Alkasoroko Benta
Alkasoroko Benta
2013, nobela
176 orrialde
978-84-92468-45-4
azala: Unai Iturriaga
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2001, narrazioak
 

 

ALKASOROKO KONDEA

 

Amak ilea moztera bidali ninduen. Komunio solemnea egin behar nuen hurrengo igandean eta ilea sobera luzea omen nuen. Ez zidan inolako graziarik egiten zeremonia xelebre hura pasatu beharrak. Maritxu jostunak galtza berriak egin behar zizkidan. Galtza motzak! «Hau mutiko ederra! A, ze aztalak!», erraten zuen emakumeak, esku bateko behatzen artean orratza eta bertzeko batean titarea, sudurren puntaren gainean zituen luneten gainetik begiratuz. «Nahi duzu pastela jan? Gaur bertan eginak ditut!». Nola erran ezetz? Bekatua zen Maritxuren pastelak ez jatea! Amarenak bezain onak, edo hortxe-hortxe. Berriz ere eder egonen nintzen ni! Irri eginen zidaten eskolan gimnasiako klasean, apezak ekarri zituen aparatu berri haien gainetik salto egiteko gauza ez nintzelako. Eta jaunartze handiaren teatro egunean ere bai!

        Konderen pelukeriara joan nintzen. Bi hankako eta lau hankako astoei ilea mozten zien munduko pelukero bakarra. Bidasoalde osoan ibiltzen zen azienda horiei gorputzeko karga arintzen. «Ez duk diferentzia handirik, arima salbu!», erraten zidan ero begi haiekin nireetara begira. Harenera bidaltzen ninduen beti amak, nahiz eta gizonak haize puska izan, tturkotarrekin harreman berezia genuelako.

        Ez nintzen harritu oihuka ari zela ikusi nuelarik. Beti izaten baitzuen zerbait gizon hark! Noren kontra ari ere ez zion batere inporta, Franco edo Aita Santua izan hura ez zen isilduko. Eta parrokianoaren tokian jarrita egotea arrunt beldurgarria izaten zen batzuetan. Aulki elektrikoan bezalaxe. Egun hartan, maldizioka ari zen bitartean, bizarnabala Xankailoren lepoan zuen. Gizonaren posturan, nork erran hari deus ere?

        Baina ortzirale hartan koleratua egoteko egiazko arrazoia zuen. Sekulakoak erraten ari zen Etxandieneko amerikanoaren kontra. Ile-moztailearen familia maizter bizi zen etxea bota nahi zuen aberats berriak. Berako harrobiko nagusiarekin sozio jarria zen, eta Tturkoenea suntsitzeko plana egina zuten, paraje hartatik harria atera gogo zutelako. Canteras Etxandi S.A. Sartu dinamita ausarki eta dena xehatu eta porrokatu!

        Etxearen jabeak azkeneko abisua zela erran zien, hilabete bat zuten handik alde egiteko. Nola zen posible! Bortzehun urte eginak zituzten tturkotarrek etxe hartan! Hori erraten zuen Kondek sutan. «Alkasoroko etxerik nobleena suntsitu? Turkoen kuartela? Eta Aiuntamientoak hori ametitu! Ai redios!». Xankailoren aurpegia ikusi nuen ispilu handian. Bekainak goiti eginak zituen, erne. Zergatik gogoratu ote zitzaion bizarra moztera preziso egun hartan joatea?

        «Erran amari piku-esnea emateko soil horretan!», oihu egin zidan gizonak kanpora ateratzen ari nintzelarik, ezkerreko beharriaren gainean bost durokoaren tamainako jaio-seinalea bainuen. Ilea motx-motx, etxera ailegatzean kanpoan gelditu nintzen, mendialdera begira. Erdi gaztelua iduri zuen etxetzarra ongi ikusten zen gurearen aitzineko aldetik, harro eta tente Harrintzo izeneko harmasa handi baten gainean. Harkaitz hark bazituen mila gordeleku, basa-konejuen bizitoki, ondoan bizi zen familiak sekula goserik ez pasatzeko. Gu ere ibiltzen ginen tarteka haiei segika. Haren beheitiko partean, berriz, errepide nagusira joateko gurdibidea hasten zen tokian, lamizulo bat bazen, eta, haren sarrera zaintzeko guardia bezala, intxaurrondo eder bat ere bai, herri osoko joriena. Haiek ere probatuak nituela ezin ukatu, agudo salatuko ninduen eskuetan iratsia gelditzen zen azal berdearen tortikak.

 

 

Igandeko meza nagusian jendez betea zegoen eliza. Komunio solemnea egin behar genuen dozena bat mutikok eta bertze horrenbertze neskatxak. Ez dakit justu zer erran nahi zuen komeria hark, baina apez jendeak itxura egin nahiko zuen, hamaika edo hamabi urterekin baginela gauza zer egiten ari ginen ohartzeko. Bortz urte lehenago lehenbiziko jaunartzea egin genuenean ez bezala.

        Eta arrazoi zuten, zerbaitez konturatzeko adina genuen! Ohartu nintzen han bildu ginen gehienek elizako kontuekin interes handirik ez genuela egun hartan, hain zuzen ere. Han, gazte sail bat eskaparate batean geunden, gure herritarren ikusi-nahia asetzeko espres. Berriki haur zoldazu batzuk ginenak aldatzen ari ginen, eta ez ziguten begirik gainetik kentzen. Ez nola geunden jauntziak eta orraztuak bakarrik! Nor zegoen gixonago, nor haurrago, nor gizendu zen, nor zen kankailu handia, zein hankaluzea, nori ateri zitzaion bixarra... Eta neskatan igualtsu, alde guzietatik neurtu zituzten. Planak ere egiten hasi izanen zen bat baino gehiago: «Horrako hori etxekoz ez litzeke gaizki!».

        Egia erran nire begientzat ere besta eguna izan zen hura. Ondoan genituen mari-pertxenta guziak kontenplatzen poliki distraitu nintzen. Haietako bati eman nion begia bereziki. Bertzeak ez bezala zegoen jauntzia, abitu zuri luze bat eramaki zuen soinean, mojen gisara. Banekien Lourdes zuela izena, frantseseko klase partikularrera elkarrekin joaten ginelako. Ordura arte ez nion erreparatu, baina ederra iruditu zitzaidan. Ni, berriz, beztimenda harekin inorentzat gustagarria ote nintzen? Galtza itsusi mortal haiek izter zuri gurietako odol-hari gorriak agerian uzten zituzten. Hotza egiten zuen!

        Osaba Anjelek paga berezia eman zidan elizatik ateratzean. Huraxe nuen aitabitxi. Harekin hegaka joan nintzen pasteleriara gainerako lagunekin, kontsolamendu eske. Kremazko opil guziak saldu zituen egun hartan Paskualitak. Izeba Elenek emanen zidana eltzeitsuan sartuko nuen, bestetarako altxatzeko.

 

 

Igandeetan ere egun osoan egoten zen irekia gure denda-ostatua, baina jendeak jeneralean bakean samar uzten gintuen bazkaltzeko tenorean. Ensaladilla rusa espeziala prestatu zigun egun hartan amak. Ongi hornitua, behar zituen guziekin; maionesa mintz batek tapatzen zuen dena, eta haren gainetik piper gorri batzuk, apaingarri gisara. «Espainiako bandera!», erran zuen arrebak. Ez zigun sobera inporta Errusiakoa izanda ere. Zopa, nahi zuenarentzat, eta etxeko oilaskoa gero, labean errea. Ez zen sobrante handirik gelditu. Eta mahai azpiko gure lagunaren buztan luzearen dantza ere ikusgarria zen. Bati eta bertzeari eskean, polliki bildu zuen, koplarik kantatu beharrik izan gabe.

        Ama eta aita Etxandieneko amerikanoaz aritu ziren. Nola etorria zen urrez kargaturiko ez dakit zenbat measaskirekin! Baina, hala ere, nolako diru-gosea zuen, nola paratu gogo zuen benta bat Ibardinen, nola hasia zen harrobiko nagusiarekin partzuer, nola erosiak zituzten lurrak harria ateratzeko, eta ea zer egin behar zuten tturkotarrek orain!

        Kafea hartzeko orduan norbait sumatu genuen ate joka. Xole zen, Konderen emaztea. Sukalderaino sartu zen. «Pasa hadi, pasa hadi, kafea hartzen ari gaitun! Hik ere hartuko dun?», gure amak. «Bai, eta ateri ezan ttantta ere bai!», erran zion emakumeak aurpegia irriz betea. Orduan, amak kopa ttiki bat armairutik hartu eta anisetaz bete zuen, marra gorriraino. Pastel luxe bat paratu zion gainean. «Zer besta duzue?», galdetu zuen. «To, komunio nagusia! Hobe duk etxeko ogi puska on bat, elizan ematen duten hori biño, alafede!», erran zuen niri begira, eta berriz ere irriz lehertu emakumea. Aitak kopeta pixka bat belztu zuen. «Karmen, kasu ematen ahal dun, mutiko hau segituan hasiko zain alhatzen!», eta irria borbor, solas egiten zuen aldiro bezala.

        Telefonoz deitzera etorria zen. Alaba zaharrenari deitu nahi zion, Pasaiara, harat esposatua baitzen. Amak eskatu zion konferentzia, eta telefonoa beharrian paratu ere bai, noizbait ere buruan paratu zuela jakinik, herriko telefono-zentraleko langileari hala ikusita. «Eskerrik asko, Karmen, eskerrik asko aunitz!». Eskua hartu zion amari, begietara begira eta amultsuki beti. Anaiak eta arreba kanpora joan ziren, eta aita siesta egitera, baina ni ostatuan gelditu nintzen, pilota txar batekin jostetan. Xolek oihuka egiten zuen telefonoz, alabak ez ziola ongi adituko uste zuelako. Erdi irriz erdi negarrez, amerikanoaren ultimatumaren berri eman zion. «Etxandieneko suge zital hori, alafede! Xinaurria izatera... hankapean kasatuko nuke!». Sakelatik painelua atera eta zintz egin zuen bizpahiru aldiz.

        — Zer egin behar duzue? —galdetu zion amak.

        — Joan! Aparte! Adios! —erantzun zion andreak, lehenbiziko aldiz irri murritzik ere gabe.

        — Nora?

        — Harrapatuko dinagu borda txarren bat nonbait ere!

        Amak erran zion Beran etxe berri batzuk egin zituztela, casas baratas, eta ezagutzen zuela nork zuen hutsik, eta nahi bazuen berak galdetuko ziola. Zimurrez beteriko aurpegi beltzaraneko begi ttikiak istant batez biztu egin ziren.

        — Uste dun utziko digutela? —ezin sinetsiz—. Ateri ezan berriz ere ttantta, eta hik ere edan ezan nerekin!

        Iduri zuen ez zirela nitaz ohartu ere egiten, baina hantxe nintzen ni, dena ikusi eta aditzen, lurrean jarrita, bizkarra espartinen apalen kontra. Txin-txin eta xurrup egin zuten biek irrika gustura.

        — Gizon filda hori ez gelditu Ameriketan, bere diruarekin eta harrokeria horrekin! —erran zion amak, hitzei indar berezia emanda.

        — Badakin gauza bat, Karmen? —boza bajatu zuen—. Ez erran inori... biño horrek, bere urre guziarekin, bere urguilu ustel horrekin, ez din aurten Larun gaina zuri ikusiko! Ez, alafede! —eta orduan bere irri parrasta joriena, gelditzen zitzaizkion hortzak agerian erakutsita. Anisetak diz-diz egiten zuen ezpainetan eta begietan.

 

 

Frantseseko klasean nerbioso geunden denak, Alkasoroko jende gehiena bezala. Ministro batek etorri behar zuen harrobia inauguratzera! Handik atera eta ziztu bizian joan nahi genuen hurbiletik ikustera. Baina irakaslea arrunt zorrotza zen eta ez zigun ordua baino lehen ateratzera aisa utziko. «Restez tranquilles, personne ne viendra avant six heures!». Eta gu bortzetan ateratzeko ginen. «Baduzue denbora azkarki oraindik!».

        Neska-mutikoak elkarrekin joaten ginen, eta ni sekula baino xintxoago hasia nintzen urte hartan. Madame Sophie harriturik zegoen nirekin, etxean liburuxka marroiko exercises guziak egiten nituelako. «Très bien Martintxo! Je suis vraiment contente avec toi!». Ez nuen irrigarri gelditu nahi nesken aitzinean. Horra arrazoia. Nire ametsetako Lourdesek, ordea, denbora gehiena txorakerietan pasatzen zuen, ondoko lagunarekin kontu kontari. Eta ez zituen etxeko lanen erdiak egiten. Nola koleratzen zuen madame! «Si tu continues comme ça, je vais parler avec tes parents!».

        Klasetik ateratzean, neskak eta mutikoak bereizi egin ginen, bakoitza bere aldetik. Gabika eta biok lasterka abiatu ginen, gure liburuak eta koadernoak besapean. Jende franko joaki zen gu bezalaxe espektakulua ikustera. Izeba ikusi nuen etxeko baratzean. Bazuten autobus zahar bat oilategi gisara ibiltzen zutena, eta maindire zuriekin tapatzen ari ziren. Alkatearen agindua, kanpotik heldu zen jendeak ez ikusteko. Itsuski egiten omen zuen! Espainiako bandera zintzilik ikusi nuen hiru etxetako balkoietan.

        Kamio zabaletik Tturkoene ondora bitarteko gurdibidean lurra zabaltzen ibili ziren aitzineko egunetan, zola berdintzeko. Baina bezperan euria barra-barra egin zuen eta inoiz baino lohi gehiago iruditu zitzaidan. Konde kontent egonen zen, eta lurra behi kakaz betea izatera nahiago! Iltze punta zorrotzak bota nahi zituela erran zion gure amari, automobilen gurpilak zulatzeko. Hura kapaz!

        Bortz eta erdietarako jende puska zegoen Harrintzo azpian. Etxekoandreak eta gure adineko neska-mutikoak gehienbat. Gizasemeren bat ere bai. Guardia zibilak ere hantxe zeuden, bi land-roverretan, zer gerta ere. Konejuak euren zuloetatik begira egonen ziren harriturik. Arraitz, Mateo eta Andres ere hantxe ziren. Txorakeriatan ari ziren bertze batzuekin. Haiengana joan ginen.

        Irrika ari ziren, ondoan Feliziano zegoelako. Gizon xelebrea zen hura, jendearekin toreoan aritzea gustatzen zitzaiona, baina maleziarik gabe, umore onez beti. Gure etxera sartu orduko niri oihuka hasten zen, «Martin, Martin, Martin zikin, hiru erregeren sorgin!». Aski zuen haren truke nik basoa ardoz betetzeko. Huraxe zen legea.

        Normalean baino harrotuxeagoa zegoen egun hartan, ez jakin zergatik, ordea, ez baitzebilen haize hegorik, eta ilargi betea ere ez zen tokatzen. Zerbait sumatu izanen zuen airean, bertzeok bereizi ezin genuena. Guardia zibiletako pareja bat probatzen hasi zen, «¿Si digo Gora Euzkadi me llevarán a la cárcel? ¿A vivir a cuenta del Gobierno?». Eltzetzuek ez zioten begiratu ere egin eta kieto segitu zuten lerro bat zaintzen, handik aitzinera inor ez pasatzeko. Bertzelako guardak ere baziren, ordea, eta eguzkitako antiojoak zituen arrotz batek besotik lotu eta kanpora atera zuen. Gure Felizianori batere inporta ez, ordea, eta poliziak bulkaka ari zitzaizkiola jende guzia saludatzen segitzen zuen. Gu ere mugitu ginen, toki seguruagoa bilatzeko.

        Andres arbola goiti igan zen, altueratik panorama osoa hobeki kontrolatzeko: «Hor dituk Lourdes, Begoña eta Mentxu! Eta begira non diren tturkotarrak!». Tturkoenean gurasoekin bizi ziren bi semeak eta alaba elkarrekin zeuden bazter batean. Konde eta Xole ez ziren ageri, ordea. Non ote ziren? Seguru ginen pelukeroak ustekabeko zerbait eginen zuela.

        Harrobiko langile batzuk lanean ari ziren abaila, euren kaskoa buruan. Dinamita prestatzen ari zirela erran zigun Joxantoniok, ministroa etortzen zenean tiro batekin harrobia inauguratzeko. Martinjoxe txistularia ere hantxe zegoen, esperoan, Pedro Kokotsa alkatearen ondoan.

        Halako batean automobil pare bat hurbiltzen ikusi genuen. Jendea baztertu zen, bidea uzteko, eta amerikanoaren automobil espantuzkoak lamizuloaren sarreraren ondoan bere lekua hartu zuen, iratze batzuk zanpatuta. Haren gibelean ministroaren Peugeot beltza gelditu zen. Etxandienekoarekin batera harrobiko sozioa ere heldu zen, eta ministroarekin, berriz, militar bat eta bertze bi gizaseme, trajez jauntziak, Diputaziokoak izan behar zutenak.

        Txistularia soinua jotzen hasi zen, eta aldi berean jende gehiena esku-joka ministroari ongi etorri errateko. Ez zitzaidan iruditu batere kara onik zuenik. Zerbaitek inkomodatzen zuela iduri zuen. Ondoko emakume batek erran zuen pixagaleak egonen zela, eta denak lehertu ginen. Arestiko polizia berak zeharka begiratu zigun eta isildu egin ginen badaezpada ere.

        Alkateak eta diputaziokoek paper batzuk atera eta denek zerbait eskribitu zuten haietako batean, automobilen kapoten gainean. Gero eskua eman zioten elkarri. Orduan harrobiko nagusiak keinu egin zion langile bati, eta gizona pistan barna abiatu zen, Tturkoene aldera.

        Istanteko ke-laino bat ikusi genuen erreka zokoan, eta iatsu aldi berean tiro handi bat aditu zen. Ehun eskopetak batera egin balute bezala. Jendea pixka bat izutu zen, eta ministroa bera ere bai. Amerikano astazakila eztulka hasi zen, aurpegia gorri, Madrildik eta Iruñetik etorri ziren jauntxoek hartu zuten ikareria ikusirik. Han barna suelto zebilen zakur batek ziztu bizian alde egin zuen, auriaka.

        Aldi berean, harkaitz hartako zoko batetik bi koneju atera ziren lasterka. Eskapo joan nahi zuten, dudarik gabe, baina bat-batean jende guzia ikusi eta ezkerrera jo zuten eroturik, automobilak ziren aldera. Etxandieneko aberats berriak besoak zabaldu eta handiena beharrietatik hartu zuen bere atzapartzarrekin. Egin zuen azainarengatik harroago, jende guziari erakuska hasi zen. Hor deskuidatu zen, animaliak gibeleko bi hankak goiti egin eta besoan sekulako marrakoa egin baitzion. Gizonak oihu egin zuen, «Urde alua!», eta bertze eskuarekin zapia bilatu zuen galtzetako sakelan, zauritik ateratzen hasi zitzaion odola garbitzeko. Bitartean, animaliak ihes egiteko aprobetxatu zuen. Lamizulora sartu ziren biak. Guardia zibil batek tiro egiteko keinua egin zuen, baina lagunak segituan geldiarazi zuen. Beharrik! Jende guzia marmarka hasi zen.

        Orduan ikusi genituen Konde eta Xole senar-emazteak. Jendearengandik aparte zeuden, ehun bat metrora, arrago zaharraren paretaren kontra. Handik dena espezial ikusiko zuten. Emakumea ez dakit negarrez edo irrika ari ote zen, baina eskua begietatik pasatzen ari zen, malkoak xukatzeko bezala. Eta pelukeroak bat-batean jesukristoren oihua egin zuen, denek aditzeko maneran.

        — Etxandi!!! Izorra hadi!!! Merezi duk eta! Izorra hadi!!!

        Amerikanoak, eskumuturra odoletan, bere amorrazio guziarekin eman zion kontesta.

        — Hago isilik, demonio ijito zikina!!!

 

 

Igandean, bazkaldu eta gero, aitak eskopeta hartu zuen bueltaxka bat ematera joateko. Berarekin joan nahi ote nuen galdetu zidan. Uso denbora zen, eta egun osoa zerura begira egoten ginen, pasako hegaztiak ikusteko ilusioarekin. Horrekin egiten genuen amets. Transistore ttiki bat sartu zuen ehizako zakotean kartutxoekin batera.

        Malda goiti abiatu ginen oinez, poliki-poliki. Eskolako frontoian Arraitzen anaia eta Fermin pilotan ari ziren. Pixka bat aitzintxeago, Joxe Perrexil igeltseroa eta pare bat peoi lanean ari ziren Etxandienean, nahiz eta besta eguna izan. Etxe zaharraren parean berria egiten ari zen amerikanoa. «Begirazaiek, begirazaiek hoiekeri!», erran zidan aitak erdi isilka lurrean ziren harri zahar batzuk erakutsita. Harea, adreiluak, porlan zakuak eta material gehiago ere bazen haien ondoan. Ez nien deus berezirik ikusi. «Tturkoeneko harriak dituk!». Orduan ohartu nintzen. Hantxe zegoen Kuartel zaharraren sarrerako atearen gainekoa. Bazituen iduri batzuk, lantza bat eta bi buru. Aita solasean hasi zen Joxerekin. Automobil bat ailegatu zen atera, Dauphine polit bat. Don Paco medikua zen. «Arratsalde on!» erran zigun etxera sartu baino lehen. «Zer modu segitzen du?», galdetu zion aitak igeltseroari. «Hemengo nagusiak? Asunto txarra!». Ministroa etorri zen egunean konejuak egin zion zauria gaiztotu, eta harrezkeroztik eri zen.

        Langileak han utzirik, guk geure martxa segitu genuen. Plazan, Rusoaren ostatuaren atean Txapas ikusi genuen, ezagutzen ez nuen kanpotar batekin. «Etorri Ramon eta konpainia! Zerbait hartuko duzue!». Aitak ezetz egin zion buruarekin, eta poliki-poliki elizaraino ailegatu ginen. Hantxe hasten zen mendiko bidexka.

        Basahuntzulo izeneko hariztegi batera sartu ginen lehenbiziko. Maite nuen toki hura aitzineko urtean gorringo batzuk bildu genituelako anaiak eta biok izen bereko errekaren ondoan. Baina beheitiko partean Harrintzo zegoen, eta harrobikoek terreno hura ere erosia zuten zerbaitetarako. Hariztegiaren erdi-erditik pista bat zabaltzen hasiak ziren. Mendiari lurra kentzen ari zitzaizkion nolanahi, malda berdintzeko. Dozena erdi bat kamioi baziren hantxe berean, geldirik. Biharamunean hasiko ziren atakean, batzuk dena urratzen eta bertzeak lur garraio. Handik ateratzen zutena lamizuloaren ondoan botatzen zuten gero, Urrabia bazterrean, hura ere zelaitzeko. Arbola zahar haietako batzuk etzinda ikusi genituen, modu zakarrean botata. Aitari begietan irakurri nion pentsamendua, baina ez zidan deus erran. Desolagarria zegoen dena! Goiti tiratu genuen. Maldarruneko kaskoraino joan nahi genuen. Usorik heldu bazen, handik ikusiko genituen inondik baino hobekiago.

        Eguna ederra zegoen, baina espero genituenak ez ziren zeruan agertu. Tirorik egin gabe ezkerraldera hartu genuen, Oihantxo aldera, meategi zaharren azpiko arboldegi koxkorrera. «Nere baratzea» erraten zion gure aitak. Onddo aunitzik ez, baina finenak hantxe bilduak zituen behin baino gehiagotan.

        Erlojuari begiratu, eta segituan transistorea biztu zuen. Gizon baten garrasia atera zen aparatutik, «¡Gol, gol, gol en la Condomina!!!». Aita lurrean jarri zen. Irratian emakume bat kantari orduan, «¡Cas-te-lla-na... es... superior!». Zigarro bat erre behar zuela erran zidan. «Hoaie eta begitu nik erakutsi bezala, aber zer harrapatzen duken!». Real Sociedadek Madrilen jokatzen zuen, Real Madriden kontra! Hantxe gelditu zen, kea botatzen eta beharriak erne, harrobia egin gogo zuten tokira begira.

        Goiti eta beheiti ibili nintzen bakarrik, ezker eta eskuin, makila batekin bilaka, aitari ikusia nion moduan. Kosta zitzaidan poliki, baina hondarreko hartu nuen ordaina, mendiaren erregalua. Ainarraren azpian, bi onddo beltz, zein baino zein finagoak. Bare bat hantxe utzi nuen goseak. Esplikatu izanen nion nire txanda zela, entendituko zidala uste izatera! Aitarengana joan nintzen segituan. Partidua akabatzeko gutti falta zen. Arzakek gol bat sartu zuen, baina segur aski ez zen aski izanen, bi eta bat galtzen ari zirelako. Esperantza bai, baina...

 

 

Amak pelukeriara bidali ninduen, ilea sobera luzea nuela iruditzen zitzaiolako. Hotz handia egiten zuen eta komunio guziak eginak nituen, baina, hala ere nik ilea motx izatea nahi! Galtza luzeak paratzeko bai, konforme, baina bertze moda berri hori ez zuen batere gustuko. Irunen eta, Donostian eta, mutilak neskak bezala hasiak ziren. Hendaian eta Donibanen puska lehenago. Alkasoron, ordea, oraindik denbora pixka bat beharko zen gure zaharrek ametitzeko.

        Pelukeroa Eugeniori ari zitzaion ilea mozten, eta egun hartan ere garrasi eta purrusta mundu guziaren kontra. «Kasu eman horiekin!», erraten zion Kasinoko nagusiak aizturrei begira, baina pelukero zaharrak berearekin segitzen zuen, bere betiko arkanbele kantarekin.

        Tturkoenetik bota zituztenetik ez zuen sosegurik izan. Kontu harekin tema zuen. Ez zuen dudarik egiten, afera osoa arrunt zikina izan zen! Eta orain ere seguru zen legearen kontra ari zirela. Hori delitua zela, eta ea non zegoen justizia, ea nola ez zieten galarazten harrobikoei lurra Urrabia bazterrera botatzea!

        — Hori dena herri-lurra duk! Hala dituk ugalde guzien bi aldeak! Eta lurrarekin tapatu eta eurenganatu behar ditek! To, herriak erregalu! Izorra hadi, Piarres! Eta gu begira, deus egin gabe! Non dira alkatea eta sekretarioa? Horiek bazekitek, bai! Horiek dituk, horiek, ustel zikinak, alaen ustelak! Ez dituk etortzen hunat, ez, ilea moztera! Hobe ditek!

        Ezagunak nituen istorio haiek guziak, eta periodiko bat hartu nuen, futbolisten azkeneko goiti-beheitiak ikasteko. Ilea mozten akabatu eta, alde egin behar zuenean, Eugeniok amerikanoaz deus ote zekien galdetu zion. Erran zuten hagitz gaizkitu zela eta Donostiara eramana zutela. Konde lurreko ileak biltzen ari zen erratz batekin, eta kontesta estrainio bat eman zion:

        — Ez zakiat batere! Baina eguraldiak kanbioa dik! Eta horrek, badakik, gaizki dagoenari ez ziok onik egiten. Gure etxeko andreak erran dik, elurra ez ote duen botako...

        Nire txanda ailegatzean aulkian jarri nintzen. Erran nion amak piku esnea ematen zidala soilean, hark erakutsi bezala, eta ile pixka bat atera zitzaidala. Alegratu zen. Bromatan hasi zen gero. «Hori neska gazteek titietan ere ematen ditek, handiak izan nahi dituztelakoz...». Harritu nintzen gizona halako umorearekin ikusirik.

        Etxera bidean, hegoaldera joaki bide zen ahate tropa bat ikusi nuen zeru goibelean. Gero eta hotzago zegoen. Baziren bi automobil Etxandieneko atean. Ez nituen matrikulak ezagutzen. Zubiko Bentara ailegatzen ari nintzela elizako ezkilen dandariak aditu nituen bat-banaka, mantso eta beldurgarri. Banekien amak zer erranen zidan: «agonia».

        Igandea baitzen, berandu jaiki nintzen hurrengo egunean. Salako leihora joan nintzen segituan. Larun gaina zuri zegoen.