MUTUAREKIN SOLASEAN
Ni jaio nintzen egunean ama arrunt lasai zegoen. Batere kezkarik gabe, Urrabiaren bazterrean barna paseoan, patxada ederrean, bertze hainbertzetan bezala. Urak tiratzen zuen. Urte haietan, uda partean jeneralean, bazkalondoan, jendea siestan zegoen tenorean, denda-ostatuan jenderik ez eta sukaldeko lanak eginik, noiznahi sartzen zen putzura, gona eskuarekin goiti bildu eta hankak izterretaraino bustitzera, eta ez zen harritzekoa beti norbait begira izatea pendoitzaren gainetik, gizon begixorrotxen bat. Aita nerbiostu egiten zen amaren gogorazio horrekin, kolerak hartzen zuen, «Ze zabiltza hor, dena agerian! Ez duzu ikusten jende guzia marmarika ari dela!».
Bada, egun hartan ere halatsu ibilki zen. Sartua ez, baina ibaiaren inguruan, tripa handia garraio. Eskuak gerriaren atzeko partean lotuak, hortz artean xiri bat, eta lurrera begira, etxeko oilo eroak han barna utziriko arroltzerik ikusiko ote zuen. Txopo baten kontra jarri zen, erdi etzinda, hanka puntekin iatsu ura ukitzen zuela, eta postura hartan lokartu zen. Eta orduantxe ate joka hasi ni! Preziso kanpora behar nuela segituan! Sokatiran hasi ginen, nor baino nor. Ni indarka eta bera ere bai. Emakume gaixoa ezin mugituz, aiaika, eskuekin tripari kontzen, eta ni bulka eta bulka!
Gure aitak nire bi anaiei kontatu zien izokin batek ekarri ninduela bizkar gainean itsasotik. Nahiago hala izan balitz! Egia bertzelakoa zen. Alfredo arrantzazainak lagundu zion amari erditzera. Hura beti gure etxe inguruan ibiltzen baitzen. «Sugegorri hori hor izaki!», gure aitaren amorrazioa. Baina hari eskerrak omen nago ni mundu honetan. Lehenagokoak aski ez, handik aitzinera makina bat txikito hartu zituen etxearen kontura.
Ordea, jendeak ez zion maitasun handirik guarda jaunari. Nerabe izan edo adineko, inor ez zen gizon hartaz sobera fidatzen. Ezdeuskeria batengatik edozeini multa paratu edo lizentzia kentzeko kapaz zen. Baina ez zen hori bakarrik. «Horrek espia izateko balio dik!», erraten zuen Isidorok, guttien espero zen tokian hantxe izaten zelako. «Espia! Ez-fia horrekin!» aditu nion behin Kasinoko Eugeniori, hortzak estuturik. Izanez ere, haienera ez zen sartzen, hango etxekoandre Inesek salatu zuenetik.
Arrats batean, lo egiteko bere kuartoan, emakumea ohatzera sartzeko arropa eranzten ari zela, begi batzuk ikusi zituen gelako kristaletatik begira. Haren ikareria! Hala ere, ez zuen beldurrak lotu eta oihuka hasi zen. Nor zen ikustera joan eta, atea ireki zuelarik, gizon bat ikusi zuen airean lehenbiziko solairu apal hartako balkoitik lurrera salto egiten. Iluntasunean ezagutu ezin izan bazuen ere, ibilera hura ez zitzaion arrotza iruditu. Itzala lasterka desagertu zen, eta ez zuten harrapatu, nahiz eta inguruko etxeetako gizon batzuk bilatzen aritu ziren, emakumearen garrasiak aditu eta gero. Hurrengo egunean, Alfredok nonbait min hartu zuela jakin zuen jendeak. Presa gaineko paretatik erori zela kontatu zuen. Inesek Berako kuartelean denuntzia paratu zuen, baina ez zioten gizonari kargurik hartu, ezin izan zutelako deus demostratu.
Harrezkeroztik gure amak ere ez zuen hurbil ikusi nahi, eta ostatura etortzen zenean, gurasoek nahi baino maizago, «Berriz ere hemen dugu lepaundi hori!» barren-barrenetik ateratzen zitzaion amari. Niri grazia egiten zidan, ikusten ninduen aldiro zerbait erraten zidalako, «Hi, Martintxo, oroitu niregatik haizela mundu honetan, e!». Gero, basoa betetzeko eskatzen zion aitari edo Ixabeli, kexu beti, guttixko ematen ziotela eta, «Bota gehixeago, motel!». Mateletan sare gorri batzuk zituen, ardoak bere pintzelik finenarekin pintatuak.
Gure etxea Urrabiaren arrimuan dago, itsas hegiko talaian farola nola, halaxe gurea, Zubiko Benta. Edozeini arriskutsua ere irudituko zaio hain hurbil izatea, baina guretzat konfiantzazko bizilaguna izan da beti ur-suge eder hori. Hartan eta harekin aritu gara makina bat aldiz jostetan. Solasean ere zenbat ordu! Eta lanean, etxeetan urik ez zegoen garaian? Amatxi zenak, orduko nagusientzat neskato ari zela, zenbat arropa garbitu eskuz ugaldeko ur hotzean! Ur bazterreko txopoari lotua genuen xalanta ere ez genuen apaingarritako. Gaueko lanean non hartan baino hobeki paketeak garraiatu? Haur ginen denboran, urari begira egiten genuen pixa gozo-gozo pitilina genuenok, bai etxekook, bai gure bezeroek. Emakumezkoek gehixeago gorde behar izaten zuten.
Horregatik, gu ere aski ttikitatik hasi ginen hartan arrantzan, konparazio batera. Sasoia hurbiltzen zenean, prestatze lanak izaten genituen. Espedizioan joaten ginen Etxeberriko kanaberadira. Hantxe, oihan magiko hartan, «Ikusi hau, ze ederra! Joakinentzat espeziala, izokitarako!», bakoitzak berea bereizten zuen. Gero esparatrapuarekin eraztunak paratuko genizkion makilari, bat-banaka. Ondotik pita erosi, berunak, amuak... Txirrikak Agararen dendako eskaparatean ikusten genituen, baina sosa balio zuten, eta tomate poto huts batekin moldatu behar izaten genuen kategoria ttikikook. Baratzean zizare batzuk bildu, eta ekipo guziarekin martxa putzu aldera!
Anaia Joxantonio eta biok elkarrekin joaten ginen gehienetan. Halaxe pasatzen genituen libre genituen orduak. Urrabiari aingira edo amuarrainen bat kentzeko esperantzarekin. Bertzerik ez bazen, xarbo inoxenteren bat bederen. Tristea izaten zen deus gabe bueltatzea etxera. Eta gogorragoa bidean Ferminek ikusten bagintuen. Gorroto genion harro hari. Tokirik hoberenak beretzat hartzen zituen beti, eta gustatzen zitzaion gainerakoak umiliatzea, «Zer ibili zarete, arrantzan edo zizareak errekan freskatzen?» erraten zigun, berak txiste txarra egin eta berak bakarrik irri ergela eginez.
Baina arrantzalerik hoberena, dudarik gabe, Mutua zen. Bere Vespino zurian ibiltzen zen batetik bertzera, eta hark bai, seguru zen hark beti zerbait biltzea saskira. Neska-mutiko gehienek beldurra genion, hagitz jenio txarra zuela iruditzen zitzaigulako. Ezin solasik normal egin, entenditzen ez ziren oihuak egiten zituen, lepoko zainak ageri. Norbaitek kontra fuerte eginez gero, ukabila itxi egiten zuen joka hasteko bezala. Horregatik, zer gerta ere, harengandik aparte nahiago guk.
Igande goiz batean, anaia ezongixko izaki eta, arrantzako erreminta guziak hartu eta bakarrik joan nintzen, etxean deus erran gabe. Urrabia karga-karga heldu zen aitzineko aste osoan euria gogotik bota zuelako. Trenbide zaharretik abiatu nintzen presa aldera. Bagenuen gustuko xoko bat meategi abandonatuaren parean, eta haraxe joatea pentsatua nuen. Gure etxera mandatutara heldu ziren baserritar batzuekin gurutzatu nintzen. Aio eta aio! «Alajokoa, Martintxo! Nora hoaie kanabera elegante horrekin? Kasu emazak, irristatu eta putzura erori gabe; gaur ur handia ekarki dik!». Amari erranen zioten ikusi nindutela, eta haserretuko zen, «Haur zoldazu hori!», eta igual nire bila aita bidali ere bai, baina ni, batere preokupaziorik gabe, nire buruarentzat erdi kantari joaki nintzen, txukutxukutxukutxukutxu... piiiiiiiiiii!, aspaldiko ferrokarrila banintz bezala, itsasora bidean harro-harro zihoan ibaiari begira.
Mutuaren moto zuria kusi nuen bide bazterrean. Hain zuzen ere nik arrantza egin gogo nuen lekura joateko abiatzen zen xendaren ondoan. Aitzinera segitzea pentsatu nuen, ez bainuen harekin topo egin nahi. Baina orduantxe agertu zen bidexka hartatik goiti lasterka, beti bezala oihu-garrasika. Izutu nintzen. Ondora etorri eta eskutik tira egin zidan zakar. Joateko harekin beheiti, joateko harekin beheiti! Hagitz nerbioso zegoen. Zerbait erran nahi zidan, eta nik ez konprenitzen zer ote zuen. Begiak eta ahoa ixten zituen, zerbait esplikatu nahizik. Baina ez entenditzen nik. Erdi arrastaka eraman ninduen ur izkinaraino. Kaka egina nengoen, baina ez nuen deus egiten ahal.
Presaren gaineko parajea zen. Han bazen xoko polit bat arrantzan aritzeko, Xarboxulo erraten geniona. Beti izaten zen norbait. Hantxe zituen Mutuak bere tresna guziak. Baina ez zen hura erakutsi nahi zidana. Behatzarekin presako pareta seinalatu zidan. Hura ustekabea! Hatsa kolpean gelditu zitzaidan. Kalanbre zarta bat kasko gainetik hanken zolaraino. Ibaia orroka heldu zen, indarrez betea, eta presako paretaren kontra, arbola adar batzuekin trabatua, gorputz hil bat erdi ageri zen. Ezkerreko besoaren muturrean esku zuria, txaketa marroikara, eta aurpegialde ubeldu bat. Gainerakoa ur azpian. Mutuak bi eskuekin keinu egin zidan: lepo handia. Ez zen beharrezkoa, ni ere ohartua nintzen gorputz hura ezaguna nuela.
Joan beharko genuen agudo parte ematera. Orduantxe hasi zen Mutuaren kanabera dantzan. Biak begira gelditu ginen istant batez. Haria ezin tiranteago, ematen zuen txirrikak ez ziola kontuko. Zerbait hagitz indartsua artean harrapatua zegoen, eta tira egiten zuen amutik kanabera izugarri makurraraziz. Behin eta berriz tiraka, heriosuhar. Heriosuhar! Gu ere halaxe abiatu ginen ziztu bizian, arrantzari kasurik egin gabe, laguntza eske, Mutua gidari eta ni motoaren gibeleko tokian jarrita.
Gure etxera joan ginen zuzenean, eta nik neronek argitu behar izan nion amari ikusi genuena. Aita lasterka joan zen Pedro Lizaso alkate zaharraren zerrategira, parte ematera, eta ama telefonoz deika hasi zen batera eta bertzera. Segituan agertu ziren ondoko herriko guardia zibilak, eta don Paco medikua. Berako komisariako bi polizia eta osaba Anjel ere bai, hura herriko jueza baitzen orduan. Denak joan ziren guk erran genien tokira, baina niri ez zidaten joatera utzi. Mutua joan zen haiekin, eta erotu zen erran ziotelako ez joateko ur bazterrera, gelditzeko trenbidean. Hantxe zegoen bere kanabera, ordea, eta bazekien zerbait handia harrapatua izanen zuela, izokin bat igual. Ez zuen aunitz falta izan eltzetzu bati matelezurreko bat jotzeko. Beharrik osaba Anjel han zegoen. Hari eskerrak, arrantzako gauzak hartu eta lasaitu zen. Izokinik ez zuen, ordea. Amua zerbaitekin trabatua izaki.
Arrantzazaina bakarrik bizi zen eliza ondoko etxe ttiki batean. Kanpotik etorria zen gurera, hagitz aspaldi, Gipuzkoako herriren batetik. Ez zuen jendakirik Alkasoron, baina amak bazekien arreba bat Errenterian bizi zela eta saiatuko zen harekin solas egiteko manera bilatzera. «Ez genuen maite, baina nola utzi behar duzu horrela hila dagoen gizona! Norbaitek kasu egin beharko dio!» erran zion don Paco medikuari.
Gure etxeko dendara mandatuak egitera etorri ziren guziek ez zuten bertze konbertsaziorik, nola hil ote zen Alfredo. Maripaz seguru zen mozkortuta erori eta ito zela. Haren ondoko etxean bizi zen eta gauaz sumatu zuten leihotik oihuka, maldizioka, mundu guziaren kontra. Hala aritzen omen zen neurriz goiti edaten zuen egunetan.
Nolanahi ere, medikuak agindua eman zuen autopsia egin beharko zitzaiola, heriotzaren kausa argitzeko. Gorputzak bazituen kolpeen arrastoak, eta ezin zen jakin erori ondotik eginak ziren edo aitzinetik norbaitek zafratu eta putzura ez ote zuen bota. Behobiatik anbulantzia bat etorri zen, soldaduska egiten ari ziren bi mutiko gaxterekin, eta hantxe eraman zuten arrantzazaina Donostiako ospitalera. Gure etxe paretik pasatu zen, baina ezin izan nuen gorputza ikusi.
Hurrengo egunean Joxan anaiak aditu zuen Kasinoan xanpaina edan zutela, berri ona zelebratzeko. Ez ziren, ordea, hor akabatu komeria guziak. Aste hartan berean guardia zibilak etxez etxe galdeka ibili ziren. Gurera ere bisita egin ziguten. Aitari eta amari galdetu zieten deus ote zekiten, norbaitek gorroto berezia ote zion, edo jendearekin zer tratu klase zuen. Inork ez zien kontu argirik eman, eta etorri bezalatsu joan ziren bueltan. Hori uste genuen, behinik behin. Ordea, handik egun pare batera berriz ere agertu ziren euren automobiletan, eta bi gizon eraman zituzten kuartelera: Eugenio eta Fernando. Kasinoko nagusia gau osoa kontu zuten haiekin, baina biharamunean libre bueltatu zen herrira. Fernando berriz, kamioiarekin baserrietako esnea biltzen zuena, Iruñeko kartzelara eraman zuten preso. Txoko hura ezaguna zuen, aitzineko urtean hiru hilabete pasatu zituelako hantxe berean, portugesak mugaren bertze aldera pasatzeagatik kondenaturik. Joxanek erran zidan arrantzazainak salatuta harrapatu bide zutela, eta, horregatik, orain uste zutela heriotza hau bengantzan egina izaten ahal zela. Dena dela, jendeak bazekien esneketaria Pedro Lizasorentzat aritzen zela gaueko lanean. Gure ostatuan neronek aditu nion Patziku autobuseko txoferrari: «Kokotsarentzat aritzen duk Fernando», izengoiti hori baitzuen Lizasok. Nork kargu hartu alkate frankistari, ordea? Horregatik edo, hilabetearen buruan Fernando ere Alkasoron zen, «por falta de pruebas». Amari aditu nion segur aski Maripazek arrazoia izanen zuela. Feliziano eroak ederki disfrutatu zuen espektakuluarekin, «Alkasoro, herri peligrosoa!», eta ajarika hasten zen. Horrelaxe gelditu zen istorioa, misterioa argitu gabe.
Handik aitzinera arrantzara elkarrekin joaten hasi ginen Agus eta biok, Agustin izena baitzuen mutuak. Bila etortzen zitzaidan, eta ni deseatzen, hura noiz agertuko esperoan. Ama, ordea, saiatu zen ni etxean lotzera. Haur bat nintzela eta mutil harekin ez zela fidatzen, mutuak izanen baitzituen orduan hamasei-hamazazpi bat urte, nik baino bospasei gehiago. Agustin ohartu zen amak duda egiten zuela, eta serio-serio erran zion hagitz maite ninduela, eskua bihotzaren parean, eta zainduko ninduela, behatz zuzena begira. Amarentzat ez aski hori, aitak sartu behar izan zuen, «Utziozu joatera, emakumea! Ezin du solas egin, baina mutil ona da! Kasu eginen dio mutikoari!». Halaxe etorri zen baimena.
Egun zoragarriak pasatu genituen. Motoan batera eta bertzera eraman ninduen, ni sekula egon gabeko tokietara, bere txoko sekretuetara. Erakutsi zidan luma dantzatzen ur gainean, eta kutxarilla zuzen-zuzen ekartzen ur azpitik. Amari agudo uxatu zitzaizkion zalantzak, aldiro-aldiro zer jenero ona ekartzen genion ikusirik. Ez zen inoiz gure etxean halako amuarrain goxorik jan. Joxanek ere gurekin etorri nahi zuen, baina ezin hirurak motoan! Gainera, ni ere pixka bat harrotu nintzen, ez nuen nire pribilegio hura galdu nahi, eta aitzakiak paratzen nituen anaia aparte uzteko.
Igande batean, goizean goiz, Sunbillako zubiraino joan ginen trenbide zaharrean barna. Hantxe, zubia baino pixka bat beheitixeago, haltz batzuen azpian jarri ginen, eta, arrantzako gauzak prestatzen ari ginelarik, emakume xahar bat ikusi genuen zubi gainean. Berak usteko zuen inor ez zela ingurumen hartan, gutaz ez baitzen ohartu, eta, bolantza harturik, zaku bat harrika bota zuen putzura. Ibai erdira bota beharrean, bazter batera erori zen, gure ondo-ondoan. Biok elkarri begira gelditu ginen, harriturik. Zakuak bazuen karga zerbait barrenean, baina ur ttikiak bere bizkarrean eramaten zuen, ezarian-ezarian, azpira irentsi gabe. Hori nahikoa iruditu eta atsoak alde egin zuen. Nire laguna uretara sartu zen, oinetakoak erantzi eta galtzak belaunetaraino bildurik, eta pakete bustia idorrera ekarri zuen. Lau xakurkume ziren, jaio berriak, eta bel-beltxa zen batek ez gainerako guziek begiak itxiak zituzten eta ez ziren batere mugitzen. Agus hunkitua zegoen, eta solasean hasi zitzaidan, ahal zuen bezala, oihuka, erdi saingaka, bera ere txakurra balitz bezala. Bat bizirik zegoela erran nahi zidan! Nik ere ikusten nuen, begiak doi-doi irekiak zituen, eta daldaraka zegoen hotzagatik.
Bere jertsea di-da kendu eta nolabait ere paratu zuen oraindik hutsik genuen arrantzako saskian, kamaina goxo bat egiteko. Hantxe utzi zuen bizirik zegoen xakurttoa. Bertze hirurak, euren zaku hartan berean, indarrez bueltatu zituen uretara, orain bai putzu erdiraino. Arratoientzat bazka!
Mutua espantuka hasi zitzaidan ero moduan. Kasu egitea nahi zuen. Bazekiela nora eraman xakur ttikia. Bazekiela! Hori entenditu nion behinik behin. Ekarri genituen gauza guziak presaka bildu eta aitaren orduko moto gainean ginen berriz ere. Nik besotan hartu nuen saskia, kontu handiarekin, beldurka, ziztu hartan ez ote zitzaidan lurrera eroriko.
Geltoki zaharra alde batera utzi eta goiti abiatu zen pista batean barna, Harrintzo aldera, Tturkoenera ailegatu arte. Ezagutzen nituen baserri hartakoak, eta haiek ni ere bai. Dozena erdi bat zakurrek ongietorria eman ziguten, harrotuak, motoaren inguruan sainga eta salto. Kanpoan harrapatu genuen etxekoandrea, Xole, oiloz inguratua. «Bisita dugu!», erran zigun bere aurpegi gozoarekin. «Horra nor dugun hemen! Onbre, Agustin, zer duk oraingoan? Zer heldu zarete, holako aurpegiarekin? Hau ez da arrantzan aritzeko tokia!». Mutuak saskia ireki eta barrenean ekarki genuena erakutsi zion. «Non harrapatu duzue? Honek ama non du?», galdetu zigun serio. Neronek eman nion kontesta, ez genekiela, baina putzuan itotzetik libratu genuela justu-justuan. «Eta nik zer nahi duzue egitea?», emakumeak besoak gurutzatu zituen bularraren kontra, niri begira. Nik, neure baitan, emakume hau kapaz ote da guri ez laguntzeko? Gero, mutuari begi batekin keinu egin zion, «Tturkoenean pobreak gaituk, biño duguna beti emateko prest, e!». Xakurra ezin amultsuago hartu zuen bere atzapar latzekin, eta etxeko heiara sartu zen. Ondotik segitu genion bihotza kolpeka.
Goitiko bizitzara eramaten zuten eskaileren azpian gelditu zen. «Lixta, begira ze ekarri dizuten! Zuk lehendik battuzu lau, biño hau ez dugu honela uzten ahal! Honentzat ere izanen duzu esne pixko bat, ez?». Hantxe etzinda zegoen zakurrak burua altxatu zuen, bere tokitik mugitu gabe. Umatu berria zen, eta guk ekarri genuenaren tamainako lau ume lotuak zituen titietara. Emakumea makurtu eta muturrean paratu zion guk ekarria. Lixtak usain egin eta mingainaz gorputz osoa garbitu zion, ttikiak daldaraka negar-marraxka bat egiten zuen bitartean. Gero bere postura doi bat aldatu zuen, etorri berriari tokia egiteko bezala, eta Xolek gure xakur beltxa titi baten ondoan utzi zuen. Etxekoandreak pixka bat zirikatu zuen, eta noizbait ere burua mugitzen hasi zen bilaka! Titiburu bat paratu zion mutturraren parean eta, behin eta berriz saiaturik, hondarreko, ahoa ireki eta handik tiraka hasi zen! Hura poza guk! Hirurak dantzan hasi ginen!
«Ez dago kuidadorik! Hemen salbu da. Etorri ikustera, nahi duzuelarik!», erran zigun Xolek despeditzean.
Berriz ere Urrabia aldera abiatu ginen, arrantzan aritzeko lehen baino gogo handiagoarekin. Bat-batean ohartu nintzen saltsa harengatik eta karrobideko zuloengatik zizareen potoa galdua genuela, eta Agustini gelditzeko erran nion. Esplikatu nion zer problema genuen. Arrainak tentatzeko bazkarik gabe ezin deus egin. Haren etxera joan beharko genuen, gehiago eske.
Fermin ikusi genuen bidean, eta gelditzeko keinua egin zigun. Agustinek ez zion kasu egin gogo, baina bide erdira sartu zitzaigun motoa geldiarazteko. Kolpean frenatu behar izan genuen, eta iatsu lurrera erori nintzen. Astapitoa, alaen astapitoa! Mutua oihuka hasi zitzaion, ea erotu ote zen, behatza kopetaren ondoan. Bertzea irri gaiztoz hasi zen, beti bezala, «Lasai, motel! Erakutsi nahi diat ze harrapatu dudan!». Saski barrenean, aingira izugarri bat zuen. «Ikusi, ikusi! Eta ikasi!». Agusek kontesta polita eman zion bere manera berezian, «Kaka zaharra!». Ederki entenditu genion. Gero, baietz guk horrelako lau atera, desafioa egin zion, esku bateko lau behatzak erakutsita eta niri begira. Harroxkoa isildu zen. Bazekien mutua arrantzale gogorra zela.
Zizare bila joaki ginela erran genionean, berak ez zuela aitzurra ibili beharrik izaten aipatu zigun. «Badiat bertze sistema bat, hori biño hagitzez hobea!». Bere potoa erakutsi zigun, goitiraino mukuru betea. «Minutu batean!», segitu zuen harrokerian. Esplikatu zigun nola: argiaren kable bat lurrean sartu eta indarra eman. «Ikusiko duk nola ateratzen diren saltoka!». Harritzekoa, baina behin bederen borondate ona erakusten ari zen hain gutti maite genuen mutila, laguntzeko gogoa.
Herriko Etxeko plazan bizi zen Mutua. Ez nintzen egundaino haren etxe barrenera sartu, baina beldurrik gabe pasatzeko keinua egin zidan. Etxea hutsik zegoen. Ama mandatuak egitera joana izanen zen. Etxearen gibeleko aldeko baratzean bazuten etxola koxkor bat, eta han denetik zuten, baina gehienbat traste zaharrak eta lan egiteko tresnak. Argia ere bai, eta entxufe erdi hautsi bat. Bilaka ibili ondotik, azkenean kable horitu bat harrapatu genuen. Hiruzpalau metro izanen zituen aisa. Behar genuenerako nahikoa.
Niri poto huts bat eman eta baztertzeko agindu zidan, gelditzeko etxola barrenean. Kablearen mutur bateko bi hariak entxufean sartu ondotik baratzera atera zen. Egokia iruditu zitzaion tokira ailegatzean, kablearen bertze muturreko biekin lurra ukitu zuen. Garrasi ikaragarri bat atera zitzaion zintzurretik eta lurrera erori zen kablea eskuan, gorputz osoa daldara batek joa. Bi aldiz pentsatu gabe, kabletik tira eginda bi hariak entxufetik atera nituen. Agustin hagitz gaizki ikusi nuen, lurrean, mugitu ezinik. Ez zuen hatsa normal hartzen. Plazara atera eta lehenbiziko ikusi nuen mutil batengana lasterka joan nintzen auxilioka. Xiburu deitzen zioten gazte bat zen, Kasinoan apopilo bizi zena. Berehala, mutua bizkarrean harturik medikuaren etxera eraman zuen. Haren ondotik ni, ikaratua.
Ez zen sekula hainbertze okertu Fermin zitalaren kanabera. Plastikozko haria ere puskatu hurran jarri zitzaion. Markako pieza harrapatua zuen aldi hartan. Guk ausiki egin haren amuari!