Alkasoroko Benta
Alkasoroko Benta
2013, nobela
176 orrialde
978-84-92468-45-4
azala: Unai Iturriaga
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2001, narrazioak
 

 

TXULAPAINDAR BAT IRUÑEAN

 

Alkasorotik Iruñera astelehen goiz batean, Bidasotarra zaharrean, trailerren ke zikina irentsita, Belaten barna! Donezteben Hoja del Lunes erosi nuen, futbol partiden kronika guziak ikusteko, baina ezin bi lerro segidan leitu. A ze beldurra!, goitika ez ote nintzen hasiko. Buruko min hura ere zer zen? Bezperako ardo kaxkarra ari zitzaidan lanean estomakako zirritu guzietan. Neure buruari erraten nion azkeneko aldia izanen zela, baina ez zidan sinesten. Astelehen hartan ere kostako zitzaidan gorputzaldi txarrari buelta ematea. Erdi herrestaka eraman nuen maleta Zaragozako etorbideko gure estudiante pisuraino.

        Ni etxera sartu, eta istanterako ailegatu zen Xabi. Gure amak eginiko bizkotxoaren usaina segituan sumatu eta nire gelara etorri zen. Hark ere betikoa ekarria zuen: etxeko gasna eta arroltzeak. Harenetik edo guretik jaten genuen aldiro etxeko sukaldean bezala sentitzen ginen. Burua harat joaten zitzaigun hegaka. Usain eta gustu haiek! Egun hartan sekula ikusi gabeko zerbait ekarri zuen, fruta berezi bat, sagarraren iduria. Erran zidan «membrillo» zuela izena, baina nik izen horrekin bertze zerbait ezagutzen nuen, lata handi batzuen barrenean etortzen zen gauza gozo bat, ezti gogortuaren itxura zuena. Xabik, ordea, ez zuen hura jateko ekarri. Usain egiteko zela erran zidan, eta aroma fin bat hartu nion. Bere armairuan sartu zuen, arropei ere urrin hura eransteko.

        Txulapain ibarrekoa zen Xabi. Non arraio ote zegoen izen aldrebeseko paraje hura? «¿No conoces Markelain?». Hura aditua bai, amatxi Margaritak maiz kantatzen zuen haur kanta batean aipatzen baitzuen, «Xangolo-mangolo..., ona bada Markelaingo...», baina hortik aparte deus ere ez. «Pues, cerca de allí está nuestro pueblo...». Beharrik mapan bilatzen banekien. Nolanahi ere, harentzat ere arras arrotza zen gure Alkasoro. Mutil sanoa zen, eta ongi moldatzen ginen elkarrekin. Klase berean geunden Opusen, Biologia ikasten. Ez sobera gustura, egia erran. Aipatzen zidan ez zuela laketzen, ez Iruñean, ez unibertsitate triste hartan. Izanez ere, hark argi zuen artzain izan nahi zuela, eta herri ttiki batean bizi, bere herrian ahal izatera, eta mendia sentitu. Horretarako titulu beharrik ez oraindik. Baina etxekoek nahiago zuten eskolan pixka bat gehixeago saiatzea.

        Koldoren kuartoa itxia zegoen, oraindik lo segitzen zuela seinale. Norbaitekin egonen zen, ez baitzitzaion ohatzean bakarrik egotea gustatzen. «Beldurtzen» zela erraten zuen! Tolosarra zen, Ramontxoren lagun baten anaia, baina hagitz bakan joaten zen herrira. Huraxe genuen pisuan buru, bertan baitzegoen lehendik. Kazetaritza ikasten ari zen, nahiz ez zuten maiz ikusten eskolan. Politika kontuetan fuerte sarturik zebilen. Aitzin hartan, Txiki eta Otaegiren eta FRAPeko hiru militanteen kondena eta fusilamenduekin eroturik ibili zen. Suaren erdi-erdian ibili zen egunero. Obsesionaturik bizi zen mundu guzia txibatoa zela uste zuelako, eta koleratu egiten zen gurekin horregatik bere idurikoz sobera inozenteak ginelako.

        Laugarren bizilaguna, berriz, geroago agertuko zen. Emilio, Larragakoa, futbolaria eta parrandazale terriblea. Osasunatik deitu zioten proba batzuk egiteko eta entrenatzera joaten zen astean hirutan. Sasoi izugarria zuen, eta baloika ere, dudarik gabe, ez zen txarra izanen. Fundamenturik ez zuen ordea. Etxeko lanetarako ere ez. Garbiketak egin behar zirela eta, harekin kasaila izaten zen beti. Haserretu ere bai, behin baino gehiagotan. Beharrik tarteka hark ere gauza goxoak ekartzen zituen herritik: barazki potoak, esparragoak, piperrak... Haiekin agudo adiskidetzen ginen berriz.

 

 

Arratsaldean, Kimikako klasea genuen lauretan. Gizon motel bat zen irakaslea, talo aurpegi bat, jendea lokartzeko espeziala. Haren ondotik Zitologiako zitala etorri zitzaigun. Halakoak genituen gehienak, batzuk tristeak eta bertzeak gaiztoak. Fakultateak iduri zuen ferietan izaten diren beldurrezko etxola horietako bat, jende gaixoa ikaratzeko prestatzen dutena. Ez zen Xabi etxe hotz hartan laketzen ez zuen bakarra. Nik ere makina bat aldiz pentsatu nuen handik norabait eskapo egitea. Indarrik aski ez, ordea.

        Klasetik ateratzean, eskailburuko pasabide zabalean erausian ari ginela, bat-batean paper pila bat ikusi genuen airean, elur lumen modura. Goitieneko solairutik bota zituen norbaitek, eta haren azpiko guzietan zeuden balkoi modukoetan eta beheitiko sarrerako plazan barna hedatu ziren. Mutil bizardun bat lasterka ikusi nuen eskailerak beheiti itoka, eta haren ondotik neska ile-motx bat, ezaguna iruditu zitzaidana. Ez ote zen hura Irungo Axun? Iruñera etorria ote? Atezainak segituan hasi ziren paper guziak bildu nahian, eta ikasle batzuk ere haiei laguntzen. Ezin, ordea, hainbertze ziren! Guri ere eskuetara etorri zitzaizkigun eta bana hartu genuen. «Huelga general» paratzen zuen, Joven Guardia Rojak sinaturik. Orduan, gurekin zegoen mutil bat, beti zoriontsu iduri zuena, oihuka hasi zen, «¡Libertad de expresión! ¡Libertad de expresión!», eta nik, neure baitan, «Hau ez zegok ongi burutik edo zer?». Baina, harekin batera, Xabi ere nire ondoan igual, are fuerteago, ongi aditzeko moduan. Hori ikusirik, bertze batzuk ere hasi ginen, erdi beldurka. Neska-mutil batzuek alde egin zuten guregandik, zer gerta ere. Bertze solairuetan jende gehiago animatu zen. Irakasleak agertu ziren haien bulegoetatik aterata, euren bata zuriekin, begiak zorrotz-zorrotz nor ari ote ginen bazterrak nahasten. Harriturik zeuden, halakorik ez baitzuten egundaino ikusi beti bake santuan egoten zen kartzela ustel hartan. «Goazen-goazen hemendik ziztu bizian!», erran nien lagunei. Eskailerak salto batean jautsi genituen, eta berehala kanpoan ginen irrika lehertzen denak.

 

 

Ilunabarrean gau-eskolan genuen zita, Arturo Campionen. Ni alfabetatzeko talde batera joaten nintzen, Ramontxori kasu eginez. «Gonbesiua» konbertsazioa dela deskubritu berria nuen, eta «ainxtin» arestian eskribitzen zela. Harrigarria zen buruko zokoetan ditugun hitzak paperean nola gelditzen ziren ikustea. Irakasle izateko ere erran zidaten, ez baitzen jenderik aski. Nik ez nuen horretarako prest ikusten neure burua.

        Xabi lehenbiziko mailako talde batean sartu zen. Urte hartan erabakia zuen euskara ikasi behar zuela. Kontatu zidan bere aitak ttikitan ez zekiela gaztelaniaz, baina haiei ez ziela erakutsi. Aitaren herrian, Atetz ibarreko Zigandan, maisuak hurritz makilak mozteko agintzen zien eskolako haurrei, eta gero haiekin aztalak berotzen zizkien euskaraz ari zirela aditzen bazien! Txulapainera esposatu eta familiatu zenean, noski, nahiago izan zuen seme-alabek berak bezalako sufrikariorik ez pasatzea. Ez da batere harritzekoa.

        Konpainia karrikara ailegatu ginelarik, ikasleak eta irakasleak atarian eta eskaileretan zeuden. Goiko eskailburutik Mikel ari zen solasean, nire irakaslea. Nonbait, aitzineko arratsean gau-eskolako bi irakasle preso hartu zituzten, pareta batean pintada bat egiten ari ziren bitartean: «Dictadura asesina. Gora ETA». Atxilotu baten arrebak kontatu zuen nola gertatu zen. Ihes egitera saiatu omen ziren, baina kale estu bat zen, eta ezin. Lasterkari bizkorrak izanagatik, nola irabazi harraparien automobilei! Gainera, poliziek tiro ere egin omen zuten. Balaz zauritu ez bazituzten ere, orain kalabozoetan zeuden, eta zer ari ote zitzaizkien egiten pentsatze hutsarekin jende guzia ikaraturik zegoen. Zentroko zuzendariak hurrengo egunean Diputaziora joatea proposatu zuen, hango buru egiten zuen Amadeo Marcorekin solas egitera. Gure ondoan zegoen emakume batek transistore bat atera eta beharriaren kontra paratu zuen, Radio Parisen hamarretan ematen zituzten berriak aditzeko. «Terrorismoaren kontrako legea aplikatu omen diete!» erran zuen, eta marmar musika bat zabaldu zen han ginenon artean.

        Hurrengo egunean eskutitza hartu nuen Bilbotik, Gabikarena. Harat joana zen estudiatzera, Ingeniaritza karrera egitera. Hala uste zuten etxekoek behinik behin. «Kaixo, opustarra!» erraten zidan hasteko. Iruñeko giroaz galdetzen zidan, eta Potasasko meategiko grebaz, ea joaten nintzen obreroen aldeko manifestazioetara, «Ibili izanen haiz lasterka grisen aitzinean, ez? Hemen giroa gori-gori zegok!». Herrira joaten ginenerako planak aipatzen zizkidan, begiak ireki behar genizkiola herriko jendeari, «Probetxuzko zerbait egin beharko genikek. Jendeak ikusi behar dik baditugula sentimendu batzuk, eta badirela problema aunitz, konpondu beharrak...». Lehenbiziko kuadrillan bertan hasiko ginen, gero bilatuko genuen lan egiteko prest zeuden neska-mutil gehiago, eta, dena prest edukitzean, Euskal Kultur Aste bat antolatuko genuen. Ikaragarria zen Gabika hura! Grazia egiten zidan, zeinen bizia eta eroa zen! Neskatxen kontuak ere ez zituen ahanzten, «Zer moduz habila asunto horietan? Idazten dik irundarrak? Hemen nahiko lan!». Azkenean, espero nuen bezala, parranda aipatzen zuen, «Besta koxkorren bat ere egin beharko diagu...».

        Ez denak arrazoi beragatik, baina lagun kuadrillako mordoxka bat herritik aparte ginen. Batzuk unibertsitatean eta bertze batzuk soldaduskan. Bilbon, Gabika eta Barrentxeko bat; Valladoliden, Antonio; Tenerifen, Tturko; Mallorkan, Beltxa; Madrilen, Arraitz; eta Donostian, Luixito. Gainerakoek Alkasoro inguruan segitzen zuten. Lanean gehienek, Bera edo Lesakako fabrikaren batean, edo mugako bentetan, edo ofizioren bat ikasten bertzela. Asteburua noiz ailegatuko desiotan egoten ginen, nahiz eta urrunekoak ez ziren normalean etortzen. Kristoren bestak egiten genituen larunbat arratsero: afari koxkor bat, kanta eta garrasi mahaiaren bueltan, eta nola edo hala gaua luzatu nonbait. Neska batzuk ere hurbildu zitzaizkigun, eta haiekin zerbait zibilizatzen hasiak ginen. Denok elkarrekin kuadrilla handia egiten genuen. Diru sobranterik ez genuen, baina exkaxean ere ez ginen izaten. Hura sasoia! «Eta lanikan ez!», Arraitzek erraten zuen bezala. Nor gu baino jaungoikoago?

        Fakultatetik ateratzean, bertze zenbaitetan bezala, Ritxar, Xabi eta hirurok etxe aldera abiatu ginen. Gure karrikatik hurbil bizi zen Ritxar, eta ordukoz elkarrekin konfiantza pixka bat hartua genuen, nahiz ez bera ez gu sobera berritsuak ez izan. Baina laugarren bat juntatu zitzaigun ustekabean, gurekin joanen zela inporta ez bazitzaigun. Bistaz ezagutzen bagenuen ere, ez genekien nola zuen izena. Bere burua presentatu zuen, «Me llamo Pedro María, ¿Y tú?». Galderak egiten hasi zen, gurekin interes handia balu bezala, Xabirekin eta nirekin gehienbat. Ea nongoak ginen, asteburuetan zer egiten genuen, zer gustatzen zitzaigun... «Zer nahi ote du ergel honek?» nik neure baitan. Halako batean, gonbita egin zigun, larunbat hartan bere lagunekin Pirinio aldera joateko. Bazutela han etxola bat eta espezial egoten zirela: mendian barna pixka bat ibili, arratsean suaren bueltan kontu kontari... Ordura arte bide osoan isilik etorri zen Ritxar aspertu zen, eta kolpean bota zigun Xabiri eta bioi, bertzea han ez balitz bezala, «¡Tened cuidado, que este es del Opus!». Gure adiskide sinpatikoari kolorea mudatu zitzaion bat-batean. «Me tengo que ir inmediatamente», erran zigun urruntzen zen bitartean. «¡Largo de aquí!» isuri zuen isilka gure salbatzaileak. «Utikan!», pentsatu nuen.

        Tipo fina zen Ritxar hura. Eskerrak eman genizkion, zintzamari hura uxatu zigulako, eta Bar Amanecer-en sartu ginen zintzurra bustitzera. Xabik proposatu zuen ez ote genuen iluntzean berriz ere elkartu behar, «Bueltaxka bat...?». Etxera joan ginen lehenbiziko, eskolako gauzak utzi eta zerbait jatera.

        Arratsean, Xabik bere etxeko arroltze bat hartu, kaxka-kaxka azalean bi zulo egin, eta ahora sartu zuen gordinik. Niri ere gauza bera egiteko erran zidan, baina nik ezin. Bigarrena ere halaxe irentsi zuen. Gasna mazela eder bat ogi tartean sartu nuen, eta harekin aire. Ttaka-ttaka San Nikolas aldera abiatu ginen. Polizien begiak zelataka sumatu genituen haien automobilen kristal ilunduen gibeletik. Jendea ernarazi nahi zuten kartelek paretak estaltzen zituzten orbel bustiek lurra bezala, berriak zaharren gainean. Espaloi gainean kola arrastoak ikusi genituen, ziudadean «gau-lanean» aritu zirenen salatari. Gizon ttiki bat trajez jauntzia bere buruarekin solasean ari zen Gazteluko Plazako eskaileretan. «¡Adiós, Marinerito!» burla egin zioten ondotik pasatu zitzaizkion bi zurrutero lotsagabek, eta gizona maldizioka hasi zitzaien ondotik segika. Mingainez bizkorragoa zen zangoz baino. Xabi ezin izan zen isilik gelditu, «¡Míralos, qué valientes!» oihu egin zien zirikatzaileei irria ezpainetan, beti bezala. Harritu ziren burlosoak, eta gelditu ere bai, kopeta goiti, ea nor atrebitzen zen haiekin sartzera. Zerbait erran zioten, desafioka, baina txulapaindarra ez zuten aisa kikilduko. «Tenblatzen beldurra nago!» bota zien. Ez zioten konprenitu, noski! «Beldurrez dardarka!» zuzendu nion. «Horixe!» gehitu zuen berak. Bakea gailendu zen, eta bakoitza bere aldera. Eurixka ari zuen, baina aterpea emateko borondate oneko nagusiak aurkitu genituen. Lehenbizikoa Gorritin izan zen, hango zerbitzariarekin euskaraz aritzen ahal ginelako. Gero, guk komeni baino gehiago bisitatu genituen. Presarik ez genuen izan etxera erretiratzeko. Igandean oroituko nintzen, partida jokatu behar baikenuen Lesakan, Kristoenean, gure Etxandi hango Beti Gazteren kontra, eta orduan izanen ziren komeriak! Entrenatu gabe eta astelegun gorrietan egiten nituen ateraldi haiekin, gorputza arras moteltzen ari zitzaidan. Berriz ere erranen zidaten kuadrillako neskek lotsagarria zela ni ezinean ikustea dozena bat urte zaharrago ziren beterano zorro-handi batzuen ondoan lasterka.

        Biharamun goizean, buruko min pizar bat izanagatik, ni nerau joan nintzen ogia erostera, boluntario. Mandatu horretarako batere perezarik ez nuen izaten behin ere. Zerbitzaria neska polit bat zen. Ogia eta esnea erosi nituen. Periodikoa ere behar nuen, eta horretarako bi aukera: Diario de Navarra eta El Pensamiento Navarro. Denbora hartan hagitzez ere informazio gehiago ekartzen zuen Diario-k. Irekiagoa edo modernoagoa zela ere iruditzen zitzaigun. Bi gaik betetzen zuten egun hartako azal osoa, egun haietan bertze konturik ez baitzegoen: «Franco, muy grave. Nueva intervención quirúrgica de urgencia» eta «Crónica de El Aaiún. La marcha verde se encuentra acampada ante el primer tramo español de minas». Maikaren begirada goxoa ere sartu nuen kapazoan. Hark ahantzaraziko zizkidan Espainiak bide zituen problema guziak.

 

 

Fisikako problema batzuk nola edo hala egin behar genituen hurrengo egunerako, eta, ez Xabi ez ni ez izaki hartarako gauza, Ritxarri laguntza eskatu genion, bagenekielako gu baino hobeki moldatzen zela terreno hartan. Izanez ere, irakaslea beldurgarria zen. Sadiko samarra zela ere erranen nuke, gozatzen baitzuen jendeari sufriarazten. Eta guk ez nahi hari halako poxik eman!

        Gure etxeko salan elkartu ginen hirurok bazkalondoan. Koldo ere bertan zen, liburu bat irakurtzen patxada ederrean zigarroa erretzen zuen bitartean. Ritxarrek gelako paretetako posterrei begia eman zien. Hantxe nahasten ziren Italiako aspaldiko proletarioen manifestazioa bide zena, Errenterian izandako kantaldi bat eta Osasunaren denboraldi hartako jokalariak. Tolosarraren mahaiaren ondoan, paper zuriaren gainean errotuladore gorriz eskribituriko hitzak: «Apur dezagun katea, kanta dezagun batera! Hau da fandango! Biba Berango!»; hantxe berean, pegatina batzuk itsatsirik: «Opus EZ!», «Euskal Unibertsitatea».

        Larragako laguna geroxeago agertu zen, siestatik altxatu ondotik. Entrenamendura joan behar zuen, baina aitzinetik kiniela egin nahi zuen, eta guregana etorri zen, opinio eske. Koldok musika paratu zuen magnetofoian. Hamaika tokitan grabaturiko kaseteak ziren. Mikel Laboaren sorgin boza aditu genuen lehenbiziko, eta Etxamendi eta Larralde gero, «Otsagabiiiiiiia...». Ritxarrek galdetu zigun Patxi Muruzabal ezagutzen ote genuen, kantautorea. Aitzineko astean San Pedro auzoko elizan aditu omen zion, protesta egiteko bertan gaua pasatu behar zuten langileei kantatzen. Koldok zeharka begiratu zion gure lagunari, hitzik erran gabe. Troskoa edo anarkoa zen tipo bat ekarri genuela deduzitu zuen. Hirutatik lautan hanka sartzen zuen.

        Telefonoa joka hasi zen eta neronek hartu nuen. Ama zen, zer moduz ote nengoen galdetu zidan, baina batez ere kontatu nahi zidan Agustin Iruñeko psikiatrikora ekarri zutela, Lizaso gaztearekin mutur joka aritu zelako. Eta eroetxera sartu! Hura ez zegoen ero inondik inora. Hark kasu pixka bat eginen zion norbait bertzerik ez zuen behar. Banekien aspaldi gaizki zegoela gizajoa, gurasoak hil zitzaizkionetik. Bakarrik bizi zen plaza ondoko bere etxean, anai-arrebek ez baitzuten gormutua euren gain hartu nahi. Pena sentitu nuen. Amak erran zidan joan beharko nuela bisitaren bat egitera.

        Arratsaldea joan zitzaigun problemak konpondu gabe. Ez zen Fisika aunitz estudiatu behar denbora iragan egiten zela ikasteko. Biharamunean kondenatuen paretan egonen ginen. Irakasleak tiro egin nahi bazigun, ez genuen ihesbiderik izanen. Baina bitartean, gelditzen zitzaigun bizi pizarra aprobetxatu beharko genuen. Xabik galdera bota zuen airera, erantzunik behar ez zuena, «Bueltaxka bat?». Nik falta zuen puska gehitu nion, «Eta tragoxka batzuk?». Etxetik atera baino lehen, hurrengo astean pilotan aritzeko gelditu ginen, Emiliorekin batera, bi biren kontra. San Alberto egunean, Zientzietako Fakultatearen patroiaren egunean.

 

 

Igandean alkasoroarrei merezi genuen egurra eman ziguten lesakarrek. Bizpahiru urte lehenagoko sanfermin haietan gurekin txorakerietan ibiliriko neskatxetako batzuk ikusi nituen bazterretik begira. Haietako zeinek bidali ote zidan karta anonimo hura, «zubiazpikoa» sinatzen zuena? Egia baldin bazen orduan nire gorputz liraina hain tentagarria iruditzen zitzaiola, ederki alegratuko zen amets hark biderik egin ez zuelako. Penagarri aritu nintzela usteko duzue, eta halaxe izan zen.

        Baina Iruñean ginen berriz, herriko frakasoak ahantzirik, Unibertsitatean besta eman ziguten egunean. Santuak ospatu behar baitziren! Eta guk ere geure patroia izaki! Azaroaren hamabortza zen, egun seinalatua.

        Ateri zegoen eta, hortaz, aitzakiarik ez Jito Alai frontoian lau pilotari ospetsuren arteko apustu gogorra jokatzeko. Larragako tigrea eta Iruñeko odol-hotza, Txulapaingo basaren eta Seierrietako kalamidadearen kontra. «Partida erraxa», neure baitan. Bai to! Ez nuen uste Iruñetik beheitiko herrietan pilotan horrela zekitenik! Emiliok bakarrik irabazi zigun gainerako hiruroi, ustez laguna zuena ere kontra aritu baitzitzaion. Hari eskerrak egin genituen dozena erdi bat tanto. Irri ere gogotik egin genuen, eta eskapadako pilotakadarik ez genion elkarri eman. Kontent egoteko motiborik ez genuen falta!

        Futbolaria etxera joan zen, irabazlearen poza garraio, eta gainerako hirurak Parte Zaharrera jo genuen, kontsolamendu eske. Campana karrikan gustuko txokoa harrapatu genuen. Etxekoandrea euskalduna zen, baina iruditu zitzaidan beldurka aritzen zela euskaraz. Izanen zuen hartarako arrazoiren bat, dudarik gabe. Ajoarriero kaxola bana garbitu genuen, eta pintako ardo botila hustu ere bai. Kafea hartzeko tenorean mutil azkar bat sartu zen ostatuan geundenoi itsuen zozketarako txartelak eskaintzera. Lehenbiziko mostradorean bere xurrupa egin eta gero guregana etorri zen. Antiojo lodi horietakoak zituen, eta gorraizea dutenek hobeki aditzeko aparatu bat. Agustinez oroitu nintzen. Nola ote zegoen kartzela berrian? Guk deus erran gabe solasean fuerte hasi zitzaigun, edanak emaniko indarrari esker, segur aski, «Franco se está muriendo. ¡Que se joda!». Ritxar eta biok isilik, baina Xabik segitzera animatu zuen. «¡Es mala persona! Ha hecho mucho daño a la gente. ¡Al infierno se ha de ir!». Etxeko nagusiak sukaldetik begiratzen zigun kopeta beltz. Txartel bat eskatu nion, bortz pezetakoa eskuan utzirik. «¡Mucha suerte!» erran zidan. «¡Mucha suerte en el amor!» argitu zuen. Atera zenean, Poliziaren autoen sirenak inguruetan garrasika aditu genituen. Hala ere, hantxe segitu genuen mahaiko lana ongi akabatu arte.

        Izanez ere, arrats hartan ere bagenuen dibertsioa, baina karrikan aditzen ziren dinbi eta danba haiek ez ziren etxafuegoenak. Fusilen tiroak ziren. San Nikolas aldean kezko potoak eta pilotak partitzen ari zirela ohartu ginen, eta toki lasaiagoren bat bilatzea erabaki genuen, Xabi lepotik harturik, hark nahiago baitzuen musika jotzen ari ziren tokira joan.

        Erburura sartu ginen, etxeko patxarana emanen zigutelako esperantzarekin. Jende franko zegoen barrenean. Gure fakultateko ikaskide batzuk ere hantxe, afaldu berriak eta umore ezin hobean. Haien ondoan jartzeko tokia egin ziguten. Kantuan hasi ginen, «Hay que quemar el Opus Dei...», eta «Biba San Alberto» irrintzika.

        Handik guttira, ostatuko atea kolpean ireki, eta jende multzo handi bat sartu zen bata bertzeari bulkaka. Lokala bete egin zen bat-batean. Polizien tiroak eta manifestatzaileen oihuak aditu genituen. Segituan, neska-mutil batzuk etorri ziren ikara begietan, eta erran zuten kasu emateko grisak taberna guziak husten ari zirela eta hobe zela handik ospa egitea.

        Kanpora atera ginen jende gehienarekin batera. Uniformedunek Kale Nagusitik begiratzen ziguten euren fusilen muturrak guri zuzendurik. Ritxarrek erran zuen hobe genuela Jarauta aldera. Mugitzeko keinurik egin baino lehen, Xabik euskaraz hobekien ikasiriko hitza harrika bota zuen airean bere indar guziarekin, «As-ka-ta-su-na! As-ka-ta-su-na!». Nahikoa izan zen gainerakook ere gauza bera egiteko, isiltzen ez zen oihartzunaren modura. Poliziek gugana egin zuten amorru bizian, batzuek makila eta bertzeek zizpa eskuetan. Lasterka hasi ginen bakoitza bere aldetik, urrats beldurgarrien soinua eta gomazko piloten txistua aditzen genituela. Klaseko neska polit batek Xabi eskutik hartu zuela ohartu nintzelarik, zerbait erratea pentsatu nuen, baina ez zen brometarako tenorea eta aitzinera tiratu nuen heriosuhar itsu-itsuan.

        Zapateria karrikan pausoa mantsotzen joan ginen iheslariak. Iduri zuen aspertu zirela segika genituenak, edo bertze bideren bat hartu zutela. Gure tropa karrika estuen labirintoan barreiatua zegoen, eta soldaduak bakarka edo binaka joaki ginen, norarik gabe, berriz ere zein plazatan elkartuko. Lagunik ez nuen ikusten inguruan eta etxera joan beharko nuela pentsatzen hasi nintzen. Inor preso hartu ote zuten? Ezin jakin.

        Leiho batetik abisu eman ziguten Komedias aldetik heldu zirela zezen baldar haiek, eta hankei biziago mugitzeko agindua eman genien. Bertze eraso gogor bat. Oihuak eta tiroak berriz, eta hatsa handiturik. Merkaderes beheiti abiatu ginen multzo eder bat, eta nire aitzinean joaki zen neska ile-motx batek zapata galdu zuela ohartu nintzen. Doi-doian hartu nuen lurretik, printzesa hari bueltatzeko ideian. Nabarreriako atari batean sartzen ikusi nuen. Jendeak segitu zuen, baina nik ate huraxe bera bulkatu nuen. Barrenean, neska lehenbiziko eskailbururaino ailegatua zen. Burua bueltatu zuen nor nintzen ikusteko.

        «Aibadios!» atera zitzaidan. Axun irundarra zen! Aho zabalik gelditu nintzen, oinetakoa eskuan. «Martin Irazoki!» erran zuen berak. «Ez amurri ta ez izoki!» nik. Etxe hartako bigarren pisuan bizi zen. Sartzera gonbidatu ninduen. Ez nion ezetz erran.

        Ez zegoen bertze inor etxean. Sarrera gelako lanpara itzali zuen. Biok isilik parez pare ilunpetan. Balkoiko atearen kristaletik kanpoko farola baten argia sartzen zen eta distira ahul bat eragiten zuen Axunen begietako kristaletan. Pasabide luzearen erdian besarkatu ginen. Ausiki egin zidan azpiko ezpainean, musu luze batean mingainek elkar bilatzen hasi baino lehen. Laranja gustua zuen. Lepotik eraman ninduen bere kuartoraino. Ohatzearen gainera erori ginen trabaturik, arropa kentzen genuen bitartean.

        — Titiak handitu zaizkin.

        — Badakik, piku-esnea...

        Gela ttiki-ttiki bat zen, leihorik ere ez zuena. Kamainak ere haur batena iduri zuen. Batere ez inporta guri, ordea.

        — Hau misto kaxa bat dun!

        Su hartu genuen hantxe.