RINUS XIBURU
Alkasoron ez zen sekula gazteen ekiporik izan, ezta bertzelakorik ere. Ordea, zelai eder bat bagenuen, trenbide zaharraren estazioaren ondoan. Eta geltokiko etxe abandonatuan aldagela moduko batzuk ere baziren, norbaitek noizbait eginak. Bada, zelai hartan aritzen ginen ostikoka, baloiari gehienbat. Eta hortik, hoberexkoenak zirenak beratarrek edo lesakarrek fitxatzen zituzten agudo, eurekin aritzeko.
Partida gogorrak izaten ziren igande arratsaldeetan. Larruzko baloi gorri ttiki batzuk ibiltzen genituen, Zahor txokolatearen kromo bilduma eginda ematen zituztenak. Jo eta fuego, haiek urratu arte. Akabatzean ondoko dendara joaten ginen, limonada botila batzuk erostera, etxetik eramaniko ogi eta txokolateari laguntzeko. Guk izerdia parrastaka isurtzen genuen bitartean, ez zen harritzekoa Rinus Xiburu han barna ikustea, guri begira. Liburu edo errebistaren bat besapean harturik paseatzen ibiltzen zen, fabrikan lanik ez zuen egunetan.
Ikusten genuen aldiro Gabika txorakerietan hasten zen, «sex, sex» erraten, eta denei irria eskapatzen zitzaigun. Baina ni beldur egoten nintzen aditu eta ez ote zen gurekin haserretuko. Kontu zahar bat zen. Izanez ere, aspaldi, arratsalde triste batean, Mateo, Gabika eta hirurak Kasinoko futbolinean ari ginela, gurekin hasi zen hura ere, bi biren kontra aritzeko. Halako batean, galdetu zigun inork inoiz deus esplikatu ote zigun sexu kontuen gainean. Guk ezetz, eta hark ea nahi ote genuen ikasi umeak nola egiten ziren eta horrelako istorioak. Bere gelara eraman eta liburu potolo bat erakutsi zigun. Oroitzen naiz hango iduriez, nola ageri ziren gizonak eta emakumeak larrugorritan, pititoa, pottotta, titiak... Hiru lagunok elkarri begiratzen genion, zer erran jakin gabe! Baina bera serio, horiek ere ikasi behar zirela.
Bertze behin bakarrik harrapatu ninduen. Izebak herriko bestetan erosi zidan kamiseta ikusirik, han ageri zena nor zen ote nekien galdetu zidan. Che Guevara zen, baina ideiarik ere ez nik. Gerraren batean ibilia zela bai, baina hortik aparte deus handirik ez. Superman edo Capitan Trueno gisako bat ote zen. «Ikasi nor den! Jakin behar dira gauzak!» erran zidan, erdi errieta eginda. Horrelaxekoa zen.
Aspaldi etorria zen gure herrira, mugaren bertze aldetik, Ziburutik. Ez jakin zergatik, baina batzuek erraten zuten hango Poliziatik eskapo, ez zuelako gerrara joan nahi izan. Apopilo bizi zen Kasinoan, ostatuko nagusiekin eta haien alabarekin batera.
Kasinoko etxekoandrea, Ines, Mines zenaren alaba, hagitz emakume ederra eta sinpatikoa zen, irria eta broma bertzerik ez zuena, eta gure amak erraten zuen harekin ez ote zuen zerbait «mutil frantses» hark, baina ez zela batere harritzen, halako senarra izanda, «Eugenio hori baino gizon zerbelagorik!».
Arrazoia izaten ahal zuen, ez baitzuen ematen Eugeniori sobera inporta zitzaionik. Hura ere beti umore onez ikusten genuen. Guri pintxoak kobratu gabe ere igual ematen zizkigun! Eta bistan zen Rinusekin ere ongi moldatzen zela. Andrearekin baino maizago ikusten genuen harekin erausian; sekula ez jenio txarrez. Etxe hartan gustura egoten ginen. Burdinazko futbolin elegante hartan gustura aritzen ginen, eta etxeko alaba gure adintsua zen. Malixa zuen izena, Malizia erraten genion.
Uda hartan ikasi genuen Ziburuko mutil arraroa itsua zela futbol gauzetarako. Alemaniako mundiala izan zen, eta hantxe egoten zen arratsaldero partidak ikusten telebistatik begirik kendu gabe. Ezagutzen zituen munduan famatuak ziren taldeak eta jokalariak: Kempes, Beckenbauer, Rivelinho, Lato, Burgnich... Baina gehienbat Holanda aipatzen zuen. Erraten zuen ezin zela sinetsi jokalari haiek egiten zutena. Ezin izan zutela irabazi, baina haiek zirela dudarik gabe hoberenak: Cruyff, Neeskens, Krol, Rensenbrink...
Horregatik, Alkasoron gurekin futbol ekipo bat egitea gogoratu zitzaionean, segituan paratu genion behar zuen izengoitia, holandarren entrenatzailearena: Rinus. Gainera, harexek bezalako bekainak zituen, goiti ube egiten zutenak.
Ustekabean egin zigun proposamena, «Nahi duzue ekipo bat egin, bertze herrien kontra kanpeonato bat jokatzeko?». Txoratu egin ginen! Segituan hasi ziren batzuk erraten non ariko zen bakoitza: Balentin delantero, Beltxa defentsa zentral, Antonio erdian... Baina berak isilik egoteko eta txorakeriak alde batera uzteko. Fundamentuzko deus egin nahi bagenuen, kasu egin beharko geniola, bera izanen zelako entrenatzailea. Hurrengo egunean berean hasteko gelditu ginen.
Arratsalde hartan, gu zelaira joan ordukoz hantxe zegoen hura, txandala jauntzita eta lepotik zintzilik txistu bat, aginduak emateko prest. Entrenamendu gogorrak egiten hasi ginen. Izerdia galanki bota genuen belategi zahar hartan! Gimnasia eginarazten zigun, eta gero lasterka, eta ondotik jokada bereziak erakutsi ere bai. Liburuxka bat bazuen, eta handik ateratzen zituen komeria haiek guziak.
Leher eginak uzten gintuen, baina asteko azken entrenamenduaren ondotik saria izaten genuen beti. Kasinora joaten ginen, eta han freskagarri batzuk edaten genituen entrenatzailearen kontura. Gero batzuek futbolinean partida bat jokatzen genuen, etxera abiatu baino lehen. Rinus mahai batean jartzen zen, eta Inesek segituan merendu-afaria ekartzen zion. Kafea hartzeko orduan emakumea ondoan jartzen zitzaion eta biak kontu-kontari aritzen ziren. Senarrak ezikusiarena egiten zuen eta txistuka segitzen zuen mostradorean, edo guregana etortzen zen, bromak egitera, «Zer ikasi behar duzue Xiburu kalamidade horrekin!? Ohatzea egiten ere ez daki-ta!». Guk lepoa luzatzen genuen, ea sukaldeko atetik Malixa ikusten genuen. Eta sorgin hura, gu sumatu bezain fite, nahi gabe bezala agertzen zen ostatura behin eta berriz, zernahi aitzakia. Zeharka begiratzen nion disimuluan, eta frankotan bera ere gauza bera egiten harrapatzen nuen.
Horrela ibili ginen zenbait astez, eta egun batean Rinusek espero genuen berria eman zigun. Txapelketa bat jokatu behar genuen sei herrietako gazteen artean. Harrobiko nagusi berriak arropak erosiko zizkigun, denak igual jauntziak egoteko, marra zuri-gorriekin, Bilboko Athletic bezalaxe. Denak ez ziren konforme, baina ni bai, huraxe bainuen gustukoa. Baloiari ematen nion bakoitzean Fidel Uriarte nintzela egiten nuen amets. Harrobiaren izena paratu behar izan genion taldeari, nahiz eta Tomas Tturkori batere graziarik ez egin: Etxandi F.C.
Neskak ere arratsalde frankotan etortzen ziren nola entrenatzen genuen ikustera. Arrazoi bat gehiago gu zelaira batere kexatu gabe joateko. Igual zion euria edo kazkabarra egiten bazuen, gu denak hantxe zintzo-zintzo ongi tenorez, lohiz oratzeko beldurrik batere ez. Uste dut bolada hartan guk ere lepo gainean baloi bat izan genuela buruaren partez. Eta Rinus hasi zen pentsatzen nork non jokatuko genuen.
Tomas Tturko atezain paratu zuen, jokalari bezala desastre samarra zelakoz, baloia Urrabiara ez dakit zenbat aldiz bota ondotik, eta harekin batera Gabika ere bai, nonbait paratzeagatik, kuadrillako kaxkarrena bera baitzen. Defentsan, Barrentxeko bi anaiak, eskuinean gazteena, Antonio, partidu osoa goiti eta beheiti lasterka pasatzen zuena, sekula nekatzen ez, eta erdian bertzea, Beltxa, bere lana beti ongi betetzen zuena, batere espanturik gabe; haren ondoan Andres Tanke, kontrario guziak ikaratzen zituena, erraten baitzuten ero zegoela; eta ezkerretik Arraitz, hura ere kasu ematekoa, ezkerreko hanka segaren modura manejatzen baitzuen. Zelai erdian, hiru lagun: eskuin aldetik ni, baloiarekin bi metro segidan egiteko gauza ez, baina jesukristoren borondatea lanerako eta jendea animatzeko; erdi aldetik Mateo, itxuraz kiloren bat sobrante eta motela, baina inor baino abilagoa gaiztakeria gordeka egin behar baldin bazen eta ustekabean gola sartzeko; eta ezkerrean Balentin, ekipoko hoberena akaso, baina alfer samarra; «Hezur nagusiko mina dik horrek!», oihu egiten zuen Txapasek bazterretik. Eta aitzinean bertze hiru: eskuinean Xatur, ttikia eta arina, artista xelebrea, kapaz baitzen ia partidu osoa baloi bat ukitu gabe pasatzeko, baina gero, igual, hondarreko minutuan sekulako jokada egin eta gol sartu ere bai; erdian Astibia, mutil segaila, elegantea, alde guzietara ongi jokatzen zuena, ekipoko figura; eta ezkerretik bertze jokalari ttiki bat, Luixito Tximista, bizia eta bizkorra. Gero, baziren bertze bi gehiago, nonahi aritzen ahal zirenak, edo inon ez, ez gogo izugarririk ez trebezia berezirik ez zutenak: Juanjoxe eta Joxemartin, anaia bizkiak. Horra hamalau mutiko Holandako selekzioaren markak hausteko prest!
Jazinto ere sartu zen taldean, laguntzaile. Entrenatzen aritzen ginelarik beti guri begira egoten baitzen, «Hi, hator hunat!» erran zion egun batean gure xefak, «Sekretarioa behar diat! Nahi duk nerekin aritu?». Eta mutikoa eroturik kontent, baietz. Berak biltzen zituen zelaitik kanpora joaten ziren baloiak. Lehenago ez nuen sekula inor ikusia mainguka halako ziztuan ibiltzen batetik bertzera. Partida egunetan kirol poltsa horietako batean ura izaten zuen, jokalariei emateko, eta botikina ere bai: benda batzuk, esparatrapua, merkromina... eta Linimento Sloan, milagroak egiten zituen likido ilun bat, harekin izterrak eta aztalak igurtzi eta usain fuerte bat uzten zuena. Larrua diz-diz gelditzen zen, lustrea emanda bezala. Gabikak erraten zuen korredore profesional guziek hankak berotzeko erabiltzen zutela. Eta bertzetan ez, baina horretan Gabika Coppik bazekien, ziklismoa zuelako bere bihotzeko afizioa. Hark ere bazuen karreretako bizikleta, Juanitok bezala, eta aski polita gainera!
Etxalar, Arantza, Igantzi eta Lesaka bisitatu genituen. Azkeneko partida beratarren kontra jokatu behar genuen, maiatzaren hamazazpian. Huraxe zen denok jokatu nahi genuena! Bera herri kozkorra zen gurearen ondoan, eta hangoek ez zuten alkasoroarrak mendratzeko batere kuidadorik izaten. Gurea herri kaxkar bat bertzerik ez zela erraten ziguten, «Alkasoro, Alkasoro, bi etxe txar ta lau txoro!». Gainera, Gure Txokoak jokalari euren ustez onak zituen. Denek profesionalak izan nahi zuten, Donostiako Realak herriko mutil gazte bat fitxatu zuenetik. Kontu harekin burua berotua zuen batek baino gehiagok. Bagenuen ustekabeko pollit bat emateko gogo berezia.
Jokatzeko eguna hurbildu ahala, etxeko ostatuan jendea apustuak egiten hasi zen gure kontura. Gehienbat Martin Tranpa aritu zen horretan. Hura bere saltsan! Baina bertze batzuk ere bai. Ez bakarrik nork irabazi edo galduko. Klase guzietakoak egin ziren, zein baino zein xelebreagoa!
Inoiz baino gogorrago entrenatu genuen aste hartan. Eta, halako batean, bi egun bertzerik falta ez zirela, ezbehar gogorra suertatu zen: atezaina lesionatu! Tomas Tturko sekulako partidak egiten ari zen. Mutil handia zen eta ez zuen tokirik uzten baloia inondik sartzeko. Kontrarioek etsia ematen akabatzen zuten, golik ezin sartu. Tomaszweski erraten genion, Poloniako selekzioko porteroaren izena. Igeltsero lanean ari zela, eskuin eskuko erdiko behatza puskatu zuen, eta ez zen posible iganderako sendatzea. Zer egin? Rinusek aukera gutti zuen, Gabikak edo bizkietako batek ari beharko zuen.
Gehienok erdi marmarka hasi ginen, erokeria iruditzen zitzaigulako haietako inork jokatzea. Partida beratarrei erregalu ematea zen. Baina Rinusek serio erran zigun ekipoa hamalauron artean egiten genuela. Gero Gabikari begiratu eta honela erran zion: «Igandean hi izanen haiz gure porteroa». Gabika! Gorputzez ttikia eta futbolean gurekin gogo txarrez aritzen zena! Bere atean gola sartzeko kapaz! Hala ere, hark inongo beldurrik ez. Uste duzu apuratu zela? Bai zera! Ez ikusi izatera ez nuen sinetsiko, baina saltoka hasi zen, kontent!
Egun seinalatuan Alkasoro erdia erromerian joan zen Bera aldera. Automobilak, bizikletak, motoak... Eta oinez ere ez gutti! Gure etxera goizean mandatuak egitera etorri ziren emakumeak animoak ematen niri, «Benga, Martin! Ez utzi beratarrei irabaztera, e! Horixe bertzerik ez dugu falta: oraindik gehiago harrotzea!». Tturkoren ama, Xole, beti bezala, irri ajarika, ttantta kopa esku batean eta hartan bustitzeko pastela bertzean. Ostatura etorri ziren gizonak ere igualtsu. Inaziok erran zidan tragoxka bat edateko partida aitzinetik, «Whiskia, amerikanoen modura!», harekin biztuko nintzela. Denen artean ederki nerbiostu ninduten.
Gure Txokoaren Agerra futbol zelaiak bueltan-bueltan zuen hesian ez zen zirritu bakar bat ere gelditzen, jendeak toki guzia hartu baitzuen. Arratsaldeko bortzak zintzilik zirela, Bixentek erretratua egin zigun jokalari guzioi, eta pixka bat geroago Joakin larrugorritan sartu zen zelaira bere belozipedoarekin, aitzineko gurpila handi-handia eta gibelekoa ttiki-ttikia zituen aspaldiko bizikleta harekin. Arbitroak handik alde egiteko agindu zion, txistuka bere indar guziarekin, eta ikusle batzuek ere txistu gehiago egin zioten, bai eta zakarkeriaren bat erran ere, baina jende gehiena irrika hasi zen, eta hark buelta osoa eman zuen, txakur beltx bat saingaka segika zuela. Gero ikasi genuen noren arteko kontua izan zen: Cointreau botila eman behar izan zion Klaudiok. Feliziano gure atearen gibelean paratu zen, gurutze bat bi eskuen artean. Jaungoikoaren laguntza ere bagenuen! Berriz ere ero fama alkasoroarrek.
Nolanahi ere, futbol kontuan, beratarrek uste zuten egurra emanen zigutela aisa, baina justu-justuan irabazi ziguten. Nik sekulako partida jokatu nuen, gehienbat eman zidaten baloikadaren ondotik. Partida hasi eta segituan, badakizue, harako haietan hartu nuen, «koskoiloetan» erranen luke Arraitzek. Bete-betean, eta hatsa ezin hartuz gelditu nintzen lurrean. Jokoak segitu zuen, baina nik ez. Rinusek kontseilu ona eman zidan bazterretik oihuka, «Martin, egizak pixa! Egin pixa!». Zer nahi zuen? Pititoa ateratzea zelai erdian? A ze kolera! Nire buruari gogor egin behar izan nion, «Benga, altxa!», eta kolpean zutitu nintzen, minaz oroitu gabe. Egia errateko, dena ez zen kalterako izan. Badakizue zer den akuilua? Orduan ikasi nuen nik: handik aitzinera laster batean ibili nintzen alde batera eta bertzera. Bixigarria behar duenak botika bera probatzen ahal du.
Baina, nirekin batera, jokadarik hoberenak gure porteroak egin zituen, Gabika xelebre hark! Ongi famatu zen egun hartan. Inork ez genuen batere federik zer eginen zigun, baina txoil harritu gintuen. Inondik ere ezin golik sartu hari. Bere burua postura guzietan bota zuen lurrera eta kontrarioen hanketara. Rinus bera izutu zen, «Kasu eman ezak burua hautsi gabe!» erran zion dozena bat aldiz. Ez zuen inorena puskatu, ez berea ez bertzerena. Eginahalak egin bai! Azkeneko minutuan, suerte txarreko jokada batean, erdi txiripaz sartu ziguten gola. Bi eta bat beratarren alde! Partida galdu, eta gu izorratuak, baina, aldi berean, arrunt kontent!
Partida ondotik, gorputza urraturik, ur beroaren zorrotaren azpian sartzea gauza zoragarria izaten zen, eta egun hartan sentsazio hura are hobea izan zen. Gorputzak eskutrapuz igurzten ari ginela, denak oihuka eta zalapartaka, bisitari bat sartu zen, abisatu gabe, Rinus zerbait eske joana zela aprobetxatuz. Emakume ikusgarri bat zen, zapata takoi luze batzuen gainean, begiak beltz eta ezpainak more pintaturik, eta kolkoan guretzat haragi sobera bistan. Arraitz ziztuka hasi zen, eta gainerakoak lotsaturik, gorputza ahal genuen bezala tapatu nahian. «¡Qué chicos más guapos!» erran zuen, banaka-banaka galdeka hasi baino lehen, «Y tú, ¿hijo de quién eres?». Nire txanda ailegatzean, bertzeekin bezalaxe, ez zuen ama aipatu «¿Hijo de Ramon?». Gu harriturik, zer erran ez genekiela, «¡Qué ojos más grandes!... ¡Y qué labios!». Ni gorri-gorri, eta berak, goititik beheitiraino begira, «¡Todo grande!» bota zuen errematea. Ni ez gainerako guziak leher eginak. Madrilen bizi zen, harat esposatu baitzen gerraondoan bera baino dezente zaharragoa zen koronel edo jeneral batekin. Egun batzuk pasatzera etorria zen jaioterrira, Berara, eta gazte denboran Seierrietan izan zituen konkista guziez oroitzearekin disfrutatzen zuen, nonbait. Goraintziak eman zizkigun gure aita guzientzat, Rinusek uxatu baino lehen.
Partida haren ondotik entrenamenduak egitetik gelditu ginen. Rinusek bakazioak hartu gogo zituen fabrikan, eta familia bisitatzera joan behar zuela erran zigun. Uda pasatu eta gero hasiko ginela berriz. Baina jokalarioi halako hondar ona utzi zigun futbolean eginiko abentura hark, hurrengo astean gure aldetik merendu berezia egitea pentsatu genuen. Besta partikular bat, futbolaren kontura.
Gabikaren familiaren etxe gibeleko etxolan juntatu ginen. Arroltzeak, xolomo-xerrak eta gasna. Denetik nahi adina, ausarki. Ardoarekin behar baino gehiago busti genuen zintzurra. Kafe beltza ere edan genuen, eta patxarana ere bai. Rossli batzuk atera zituen Luixitok, eta denak kea jarioan hasi ginen, tximiniak bezala, bakoitzaren baitako suaren ordaina. Arraitzek pixka bat txerbeldu ginela erran zuen.
Mahaitik altxatu ginenean, kanpoan ilun zegoen. Batzuek erretira egiteko tenorea zela pentsatu zuten. Tomasek ez nahi, ordea, etxera joan. Goizegi zela eta hondarreko xurrupa hartu behar genuela nonbait ere. Malixari bisita egin behar geniola. Nik ez nuen bertzerik aditu behar izan. Gabika eta Mateo ere seguru genituen. Antonio eta Arraitz ere animatu ziren. Tturkok automobilaren giltzak atera zituen sakelatik, eta erdi ziraldoka segitu genion gainerako bortzok. Behatza oraindik ere igeltsuarekin zuen, baina gidatzeko moldatzen zen, «Hau ez duk behatza, radioaren antena duk!».
Sei lagun land-rover zahar batean. Aziendak bezala, erran zuen Arraitzek. Egun hartan behinik behin, ez zen diferentzia handirik, arima ere kontuan harturik. Makina martxan jarri eta hantxe abiatu ginen irrintzi-ajarika denak.
Tturkok ustekabean «Goazen lehenbiziko Bera aldera, espantu batzuk egitera» bota zuen, ezpainetik zintzilik zuen Rossli muturra ikararaziz. Gure Txokoaren kontrako partida galdu genuen, baina irabazi bagenu bezala gurutzatu nahi zuen ondoko herria, tarteka klaxona jotzen, alkasoroarrak haiek adina edo gehiago ginela erakusteko.
Jenderik ageri ez, kamioaren bi aldeetako arbolen adarrekin arkua eginez eman ziguten ongietorria. Altzate aldera jo genuen. Tturko bolantea ezker-eskuin biratzen hasi zen, sigi-sagaka, txorakerietan. Argiak alde guzietara dantzan, land-roverrak guk baino mozkorrago iduri zuen. Bat-batean, bide erdian argi ttiki bat atera zen iluntasunetik eta Arraitz oihuka hasi zen, «Kasu! Kasu! Frenazak, frenazak! Geldi hadi! Geldi hadi!». Ez zen ipurtargia. Norbait ari zitzaigun gelditzeko keinua egiten. Aski ezagunak genituen uniforme berdeak eta uhal beltzak ikusi genituen orduan.
Linterna baten argiak begiak itsutzen bazizkigun ere, agudo ohartu ginen nor genuen txoferraren leihatilatik barrenera begira. Hugo zen, Berako kuarteleko guardia zibil ezaguna. Laguna aitzintxeago zuen, fusila gure aldera, hitzik erran beharrik ez guk entenditzeko. Hura ere ezaguna zen, Berako ekipoan gure kontra aritu zen mutiko baten aita. Eltzetzuak gure txoferra segituan ezagutu zuen, «¡Hostia, Turco! ¿Estás loco o qué? ¡Qué cojones andáis los de Alkasoro por aquí!».
Tomasek behatz puskatua kopetan paratu zuen, tente-tente, «¡A sus órdenes, mi comandante!». Hugoren beraren hatsak garbi salatzen zuen gizona ez zegoela gu baino hobeki. Neure burua kuarteleko kalabozoan ikusten nuen. Zertarako joan ote ginen Berara! Zernahi pasatzen ahal zen han! Suerte handia izan genuen, ordea. Segitzeko eta bakea emateko, baina ezin zela manera hartan ibili eta hurrengoan ez zigutela barkatuko. Ederretik libratu ginen! Atseden hartu genuen hura aditzean! «Adiooos!!!» erran, eta ziztu bizian abiatu ginen handik.
Onean harrapatu genituen, eta, gainera, oraindik ez zen politikaren su bizia Seierrietaraino ailegatu. Hala ere, bistan zen zerbait aldatzen ari zela. Muga hurbil baitzen, Berako eta Lesakako kuarteletara guardia zibil berriak etorriak ziren urte pare bat lehenago. Haien artean Hugo hori. Elementu gogorra! Kastigu modura ekarri omen zuten goiti aldera ez dakit nondik, han deskalabru handi samarren bat egin zuelako. Harekin batera gazte buruberoak ere ekarri zituzten. Arriskutsuak, muturra bustita ostatuetan urguilu handiarekin ibiltzen zirenak.
Hegaka bueltatu ginen Alkasorora, burua gibelera egin gabetanik. Pentsatu bezala, Tomasek Kasinoaren ondoan aparkatu zuen automobila. Haur harrotuen gisara sartu ginen ostatura seiak. Inor gutti zegoen barrenean, lauzpabortz lagun bertzerik ez. Ustekabea izan zen Malixa zerbitzatzen ikustea. Harritzekoa han Eugenio edo Ines ez izatea. Rinus ere ez zen ageri.
Egarririk ez genuen batere, baina pattarra ateratzeko galdetu genion etxeko alabari. Bertze kopa bana patxaran. Kazkabarra seguru genuen gero. Ez zen lehenbiziko aldia izanen, baina ez genuen eskarmentatzen. Lagunak burdinazko futbolarien mahaira joan ziren eta ni barran gelditu nintzen. Malixa basoak garbitzen ari zen, kopetabeltz, bururik altxatu gabe. Sukaldera joateko atea bulkatu zuen, eta istant batez haren ama ikusi nuen, Ines, begiak zapi batekin xukatzen, negarrez ari balitz bezala. Ondoan ahizpa zuen, harekin solasean.
Komunera bidean Inaziorengana hurbildu nintzen, lasai ederrean telebistako futbol partidari begira baitzegoen. Ohartua zen dibertsioa genuela, eta bromatan hasi zitzaidan: «Martin, bandido hori, amak ikusten bahau!». Hortik ez nuen segitu nahi, eta Inesi zer pasatzen zitzaion ote zekien galdetu nion. «Ez dakik o ze?», erran zidan isilka, bere begi ttikiak oraindik ere ttikiago, «Bi gizonak joan zaizkiok! Elkarrekin!». Ez nion entenditzen erraten zidana. Hobeki esplikatu zidan, «Bazkalondun Eugenio eta Xiburu elkarrekin harrapatu ditik, bi-biak ohatze berean, eta jesukriston jaleoa armatu izan behar dik!». Ez nuen harrapatu kontesta emateko balio zuen hitzik. Lagunei deus kontatu gabe, denei adio erran eta etxera joan nintzen segituan.
Buruko min mundialarekin ernatu nintzen biharamun goizean. Tripak ere nahiko nahasiak. Kategoriako bestondoa. Sukaldera joan nintzen, baina ez nuen deus hartzeko gogorik. Ama dendan lanean ari zen, eta deitu nion aspirina bat emateko. Ordukoz notizia herri osora zabaldua zen eta amak ere ederki zekien Kasinoan izan zenaren berri. «Eugenio!...», erran zidan, «...zuen entrenadore horrekin!». Burua goiti eta beheiti mugitu zuen, ezin sinetsi, «Izorra hadi, Piarres!».