Emakume biboteduna
Emakume biboteduna
1992, ipuinak
222 orrialde
84-86766-47-2
azala: Marcel Duchamp
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Emakume biboteduna
1992, ipuinak
222 orrialde
84-86766-47-2
aurkibidea
 

Roy Orbison hil zen eguna

 

Roy Orbison hil zeneguneanMünchen-ennengoen.Hango egunkari baten bidez jakin nuen albistea. Ez dakit alemanieraz, bainaRoyren argazkia Tot hitzaren gainean ikusita, eta hori izanik hizkuntz horretan dakidan berba bakarrenetarikoa (Wurst saltxitxarako eta Bier garagardorako hitzekin batera), ez zitzaidan berria ulertzea oso zaila izan.

Behin batean, basoan bakar-bakarrik eta

triste bizi zen dortokak bera bezain bakarti

eta triste zebilen apo batekin topo egin zuen.

Sekulako hotela da Sheraton-München delakoa. Hall-a esaterako, ikaragarri handia eta ia edozein ordutan beterik. Hango sofa berdeska erosoetan oso itxura diferenteko jendea ikus daiteke eserita: arabiarrak, soineko luze eta exotikoez jantzirik, orduak eta orduak elkarrekin patxadaz solasean; uniforme dotoredun hegazkin-kapitainak eskifaiarekin olgetan; negozio-gizonak paperen artean murgilduta; eta puta panpox garestiak iluntze aldera.

Hotel azpian, garajeen beste aldean, ileapaindegia, tabako eta aldizkariak saltzen dituzten denda pare bat, diskoteka, jantzi eta opari dendak eta taberna bakarren bat ere aurki daitezke. Hiri txiki bat beste hiri handiago baten barruan. Hara heltzen den bidaiariak ez dauka —hala nahi izanez gero— ezertarako irten beharrik. Horra helburua. Konpainia eta entrepresa askotako biltzar eta topaketak egiten dira bertan, eta biltzarkideek behar dezaketen edozer gauza daukate eskura. Haietako batera etorria nintzen neu ere, urtero legez.

Kanpoan elurra mara-mara. Ez zen oso deigarria nere gelako epeltasun atseginetik antzeman zitekeen paisaia. Dena dela, berokiaren lepoak altxatu, kapela jantzi eta hotel parean zeuden taxietariko bat hartu nuen. Larruzko eserleku marroietako mercedes-ak hiri erdian utzi ninduen. Gabon-feria bat zegoen udaletxeko plazan, inguruko kale komertzialetara ere hedatzen zena. Gabon kantek, kanela usain gozoak, zuriz estaliko lur eta teilatuek, haurtzaroko ipuinak gogorarazi zizkidaten. Feria osatzen zuten txosnetan, gozoki, txokolatezko iruditxo eta koloretako apaindurak zeuden salgai. Kristalezko edota zurezko lanetan ziharduten artisauek denen bistan. Etxe eta dendetako atarietan izei saltzaileek oihuka eskaintzen zuten eurena, pasealarien arreta bereganatu nahian. Txosna haietako batean eskatu nuen ardo beroa. Barrenak epeldu eta hobeto sentiarazi ninduen. Plastikozko edalontzi lurruntsua eskuetan, aurretik pasatzen ziren emakume babariarren edertasuna mirestu nuen luzaz, mingaina erretzen zidan edaria zurrust laburretan edaten nuen bitartean. Baina begi urdin, aurpegi indartsu eta beroki lodiek ezkuta ezin zitzaketen gorpuzkera bikaineko walkirien desfilea eten egin zen halako batean. Emaztearen oroimena nere gogoaz jabetu eta ez zidan beste ezeri erreparatzen utzi. Ordaindu, hustu gabeko edalontzia zakarrontzira bota eta urrundu egin nintzen handik.

Katedraleraino iritsi eta aspalditik ezagutzen nuen garagardotegi bat aurkitzen saiatu nintzen. Banekieninguru hartan zegoela, eta elizako atzekaldetik barrena luzatzen diren kale estuagoetatik hasi nintzen bila. Aise topatu nuen.

Itzela da garagardotegia, egundo ikusi dudan handiena. Ehundaka lagun biltzen omen da hara ilunabarrero. Ostatu erdian dagoen kioskoan orkestratxo bat bertako doinuak jotzen ari zen. Zerbitzariek, eskualde hartako soineko bereziez jantzita, garagardo pitxer astunak banatzen zituzten bezeroen artean. Esku bakoitzean bina eta hiruna eramanda ere, ondo baino hobeto moldatzen ziren andre mardul musugorriak. Bezeroek, taldeka edo bakarka, jan eta, batez ere, edan egiten zuten geldigabe. Zenbait pitxerren ostean, begiak erdi itxita, abesten hasten ziren. Oso eskasa naiz izenak gomutatzen eta lekuaren izena ahaztuta daukat harez gero. Ez zait inoiz ahaztuko ordea, nola heldu nintzen lehenengoz.

Harez gero, egunsentian bildu eta elkarrekin

ematen zuten eguna, pozik eta kontent.

Hirurogeitamalaua edo hamabosta izango zen seguruenik, Franco-ren flebitis ditxosozkorako gutxi falta zela. Oporretan, lo-zaku eta kanpin-denda hartu eta Anttonen seat berde erosi berrian sartu ginen bikote biak. Parisen erbesteraturiko herritar ezagun pare bat bisitatu, aste gutxi haietan irakur genitzakeen liburu marxista baino dexente gehiagoz bete auto txikia eta Suitza eta Alemania aldera jarraitu genuen. Egun ahaztezinak izan ziren haiek, zoriontsuak. Espainiako giro itogarria atzean utzi eta Europako askatasun hordigarria hartu genuen neurri gabe. Eta hura gutxi balitz, gure kuttunak generamatzan alboan. Gure compañerak, garaiko terminologia erabiltzearren. Horrela heldu nintzen München-era lehendabizikoz.

Nazi alderdiaren hastapenetan garagardotegi hartan elkartzen omen zen Hitler bere jarratzaileekin. Gerora ere nazi bilera eta Führer-aren berbaldi ugari entzun zuten hango paretek. Horrela irakurri nuen nazismoaren sorrerari buruzko liburu batean aspaldi, halako liburuak leitzen genituen garaian. Horregatik etorri ginen. Ondogogoandauzkat oraindino zernolako hotzikara eragin ziguten guretzat ulertezinak ziren jendetza haren abestiek, mozkor arioen zerri aurpegi alaiek ekarri zizkiguten irudi beldurgarriak.

Hain zeuden pozik elkarren ondoan

ezen sekula ez banatzea erabaki zuten.

Gazteak ginen orduan, asalda errazak. Cabaret izeneko filme entzutetsua ikusi genuen Estherrek eta biok sasoi hartan. Valladolidera joan nintzaion ikasturte amaierako asteburu batean. Sarritan joan ohi nintzen hara, ia hamabostero. Estherrengatik hasiera batean eta kausaren alde gero. Gure harremanaldiaren bigarren urtean batik bat, ikasketak bukatu zituenekoan. Gasteizen trena hartu eta hango geltoki hospelean izaten nuen zain. Bisitaldi bakoitzean panfleto, agiri eta liburuz beteriko zorroa eraman eta saio eternaletan biltzen nintzen hango ikasle euskaldun batzuekin. Klase borroka, dialektika, iraultza eta gisako hitzak generabiltzan hitzetik hortzera, orain Athletic edo Realeko jokalarien izenak darabiltzagun patxada berberaz. Ez nuen ez hiria larregi ezagutu. Oso laburrak izaten ziren txortan eta bileretan pasaturiko egunak.

Luze gabe, Franco hil, Estherrek Gasteizen lana aurkitu eta kale gorrian gelditu ginen Antton eta biok, eskola profesionaletik irten geroztik beharrean aritu ginen lantegiko greba amaitzean. Urtebete baino gehiago bizi izan nintzen Estherren lepotik, lantxo batzuk gorabehera, ezer iraunkorrik lortu ezinik.

Etxetxo eder bat eraiki eta hara

jarri ziren biak elkarrekin bizitzen.

Antton eta Edurne ere elkarrekin bizitzen jarri ziren. Anttonek plazako taberna batean iharduten zuen. Orduantxe hasi zen ikastolan Edurne.

Hauteskundeak, guda ostean egin ziren lehenak, latzak izan ziren guretzat. Proletargoak bere abangoardiari muzin egin eta eskuindar edo erreformista traidoreei oparitu zien botoa. Porrota justifikatzeko eginiko azterketa zientifiko guztiek ezziguten galdutako itxaropena zuzpertzen asko lagundu. Beste urte pare batez edo militatzen segitu genuen, baina ohitura eta urteetan sorturiko harreman eta adiskidegoagatik gehien bat. Ordea, hura ere ez zen nahikoa izan alderdia zutik iraun arazteko. Isilean desagertu zen sozialismoraino gidatu behar gintuen partidua, inortxok erreparatu gabe.

Esne gozoetan egon ziren hasiera batean.

Hurrengo uda izan zen bi bikoteak oporretara elkarrekin joan ginen azkena. Auto bakarrean joan beharrean (geurea genuen ordurako), bitan abiatu ginen Italia aldera. Aste haietan ohartu ez banintzen ere, bere gaisotasunaren lehen sintomak erakutsi zizkigun Anttonek, Florenzia, Venezia, Erroma eta Napolitik barrena, Siziliaraino egindako bidaia hartan. Neronek ere nahikotxo edaten dudalako, ez nintzen beharbada konturatu. (Eta harro sentitu gainera, ez al garaakasoMaritxu Kajoi patroi duen herrikoak?). Hala ere, Anttonena neurriz kanpokoa zen, tabernari bihurtu zenez gero bereziki. Italian, nola ez, beti zegoen aitzakiaren bat: bazkari aurreko aperitiboa, chianti leuna bazkaltzeko edo bazkari ondoko grappa digerigarria bestela. Errepikatu egiten zen zikloa afaltzeko tenorean. Tartean, sargoriaren aurkako garagardo eta gaueko tragoek borobiltzen zuten eguna.

Gabonak arte ez ginen Arrasatera azaldu. Esther eta biok lanean murgildu eta asteburuak, neka-neka eginda, telebista aurrean etzanda igarotzen genituen. Irteten ginen bakanetan, Gasteizko lagun berriekin izaten zen. Estherrek eta Edurnek telefonoz egiten zuten berba lantzean behin, eta elkarrizketa haien bidez banuen Edurneren kezkaren berri. Antton goizaldera etxeratzen omen zen egunero eta karga-karga eginda sarri.

Ikusi nuenean ez zitzaidan hain larria iruditu. Edan egiten zuen, duda barik, baina bere gorputz handi sendoak beste neurriak eskatzen zituela, beste proportzio batzuen arauera zebilela neritzon orduan. Besteak baino gehiago jaten baldin bazuen, ez al zen bidezkoa edari kontuetan ere gauza bera egitea? Bazirudien morrosko gorpuzkera hartan likidoak galdu egin behar zirela, hesteetako korapiloetan lurrundu nonbait.

Baina aurki, estraineko beroa epeldu eta

apoak etxetik kanpo bilatu nahi izan zuen

galduriko su kiskalgarri hura.

Halako batean, Iñaki —München-en nerekin batera zen— etorri zitzaidan akordura. Elkarrekin afaltzeko hitz emanda geunden. Ezusteko bat gertatu zen ostera.

Bazter batean nengoen eserita. Garagardotegia betiko moduan, jendez gainezka. Saltxitxa eta garagardoa eskatu nituen. Aitzakiaren bat asmatu beharko nuen biharamunerako.

Goizean irten ginen Sondikatik eta Madrilen hartu genuen Babariako hiribururaino eraman behar gintuen hegazkina. Hiruretan lurreratu ginen. Gatza barreiatzen ari ziren kamioi batzuk, pistak izotz ez zitezen. Zuri-zuri zegoen inguru guztia.

Hamairugarren solairuan neukan gela. Berokia eta oinetakoak erantzi eta erosoago hasi nintzen maleta desegiten. Bukatzear nengoela, zerbait gogorra nabaritu nuen hondoan zetzan alkondara urdinaren pean. Liburu mehe bat zen, kartoizkoa zuen azala. Dortoka eta apo baten irudia ageri zen izenburuaren azpian. Dortoka Tristea. Haur liburu bat. Dorleta gure alabaz gogoratu eta irribarre amoltsu bat ezpaineratu zitzaidan gomutarekin batera. Beraren jolasen bat izan behar.

Liluraturik, komunera joan, bainontziko txorrota zabaldu eta garagardo bat atera nuen hozkailu txikitik gelarako bueltan. Laster, ur apartsuz beteta zegoen bainontzia. Biluztu, esku batean garagardo freskua hartu, ohe gainetik liburua jaso eta bainontzian sartu nintzen.

 

Eserita nengoenetik ez oso urrun agure mozkor pare bat istiluka ari zen. Besoak altxatzen zituzten elkarri zemaika. Begiek, gorrotoz eta odolez bilduta, lehertzeko zorian zeuzkaten, suak hartuta. Alemaniera jakin beharrik ez, irainen itzelaz ohartzeko. Zein alde handia Antton eta alkoholiko triste, amorratu haien artean. Mozkorra izango zen beharbada, baina izatekotan ere, munduko atseginena. Nekez topa zitekeen berea baino aldarte hobeagokorik. Berezkoa zuen irribarrea, bere aurpegiko beste edozein atal balitz bezala, sudur luze gorria edo bizarra legez.

Arrasatera joan ginen gabonetan, esan bezala, eta bere tabernara hurreratu nintzen gau haietako batean. Ikusi orduko amantala zintzilikatu, han zituen kideekin mintzatu, barraz beste aldera etorri eta sekulako besarkada eman zidan pozaren pozez. Hartan behintzat ez zen bera izan berandu etxeraturiko bakarra. Autoa hartu eta Bergara inguruan zegoen baserri-klub batera jo genuen herriko tabernak itxi ondoren. Ez ginen gau osoan isildu. Lana, politika, emakumeak, ez zegoen han aipatu gabekorik. Edurne maite omen zuen oraindik, baina urteetan erabili izan dugun zerbait maite den era berean. Gure aulkia, gure luma, gure jertserik gustokoena...

Ulertu nuen.

Kuba-libreen eta aitorpenen artean gaua joan eta handik bota gintuztenean, begien babes ipini behar izan genituen eskuak eguzki irten berritik gordetzeko. Oskarbi zegoen. Urte amaierako goiz aratz hartan, Antton berean utzita etxerako bidea hartuta, natura zein aldrebesa den pentsatzen nindoan: gizonezkoak, nahiz gure artean ederto konpondu, emakumearen beharrean beti. Eta itxuraz, berdintsu jazotzen zaie andreei ere. Duela gutxi Buñuelen oroimen liburuan irakurritakoaz akordatu nintzen. Bere ustez, sexuarekiko grina baretu arte ezin gizona erabat libre izan. Une hartan, alkoholaren laino beatifikoaz inguraturik, ni ere laster libre izango nintzela iruditu zitzaidan. Zein oker nengoen.

Zezioan jarraitzen zuten agureek artean, zaunka ozenean.

Beste hainbatetan ikusi nuen Antton harez gero, baina esan daiteke hura izan zela gureazken benetako berbaldia. Gu,egun seinalatuetan azalduko ginen herrira, eta haiek ere noizbehinka egingo ziguten bisita Gasteizera. Baina eurengandik urrutiegi geunden ordurako.

Biak batera ezkontza egunean ikusi genituen azkenekoz. Esther haurdun geratu eta ezkontzea erabaki genuen. Egia esan, ez ninduen ideiak erabat asebetetzen. Egokiena zirudien horregatio. Azken finean, elkarrekin bizi ginen aspalditik, elkarrekin etxea erosi (Txagorritxu izeneko auzoan, dorre eraiki berri batean) eta ume bat eduki behar genuen elkarrekin handik gutxira. Bidezkoena beraz.

Arrasateko udaletxean ezkondu eta sei hilabetetara sortu zen Dorleta.

Pozez bete ninduen bere jaiotzak. Sekula ez naiz hasierako hilabete haietan baino zoriontsuagoa izan. Lanetik irten eta arineketan etxeratuko nintzen, alabatxo maitea besoetan hartzeko irrikaz. Bidaia bakoitzetik opariak ekarriko nizkion: bera baino handiagoa zen hartza, trapuzko panpinak, edozelango jostailua...

Emaztearekin aldiz, txarto.

Normalak diren etxeko eztabaida txepelak liskar bizi bilakatu ziren konturatzerako. Purrustada batez erantzuten zion nik egindako edozein itauni. Bukaezinak ziren gure kalapitak. Alabaz jeloskor zegoela otu izan zitzaidan zenbaitetan. Dorleta izan ordea, elkartu, lotzen gintuen azkena. Bakarra.

Bolada hura pasata, gauzak apurka bere onera bihurtzen hasi ziren. Alaba zela eta, urte batzuk gutxienez elkarrekin jarraitu behar genuela jabeturik edo, aldatu egin zuen bere jarrera. Beranduegi. Edurnerekin nenbilen iadanik.

Emaztea eta biok borroka beltzetan ibili ohi ginen garai beretsuan gaisotu zitzaigun ama.

Suge batekin aurrena, muskerrarekin gero,

dortoka negar batean zegoelarik.

Arratsalde batean, lantegitik irten eta Arrasateraino joan nintzen. Ama bisitatu eta Gasteizera bueltatzeko autoa hartzera nindoala, Edurnerekin topo egin nuen kalean. Ez nuen aspaldian ikusi, baina banekien bera ere gaizki zebilela. Anttonekin gauzak okertu eta hainbeste urte elkarrekin bizi izan ostean bereiztu egin zirela. Andaluziako kostaldean omen zebilen Antton, beste taberna bat zabaltzekotan eta guztiz alkoholizatuta. Zerbait edatera joan ginen. Adiskidearena kontatu zidan, nik Estherrena. Trago eta pena gehiago etorri eta elkarren besoetan amaitu genuen azkenean, bere etxean. Harez gero astero hurbiltzen nintzen haraino. Inoiz, negozio bidaiaren bat aitzakia, asteburuak ematen genituen elkarrekin bere etxean, edo Landas aldeko camping batean bestela.

Horrela egon zen hilabete luzeetan,

harik eta nazkatu zen arte.

Ulertu ez nituen hitz batzuek deblauki atera ninduten oroimenaren lurralde mingarritik. Zerbitzaria zen, saltxitxak eta garagardoa eskuetan.

«Danke schön» eskertu nion, arestian aipatu ez ditudan nere aleman hiztegiko beste hitz bi erabiliz. «Bitte» etorri zitzaidan arrapostua, irribarretsu kontua mahai gainean uzten zidala.

Eten haren ondoan, hausnarketetara ez itzultzea deliberatu eta afaltzeari ekin nion. Arin garbitu nuen platera. Garagardoa bukatu eta ingurukoei begira geratu nintzaien. Xalo, bihotz oneko ziruditen. Zahar zeziozaleak atzera adiskidetu eta lepotik helduta ikusi nituen kantuan.

Dirua mahai gainean utzi, berokia jantzi, ondo lotu eta kalerantz abiatu nintzen.Vals ezagun bat jotzen ari zen orkestratxoa.

Orduan etxeko atea itxi eta

era horretan aurkitu zuen apoak

goiz aldean bueltatutakoan.

Ez zitzaidan taxi bat lortzea asko kostatu. Hoteleko hall-a, berandu bazen ere, beterik zegoen. Puta eder eta garestiei jaramonik egin gabe igogailuan sartu eta nere solairuko botoiari sakatu nion.

Gelako argia biztean, liburua ikusi nuen ohe gainean. Jaso eta maletan sartu nuen, etorria zen toki berean. Irudiz beteriko liburu llaburra. Orrialde bakoitzean letra handiko bizpahiru lerro sartzen ziren ozta-ozta eta, ipuin gehientsuenak bezala, «Behin batean...» esaldi majikoaz hasten zen hura ere. Alabatxoak sartua uste izan nuena. Hortzak garbitu, biluztu eta oheratu egin nintzen. Maindire garbien ukipenak ikara atsegina eragin zidan. Gaumahaitxoan zegoen telefonoa hartu eta etxeko zenbakia osatzen hasi nintzen. Gezurren bat esango nion. Gogoan nuela edo maite nuela bestela. Ikusi egin behar. Urteetan esandako guztien aldean, zer zen beste gezur bat? Agian telefonoa bere tokira osteratu eta hobe nuke telegrama bat bidaltzea. Ultimatuma jaso eta ulertua. Stop. Laster etxean. Stop. Apo tentelak.

«Bai, nor da?». Dortokaren ahotsa zen.

Alferrik aritu zen mesedeka eta arrenka,

dortokak ez zion inoiz atea zabaldu.

Isilik geratu nintzen. Jakingo ote zuen Edurneren berri? Barregarria litzateke, Edurneren bidez ezagutu nuen eta emaztea. Galdera errepikatu zuen. Isilik egon nintzen. Berak moztu zuen.

Zerbait erosiko nion aireportuko dendan.

Teleagingailua eskuratu eta telebistarantz zuzendu nuen. Roy Orbison gazte baten aurpegia agertu zen zuri-beltzean. Betaurreko ilunen atzetik somatzen ziren begiei urteek bigundu ez zieten malenkonia bera zerien orduan ere. Kantari ari zen.

Only the lonely know how I feel...

Bakartiak baino ez daki nola sentitzen naizen, euskaratu nuen nere artean.

Zigarreta bat.