Mariaren mendea
Mariaren mendea
1992, ipuinak
132 orrialde
84-86766-41-9
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Mariaren mendea
1992, ipuinak
132 orrialde
84-86766-41-9
aurkibidea
 

 

HAUTSI DU NEGUA

 

Negu azkeneko zeruan laino beltzak trumilka pilatzen ziren. Giro iluna zegoen, egunak indarra galtzen zuen agudo eta laster dena gau izango zen. Floren izerditan zebilen, mendi ordeka bateko bide-zidor batetik aurrera orain. Lau bat orduz ibili zen haraino, baina oraindik ez zen nekatuta sentitzen. Gaua bordaren batean igaroko zuen eta goizaldean muga pasatuko zuen; behinik behin asmo huraxe jarri zitzaion tinko bi begi berde tartean. Berde xuraila, Florenen begietan, sukar diztira batekin... Bideak ezkerrera egiten zuen maldaño batean instant batez gelditu zen, zetorkeen euriaren usaina hobeki aditzeko.

        Betile erreak zituen Florenek, bekain zabalak, aho txikia, larru gogorra, inprimategiko lanak zuritu zuena baina mendiko freskoak masailetan eta sudurrean gorriztatuta orain; ile rubiaska zeukan, bizarra sarri, egun pare batekoa, belarri motxak, eta zaldi baten sudurra, ahoraino luze. Panazko galtzekin jantzita zihoan, bota onez, larruzko zamarraz. Plastikozko poltsa bat zeraman eskuan; esku handia, indartsua, ile rubioekikoa...

        Bideak ebakitzen zuen murko gorri txikia estaltzen zuen horbelak. Horbel usu zaharra, barrenean bustia, Florenen oin-hatzak gordetzen zituena. Florenek atzera begiratu zuen, gogoratuz...

        Aurreko egunean, arratsaldez, Agustin heldu zen inprimategira. Ate-zainaren parteak egiten zituen sekretariari —Maria, neska airatu, jator bat— utzi zion Florenentzako enkargua. Bederatzitan pasatzeko, sin-falta esan zezaion.

        Mariak bista paper batzutatik altxatuz garrantzia kendu nahirik bezala esan zionean, Floreni begitartea ilundu egin zitzaion. Sobra're, baten bat detenitu zuten bezperan, eta Agustin hartaz zer-edo-zer —ezer onik ez— esatekotan zela zihurtasuna itsatsi zitzaion. Lanetik aterata, etxera gabe, tabernan egondu zen, orduaren zain.

        Eguerdiz, etxean, buruko mina hasi zitzaion, pittin bat, apenas ezer ez; arratsaldean berriz, errotatibaren hotsak eta lanaren tentsioak apurka apurka mina areagotu zioten. Gero, kaleko lasaian, oinazea lokietara bildu zitzaion, estutu zuen, burua alboratu ezinean ibili zen tabernaraino. Tabernan, besterik ez bait zekien eskatzen, ardo beltza eskatu zuen, eta edan, xurrupaka. Bederatziak bost gutxitan taberna hura utzi eta, segundu pare batean gora-behera zebiltzan banakako pertsonez ideia orokor bat bereganatu ondoren, oinez hasi zen, beherantza; gero kale txiki batean imintzio txiki bat egin zuen ezkerrera, segidan zer-edo-zer ahaztu bailitzaion gibelera jo, begirada bakar batez kale bazterrak harrotu, eta tabernatxo triste batera sartu zen, mostradorean gelditu gabe, sukalderaino. Agustin, Joxe eta Maximo hantxe zeuden eserita. Zerbait hitz eginda zeuden, nonbait, zigarrilo batzuk erreta. Etxekoandreak ardoa eskaini zion Floreni, eta etxe barrura bildu zen, isilki. Giro pisua zegoen, enbata giroa.

        Agustinengan konfiantza handia zuen Florenek, hura bere kontaktoa bait zen, gizondutako mutil lasaia, aspaldiko laguna. Tipo handi, ile ugarikoa zen, eskuak aldiz tiki samarrak zeuzkan, zurikorrak, ez oso trebeak. Eskuaz musu-bizarrak igurtzitzen zituen, Florenek ia inoiz ikusi ez zion urduria erakutsiz; baina haren begi grisek gauzak «kontrolatuta» zeudela, esaten zioten. Maximo ere gogoko zitzaion Floreni. Ekintzan ezagutu zuen, eta intimoki bazekien, behar izanez gero, bera haren alde bezala, hura ere bere alde saiatuko zela. Gaztea zen, argala eta ahula, eta espresio triste antxekoa izaten zuen. Joxe ez zitzaion begi beretik sartu: zer-edo-zer gogaitkarrizko antzematen zion; lehengo egunetik, janzkeraz, keinueraz, hizkeraz, hura bere tipoa ez zela, erabaki zuen; «señorito» samarra zela, alegia. Hura ez zen oztopo izan, bestalde, azken hilabeteetan elkarrekin aritu zitezen. Sukaldean, Maximo eta Joxek, kaixo esan eta beren arteko eztabaidan segitu zuten, aparte. Agustin Floreni han-hemenka ibili gabe mintzatu zitzaion:

        —Garbi esateko, asuntoa zera duk, bi hauek erre egin dituk eta baziaztik hemendik, gaur, orduan, zera... —ahots lakarra zuen, tabakoak errea—, ez zekiagu nondik joko diguten baina jo behar digutela seguru zegok eta... Hik ere ez duk trankil ibiltzerik orain: arriskua duk herorrentzat eta, hobe huke, laxter aldegingo bahu...

        Agustinek zigarriloaren kea irentsi zuen. Bere begi grisez Florenen aurpegian seinaleren bat somatu nahi zuen. Floren ez zen molesto sentitzen, baina ez zekien zer esan. Duda bat bururatu zitzaion, eta segituan bota zuen:

        —Hi, seguru al hago?

        Agustinek kopeta zimurkatu zuen.

        —Bai... niregatik ez preokupatu, Floren, herorrena begiratu ezak.

        —Esan nahi diat —Floren oso serio zegoen, bonbila soilaren argitan aurpegiaren itzalak nabarmentzen zitzaizkion—, hi seguru baldin bahago eta hauek-eta aldegiten badute... nondik zetorkidak arriskua neri?

        Agustinek irri-aire bat egin zuen.

        —Bageneki...! —erre egin zuen eta metalezko hautsontzian zigarriloa itzali zuen; eta gero, zorrotz—: Dena den etzakela pentsa, hire izena herorrek bakarrik dakianik.

        Florenek bazekien, zertaz ari zen laguna: kontu zaharrak, beharbada, baina... Egoera baloratzen hasi zen. Gero, biharamunerako gelditu zen Agustinekin. Maximok irribarreti begiratu zion:

        —Gu bagoaztik: hire esku gelditzen duk asuntoa, orain —haren begi hitsak malezia poxi batez argitu ziren; esku batekin beste eskuko kailoak igurzten ari zen.

        Baina Floren makal sentitzen zen, brometarako ez-gauza.

        —Bai! Egon hadi piska batean...

        Kariñoz begiratu zion Maximori; gero despeditu zitzaien. Handik irten zelarik, ordubetetxoz ahaztutako minak atzera kolpatu zion eta pentsamentua galerazi, etxerako bidean. Hamaikak inguru oheratu bazen ere, paretera begira egondu zen luzaz, bere arnasa entzunez, ondoan Rosario zuela ohartu gabe.

        Dena utzi beharko ote zuen...? Posibilitatea, teorian, beti erabili izan zuen, hartan sartu zenetik, baina momentu hura ez zuen inoiz imajinatu nahi izan. Familia, bere baitan errotu zena, eta lana, biziki gustatu ez arren urteen poderioz eta hainbat ahaleginez iritsitako lana... Eta gerra, gerra basa, herria txikitzen, nahigabetzen zuena, eta bera ere erremediorik gabe aurreraka, aurreraka —norantz?— bultzatzen ari zena. Gerra zahar, negargarri hura, gorputzean sartuta zeukan, eta ezin aldegin zezaiokeen. Gerra irabazi behar zuten, eta gero bizitzen segitu. Gauzak ez zihoazen ongi, aurreko asteetan etsaiek hiri batzuk hartu zituzten, baina buelta etorriko zen, etorri behar zuen, berek zuten arrazoia eta erdietsiko zuten... Umeak ematen zion mina, negar egiteraino: Itzi, nola utziko zuen? Eskerrak Rosariori, harek ulertuko zuen, ulertu behar zuen, eta umeak ez zuen harekin deusen faltarik izango... Baina bera umearekin estekatzen zuen lokarria nola hautsiko zuen? Maitasunezko lokarria, erraietatikoa, bitala, bizi bitartean hautsi ezina... Baina gauzak, pertsonen destinoak, etorkizuna, beren nahikerietatik kanpo, urrun, oso urrun, leku hotz eta heldu ezineko batean erabakitzen ari zen, eta gerra aurrera zihoan, eta gerra egin beharra zegoen, sentimentu harek erre egiten zizkion Floreni barrenak, gurasoek egin zutelako, eta gurasoen gurasoek, eta hori instintiboki zekien, hartan hil egin zitekeela zekien bezalaxe, eta bere jendearen alde burrukatu behar zuen, eta etsaiari ez tregoarik eman, eta batez ere, ez utzi harrapatzen, ez erori, eroriz gero heriotza etor bait zitekeen, kartzelaldi luzeak, eta bizi egin behar zen, bizi egin behar zen ezer baino lehenago... Eta, loaren zurrunbiloan erabat sartu aurretik, joan egingo zela, erabaki zuen...

        Agustinek, goizean —goiz hartan bertan, mendian zebileneko goizean alegia—, lagun gisa baloratu zion erabakia: hitzik esan gabe, gizonak jomuga latz bati begira konprometatzen diren konplizitate misteriotsuaz. Direkzio bat eman zion, pistola bat eskuratu...

        Eguerdian, buruko min gogorra zuela esanez, lana utzi zuen, etxera joateko. Larri zihoan, esan beharreko hitzak nahasita gogoan.

        Rosario eta umea sukaldean aurkitu zituen. Rosario sutondoan, umea kaja batekin jolasean... Itzi, urte t'erdiko neskatila panpiñ adoragarria. Eta Rosario, mutur beltza, ume harengatik eta etxeagatik bere independentzia bazter batera utzitakoa... Rosariok sorpresaz begiratu zion.

        —Ui! Zer egiten duk hemen?

        Reprotxe baten itzala zegoen galdera hartan. Florenek ez zuen segituan bildu dena esateko kemenik.

        —E...? Buruko minez natxon eta...

        —Ba, dagoena jan beharko diagu —esan zuen Rosariok, soilik.

        Florenek, zamarra eranzten zuelarik, garbantzuen usaina aditu zuen. Hitzik esan gabe jarri zen aulkian, lurrean zegoen umeari grazia batzuk egiteko. Ume polita zen, besteekin garestia, aitarekin agradezitua... Gero Rosariok eltzea ipini zuen mahaian, eta isilik hasi ziren jaten. Rosario zain zegoen, gizonak hitz egin zezan. Eta Florenek hitz egin zuen, apal.

        —Xario... —kariñoz hasi zen, oso bajutik—. Aldegin behar dinat, hemendik... Gauzak gaizki jarri ditun eta, aldegin behar dinat.

        Rosariok fijo begiratu zion minutu erdi batez, eta gero, bista makurtuz, goilarakada etsipentsuak ahoratzen segitu zuen. Orduan Florenek ere ekin zion jateari, emazteak zer esango, zain. Gero Rosariok, garbantzu denak janda, baina ohi zuen gisa platera ogiaz lerdatu gabe, aurpegia itzuli zuen, eta arratsaldeko zeru lainotsua ikusi zuen.

        —Ba al hoa? —galdetu zuen, zer esan ez jakinik bezala.

        Floren berotu zen, Itziren presentzia nabaritu zuen atzean, emakumearen tristura, eta negarrez hasi eta dena bertan behera uzteko puntuan egon zen; baina bihotza bildu zitzaion, eta indarra erakutsi zuen.

        —Bai, banian —eta instant hartako sukaldeko sentsazio, xehetasun guztiak inoiz ez bezalako indarrez atxiki zituen.

        Baina Rosario arratsaldeari begira segitzen zuen, begiak kiñatu gabe, ezpainak estutu gabe, gozo...

        —Gauzak gaizki jarri ditun... —errepikatu zuen Florenek. Eta Rosario itzarri zen, begiratu zion, eta misterioz, ixilkara esan zuen:

        —Bai...?

        —Hala esan zidan Agustinek. Bazterrak garbitzen ari ditun. Nik ez zekinat... Baina hobe dinat gordetzea, aldi batez... Bai —bere burua komentzitzen ari zen—, joan beharko dinat... Ez zekinat zenbat denborarako baina...

        Oso luze jo zezakeen. Eta Rosariok bazekien, eta ezin zezakeen umea bere gogotik apartatu. Neke handiak izandu zituzten ume hura zela medio, berea bezala Florenena zen ume hura zela medio, eta azkenez —beti haren beldur izan zen— ezin emango zioten bizimodu normalik, benetako famili girorik; eta berak, zer egin behar zuen, hurrengo goizean bere burua bakarrik atzemango zuen etxean, lanik gabe noski, umea jaio zelarik utzi bait zuen tailerra, eta zer perspektiba zuen...? Bapatean, bere isiltasunaz ohartu zen eta esan zion gizonari:

        —Eta lana?

        Floren lasaitu zen; erraz mintzatu zen orduan.

        —Bihar joan behar dun herorrek, eta esan, oheratuta nagoela, bada ezpada ere; gero jakingo diten, baina ez zegon ardurarik, badakin nolakoak diren, lagunduko dinate.

        Orain ez zuen tarterik utzi Rosariok; platerak biltzen zituelarik galdetu zion, goxo:

        —Zer hoa, mendiz?

        Floren ohartu zen haren espresioaren eztiaz; baina orain gogorra behar zuen.

        —Bai, noski.

        —Zerbait jarriko dinat —erabaki zuen Rosariok; haren eskuak mugitzen ziren; bere ohizko izakera: serioa, aktiboa, apur bat itzuli zitzaion.

        —Ez, ez —protestatu zuen gizonak, indarge.

        Rosariok ordea txiñarrak eragin zituen, egur pare bat sartu zuen sutara eta zartaginean olioa berotzen hasi zen. Zer egingo zuen? Segitu behar zuen... Florenek esan zion:

        —Diru piska bat utzi dinat, hor.

        Rosario urdaia frijitzen ari zen. Haren esku gorriak tenedorea zerabilen, azkar, eta olioa zirritaka ari zen, eta larruan zenbait ttantta erantsita gelditzen zitzaion. Zerbait egin behar zuen, orain, bere gizonaren alde. Sutatik piska bat apartatu zen, leihoa irekitzeko. Floren kikildu zen; bere erabakia azpimarratu nahi zuen, detaileak azkendu.

        —Edozer nahi badun edo... edo neri bisita egin edo... Agustini esan, horrek jakingo din nere berri.

        Rosariok baiezkoa egiteko itzuli zitzaion; minduta zegoen, ez zitzaion hitzik bururatzen, Floren mintza zedin nahiago zuen. Urdaia erreta zegoen, ogi bat erdibitu zuen eta bokadiloa paratu.

        —Umea... —esan zion Florenek orduan— ondo erabiliko al dun, umea...?

        Ez-axolaz esan zuen, xuabe; baina ez zuen esateagatik esan. Jo egin bait zuen, Rosariok, umea, pare bat egun atzerago; eta ez zen izan aurreneko aldia. Kariño gutxi erakusten zion umeari Rosariok, Florenen iduriz; egunero bete beharreko mila detailetan zakar erabiltzen zuen, eta Florenek ez zuen indarrik izaten, deus esateko, bera kanpoan egoten bait zen, eta Rosariok aldiz...

        Florenen hitzak entzun zituen bezala, Rosariok amorrua erraietatik gora oldartzen zitzaiola, nabaritu zuen. Umearekin egunean pare bat minutuz egoten zen gizon harek, zer deretxo zuen...? Zer egin zuen, ba, Florenek, umeari buruz, orain hari hura esateko? Eta antosiñea kafeaz ateratzen ziolarik:

        —Horrenbeste maite baduk, eraman ezak —bota zion, suminez.

        Florenek agresibitateaz disfrazatu zuen aztoramena, esanez, bakarrik, altu xamar: «Eh?» Baina Rosariok, zutik, gorrotoz eta penaz begiratu zion, sinple, lehor esateko:

        —Gu biok ondo moldatuko gaituk.

        Kolpea emanda zegoen, eta Florenek ez zuen armarik ez babesik aurkitu. Haustura bat somatu zuen barrenean, eta isildu egin zen. Rosario ere isildu zen, eta gero, Florenek botak janzten zituelarik, komentario arrunt batez tentsioa pixka bat arindu zuen. Floren molesto, baldar sentitu zen orduan. Baina ez zuen joateko ordua atzeratzerik nahi. Atean musu dorpe bat eman zioten elkarri, agur bat esan... Eta ezer entenditzen ez zuen urte t'erdiko neskatxoa besoetan hartuta Rosariok begirada maxkala luzatu zion ataritik. Kanpoko eskailerak larri jeitsi zituen Florenek. Plastikozko poltsa bat eskuan, Lugerra petxuaren kontra...

        —Zaindu hadi! —esan zion Rosariok, eutsi ezinik. Floren itzuli zitzaien, amodiozko irribarrea egin eta eskuaz musu bana bidali zien.

        Horbelatik bista altxatu zuen eta aurrera begiratu. Haraxeago bideak bitara egiten zuen. Beheko pagoska multzoan barneratuko zen ala gora joko zuen, angula-mangula, seguruago bait zirudien, nahiz eta luzeago? Duda txikia egin zuen; gero, zeruari behako bat emanik, behera sartu zen.

        Euriaren arriskua usaindu zuen eta arin zebilen, saltoka, harritik harrira, pagotik pagora. Ezkerreko eskuan, plastikozko poltsak dantza egiten zuen. Lokietan ile nahasi batzuk zeramatzan erantsita. Ezpainetan keinu samina zuen, eta begietan erabakia, sukar amiñi bat, eta beldurra, baten batekin topo egiteko beldurra, baten batek ikusi zezan...

        Beheragoko malda goxoko baso usuago bat zeharkatu zuen, eta pago hosto kixkurtuek, eta gaztain txehe ximurrek eta pagaxi azal biribilek estaltzen zuten lurra. Erreka txiki, pausatu bat aurkitu zuen; ahoa freskatu zuen, zurrut bat edan. Aurrera ez zen landarerik ja, mendi maseleko iñarrak baizik, haize legunak apenas iñarrosiak, eta bidea berriz lokaztuta zegoen. Urrutiko mendietan laino tontor artean pinu berde-urdinak antzematen ziren, perfilatuta goian, lainoek urratuta beherago, eta laster gauak denak berdinduko zituen...

        Florenen begiek, borda bila, iluna ikertzen zuten. Jendea hurbil bizi zen seinaleak baziren: abereek zapaldutako lohia, bide bazterreko zarbak. Haize legunak egur ustelaren usaina zekarren bailaratik.

        Petxuan beroa sentitzen zuen, kartutxeraren ondoan. Ziurtasuna eta beldurra eragiten zizkion burdin puxka harek. Goardiekin topatuz gero... Eskuak izerditzen zitzaizkion, posibilitate hartaz, eskuina batipat, tiro egin behar zuena... Baina ez, mendian ez zuten atxemango behinik behin, mendian ondo zebilen, bere terrenoan: begiak argi, sastrakak arakatzen, belarriak erne, edozein hotsak segundu dezima batez geldiarazten zuelarik, eta usmaka, haizeak zekarzkion urrin desberdinek daldar arazten bait zioten... Etengabe atxikitzen zituen detaile berriak, korrika hasi behar izanez gero, nondik barrena jo, adierazten zutenak. Elorrietan izkuta zitekeen, ez bazuten ikusten. Goitik behera ez zegoen joaterik, zulo zikin hartan garbituko zuten. Ezkerreko sasitan berriz nekez segituko zuten, eta bestaldean malda-behera hasten zela zirudien. Ez, mendian ez zuten harrapatuko, baina erne, oso erne ibili beharra zuen, eta gaizki ikusten hasten zen jadanik, trumoi baten hotsa ailegatu zitzaion eta «minutu gutxitara zegok» pentsatu zuen Florenek, erauntsiagatik. Soro bat ikusi zuen orduan, belaze zabal bat, burdin-sare zahar batez hesituta ardi ale batzuk. Hurbildutakoan umatu berriko ardi mutur-pinto batek hanka tartea eta errapea odoletan zituela ikusi zuen, eta bildotsak titia heltzearren buruaz zunka-zunka amaren hanka tartean bultza egiten zuen. Ardi batzuek begiratu zioten, zuzen, izurik erakutsi gabe. Belazeak, arrats-apalak ilunduta baina, berde-bizi ziren, soro ebaki berriaren antzera. Arbolek berriz, negu kolorea zuten, hostorik ez oraindik, eta umeltasun ustelaren usaina areagotzen ari zen. Martxa bizkortu zuen eta, bidearen goiti-behera koxkor bat gaindituta, han ikusi zituen.

        Bi baserri ziren, bidetik ezkerrera biak, berrogeitamarren bat metrotara; bata, txikiagoa, beheraxeago zegoen, soro luze baten aldamenean; bestea, zabala, zaharragoa, goraxeago zegoen, honantzaxeago, belaze batez bestetik berezia, eta haren atzean belar idorra pilatzen zen egurrezko borda bat ikusten zen. Baserri txikiko tximiniatik ke lodi txuria ateratzen zen, bigarrengotik apenas ke-lainosta batzuk, haize freskoak segituan ezabatzen zituenak. Florenek bista zorroztuz etxe bazterrak miatu zituen: ez zirudien kanpoan inor zebilenik. Horretaz ohartu zelarik, irten zenetik lehendabizikoz, nekatuta sentitu zen; ordu dexente egin zuen ibilian, eta orain hanketan iñurria nabaritzen zuen, eta estomagoan hutsa; poltsa estutu zuen, bertan zeraman bokadiloa gogoratuz. Azkeneko aldapan hatsantu zen eta iluntzeko freskuran arnas moltxoak lurrundu egiten zitzaizkion. Etxe haietako batean pasatuko zuen gaua, galerazten ez baldin bazioten. Zegoen zokogunetik prezeski, bide-txidor bat abiatzen zen, artasoroa gainetik inguratzen zuena, eta larraska batzuk gainditu ondoren goiko baserrian amaitzen zen, nonbait. Beste trumoi batek hots egin zuen, askoz hurbilago. Florenek hortzak estutu zituen: bai, gaua hantxe pasatuko zuen eta biharamun goizez gorantza, mugalderantza abiatuko zen.

        Lokatza ebitatu nahian, jauzi tipika zebilen. Ez zuen lurrik ikusten, baina harri zurietan zeruko argi-kondarrak isladatzen ziren. Larra batzuk apartatzerakoan arantza batek zauri egin zion ezkerreko besoan. Gero, bekoz beko etxearekin topatu zen. Baserri zapal bat zen, harri zaharra begi bistan zuena eta lokatza inguru guztian. Txerri batek zer-edo-zer bilatzen zuen, basa-putzu batean.

        Etxe ondoko simaur pilo handi batetik ke-lurruna airatzen zen, ikuilutik berriz zaldi baten hotsa, eta beste bizi seinalerik —tximiniako ke meheaz aparte— ez zen inondik ageri. Goraxeago, bere ezkerrean, borda ikusi zuen Florenek, hango egur okerrak, hango belar grixak. Bi plantako borda zen hura, eta bertaraino aldapa txiki baina piko batetik gora iristen ahal zen. Hantxe egingo zuela lo, pentsatu zuen, eta pistolaz gogoratu zen, instantean, eta beroa sentitu zuen, aurpegian eta eskuetan. Ixil-ixilik igo zuen aldapa txiki hura. Bordan ardiak bazeudela, nabaritu zuen. Poliki-poliki gerturatu zen...

        Sorpresazko, sustozko «otx!» ozen bat aditu zuen, bordaren iluntasunean burua plastiko batez bilduta zeukan aurpegi bat ikustatu baino lehen. Emakume bat zen. Une hartan, tximista batek hautsi zuen zerua, eta harekin kasik batera, trumoia lehertu zen. Begirada urduriaz elkar ezagutzeko aprobetxatu zuten abagadunea. Zaharra izan gabe, aurpegia zimur sakonek markatuta zeukan emakumeak. Trapu ilunez jantzita zegoen, jertse zahar batez, behatz puntak agerian uzten zituzten eskunarruez. Burdinezko ontzi txiki bat zeraman eskuan. Zain bide zegoen, Florenek hitz egin zezan. Florenek esku-lepoaz muturra garbitu zuen, gero esateko:

        —Uste dut salbatu naizela...

        Izan ere euri tanta lodi batzuk hasi ziren jausten. Emakumeak segundu batez begiratu zion eguraldiari, gero berriz Floreni, begiak zabal-zabalik.

        —Zer nahi duzu, hemen?

        Ahots latza zuen, eta altu egiten zuen, ia garrasi batean, baina ez beldurrez, naturalitatez. Lagun zahar bati egiten zaion galdera zirudien abantxu.

        —Babes bila etorri naiz, erauntsitik ihesi... —baina zaparrada hasi zen, eta Floren urrats bat aurrera emanez emakumearen ondora iritsi zen; emakumeak aldiz borda barrura jo zuen, eta Florenek ardi tartean ikusi zuen bere burua.

        —Babes guti izanen duzu hemen —esan zion emakumeak, ironiaz; baina bertan gelditzeko inbitazio bat zen, eta Florenek eskerronez begiratu zion, segituan ordea begirada bordaren ixkinetara aldenduz.

        —Ez nuke gehiagorik behar —onartu zuen eskaintza.

        Emakumeak barre nasaia egin zuen orduan, ardiak, eta Floren, pittin bat asaldatuz.

        —Ez al zenuke behar? Ez al zenuke behar? —garrasi egin zuen; orduan ontzi txikia lurrean utzi zuen, pote zahar handi bat jaso zuen, eta bordatik atereaz itoizuratik erortzen hasitako ur xortaren azpian jarri zuen. Gero atzera sartu zen, arin, irribarre zoroaz, borda barnera joan eta belarra biltzeko soka mordoska bat hartu zuen kurtetik, atzera etorri eta ontzi txikia jaso zuen eta berdin umoretsu errepikatu zuen—: Ez al zenuke behar? —Bordatik atera zen berriro eta kanpotik bere ahots latzaz agindu zion—: Etorri zaite!

        Floren atera zen, duda-mudatsu; emakumea bordari buelta ematen ari zitzaion. Euri zigorradaren azpian, deus galdetu gabe, pauso azkarrez jarraitu zion. Borda ere aldapan zegoenez, belartegira goikaldeko beste sarrera batez iristen ahal zen. Emakumea kanpoan gelditu zen, Floren sar zedin. Bere ironia antzeko harekin, hots egin zion:

        —Hemen behiñipehin lo eginen duzu... Horra belar idorra! —eta segituan joan behar zuela, keinu egin zuen.

        Orduan Florenek «e!» egin zion, eta aurpegia hurbildu. Fijo begiratu zion, harekin fidatzerik ote zuen antzemateko. Emakumearen aurpegi gogorrean titakatutako begi ilunek burla egiten zioten, akaso. Isiltasuna agindu behar ziola, ulertu zuen, eta eskua altxatu zuen, polliki, erdi eske, erdi abisatuz, ezpainetara.

        —Ni ez noa inori deus erratera! —esan zion, biolentziaz, baina ez-axolaz ere bai, emakumeak, eta buruan txapel gisa zeraman plastikoari helduz etxe aldera jeitsi zen, korrika.

        Floren begira gelditu zitzaion, maldan behera galdu zen arte. Zegoen lekutik, ezin zezakeen baserria ikusi, eta lurra ere, nekez ikusi zezakeen. Neguak larrututako zuhaitz baten adarrak dibujatzen ziren soilik, beltz, zeru ilunaren kontra. Eta euria, ibaika. Zer-nolako bordan zegoen ikusi nahian, atzera begiratu zuen. Belarra bazela, eta leiho zulo bat fondoko paretan, ez zuen besterik somatu. Poltsikoetan bilatu zuen poxpolorik. Bat piztuta, ezkerraldera, hutsune beltz bat ikusi zuen, han egon behar zuen eskilara, lastoak arditegira botatzeko zuloa; gainerantzeko guztia belarrak estaltzen zuen, belar idorra, baina zapaldua eta erabilia, halaz ere usain gozoa zuena, Florenengan bero intimo bat sorrarazi bait zuen. Bigarren poxpoloaz ganbaraz bestaldeko, konparazio, baserrira jotzen zuen bordaurreko leiho zulora joan zen. Euria latz ari zuen. Momentuz bederen, emakume aurpegi zabal, burlari hura ez zen bera han zen kontuarekin inorengana joango. Floren lasaitu zen eta, egarritu bait zen, ate ondoko egur txut batetik labantzen zen ur-xirripa bati musu eman zion, eta xurrupaka edan... Gero leiho ondora itzuli zen, eta neke-gozamenezko zizpiru batez belarretan eseri zen; haren eskuek poltsan bilatu zuten, eta bokadiloa estaltzen zuen periodikua zabalduz, ogi guria ukitu zuen; urdaiaren usaina... Mokadu egin zuen, erabat gozatuz, eta minututik minutura ogiari horzka eginez segitu zuen, eta bukatu zuenean eskuak usaindu zituen eta mihiaz, presio eginez, hortz tarteko hondarrak atera zituen, eta haiek ere zehatu, eta irentsi zituen. Korrok egin zuen. Gero Rosariok poltsan utzitako sagar azal-zimurra atera zuen eta, nabalaz puxketak eginda, gustora jan zuen, halako pentsamentu luzerik erabili gabe. Gero berriz, belarrak lo egiteko moduan paratu zituen, zamarraren azpian poltsan zekarren beste jertsea jantzi zuen, pistolaren kargadorea konprobatu, eta kartutxeran sartuta ondo-ondoan utzi zuen, esku batez ukiturik burdina. Ez zuen pentsatu denbora luzeaz. Hurrengo goizeko bidearen arriskuak gogoratuz loak hartu zuen.

 

 

Iluna zegoen, esnatu zenean; ordea, laster bide zetorren eguna, oilarra kantatzen hasi bait zen, eta giroa dexente hoztu zuen. Artean ateri zegoen, baina gau guztiz aritu zen gogotik; ttantta berankor batzuk besterik ez ziren jausten ja, hosto-teiletatik. Floren kukubilduta zegoen, burua ezik goitik behera belar sorta arinez erdi estalita, kabi batean irudi. Gorputzaren pisuak ezker besoa zurrundu zion, orain handik atera zuen eta iluntasuna miatu zuen, estrainotasunez.

        Burua plastiko batez janzten zuen emakumeaz akordatu zen, haren begi burlariez, eta beldur izan zen, atertu zuela aprobetxatuz etxetik irtengo ote zen eta behar ez zenen bati... Ez zitzaion pertsona gaiztoa iruditu, baina bai malezia zeukana, umore biolentoa eta bitalidade arraro bat; badaezpadan erne ibiltzea zuen... Dena den argitzen hasi eta segituan gora joko zuen, egun beteko bidea bait zuen mugaraino. Karabinerorik asko ibiliko ote zen mendi gain haietan? Azken denboretan bijilantzia zerbait arindu zutela, horra Maximok komentatu ziona. Arratsaldean... ez zen halere egokiena, batez ere hango bide-zidorrak erdipurdi ezagutuz gero. Begibistegian gelditzen zen lepotik ez, handik behera bestetan ikusi zituen baina inoiz ibili ez zituen baso txikietan barrena pasatuko zen, baso zikin lapartsuak zirela bazekien baina, haietan behinik behin nekez sartuko ziren karabineroak eta aise trankilago ibiliko zen.

        Hotz egiten zuen, eta Floren are kukulduagotu zen, zirrara batekin. Belar izpi batek dantza egiten zuen, bere hatsaldi bakoitzean. Bere amonaren baserriko usain bera zen: usain pisua, sendoa, neguak moteldu, histu duen belarraren usaina; baina gutxika gutxika kanpoko egur bustiaren usaina nagusitzen zen orain, altxirriarenaz nahastuta. Usain zaharrak, lurraren usainak, Florenen barrenera sartu eta instintoak ernarazten zizkiotenak. Jeiki beharko zen, bai, pentsatu zuen, eta brinko batez eserita gelditu zen, eta sortaldeko mendi eta lainoen artetik argi xirrinta zabala filtratzen hasten zen instantean.

        Giro hotza zegoen, negu-giro oraindik, eta ahotik lurrun xuri mehea irteten zitzaion. Jertse batez eranzten zelarik, dorpe sentitu zen, astun eta zakildua. Buruan hazka egin zuen, besoetan ere bai, xomorro petralen bat handik barrena ibili zitzaiola somatuz, eta eskuak igurtzi zituen, kartutxera petxuaren bueltan jarri baino lehen. Eskuak usaindu zituen, eta bezperako urdai frijitua gogoratu zitzaion.

        Bordatik aterata, gauez ibilitako aldapaz jeitsi zen: urak harri porroskak, egur puxketa ustelak bertaratu zituen, eta lokatza sortarazi zuen, buztin gorrizko lurrean. Ilun zegoen, baina ingurumariak —harrizko hesia parean, handik gorako malda malkarra, baserrirako basa bidea goitik behera— antzematen ahal ziren ederki. Florenek eztula egin zuen, listukazoa bota, beheraxeago jeitsi eta borda ondoko aska luze bateko uraz aurpegia eta besondoak busti zituen. Erantzitako jertseaz lehortu zen, eta ez zen zeharo esnatuta sentitu, baina baldarkeria zerbait astinduta bai. Segituan abiatuko zen... ez baldin bazuen euriak galerazten oraintxe, atzera nahi zuela ematen bait zuen, zeru nahasian laino beltzak elkarren kontra oldartzen hasi bait ziren.

        Baserrira jeisten ari zela, bezperako emakumea ikusi zuen, lanean; txerritegia garbitzen ari zen, aitzur luze buru-zapal batez lastoz nahasiriko simaur horailak kanpora pilatzen. Hanka-beso sendoak zeuzkan emakumeak, eta koloredun zapi batez janzten zuen burua orain. Floren gibeletik hurbildu zitzaion eta eztarria garbitu zuelarik hura itzuli zitzaion.

        —Egun on! —esan zuen Florenek, behar baino altuago.

        —Bai! —erantzun zion emakumeak, eta bere lanean jarraitu zuen, lehen baino arintxeago, segituan ordea zera eransteko—: Egin duzu lo batere! —eta bere begi harro oker samarrez begira gelditu zitzaion, esku batez aitzurra eta besteaz bere gerriari eusten ziolarik.

        —Egin dugu bai! —eta hitz haien familiartasunak apur bat harritu zuen; baina zerri simaurraren usaina ere oso ezaguna zitzaion.

        —Orain abiatu behar duzu laster! —galdera bat zen, modu biolentoan eginda.

        —Bai noski! —eta begi berdeak zeruraino altxatuz—. Bota egin behar du baina!

        —Botako ez du ba! —atzera ironiak dirdir egin zuen emakumearen begi grisetan—. Zaparrada itsua heldu da! Lasterrean joan beharko duzu, joko ez badizu, tximistak!

        —Tximistak! —esan zuen dibertituta Florenek—. Ez naiz, ba, tximistazalea!

        —Zerbait gosalduta joanen zara goiti —erabaki zuen emakumeak, eta aitzurra txerritegiko atearen kontra lagata baserrira sartu zen, «etorri zaite» eta Florenek ulertu ez zion beste zer-edo-zer marmarikatuz.

        Floren ezpaian gelditu zen, emakumea segitzeko imintzioa eginez baina ezetz, segituan zihoala esateko gogoz. Izan ere, harek «goiti» joan behar zuela interpretatzeak kexkatu zuen, nahiz ez zion azento makurrik somatu. Kanpoko zeretan erreparatu zuen: harria, lohia, egurki boteak... Zerria —etxeko zerri bakarra?— zaldi-ongarri metaren kontra igurzten zuen bere bizkarra, eta lepoa lumatutako hiru-lau oilo mehe bihi-lapurka zebiltzan, keinuketa ergelaz. Florenek simaur umelaren usaina barneratu zuen eta, lokatza zapalduz, burdinaren pisua nabaritu zuen bularrean, ataritik barrura begiratu baino lehen.

        Eskaratza txikia zuen etxeak, zorurik gabeko lurra, zume-makilak eta belarretarako sokak pilatuta batean, txirrikak eta txirrindolak bestean, eta kapazo zahar bat eta sarde luze bat egur asto baten gainean. Eskuineko atea zabalik zegoenez, zeharka sukaldea ikus zitekeen, eta han zebilen emakumea, egin beharrekoak egiten. Florenek beste zalantza txiki bat izan zuen eta gero sartu egin zen.

        Sukaldean ez zen egunaren argitasunik sartzen ia, ez zen oso zabala, lau bat sila zituen, mahai kraskatu bat eta su bajua, fondoan. Kristoren irudi txiki batek presiditzen zuen, ezkerrera, eta ontziteriak betetzen zuen eskuinaldea, traste batzuk lurrean, beste batzuk paretatik zintzilik. Mahai ondoko sila batean, bista apenas altxatu zuen gizon zahar-zahar bat jarrita zegoen, txapelaz, jertseaz, abarkaz jantzita, katilu bat eskutartean. Florenen saludoari begien mugimendu izuti batez erantzun zion harek.

        —Jarri! Jarri zaite hor! —agindu zion emakumeak, seguru aski aita izango zuenaren aurrean ahotsa piska bat makestuta, eta segidan atea itxi zuen, ez zitezen atera kea eta beroa.

        Ez zuen beste deus esan, eta Florenek ere ez, esnea taloarekin jaten zuen bitartean. Gero giroa pizuegia gertatu zitzaion, eta eltzerako patata koxkak zatitzen ari zen emakumeari —gizon zahar harek ez bait zirudien, solas egiteko oso interesatua— esan zion, nolabaiteko umoreaz:

        —Lanerako giro txarra, orain!

        Emakumeari ironia apur bat itzali zitzaion, esan zuelarik:

        —Orain ongi dago: euria behar du, orain! —Floren ohartu zen, eztarrian trabaren bat zuelako mintzatzen zela oihuka. Begirada bizia zeukan emakumeak, sukartuta bezala, eta garai bateko sentsualitatearen arrastoa gorde zuen ezpainetan; gaztetan emakume beroa, desiragarria izango zen agian. Florenek erantzun zuen, umorez:

        —Itoko zarete!

        Emakumeak, berriz, ura nahikoa ikusi duenaren gisa:

        —Bai! Gaixoa! —eta beste hitz parrasta bat esan zuen, Florenek entenditu ez zuena.

        Orduan berean kakagalea sentitu zuen Florenek, eta zutitu egin zen, kanporako.

        Despeditu zuten; gizon zaharrak hutsik zegoen katilua utzi zuen eta arto ale batzuk zerabiltzan eskuan; aho keinu bat ere egin zuen, zerbait esan nahi izan balu bezala. Emakumeak irribarre egin zion Floreni eta sukaldeko atetik bota zion ozarki:

        —Nahi duzularik etorri!

        Laguntasun seinale harek harritu zuen Floren.

        —Bai! —erantzun zuen, aztoratu xamarra.

        Eskuinaldera jo zuen, gurdi-bidetik gorasko, iratze zaharrak ebaki gabe makurtzen eta zimeltzen ziren aldapa batera. Haietatik batzuk bildu zituen, ipurdirako.

        Pikotxean jarri zelarik, agujetak nabaritu zituen izterretan. Pistola sorbaldatik zintzilik zeukan, eta lehenbailehen bestaldera iritsi behar zuela, gogoratu zitzaion. Arrotz sentitu zen, mendi paraje hartan, bi baserri haien ondoan, bere etxetik urruti eta aurrerantzean bere bizitzaz zer egin behar zuen apenas zekiela. Susmatzen bait zuen, arma motz hura ez zuela erraz uzterik izango, eta susmatzen zuen, nekez ikusiko zituela denbora luzean Rosario eta Itziar. Itzi hagitz kanbiatuko zen, eta eguneroko lokarria etenik, neskatilarentzat ez zen beharbada ja beste inoiz lehengo aita bera izango, aldian behinka ikusten diren aita horietakoa izango zen...

        Beste txori txikiagoen kantuen gainetik, birigarro batena aditu zuen. Sasi batzutatik zetorren, garbi, baina urduri xamar, euria igarriko bailuen. Eta, Florenek pentsamentu hura izan eta batean, ipurdia garbitzen ari zelarik, erori egin zitzaion lehenbiziko tanta, gero beste bat... Aski iratzerik ez zuela-ta, belar eskukada batez burutu zuen garbiketa. Gero zutitu zen...

        Neska bat ikusi zuen orduan, berari begira zegoela. Beheko baserriaren alorretan zegoen, aitzur bat eskuan zuela. Jertse zuriska batez jantzita zegoen, eta gona urdin luze batez. Urruntxo bait zen, Floren ez zen harritu, baizik eta fijo begiratu zion, gerrikoa lotu eta botoiak estekatzen zituela. Neskak eutsi zion, instant batez, begiradari, segidan bista jeitsi eta lanean segitzeko. Neska gaztea zen, mehatxa, eta erregulartasunez makurtzen zuen gerria lurraren gainean. Floren begira zuela, ordea, euriak fuerteago jo zuen, eta neskak utzi egin zuen aitzurketa eta korrika txikian, zalukara —hegaldaka, pentsatu zuen Florenek— heldu zen baserriraino.

        Konturatu orduko busti-pelakatuta zeukan Florenek ilea. Gurdi-bidera jeitsi eta azkar bueltatu zen baserrira. Egurra pilatzen zen teilape txikian gelditu zen, burua astindu zuen eta goitik behera hotzikara batek iñarrosi zuen.

        Ez zegoen hotzak, baizik eta han segitu behar izateko beldurrez. Emakume ironikoari plastiko bat eskatzea bururatu zitzaion, aurrera egiteko bederen, baina hamar bat ordutako bidea zeukan gutxienez, kalkulatu zuen, eta mendi alde hura ez bait zuen ongi ezagutzen, itxoitea erabaki zuen: ordubete barru abiatuko zen, zerua gainean erori behar baldin bazitzaion ere. Aterpeko zotzabar haiek, bera inguratzen zuten itaizurak, maldan beherako turrustak, pare-pareko haritzaren negar-jarioa, haren azpiko larrak eta aingeru-belarrak, denak akzidenteak ziren, laster bere bizitzan oroitgarri soil gertatuko zirenak, lehenbailehen atzera utzi beharrak, bere baitan inpresio ubel, triste bat utz zezaten baino lehen.

        Gero ikusi zuen, etxerako bidean, poliki-txamarka, zaldi gurdia zetorrela, gizon handi batek gidatuta. Kamixeta eta alkandora xinpleaz jantzita zetorren, galtza beltzez, fajaz, txapelaz eta abarkez.Animaliari aira! aira! egiten zion apalki, eta gehixeago hurbildu zenean, ahoa guztiz deformatuta zuela ikusi zuen Florenek, batere hortzik gabe eta hoiak kanpora aterata. Marroiska koloreko aurpegi zuntzun higuingarria zuen, eta goitik behera bustita zetorren. Abarkak berriz, arrastaka zerabilzkien, lurretik apenas altxatu gabe, lasai asko lokatza zanpatuz eta bilduz. Florenek utzi zuen, lehenbizi harek agurtu zezan.

        —Aterpean ederki! —esan zion, Florenengandik metro batzutara zaldia geldiaraziz eta hoiak erabat erakutsiz; haren doinu lagun-itxurakoaz Florenek harek gaua bordan pasatu zuela bazekiela ulertu zuen.

        —Zer egingo duzu? —erantzun zuen Florenek, buruz buru begiratuz hari—. Egonean!

        —Ederki! —esan zuen, berriro, gizonak, alde guztietatik ura zeriola erreparatu gabe. Florenek besterik esan zezan, zain gelditu zen, Florenek ordea uste baino gehixeago eutsi zion isiltasunari, eta orduan gizonak, lehengo doinu beraz, galdeginez bezala baina baiezko erantzuna espero duenaren kutsuaz, erantsi zuen—: Emaztea etxean utzia!

        Floren harritu zen, baina gizonak pauso bat aurrera jo zuen, lasaigarri.

        —Horixe! —erantzun zuen Florenek—. Bustitzeko ere...!

        Gizonak ez zion hariari jarraitu. Berea esan nahi zuen eta:

        —Ongi egin duzu! —hitzak hoietan trabatzen zitzaizkion—. Emakumea berex behar bait da! —zaldi tximur begi-estaliari xei! hots egin zion eta, Florenentzat, erantsi zuen, apalago—: Bueno...!

        Etsipenez despeditu zen eta, Florenek haren mina sentitu zuen. Iratze-zama zeraman gurdiak, eta egurrezko gurpilek, lokatzean xirrixarra ibili arren, ez zuten kirrinik egiten. Florenek pentsatu zuen, haren hizkera eta izakeragatik, gizon handi hura emakume begi-biziaren senarra ez, baina anaia izango zela, etxeko neska eta mutil zaharrak seguruenera, ez bait zen bestalde ume edo gazte jendearen arrastorik ikusten. Bizitza lotuak, pentsatu zuen Florenek, jaiotzetik hiltzeraino... Berarena ere aski lotua zen, Rosariorekin, baina ezkondu aurretik urte ederrak pasatu zituen, baserritar zaharkitu eta nahitaez gogo-arindu samar haiek ez bezala; zuela... bost bat urte, barre egiten zuen berak, lagunek noizpait uztartu beharko zuela, esaten edo sujeritzen ziotenean. Gero Rosariorekin umea egin zuen eta beste etapa bat hasi zuten. Rosariorekin ez zen gaizki eramaten, noski oheaz aparte gutxitan egoten ziren elkarrekin, eta Rosariok batzutan zeharkako hitzez halako presioa egin ohi zion, etxean denbora gehiagoz egon zedin eta biak paseatzera atera zitezen, baina berak, Florenek, ez zuen hartarako gogorik izaten, ez baldin bazen jai eguerditan, herrian ohitura zen bezala matrimonio guztiak beren seme-alabekin orduan kaleratzen bait ziren. Nola moldatuko zen, Rosario, orain? Herrian lagun gutxi zuen —ez bait zen bertakoa, urruntxo zegoen beste herri batekoa baizik—, baina hura ez zen harentzat halako problema izango, aspaldian beste emakume gazte batzurekin konfiantza handiak egin bait zituen, umeak elkarrekin ibiltzen zituztela... Eta berena, bere neskatila, Itzi: ongi erabiliko al zuen... Bezperako eszenaren irudiak gogoratu zitzaizkion: bere galdera traketsa, Rosarioren erantzun zakarra, despedida mingotsa, azkeneko momentuan begirada soil batez eztitua... Haatik —ez zuen zergatik pentsatu nahi—, gauza haietaz, Rosarioz ez oroitzea nahiago zuen orain. Bista tinkatuta zeukan euriaz bestaldeko puntu abstraktutik alderatu zuen eta, berriz ere, kaka eginean bezala, arroztasuna sentitu zuen, eta haren kontra borrokatu beharrez, baserri inguruko paraje uspel haiek begi bistatik galtzea eta mendian gora, ezagutzen ez zuen mugaz-bestaldera iristea desiatu zuen...

        Euria lazoago ari zuen eta, Florenek zamarra ondo itxi zuen, lugerra behinik behin busti ez zekion, eta egur artetik atera zen, martxa egiteko. Alabaina, zume hautsiaren hotsa aditu zuen atzean eta, baserri kantoitik berari begira, atzera lehengo emakumea ikusi zuen, kapa beltz xaretu batez jantzia eta saski bat eskuan zuela, norabait joateko plantan.

        —Oraindik hemen al zaude! —esan zion, bere ahots zolia behartuz, eta oinetako zaharraren lokarria estekatzeko makurtu zen.

        —Ez denbora luzeko —erantzun zuen Florenek—. Banihoan oraintxe.

        —Etorri! —agindu zion emakumeak—. Hartu plastiko zahar hau! —eta ate ondoan, lurrean zegoen txanodun plastiko txiki txabal bat, burua eta sorbaldak babes zitzakeena luzatu zion.

        Floren joan zitzaion, eta plastikoa eskuratuz:

        —Ez al duzue behar? —galdetu zuen, herabetuxe.

        —Ez da horren beharrik deusetarako hemen! —garrasi egin zuen emakumeak; ezpainetan hauts zuri baten —botika baten?— hondarrak zituen.

        —Eraman, eraman —oiak handitutako gizona agertu zen atarian.

        Florenek, hura janzten zuelarik, esan zion emakumeari:

        —Zuk ere, hanka? —eta emakumearen ironiazko doinua isladatzen zen galdera hartan.

        Emakumeak begirada apaldu zuen, lepoaren bueltan kapa soka batez estutuz.

        —Beharko! —esan zuen, aitaren aurrean bezala beste gizon haren aurrean tonoa makestu gabe—. Biziko bagara!

        Orduan Florenek, plastikoa eskertuz hitz atsegin bat esatearren:

        —Honekin seguru noa —esan zuen.

        —Seguru zoaz? —esan zion gizonak, eta istaño batzuez suspensean utzi zuen galdera, ondoren esateko—: Bart arratsean hortik goiti ibili ziren karabineroak...

        Ez zen informazio hutsa, ohartu zen Floren, ze gizonak bere begi lanbrotsuez fijo begiratzen bait zion, jakinminez, aho haragitsua erdi zabalik.

        —Nondik nora? —galdetu zuen Florenek idorki, ordurarte erakutsi ez zuen sotiltasunez. Baina andreak tentua galerazi zion, gizona gutxietsiz oihu egin bait zuen:

        —Horri ez kasurik egin...! —eta Florenek bi haiek anai-arrebak zirela konfirmatu zuen. Tontotzat jotzen zuen arrebak anaia, aldiz ez zirudien seko tonto zegoenik hura; ahulxea, beharbada, bai, batere alteratu gabe erantzun bait zion Floreni, eskua altxatuz edonora seinalatzen zuela:

        —Hortik goiti... hortik goiti...

        Baina zalantza izpi bat ageri zen haren begietan; andrea saskia zeramala etxera sartu zen. Floreni ez zitzaion atsegin sortutako giroa, eta solasa hautsi zuen:

        —Ibiltzea badute... horretarako pagatzen diete-ta!

        «Bueno... adio», esan zuen, eta gizonak isil-antza «bai» erantzun zion; nahastuta gelditzen zela konturatu zen Floren, ez zekien zergatik ordea: andreak erabili zuen moduagatik soilik, ala...? Andrearen jokaera harrigarriagoa zen: zertara eten zuen gizonaren hizketa...? Zertara ote zihoan etxetik orain...?

        Hala-hala urrundu zen Floren baserritik, euriaren pean, gurdi-bidean gora, poliki. Behin itzuli zen, bera egondako egur-txokoan bi oilo lurrari mokoka ikusteko heinean. Tximiniak ke mehatza zerion eta inguruko lur lokaztuak eta egur hezetsuak eta etxeko paret beztu-ñabarrak kolore gorrikara batean konfunditzen ziren.

        Ordu erdiska batez jarraitu zion gurdi-bideari, harik eta, hura gurdietarako ere zail samarra jartzen hasten zen ingurugunean, gorantzako bide-txidor bati lotu zitzaion arte. Langarra ari zuen, baina Floren ez zebilen erosoago: batetik, lurragatik, bidea nazkagarri irristakorra bait zegoen, eta bestetik, hanketako neke eta gorputz guztiaren beroagatik, maldan gora noski areagotzen zitzaiona; halako moduan berotu eta izerditu zen, ze aurpegian eta bizkarrean mila jostorratzez xixtakatzen ziotela sentitzen bait zuen eta, bustiko bazen ere, baserritarrak emandako plastikoa kendu zuen, eta bildu, eta zamarra pixka bat laxatu zuen, berehalaxe arinduaz batera freskoa eta atsedena nabarituz. Hiru bat urte lehenago, hainbatez bizkorrago ibiliko zen, pentsatu zuen, handik honontza berriz, kaka pilo ederrak sartu zituen gorputzean, eta mendian edo futbolean ordea, noizdanik ez zen aritu, egun beteko ibilaldi batean, edo jai goizeko partidu erdi batez sikiera, fundamento piska batekin alegia? Denboraren zera txikiak ere baziren noski, xurikatzen hasitako ileak, bera baino gazteagoko mutilek gaitzesten zituzten zola lodiko botak, itxuraz inor konturatzen ez baldin bazen ere berak bisaian geroz eta sakonago somatzen zituen ximurrak, eta ibilkera, batez ere hantxe, mendian, astuna, pauso bakoitza nekebide bait zen, eta beste detaileak, keinuak, umorea, gauzak...

        Gero pentsamentua arestian utzitako baserrira itzuli zitzaion eta, muino harritsu batera ailegatu bait zen, atzera begiratu zuen, handik ikusten ote zenetz; hostogabeturiko baina adarraje marduleko gaztain eta ametzek, ordea, parte hartako ikustapena galerazten zioten. Orain ateri zen, baina haizeak ttantta erratuak inondik inora erabiltzen zituen; Florenek burua, eskuak eta izterrak blai eginda zeuzkan, bere zamarrak aldiz, buru-plastikoari esker, umedadeari ondo eutsi zion.

        Baserritar alu haiek, ez al ziren bera han izan zela kontuarekin inorengana joango? Dena den gizonak esan zuenak, karabineroak handik gertu ibili zirena, egiantz osoa zuen, horregatik berriz ere, kontuz kontuz, zuhaitz tarteak eta mendi bizkarrak korritu zituen bistarekin, eta ez zuen, laino xirxilen ihesaz aparte, beste ezeren mugimendurik nabaritu. Bapatean, barru gordeleku misteriotsu batetik irtenda, sentipen arraro batek harrapatu zuen, mendi zabal hartan bakarrik sentitu bait zen, eta txiki, oso txikia bailitzan, eta bestalderako bidea luze, oso luzea, sekula bukatu ezinezkoa. Parean zituen ota-txarak amets txar batetik aterata ziruditen, usu, gaizto, itxuragabeko. Estu eta larri sentitu zen Floren, txorabiaturik, eta puxka batean deskantsatzekotan eseri zen, haizeaz eta inoren begiradaz beste haitz handiago batez babesturiko eta liken zurioriz tindaturiko arroka batean. Zamarra askatu zuen, eta esku urduriaz pistola atera zuen. Eskuhotzak zituen, eta burdina orain bero sentitzen zuen, lagun, nahiz arriskugarria... Kargadorea eta segurua konprobatu zituen, norbaitek —lagunen batek— ipurdian eginiko saki ttikiari erreparatu zion, eta eskuaren ahurraz kañoia laztandu zuen, pittin bat lasaixeago. Begirada apartatu zuen, ezpainetan keinu mikatza zuela, eta inguruko landareetan fijatu zen, distraituta aurrena, geroz eta arreta gehiagoz: ondo-ondoan pasmo-belar mulu txiki bat zeukan, bere mordoskako hosto berde biziez; arrokan, kapa xahar idorren gain, goroldio berriaren xango luxeak ernatzen ari ziren erruz, eta arrakaletatik xardinbelar horiek beren gorputz zaluak agertzen zituzten; haruntzago, ernamintzen hasitako iratze laburrak, beren biribildutako zurtoin samurrez; eta, zuhaitzen azpian, lapatz landare bat, bere hosto franko zabalez, udara bitartean fruiturik gabe...

        Ezarian ezarian bere onera etorri zen, pistola jaso eta zutitu zen, eta berriz martxan hasi zelarik askoz bizkorrago zegoen, bistaz zorrotzago ere bai, xehetasunak hobekiago bereziz... Aurrera begiratu zuen —malda ezti batean zen orain, zenbait ote txaparrez koloretua— eta etorkizuna argiago azaldu zitzaion, zabalik, posibilitateez eta zereginez betea...

        Bapatean, Florenen ikara, baten batek atzetik eta bajutik «eh!» hots egin zion. Instant batez planto gelditu zen, eta gogotik zeuzkan aukera apurrak pasatu zitzaizkion belozidadean; ihes egin ezinean aurkitu zen ordea, eta pistola ateratzeko ez-gauza; hartaz, polliki, beldurrez, itzuli egin zen... Hots egindako harek esaten zuen artean:

        —Lasai, eh, lasai!

        Gazte argal bat zen, zurbil samarra, biboteduna, txapeletik botetaraino artzain baten tankeran jantzia eta eskuan beste armarik ez, baina makil bat zerabilena. Begi gozoez begiratzen zion, irribarrezka; grazia egiten zioten nonbait, Florenen jarrerak, eta aurpegiak.

        —Goitti-goitti, polliki-polliki...! —esan zion, ez batere iseka doinurik gabe. Florenek, nahiz eta bisaia zuriska zeukan, hizkeragatik artzaina izango zela, atera zuen, eta behar gisa erantzun zuen:

        —Ailegatuko ote garen edo...

        Florenek orduan eskuak ikusi zizkion; ez, ez zitekeen artzaina; baina laguna zirudien.

        —Hor barna ez haiz ba ailegatuko aisa —esan zion—, leku txarrera sartu nahi ez baldin baduk behintzat.

        Begi-kliskatu gabe begiratu zion Florenek.

        —Gaizki al noa, ba?

        Gazteak lepo bat seinalatu zion.

        —Leku txarra duk hori —eta Florenek ez bait zuen ezer esaten, beheraxeagoko mendi bizkarra erakutsi zion—: Nik hire lekuan, hor barna joko nikek; horrek gero goiti egiten dik, eta aisa pasatzen ahal duk handik! beldurrik gabe gainera.

        —Baia! —enfrentatu zen, piska bat, Floren.

        —Nahi dukena egin ezak —esan zuen gazteak.

        Adiskide doinuaz esan zuen azkeneko hori, eta Florenek mutilak konfiantza sortarazten ziola, nabaritu zuen. Beren begiek —begi argiak, Florenenak, begi ilunak, gazte harenak— topo egin zuten, eta instant bateko zirrara somatu zuen Florenek. Bai, beretarra zuen. Gazte haren espresio dezidituak erakartzen zuen, harek berak ez zekien zerbait bazekikeen, eta horren berri izateko desioa sentitu zuen. Horregatik, mutilak gazta puska bat elkarrekin partitzera gonbite egin ziolarik, Florenek jarraitu egin zion, pago txiki errotsuz osaturiko basoskan barrena. Pago haiek, beren abarrik apal-mardulenetan, lehengo udazkenean erori ez ziren hosto kixkur aleak luzitzen zituzten oraindik; beren ipurdi bihurrietatik alderdi denetara, erro zailak hedarazten zituzten, inguru-minguruko harri mokorrekin jolas egiten zutenak. Zuhaitz haiek bezalaxe, Floren eta mutil biboteduna ere bustita zeuden, azalez, baina barrenak bero zeuzkaten, tentsioan, luze ibiltzeko eta noiznahi salto egiteko gertu. Floren unaturik zegoen, betileak erdi-itxita, betartea eta ezpainak oker-beztuta; hanketatik buru-muinetaraino ordea, odolaren oldar bizigarria somatzen zuen, eta ondo sentitzen zen lagun berriaren ondoan. Lagun hura gorpuzkeraz bera baino txikixeagoa zen, eta mendian denbora franko egin duenaren ibilera sendoa eta lasaia zeukan. Galtza eta zamarra beltzak zeramatzan soineko, eta alkandora zuri apal eta xaretua. Pagadi trinkoaren erdian, harri banatan jarrita, gazteak zakutto batetik gazta eta ogia atera zituen, eta nork bere nabalaz ekin zioten lanari, gosez eta isilik. «Gazta ederra duk», komentatu zuen soilik Florenek, eta besteak baiezkoa egin zuen, baina beste zerbaitetan ari zen pentsatzen... «Nondik heldu haiz?», galdegin zion, geroxeago, tupustean, Floreni, eta Florenek «Andoaindik» esan zion, eta besteak herriaz galdera batzuk egin zizkion; azkeneko berriak jakin nahi zituen, parte hura zertan zen orain... Gero, ustekabean, Florenek ez bait zion galdetu nahi, bere berri eman zuen:

        —Ni Frantziatik heldu nauk. Ez zegok giro hor.

        Ihesi joandakoak kanpamentuetan pilatzen ari zirela, esan zion. Desorganizazio handia zegoela, gizonezko asko alperrik galtzen ari zirela eta frantsesek beren mugimendu guztiak kontrolatzen zituztela.

        —Barruan saiatu behar duk orain... —esan zuen, zintzo, ezpainak apenas berezi gabe, hortz maketsak izkutatuz. Haren aurpegian nekea ikusten zen, begi-zulo ubelak, aspaldian lo gutxi egin duenaren kolore lizuna; baina eskuetan eta mintzatzeko moduan, bizia antzematen zitzaion, hitz egin ahala artegatasuna, eta begi bakoitzean argi printza bat, ilusio, erabaki, xede bat gordetzen zuena. Frantsesen estiloko mustatxa zeukan eta txapelatik behera, patila gisa ageri zitzaion ilea oso beltza zuen—... Oso erreta egon ezik... —egiak esaten ari zen, pentsatu zuen Florenek, eta aldian behin baiezkoa egiten zion buruarekin, eta marmarka. Gazte zurikara hitz gutxiz espresatzen zen, baina esanahiez kargatutako hitz egokiak erabiltzen zituen, eta sentitu egiten zuen esaten ari zena, eta hura Florenek bere arretaz eskertzen zion, zeren indarra kutsatzen bait zion, kemena...

        Gero hura isildu zen, eta Florenek adiskideki begiratu zion, zer esan ez zekiela, harritu egin bait zuten gazte haren bizitasunak eta sinzeridadeak. Bere gazta puska jan zuen, eta besteak berea buka zezan itxoin zuen, esateko:

        —Dios! Zahatoa ahaztu zaidak!

        —Non daukak burua! —esan zion, umoretsu, besteak, eta Florenek atzera:

        —Ez zekiat ba, motel...!

        Barre egin zuten. Eguna argiago zegoen, ikusi zuen Florenek, inguruko pagosketatik ur ttanttek erortzen segitzen bazuten ere. Jeiki nahia sentitu zuen, baina bestea aurreratu zitzaion:

        —Bueno, segitu egin beharko diagu edo...

        —Bai...

        —Esan diat ba, nondik joan behar duken —esan zion Floreni lagunak, biak zutitu zirela; eta konplizidadezko beste keinu batez erantsi zuen—: Goian belatxingak zebiltzek...

        Agurtu baino lehen, honela esan zuen:

        —Martin deitzen zidatek. Eta hiri?

        —Neri...? —Floren harritu zen, baina segidan esan zion—: Floren... —eta bestea bere benetako izena zuela konturatzen zela, ohartu zen.

        Elkarri adio esan ziotelarik, pauso geldika hasi zen Floren maldan behera.

        Gazte haren hitzen argitasunak inpresionatuta lagatu zuen. Iparraldeko situazioak zer-pentsaturik ematen zion. Han gauzak ez zebiltzan ondo, nonbait, Martinek hango gorabeherak poliki ezagutzen zituela agiri zen eta nahasmen hartan zer egin zezakeen...? Ez ote zuen hobeto izango, harek aipatu bezala, gelditu, eta beste era batera segi, barruan? Azken batean, bera eroriko balitz ere, aparatoak berdin-berdin segi zezakeen; eta bestalde, eduki, ezer gutxi zeukan: Agustinek berak adierazi zion, gauza zaharrak zirela, txakurrek edonoiz gogora zitzaketenak noski, baina deus berririk ez zekiteken, areago, oso posible zen bere bila ez joatea inoiz...

        Laino artetik garbigune batzuk ikusten ziren, eta urrutiko haitzak islara nabarmentzen ziren, zeru grisaren kontra. Ordu erdiko bidea egin zuen, aurrena beherantza, gero zeharka zeharka, bide zokogunetsu batean. Ez zuen inor ikusi, ez zuen lurrean inor pasatu-berriren seinalerik antzeman. Gero, bizkarrondo batean, mendi babesean, errekatik gertu, borda bat azaldu zitzaion, iluna, zaharra, baina teilatua ongi paratua zuena eta bazterrak txukun. Ardi-ongarri zaharraren usaina zerion, eta lurrean agotz berria, idorra barreiatu zuten.

        Urruneko paraje hartara, mendiaz beste ez bait zen deus ikusten handik, zein iritsi ote zen borda haren egitera...? Eta bista, akiturik, atariko egur zakarretatik harri tartean sarri sortzen zen goroldio ilun, bigunerantz irristatu zitzaion; harri lakarretan bizitzea aukeratzen zuten, bai, batzuek, landareak bezala, eta zelai erosoetan, beste batzuek, eta bide bazterretan, edo zuhaitzetatik trepaka...

        Leihoska batetik sartu zen, orduan, eguzki errainu bat; agotza piztu zuelarik, segituan berotu zuen giroa. Hala sentitu zuen Florenek, bordan sarturik eskua karratu hori hartarantza luzatu bait zuen, eta ondoren, atseginez, harrituta, txit gustora eseri zen, epeltasunaren zirrara nabarituz. Eguzkiari so, makurturik lokartu zen.

 

 

Gizon bat torturatzen ari ziren. Galtzontziloak jeisteko, esaten zioten, eta harek ezetz, orduan konpuerta bat ireki eta uretara jauziarazten zuten. Zine bat zen, problema zen Floren ikusle bakarra zela eta salarik ez zegoela, dena beragandik hiru-lau metrotara gertatzen ari zela. Torturatzaileek Floren harrapatu nahi zuten, baina Florenek aldegiten zuen. Hirian ez zuen inor ezagutzen, eta gainera tipo baten direkzioa apuntatua zeraman papertxoa galdu egin zitzaion. Ofizina asko zegoen, dendak eta leku kuriosoak eta futbol zelai bat. Futbol zelai hartan neska gazte faxistak entrenatzen ari ziren, gogor hitz egiten zuten eta armak eta keinu biolentoak erabiltzen zituzten. Floren larri zebilen, iheslari bakarra bait zen eta kaleak txakurrez josita zeuden. Etxe batera sartu eta azken pisuraino igo zen, gela bakarreko etxe txukun bat topatuz. Han ordea, gizon bat zegoen ohean etzanda, emakume handi bat zutik atearen ondoan eta ume koxkor bat lurrean. Familia bat zen, ez zuten ezer esaten, ez ziren mugitzen, eta Floren balkoira atera zen: eguzkia atera bait zen, nahiz itzal batek...

        Itzal bat... Brixtez jeiki zen Floren, bordan zela gogoratuz eta eguzkiak inguratzen zuen itzal hari begira. Alabaina, neska bat zen leihoan, espantu gabe begiratzen ziona.

        —Ei! Zer duzu? —bota zion, zakartxo, Florenek.

        Neska ixutu egin zen, leihotik aldeginez. Floren zutitu zen, harrapaka, baina neska atean ageri zen orain, ahots serio baina suabez esateko:

        —Behien bila etorri naiz...

        Florenek bete-betean ikusten zuen orain. Lehen beheko baserrian aitzurketan ikusitako neskatila segaila ezagutu zuen. Goizeko jertse zuriska, gona urdinak eta abarkak zeramatzan soinean. Hortxehortxe hamasei urte izango zituen. Ilea, errubioa, nahasita zeukan, bildu gaberik. Aurpegi borobila zuen, gorriztaturiko masailak, ezpain haragitsuak, erdi-zabalduak inozentki. Zume-makila bati eusten zion eskuaz. Balditu xamar gelditu zen Floren, Karen edertasunaz, baina segituan erreakzionatu zuen, begirada desbideratuz eta legunki galdetuz:

        —Zuena al da, borda hau?

        —Guk erabiltzen dugu, neguan —erantzun zion neskak, xalotasunez.

        Floren ikusteaz oso harrituta zirudien, ez bait zen atetik higitzen. Hartaz, Florenek segitu zuen.

        —Lotarako leku polita... dios...! Ez nuen hemen gelditzeko asmorik eta seko jota erori naiz: eguzkia-ta...

        Orduan neska itzuli egin zen, ateratzeko.

        —Bai! —esan zuen—; eguzkia atera da...

        Florenek neskaren atzetik joan behar zuela, sentitu zuen, eta jarraitu egin zion, kanpora. Belarrak bustita zeuden, baina eguzkiak dirdirarazten, edertzen zituen. Udaberriko koloreak nabari ziren. Behi flakoska talde bat ikusten zen, hesirik gabeko pentzean. Zeruan, laino handi, bakar bat, urruntzen zen, eguzkiaz behera, sartaldera. Floren ongi sentitu zen, indarrez, optimista. Begiratzen ez zion neskaren gorputzari erreparatu zion, segundu batez. Mehatxa zen, baina polita, helduxea, gerritik behera behinik behin. Pentsamentu hura zokoratu zuen pixkor, urrats bat aurrera emanik ahots alaiaz galde egiteko:

        —Zer dute ba, behi horiek? Nahikoa jan al dute bazterretan?

        Neska lasai zegoen, bere terrenoan, nahiz lotsagatik apenas begiratu Floreni. Makilaz seinalatu zuen.

        —Bi horiek eramateko erran du aitak. Ez dakit zer nahiko duen.

        —Etxetik urruti daude, ala? —galdetu zuen Florenek.

        —Ez hagitz urruti —neskak «gutxi gorabehera» adierazten zuen aurpegieraz begiratu zion—: Ordubete...

        —Ordubete! —harritu zen Floren, mendian gora-behera egindako orduak gogoratuz.

        Neskari grazia egin bide zion, Florenen aurpegiak.

        —Hor nonbait! —eta begiez irri egiten zion.

        Florenek ez zion erantzun, matrailak estutu zituen; makur bait zen, mendiz halako buelta egin —ez bait zuen ulertzen: beti direkzio beretsuan ibili zen eta; galdu egin zen, noski— eta horren bide laburra egina izatea. Orain, arratsaldez, nola abiatuko zen gora...? Sapoztuta zegoen, hitz burro batzuk xuxurlatu zituen. Neskak galdetu zion:

        —Zer zoaz, goiti?

        —Bai... Ez dakit...

        Neska apartatu zitzaion, behien aldera, etxera bildu beharrekoak besteetatik berexteko noski.

        —Gure etxera etorri! —esan zion Floreni, konprenituz bezala, arin.

        —Zera! —esan zuen Florenek. Baina gora egitea, orain... Ez bait zuen ongi ezagutzen, bidea. Eta eguzkia aurkixe sartuko bait zen. Jakina, bordan ere geldi zitekeen, eta goizean... Halako presarik ez zuen, ez bait zeukan inor zain Iparraldean, bakarrik... Neskaren mugimenduak miretsi zituen. Haren etxera, orain...? Neska luzea zen, azkarra, bizia, Floreni gustatzen zitzaion. Haren etxea ezagutuko zuen. Denbora pasa zedin utziko zuen. Gerran ari zen, pistola bat zeukan, patruila batekin topo egin zezakeen, baina neska harek bere etxera joateko esan zion, oraintxe, eta posibilitateak biziro erakarri zuen.

        Iturri bat ikusi zuen, beheraxeago. Haruntza joan zen, neskaren begi bistatik gordean zamarra erantzi zuen eta freskatu egin zen; on egin zion, eskuetan, besoetan, aurpegian.

        —Banoa eta zaude piska batean! —esan zion ateka irekitzera zihoan neskari; freskoa nabaritu zuen eta, atzera zamarra jantzi zuen.

        —Eee! Eee! —hots egiten zion neskak ateka pasatu nahi zuen behi gazte bati. Florenek lagundu egin zion beste oihu batez eta, atea itxirik, beste biak aurretik zituztela, bideari ekin zioten. Neska mintzatu zen, orain, aurrena.

        —Behi gosetua! Nahi izaten du, besteekin etorri...

        —Borda inguruan belar motxa du eta —esan zuen Florenek.

        —Otea janen du! —esan zuen neskak, logikaz.

        —Lastoak ere jango dizkizue...

        —Libre du...! —eta gero, isilune baten ondotik—: Etxeko ganbarak ere hustuta daude...

        —Udaberri da eta! —esan zuen Florenek, umorez.

        Bai, udaberria zen, somatu zuen: udaberri-loreak, udaberriko berde argiak, eguzkiaren dizdirak, borda batean ustegabean azaldu zitzaion neska polit hura...

        —Nola duzu izena? —galdetu zion.

        —Mikela —esan zuen neskak, lotsa apur batez, eta zalantza txiki baten ondoren—: Eta zuk?

        Orain, lehenago Martini ez bezala, gustora esan zuen bere izena Florenek, neskak bezala ixilka, sentsualitatez.

        Ondo zihoan, Mikelaren ondoan, Mikelaren aurrean, edo atzean. Behiak mantso zihoazen eta haiek, urrats desberdinez, ez zuten presarik hartzen, konturatu gabe elkarrekin jolasten zebiltzen, alai.

        Gero, Florenek zerbait galdetuta, Mikelak bere familia pintatu zuen, sinple, bizitasunez.

        —Aita bizi dugu. Gu bost gara, bi anaia eta hiru arreba. Ni naiz zaharrena. Ama sabeleko minez hil zen, ume batekin.

        Hari garrantzi handirik eman gabe bezala mintzo zen baina, Florenek doinu tristea nabaritu zion. Arinago deskribatu zuen goiko baserriko egoera:

        —Hor Sebastian eta Julia bizi dira, beren aitarekin; ama desberdinak dituzte, baina. Zaharra ez Jute batere maite, horiek —keinu esajeratu bat egin zuen Mikelak hau esandakoan—: Hil eginen lukete, noski —eta erantsi zuen, lainotasunez—: Guri ez zaizkigu gustatzen.

        Floren gogoratu zen, goizeko elkar hizketaz, eta galdetu zion Mikelari:

        —Ba al dute traturik horiek, karabineroekin?

        —Sebastian ikusi dut goardiekin solasean —eta Floreni behako bat emanik—: Zer ba?

        —Ez zaizkit gustatzen eta, karabineroak —esan zuen, Mikelaren naturaltasunaz kutsaturik, Florenek.

        —Aitari ere ez —pentsakor gelditu zen Mikela, eta gero erantsi zuen, sinzeridadez—: Neri ere ez.

        Isilik segitu zuten piska batean. Behiek elorrien kontra igurtzitzen zituzten beren aldaka hezurtsuak.

        —Lehengoan herriko albaiterua eraman zuten, horiek —gogoratu zen Mikela.

        —A bai?

        —Jendeak anitz estimatzen zuen. Haziak etxeraino ekartzen zituen eta. Bertzenaz aziendak herrira eraman behar dira. Eta berdin kobratzen zuen, herritik bertako etxeetan, eta aparte-apartekoenetan. Oinez etortzen zen, gaxoa —gehiegizko hasperena egin zuen Mikelak. Ixiluneak egiten zituen, tarteka. Aldian behin, aurpegira begiratzen zion Floreni, bere begi ñabar ilunez, eta Florenek ere begiratzen zion hari, ez beste inora, begietara baizik, eta neskaren emozioak bere sentitzen zituen, eta gero neska pittin bat aurreratzen zitzaion, eta Florenek begi-ukaldi soil batez haren gorputza bere egiten zuen, airos, harriz harri, maldan behera. Hitz bakoitzean, mugimendu bakoitzean, zerbaitez eranzten ari zela, zirudien; inpresio fresko, atsegin bat zen, Florenen sudurraren hegalak daldarrarazten zituena eta bere mugimenduak ere gozarazten zizkiona.

        Horrelaxe segitu zuten, edozertaz hitz eginez, brinkoka, Mikelaren etxeraino. Floren fijatu zen, inguru bazterretan inor ez zegoena. Eguzkiak indarge jotzen zuen orain, baina giro garbia zegoen, Floren alai sentitu zen.

        —Arbi sail ederra daukazue-ta! Goseak ez zarete hilko! —esan zion Mikelari.

        —Ja! —esan zuen neskak—. Ogia hobea izaten da baina!

        Behiak ikuilura sartu zituzten; beste bat etzanda zegoen, eta zutitu egin zen, lagunak agurtuz. Oiloak bazebiltzen belar hondarretan, katu txiki ikarati bat ere bai.

        Etxe parean berriz, bi ume, neskato eta mutiko, topatu zituzten, sei-zortzi urte ingurukoak. Plastiko batzuez egindako pelota batekin ari ziren jolasten. Mutikoak deskonfiantzaz begiratu zion Floreni, neskatxak berriz irribarre egin zion eta pelota urruti bota zuen.

        —Non da aita? —galdetu zien Mikelak, nagusi doinuaz.

        —Ardiekin da —erantzun zion neskatoak, eta pelotaren atzetik korrika egin zuen; anaiak, gaztexeago, kaska motx-motx eginda, zikin eta mukitsu, jarraitu egin zion oldarka.

        —Zerbait jan nahi duzu? —galdetu zion Mikelak Floreni.

        Florenek ezetz esan zion. Apetitoa bazuen, baina ez zuen galerazi nahi.

        Mikela etxera sartu zen. Floren, eguzkitan ongi, harrizko petrilean jarri zen, etxe atariko epeltasunean xoro-xoro. Esnearen usaina ximaurrarenaz nahasten zen han, eta udaberria, udaberria sentitzen zuen... Lili berri batzuk sortzen ziren etxe aurrean, kirtangorri, txoribelar, astamendak. Gero beherantzako aldapatxo bat zegoen, eta kasik bezperan ilunbistan bi baserriak lehenbizikoz ikustatu zituen bideguneraino luzatzen zen soroa hasten zen hantxe, simaurra ttutturru-mutturru pilakatuta. Bi haurrek, zer-edo-zer interesgarriagorik ikusita nonbait, lasterka aldegin zuten, pelota biderdian utzirik, jirabiraka. Goiko baserria ikusten zen handik, zuhaitz batzuez erdi estalita behekaldea; Florenek leihoak miatu zituen, Julia edo hegira ote zegokion handik, baina ez zuen kristalez barnera inolako higidurarik somatu. Ez zukeen nahi, haiek ikusterik noski, ez bait zen fidatzen, eta haien aldetik beste galderarik ere ebitatu gura zuen. Berriz ere zerua ikusi zuen: urdin-urdina... goizez hartu zuen urasetua eta gero...! Etxe barrutik neska hotsak zetozen. Florenek hasperen egin zuen. Geroxeago azaldu zen Mikela, bera baino hiru bat urtez gazteagoko beste neska batekin, besoetan ume bat zekarrena.

        —Hola —esan zion neskatilak, Florenen nortasunaz ahizpak informatuta dudarik gabe.

        —Hola —erantzun zuen Florenek, lagun; baina bi neskak haurrari begira ziren, gizonak hari buruz zerbait esateko zain; Florenek besoa luzatu zion—: Zein dugu mutiko hau?

        Ahizpak lurrean utzi zuen eta Mikelak burua laztandu zion.

        —Erraiozu, nor zaren, mutil honi...

        Floren harritu egin zen, eta gustatu egin zitzaion, Mikelak «mutil» esan zezaion. Bere eskuaz umearen lepoko ilea ferekatu zuen, eta neskaren eskua ukitu zuen, lipartxo batez. Mikelak erretiratu zuen eskua, baina Florenek ez zion kasurik egin. Umeari begira zegoen, bota handiegitan sartutako ume serio potzoloa. Itzi politago zen, hura baino, noski. Baina graziosoa zen, hura ere, landu gabeko Mikelaren perfil berdinaz, betarte zabala, ezpainak kanpora.

        —Ez duzu deus erraten e, ttunttun horrek? —esan zion txikiari Mikelaren ahizpak, Mikela baino arere meheagoa zena, sugandila bat, zinez, nerbioso xamarra gainera.

        —Ea, zoaz konejuekin jostatzera —esan zion Mikelak, beti ere nagusi; eta Floreni, konprenitzeko eskatuz bezala—: Guk orain ongarriak barreiatzera joan behar dugu horra.

        —Lagunduko dizuet —esan zuen Florenek, zutituz.

        Bi nesken begiak alegratu ziren, baina Mikelak esan zuen:

        —Zikindu eginen zara.

        Esateagatik esan zuen. Florenek erantzun zion:

        —Zikindu? Ez da erraza izango... —botak zeharo lohituta zeuzkan, galtzak ere zipriztinez josita.

        —Asuntxi, hoa sardearen bila —agindu zuen Mikelak; berak bi zituen eskuetan, eta bat eman egin zion Floreni, biak bakarrik zirelarik galdetzeko—: Badakizu, sardean?

        —Pixka bat bai —ihardetsi zuen Florenek, eta neska disimulorik gabe miretsiz esan zuen—: Ez zuk adina baina...

        Mikelari mihia trabatu egin zitzaion, eta imintzio sinpatiko bat eginez itzuli egin zen, sorora abiatzeko. Florenek aprobetxatu zuen momentua, eskaratzera sartu eta zamarra eta kartutxera Iagatzeko han. Mikelagana iritsi zelarik, neskak hartu zuen atzera iniziatiba:

        —Giro ederra dago orain. Goizean...

        —Badakit —moztu zion Florenek—; korrika etxeratu zara behintzat...

        —Putzu-putzu egina...! —eta Mikelak esajeratuki zabaldutako begiez begiratu zion. Begi lotsati-lasaiak, Florenen begietan mezu ttiki bat utzi eta segituan apartatzen zirenak... Hankekin lur apatza zapaltzen zuen arren, arin mugitzen zuen gerria Mikelak, Florenen aurrean. Bien artean, zubi majiko bat eraiki zuten, sentitzen zuen, eta, ixiltasunean, xarma hartaz gozatzen zuen orain...

        Ongarritu ondoren, gorritu, urratu, alpertu beharko zituzten lur nasai haiek. Floreni, arnasaldi bakoitzean, lurraren usain ernagarria barneratzen zitzaion.

        Goiko bordaren ondoko belaze txiki batean, ardi bat eta hiru arkume alatzen ziren, eguzkitan. Haruntzagoko mendiska batean, belar umel pilo batetik ke lodia altxatzen zen: Sebastianek piztua beharbada, pentsatu zuen Florenek.

        Laster etorri zen Asuntxi, eta lanari ekin zioten hirurek. Mikelak is makurtu gabe, arin erabiltzen zuen sardea, simaur-pila bere inguruan barreiatuz, moltxo txikitan, eta ondoren moltxo horiek desegiten zituen, aise; teknika berdinaz baliatzen zen Asuntxi, nahiz dorpekiago, zerabilen sardea luze, moldegaitz bait zitzaion, eta lehiaz ari zen, presaka. Florenek berriz, berean beti horrela egin izan zuten eta, simaur-pilaren erdian ziztatzen zuen sardea, eta beste husgune batera eramaten zuen metaren erdia, handik mugimendu energiko, bizkorrez, hedatzen zuelarik ongarria.

        Lau pauso eman-eta oinetakoen zolak arrunt zamatzen zitzaizkion, lokatzez. Mikelak lur-mokor batekin tupust egiten zuela ikusi zuen.

        —Simaurtu nahi al duzu, zerorrek ere? —esan zion Florenek, ernai.

        Mikelak entenditu zuen bezala begiratu zion, irribarrez, baina ez zion deus esan, ahizpa han zelako menturaz.

        Gutxi mintzatzen ziren. Simaur umela xehatzen nahiko lana zuten. Sardeaz zabaldutako simaurra beti ontzen gaitza izaten da, gogoratu zen Floren, arestian Arrobigainekoak —bere amonaren baserriaren ondokoak— ganaduaren pixak mangera batez barreiatzen ikusita bait zegoen. Oraingo bustiak lagunduko zuen, ordea, lurrak behar zituen gatzak har zitzan, halaz ere...

        Gero iluna belar puxketak jaten hasi zitzaion mendi maselari, eta lurraren koloreak apaldu ziren. Florenek, zeharka, hanka-izterrak ikusten zizkion Mikelari. Txoriak ttio-ttio ari ziren inguru guztian —lur harroan, eta sasirik sasi, eta arboletan, kabi-eraikuntzan, pentsatu zuen Florenek, eta beste simaur-pila bat zauritu zuen, erdiz-erdi, sardeaz, eta galtzarbetik behera izerdi ttantta bat irristatu zitzaion.

        «Baserriko lana!» pentsatu zuen, «ez duk ez samurra!». Aspaldiko amets bat izan zuen, bere aitonamonen antzera, lurretik bizitzea, ganaduak emango zionetik alegia. Ametsak ihes egin zion, poliki poliki, Rosario ezagutu eta gero, noizean behingo gogorapen abstraktu bat bilakatu zen arte. Nork zekien, ordea, egunen bateau...? Izan ere, inprimategiko lana neke zitzaion, hango langileekin apenas harremanik ez zuen, nagusia berriz jatorra zen, tratatzeko moduko gizona, beren aldekoa gainera, baina, hango makina-hotsa, errotatibaren trakatraka hura... Hots mekaniko, absorbente hura barruan zeraman oraindik, gogogabegarri, burua nahasten eta pentsamentua galerazten ziona... Ez, hartan ez zen gelditzekoa behintzat, ez zen zulo hartan itoko, bizitzan beste zerbaitetara ailegatuko zen, eta oraintxe zuen aukera, beharbada...

        —Zibilak! —esan zuen Asuntxik, bapatean.

        Neskak begiratzen zuen lekurantz begiratu zuen Florenek. Hiru goardia zibil ikusi zituen, mordoxkan, beste bi atzerago. Behetik gorako bide batetik zetozen, oraindik urruti. Instintiboki, goiko baserrira begiratu zuen; eta handik behera, beheko baserritik ez pasatzearren akaso itzuli bat eginez, sasi tartean, Sebastian zihoala ikusi zuen. Dena galtzea, edo salbatzea, minutu baten gorabehera izan zitekeen.

        —Segi lanean —agindu zien neskei—, eta ez horiei esan hitzik ere nitaz.

        Asuntxi izutu egin zen, eta ahizpari begiratu zion. Mikelari bisaia ilundu egin zitzaion, baina ezezkoa egin zion Floreni buruaz. Florenek haren ziurtasuna sentitu zuen. Sardea lepoan zuela, baserrira jo zuen, poliki. Atzean Mikelak ahizpari «segi!» esaten ziola, aditu zuen. Sorotik aterata, berriz, zetozen goardiek ez bait zezaketen jadanik ikusi, mugimenduak azkartu zituen. Sardea utzirik atarian, zamarraren azpitik pistola hartu zuen, eta galtzetan gorde zuen, aurrekaldean. Gero Sebastiani non heldu, kalkulatu zuen. Mikelaren anaia txikia ikusi zuen, txitoekin jolasean, eta txikiak ere ikusi zuen bera, harriduraz. Korrika egin zuen, puska batean. Xendra estu batean topatu zen, buruz buru, Sebastianekin. Beroturik zegoen, hura txikitzeko prest.

        —Nora zoaz? —galdetu zion, hala ere.

        —Zerri bila —erantzun zuen Sebastianek, hoiak erakutsiz.

        Gezurra esaten ziola somatu zuen Florenek. Begi traidoreak zituen, zibilengana zihoan. Pistola atera zuen, besteak ikusteko heinean, eta agindu zion:

        —Segi etxera, ixilik.

        Sebastianek dezisioa ikusi zuen, Florenen begietan, Florenen ahoan, eta buelta egin zuen, eta ibiltzen hasi, hitzik esateke; «azkarrago!», agindu zion Florenek. Sebastian urduri zebilen, albora begira. Floren beldur zen, oihu egingo ote zuen. Pistola bizkarrean sentiarazi zion.

        —Segi ixilik! Azkar!

        Baserrian sartu zirelarik bakarrik galdetu zion:

        —Non duzu arreba?

        Sebastian daldarka ari zen.

        —Bordan izanen da —erantzun zuen.

        Sukaldean aitona zegoela ikusi zuen Florenek, baina hura ez zen beren hotsez alarmatu. Mikela eta Asuntxi ziren sorora jotzen zuen koarto batera sartuzen, Sebastian aurretik zeramala. Giro iluna zegoen han, kanpoan oraindik ongi ikusten zen baina. Florenek ohean eseritzeko agindu zion gizonari, eta leihotik kanpora begiratu zuen. Zibilak ez ziren oraindik azaldu, eta Mikela eta Asuntxik simaurra barreiatzen segitzen zuten, bastante lasai.

        —Ikusi dituzu, eh? —galdetu zion, biolentziaz, Sebastiani.

        Baina gizona oso beldurtuta, koloregabetuta zegoen.

        —Ez... dut... inor ikusi... nik...

        Haren erreakzioa ikusirik, lasaitu egin zen Floren, Sebastiani zegokionean, eta kanpora begira segitu zuen. Berandu gabe, han ziren bi karabinero, gero, banan banan, beste hirurak azaldu ziren. Nekatuta ziruditen, hatsanturik, arropak soberan, korreajeak oker paraturik. Mandoa zirudiena, beste batek lagunduta, lanari utzi zioten neskengana urreratu zen, eta sorora sartu gabe mintzatu zitzaien. Mikelak erantzun zion; karabineroak beste zerbait esanda Mikelak sardea utzi zuen eta etxe aldera abiatu zen, goardiak gibeletik zituela. Arin zihoan, zuzen, lurrari begira. Etxera sartu zen, eta karabineroek txapelak eta mosketoiak erantzi eta botak astindu zituzten. Sebastiani begiratu zion Florenek; abaildurik zegoen gizona, izuti, muker. Gero Mikela irten zen baserritik, pitxer bat esku bateau eta baso bat bestean. Ura zen noski, eta hartatik edan zuten gogotik bost karabineroek. Gero bromaren batzuk egin zizkioten elkarri, zigarriloak piztu zituzten, Mikelari ere beste zer-edo-zer esan zioten, umorez; hartan Florenek burua amorruz betetzen zitzaiola, nabaritu zuen. Mikelaren sei-zortzi urtetako anaiarrebak azaldu ziren, eta Asuntxi ere begira zuten, sorotik. Mikelak zerbait esanda, anai-arreba txikiak oilo baten harrapatzen saiatu ziren; oiloak korrika egiten zuen, salto bat eman eta sorora jausi zen, simaurretara. Karabineroen barre-algarak goiko baserritik aditu ziren. Floren beldur zen, Julia edo aitona nahastekatuko ote ziren, hartan: baldin eta aurki joango baziren, txakur nazkagarri haiek...!

        Mutikoak heldu zion azkenik oiloari, eta karabineroei eraman zien, esku biak luzaturik, herabe. Mandoak —sarjentoa, seguru aski— hartu zion, gaitzespenez begiratu zizkion goiak eta beheak, eta numero bati pasatu zion; honek berriz krrra! lepoa bihurtu zion instantean, eta atzera barre ozenak egin zituzten denek. Gero umorezko beste komentario pare bat eginik, mosketoiak jaso eta oiloa hil zuenak hegaztia gerritik zintzilik zeramala, aldegin zuten, soro ondoko bidean aurrera, herri alderantza. Asuntxik sardea bertan behera utzi eta lasterka egin zuen, etxera.

        Bapatean Floren ohartu zen, arratsaldea amaitzen ari zela; mendiko berdeak bezten ari ziren eta ihes egindako eguzkiak ozta-ozta urdintzen zuen zeru goibela. «Bihar eguraldi ederra», pentsatu zuen, oharkabean, eta Sebastianengana bueltatu zen. Gizonak bazterka begiratzen zion, jo dezaten espero duen zakurraren gisa. Pena halako bat sentitu zuen Florenek, ez zitzaion hitzik bururatu; leihoan itxadon zuen, zibilak aldapa igo eta bizkarraz bestaldera desagertu zitezen. Gero Sebastiani esan zion:

        —Joan dira, horiek.

        Ez zuen ematen sustoak batere onik egin zionik Sebastiani. Bere handitasunean deus-eza, jota gelditu zen. Beso batez igurtzi zuen musua, ezer esateke. Floren ez zen halere fidatzen.

        —Goazemazu kanpora —agindu zion.

        Sebastian jeiki zen, errebeski, eta biak irten ziren kuartotik.

        —Gaur ez atera hemendik —abisatu zuen Florenek, eta puñalak ziruditen begiez begiratuz, erantsi zuen—: Badakizu...

        Sukaldetik ordea, jende-hotsean noski, Julia atera zen, eta Floren ikusita:

        —Baina... zer egiten duzu oraindik hemen! Ez al zinen joan!

        Asaldatuta zegoen, begi handituez, abarroska.

        —Lasai egon, etxekoandre —Floren zen benetan, emakumearen aurrean tenplea galtzen hasita zegoena—, banoa segituan eta!

        —Baina... baina... baina... —Juliak esplikazioak eskatu nahi zizkion, baina Florenek ez zion betarik eman, larri eta arrapaxka irten bait zen handik.

        Goizeko bidean aurrera abiatu zen agudo, gero egurrezko txabola eta abarrak pasatu eta goitik behera sartu zen, ez oso lasai, beheko baserrirantza. Intuizioz zebilen, ez zekien Mikelaren etxean momentu soil batez gelditu, neskari eskerrak eman eta agur esateko, edo zer egin hortik aurrera; ez bait zuen nora jo, bestela.

        Hotz egiten zuen: gau garbia bait zen, noski. Floren sasi tartean zebilen. Instant batez bidea galdu zuen, eta atzera egin zuenean, mantsoxeago, hontz baten ulua aditu zuen; pauso motzagoak hasi zen ematen eta, beheko baserriarekin parez pare topo egin zuelarik, nahasmena apur bat aldegina eta mendiko majia barneratua somatu zituen. Etxearen atzekaldean zen; leiho batetik barruagoko beste kuartoren bateko argia isladatzen zen apalki. Ardi baten txintxarri-hotsa aditu zuen. Baserriaren itzulia egin zuen, eta eskaratzean sartu zenean, han zegoen mutiko tikiak bera ikusi zuen, eta Taster izkutatu zen, sukaldera. Florenek pistola gorde zuen zamarran, eta haren atzetik sartu zen.

        Kandil baten argitan, familia osoa zegoen. Aita, gizon argal, buru soila, mahaiaren buruan jarrita, lehen pelotarekin aritutako bi neska-mutilak, jarrita orobat, Mikela, sukaldekoak egiten, eta Asuntxi, ume tikia bere egurrezko aulkitxoan eseri arazten ari zena. Giro trinkoa zegoen, eta denak Floreni hegira jarri ziren, espektante.

        —Aupa! —agurtu zuen Mikelak, halako kariño sinpleaz—. Afaria pronto dago, eta juxtu heldu zara.

        Florenek zirrara bat sentitu zuen, harrera goxo hartaz.

        —Gabon! —esan zuen, aitari begira batipat, eta honek «berdin» ahul batez ihardetsi zion—. Hasi gabe al zaudete? —erantsi zuen, aitak erantzun zezan.

        —Bai...!

        Sudurra zorrotz, bista apal eta laino, hitz gutxikoa ematen zuen aitak. Mikela —etxeko zapatilez jantzirik orain, hanka sagarrak agiri— azaltzen zen sukaldeko nagusi, eta Asuntxi ere bai, ahizpari lagunduz. Gainerako umeak segituan hasi ziren, beren arteko jolasez, aita edo beste inorenganako halako errespeto itsusirik gabe. Lasaitasuna nabaritu zuen Florenek, eta salda beroaren usaina aditu zuen, sagar egosi, eta esne, eta tipula erre eta beste usain majiko batzuekin nahasian.

        —Jarri zaitez hor —esan zion Mikelak, eta sei bat urteko mutikoa eserita zegoen aulki luzea erakutsi zion; mutikoak lekua egin zuen, eta mahaiaz bestaldetik, zortzi urteko arreba kantatzen hasi zen—. Eta zuek ez harrotu; benga, kendu baso hori.

        Aitaren muturraren aurrean paratu zuen eltzea; porrusalda zen, eta Floreni ikaragarri gosetuta zegoela gogorarazi zion. Jertsea erantzi zuen, izan ere sukaldeak bero latza egozten bait zuen. Mikelak pago egur pare bat bota zuen sutara, eta eseri egin zen, Asuntxik danbolinari eragiten ziolarik.

        —Zer, oiloa lapurtu al dizuete, horiek! —esan zuen Florenek, janaren aurrean umorea gainezkatzen zitzaiola.

        —Horixe, lapurtu! —esan zuen aitak, amorruz.

        —Eskatu egin didate eta, eman egin behar! —esan zuen Mikelak, pittin bat ahalketurik, baina here onera segituan itzuliz—: Bertzenaz, Asuntxi eramanen zutela, erran didate.

        Denek barre egin zuten, aitak ezik.

        —Ni eraman? —esan zuen Asuntxik—. Hi eramatea bazitenan!

        —Nerekin ez ditun atrebitzen —esan zuen Mikelak, harrosko; eta aitzaki harekin berriz desmadratzen hasitako haurrei—: Benga, zuek har ezazue salda, kontu gutxiagorekin.

        —Zer gehiago esan dizute? —galdetu zuen Florenek.

        —Aurrena —esan zuen Mikelak— Sebastianegatik galdetu didate, eta nik basoan zela, erran diet, gero ura nahi zutela eta etorri egin gara eta, hori, eta gero oiloa, Pellok harrapa du eta eman egin die, eta mehegia zela eta salda egiteko ere ez zutela izanen eta, Joan egin dira behinik behin...

        Sinple mintzatzen zen Mikela, bere hitzek apur bat inpresionaturik antza. Florenek ezpainetara begiratzen zion, begietara gero.

        —Sebastian hori, ez al da orain goardiengana joango... —hasi zen esaten.

        —Ez dut uste —esan zuen Mikelak, duda izpi batez.

        —Hori ez duk inorengana joanen —moztu zuen aitak, bapateko dezisioaz—. Txepela duk hori!

        —Eta here arrebak ez...? —galdetu zuen Florenek.

        —Ez duk aterako, sorgin hori ere! —erabaki zuen zaharrak, subera.

        —Ez dut uste ausartuko direnik... —esplikatu zuen Mikelak.

        —Gaua hemen pasatzeko... —eskatu zuen, hartan, Florenek.

        Mikelak ez zuen deus esan. Asuntxi mintzatu zen orduan:

        —Ganbaran lo egitea duzu...

        —Bai... —esan zuen Mikelak.

        —Ez nituzke gauzak konplikatu nahi... —duda egin zuen Florenek, berriz ere zaharraren hitza entzun nahirik.

        —Hi ganbaran sartu baldin bahaiz —esan zuen aitak, eta lehenbizikoz bista altxatu zuen, Floreni zuzenean begiratzeko—, guk ez zekiagu deus.

        Haren hitz gutxitako laguntasuna apreziatu egin zuen Florenek. Porrusalda bukatu zuten. Mikelak platerak bildu zituen eta Asuntxik gaztainak ekarri zituen: egosita, plater txorkon batean, aitarentzat, eta mordoska batzuk erreta, gainerakoentzat.

        Umeek lehiaz jaten zituzten. Neskatilak esan zion mutikoari:

        —Zuri gaztain bat haziko zaizu tripetan.

        Biek barre egin zuten. Neskatilak pikardiaz erantsi zuen:

        —Orain ura emaiozu —eta basoa luzatu zion; denek barre egin zuten.

        Gero aita-alaben arteko solasa izan zen: ardi bat gaixotu zela eta noiz arte egongo ote ziren albaiterurik gabe. Mikelak esan zuen:

        —Aziendak hartu eta herrira joan beharko genuke, aiuntamentu parean gelditu eta aber zer erraten duten... Zerbait erran behar dutelakoz, horretaz!

        —Horixe! —lagundu zuen Asuntxik.

        Baina aitak ez zuen deus esaten, eta etsipenez eta ironia ukittu batez mugitzen zuen burua, gaztainak jan ahala.

        Floren gose bait zen, Mikelak, ohartuta, hiru arraultze frijitu paratu zizkion, eta Florenek eskertu zion, neskak bakarrik somatu zuen begirada lagunaz.

        Aitak isilik jaten zuen, eta Florenek, hargatixe, etxeko nagusiaren begirunez edo, umeekin disimuloz egiten zuen jolas, hots handirik atera gabe. Asuntxi eta Mikela ere jarri ziren eta hala, beste kontu berezirik gabe, kriseilupeko familiaren goxotasunean edan zuten esne katilu bana.

        Aurrena Asuntxi atera zen, ume txikia erdi-lokartuan, negar-muxinka besotan zeramala; ondoren Mikelak beste bi anai-arreba gazteak bidali zituen lotara. Aita irtetera zihoala, berriz, Asuntxi atzera sartu zen, eta ganbaran koltxoia eta mantak utzi zituela, esan zuen. Floren zigarrilo bat erretzen ari zen, eta Mikelari mintzatzen ari zitzaion:

        —Benetan urruti bizi zarete...

        —Urruti? —moztu zion Mikelak—. Guretzat ez da urruti...

        Neska mahaia garbitzera hurbildu zela aprobetxatuz, berriz, Florenek:

        —Inoiz ez al zaizu bururatu, hemendik ateratzea?

        Hura gehiago gustatu zitzaion Mikelari. Dirdir egin zioten begiek.

        —Hemendik atera? —ihardetsi zuen—. Nora joateko? —sentsualitate lotsakor batez esan zuen, Florenen erantzuna bilatuz.

        —Baduzu nora joan: Donostia, Iruñea... Paris!

        —Urrun dira horiek...! —esan zuen Mikelak, ipuin batetik ateratako izenak bailiran horiek.

        Sukaldearen garbiketa bukatzen ari zen eta leihoa zabaldu zuen, kanpora begiratuz.

        —Bihar eguzkia izanen da...! —esan zuen, eta norbaitek gibeletik besarka zezan, zain ematen zuen.

        —Orain buelta bat emateko ere... —atrebitu zen Floren.

        Baina Asuntxi berekin zen, lurra garbitzen iñarraz, eta Mikelak leihoa itxi zuen eta Florenek, zigarriloa itzali eta gero, «bueno» esan zuen, (do pixka bat egin beharko dugu». Zutitu egin zen, eta Mikelak, kandela bat hartuz, «eramanen zaitut» esan zion. Elkarri gabonak opa zizkioten Asuntxik eta Florenek, eta hau eta Mikela irten egin ziren sukaldetik. Korridorean, Mikelak kandela piztu zuen poxpolo daldarti batez, eta begiek ere daldar egin zioten, ikusi zuen Florenek; gero, egurrezko eskaileraren maila desberdinak igo zituzten, neska meiharra aurretik —ile hori-horiak, kandelaren argitan, eta aurpegi gorrixta, eta ezpain goxo hai-ek...—, eta gizona atzetik, betile erreak, bekain zabalak, larru gogorra, bizarra... Esku batean —esku handiak, indartsuak, Florenenak— zainarra zerainan, eta bestean, ongi helduta, burdin gogorra...

        Ganbaran hotz egiten zuen, eta kandelak koltxoia zegoen izkina argitzen zuen soilik, horma-zurak eta teilak, oihalezko zakuak, sagar ziinelak pilo bat eginik... Mikelak kandela lurrean utzi zuen eta «bihar arte» arinegi esanda segituan eskaileretara zihoan. Floreni, hartan koltxoian eseri bait zen, idea bat etorri zitzaion.

        —Mikela —esan zuen. Zer?

        —Gustora erreko nuke zigarrilo bat eta... ekarridazu paketea.

        —Bai.

        Tabakoa sukaldean apropos utzi zuela, konturatu zen Floren. Berotu egin zuen, azkenekoz, neska sekail harek; inaitasuna eskatzen bait zuen, oso detaile txikiez: axaleko zerak kontatzen ari zela, sukaldean, haren begi brilo beratx, baina-ta berogarria, edo-eta harriaren kontra jarrita ontziak garbitzen ari zela bere gorputzaren mugiinendu laxai xainarrak... Botak eranzten zituelarik, Mikela besotan har zezakeelako usteak are gehiago berotu zuen Floren. Giro inajikoa nabari zuen, sagarren, euriaren eta lasto hondarren usaina, eta isiltasuna, isiltasun handia, zenbait xoinorro eta gau karaskariren oihuek bakarrik hautsia. Florenek ez zuen ezertan pentsatzen, ahoa erdi zabalik zuen eta sentitu egiten zuen, soilik.

        Gero, ate hotsa behean eta Mikelaren urratsak... Baina Florenek barren-barrenean gordetzen zuen sua, azalera zekion utzi gabe. Eta neska agertu zen, lasai, irribarre batez. Orduan bai, Floreni odol-hotsa bizitu egin zitzaion, neska prest zetorrela konprenitu bait zuen; oso berotu zen; eta hala, neskak urreratu eta eskua luzatu ziolarik, Florenek, paketea gabe, esku inuturra heldu zion, eta bere ondoan jarri arazi zuen. Neskak bazekien noski, eta begiak bajatzeko imintzio txiki bat eginda, jaso egin zituen, Florenen pareraino. Desiozko eta beldurrezko argi bana zuten. Ez zuen deus eskatzen jadanik, sainurtasuna besterik, eta Floren sainurtu egin zen, eta neskaren berotasun zoragarri hartan abandonatu zen eta hura begiak ixten hasi zelarik ezpainak ukitu zizkion...

        Etzanik egon ziren luze, Floren Mikelaren gainean, iinajinazioak eta gorputzak esnai, eta beste dena, eguna eta mendia, lo zeudelarik, eta eguneko esperientziak oro hartara konzentratzen ziren: goizeko lehenbiziko ikustaldia, Floren iratze artean galtzak lotzen ari zela, bordako arratsaldeko enkontrua, eguzki goxoan, eta ongarria barreiatzen ari zireneko xehetasun haiek... Mikela errenditurik soinatzen zuen Florenek, eta suabe, suabe ematen zion inusu, jakinik eta besotan inunduan den gauzarik ederrena zuela, eta gonak jasota zeuzkan eineak, eta haren gorputzaren usain hezeak aditzen zituen arrak, eta bien gorputzek bat egin zuten, Mikelaren He hori xehea, begi distirantak, aho zabala, esku gogorrak, hanka luzeak, gerri biguna... dena einaten ari zen, eta Florenek sakrifizioa miresten zuen, eta hura berea, betiko berea egiten ari zelako arras gozatzen ari zen. Mikela ez zen apenas inugitzen, besoak orain laxo-laxo utzirik zituen eta hankak altxaturik, Florenen gerria heldu gabe; tarteka, begiak irekitzen zituen eta intziri zitekeen suspiro labur bat uzten zuen askatzera; gero, suspiro luze, diferente batez erditu zen...

 

 

Goizaldeko freskoak sudurra ukitu ziolarik esnatu zen Floren, eta Mikelaren usaina ez zen jadanik han. Ongi sentitu zen, inoinentu batez, ganbarako handitasunean, epel, inanta zahar haien azpian. Txori baten kanta aditu zuen, eta txantxangorria ezagutu zuen. Harek Andoaingo beste txantxangorri bat oroitarazi zion, Itzi bere alabaren laguna zen txantxangorria, behin baino gehiagotan, jai-egunetan biak paseoan zebiltzalarik, Abadezelaia zeritzoten belaze batean ateratzen zitzaiena. Agustinekin ere gogoratu zen, hartaz, baina segituan bezperan solastatutako Martin zelako hura bururatu zitzaion; Martin harek esandakoari buelta pare bat einan zion eta... «Bai» erabaki zuen, fitfat, begi-itxiriki batean, «barruan segituko diat». Gauzak gerora konplikatuko baldin baziren ere, eta Agustinekin ixtilutan aritu behar baldin bazuen ere, bera orain herrira itzuliko zen.

        Jeiki egin zen, eta galtzak jantzi zituen, eta botak eta zainarra ere bai. Mantak tolestatu eta koltxoiaren gainean utzi zituen. Gero, polliki polliki, isiltasunean, eskailerak jeitsi zituen eta instant batez korridorean gelditu zen, zalantzan; nola esan, Mikelari...? Sukaldeko atea erdi-irekita zegoen. Hartaz, tabako paketea atera zuen eta, barrura sartuaz, txukun-txukun zegoen mahai luzearen gainean utzi zuen maitasunez. Gero atera zen.

        Egun hotza zen, aski iluna oraindik. Floren kuxkubildu zen bere zainarrean, eta bidean aurrera jo zuen, urrats gogorrez. Ez zuen erabat izoztu, zenbait tokitan ur-xirripa zebilen bederen, belazeak ordea erabat antzigartuta zeuden, tanta zuriz josita. Lainosta bat, mehe-inehea, lur arrasekoa, hedatzen zen oraindik, baina inendiaren isla, beltz, hodei xinple batzuek apenas histutako zeru urdin-ilunaren kontra dibujatzen zen jadanik. Zaldi batek putinka egin zuen baserrian eta Florenek bista itzuli zuen. Hotzaren zuriskak estaltzen zuen baserria eta Mikela ez zen ageri. Orduan neskaren usain sarkorra aditu zuen, elkarrekin zeudeneko gozoa. Haren begi ilunez gogoratu zen eta begirada abstraktu, intiino batez despeditu zitzaion, inenturaz oso, oso denbora luzerako.

        Gorantzako aldapa bukatzen zen bidegunean ez zen ezertarako bueltatu: pauso batzuk egin zituen aurrerantza, eta ez zuen inoren ausentziarik somatu. Burdin-sare zaharrez hesituriko soroa, goiko pinadi txikia, aurrerago iñarrak... Egundu ahala, goi parteko lainoak, argitasunak irentsirik bezala, urtu egiten ziren, aldiz, horiek guztiz ezabatu baino lehen, lurrari atxikita zeudenak, bapatean, kasik majikoki, altxatu ziren, eta Floren, latsetik edan berri eta freskatua, edertasun hartaz kutsatu zen, hezurretaraino.

        Ez zeukan bezperako beldurrik, eta urrutiko zuhaiztiak konfiantzaz arakatzen zituen, eta nondik nora jo behar zuen erraz antzeinaten zuen, aldez aurretik. Pagadian sartu gabe, haren gainetik, itzuli eginez luzatzen zen bizkar inalda goxo batean barrena abiatu zen. Eguzkiak, zeru-mugako gorritasunak deseginik, bete-betean jotzen zuen hantxe, eta haren berotan, hemen eta han, San Jose lorerik goiztiarrenak zabaltzen hasi ziren. Pasmo-belarren artetik sortzen zen belarño luze bat atzeman zuen Florenek eta, neurrian ebakita, arduraz, koska egin zion bi hortzez, eta txotx harek, tradizio zahar baten oroitgarri gisa, segurtasuna, indarra sentiarazi zizkion. Itziz akordatu zen berriro: bai neskatila besotan heltzeko gogoa...! Heldu eta inoiz, inoiz ez uztekoa... Izugarri maite bait zuen.

        Gero eguzkiak ukitu baizik egiten ez zuen basoan sartu zen. Apomahatsak, suge-belarrak eta haritziratzeak hazten ziren bide bazterretan. Basoaren isiltasun harrigarri samarrean, ur-txirripa baten mormorioa nabari zen soilik. Hots zoragarria...! Errotatibaren burrunba gogoratu zitzaion. Ez, orain ez zen hara sartuko lanera, zin egin zion bere buruari; hori baino lehen, eta besterik ezean, amonaren baserrian arituko zen... Ez al ziren bere bila ibiliko, bestela... Horrexek kezkatzen zuen noski, beste ezeren gain: baten batek bere izena kantatu ote zuen? Gordean egon beharko ote zuen, luzaro? Eta nola segitu burrukan...?

        Basotik irten zenean, sortaldeko gorriak ilauntzen ari ziren, eta azkeneko lainoak —haizeak ekarri-eramaten dituenetarikoak ez, agerraraz-aienarazten dituenetarikoak— lurrintzen ziren, zeru lasa batean. Zuhaitz adar bilutsetan, babesik gabeko txoriek beren poz oihuak aireratzen zituzten, eta haien aldamenean, udaberriaren usainean, kimu berriak ninikatzen ziren, mordoxkatan.

        Gero ota leku zelai bat zeharkatu zuen, harri konkor batzuetatik sortzen zela zirudien beste erreka txiki bat —denbora puxka bat izango al zuen behintzat, nola segi, ideak zertxobait ordenatzeko buruan...—, eta aldapa piko batean hasi zen goraka.

        Bazekien ez zeukala bide errazik handik goiti, halaz ere bere buruaz, bere indarrez, inoiz ez bezala fido zen, gauzak ongi lotu eta aurrera aterako zituela seguru zegoen. Hamar minuturen buruan mendi lepoan zen; lepo hartara hamaika biaje eginda zegoen, txiki-txikitandik, eta batez ere gaztetan, lagunekin, eta bakarrik ere bai, makina bat aldiz. Hain gustokoa zeukan paisaje hura ikustearren bista itzuli zuen, eta eguzkiak kopeta berotu zion; Mikela...

        Mendi belaze berde-grisetan, zelaietan galtzen ziren txintxarri hotsez, abere gorri ale batzuk larratzen ziren. Hango harriak, hango zuhaixkak eta bidexkak... Eta atzean, beste mendi kate bat, ilunagoa, baso usuak eta harri multzo trinkoak; eta beste bat, atzerago, haren leizeak eta muinoak, eta beste bat, ondoren, grixago, goibeltsu... Florenek bista jeitsi zuen, eta arkorotzak ikusi zituen belarretan, eta harri zahar eta likentsuak, han-hemenka... Haietako bat, tikiskoa, atsegin izan zuen; hartara hurbildu zen eta, indarrak batuz, altxatu egin zuen; gero, xulo bat eginda nabalaz, plastiko batez bildutako pistola sartu egin zuen hara, eta lurra eta harria gainean ipini zituen, kontuz.

        Aurrera segituz laster iritsi zuen mendi gaina. Bestaldea, Andoain eta inguruko herriak ikusten ziren handik. Eguzkiak harrotutako paisaje ezaguna... Mila puxketa egindako lurrak, lur puxketa beltzak, lur ñabarrak, lur berde ilunak, alfalfa soroak, berde argixeagoak, bezperan ebaki belazeak... Eta etxeak, eta fabrika txiinini baten kea, eta harrobi baten urruneko hotsa... Ordu pare batez... Urteak aurrera —gogoratu zitzaion, hartan, Floreni— biajeak geroz eta luzeagoak izaten dituk —eta paisajeak, geroz eta laburragoak.