Alkasoroko Benta
Alkasoroko Benta
2013, nobela
176 orrialde
978-84-92468-45-4
azala: Unai Iturriaga
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2001, narrazioak
 

 

AXUNEKIN MUGAZ BERTZALDERA

 

Txoferrak gibelera begiratu zuen, koleraturik, guri errieta egiteko. Motorra gelditzeko mehatxua eta begiradarik zorrotzenarekin tiro, gehienbat azkeneko lerroan jarriak geundenoi. Besoa haraino luze izatera, lepotik bat-banaka hartu eta kanpora aterako gintuen. Ezbeharra izateko ere arriskua bazen, baina autobusak bere martxan segitu zuen, jira ezkerrera, buelta eskuinera, gidari automatikoa balu bezala. Egunero bide bera lau aldiz egiten zuen Bidasotarra bereziak sei herrietako jendea Irungo institutura garraiatzen zuen bidaian, Pio Barojara.

        Neska-mutiko tropa harentzat abentura paregabea zen eguneroko espedizio hura. Ez zen basamortu mugarik gabean edo piztia beldurgarriz beteriko oihanean galtzea, baina Endarlatsako zintzurrak errespetua jartzen zuen, alde batean ur-putzua eta bertzean harrizko pareta. Gure autobusa Lesakako fabrikako kamioitzarren batekin gurutzatzen zelarik, elkarri hautsa kentzen zioten, eta guk ui-ui-ui egiten genuen txorakeriatan, hura josteta balitz bezala.

        Horretaz aparte, bideko txoko bakoitzak bazuen historia berezi bat, guk aldiro geure buruan berritzen genuena. «Hor ito zen Gabriel bere Renault 8 berriarekin! Hementxe hil ziren Etxegarairen eta Altzuriren aitak ni jaio nintzen urtean! Lerrakura izan eta, badakizu, mendi erdia gainera erori zitzaien!». Kontrabandistek eta portugesek muga-ibaia nondik pasatzen zuten... Eta gu, mukiak leihoko kristalean, gozotegiko eskaparatean, dena irensteko prest.

        Egun hartan, Endarlatsako amuarrainen etxearen paretik pasatu eta haren leihoak itxirik ikustean, aitzineko larunbat gauean izaniko mugimendua imajinatu nuen. Bertan izana zen Tomas Tturko. Hala kontatu zigun igandean, markako bestondoari buelta eman ezinik. Etxeari teilatua eman eta bizkar besta egin omen zuten. Bera izaki igeltsero kuadrillako gazteena, hamasei urte bete berriak, eta, oraindik estreinatu gabea baitzen, beteranoek tentatu, nonbait, ezetz bi aldiz jo. Berak baietz hirutan. Eta apustua irabazi! Lau lagunendako afaria Rusoarenean.

        Herrian poliki famatu zen gerora! «Kanaberak tente Endarlatsa partean, eta klase aunitzetako arrantzaleak!», erraten zigun zalapartaka Tturkoeneko xexenak, kartel puskatu hartan Las Truchas paratzen zuen negozioa aipatzean.

        Alkasoroarrak goizean goiz ohartuak ginen nola heldu zen Urrabia. Gutti falta kanposantua ere azpian hartzeko. Izanez ere, euria jautsi ahala bota zuen aitzineko egunetan, gure herriko betiko maneran. Haren ura hartzen zuen Bidasoa ere karga-karga heldu zen. Gipuzkoara sartzeko zubia gurutzatu eta errepide bazterreko landa batzuk ur azpian ikusi genituen.

        Behobiatik hurbil, errebuelta arriskutsuenaren ondoko etxean, neska ilehoriaren begiak zintzilik zeuden leihoan, gure esperoan, eta denak harekin espantuka. Nik denbora hartan, ordea, bertze nonbait nuen kaskoa, «A años luz», erranen zuen Sugeak, Fisikako irakasle zorrotzak, eta begirada soraioago galtzen zitzaidan Biriatuko mendi mazeletan barna, geroxeago Irungo karriketan harat-honat ibilki zen jende guziaren aurpegiak harrapatzeko ehizan hasi baino lehen.

 

 

Institutuan hamalau-hamabortz urtetik goitiko neskak eta mutilak gela berean elkartu gintuzten lehenbiziko aldiz. Espainiak modernizatzen ari zela erakutsi nahi zuen, nonbait. Ez nolanahi, ordea; elkarrekin paratu gintuzten, baina nahasi gabe: bi lerrotan arrak eta bakarrean emeak. Horregatik, segur aski, harrotuxeagoak ibili ginen urte hartan denak. Nire notak ez ziren aitzineko urteetakoak bezain onak, eta etxean gurasoak ez nituen sobera kontent.

        Astelehen hartan, hamaiketako atsedenaldiaren ondotik gelara sartzen ari ginela, ondora etorri eta paper zimurtu bat eman zidan eskura Axunek. Ez zen lehenbiziko aldia, gisa berean bertze dozena erdi bat hartuak nituen kurtsoa hasi zenetik. «Klaseko ezpainik ederrenak, hireak, dudik gabe!»; «amets egin diat hirekin!»; «negozioren bat paratu behar diguk elkarrekin»; «zergatik ez didak erantzuten?». Nola nahi duzue nik eskolan fundamentuzko deus egitea? Erdi gordeka irakurri behar izan nuen hura ere, nerbioso eta beldurka, irakaslea ez ote zen ohartuko. «Heldu haiz nirekin Hendaiara gaur arratsaldean? Lauretan Las Vegasen». Begiekin bilatu nuen, eta serio ikusi nuen bere tokian, lanean ari zelako itxura egiten. Ni, berriz, ezinegonean, neska eroxka hark noraino joan nahi ote zuen pentsatzen.

        Taldeko neska gehienak baino ttikiagoa zen tamainaz, baina ez zuen ematen inporta zionik sobera. Burua tente ibiltzen zen, lotsagabekeria aire batekin. Eta mutilekin gogorraren papera egitea gustatzen zitzaion. Ni ustekabean harrapatu ninduen, ez bainuen uste gisa hartako neskak nahiko lukeen tipoa nintzela. Baina, aizu, hura interesatua baldin bazegoen, ni harro! Aparte, egia erran behar badut, gustatzen zitzaidan sorgin beltxaran hura, eta niki-atorren kontra estutzen ziren titi polit haiek, mutil itxura ematen zion ile motx harekin.

        Nolanahi dela, goizak aitzinera segitu zuen eta hondarreko klasea Hizkuntza eta Literaturakoa genuen. Gaztea zen irakaslea, karrera akabatu berri, eta hura bide zuen lehenbiziko urtea eskola ematen. Berezia, ordura arte izan genituenak ez bezalakoa. Ikasleontzat handikeriarik eta gorrotorik gabea. Hala iduri zuen behinik behin. Berarekin solas egiteko erraten zigun, geure opinionea emateko, eta ados jarriko ginela. Estilo bereko hiruzpalau irakasle etorriak ziren batera urte hartan Pio Barojara. Kanbio handia guretzat! Bertzela usatuak ginen. Jo gabe ere, zigorraren dotrina ibiltzen zuten lehengo zaharrek. Bakarren bat salbatzen zen, baina gehienak halaxe.

        Kostatu egin zitzaigun bide berrietatik ibiltzen ikastea. Bigun jokatzen zuela ikusirik, bat baino gehiago zakartu zen. Irakaslea larri, ez baitzuen kastiguaz baliatu nahi. Eta nola burutu onean obeditu nahi ez zutenekin? Niri pena pixka bat ematen zidan Maite Sunsundegi hark —halaxe zuen izena—, iruditzen baitzitzaidan ez zuela horrelakorik merezi. Kasu egiten nion eta zintzo samar portatzen nintzen, nire modura.

        Akaso horregatik eskatu zidan egun hartan ere arbel ondora joateko eta hantxe zutik denei leitzeko nobelako pasarte bat. «Irazoki, aterako zara irakurtzera, faborez?». Ez nuen batere gogorik, baina nola erran ezetz, hain xarmanki eskatuz gero!

        Dostoievskiren Krimena eta zigorra eskura eman eta lapitzarekin markatu zidan nondik noraino nahi zuen. Ikaskideei isiltzeko agindu eta hasteko keinu egin zidan.

        Nerbioso samar nengoen, jende guzia begira nuela pentsaturik. Oroitu nintzen ttikitan behin nesken gelan belauniko egotera zigortu nindutela, denek nitaz irri egin zezaten. Ni umiliatzeko! Ez zen gauza bera, baina ez nengoen batere lasai. Halere, hasi egin behar!

        «Ezin segundo bakar bat ere galdu. Aizkora berokiaren azpitik atera, bi eskuekin gora altxa, eta, amorraziorik gabe, mugimendu mekaniko arrunt bat eginez, atsoaren buruaren gainean erortzen utzi zuen... Aizkorak buruaren aurreko partean jo zuen. Biktimak oihu ahul bat egin zuen...». Zer zen astakeria hura? Gaizki sentitzen hasi nintzen, zulo moduko bat estomaka partean. Istant bat gelditu, hatsa sosegatzeko, eta segi. «Raskolnikofek bere indar guztiekin beste bi aizkorakada eman zizkion toki berean, eta odola borborka atera zen, iraulitako ontzi batetik bezala...». «Eta odola bor-bor-ka a-te-ra zen, i-rau-li-ta-ko on-tzi ba-te-tik be-za-la...», hitzak nire kolkorako errepikatu nituen, kanpora bakar bat ere isuri gabe. Zorabiatzen nintzela sentitu nuen. Begietan lainoa, eta eskuak daldaraka. Izerdi hotza sumatu nuen lepo aldean.

        «Martin! Martin!», nire izena aditu nuenean ernatu nintzen. Maite irakaslearen begiak ikusi nituen, eta haren ondoan ikasketa-burua, Otsua erraten geniona. Ez nuen entenditzen zergatik nengoen lurrean. Klaseko gainerako guziak joanak ziren etxera. Lotsatu egin nintzen. «Ongi zaude?». Baietz erran nien. Banuen buruko min isil bat, ordea. Etxera deitu nahi zuten telefonoz, baina ezetz nik, kezkatuko zirela eta ez zegoela horretarako arrazoirik. Ez izateko kuidadorik, izebarenera joan behar nuela bazkaltzera eta hark eginen zidala kasu.

        Irungo izeba Marisarenera joaten nintzen eguerdian, arratsaldean klaserik baldin banuen. Besoak zabalik hartzen ninduten izebak eta lehengusu-lehengusinek, «Begira nor etorri den! Alkasoroko mutikorik guapoena!». Amoña xaharrak marmar batzuk egiten zituen, «Etorri, etorri! Fonda merkea izaki hau!», baina inork ez zion aditu ere egiten. Etxe hark ere bazuen misterio zerbait niretzat. Osaba arrantzalea itsasoan hila zen. «Etxe hau adinako olatu batek jo du barkua eta osaba itsasora erori!», kontatua zidan orduan amak. Eta nire imajinazioan itsaso izugarri gaizto bat ikusten nuen. Salan bazuten nik egundaino ikusi gabeko mapa bat, marra eta numero aunitz zituena. Ernesto lehengusuak behatzarekin bi irla seinalatzen zizkidan, «Ikusten hemen? Saint Pierre eta Miquelon! Hortxe ito zen...».

        Mahaitik altxatzean papera ukitu nuen sakelan, eta bertzeetan baino goizago abiatu nintzen Institutu aldera. «Bazkaldu eta martxa! Konkorriko salbo! Nora hoaie mutiko? Ez egin piper, e! Ea gero!». Bistan zen amoñak eskarmentu handia zuela gazte jendea kontrolatzen. Baina deus nabaritu ote zidan? Ez zen posible! Karrikak jendez beteak zeuden. Zenbat zelatari ote nituen segika? Galtzetako sakelatik paper zimurtua atera eta berriz irakurri nuen, «Heldu haiz nirekin Hendaiara gaur arratsaldean? Lauretan Las Vegasen».

 

 

Ez nintzen sekula ibilia Topoa erraten zioten tren koxkorrean. Aulkian jarri ordukoz zigarroa biztu zuen. Camel pakete bat zuen, filtrorik gabeak. «Nahi?», eskaini zidan. Ez nuela erretzen. Probatua nuela aspaldi, xorta erraten genionetik lehenbiziko, baina berak ez zuela jakinen zer zen, arboletatik zintzilika izaten ziren soka moduko makila idor batzuk. Eta tabakoa ere bai (Ernestok behin misterio handiz erakutsi zidanaz oroitu nintzen), ahoko berezia zuen marka bat, True.

        Bertze hitzik egin gabe joan ginen bidaia osoan. Joanketua nintzen lehenago ere Hendaiara. Galtza bakeroak erostera eta, amarekin behin baino gehiagotan. Eta futboleko galtzerdi luzeak ere erosi zizkidan aldi batean. Hagitz politak, inork ez zuen halakorik ekipoan, zuri, berde eta gorriak.

        «Goazen!», buruarekin hari segitzeko keinu egin zidan geltokian jautsi ginenean. Ez nekien zertara joanak ginen. «Zuk ez erran deus ere!», agindu zidan. «Ikusi eta ixo!». Liburu-denda batera sartu ginen. Bueltaxka bat eman genuen liburu eta aldizkarien azalei begira, barrenean zeuden klienteek euren erosketak egin bitartean. Saltzailea libre ikusi zuelarik, Axun bizi-bizi hurbildu zen mostradorera. Ni haren ondotik beti. Galtzen gibeleko sakelatik 20 liberako billetea atera eta «Deux Penthouse!» eskatu zion kolpean. Gizonak begietara begiratu zion Axun ttikiari, serio, galdeka bezala, «Zertako nahi ditun hik horiek, mukizu horrek!». Gero, hatsa luze isuri zuen, jende nekatu edo aspertuaren gisara, gorputza jiratu bidenabar. Apal batean zeuden azal distiratsuko bi aldizkari mostradore gainean utzi zituen. Bioi begiratu zigun orduan. Non sartu ez nekien. Axunek aldizkariak eta sobrante ziren sos pixarrak bildu eta ospa atera ginen handik ziztu bizian.

        Tren estaziora ailegatzean, toilettes paratzen zuen tokiren bat bilatzeko erran zidan. Nesken komun batera sarrarazi ninduen erdi bulkaka. «Mugako guardiek hau ikusten badigute, gutxiena kentzea izanen duk!», hasi zitzaidan erraten. Bi errebista haietako bat hartu eta orriak pasatzen hasi zen, «A, ze neska puskak, e? Gustatzen zaizkik?». Ez nion kontestarik eman. «Sartzak hau jertse azpian, eta gerrikoarekin kontu; hik bat eta nik bertzea, bale?». Orduan ere ez nuen aukerarik. «Badakik... anaiarentzat dituk», aitortu zidan. «Hogeita bost pezeta ematen zizkidak propina, mandatua egite alde. Bera aspertzen denean, pasako dizkiat!». Ez nion ezetz erran.

        Bagoira sartu eta bakoitza bere aulkian jarri ginen, elkarren ondoan. Zakilaren gainean nabaritzen nuen aldizkariaren ertz zorrotza, baina disimulatu behar. Jende gutti trenean. Kaskasoil batek zulatu zigun txartela. Urrundik ikusi genituen mugazaintzan ari bide ziren guardia zibilak hurbiltzen. Lasai ederrean pasatu ziren gure paretik, kontu-kontari, «Y la tía va y me dice que no tengo cojones...». Etorri bezala joan ziren. Inporta zitzaien haiei gure kontrabandoa! Baina orduan konturatu nintzen paperik gabe pasatu nuela muga! Nik ez bainuen artean pasaporterik. Eskapada ederra egin nuen!

        Etxeraino lagundu nion Axuni. Ezin zen karga harekin hor barna nolanahi ibili. Anaka auzoan bizi zen, laugarren pisu batean. Elkarrekin sartu ginen atarira. «Mila esker laguntzeagatik...», hasi zen erraten, baina eskailerak goiti abiatu gabe. Hantxe geldirik, niri begira. «Ira, musurik eman diok inoiz inori?». Nire apurua! Nik ezetz buruarekin. «Nahi huke?». Zer erran behar nion! «Bueno...». Ondo-ondoraino hurbildu zitzaidan. Haren titi puntak nire petxuaren kontra sentitu nituen. Erran zidan ttikiak zituela, eta ni orduan Konde pelukeroak kontatuaz oroitu nintzen, piku-esnearekin igurzteko eta horrela edertuko zitzaizkiola. Eskuarekin zapla eman zidan matelan, minik egin gabe, horrelako txorakeriarik ez errateko. Ahoa hurbildu zuen nirera. Isilik, bion hatsak bertzerik ez. Goizean Literatura klasean bezala, berriz ere zorabiatzeko gutti falta nuen. Ohartu orduko, kosk, hortzekin ausiki ttiki bat egin zidan azpiko ezpainean! Aldizkaria lurrera lerratu zitzaidan jertse azpitik, justu emakume bat eskaileretan agertu zenean. Eskua segituan luzatu nion, baina emakumeak azala garbi ikusi zuen. «Buenas tardes», erran zigun, erdi burlaka bezala. Axun eskailerak goiti joaki zen saltoka, ni airean utzirik, zurrunbilo epel baten erdian.

 

 

Berriz ere neure onera bueltatu nintzelarik, Bidasotarraren barrenean harrapatu nuen neure burua. Zalaindik hurbil, Montoiako malda igaten ari ginela, zentral elektrikoko langile bat ikusarazi zidaten begiek hantxe, zubi zintzilikatuaren erdian, Bidasoari begira, zigarroa erretzen patxada ederrean. Buila eta kasaila handi samarra nuen inguruan, baina ez zen txoferraren marmarrik aditzen, Patziku baitzen, arratsaldeetako txandan ibiltzen zen bihotz oneko zurruteroa. Irunen dozena erdi bat basoerdi hartu izanen zituen eta gustura heldu zen bueltan herrira, iluntzeko mus partida amets. Beharri atzean min ezagun bat sumatu nuen. Norbait ari zen gomazko tirabikearekin paper bildu gogortua botatzen. Gibelera jiratu nuen burua eta bertze bat makurtzen ikusi nuen. «Gabika! Kabroia! Ikusiko duk gero!». Egurrezko xardangoarekin txoriei bezala, bi behatzekin ere ez zuen hutsik egiten nire lagunik hoberenak. Harekin aritzen nintzen gehien borrokan, eta jostetan ere bai.

        Oinez egin behar izaten genuen alkasoroarrek geure herrira joateko hondarreko bide puska, autobusak Berako bidegurutzean uzten baikintuen. Herriaren sarreran bazen baserri auzo bat. Hartan, Oilartegi paretik pasatzean, Lorentxo bere aurpegi errearekin ikusi genuen etxe aitzineko haritzaren gerizan, lurrean jarrita, begiak urrunera apuntatzen baina bere baitara begira.

        Etxetik hurbil, Urrabia gaineko zubian Xari gure txakurra saingaka agertu zitzaidan, buztan luze hura dantzatzen. Ustekabea eman zidan, Lizuniagara eramana baikenuen, osaba-izeben bentara, ohara zegoelakoz, hango arraza bereko arrarekin gurutzatzera. Zuri-zuriak ziren biak, eta halaxekoak nahi gure etxean!

        Gaixoa Xari! Bazuen Alkasoron berean Beltx izeneko pretendiente bat, Felizianorena, tturkotarren etxean jaioa. Eta nola gizon hura gure Bentan erdi apopilo bizi zen, etxeko bezala genituen hura eta haren lagun ilezua.

        Bi txakurrek arrunt ongi hartzen zuten elkar; beti jostetan! Haiek bai, elkarri zenbat musu eta balaku! Baina nire gurasoek gauza gustagarriena galarazi! Batak bertzea gehien behar zutenean, emea bereizi eta urrun eraman! Kontu horretarako, txakurren bizimodua ere ez zen batere inbidiagarria.

        Etxera sartzean, amak erran zidan Xariren alta-denbora pasatua zela, Lizuniagako arrari ez ziolako gainean paratzera uzten. Horregatik ekarri zutela berriz ere etxera, baina, halere, bera ez zela oraindik sobera fidatzen. Kasu emateko Beltxekin. Oraindik ere zerbait sumatzen ziola gure txakurrari. «Zu ere ez zaitut ongi ikusten!», bota zidan orduan. «Aber begi horiek! Eri zaude?». Ezetz, nik, eta salara joan nintzen, ogia eta txokolatea hartuta. Oraindik daldara bat nuen gorputz osoan.

        Salako armairu-apalategian Larousse entziklopedia genuen, amak etxez etxe ibiltzen diren saltzaile horietako bati erosia. Zazpigarren liburu potoloa hartu nuen, Martí-Ozu. Estudiatzera edo joaten nintzen aldiro gauza bera egiten nuen. Entziklopedia osoko gorputz biluzi bakarra bilatzen nuen. Modiglianiren emakume atsegin hura hantxe egoten zen nire esperoan, niri begira, bere gorputz ederra erakusten, eskuak buruaren gibelean, etzinda lasai, deusen kezkarik ez zuela. Axun imajinatu nuen postura berean, zigarroa ezpainean, bere lotsagabekeria natural harekin.

 

 

Biharamun goizean eskolara joateko deitu zigun amak, egunero bezala. Baina, oihu egiteko maneragatik, ezagun zuen zerbait txarra pasatu zela. Koleratua zegoen. Zer ote zuen? Jaiki eta sukaldera joan nintzen. Ama dendan ari zen, mostradorean zerbitzatzen. Txokolate hautsa ausarki bota nuen katiluko esnearen gainean, eta zopa batzuk gero, eguneko ogi berriarekin. Bero-bero hartzea gustatzen zitzaidan, nahiz eta jakin gero hertzeak protestan hasiko zitzaizkidala eta disimuluan ibili beharko nuela usain txarrarekin ingurukoak ez uxatzeko. Ama niregana etorri zen sutan. Xari falta zen. Gaua kanpoan emana zuen, «Parrandan!», eta Tturkoene aldean ikusi zuten Beltxekin goxo-goxo, jo eta kea, Lizuniagako arrarekin egin ez zuena egiten!

        Handik bizpahiru hilabetera lau ume xuri-beltx ekarri zituen mundura gure txakur zuriak. Haien aitak berak zabaldu zien berria alkasoroar guziei: Beltxek gure bentako atean sainga batean pasatu zuen egun osoa.