Alkasoroko Benta
Alkasoroko Benta
2013, nobela
176 orrialde
978-84-92468-45-4
azala: Unai Iturriaga
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2001, narrazioak
 

 

ITSASTXORIAK LAINOPEAN

 

Bi mahairen gainean pausatu zuten nire hilkutxa. Haien kontra aritzen ziren gauero musean gurera etortzen ziren zurruteroak. Gaina formikazkoa zuten, zikin-estali gorri-beltza. Nerau ere makina bat aldiz egona nintzen inguruan, Martin Tranparen ondoan! Mostradorearen kontra, hainbertze ipurdi klaseren karga jasana zuten aulki luzeak garbi-garbi zeuden, argizaria eman berri. Haiek aski ez, izebaren etxetik silla multzo bat ekarri eta bueltan-bueltan paratu zituzten, bisitan etorriko zirenak haietan jartzeko.

        Berez denda eta aldi berean ostatua zena orain hilari eta familiari lagun egiteko sala bihurtua zen. Horretarako norbait lana gogotik egina zen. Bezperan klase guzietako jeneroz beterik zegoen tokiari inarrosaldi polita eman eta garbi bezain apain utzia zuten. Nora eraman ote zituzten sardina zaharren kaxa borobila, fruta eskaintzeko burdinazko saskiak, kristalezko botilentzat prestaturiko kabiak, sabaitik zintzilik egoten ziren ardi gasnak, aizkora giderrak, Van Berkel pisu elegantea, txorizoa xerratzeko makina? Olio botilak betetzeko makina ere falta zen, baina lehendik kendua zelako; ez aspaldi, ordea.

        Nolanahi ere, traba egiten ez zuten gauzek euren tokian segitzen zuten, isil-isilik. Ostatuko mostradorearen gibelean apal guziak likore botilaz beterik zeuden, eta bazen hiru litroko handi bat iltze batetik zintzilik, Kristo gurutzean balitz bezala, Coñac Terry paratzen zuena. Pareko bertze aldeko apaletan, berriz, gehienbat jateko gauzak zeuden: piper eta tomate potoak, azukrea kiloko zakutoetan, zopa egiteko pasta eta makarroiak, arroza, maionesa, txokolatea, kafea, txikoria, gatza; baina baita bertzelakoak ere: xaboi puskak, estropajuak, kolonia, botoiak eta josteko hariak, iltzeak, espartinak, aspirinak.

        Diz-diz egiten zuen prestatu zidaten kutxaren azalak. Tapakia kenduz leiho moduko bat bistaratzen zen, eta handik nire gorputzaren erdia agerian. Oihal zuri batean bildua nuen burua, tiroaren arrastoa ez ikusteko, baina bertze gainerakoan iduri zuen lo nengoela lasai ederrean. Emakumeak denbora gehiago gelditzen ziren niri begira. Burua alde batera eta bertzera mugitu eta painelua ateratzen zuten malko bat biltzeko eta segidan zintz egiteko. Gero amari besarka leuna egiten zioten, «Horren mutiko ederra!», «Hain gaztea!», eta solasean hasten ziren amarekin berarekin edo izeba Elenekin. Gizon batzuk kapelua besapean harturik sukaldera joaten ziren zuzenean, aitari «osasuna enkomendatzera» eta bidenabar ardo trago bat hartzera. Baina gure etxeko nagusia desegina zegoen, eta ez zen inorekin egoteko gauza. Ez zuen halako nahigaberik sentitu itsasoan arrantzan ibili zen aldi bakarrean Kanarietako partean eritu zenez geroztik. Ordea, orduan ez bezala, orain salbazioko porturik inon ez harrapatzen. Hitz bat egiten hasten zelarik, aurpegi osoa gorritu eta zimurtu egiten zitzaion, eta negarrez hasten zen deus erran ezinik. Gibeleko atetik alde egiten zuen inork ez ikusteko. Anaia Ramontxo ere haren ondoan zegoen, baina gehienbat osaba Anjelek hartu zuen bere gain jendeari kasu egiteko lana. Aunitz balio zuen osabak. Sukaldeko mahaiaren gainean, ardo eta moskatel botilak, eta haietan bustitzeko pastelak. Izeba hasi zen ontziak garbitzen, kafea egin eta emakumeei eramaten, baina ezin bakarrik eta Tturkoren amak lagundu zion, Xolek, bere betiko umorearekin. Emakume hark gorriak ikusiak zituen bere bizian, baina ez nion behin ere iluntasunik ikusi aurpegian, «Zertarako triste egon? Ez du deusetarako balio!». Nola mugitzen zen! Hari eskerrak animatu zen zerbait ni ikustera bildu zen kofradia. «Edan ardo goxoa eta akabo penak!» erraten zuen, «Kafe pixko bat? Ttanttarekin?». Hondarreko, amari ere irri xorta bat isuri zitzaion begi erori haietatik. Joxantoniori mandatu batzuk egiteko agindu zioten. Eguneroko otorduetarako preziso zirenak. Eta hainbertze jende heldu baitzen, haientzat ere etxea hornitu beharko zen nolabait ere! Arreba gaztea, Elen, lehenbiziko solairuko salara joan zen lehengusinekin. Diskoak aditzeko aparatua entxufatu eta gure singleak eta LPak aditzen aritu ziren: Miguel Rios, Rolling Stones, Benito Lertxundi, Victor Manuel, Creedence, John Lennon, Facundo Cabral... Xari gure xakur maitagarria, berriz, nirekin kutxa barrenean ezin, mahaiaren azpian mugitu gabe geldirik egon zen denbora guzian, ile pilota bat iduri zuela, muturra atzeko hankaren azpian sarturik. Ez zen nire ondotik mugitu arratsean etxekoak bakarrik gelditu ginen arte. Orduan, kanpora atera zen Urrabia bazterrean barna bueltaxka bat ematera. Hura ere auriaka nola aritu zen aditu nuen nire deslekutik.

        Herri osoa pasatu zen gure etxetik, Kasinoko Ines bere ahizparekin, Joakin, Agarakoak, Paco medikua, Maripaz, Patziku, Rusoa, Jaxinto, Estaziokoak, oilartegitarrak, perrexildarrak, Maddalen, Urbano, Gabikaren ama, Txapas, Inazio, Maritxu jostuna, Xankailo, Paskualita, madame Sophie, Martin Tranpa, Pedro Kokotsa eta bere andrea, Etxandienekoak, harakina. Felipe Errandonea, alkate berria, osabarekin mintzatu zen, «Ez dago deretxorik! Gobernadorearekin solasteko edo zernahitarako behar baduzue, Aiuntamentua zuekin joanen da!». Bertzelako haizea genuen Herriko Etxean! Feliziano ere etorri zen, baina ez zuen broma egiteko gogorik erakutsi. Maite ninduen, nik uste, eta nik bera ere bai. Hark ere leihotik begiratu eta bere «Martin zikin, hiru erregeren sorgin!» erran zidan isilka. Amarengana joan zen zuzenean. Serio-serio, pixka bat makurtu eta beharrira, «Karmen, badakizu nik badutala podorea hilekin solas egiteko...». Amak burua mugituz baietz, bazekiela, baina ez zuela txorakeriarik aditzeko gogorik. Xole segituan ohartu eta oihu egin zion, «Feliziano! Etorri sukaldera xurrupa bat hartzera!». Aspaldi ikusi gabeko Fermin ere sartu zen bere sentimendua adieraztera. Haur denborako gure arteko ezinikusia ahantzia genuen. Orain itsasoan ibiltzen zen arrantzan, Pasaiako barku batean. Ternuatik bueltan etortzen zenean beti ekartzen zuen zerbait gure etxera. Azken aldian txangurru eder bat ekarri zigun. Aski gustura aritu zen gure aita haren hexur guziak txupatzen!

        Lagunak ere agertu ziren azkenean, baina berandu. Ederki kosta zitzaien! Hainbertze kezka! Uste nuen ez zirela etorriko! Elkarrekin denak: Anttonio, Beltxa, Luixito, Lourdes, Mentxu, Mateo, Tanke, Xatur. Malixak doi-doia kontu zien bere baitako sentimenduei eta begietako malkoei. Zerbait erran zidan, baina ez nion entenditu. Gabika arras soraiotua, joana bezala, oraindik ez zuen sinesten gertatu zena. Tturko hortzak estuturik, nik uste maldizioren bat eskapatu zitzaion. Arraitz denetan hobekiena, «Suerte txarra!», erraten zuen. Bego hagitz gaizki zegoen. Hobe zuen etorri ez balitz. Amarengana hurbildu ziren banaka-banaka musu ematera, eta orduan ikusi nuen gure ama okerren. Istant batean zuri-zuri jarri zen, zorabioren bat noski. Baina agudo eman zion buelta, «Ze ergela naizen, emozionatu egin naiz!», aitortu zien. Indar handia zuen, ikaragarria. Bego hartu zuen beso artean bertzeak baino beroago. Gero, burua altxarazi eta begietara begiratu zion, «Etorriko zara bertze egun batean nirekin egotera?». Nola ote zekien hark gure artean bazela zerbait berezia? Bera gaztea zen denboraz oroitzen zen, orduan maitatu eta heriotzak eraman zionaz, sekula ahantziko ez zuen mutil segailaz. Bere buruari galdetzen zion nola ote zen posible hainbertze urteren ondotik Bordatxo izena berriz ere bere bizitzara gisa hartan sartzea.

        Telefonoa ere poliki berotu zen egun hartan. Kanpoko jendaki guziak deika, Irungoak, Iruñekoak, Orotz Betelukoak, Urruñako Oletakoak. Hurrengo egunean etorriko ziren etxekoekin egotera, elizako funtzioaren aitzinetik.

 

 

Ez zuten egundaino hainbertze jende batera ikusi Ultzamako Gerendiainen. Hangoa zen Santi, Xabiren laguna. Automobilek elkarri traba egiten zioten kamio estuetan, baina inork oihu zakarrik ez; gero, herrian ezin inon kabitu, nolanahi utzi zituzten karrobide eta soroetan. Herritarrak izuturik zeuden kanpotar jendeketa harekin. Eliza eskas, halako sei aldiz handiagoa beharko zuten. Eguraldia hotz baina ateri, apezak meza kanpoan ematea erabaki zuen, plazan, aire zabalean, «Jaunak hobeki ikusteko jende xehe honek eskatzen diona». Guardia zibilak euren furgonetekin bazterretik begira, lotsa gabe. Ibarreko herri guzietako jende arrunta, aitzineko larunbatean Bordatxora joan ziren gazte haiek ongi ezagutzen zituena, eta ziutatetik etorririko esku zuriko mutil bizardunak, neska ile-luzeak, antiojodun aunitz; heriotza haiengatik lanik egin gabe protesta egin zuten fabriketako obreroak; eta azaroaren hogeita bitik mugarik gabeko greban zeuden konstrukzioko langileetatik ere franko. Hantxe zeuden gure Fakultateko lagunak, hantxe zegoen Maika dendari begi-ederra ere. Denak serio, denak erne, zelatari uniformedunei desafioka, «Hemen gaude gu, eta ez dugu barkatuko!».

        Kanposantura bidean familia ezin kontsolatu. Aitak berak eraman nahi zuen bizkarrean bere semearen gorputza, «Santi hil digute!». Nola egiten ahal zen halako gauza bat? Ezin sinetsi gorputz gazte hark bizirik ez zuela, ez zela loaldi hartatik sekula ernatuko. Hilobira sartzeko orduan aitak berak negarrez kutxa berriz irekitzeko eskatu zuen, azkeneko aldiz ikusi nahi zuen semea. Ezin denbora gibelera egin gertatu zena geldiarazteko, inoiz ez izateko. Nola biziko ziren halako huts harekin? Zer egin zuen guardia zibil zital hark! Ohartzen ote zen? Deus sentitzen ote zuen? Zer pentsatzen ote zuen haren familiak?

        Bitartean Xabi ospitalean zegoen, oraindik hari mehe batek bizirik kontzen ziola. Amore eman nahi ez. Tiro bat ez aski iruditu pistoleroari, bi disparatu zizkion gerrialdean. Gogorra zen gure txulapaindarra. Prentsan eman zuten haren egoeraren berri. Orduan ikasi zuten nire gisako ezjakin guziek non zegoen Txulapain, non zegoen Usi herri ttipia, halako mutil handia eman zuena. Guardia zibil ustela ere erietxean zegoen, «En cuanto al autor de los disparos, el guardia civil José R. D., del puesto de Vera de Bidasoa, está ingresado en la unidad de vigilancia intensiva del Hospital de Navarra», pistola trabatu zitzaionean lurrean kolpeka zanpatu bide zuten.

        Santiren eta Xabiren lagunak elkarrekin zeuden Gerendiaingo hiletan, bata bertzearen arrimuan, elkarren ondoan babesa bilatzen duten animalien gisara. Hitzik egiteko gauza ez. Ez ote zen hura dena amets gaizto bat? Noiz bueltatuko ziren errealitatera, berriz ere mahaiaren bueltan denak juntatzera, elkarrekin mozkortzera? Gero automobilak hartu eta Iruñera, Lekunberrira, Doneztebera joateko, irri eta dantza egitera.

 

 

Alkasoro ere zanpeteraino bete zen automobilez eta jendez. Alkateak albienteei behar ziren aginduak eman zizkien. Kandido eta Eleuterio bide bazterrean jarri eta kanpotar guziei non aparkatu erakutsi zieten. Izkina guziak ongi aprobetxatu zituzten. Haiekin batera, Felizianok ere zer tokitara joan seinalatzen zuen bere bastoiarekin. Seierrietako eta Malerreka-Baztan aldeko jende pila bat etorri zen. Hantxe zeuden urte batzuk lehenagoko sanferminetan ustez konkistatu genituen neskatxa lesakarrak, hantxe Donezteben gurekin suertatu ziren beratarrak, haien artean Padilla ere txoil sumindua, sutua eta mindua. Koldo, Ritxar, Emilio eta Arturo Campiongoak, Iruñetik etorriak. Irun, Hondarribia, Oiartzun eta urrunagoko gizon-emakumeak. Iparraldekoak ere ez gutti.

        Elizan ezin zen inor gehiago sartu, eta kanpoaldean barrenean adina lagun, eskaileretan eta Plaza Nagusian. Rusoaren ostatuan herriko bestetako larunbatean baino negozio handiagoa. Jendeak bazuen beldur pixka bat, meza ondotik Aiuntamentuak manifestazioa egiteko deia egin baitzuen. Denak nerbioso, ezker-eskuin begira, eltzetzuak nondik agertuko ote ziren.

        Amaren lehengusuak eman zuen meza, herriko don Jonas apeza laguntzaile zuela. Guretzat tio Rufino zen bertzeentzat Padre Rufino zena. Aitari ez zion graziarik egin, amari berari ere ez sobera, baina familiako kontuak ziren, eta ez zen inorekin errietan hasteko tenorerik hoberena. Gure osaba hark fama zuen eskuindarra zela, frankista. Irakasle ari zen jesuitek Xabierren zuten kolegioan, eta eskandalizaturik zegoen urte haietan denean barna hedatzen ari zen aldaketa haizearekin. Harexek zuzendu behar nire aldeko funtzioa, eta nik ez nahi haren zerura joan! Beharriak tapatu bainituen, ez dakit meza zer hizkuntzatan eman zuen, baina latin zaharrean ere tarteren bat egin zuen, «Dominus vobiscum» garbi samar aditu bainuen, nire loaldi berezi hartako ametsa izan ez bazen bederen.

        Meza hondarreko «Zoazte jaunaren pakean» hitzen ondotik, Gabika eta Malixa aldare aldera abiatu ziren, apezei baimenik galdetu gabe, eta han paper bat irakurtzen hasi. Osaba Rufinori aurpegiko kolorea mudatu zitzaion bat-batean. Nola atrebitzen ziren mukizu zoldazu haiek Jaunaren tenplu sakratuan halako sakrilegioa egitera! Gabikak bere sermoia bota zuen. Meza denboran batzuek erretolika klase bat jasan behar izan bazuten, orain bertze aldeko zenbaiten marmarra sumatu zen. Azkenean, «Gero, kanposantuko lanak akabatzean, handik denak bueltan etorriko gara Plaza Nagusiraino Aiuntamentuak konbokatu duen manifestazioan» erran zuen, eta Malixak bere indar guziarekin «Martin, gogoan zaitugu!!!». Eliztarren erdiak esku-joka hasi ziren, eta Gabikak berriz «Gora Martin!!!» bota zuenean oihartzunak izugarrizko burrunba egin zuen elizaren barrenean, «Gora!!!».

        Denak oinez abiatu ziren kanposanturaino. Lau lehengusuk bizkarka hartu zuten hilkutxa eta ezagutzen ez nuen mutil bibotedun batek ikurrin bat paratu zidan gainean. Hura Hendaian edo erosia izanen zen. Gure maindire pintatuak bertze xarma bat zuen. Osaba apezak bandera hartu eta su emateko gogoa sentitu zuen, baina ez zen atrebitu. Prozesioko buru Oilartegiko Jabier jarri zen, eskuetan gurutze bat eramaki zuela, huraxe baitzen gure etxetik elizara bidean zegoen lehenbiziko etxekoa. Haren ondotik apezak eta haiei laguntzen zieten bi mutiko joaki ziren, gero nire hilkutxa, eta gero familiakoak eta gainerako guziak. Hainbertze jende isil-isilik, pausoen soinua bertzerik aditzen ez zela! Bazterretako belategietako berdeak min egiten zuen begietan. Haietan bazkatzen ari ziren ardiak harri, behin ere halakorik ikusi gaberik.

        Familiakoekin batera, hilerrira jende mordoxka sartu zen. Herriko nire kuadrillakoak eta Iruñetik etorri ziren lagunak, Ramontxoren ezagun multzo bat, bertako eta inguruko aiuntamentuetako kargudunak, sindikalistak, itxuraz politikan ibilki zirenak, eta nola edo hala toki guzietan euren muturra sartzea gustatzen zitzaion bat edo bertze ere bai. Kanpotar itxura zuten hiru neska ere lehenbiziko lerroan jarri ziren. Katalanez ari ziren euren artean. Haietako batek gerezi xardangoak iduri zuten beharritako luzeak zituen, ile motxari esker agerian. Gabikak ere horregatik ezagutu zuen. Harengana hurbildu, eta bi lagunak besarkada estuan lotu ziren.

        Hilobiaren ondoan osaba Rufino harro-harro plantatu zen azkeneko hitzak errateko prest. Ustekabean, Arraitz ziplo erori zen lurrera. Lagunak harriturik hurbildu zitzaizkion. Ez zekiten eritu egiten zela kanposantua ikusi orduko. Oroitze txar bat, bertzerik ez. Tturkok ongi zekien arrazoia, mutiko koxkorrak zirela Arraitzek eta biek han berean gaiztakeria egin baitzuten. Almibarretan jarritako udare poto handi bat ebatsi eskolako sukaldetik eta inguru hartan jan zuten elkarrekin. Zanpa-zanpa jan, zorroa lehertu hurran izan arte, bezperan hil zen herritar batentzat zuloa prestatzen ari zen langileari begira. Ase ziren ederki, alajainkoa, ase ote ziren! Baina aste osoko tripako mina gero Arraitzek. Harrezkeroztik sekulako gorrotoa hartu zien udare gozo «nardagarri» horiei eta gaizkitu egiten zen zelai sakratu hartara hurbildu hutsarekin. Tturkok berak bizkarrean hartu eta kanpoko iturrira eraman zuen laguna, ur freskoaren azpian berriz ere bizteko esperantzarekin. Bitartean, apeza hasia zen bere teatroa egiten. Espantu handiarekin otoitz egin eta isipuko ur bedeinkatutik tanta batzuk bota zituen kutxaren gainean. Burua tente-tente, adios erran gabetanik alde egin zuen, nire lagunei bere mutur beltza erakutsirik. Gainerakoak hantxe gelditu ziren, panteoiaren barrenera nola jausten nintzen ikusten. Kandidok eta Eleuteriok kontu handiz utzi ninduten zoko ilun hartako zolan osaba Anjelek lagundurik. Oilartegira esposatu zen Ixabel-Veroniquek erramu adaxka bat bota zidan gainera, hala egiten baitzen beti, eta haren segidan lore koroa usain onekoek kutxaren kontra jotzean atera zuten soinua aditu nuen.

        Familiakoak erretiratzen hasi zirelarik, Gabikak ezker eskuko ukabila goiti egin eta Internazionala kantatzen hasi zen. Kanpotarrek segitu zioten, herriko gehienek ez baitzekizkiten hitzak. Osaba Rufinok urrundik burua bueltatu zuen, eta ezpainetatik eskapatu zitzaizkion loreengatik barkamena eskatu beharko zion bere jaungoikoari. Gero Eusko Gudariak etorri zen, eta orduan bai denek batera. Erremate gisara, trumoiaren moduko oihua egin zuen nire lagun finak: «Gora Irazoki!!!».

 

 

Pankarta handi bat zabaldu zuten, «Martin gogoan zaitugu» letra handitan idatzirik. Aiuntamentukoek hartu zuten erditik, mutur batean Joxan eta Ramontxo eta haien lagunak jarri ziren, eta bertzean Gabika, Malixa, Axun, Tturko eta Andres Tanke, eta haien gibelean bi neska katalanak eta kuadrillako gainerakoak. Alkateari baimena emana zioten Berako kuartelean, oihurik ez egiteko kondizioarekin. Jendeak bazekien hori, eta iduri zuen denek errespetatuko zutela agindua. Trenbide zaharretik poliki-poliki abiatu ziren Alkasoro goiti. Eguzkia agudo sartuko zen Maldarrune gibelean eta nahiko hotz zegoen.

        Elizatik kanposanturaino arestian etorri zirenen erditsuak gelditu izanen ziren orain manifestaziorako. Aunitz joanak ziren, beldurka edo badaezpada ere. Landa-zelaietan ez zen aziendarik ageri, beheitirakoan han barna bazkatzen ari ziren ardiak gordelekura sartuak, dudarik gabe. Etxeetako leiho-balkoietan ere inor ez. Nahitaez mantso egin zuten bidearen lehenbiziko partea, herri osoa gurutzatzen duen karrika nagusia malda zut samarra baita. Manifestazioko burua eskolaren parera ailegatu zenean, hantxe agertu ziren inork ikusi nahi ez zituenak. Eskolaren aitzinaldean eta frontoian ez dakit zenbat land-rover aparkaturik, hamabortz bat guttienez, eta haien ondoan zutik mamorroak lanean hasteko prest, aurpegia tapaturik, buru gainean kaskoa eta eskuetan fusila.

        Pankartari kontzen ziotenak gelditu egin ziren istant batez, eta denek Feliperi begiratu zioten. «Segi aitzinera!» erran zuen alkateak serio, eta orain hankak bizixeago mugiarazi zituzten. Guardia zibilek ez zuten bertzelako keinu itsusirik egin, baina gibeletik heldu zen jendearen artean ziztu bizian zabaldu zen berria, «Eltzetzuak!». Hitz hori aski batzuentzat, lasterka hasi ziren beheiti aldera, eta haiekin batera ondotik heldu zirenak ere bai. Beldurra kutsatu erraza baita, manifestazioaren erditik atzera zegoen jende gehiena eskapo joan zen itoka. Lehenbiziko lerroetan joaki zirenez aparte, gogorrenek bertzerik ez zuten segitu. Haietako batzuk uniformedunen ondotik pasatzean, ezin izan zuten barreneko errabia lotu eta oihuka hasi ziren. Lehenbiziko bat edo bi, «Martin, gogoan zaitugu!», baina gero eta multzo handiagoa, «Herriak ez du barkatuko!», eta hondarreko denek, «Policía asesina!». Horrexen esperoan zeuden.

        Gabika eta Malixa elkarri eskua emanda karrobide batetik sartu ziren bertze zenbait jenderekin batera. Burua tarteka gibelera jiratzen zuten, baina tiroak, oihu-garrasiak eta lasterkarien pauso biziak aditzen ziren bitartean aitzinera segitu zuten heriosuhar. Bi kanpotar juntatu zitzaizkien, azkaindar gazte batzuk, haiek galduak baitzeuden nora jo edo zer egin jakin gabe. Harat eta honat ibili ondotik, Urrabia bazterreko txopotegi batean gelditu ziren azkenean laurak hatsanka. «Hemen seguru gaudezi!». Handik land-roverren sirenak eta fusilen tiroak aparte samar aditzen ziren. Hantxe esperatuko zuten egoera lasaitu zela iruditzen zitzaien arte. «Putakumeak!», barren-barrenetik atera zitzaion Malixari. Ordukoz ilun zen. Zapatak lohiz oraturik zituzten eta arropak ere nonbait hor. Nahiko hotz egiten baitzuen, Malixak Gabika besarkatzeko keinua egin zuen. Mutilak ez zion trabarik paratu. Igantziko sanmigeletan egin genuen parrandaz oroitu zen. Pirinioetatik bueltan etorriak ginen eta, estudianteak bakoitza geure destinora joan aitzinetik, despedida ospatu nahi genuen. Haize hegoa zebilen, «Haizego xuria» Arraitzek. Besta pollita bota genuen geure estiloan. Plazako musika isildu eta gero, Alkasorora berriz erretira egiteko tenorean, Gabika eta Malixa falta genituela ohartu ginen. Halako batean estrata batetik agertu zitzaizkigun biak begiak lore. «Begirazaiok honeri!», erran zidan Arraitzek isilka, «Berriz ere harrapatu dik alu honek!». Gero, automobilean, Gabika gurean etorri baitzen eta Malixa bertze batean, «Zer, gaur ere goxatu?», erran nion nik. Kaka egitera bidali ninduen irri murritxa aurpegian. Eta «Gainka ibili?» Arraitzek, berea nahitaez. «Gainka ez, azpika! Hago ixilik, demonio astapitoa!». Arraitz irrika hasi zen bolantea eskuetan, eta orduan ere ez dakit nola ailegatu ginen herrira bazterrik jo gabe.

        — Zer duk burutan? —ernarazi zuen Malixak—. Zer egin ote dute Axunek eta bere bi lagunek? Ez ditek herria ongi ezagutzen.

        — Plaza aldera joan direla iduritu zaidan, Tturkorekin eta. Horiek Lourdesen etxera sartu ditun, seguru. Nolanahi ere, Axun ez dun galduko!

        — Ez diagu berri txar gehiagorik behar.

        Denbora puska bat eman zuten txopo artean bi bikoteek, kontu kontari. Ordu baten buruan edo, ematen baitzuen herria lasai zegoela, kontu handiz bueltatu ziren, batzuk automobila hartzera eta bertzeak euren etxeetara.

 

 

Tiro egin zuen guardia zibilari San Frantzisko Xabierkoaren egunean alta eman bazioten ere, Xabik ospitalean segitu zuen hil ala bizi. Han ere sumatzen zen Iruñerriko txoko guzietara hedatua zen giro nahasia. Jendeak solas egiten zuen, baziren kartelak paretetan, Poliziaren furgonetak noiznahi aditzen ziren sirena joka. Izanez ere, sektore bateko eta bertzeko langileak greban zeuden, behar eta merezi bezalako jornalak eta lan-kondizioak eskatzeko, egunero baziren amnistiaren aldeko manifestazioak edo itxialdiak, eta Suarez presidenteak abenduaren 15erako deitu zuen erreferendumaren alde edo kontra egiteko pintadak eta panfletoak nonahi ikusten ziren.

        Egun baten ondotik bertzea, familiak eta lagunek ez zuten sekula esperantza galdu, baina, medikuek eta erizainek eginahalak eginagatik, Xabi joan egin zen abenduaren 17an. Bi operazio eginak zizkioten, makina bat odol transfusio ere bai. Ez zuten haren bizitza salbatzeko balio izan. Xabi kaskagogorrak azken hatsa eman zuen ospitaleko ohatzean.

        Biharamunean izan zen lagun kuttunaren aldeko hileta, Iruñeko Txantrea auzoan, familiaren bizileku berritik hurbil. Han ere, a zer jende pila! Pena handia eta mina handiagoa. Funtzioa akabatzean, elizako atean, jendeak berriz ere justizia eta «egiazko askatasun demokratikoak» eskatu zituen, bai eta kulpadunendako kastigua ere. Ondotik, manifestazioa egin zen auzoan barna, eta uniforme grisez jauntziriko poliziak abaila aritu ziren egurra partitzen. Ordu berean handik hurbil, Gaiarre antzokian, arras bertzelako bilera izan zen, Eguberriko kanten X. Sariketaren finala. Lehenbiziko saria Amancio Prada izeneko kantari ezezagun batek irabazi zuen, galegoz eta itxuraz tradiziozkoak ziren hitzak kantatuz. Bigarren sariarekin konformatu behar izan zuen Maria Ostiz izeneko neska nafar batek, jende gehienak hark irabaziko zuela uste bazuen ere. Ordukoz fama handi samarra zuen, eta ez bakarrik Real Madrideko Zoko futbolari erronkariarrarekin esposaturik zegoelako. Eta hirugarren saria Fermin Valenciari eman zioten, nahiz eta saioa zuzenean aditzen ari zirenek botoa eman izatera segur aski hari paratuko zioten txapela; Victor Manuel Arbeloak eskribituriko hitzak kantatu zituen. Bermeoko Lupek ere parte hartu zuen lehiaketa hartan, baina, sariren bat hartzeko adina merezimendu izanagatik, kantatu ondotik epaileek ez zuten harentzat punturik eman, kantariek galarazia zutena egin zuelako. Debekatua zuten kantatzen hasi baino lehen jendeari hitzik egitea, eta neskatxa gazte hura euskaraz hasi omen zen erraten Euskal Herrian Eguberriak ez zirela zoriontsuak izanen preso guziak etxera itzultzen ziren arte.

        Presoek kartzeletan segitu behar izan zuten, eta Xabiri Iruñeko kanposantuan eman zioten lurra. Hurrengo asteburuan meza gehiago egin zizkioten, lagunak hartaz ezin ahantzi: Txulapain-Ultzamako gazteek Markalainen eta Malerrekakoek Donamarian.

 

 

Alkasoroko Kasinoko mostradorean Malixa ari zen zerbitzatze lanean, ama Ines sukaldetik sartu-atera zebilen bitartean. Ardoa edaten zuten mutilek; Arraitzek seltzarekin, «Hau mozkor fina duk» toreatu zuen Tankek. Begok Coca-Cola bat hartu zuen Malixarekin erdi bana. Nire aldeko meza izan eta gero, lagun batzuek zerbait gehiago egin nahi zidaten. Euren estiloko despedida bat. Horretarako, Bego gure amarekin mintzatu zen lehengo aldi batean. Erran zion emanen zizkiola altxatuak zituen erretratu batzuk, bazuela mordoxka bat ttiki-ttikitatik niri eginak. Fotografia haiekin diapositibak prestatu eta pantaila handi batean erakutsiko zituzten, nire gustuko musika aditu bidenabar. Horretaz gainera, kantaldi bat ere antolatu gogo zuten. Gabika Bilbon ibilia zen batekin eta bertzearekin, eta berri potentea ekarri zuen egun hartan, «Imanolek baietz erran dit, etorriko dela Alkasorora!». Mateo nerbiostu zen, «Imanol? Ostia! Eta zer tokitan egin behar dugu hori dena? Jende aunitz etorriko da!». Malixak ez kezkatzeko erran zion, bere kontu uzteko hori. Eskolako zuzendariarekin moldatuko zen, hantxe hartzen baitzuen kafea arratsaldero. Begok bertze ideia bat ere bazuen, «Pentsatu dugu arbola bat sartzea mendian, Maldarruneko kaskoaren azpiko lepoan dagoen pagadi haren bazterrean». Haren ondoan plaka bat paratu nahi zuen Tturkok. Gabikak ezetz erran zion, «Aski duk guk jakitea ze arbola den. Zer inporta zaiok jendeari!». Denak ez zeuden konforme, ordea. Arraitzek muturra okertu eta bekainak goiti egin zituen gogorazio horiek guziak aditzean: «Pitokeriak!».

        Malixa lagunekin zegoela ikusirik, Ines mostradorera atera zen jendeari kasu egitera. Gurean bezalaxe, ostatu hartan ere beti izaten zen mugimendua. Txokoka egoten zen jendea, bakoitzaren gustuaren arabera. Musean ari zirenen musika aditzen zen tarteka, «Hiru enbido ttikira!», «Eduki!». Joxe Perrexil bakarrik zegoen, telebistari begira. Adolfo Suarez Espainiako presidentea ari zen solasean. Ines hurbildu zitzaion, baso hustuak bildu eta haiek utziriko arrastoa trapu batekin garbitzera.

        — Zer, Joxe, zertan ari da hori?

        — Hori? Badakizu, horrek bere arkanbele kanta!

        — Hala iduritzen zaizu?

        — Horixe baietz! Kauendio! Horiek denak igualak dira. Bakoitxak berea! Ez diot batere kasurik egiten...

        Eta halaxe izanen zen seguru. Joxe igeltsero aritzen zen, baina izatez artzaina zen. Bere aita bezalaxe. Irudituko zitzaizun begiratzen zizula, baina ez zintuen ikusiko. Hark burutan beti etxeko artaldea eramaki zuen, harekin joaten zen toki guzietara.

        Txapasek izkina batetik txistu egin zion etxekoandreari. Xankailorekin erausian ari zen, eta egarri zeudela egin zion keinu. Felizianok lo iduri zuen, silla batean jarrita, baina ustekabean zutitu eta hura ere Ines joan zen toki berera hurbildu zen erdi ziraldoka. Txapasek zeharka begiratu zion.

        — Hemen hintzen hi ere? Arestian Zubiko Bentan hintzen? Hau duk, hau, tipoa!

        Inesek basoak marra gorriraino bete ondotik, Felizianok berea altxatu zuen, «Txin-txin!». Trago egin eta gero, ukabilarekin kolpe batzuk eman zituen bere petxuan. Horrekin ardoari pasatzera laguntzen ziola erran zuen, baina aldi berean haize bat eskapatu zitzaion zintzurretik haur jaioberriei bezala.

        — Urde zerria! —erran zion Xankailok.

        Deus aditu ez balu bezala, basoa oraindik ere airean zuela, bertze hirurei begiratu zien:

        — Zuek uste duzue bertze munduan ikusiko ditugula hemendik joanak?

        Futbolin dotorean lau mutiko ari ziren munduko txapelketa jokatzen. Ttikiak ziren, justu-justuan ailegatzen ziren jokalarien barrak hartzeko eskutokietara. Bosgarrena bazterretik begira, txanda zain, asperturik. Arratsalde motelari bixigarria ematea gogoratu zitzaion. Ostatuko bertze muturrean zeuden hiru gizonei begiratu eta ongi aditzeko moduko oihua egin zuen, «Feliziano!». Herriko xelebreak bere izena erran zuena begiz bilatu zuen. «Gora Euzkadi!», gehitu zuen zoldazu lotsagabeak. Gizonari aurpegia biztu egin zitzaion. Ukabila goiti egin zuen kontent. Hirugarren oihua egin zion orduan, lasterka hasi baino lehen: «Eta izorra hadi!». Felizianok bastoia ezpataren modura airean hartu eta mekauenka hasi zen mutikoen kontra. Jotzeko keinua eginez mukizu haiengana abiatu zen, ahal zuen bezala, bere ibilera aldrebes hartan.

        — Demonio! Harrapatzen bahaut, bixente eginen diat! Pitito hori moztuko diat!

        Mutikoek futbolina utzi eta kanpora atera ziren presaka. Zirikatzaileak «Abudo, abudo, bixente eginen digula!» erran zien bere lagunei irri ajarika, lasterka eta esku batekin hankartea tapatzen zuela. Euria ari zuen oraindik, arratsalde osoan atertu gabe, jautsi ahala. Feliziano ostatuko atean gelditu zen, bere baitan kontent, bortz aluxka haiek nola izutu zituen begira. Etxera orduko txipatu eta pelatuko ziren seguru. Merezi zuten, ze arraio!

 

 

Euria gogotik ari zuen Seierrietan. Iduri zuen zerua ere azkenean negarrez hasi zela, tristuraren karga ezin jasan. Eguna joan eguna etorri, eta ez kontsolatzen. Herritarrak ez ziren nolanahi ikaratzen halako erasoekin, gisa hartako euriketak ez baitziren misterio gure parajeetan. Hala ere, egun haietan bakarren bat pentsatzen hasia zen ez ote zuen soberaxko ari. Bide bazterretako pendoitzetan nonahi izan ziren lerrakurak. Pala mekanikoak eta eskukoak ibili behar izan zituzten kamio guziak garbitzeko. Etxeetan ere lana berretu zen, kanpoko lohia eta zikina barrenera ekartzen zelako.

        Mendietatik ibai-erreketara inoiz baino ur kantitate handiagoa irristatu zen. Etxalarko Azkuatik, Arantzako Ekaitza aldetik, Igantziko Fraindik, Lesakako Agiñatik, Berako Larundik eta Labiagatik, Alkasoroko Maldarrunetik. Bete-beteak heldu ziren Tximista, Latsa, Onin, Zia eta Urrabia, lurraren kolorez, uher-uher. Urak harrapatzen zuen guzia bere baitan eramaki baitzuen, jendeak bertara zernahi botatzeko aprobetxatu zuen, baita bakoitzaren baitako pozoi eta sentimendurik mingarrienak ere. Gero haiek denak Bidasoak irentsi eta itsasoraino garraiatuko zituen.

        Amak urik ez pasatzeko oinetako onak jauntzi, gabardina eta guardasola hartu eta etxetik atera zen bakarrik. Xarik atetik begiratu zion, baina nahiago izan zuen idorrean gelditu. Zubiko Bentatik kanposantu aldera abiatu zen trenbide zaharrean barna, egunero bezala lurperatu ninduten egunetik. Mendi aldetik ur-xirripa sortu berriak heldu ziren nonahitik. Karrika nagusia erreka bihurtua zen. Erne ibiltzen ez bazen, urak amilka eramanen zuen berarekin Urrabiaraino. Lasai segitu zuen hala ere aitzinera. Hilerrira sartu eta bisita egin zidan. Nire ondoan egon zen puska batean, zeruan trumoia lehertu eta euriak guardasolaren koloretako oihalean atabala jotzen zuen bitartean. Gero bueltaxka bat eman zuen jende gehiagorekin ere egon nahi zuelako. Kanpora atera zelarik, Urrabia ondora joan zen. Hori ere egunero egiten hasia zen berriz, ezkonberritan egiten zuen maneran. Ur bazterreko akazia biluzi batean mihura ageri zen, ttattar gisara. Ibaia harro-harro heldu zen, metro bat eskas falta kanposantua azpian hartu eta trenbideraino ailegatzeko. Ez zen estutu horregatik. Hilabete pare bat lehenago itsasotik sartu bide ziren izokinez oroitu zen. Nola moldatzen ote ziren ur zakarraren kontrako bidean. Eta erreketako harrien azpiko zuloetan gordetzen ziren amuarrain ttikiek aguantatuko ote zuten urak herrestan eraman gabe?

 

 

Egun hartan berean atertu zuen, azkenean, eguerdi aldera. Baina ordukoz Urrabia ateratzeko puntuan zegoen. Handik ordu pare batera marea goiti hasi zen eta Txingudin itsasoa Bidasoari bulkaka, egunero bezala jostetan. Bidasoak, aitzinera segi ezin, ezker-eskuin hedatu behar izan zuen nahitaez. Gauza bera gertatu zitzaion goitixeago Urrabiari. Aspaldi ez zen halakorik ikusi Alkasoron. Kanposanturaino ailegatu eta inork uste baino ur gehiago sartu zen barrenera. Hurbildu zirenek hilobi gehienak tapaturik zeudela ikusi zuten, haien gurutzeak bertzerik ez ageri. Don Jonasek sakelan arrosario baten pikorrak bilatu zituen nerbioso, zer egin ez zekiela. Jendeak galdetu zion zer pasatuko zen gorputz haiekin, zer gertatuko zen haien arimekin. Ama etxeko terrazara atera zen. Itsasontzi batean bezalatsu zegoen, aitzin-gibel izkina guzietan ura. Bentaren ateraino ez zen sekula ailegatzen, pareko aldean ateratzen zelako, hango arto landa azpian harturik. «Oraingoan ere, nora joan ote dira horko satorrak?» pentsatu zuen. Nitaz oroitu zen gero, «Urak akaso itsasoraino eramanen du!». Ez zen nire gorputz-hezurrez ari. «Bertze mundu batzuk ezagutuko ditu».

        Zubi zaharra tente zegoen, hura ez zuten nolanahi suntsituko. Urrabia orroka heldu zen, espantuka. «Zer uste duk? Iñauteriak direla?», atera zitzaion isilka, «Nor ikaratu nahi duk hik?». Eta ibaiak orduan zubiaren erdiko hanka tinkoaren kontra indarka jo zuen. Ez bazuen euria berriz ere hasten, mareak beheiti egitearekin ugaldeak ere euren bideetara bueltatuko ziren, baina hori gauaz izanen zen.

        Iparra sartu zuen gero, eta egur gehiago bota behar izan zioten suari gure etxeko sukaldean. Ilundu zuenean, jendea ostatura etortzen hasi zen. Denek euritearen ondorioak aipatu zituzten. «Zinkuentaikuatrokoa baino handiagoa izan duk hau», erran zion Klaudiok Urbano Altzuriri. Trenbide zaharrean barna etorri zen Joxe Perrexil bere Ossa erosi berrian, xalanta gainean bezala, urari ebaki eginez. Gure etxera sartzean, hotz handiagoa heldu zela erran zuen. Izanez ere, inguruko belategietan hegaberen mintzurua aditu zuen. Tropa handiren bat gaua pasatzeko ideiarekin hantxe pausatu zena, dudarik gabe. «Eskandalu ederra dute. Badakizue nola egiten duten itsastxori horiek: tttuiiii!, ttuiii!». Tturkoren aita, Konde zaharra, ordura arte isilik egona zen, «Demonio zakila! Horiek ez dituk itsastxoriek eginak, horiek kanposantuko arimenak dituk! Ura sartzen ari zela ohartu eta ziztu bizian atera dituk lur azpitik. Orain esperoan zeudek, ura noiz errendituko bere betiko lekura». Behar baino txikito gehiago edanak zituen, egun hartan ere aitak lagundu beharko zion etxera, bertzela ez dakit ailegatuko ote zen. Kondearen erranak adituagatik, Inaziok gero ohatzera sartu baino lehen eskopeta prestatuko zuen.

        Hegabera gaixoek, euren gandor elegante haiekin, gau osoa pasatu zuten garrasika, hotzak, «Goazen bizi-bizi hegoaldera» elkarri erraten ari balira bezala. Bitartean, pixkanaka-pixkanaka Urrabia bere betiko neurrira itzuli zen. Egunaz trenbide zaharrean jendea problemarik gabe ibiltzen ahalko zen. Kanposantuan ere ez zen ur putzu batzuk bertzerik gelditu. Ordea, urak berarekin ekarri zituenak bi bazterretan ageri ziren, erialdi ero batean han-hemenka ebatsi eta gero balio ez ziotelako abandonaturik: arbolen enbor-adarrak, ardi eta behi hilak, zerrakuretako ohol eta alanbre herdoilduak... Arrain batzuk ustekabean harrapatu zituen ugaldearen erretira espero baino biziagoak, eta urik gabe gelditu ziren bat-batean. Belar gainean, buztana altxa eta euren indar guziarekin kolpea emanagatik, ezin ibairaino ailegatzeko saltorik egin. Itoko ziren inork laguntzen ez bazien. Hurbilen zeudenak segituan ohartu ziren haien desesperazioaz. Dantzarako musika gure zelaietan gaua eman zuten hegaztientzat. Ez zuten halako bestarik espero.

        Argitzen hastean lainoak bere menean zituen Urrabiaren bi aldeak, ibaitik hasi eta Alkasoroko elizaren kanpandorreraino. Hegaberek esperatu beharko zuten hura altxatu arte. Galarazia zegoen horrelakoetan ehizan ibiltzea, baina gizon gupidagabeari oihal zuri hark are bentaja handiagoa ematen zion. Arma eskuetan zuenaren eta armarik ez zutenen arteko diferentzia izugarria zen hala.

        Danba! danba! danba! danba! Lau tiro aditu zituen gure ama Karmenek Zubiko Bentako bere ohatzetik. Bihotza estutu zitzaion eta gelako kristalek kraska! egin zuten. Hiru hegaberaren odol ttantta gorriak belar ezin berdeagoaren gainean irristatu ziren. Haietako bi istantean hil ziren, amuarrain ttiki bana mokoan, baina hirugarrenaren agonia luzeagoa izan zen. Hil hurran, azkeneko hatsa eman arte saiatu zen bere hegal puskatuak mugitzera heriotzatik ihes egiteko.