschenbroichek. Erreberentzia moduko bat egin zuen Sararen aurrean, dibertigarria egin zitzaidana. Ingelesez agurtu zuen. Zer moduz zegoen.
— I´m all right! —erantzun zion Sarak barre-karkailaka, dena eskuina zela, alegia.
Segundo pare bat kosta zitzaion erreakzionatzea, baina txisteak grazia egin zion txelista alemaniarrari. Lasai egoteko, «I´ll be all left», erantzun zion.
Onena gaiari lehenbailehen heltzea zela erabaki nuen. Itzulingururik gabe azaldu nien gure asmoa. 2016a zela-eta musika klasikoko ziklo berezi bat antolatu nahi zuten Kursaalen, ondoren Europara eramango zutena. Lotuta zeuden Viena, Paris, Praga eta Stockholm. Munduko musikaririk onenak bertaratuko ziren, eta antolatzaileak ziur zeuden zikloa ixteko egokiena Sara Vejer zela. Euskal musikari nazioartekoena zen, eta hiru urte zeramatzan kontzerturik eman gabe. Leonard Elschenbroichen laguntzarekin inoiz inork egin gabea egingo zuten, bi musikari bikain bat eginda azalduko ziren taulan instrumentu bera besarkatuz. Txillidaren Besarkada izango zen karteleko motiboa, eta eskultura bera taularatuko zuten kontzertuaren egunean. Belaunaldien arteko zubia izango zen eta bi jenioren arteko fusioa, ezkerra eta eskuina musikak elkartuta, garai berrietarako perfektua, eskuzabaltasun-keinu paregabea.
Leonard hunkituta zegoela konturatu nintzen. Sarari begiratzen zion tarteka, haren adikunean onarpena bilatu nahian seguru aski.
— Utziko gaituzue bakarrik?
Harritu egin ninduen Sarak. Eiderri begiratu nion, eta baietz adierazi zidan buruaz. Beheko tabernan itxarongo geniela esan genien.
Bi orduz egon ginen zain. Eiderrek aurpegi ilunarekin jarraitzen zuen. Ez zuen bekokiko ile-xerloa arinki apartatzen, haren atzean ezkutatzen zen. Barkatzeko eskatu eta telefono-dei batzuk egitera altxatu nintzen. Itzuli nintzenean laguntza eskatu nion, bere beharra nuela pentsatzeak baretuko zuelakoan. Ordenagailu eramangarria piztu, eta eskuorrietan eta afixetan jarri beharko genuen Sararen argazkirik onena hautatzen lanpetu nuen. Denak ziren iktusaren aurrekoak, baina aurpegiz ez zen hainbeste aldatu, azala horitu zitzaion doi bat. Bitartean kontratuen paperak antolatu nituen, Sararenak eta Elschenbroichenak. Datuak berrikusi nituen ondo zeudela ziurtatzeko.
— Honetan oso eder dago, ezta? —esan zidan katalogoa begiztatu ondoren.
Lauzpabost urte lehenago eginarazi genion saio batekoa zen argazkia. Kamerari zeharka begira ageri zen Sara, ezkerreko hatz arinarekin bekokiko ile-xerlo gaztainkarari eusten ziola. Goitik zetorren argiak aire misteriotsua ematen zion, beltzetik agertuko balitz bezala. Itzalak margotzen zitzaizkion aurpegian, eskuaren gerizak utzitako tarte argitsuan enmarkatzen zitzaion begirada, eta matrailezurrak nabarmentzen zitzaizkion. Baietz erantzun nion, erretratu indartsua zela, sentsuala. Zain gelditu zen. Bera ere eder zegoela esan behar nion agian, baina ez nengoen tenplean. Beste kafe bat eskaini nion.
Kalearen beste aldean ikusi genuen Elschenbroich. Bisaje alaia zekarren.
— Ez du egingo —esan zuen.
Bazkalosteko kafea hartzeko zitatu ginen Sararen etxean. Libre hartu nuen arratsaldea Kursaalera ahizpekin batera joateko. Sara konbentzitu behar nuen kontzertuaren amaieran agertokira igo zedin. Besarkada betikotu behar genuen.
Iktusaren aurretik Kursaalen bertan eskaini zuen azken kontzertuan Sarak interpretatutako Bachen txelorako lehenengo suitearen preludioa joko zuen aurrena Leonardek, eta Sararen konposizio argitaragabeekin jarraituko zuen gero, haren larruan sartuz ia, ezbeharrak bidetik apartatu ezean egingo zukeena eginez.
Iristen azkenak izango ginela zin egin nion Sarari. Ez zuen kamerarik nahi inguruan. Iktusaren ondoren ekitaldi jendetsu batera joango zen estreinakoz.
— Eseri eta Elschenbroichen talentuaz gozatu nahi diat beste edozein elbarri melomanok bezala.
— Sarkasmoa txarra dun bihotzarentzat —errehabilitazio garaian akupuntoreak (Sarak fakirra deitzen zion) esan ohi ziona gogorarazi nion.
Federen esku utzi nituen azken soinu-frogak eta SGAEkoekin egin beharreko tramiteak. Goizean arduratu nintzen Maria Cristinara deitzeaz itxiera-festako gonbidatuen zerrenda zehazteko. Abiatu aurretik, aurkitu nuen xanpain botilarik onena bidali nion Elschenbroichi, ohar labur batekin: «Maisuarentzat».
Eiderrek ireki zidan atea. Gurin-usaina zerion etxeari.
— Garaiz zatoz, oraintxe atera ditu palmeratxoak labetik.
Sara zigarro bat erretzen ari zen sukaldean, ezpain artean eutsi zion niri erretilua luzatzeko.
— Gero eta hobeak ateratzen zaizkidak —esan zuen zigarroa ahotik atera gabe.
— Kafe hutsa, ezta? —galdetu zidan Eiderrek.
Ez zuen ematen minduta jarraitzen zuenik. Arintasunez mugitzen zen. Kafea zerbitzatzeko jiratu zenean, begirada haren ipurdi biribilean iltzatzea ezin izan nuen saihestu. Hartara gonbidatzen zuten larruzko galtza beltz estuek.
— Zer moduz dago Leonard?
— Primeran. Entseguetan, begiak itxi eta jotzen ari zena Sara zela iruditzen zitzaidan. Ezin hobeki bereganatu du euskal emakumearen harrizko sentiberatasuna.
Sarak barre egin zuen ke-bafada trinko bat askatuz. Eiderrek harrituta begiratu zigun. Sararen konposizio argitaragabeei gorputza eman ziela esanez jarraitu nuen, agian ez zela hain burugabea izan paper haien eskualdaketa.
— Etorri —besotik heldu zidan Eiderrek.
Egongelako besaulkiaren gainean hedatuta zeuden soinekoak ikustera eraman ninduen.
— Hau da Sararena. Ez al da izar batentzat egina?
Sarak entzuteko moduan esan zuen. Gero egongelako atea itxi zuen. Begirada aldatu zitzaion. Bigarren soinekoa, motzagoa, diskretuagoa, gorputzaren kontra jarri eta besaulkiaren beste aldetik hitz egin zidan.
— Gaur gauean zuk eranztea nahi dut.
Azken bi hilabeteetan kontzertuaren antolaketarekin buru-belarri aritu nintzen lanean, eta ez nien Eiderren deiei erantzun. Sararen ukoaren ondoren Elschenbroich prestatzea izan nuen eginkizun nagusia. Besarkadaren ideia metaforikoari eustea erabaki genuen, Elschenbroichek Sararen obra joko zuen haren txelo kuttunarekin. Opari eman zion hiru urtean laztandu gabeko instrumentua, 1717ko Stradivari bat.
— Horrela, ganoraz besarkatuko nau —baieztatu zigun Sarak, Elschenbroich txeloaren bila joan zenean.
— Maitasuna egitea bezala izango da —eskertu zion alemaniarrak, emakume baten gerrialdeari bezala oratuz egurrezko erlikiari.
— Hori baino gehiago. Maite-jolasetarako ez dut arazorik, baina nahita ere ezin dut inor bi besoekin besarkatu.
Eiderrek nire aurrean jarraitzen zuen satinezko soinekoari helduta. Ahizpa elbarriaren omenaldi-gaua nire ohean amaitu nahi izateak perbertsiotik zenbat zeukan kalkulatzen jardun nuen.
— Irrikitan nago —erantzun nion dena den.
Sararen pauso asinkronikoa entzun genuen egongelara hurbiltzen.
— Eider, margotuko dizkidan atzazalak?
Esmaltearen bila joan zen ahizpa. Hiru tonutako gorriak ekarri zituen.
— Argiena.
Sararen esku maingua bereen artean hartu zuen Eiderrek. Barrurantz bilduta zituen atzamarrak, izututako triku bat zen Sararen eskua. Eiderrek hatzak banaka apartatu zizkion atzazaletan kolorea emateko. Jarrera hartan bi nerabe ziruditen, udaberriko larunbat arratsalde batean.
— Sara, kontzertua amaitutakoan igoko haiz, ezta? Leonardekin batera agurtu behar dun publikoa.
Eiderrek putz egin zien ahizparen ezker eskuko atzazalei.
— Ez.
— Zor dien hainbeste. Beti egon ditun hirekin.
— Sarkasmoa txarra baldin bada bihotzarentzat, nahiago diat azken horri ez erantzun.
Sarari janzten lagundu behar ziola eta une batez biak bakarrik uzteko eskatu zidan Eiderrek. Balkoira atera nintzen zigarro bat erretzera. Hotz egiten zuen. Federi deitzeko aprobetxatu nuen. Leratsu sumatu nuen, baina ez omen zegoen arazo konponezinik. Amorratu egin zen Sarak ez zuela agertokira igotzeko asmorik jakinarazi nionean.
— Elschenbroich jaitsarazi beharko duk —ahalegindu nintzen lasaitzen—. Orain alferrik hasiko gaituk teman.
Pertsianaren xafla inklinatuen artetik Sarari galtzerdi finak janzten ikusi nuen Eider. Eskuineko besoarekin lepora helduta zeukan Sara. Pantyak igotzen ari zitzaion. Beso hila soinekoan sartzen lagundu zion Eiderrek. Federi adio esan eta berriz jiratu nintzenerako besaulkian jesarritako dama bat zirudien Sarak.
Egongelara itzuli nintzen. Bere jantziak hartu eta bainugelara alde egin zuen Eiderrek. Atera begira gelditu zen Sara.
— Orain dela hamabost urte bezalaxe segitzen dik.
Errukia antzeman nion ahotsean, baina erruki urruna, aseptikoa.
— Zer ordu da?
— Seiak.
Autopistan arazorik ezean ordu-erdi pasatxoko bidea genuen Donostiaraino.
— Nik autoa eraman behar dinat. Elkarrekin joango gara?
— Neurea hartuko diat.
— Seguru?
— Errepidea duk jendeari aurrea har diezaiokedan leku bakarra.
Ordenagailuaren aldameneko kutxa txiki bat seinalatu zidan.
— Egingo didak porro bat?
Latorrizko kutxatxoa ireki nuen. Hiru kukulu zeuden barruan. Usaindu egin nituen.
— Belarra erretzen dun?
— Noizean behin. Baina ez ezer esan Eiderri.
Su eman zion porroari. Keak begiak itxiarazi zizkion doi bat. Zoragarri zegoen. Berrogei urteak betetzeke, soineko luzearekin oinutsik, besaulkian erdi etzanda. Sekula nire besoen artean eduki gabeko emakume hura. Gau hartan bertan ahizparen ohetik jauzi egin eta haren ohean isilka sartuko nintzela otu zitzaidan.
Eider kontzerturako prestatuta itzuli zenean barrez ari ginen egongelan.
— Zer iruditzen? —galdetu zigun soinekoa dantzarazteko biratuz.
— Orain dela hamabost urte bezalaxe segitzen duzu.
Irribarre zabal batekin eskertu zidan lausengua. Oinetakoak ekarri zizkion Sarari. Makillatu eta ilea bildu zion.
— Goazen —esan zigun—. Jendea zain daukagu.
Elkarri besotik helduta atera ziren ahizpak etxetik.
Autoa arrankatu bezain laster hots egin nion Federi. Dena ondo zihoan: «Lehendakaria eta emaztea etorri dituk». Baziren hamar minutu ateak ireki zituztela. Orkestra prest zegoen. Loreak iritsi ziren. Kursaala ondo lurrindutako jendez betetzen ari zen. «Esadak Sararen eserlekuaren zenbakia» eskatu zidan Fedek, «argiztatzaileek besarkadaren unea ongi harrapa dezaten». Ez nekien buruz. Sakelakoa sorbaldarekin belarriaren kontra estutu eta kopilotuaren aulkian neraman agenda zabaldu nuen auditorioaren planoa ateratzeko. Gero kamioi baten argiak ikusi nituen, bolante-kolpe bat, balazten hots lehorra. Itzali ziren Kursaaleko argiak eta Leonard Elschenbroichek soinurik erreena atera zion Bachen preludioari.