Kamera estenopeikoa
Banandu ondoko lehen hilabeteetan telefonoz hots egiten zioten lagunek, ezkonduek eta dibortziatuek. Nork bere erara epaitzen zuen Martaren egoera berria.
— Ondo nago —erantzuten zien denei Martak—. Sentitzen ari naizena nahiko ajustatua dela uste dut.
«Ajustatua» esaten zien, hori baitzen jendeari axola zitzaiona: ez zedila ez deprimituegi ez euforikoegi egon, mozkorregi edo bareegi.
— Ondo nago, bai. Afaria prestatzen ari naiz, utzi egin behar zaitut, txanpinoiak erreko zaizkit bestela.
Esaten zien nobela ingeles batekin barre handiak egiten ari zela, edo album baterako ilustrazioen bozetoekin ziharduela. Lagun-klasearen arabera.
—Zuk behintzat badituzu afizioak —bota zion duela urtebete senarra hil zitzaion lagun batek.
Halaxe da. Argazkigintza gustatzen zaio Martari. Azken boladan etxean egindako kamera estenopeikoarekin probak egiten ari izan zen, gero bere ilustrazioekin konposizioak egiteko asmoz. Baina banatu zenetik utzita dauka hori ere.
Normalean, eserita eta ezustean harrapatzen du telefono-hotsak, ze ordutan bizi den arrastorik gabe.
— Ondo nago, primeran —erantzun dio—. Korrika egitera joateko zapatilak lotzen harrapatu nauzu. Lan asko egin dut eta haizea hartzera noa.
Semea etxean izaten den asteetan errazagoa izaten da, haren joan-etorriek zatitzen dizkiote masa itxura hartzen ari diren egunak. Gutxi batzuk ondo betetzea lortzen du: Jakesen otorduak hutsik egin gabe prestatzen ditu eta etxea txukun antzean mantentzen du, emakume zentzuzko orori suposatzen zaion eran. Hortik behera asko kezkatuko lirateke ingurukoak.
Baina oraindik ez da arkatzei heltzeko gai, aldian behin eta posta begiratzera besterik ez da igotzen estudiora. Beti marraztu izan du etxean, goiko pisuko txoritokian. Han dauzka arkatzak, akuarelak, ordenagailua.
Batzuetan, amorru-kolpeak jota, korrika egitera irteten da kostaldeko errepidera. Akitu arte egiten du, bebarruan sartu eta nekeak kolpetik erasaten dion arte.
Gainerakoan, halako harridura goibel batekin mugitzen da, poliki, etxeari atera zaizkion ertz berriekin min hartzeko beldur balitz bezala. Haserrea argaldu eta abaildurak hartzen duenetan geldirik geratzen da lekurik absurduenean: komun-ontzian eserita edo gela baten erdian zutik, eta ordubete baino luzeago egoten da horrela.
Agusen psikologoari egozten dio erruaren parte bat, iruditzen baitzaio dena okertu zela senarra «orekatzen» hasiz geroztik. Beti onbera eta barkabera izan zen Agusi mugak jartzen irakatsi zion psikologoak, bere desioak adieraztera bultzatu zuen.
Jakes jaio zenetik haren zaintzarekin obsesionatu egin zela leporatu zion Martari.
— Bakartua sentitzen naiz —esan zion Agusek—. Jakesek ez ezik, nik ere baditut asebete beharreko premiak. Pazientzia handia daukat, baina egoera honek ezin du betiko iraun.
Bularra hain luze emateak, semeak haien ohe berean lo egiteak eta haurtzaindegira ez eramateko hartutako erabakiak bikotea zartatu zutela esan zion.
— Sexuaz ari al zara? —galdetu zion Martak.
— Horretaz ere bai.
Psikologoak gutxienez astean behin egitea gomendatu zion, eta astero galdetzen zion larrutan egin ote zuen. Egutegi bat zehaztera iritsi ziren, Marta ikasle-pisuan bizi zenean etxeko lanen banaketarako erabiltzen zutenaren antzekoa, eta hozkailuan paratu zuten Donostiako Aquariumetik Jakesek ekarritako arrain itxurako iman batekin.
Martak gorroto zuen bere burua emakume frigidoaren rola betetzen ikustea. Bere sexu-grinaren aurrean Agus asaldatu egiten zen garaiak ez zeuden hain urruti ere. Lehenago izan zituen neska-lagunak askoz bareagoak zirela esaten zion, «zientzietakoak zirelako, agian», eta Martak barre egiten zuen galtzetako kremailera hortzekin askatzen zion bitartean. Baina egia zen amatasunak edo adinak edo domestikotasun errepikakorrak libidoa apaldu ziotela.
— Ondo gona estuak janzten dituzu lagunekin irteten zarenean.
Agusen hitzek ez zuten sekula gaitzespen-doinurik, hori ere hala zen. Martak ez baitzion desiratua sentitzeari uko egiten, are gehiago, bilatu egiten zuen, baina ez zuen hargatik inorekin oheratzeko gogorik, eta iruditzen zitzaion gizonek ez zutela hori ulertzen.
Agus galtzontzilo hutsetan ikusitakoan «Hoztu egingo zara!» besterik ez zitzaiola bururatzen esaten zien lagunei, eta barre egiten zuten kontuari garrantzia kenduz. Haiek ere antzera zebiltzala aitortzen zioten: «Sexu gutxi, arrunta eta programatua».
Azkenerako, itzalaldi hura harreman guztien fase arrunt bat zela sinestera iritsi zen Marta.
Eta orain semearen galtzontziloak tolesteko adina indar biltzea kosta egiten zaio. Gizon baten taila dauka ia.
Gurasoei eta anai-arrebei telefonoz jakinarazi zien banaketarena, eta harritu egin zuen haien diskrezioak. Ez zitzaizkion aritu, beste asko bezala, Agus gizon ona zela eta halako erretolikekin. Sekula maina handirik egin ez zion ama igandeetan piper beteak ekartzen hasi zen, eta bere burua eskaini zion konpromisoren bat zeukan asteburuetan Jakesen kargu egiteko. Oraindik beste gizonen bat topatzeko garaiz zebilela pentsatuko zuen seguruenera.
Marta jakitun da Agusek eskuzabal jokatu zuela, arropak baino ez zituen eraman. Gurasoen jaioterrian hutsik zeukan baserri erdia alokatzea lortu zuen eta sos haiekin apartamentu txiki bat errentan hartu zuen herrian bertan, Jakesentzat dena errazagoa izan zedin. Martak pixkanaka aienatzen nabaritzen zuen Agusen usaina. Bazekien iritsiko zela erabat desagertuko zen eguna.
— Ez ezazu porrorik erre —hori esan zion Agusek despedidan, betiko ahots apalarekin, masailean musu eman ondoren. Indartsu zirudien, eta gazte.
Urteak ziren Martak ez zuela belarrik erretzen, hogeita zazpi urterekin krisi psikotiko arin bat izan zuenetik.
Hurrengo astera arte agurtu zuten elkar. Handik aurrera halaxe despedituko ziren beti.
Agusek etxetik alde egin eta aste pare batera gizon baten mezua jaso zuen, berarekin hitzordu bat izatea gustatuko zitzaiola esanez. Ezagutzen ez zuen gizon bat zen, editore baten laguna itxuraz, ondoko herrian bizi omen zena. Martaren harridurarako, ez zen bakarra izan, aspaldiko ezagun pare batek eta entzutez baino ezagutzen ez zuen diseinatzaile grafiko batek ere egin baitzioten geratzeko proposamena, zerbait hartzeko edo.
Agusekin egon zen urteetan beste gizonezko guztientzako ikusezina zela sinetsita bizi izan zen Marta. Zer esanik ez Jakes jaio eta bere burua parkean umeari merienda zatika ematen ikusi zuenetik.
Lotsa sentitu zuen, hamabost urtean ahaztuta izan zuen ahalke urduri bat, norbait begira daukala dakienak soilik nabari dezakeena. Erne jarri zen, ikusgarri egin zitzaizkion berriro bere bertuteak eta akatsak, bere gorputza: haragia eta zimurrak. Ile-apaindegira joan beharko zuela pentsatu zuen, baina ez zen sentitzen ispilu baten aurrean eserita egoteko tenplean. Lanpetuta zebilela erantzun zien denei, agian deituko ziela egunen batean, libratzen zenean. Lau gizon haietariko bik erantzun berbera bidali zioten bueltan: «Deitu. Nahi duzunerako ;-)». Amaierako emotikono eta guzti.
Tabernak, kontzertuak eta gizonezko gehiegi pilatzen ziren guneak saihesten hasi zen Marta ia konturatu gabe. Kapsulekin funtzionatzen zuen kafe-makina moderno haietako bat erosi zuen. Lagun guztiei gomendatu zien: «Tabernakoa baino hobea ateratzen du».
Gaur goizean, tarte batean sukaldean zutik eta geldirik egon ondoren, Jakesi txiki geratutako arropak bildu behar dituela pentsatu du.
Sarrerako ate paretik igaro denean hots bat entzutea iruditu zaio. Behatxulora hurbildu eta aurpegi bat ikusi du atearen kontra. Hurbilegi nor den bereizteko. Agusez gain (Jakes eramatera etortzen denetan) inork gutxik egiten dio bisita.
— Nor da? —Marta pauso bat apartatu da atetik.
— Ur-kontagailua begiratzera nator.
Atea zabaldu eta zuzenean gidatu du harraska azpira.
Gizonak begiratu azkar bat eman dio etxeari. Armairua zabaltzeko makurtu denean, Marta sofa gainean nahaspilan dituen arropak jasotzen hasi da.
— Aizu, komuna erabil dezaket?
— Bai, jakina. Hortxe dago, ezkerretara.
Urruntzen ari den gizonaren izerdi-usaina iritsi zaio. Erreflexuz, Agusen usaina antzematen ahalegindu da Marta, baina kontagailu-irakurlearen besapeetakoak senar ohiarena erabat estali duela ohartu da. Kanilaren giderraren klak apala entzun du eta ondoren ur-txorrota. Kontagailua justu zaborrontziaren atzealdean dago, eta eskuak garbitu nahiko dituela pentsatu du.
— Andereño...
Urteak dira Martak ez duela «andereño» hitza aditu, diru premian zegoelako egun erdiz haurrei pintura-eskolak ematen aritu zen garaitik. Bainugelako atera hurbildu da eta, eskuak konketaren alde banatan bermatuta, burumakur ikusi du gizona.
— Zorabiatu samar nago.
Komunera sartu gabe, sukaldeko aulki batean esertzeko aholkatu dio Martak. Bere atzean sumatu ditu gizonaren pausoak. Gero eta desatseginagoa zaion izerdi lehorraren hatsa. Martak aulki bat eskaini dio, eta zutik geratu da sukaldeko arasaren kontra.
— Zer, hobeto zaude? —galdetu dio.
Burua berriro besoen artean ezkutatuta dauka gizonak. Haren arropei erreparatu die. Galtza bakero maiztuak daramatza, eta lumazko beroki gris bat, Martari 80ko hamarkada gogora ekarri diona. Berokian enpresaren baten izena ez irakurtzeak harritu egin du baina, egia esan, ez du gogoan ur-kontagailua begiratzera etorri izan diren aurreko aldietan enplegatuek halakorik izan duten edo ez.
— Txakalaldia izan da. Ardorik baduzu?
— Ez dut etxean edateko ohiturarik.
Gizonak algara labur bat egin duela iruditu zaio Martari, baina ez luke asmatuko ziur esaten, karkaxa bat libratu izango du agian. Aulkia atzerantz bultzatu eta jaiki egin da gizona. Aurpegira begiratu eta irribarre egin dio Martari. Begirasunagatik, edanda dagoela esango luke.
— Beraz, kontagailu-irakurle itxura dut?
Zabalik jarraitzen duen sarrerako ateari begiratu dio Martak.
— Et-et, hori lehenago pentsatu behar zenuen.
Aterantz lau pauso eman eta itxi egin du gizonak.
— Zu bezalako emakume bakarti batek ez lioke atea edonori ireki behar.
— Zer nahi duzu, zertara etorri zara?
— Izutu egin al zara?
— Ez dut ezer ulertzen.
Berokia erantzi eta aulki baten bizkarrean zintzilikatu du gizonak. Eskuak igurtzi ditu etxeko epeltasuna eskertuz. Sukaldeko apaletako gauzei begira hasi da. Homeopatia-tutuak, limoi-itxurako kronometro bat eta Agusek dieta egiten zuen garaian erositako balantza digitala ukitu ditu. Sukaldearekin bat eginda dagoen egongelara joan da gero, argazkiak dauden hormara.
— Oraindik ez dituzu senarraren argazkiak kendu?
Martak geldirik jarraitzen du sukaldean.
— Nahastu egin zara —esan dio—, ez nauzu ezagutzen.
Esku artean erabili duen Jakesen argazki bat berriro horman zintzilikatu du gizonak.
— Ez nazazu gutxietsi, Marta. Oso ondo ezagutzen zaitut. Baina, bistan denez, zu ez zara nirekin akordatzen. Hori da arazoa. Hori izan da beti. Benetan ez daukazu ardorik?
— Kafea besterik ez.
— Lehenago ez zen ardorik gabeko etxerik. Deskuidatzen bazara, ardorik gabeko tabernak irekiko dituzte laster. Baina, tira, hartuko dut zuk prestatutako kafetxo bat. Hutsa, mesedez.
Marta jiratu egin da. Kapsula beltz bat atera du kafe-makinaren ondoko tiraderatik. Egutegiari begiratu dio, Jakesi eskolatik aitarenera joatea tokatzen zaiola egiaztatzeko.
— Oso ondo ematen zizun mojetako uniformeak. Ez zinen ilea txirikordetan bilduta eramaten zuten neska horietakoa. Labur-labur mozten zizuten, kalparra harrotzen zitzaizun atzealdean. Garai hartan lortu nuen nire lehenbiziko lanpostua, eskolako lorategia txukuntzen. Miseria bat ordaintzen zuten, baina ez zen lan gogorra, bakean uzten ninduten.
— Azukrearekin?
— Furgonetatik jaitsi eta korrika igotzen zenituen eskailerak, eskolara iristen azkenetakoa izaten zinen... Ez dut azukrerik hartzen.
Martak ez du lorezainik oroitzen, baina arrazoi du: ilea labur moztuta eramaten zuen, amak ez zion-eta luzatzen uzten, zorriengatik. Gizonak esan bezala, larri-larri iristen zen beti eskolara, inoiz berandu ere bai, aitak jaisten baitzuen baserritik esne-partiketarako baliatzen zuen C-15ean, eta irratiko partea amaitu arte ez zuen abiatu nahi izaten.
— Gero hirira alde egin zenuen, unibertsitatera. Arte Ederrak, ezta? Ez zion grazia handirik egingo zuen aitari. Ni itsasoan hasi nintzen garaitsu hartan, Mariñelaken. Zerri eginda egoten ziren kamainak, hemezortzi gizonek lo egiten genuen han, arropa hezeekin askotan.
— Hemen zure kafea.
— Eseri nire ondoan.
Mahaiaren bestaldeko aulkian jesarri da Marta.
— Orain baino kanpaina luzeagoak izaten ziren ordukoak. Eguraldi zakurrarekin ere itsasoratzen ginen. Gatzak eta hotzak atzamarrak zartatzen zizkidaten, esku finekoa izan naiz beti.
Eskuak aztertu dizkio Martak. Ez luke delikatuak direnik esango.
— Baina atzazalak odolduta ere lanean jarraitu behar izaten genuen. Badakizu zerk arintzen zidan infernu hura? Egunen batean, etxeko bandan, moilan nire zain ikusiko zintudala pentsatzeak. Ondotxo dakizunez, hori ez zen gertatu. Gutxitan agertzen zinen kai aldean. Lagun atzerritar batekin paseatzen zenbiltzan batean antxoak eskaini nizkizun, urteko lehen antxoak; horrekin ere ez zara gogoratuko, baina eskua astinduz ukatu zenizkidan eta alde egin zenuen.
— Ez zen nire asmoa zu mintzea.
— Esker txarrekoa zara, Marta.
Pixka bat lehenago egin duen soinu bera egin du gizonak, marranta edo karkaila hori. Kristalezko mahaia kolpatu du kikara hutsarekin.
— Norbait mintzeko, aurrena intentzioa behar da, kontuan hartu behar izaten da mindu nahi den hura. Eta zuk ni ez nauzu ikusi ere egin. Azal iezadazu: nola da posible herri berean bizi eta ni ez ezagutzea?, kontagailu-irakurlea naizela sinestea? Umiliagarria da. Iraindu egin nauzu. Gogoan duzu Txanelan topo egin genuen gaua? Zera izango duzu gogoan. Bi zerbeza atera nituen eta bat eskaini nizun, eta badakizu zer esan zenidan?
— Ez.
— Hoa beste batengana latamadrea ematera.
Ahoa ireki du Martak. Ezer esan gabe estutu ditu ezpainak.
— Hoa beste batengana latamadrea ematera. Heziera onekoa iruditzen zaizu?
— Sentitzen dut, benetan. Urte asko dira parrandan irten ez naizela, Jakes jaio zenetik. Ez dakit noizko kontuez ari zaren, baina mindu bazintudan ez zen nire intentzioa izango, festan ibiliko nintzen lagunekin, edanda egongo nintzen...
— Ez zenuen edaten.
— Orain ere ez.
Ezezaguna jaiki egin da. Kikara harraskara erretiratzeko aprobetxatu du Martak. Gizona alde egitera doala iruditu zaio une batez, baina egurrezko eskailerari begira geratu da.
— Zer dago hor goian?
— Nire estudioa.
— Erakutsiko al didazu?
Martak bidea libre duela adierazi dio esku-mugimendu batez.
— Zu aurretik joatea nahi dut.
Martak poliki igo ditu eskailerak. Txoritokiko atea ireki du. Gelara sartu eta ezkerretara apartatu da, gizonak lantokia ikus dezan. Aspaldi erabili gabeko pintzelak poto batean daude mahai gainean, akuarelen ondoan. Ezkerreko paretaren kontra liburutegia dago, eta apalen gainean lorerik gabeko orkidea bat. Eskuineko horman egurrezko marko urdina duen leiho bat eta, albo banatara, tamaina bereko bi koadro, Jakesen haurdunaldian margotutakoak. Atearen ondoan antigoaleko besaulki bat, goroldioaren kolorekoa.
— Eta hori? —gizonak idazmahaiaren alboko komoda gainean dagoen gaileta-kutxa seinalatu dio.
— Kamera estenopeikoa da. Etxean egindako argazki-kamera bat.
— Funtzionatzen du? —kutxa esku artean hartu du gizonak.
— Bai.
— Argazki bat egingo dugu. Hor eseriko gara, besaulkian.
— Ezinezkoa da —azaldu dio Martak—, biotako batek zutik geratu behar du kameraren zuloa estalgabetzeko. Zuloaren gaineko zinta isolatzailea kendu eta hamabost bat segundoz eduki behar da irekita.
Gizonak mesfidantzaz begiratu dio kutxari.
— Ongi da. Zu bakarrik aterako zara. Jar zaitez eroso.
Kamera idazmahai gainean kokatu du gizonak.
— Horrela ondo?
— Argi gutxi dago.
Errezela loratuak apartatu ditu.
— Erantzi ezazu jertsea, politago aterako zara.
Etxean janzten duen artilezko trikota gorriaren botoiak banaka askatu eta besaulkiaren albo batean utzi du. Tiradun kamiseta baino ez dauka soinean, bularretakorik gabe. Hotza sentitu du. Gizonak aurpegia erdizka estaltzen dion ile-xerloa apartatu dio.
— Egin irribarre.
Zuloa estaltzen duen zinta apartatu du gizonak, eta hamabost segundoz Martari begira egon da. Zuloa estali du berriro.
— Listo?
— Baietz uste dut.
— Ireki dezaket?
— Irekitzen baduzu hondatu egingo da argazkia. Ezin da argirik sartu. Gela ilunean errebelatu behar da.
Lehen komun txiki bat zegoen tokian dago orain gela iluna. Laborategi bilakatu zuen kamera estenopeikoarekin lanean hasi zenean.
— Errebelatzea nahi baduzu, denbora pixka bat beharko dut.
— Ez dut presarik.
Gela ilunera sartu dira biak. Atea itxi eta argi gorria piztu du Martak. Gizonak isilik jarraitzen ditu Martaren mugimenduak. Gaileta-kutxa ireki, paper fotografikoa atera eta likido errebelatzailean blaitu du. Beste bi edukiontzitan busti du gero. Paperean Martaren irudia eratzen dela egiaztatu du gizonak. Konketa urez bete eta hantxe utzi du erretratua.
— Hau negatiboa da. Positibatu egin behar da.
Argazkigintza-eskolak ematen ari balitz bezala hitz egiten ari dela pentsatu du Martak. Negatiboaren gainean beste argazki-paper bat jarri, segundo gutxi batzuetan argia piztu, eta bigarren papera ere likidoz beteriko ontzietatik pasatu du. Eta uretan utzi du gero. Bi pintza hartu eta gelaxka alderik alde zeharkatzen duen kordelean zintzilikatu du.
— Sikatzen utzi behar da.
Martak haizezko berogailu txiki bat piztu du argazkia arinago lehor dadin.
— Biluzik erretrata zintzakedan.
Zentimetro gutxitara daude, aurrez aurre, argi gorriaren azpian.
— Baina ez naiz zerri horietako bat.
Eskua luzatu eta gizonak beso bat ukitu dio Martari, lagunkoi.
— Zenbat itxaron beharko dugu?
— Ordu erdi.
Martak itolarria sentitzen du gela itxian.
— Goazen kanpora, zigarro bat erreko dugu —biltzeko tabako beltza atera du gizonak bakeroen atzeko patrikatik—. Erretzen duzu?
— Bai.
Gizonak leihoa ireki du eta jertsea jantzi du Martak.
— Eta? Zer asmo duzu orain?
Martak ez daki zertaz diharduen gizonak, une hartaz ala bizitzaz orokorrean. Bigarren aukerari heltzea erabaki du. Bat-batean lasaigarria iruditu zaio etorkizunaz pentsatzea, aspaldian sentitu gabeko arintasun bat sumatu du. Orain erraza egingo litzaioke galtzontziloak tolestea, kalera ere pozik irtengo litzateke aspaldiko partez, eguraldi aparta dago kanpoan.
— Erakusketa bat prestatzen hasi nahi nuke.
— Ondo dago hori —ebatzi du gizonak—. Nik ere agur esango diot betiko kakari. Banoa hemendik! Itsasoa oso gogorra da, gastatu egiten zaitu, jan. Argentinara noa. Osaba bat bizi da han, eta lorezain bat behar du. Agian niretzako moduko emakume bat ere topatuko dut, nork daki.
Martak hautsontzia pasatu dio gizonari.
— Argazkia prest egongo dela uste dut.
Gela ilunetik argazkia eskuan duela itzuli da Marta. Pozik hartu du gizonak. Martak ez du ematen apartatu berri den emakume depresiboa. Elastiko azpian bular irmoak sumatzen zaizkio, lepo liraina, azal laxarik gabea. Irribarre egiten dio kamerari.
— Oso polita zaude, ondo gordeko dut —esan dio gizonak, eta eskailerak astiro jaitsita alde egin du etxetik.
Txirrinak jo zuenean, amaren piper beteak jaten ari zen Marta. Tomate-saltsaren zipriztin ñimiño batekin zikindu zuen blusa.
Behatxulotik begiratu zuen. Bi ertzain. Ireki egin zien.
— Marta Belaustegi anderea?
— Bai, ni naiz.
— Oskar Iribarren heriotza argitzen ari gara.
— Ez dut ezagutzen.
— Orruako haitzetan topatu dugu gorpua. Hogeita lau ordutik gora zeramatzan hilda. Argazki hau zeukan alkandorako patrikan. Zu zara, ezta?
— Bai.
Alferrik ukatuko zuen, bi egun lehenago egindako argazkia zen.
— Komisaldegira lagundu behar diguzu.
— Orain ezin dut, jaunak, semearen bila joan behar dut.
— Hori ez da gure arazoa. Egizu dei bat. Jantzi zerbait eta goazen, mesedez.
Piper beteak hozkailuan sartu eta amari deitu zion.
— Konpromiso bat daukat, ama, presazkoa. Jasoko al duzu Jakes Agusen etxean?
— Bai, neska. Jarri guapa!