Mariaren mendea
Mariaren mendea
1992, ipuinak
132 orrialde
84-86766-41-9
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Mariaren mendea
1992, ipuinak
132 orrialde
84-86766-41-9
aurkibidea
 

 

MARIAREN MENDEA

 

 

1936

 

Gu lehen aita eta bost seme-alaba bizi ginen Askin, meategi-lekuan, ama seigarren umearekin batean hil egin bait zen gaixoa, etxean aitak egiten zituen denak, berak sukaldeko lanak egiten zituen eta berak orrazten zigun, eta berak hiltzen zizkigun zorriak eta denak berak egiten zituen, eta astean behin andre bat joaten zen suko hautsarekin arropa garbitasunak egitera, ni zaharrena nintzen eta nire anaia hura, bixkitakoa, haren berririk ez dugula hogeitamargarren urtea! Jose Luis, bere lagun batek, Montevideon sei urte eta handik erran zion Urtean mila duro limpio! irabazten ari zela eta beste dozena erdi bat urte Amerikan eginda señore baten gisa itzuliko zela! eta Hi amerikano eginen haiz, erran zion osaba Demetriok, eta hala joan zen eta ez zen gehiago etorri, eta beste anaia meategian elbarritu zen, Askin, aurpegia franko zeratu eta pixkot ikusten zuen eta gero operatu zuten eta batere ikusten ez zuela gelditu zen, eta gero benikitisarekin hil zen, benikitisak jo zuen eta aurki hil zen, denak hil ziren, bestea ere, ttikiena, Zipriano, hemezortzi urte zituela jo zuen harek, asko hil ziren gaitz harekin, ez dakit nik zer gaitz klase zen, arnas ezin hartua eta ezin hartua eta hiru-lau egunen buruko burutik nahastu eta akabo, eta ni zaharrena eta ttiki-ttikitatik aritu nintzen ikatzetan, aizkorarekin basoak bota eta aizkorarekin txikitu eta txondarrak egin eta gero mandoekin ikatza kamiora ateratzen zuen aitak eta ni hari lagundu eta gero hemeretzi urterekin esposatu nintzen Ladronbaitara, seme zaharrarekin, eta harekin hiru alaba izandu nituen baina, urte gutxiren barnean, karretero ibiltzen zen gizona eta, Frantzian zebilela, hanka erruedan sartu behar izan zuen eta moztu eta txikitu eta handik hil zen, eta baziren bost urte hona ezkondu nintzela, Pedrogana, haren gurasoekin bizitzen ginen, ama oso gaixorik zegoen, aita berriz hantxe, telkorra! beti muturrean! Eta uda hartan Anjel oraindik sabelean izanen nuen! eta Martin ume koxkorra zen artean eta belarritako minez! goizean Donostira eraman eta medikurik ikusi gabe itzuli ginen etxera! Dena itxia zegoen! Herriko emakume batek, Maixabel izena, haren tabernara joan eta Zer pasatzen da? galdetu nion eta zera, bezperan bi lagun hil omen zituztela eta haiei entierroa egiteagatik dendak itxi zituztela, eta gero, haren lagun bat etorri zen tabernara eta erran zigun, Bati entierroa normal eta ongi egin ziotela, baina bestearenean eskopetak atera eta tiroak goiti tiratu zituztela, ez apaizik ez deus, zakurra bezala eraman zutela! eta Nola zitekeen, galde egiten zuen Maixabelek, berak nazionalistei eman ziela botoa, eta gaur hola eta hola eta zer ba! Eta beste lagun harek kontestatu, Nola nazionalistek artean gorriekin elkar hartu zutela, eta handik etorri zela gerra, ni isilik, segitu du harek, Estatutoa, demonioa! noski nazionalistek Jaungoikoaren legea aurrean paratu zutela baina kontra ari zirela, eta Maixabelek baietz, berak ez zekiela deus baina fraileak abisatu ziola, nazionalistei ez emateko botoa gehiago, gorriekin elkar hartu eta elizak erretzen ari zirelakoz.

        Gero etxera buelta egiteko Inozentzioren autobusa hartu genuen eta gure Martin lo joan zen biraje guztian, enteratu ere ez! Iruerrekako zubian beste aldeko haiek zerbait paratzen ari ziren, eta nik uste gu pasatu eta zubia lehertu behar zutela, bai! asmo horretan ari ote ziren, nago, jaitsi gara Bentan eta bat pistola handi batekin etorri zait, Aizan, ba al dago soldadurik Goizuetan? Ez, ez dut ikusi, goizean ez zela behinipehin, eta harek, Aizan, heldu direlarik telefonoz abisatu, errateagatik erran zidan, ez bait zidan telefono lumerorik eman, eta gainera linea moztuta zegoen! Jose Murritxak, oraindik bizi da, atzera autobusera igo eta honontza heldu ginela, ondoan paratu zitzaidan eta Horiek zer ziren, galdetu zidan, errepublikakoak? Errepublikakoak ote ziren haiek! eta Hala izanen ziren! erran nion nik, hala behar zuten, eta gero hasi zait Murritxa hori ezkurrak goiti, ezkurrak beheiti, orduan legea atera bait zuten hemen, mendiko zerriek mendiko ezkurrak ezin zituztela jan, eta Murritxak Sindolabarren zerriak izaki eta horrekin buruan: Aber zertarako debekatu zuten zerriek ezkurrak probestea! aber horretara zer kalte egiten zuten eta aber zeinek probestu behar zituen orain!

        Gu herrira eta noski, denbora berean-edo Unsaloren kotxean abiatuak behar zuten hemendik Donostira Lukas Errazkin! sekretarioa zena, Txapitenean apopilo zegoena, urtebete egin zuen hemen! Tolosakoa behar zuen baina Pamplonan estudiatu eta Goizuetara etorri! eta harekin Segura, botikarioa, eta Larrea bi anaiak, Nikolas eta Juan Jose, bidean haiekin kruzatuko ginen, hala erran zidan Magdalenak,gu herrira ailegatu baino orduerdixka lehenago haiek atera zirela hemendik hara! eta berak erran ziela bideak ez zirela libre-libre izanen! eta Juan Josek erran zuela Joan beharra dago! eta nik guk justo-justo igaro genuela Iruerrekako zubi haiek bota baino lehen! Eta gu behinipehin herrira iritsi ginen eta, orduantxe ari ziren peoi batzuk hemendik, herriko plazatik Hernani aldera beheiti, horko kamioa zabaltzen ari ziren eta haraxe lanera, eta plazan inor ez zegoen! bero ikaragarria! eta Martin lo zegoen! ailegatu gara eta astindu batzuk eman dizkiot eta autobusetik atera eta Txapitenera sartu gara biok, errefresko bat hartu eta Magdalenarekin kontu batzuk erran eta azukre pakete bat erosi...

        Tabernan, hara, ikusten ari naizela iruditzen zait! sartu eta ezkerrean baldin bazegoen mostradorea, hortxe kantoi batean Fermin zegoen, izerdi patsetan, baso lanean aritua eta ikaragarri berotuta! Fermin gure lehengusua zen, Gorostipalekoa, baina gero Gorgorira, emaztearen etxera bizitzera joan zena —haiek pobreak ziren, etxea errentan zuten, beti nagusiari ematen, artoa zela, patata zela, arkumeak zirela, oilaskoak-eta, sagarrak-eta. Hemen mahaiak baldin baziren, hiru mahai, lau mahai baldin baziren, haietako batean Paulo, Magdalenaren aita, gizon handi, musu-gorri bat, eta Eladio, pasteroa, ttiki-ttiki bat, beti moxkor egoten zena. Eta Pedro Arroniz ere bazen han, sekretario zaharra, Lukas Errazkin baino lehen sekretarioa izan zena, eta gero ere haren lekua hartuko zuena, eta harekin on Agustin, apaiza, harek Sesmatik, ni oroitzen, teatro bat ekarri zuen, Las blancas mártires de Tai-Bien-Fu! nik ikusi nuen! propio emakumeentzat paratu bait zuten eta etxetik joan arazi ziguten! Ferminen semea ere, Luisito, orain bankuan lan egiten du ba, hori ere bazen eguerdi hartan Txapitenean, eta gure Martinekin urte bateko aldea izanen du horrek, zaharrago, eta biak jolasten hasi ziren, Martin belarriko minarekin atzendu eta halere sukarrik ez zuen eta tu-tu-tu-tu-tu lokomotorarena eginaz eta bestea, Luisito, zirikatzen, arropetatik helduz... eta mostradorearen barnean Magdalena zen eta heldu naiz eta edateko zerbait eskatu diot eta segituan Ez zekinat Mariya zer gertatu behar den hemen, eta Zer ba, zer ba? eta Lukasek beldurra ematen zidan neska! harek bazekien zerbait! Oraintxe Unsaloren kotxean, Segura botikarioarekin eta horiekin Donostira joan dun eta mutila arront preokupatuta ikusi dinat! Eta noski, militarrak aurki etorriko zirela eta herrian bat baino gehiago izanen zela irrixkuan, Seberiano-eta, Perurena-eta, eta Lukas ere maixko abertzaleekin ikusten zela eta orain pagaraziko ziotela! eta bere gizona ere, Koxme, orduan mendian ikatzarekin ari zela baina lehen batzokian ibili izandu zela, eta lehengo urtean San Ignacio egunean biak herriko dantzariak ikusten Donostiako Atotxan izandu zirela...

        On Agustin eta sekretario zahar hura harro ziren orduan! Militarrak altxatu ziren-eta, haiek umore polita! Gu sartu eta, hementxe daukat, On Agustin Eladiori axeka egiten ari zitzaion, Eladio, xaharra, badakizu, beti xerbelduta eta ijito batzuek-edo Malabaitan oilo batzuk ohostu zituztela-eta, Eladio hantxe parean bide bazterrean lo gelditu zelakoz goardia zibilek harrapatu zuten eta mendira eramateko imusiñoa egin eta No, no, no, por el monte no, por la carretera, por la carretera! jotzeko beldur, eta on Agustinek Atzo ardo botila erosi zenuen! erran zion, eta Eladio erdi-esnatu zen eta Nik ez nuen erosi! eta Bai, erosi zenuen! Kasimirorekin nintzen eta Nikolasenean erosten ikusi zintudan! Eladio trebeska begira, apaiz hura ez zen kristau ona! defentsarik ez zuen xahar bati horrela atxikitzea! eta Paulok orduan Nik erosi nuen! erran zuen, bere boz lodi harekin, eta denak isilik! ez harekin atrebitzen —ez zen gixakoa on Agustin, on Venancio baino ikasiagoa omen zen baina, gizon kamutsa zen! jendearekin ongi etortzen ez zena, Arronizekin-eta bai, baina bestela jendearekin ez zuen balio harek! on Venancio bezalakorik ez da izandu hemen, Lagunak, lagun maiteak, etorri da maiatza, hilabete ederra! sasi guztiak loretan! asto guztiak aharrantzan! bere pulpitotik, xelebrea, jatorra zen hura! on Agustin eta Arroniz eta horiek, orduan zen gobernuaren kontrakoak ziren, Ez zela bakerik, aspaldi bukatu zirela hemengo bakeak eta zerbait egin beharra zegoela, eta bazen hemen Seberiano, horren alaba gure Martinekin ezkonduta dago! eta horrek orduan nazionalisten buru egiten zuen hemen! botazioetan nazionalistek eramaten zituzten botorik gehienak! eta horrek kontra egiten zien horiei eta Soldaduak ez zirela politikarekin nahastu behar eta Arronizek-eta Eliz denak erreko dituzte eta orduan alferrik izanen dira kejak! eta Esku gogorra izan behar da, gainerantzean sarraskiak hasiko dira aurki!

        Lukas Errazkin bestelakoa zen! Magdalenak, etxean izaki eta, ongi ezagutzen zuen eta hura ez zen beste zahar haien izarikoa! Arronizekin ez zen hura ongi moldatzen —Salaberria bazen hemen gizon bat, eta hura zela medio Txapitenean eztabaida handia izandu omen zuten haiek! Arroniz, alde batetik, eta Perurena, kontzejala, bestetik; Lukas ere ba omen tabernan baina ez omen zuen inkik ere erran! Fidel Goñi bazen hemen propietario mayor contribuyente! erraten ziotena! eta hura ere kontzejala zen, eta monarkikoa edo ez dakit zer zen, eta harek behinipehin bere lagun Salaberriari alhondiga eta mataderoa eta baskularen lanak eskuratu zizkion, eta lehen alhondigako lana sisen arrendatarioak egiten zuen, eta baskularena berriz algoazilak, eta mataderorik ez zegoen, eta Salaberriaren lanpostu berri hura xuritzeagatik aiuntamentuak pisa-zerga eta haragi-zerga paratu behar izandu zituen, guretzako kalte! eta gero Diputazioak kentzeko erran behar izandu zuen eta kendu egin zuten ba, eta noski dekreto bat atera zen orduan, beren ideiengatik edo huelga egin zutelakoz despeditu ziren langileak berriz ametitu behar zirela! eta Arronizek orduan, Legea gaixki egina zitekeela, baina egina zegoela behinipehin eta errespetatzeko! eta Perurena kontra, Salaberriak cabeza de familia pobre y numerosa zela erraten omen zuen eta aber herriko aziendarik onenak zeinek zituen ba! Arrakorriko aziendarik onenak, haren emazteak zituen! Salaberriaren emazteak, lur-sailik onenak! diruz josiak! eta dekretu hura langileak defenditzeko egina zegoela eta ez Salaberria bezalako gorotzak! Hola aritzen ziren! Fuerte! Perurena hura gero libre utzi zutelarik bere etxean itxi eta handik denbora batera Hernanira joan eta ez dakit orain bizi den edo ez den edo zer pasatu zaion!

        Eta apaiza eta sekretario zaharra solasean eta festak eta tripafestak eta pozik eta Fermin mutur beltzarekin! zigarriloak erretzen eta Paulo hankak xabaldu eta lasai! hura ere sartua bait zen Arronizekin zezioan lehenago! Paulok denbora batean tolare handia zuen! sagardoa boteilatu eta Errenterian barrena Lezo, Donostia eta horietara saltzen zuten horiek! eta Paulo izandu zen Goizuetan langileei jornalak ematen aurrena! eta Aizkorbek eta Larreak eta horiek inkurrioa hartu zioten! ez komeni horiei gauzak hala egitea! Eta Arroniz etorri berria zen herrira sekretario, eta beste haien alde posizioa hartu zuen, eta Paulok orduan bertso batzuk paratu zizkion, paratu eta partitu eta hamar zentimon saltzen zituen eta bi errealetan eta bigarren aldikoak ere bai! eta Arronizek juiziora deitu eta berak paratu zituela! eta Paulok ukatu! eta baietz! eta ezetz! a ze armoniak ibili zituzten! Txirritak erraten omen zuen, bertsoak paratzen, bera baino gehiago zela, Paulo; botzen ez, baina eskribitzeko, bai! eta Eladio, mahaiaz bestaldean, begiak ireki ezinik, eta Magdalenak neri kontuak erraten, nola Juan Jose Amaxemegin jotzeko Hernanin alkilatu zituen klarinetea eta rekintoa itzultzera joan zela, eta on Agustinek hitz-erdika zerbait erran zuela, elizan beti dantzaren kontra aritzen zelakoz, eta nola Segura botikarioa muturra berotuta joan zen, eta barre egin zutela, harek Donostiatik beti aguardiente alemana ekartzen zuelakoz! gaisoentzako ere! eta Piramidona! on Venanciorentzako! Eta Lukas berriz, larruzko poltsarekin atera zela, gutxitan eramaten zuena, eta adio! erran ziolarik Magdalenak nabaritu zuela, alegia, edo iruditu zitzaiola, haren begietan axola! eta berak pentsatu zuela igual nobiarekin problemak izanen zituela, hala izaten bait zituen, bera haren paperetan ikusita zegoela! edo igual gerrak baxterrak nahastu zituelako egonen zela serio! eta biraje hartarako, ez zuela Nikolas izanen konpañiarik onena! berari erran bait zion, ez zela fidatzeko gizona! bere burua abertzale azaldu zuela baina uxaka ibili zela eta ez zuela zintzo jokatu eta ez zuela deusetarako lagundu! eta albaiteruarekin eta herriko karlista ale bakanekin ikusi izan zuela! eta, okerrago, bazekiela Nikolasek, negozioa probestuz, emakume pobre batzuri ñarraskeria egin ziela! zorrak ezin pagatu eta zorrak kentzeagatik harek izorratu zituela! Eta Josefa, haren emaztea, familiak txirikatuta harekin ezkondu zena, ez zela ezkonduz gero etxetik atera! eta Josefa lehen berarekin, Magdalenarekin oso laguna izandu zela, eta horregatik zekiela Leitzako Zabaletarekin nahastuta ibili izandu zela! eta gero bera, Magdalena, hagitz harritu zela jakin zuelarik, matrimonio berriaren umea, subnormala zelakoan, on Venancioren bitartez umezurtzen etxera sartu zutela!

        Eta nonbait Andresa, Eustakiorena, zela Nikolasek izorratu zituen andre haietako bat, Andresa gaixoa! burutik gaixki zena eta diru gehiagorik ez ziotela emanen, erran omen zioten! sumentzioa kenduko ziotela eta tonto-etxe batera sartuko zutela! oso pobreak ziren haiek eta etxea erdi erorian zeukaten! Andresaren ama zaharra, zoko-zalea, eta hiru ardi izu, eta katu beltz mordoxka! bazterrak itsu! eta Eustakio segarekin, eta haien umeak zerriak bezalaxe! bi urte lehenago gripe txar batek haien seme zaharra, Rodolfo, eraman bait zuen, bederatzi urte! ahulak ziren haiek, eskolara joaten baziren herrira lau anai-arrebak, ttikiena ere balantxaka zihoala! etxean edaten! bere bost urterekin, aaaaai! entierroaren egunean Fermin bera ibili zen ilobarentzako limosna eske, eta gero kafeak eta kopak, edan-txamartuta denak, oso tristea izandu zen, eta seme hura galdu zutelakoz aiuntamentuari ehun eta hirurogei pezetako eskaera egin ziotelarik, aiuntamentuak xoxak ukatu zituela! noski mutikoa hamar egunez bakarrik izan bait zen ohean! erran omen zuen Nikolasek, veintenante zena, eta hartara Andresa, lehendik ere hala-hala zebilen eta, orduan hasi omen zen gehiago edaten eta moxkortzen eta katuekin hitz egiten omen zuen! eta gauean negar eta negar! eta gero zeharo txoratu omen zen eta etxeko trasteak txikitzen hasi omen zen eta Nafarroako eroen etxera eraman zuten, eta Fermin, zera, beharrik etxe hartatik atera zen! kamio lanean aritu zen, lehenbiziena herrian, eta gero Oroz-Betelun eta Garaioan, hango lanak bukatu ziren arte, eta gero herrira bueltan zerran ikasi zuen, mendian, trabesak egiten, tabloiak egiten, han egin eta mandoekin jeisten zituzten herrira —behinipehin, hala ari ginen tabernako ixkinean Magdalena eta biak, eta beste haiek xutik eta besteak jarrita eta halako batean atea ireki da eta Inozentzio! txoferra, gu Donostiatik ekarri gintuena! eta plazan gelditu zena eta Dios! erran zuen, ez al dakizue? eta Zer izan da ba? eta Hor bidean, Ezkurbiko zentralean, tipo bat bota dute soldaduek! Ez erran! Luxio handik heldu zela eta berak ikusi zuela tiroteoa! eta erreketeak eta falangistak zirela eta herriko zibilak ere hara zihoazela! eta Ekarri zerbeza bat handia Magdalena!

        Zerbeza edan du Inozentziok eta on Agustin atera da eta Arroniz periodikoa begiratzen hasi da eta nik ere begiratu dut leihotik kanpora eta han gizon batzuk ikusi ditut eta Horra azaldu direnerako, erran zuen Paulok, laster hemen ditugu! eta Inozentziok Sindolabarren barrena joanen ziren horra eta orain bueltan segituan hemen ditugu! eta Ferminek ere pagatu zuen berea eta Goazemak Luis! erran zion semeari baina Paulok mutikoari karamelo bat eman eta Magdalenak Uztak hemen gurekin ez duk izanen-eta ateratzeko girorik! eta Bale eta Fermin atera da eta nik ere pentsamentua egina nuen ateratzeko baina Zer gerta ere hemen egongo naun pixka batean ba! eta Magdalenari baso bat ureskatu diot eta Inozentzio eta Paulo kamionez hizketan hasi ziren artean! Omnibusa kentzen bazioten, akabo! ari zen Inozentzio, berea balu bezala! eta gure Martin eta Luisito jolasten ari ziren, eta Paulo eta Eladio haiei begira, eta Arroniz periodikoa letzen, eta ni Magdalenari Abiatu beharko dinagu ba! eta Martini Goazemak etxera! errateko punttuan eta orduan Arronizen ondoan zutik zen Inozentziok kanpora begira eta erran zuen Tira, hemen dituk! eta denak korrika leihora! kamion bat heldu zen plazara, soldaduz beteta! zokomoko guztietan soldaduak! Txapitenetik plaza zeharka ikusten bait da, eta kalean orduantxe, labanak zorrozten ibiltzen zen gailego hura pasatu zen, eta harekin Kapero! aste batzuk lehenago etorri zen gixon xantar hura! Nikolasek mandatari hartu zuena! eta hura soldaduekin hizketan eta guretik Arroniz atera zen eta Arronizen atzetik Inozentzio, omnibusa hantxe aparkatu zuen eta kenduko zioten beldurrez, eta gu umeekin eta Luisek hola heldu zidan eskutik fuerte! hainbeste eskopeta eta hainbeste gizon armatu! eta gero hurbildu ziren, Zu al zara omnibus horren txoferra? Inozentziori eta Bai eta aiuntamentu ondoan, lehen ikatz zakuak pilatzen ziren plaza kantoi hartan zeukan aparkatuta eta handik kenarazi zioten, eta ni goiti behatu nuen eta gogoratzen naiz! elizaren kanpandorrearen pareko mendian, hagitz goian, Anatxuriko belazean, Pepa eta bere osaba! herrian zer pasatzen ari zen somatu gabe belarrak biltzen! eta Xo, heldu ditun hona! erran zidan Magdalenak, eta leihotik apartatzea egin genuen eta barruan genituen reketeak, bi, mosketoiekin, eta beste bat eskutsik, pistola gerrian eta hura desafioan bezala aurrean jarri eta banan banan begiratu eta ahots lakarrarekin Hemen al da Lukas Errazkin? Magdalenak aitari begiratu eta Paulok Ez, ez da hemen, Hemen bizi da, ba! erran zuen militarrak eta Paulok txalantxa egin zuen eta Bai, hemen bizi da, Non da orain? Joan egin da, Nora! Donostiara, erran zuen Paulok, eta makila estutzen eta Zer duzu zuk? militarrak Eladiori, taltalka ari bait zen gizona, Ez da deus, erran zuen hertsi-hertsian Eladiok, Non dago Errazkinen gela? eta Magdalenak Goian, goian du, Eraman hara! Magdalenaren atzetik sartu ziren militarrak, eta bat gelditu zen gurekin, nerbioso samar bat, eta Paulok hari Zer gaitz egin du! fuerte erran zion, Lukasengatik, eta gu ikaratuta eta soldaduak Silencio! erran zuen eta halaxe gelditu ginen, ixilik, eta orduan Fermin sartu zen eta Hemen al zarete! eta Luis beragana joan zen korrika eta besarkatu zuen eta soldadua haiei apuntaka, eta handik piska batera goian ziren haiek jeitsi ziren Magdalenarekin atzera eta soldaduak zakutto bat eskuan, eta besteak, pistola zuenak, begiak gorri-gorri, Hi zein haiz? Fermini, Fermin Huizi! Zer egiten duk hemen? Semearen bila etorri naiz, Paperak! paperak erakutsi dizkio Ferminek eta besteak etsai muturrarekin begiratu dio eta guri begiratu digu eta Goazen hemendik! erran die beste biei, hirurak atera dira eta Zer nahi zuten? galdetu diot Magdalenari eta harek Dena hartu diote, dena hartu diote, harrituta zegoen eta Ez al dinate beste deus galdetu? eta Bai: zertara joan den Donostiara eta nik Norekin banekiela, baina norengana zihoan eta zertara, ez zuela deus erran! Ez al da behinipehin etorriko arratsean! eta aitak Etorri? bai hiri xer modux galdetzera etorriko dun! Gero Fermin joan da, Luisitorekin, eta Eladio ere bai, eta ni sukaldera sartu naiz Magdalenarekin eta Martinek Ama zein ziren horiek? eta Soldaduak ziren eta Zergatik zuten eskopeta? eta Eskopeta? ba, tiro egiteko, eta Gaixtoak al dira horiek? eta Bai, eta orain, ixilik egon! eta Magdalena urdurituta zegoen, noski xerbait susmatuta zegoela baina orain ezin zuela sinistu! Lukas, mutil laño hura, umeen laguna —Seberianoren laguna, ba! baina nola pentsatu behar zen, aiuntamentuan eta halako posizioan, irriskatu eginen zela hala? hagitz penatuta zegoen, tripako minak izaten zituela Lukasek! eta pastila xabalak eraman zituela baina jarabea basanotxean ikusi zuela berak! eta Lehengoan, kontatu zidan, iñulabarrean etxera ailegatu eta bi musu eman zizkiola eta Zer dugu ba? galdetu ziola eta Lukasek: Anttonik erran dit... Alegia, Magdalena haurdun bait zegoen! eta mutil sentsiblea zela, koadernotxo bat zuela eta bere gogoramenduak han eskribitzen zituela, berak, gela txukuntzen eta, ikusi izan zuela! eta Gelditzeko bazkaltzen! eta guk Ez, ez, bagoazen goiti, besteak ere zai izanen dizkinagu-eta! hala abiatu ginen behintzat, soldaduak herrian barreiatu ziren, baina kontentu ziren eta inork ez zigun deusik erran guri.

        Gero jakin genuen herrian gizon bat bakarra hil zutela haiek, Hernanirako kamioan peoi aritzen zen Urnietako bat; eta Seberiano Aizkorbe atxilotu zutela baina kapitan karlista baten laguntzaz segituan libre utzi zutela, eta itzuli zelarik bere anaiaren garajean militarrek utzi zuten antomobil bateko irratia entzuten zuela gauez! urrutiko irratiak, debekatutakoak! eta Perurena kontzejala ere preso atxiki zutela eta Urbasara eraman zutela berria ekarri omen zuen Kapero xantar horrek, baina gero jakin zen ez zutela afusilatu; eta Hernaniko kanposantuko horman Goizuetan meza eman izandu zuen apaiz gorri bat hil zutela egun haietako batean; eta Juan Jose Larrea ere preso atxiki zutela egun pare batez, gero noski frontera bidali zutela eta begi bat gutxiagorekin ekarri zutela, eta hemen lokal ttiki bat hartu zuen eta barberia-zapateria paratu zuen —orain erixka izan behar du horrek, alkohola-ta, gibela...

 

 

1951

 

Ni besteen etxeetan behien umatokiak garbitzen aritzen nintzen, barruko titarea oker izaki eta nik xuxendu eta erdi-erdian paratzen nien, trapu ttiki batekin dena sekatu, eta ur epelarekin garbitu eta berriz ere sekatu, eta gero Ez emateko hari! ez izateko presarik, gero behiak berak eskatuko zuela eta gustoarekin ernatuko zela, eta bestela sarna berritzen ahal zitzaiola, hainbeste aldiz eskua behien umatokian sartuta! orduan, neri, behi umatu berria kendu nahi zidaten eta goizean, baserri batean, Labeburun, Genovevari erran nion, herrira joanen nintzela arratsean eta Nikolasi garbi mintzatuko niola! ez nengoela hartarako dispuesto! berdin denei kontra egin behar banien ere! Espila zatar hura, kastellano hura, ikaragarri traidorea! harek ere estaduaren izenean bildu eta berak saldu eta berak hartzen zuen dirua! baina gerra pasatu egin zen! eta hasieran ardiak eta babarrunak eramaten zizkidaten, zer ba! paperekin etorri eta zenbat babarrun, eta zenbatsu patata egin ote genuen, eta zenbat ardi saldu genituen, eta gero aiuntamentuari hainbesteko bat, hamar kilo babarrun, berrogei kilo arto, zerria hiltzen bagenuen goardia zibilei ere urdai puska bat! eman behar genien, eta guk ere familia mantendu behar genuela nolabait! eta mantak eta maindireak, denbora batean! eta gero aziendekin segitu zuten, Kapero bidaltzen zuen Nikolasek eta Halako egunean etorriko dira estadukoak eta txekor hori eramanen dugu, oso listo ziren haiek baina nerekin bukatu zen hura, zera, estaduaren izenean hartu eta mataderira eraman eta dirua berentzat jaso egiten zuten, ardiekin egiten zutena, udazkenero-udazkenero etortzen ziren baserriz baserri, batetik bost, bestetik hamar, bestetik hamabost, eta balio bazuten hamalau duro estaduak zortzi pagatuko zuen, eta haiek ere arabera horretan, nahi zuten prezioan, hutsean, eta inork ez zuen protestarik egiten, Frantsesari saltzeko bestela! hari igual hamabi duro eskatu eta hamaikan erosiko zuen berrogeitamar kiloko txikiroa, baina hura kontrabandoan ibiltzen zena zen eta ez zen beti etortzen, orduan Leitzara ezin saldu banuen Nikolasi saldu behar nion, zortzitik zortzira Nikolasen fondan bazkaria egiten zuten! banketea, eta alkatea eta sekretarioa beti izaten ziren han! gero ze konfidantza izan behar nuen haiekin! edozein paper aterako zuten eta Mira! baina guri erakutsi edo txekorrari erakutsi igual-igual zen, nahi zutena egiten, gero berriz tokatzen zitzaiguna baino olio gutxiago ematen ziguten! lau botiletatik hiru eman eta bestea saldu egiten zuten! eta ez zen deus erraterik, haiek bait zekiten, halajainkia! paper kontu guztia.

        Artean Martin eta Frantziskak etxetik kanpo egiten zuten lana, Frantziska etxe batean, Martin Antonio Aizkorberen dendan, jakiak eta burniak, oihalak, tabakoak, ardoa! Nikolasek ere bazuen bere negozioa, tabernarekin, arkumeak eta txekorrak ere berak manejatzen zituen, baina Antonio Aizkorberen negozioa handiagoa zen! biak ustelak! Martinek tailan behar ez zen koska egiten ikusi zuen Aizkorbe! Pillotegikoei, gu bezalako jendea, ez letzen ez eskribitzen zekitenak! lau hitzekin engainatzen erraxak, eta guk, eguneko lanak-eta, gaueko lanak-eta, ahal zen guttienarekin pasatzen ginen. Pedro bizkorxeago izan balitz baina, halakoxe gizona tokatu zitzaidan, nik fuerteago uste nuen, Laxaro joan baino lehenago, San Martingo erromerian, begiz joa nuen! Laxaro marroagoa zen baina, harek ez zuen suerterik izandu, nik hamazazpi urte nituela ezkondu ginen eta Askin aritu zen gizona, meategietan, han aritu ziren denak gazterik hil ziren, hautsak hartuta! Laxaro martiloarekin aritzen zen, sei ordu, zazpi ordu, po-po-po, martiloak hautsa harrotzen zuen eta gorputza ikaragarri nekatzen, han egiten bait zuten lo sarritan! nagusiek ez ikusteagatik, lan tristea zen hura eta Laxarok utzi eta karretero hasi zen eta gero karreta batek kolpatu eta zangoa moztu eta alde! eta nik hiru alaba nituen eta ehun eta berrogei ardi, behi batzuk, zerri mordoska bat, eta nere gizona zenaren lehengusua, Jaxinek, erran zidan orduan, hartara alfer-alferrik nenbilela, aziendari ezin kasurik egin baina baserria uzteak pena ematen eta, pena ematen eta, berriz ezkontzea pentsatu nuen: hasi pentsatzen, eta pentsatzen, eta pentsatzen, eta beti horretara ailegatzen nintzen, beti pentsamendua aziendekin-eta segitzeko berriz ezkondu behar nuela, orduan etorri nintzen Dilekura, Pedro ezagutu nuen eta haren aita oraindik bizi zen, eta harekin erretolika! harek beste seme bati saldu nahi ziolakoz etxea, eta hirugarren semeak Ezetz, ez zutela salduko baina aitona asistitu behar nuela! aitona moxkorra, diru guztiak tabernan xehatzen zituen aitona asistitu, A hori nahi al duzue? ba orduan, saldu egin behar baduzue, saldu: saldu eta neri proponitu, Zuk erosiko al duzu?, Hori ez da hitz egin behar dena, zuek behintzat neri proponitu, gero hala saltzeko atera zela neri proponitu zidatenean eta hemengo berria bait nekien eta Pedro konforme zegoela eta Hernaniko berririk ez nekien eta han neuzkan diruak handik atera eta hemen sartu nituen, paper guztiak Demetrio Urbialde, Hernanikoak egin zizkidan, eta Baietz eta Konforme, gero seinalea presentatzera joan nintzen eta hamabi mila pezeta, denera zortzi mila duro, hogei mila pezeta etxea eta beste hogei mila aziendak eta bordak, eta dirurik ez nuen, atera egin behar nonbaitetik eta zeini kendu ez, orduan joan nintzen Leitzako Zabaletagana, goizeko ordubietan atera nintzen etxetik, bakar-bakarrik, linterna bat eta makila batekin, tapatapa-tapatapa bizkor bizkor seietako meza Leitzan aditu nuen! jai eguna zen eta Zabaleta jai egunetan meza horretara joaten omen zen eta hara! gero mezatik atera eta tratanteak juntatzen ziren eta Zabaletak neri Baina zer zabiltza hemen? eta hartu ninduen eta Zatoz hona, sukaldera sartu ninduen, negua hotza eta bidean izerditu eta gero elizan fresko samarra eta hoztu! hala kafesne bat preparatu zidan eta Zugana etorri naiz eta Zer dugu? eta Hola eta hola: etxea behar dut eta nolabait zurekin trato eginen ote genuen, aziendarekin edo zerbaitekin nolabait ere moldatuko baginake, zuk diru pixka bat jarriko bazenidake, eta Bai! lasai egon! erran zidan, gosaria hartu eta bueltarako kotxea jarri nahi izandu zidan, eta nik Ezetz, oinez etorriko nintzela, Dirua ez zidala segituan emanen, lapurrak suelto bait zebiltzan artean eta dirua nuela somatuz gero, zera, baina bidaliko zidala, bueltan berriz, hotza eta elurra hasi zuen eta hankako behatz ttikian handidura bezalakoa atera zitzaidan, grano bat gaxtoa, etxera ailegatu eta arratsaldean ez nintzen ibiltzeko gauza —eta gero handik egun batzutara Hernanira, oinez, inor ikusten nuenean mantso eta inor ikusten ez nuenean lasterka, gelditu ginen baino ordubete lehenago eskritoriora iritsi eta han gizonaren anaiak erran zidan ba, tributa nahi zuela, aitonak etxea hartu zuenean hartu zituen aziendak, konpleto behar nituela utzi, baina nik tributan ez nuen ametitu, Ezetz eta ezetz, gero berriz egin nuen ardi zaharrak bildu, ardi zahar asko genuen etxean eta denak etxera ekarri nituen eta belarra emanez gizendu nituen: merke hartu nituen eta gero goiti igo ziren, urte batetik bestera subida handia egin zuen, eta hala salbatu ginen, defenditu behinipehin, behi bat edo beste saldu behar izan genituen, artean Martin jaio zen, eta Anjel ere bai, aitona hil zitzaigun, bide bazterrean burua putzu batean sartu eta izoztu egin zitzaigun, eta urte haietan egin genituen zorrak pagatzeagatik raka! saldu genituen behiak eta txekorrak eta, nekez hazitako txekorrak, esne piska bat eta gaztaren gazurarekin ikaragarrizko zekorrak hazi genituen eta orduantxe aretxe jaio berria geneukan momentuan Nikolasek behia kendu nahi zigun! baina ez zidan kenduko! zirt edo zart, inori deus erran gabe herrira jeitsi eta eginen nituen egitekoak neuk.

        Arratsaldean noski, olioa eta ura bati-bati-bati egin kaxuela batean, zerrikumea zikiratu behar nuen! bakarrik nintzen etxean! nere gizona zena Juanximonean zen, Petra eta Xexilirekin zoi-lanak egiten, Anjel basoan eta Martin herrian, Bakarrik egin behar al dun? erran zidan Genovevak, Eginda neon lehenago ere! ezker hankatik heldu zerrikumeari, esku batekin haren gibeleko hankak, haren garrasiak! pottoina hartu eta sartu poliki-poliki labana, ebaki eta prist! atera kanpora, zulo ttiki samarra, hankazpia xuritu, hura berexi eta moztu, balankanari heldu eta ur-olioa bota xulo horretara kutxararekin, pixak atera eta garbitu, zauria sendatu eta lasto gainean utzi, berezi, gero herrira! je! iñorantea baldin banintzen ere, neri ez zidaten ziria horren errax sartuko, banekien oso ongi gizon haiek amarrukeria ari zidatela egiten, eta Nikolasi gauzak garbi erranen nizkion, ez bait nintzen haiek uste bezain imixila, eskola falta nuela! oraindik hanka sartzeko naiz eskolara baina, dotrina puska bat besterik ez dut! Askin bazen andre bat kartilatik erakutsi zidana, a-ta i-ta u-ta, eta gero paperan eta periodikoan eta erakusten zidan piskaka-piskaka eta paper haietatik lumeroak ezagutu nituen, letzen saiatu izandu nintzen, baina gero letra gehienak atzendu! nere seme-alabak bai! urte batzuk egin zituzten behinipehin eskolan, Martin Antonio Aizkorberen dendan eta zorra handi samarra egin genuen harekin eta mutilak, normalean, zorra kitatzearen alde, basorako hartzen zituen Aizkorbek baina, neri erran zidan, Martin dendarako gustora hartuko lukeela, mutil serioa, baserri lanetarako lebrexta samarra, Anjel baino beti ere makalxeago izandu da, etxean ere, lanik gogortsuenak behintzat, Anjelek egiten zituen, hari lana eta nekea beti gehixeago gustatzen, Anjel Nikolas Larrearentzat ere lan egina zen! Nikolas eta Josefak etxe berria egin zutelarik, bi etxe zaharrak bota eta berria altxatu zutelarik, beste mutil batekin aritu zen, hargina, eguneko hogei pezeta, igeltseroak egin zuen harekin negozio polita! zazpi pezeta t'erdi metroko, mila eta seirehun eta hirurogei metro egin zituen, bi mila eta bostehun duro atera zituen! Orduan Nikolasek bazeukan fonda, janak ematen zituzten, goian bazituzten oheak, negozio samurra, aziendekin ere, Zabaletarekin, horren kamionarekin eramaten zituen txekorrak eta bera motoan joaten zen, eta handik Iruñera trenez, San Ferminetarako hamar bat edo eramaten zituzten urtero, geure txekorrak! geuri kendutakoak! haiek saldu eta beste batzuk erosi, behi ederrak, eta Hernanira ardiak eta arkumeak eraman eta bueltan txekorrak ekarri, karnizeria paratu zuten, sosa, beti sosari begira, eta baserritarra estutzen, eta estutzen, eta gainetik makildu! eta gainetik isilik egon hadi! Uuuuu! nik ez nien inbiriarik haiei! Etxe triste hartan, Josefa zorro-zorro! ze mixterioa! sukaldeko zokoan, bi seme luzekara haiekin: Antoniko, aita bezalako dirugosea, eta gazteena, bestea, botikario estudiatzera Madrilera joan zena, eta Josefa, emakume polita izandu zena arront zimelduta! lastima ematen zuen!

        Hara, ez didazu sinistuko, ni Nikolas hori, nere gela gainean ikusita nago! ni ohean nintzen eta bera hantxe kieto-kieto egondu zen, hura beheiti begira eta ni goiti begira! hala egondu ginen! eta gero ja-ja-ja! barre gaixtoa egin zidan harek eta ezdeustatu zen eta goizean Pedrok galdegin zidan Zer ibili haiz? eta nik antzeman, dena sorginkeria zela! Nikolasekin bai! eta Kapero, sapoa! Lorenza, neska xapala, hamazpi urte, bordan ardi saldo batekin, eta Kapero Nikolasekin aritzen zen eta Lorenza Señorabaitan bizitzen zen, malda piko-pikoan, terreno bateko azkeneko muturrean, eguzki begian, bordalde zabalarekin, Kapero ezagutu eta galdu egin zen! gizon gaixtoa! Lorenza jotzen omen zuen Puta! puta! erraten omen zion, eta buruan kolpeak makilarekin, gizon irakina, eta neska kikildu, ttutturruka baxterrean, ez bait zuen nora joanik! ez zuen beste seniderik, ez zuen beste inor, ez ume bat ere, hiru aborto! izandu omen zituen, txoribarba eta mihura hartzen omen zuen eta gaizki! hiltzeko zorian! baina ez zioten medikuari deitu, Kapero abisu ematera joana zela eta zera! tabernan egondu zen arratsalde guztian! odol gaixtokoa! eta Nikolasi jendea estutzeko komeni! hura halako izatea, egun batean Lorenza herrira joan omen zen eta Larrearenean gauza batzuk erosi omen zituen eta, egun hartan Pikornen zerria hil omen zuten eta Larrearen etxetik zaku bat gatz eskatu omen zuten kontserban paratzeko urdaiak, gero berriz dendan konturatu omen ziren azukrea falta zela eta han izandu bait zen lehenago, Lorenzaren sospetxa egin omen zuten eta goardiei detenitzeko erran, mixerableak ziren! gizona han lanean zuen eta bere sospetxa egin omen zuten eta bera detenitu omen zuten! koartelera eraman omen zuten eta ezezta-baiezta, ezezta-baiezta, Campos izeneko goardia ttiki bat bazen eta hura zinbi-zanba jotzen hasi zitzaion, lurrera eta xaflak eta ostikoak! eta hala ari zirela abisua etorri omen zitzaien, Pikornera eramandako gatz hura zabaltzen hasi zirela eta Ui, fina da! probatu eta azukrea! orduan abisua! baina ordurako palizak hartuta, gero Nikolas joan omen zen koartelera eta Zer duzu Lorenza? eta Deus ez, baina... nola jo zuten, eta Zeinek? eta Harek, eta orduan Nikolasek, sarjentoaren laguna izaki-eta, zer egin zuen eta jo zion goardia ttiki hura, Campos hura, bidali arazi omen zuen herritik! bai, joan egin zen hura! eta handik astebetera bere zaldi zurian joan omen zitzaion Lorenzari etxera eta zera! izorratu! baina Kapero harekin bakerik ez zuen! eta koartelean hartu zituen kolpe haietatik ere min xorrr bat gelditu omen zitzaion sabelean, makurska ikusten zen, ardiekin aurrera! gazte gainera, hogeitamabost urte baldin bazituen! eta Kapero Nikolasek etxerik etxe bidaltzen zuen eta gure Martini ze sustoa eman zion! oraindik eskolara joaten zen mutila eta arratsaldean aita eta biak Talaiako mendian haritz batzuk-edo garbitzen aritu omen ziren eta gero hura bakarrik etxerako bueltan, iñularrean, han nonbait ixkutatuta omen zegoen eta Ixtanteko erreka parean azaldu omen zitzaion, bere jazkera beltz harekin, burlari! biderdian paratu omen zitzaion eta Ei, mutiko! zisporrot, haren kiratsa, nik abisatu nien nere seme-alabei Ez hurbiltzeko hari! zeukan kiratsa zeukala eta gizon hura ez zela gizona eta ez hurbiltzeko hari, Xutitu haiz, a! erran omen zion, Martin egun batzuk lehenago gaisorik ohean egondu zen eta Bai, eta Ez haiz salbatuko hurrengoan! hala erran omen zion, udazken hartan ikaragarrizko uholdeak izan ziren herrian, errekak zubiak eraman zituen eta, ur zikina edateagatik-edo, Goizuetan sukarrak izandu zituen askok, Retolazak txertoak ekarri zituen baina berandu! eta herrian bi ume hil ziren! eta haietako bat, bost urteko bat, Albitzekoa zen, Bordaluzekoa, eta gure Martinek, nik erreparatu, hagitz sofritu zuela! eta ohean egondu zen eta Kapero zinkilimarro harek Ez haiz salbatuko hurrengoan! erran omen zion, mutilak handik ziztu bizian aldegin omen zuen! eta bestea barreka gibelean, arront apuratuta heldu zen etxera mutila, ez zen parte onekoa gizon hura, astebete lehenago Nikolasek kendu nahi zidan behi haren eske bera etorri zelarik etxera! bazekien ez genuela han ikusi ere egin nahi eta halere heldu zen eta ni urketan eta, etxetik metro batzutara gelditu zen hura, begiz begi ginen, A beste maldiziorik ez duk ekarriko nere etxera hik! pentsatu nuen, eta harek Zure alaba ikusi dut herrian! erran ez zidan ba, Pollita dago! zimarroia, lizuna, ez nuen besterik behar! harri kaskar bat hartu nuen lurretik eta bota egin nion! Demonio! Goiti beheiti korrika hasi zen, nik bidea ikusten nuen eta beste harrikada bat erantsi nion, Judas! etorri berriro! eta beste harri bat botzeko astirik izan nuen, Neskalekuko errebueltan bistatik galdu baino lehenago.

        Herrira joan nintzen, bada, eta arratsean heldu nintzen, Martinek oraindik Aizkorberen dendan izan behar zuen eta nik Nikolasen tabernara zuzenean, plazaren atzean zegoen, etxe berri, txuri-txuri-txuria, tabernaren kanpoan gizaseme batzuk eta barnean Nikolas, beste bi gizonekin solasean: haiek ere noski, behia edo txekorra entregatu behar, pentsatu nuen nik, haiek ere mina, eta beste dozena erdi bat lagun jarrita ziren, horien artean Espila, sekretarioa, eta Seberiano, Antonio Aizkorberen anaia, Nikolasengana joan nintzen eta Zer dugu Maria? zuri-zuri harek, Zer dugun? haserre nintzen eta Nik bihar ez dudala behirik ekarri behar! Ez al duzu ekarriko? eta Ez, zuek ez duzue behi horren beharrik deusetarako ere! eta Nahi baduzu behia, Loidin-eta badituzu behi-pila ederrak, batere nezesidaderik gabe, guri kentzen aritu gabe, behia umatu berria guri kentzeko balorea! Estadoari emateko ordena Pamplondik heldu da eta, hasi zen hura, Behia emateko ordena ez da Pamplondik etorri! kontestatu nion eta beste bi gizon haiek harrituta zeuden! eta Ederki dakizu zuk, orden hori hemen bertan egina dela! neri beterinarioak garbi asko erran zidan, gauza horiek ez zirela beste inon egiten, eta Orden hori zuek egina da! eta beste biak ixil-ixilik eta Hauek beldurrak zeudek, pentsatu nuen, baina bazekitek egiak ari naizela erraten, Guri merke erosi gero nahi duzuen prezioan saltzeko kanpora! orain, ederra dago gure behia! orain, gizena dago, haragi ederrarekin...! eta Maria gaizki ari zara eta ixilik egon zaite, Ni gaizki? zeinek egiten ditu gaiztakeriak hemen, hori jakin behar da, zeinek egiten dituen! han siletan jarrita zirenak kusoak bezala begiratzen ziguten eta Nikolasek Ez da hitz egiteko tenorea, Ez dela? nik, eta Eginen al zenukete bihar Pamplondik gizon bat ekarri estadoaren izenean? eta denak begira eta Bai! amore eman zuen, eta Ezin du, ezin du, nik beste bi haiei, bat, Juan Lorenzo, Gorgorikoa, eta bestea, Labeburukoa, Genovevaren gizona, hura txepel samarra zen, eta Juan Lorenzok erran zidan Maria, lasai zaite, eta nik Erran behar ditudanak orain erran behar ditut, eta zuek erran behar badituzue, erran! eta Nere behia ahantzi! eta sekretarioa, alkate kastellanoaren txakurrak gibeletik erran zidan Karabineroak joanen zaizkizu bila! eta nik Datozela, datozela, ni eramanen naute baina neronek ere bakar bati tripak aterako dizkiot! halaxe erran nion, muturra pasmatuta gelditu ziren, gero behintzat alde egin nuen etxera goiti eta biharamunean ez nuen behirik eraman eta demonioa! ez zen inor etorri eske!

        Handik egun gutxitara izandu zen Malaterrekosoroko sarraskia. Pedro, nere gizona zena eta Anjel, semea, hil baino ordu batzuk lehenago izandu ziren gizon haiekin, Anjel orduan, baso lanean aritzen zen, izan zen kointxidentzia, hemen auzoko mutil bat, izena Frantzisko, harek soldaduska bukatu eta Errenteriko basoan beste lau mutilekin hasi zen lanean, eta Frantzisko horrek gure Anjeli Hik gurekin etorri behar duk mendira, guk mantenua emanen diagu eta hamabi pezeta egunero, hala hasi ziren, goizeko bostetarako jeiki eta ogi puska bat jan-eta goiti! gero gauean Frantzisko eta biak etxera etortzen ziren eta besteek mendian egiten zuten lo, txabolan, eta hauek goizean motoarekin joaten ziren eta besteen gosaritako esne marmita eramaten zuten egunero, Anjel arrantxero! zopa berotu eltze batean, baba beste batean, bezperan egositako baba, patata piska batekin, baba eta zopa eta zopa eta baba, harekin egiten zuten gosaria, harekin gero bazkaria, eta afaria ere bai, bakarrik meriendatzeko hartzen zuten sardina, hirutik bat: sei lagun ziren eta sei laguneko bi sardina, bere tripa, bere buru, dena erretzen zen, oliorik gabe, su piska batez gaineko eskamak erre eta arratsaldean meriendatzeko ogi handiarekin, hamabost eguneko ogia igual, gainean dena urdin-urdinarekin, ogia erdibitu eta aurrena piska bat zigortu, sartu sardina eta zanpa! batek hartuko zuen burua, besteak isatsa eta besteak erdiko puska, eta gau hartan bazuten Pedrok eta biek pakete batzuk Bakallobaitatik Berastegiko mugara eraman beharra, bigarren eskua, gau askotan ateratzen ziren horrela, gehienetan irina eramaten zuten, Gipuzkoatik enkargu asko izaten zen, han ez bait zen irinik izaten, eta ogiarekin ere komeriak, nik beti erraten nuen gure etxera ogia ekartzeko! garesti zela baina ekartzeko! talo hotzarekin ibili gabe, sano zen taloa, baina pisua! eta gau hartan behinipehin, aita beti bezala serio, muxin! afari legea egin zuten eta Euria hasi behar du, nik erran nien, Iberotik haizea atera zela eta Iberok hautsiz gero euria seguru zegoela! eta plastikoak hartzeko, Goazemak erran zuen aitak, lehenbiziena herrira jeitsi behar zuten, Kristianoerrotan barrena Sindolabarrera, handik xeharka xeharka Bakallobaitaraino, inorekin topatu gabe! behin goardiekin egin bait zuten topo! Rubiok-eta, Buenas noches! erran omen zieten eta Sí, buenas! eta sarjento harek xerbait gehiago jakin nahi zuen noski eta Qué de paseo? eta Sí, al helecho! eta Ya! eta Bueno! eta Adios! herritarrekin konformatzen ziren, bistagorda egiten, herrian sei goardia izaten ziren orduan eta Rubiok eramaten zuen martxa, nerekin frankotan! etxea herritik bakan samar eta maixko azaltzen ziren hona, goiz batean hemen ginen eta Pedro ez zen eta Rubio eta beste bi goardia etxeko sukaldean gelditu ziren gaztainak erretzen! eta beste behin egurra koartelerako txikitzen ere bai! gero berriz nik Hernanira bildotsak eraman behar banituen haiekin arreglo bat egin eta salbokonduktoa eginen zidaten igual! papera, eta paper harekin joan-eta-etorri egiten nuen, majina biraje! mordoska bildots! behinipehin aita-semeak joan ziren eta segituan euria! uberraka euria! paketeak hartu zituzten Bakallobaitan, sei pakete omen ziren denera, botila batzuk, anixa-edo, metal-hotsa ere ba omen zen, ez sobera pisu, haiek hartu eta berriz ere goiti! Ezkurbitik goiti, Arano eta Goizuetako mugan, Ibero gainean, aita aurrean beti, astoaren atzetik semea, estarta pasatu, zokogune bat eta Malaterrekosoro! borda bat, ba al dakizu non dagoen? ez al dakizu? Malaterrekosoro, Zimizta, Zimiztagaraia, Basakanta, Santxone, denak ikusten dira hemendik! eta hauei, hankak busti! egin omen zitzaizkien, abarka xabalak kotxe zaharraren kubiertekin neronek eginak! busti egin omen zaizkie hankak, eta hezurrak ere bai, eta Malaterrekosorora sartu omen dira, Horko iñauskinak ekarri, erran omen du aitak, sua egin behar zutela eta han ziren iñauskinak emateko berari, zamarrak erantzi omen dituzte, sua egiten hasi omen dira eta, halako batean atea irekitzen! aurpegi gorri-gorriarekiko mutil bat aurrean! Gabon eta Gabon, han gelditu omen zen ez aurrera eta ez atzera eta Pedrok Sar zaite, sartu barrenera, eta harek duda egin omen zuen eta kanpora begiratu eta kanpoan ziren besteekin konsulta egin omen zuen eta gero lau gizaseme barrura, putzu-putzu eginda, herrikoak ez zirela eta Pedrok pentsatu Hauek makiak izanen dituk ba! mugaz muga batera eta bestera zebiltzan haietakoak izanen dituk ba! musu gorri hura, beste ttiki bat, beste luze bat eta laugarrena zaharxeagoa, haien buru egiten omen zuena eta harek Eseriko gera piska batean eta hizkeragatik Pedrok Gipuzkoakoa behar zuela antzeman omen zion, Goian behean ari dik! eta Hori duk botzea mutilak! baina ez omen zuten solastatzeko gogorik, arront nekatuta! umore eskasarekin! Zaharxeago zen harek bakarrik erran omen zuen zerbait, eta tarteka Pedrori zeharrera behatzen omen zion, eta behatu, eta behatu, zerbait gogoratu nahi balu bezala! gero xutitu omen zen gizona eta bordako paretean bila hasi omen zen, harri tartean, txepetx-kume bat atera omen zuen! lumajea busti-bustia, hegoak astindu eta hegan egin ez zezakeena, gizona atzera bere tokian jarri omen zen eta txepetxa berotzen, daldarka gaixoa, eta txio-txio, hasi omen zitzaion txoriari, txiotxio erraten omen zion belarrira, behatz batekin buruskari losintxa egiten omen zion eta denak hari begira isilik, txio-txio, prrrrr, tio-tio-tio-tio, erraten omen zion, txori kanta solasa! haren esku xokoan txoriñoa lokartu omen zen! eta ira zahar batzurekin ohantze ttikia paratu eta suaren ondoan lurrean utzi omen zuen, lo! harrituta denak! gero euria mantsoago hasi omen zuen eta Pedrok-eta Goiti behar zutela, despeditu omen ziren, haiek nonbait konprenitu, han ziren kontuarekin hauek ez zirela inorengana joanen, eta goiti abiatu omen ziren eta Anjelek atzera begiratu omen zuen eta bordaren atarian gizon haietako bat ikusi omen zuen berari begira, goiti ote zihoazen-edo —goizean goiz paketeak utzi eta Goizuetara heldu zirela bueltan, lehenbiziko argi-xirrintan, goiz freskoa zen, lainoa zen herrian, Malaterrekosoroko borda ikusi omen zuten urrun samarrera eta aitak komentarioa egin omen zuen Joanak ote dira bordatik horiek! gero etxera heldu ziren eta kanbiatu eta gosaltzen hasi ziren eta Petra patata zuritzen eta Martin esnatu berri zen lanera joateko muturra katiluan sartuta eta besteak kontuak erraten, hala ari ginela, mendian hots beldurgarri batzuk! aditu genituen, tiro parrasta bat, gero beste tiro batzuk segida-segidan, hogei tiro gutxienez! eta gero beste bi tiro, berexi, goizalde hartan ikusi zutela, erran zuten, Kapero Bulatxikiko errekatik goiti, gero berriz ere beheiti, Zimiztakoek ikusi zuten, orduan Lorenzak haurdun egon behar zuen, bai! eta Kapero Señorabaitatik Malaterrekosorora, lau gizon haiek hil baino lehentxeago, goardiei lagundu omen zien Kaperok! hortz-urreak kendu-eta, gero eguerdian bi mandorekin atera omen zituzten bordatik gorpuak, eta Kapero aienatu! beste inork ez bait zuen beste sekulan ikusi!

 

 

Lukasen ametsa

 

Está bueno éste, esan zuen norbaitek, Xabi, Joxan, hor al zarete? ez zuen deus ikusten, oraindik ere gaua, nork hitz egin zuen? gizon baten ahotsa, Non nago? galdetu nahi zuen, idor somatu zuen eztarria, harri bat zuen mingainaren lekuan, Ura, ura! eskatu zuen, inork ez zion aditzen, usain harrigarri bat, usain ezaguna, medikuen usaina, Una mala herida en la cabeza, Cabeza? norena? berea zen noski, Non dago nere burua? txabolan zegoen... Usain fuerte hura, zorabiatzen ari zen, Ura! ura! saiatu zen esaten, baina ez zuen hitzik ateratzen, eta esfortzuarekin kakak aldegin zion, bazihoakiola somatu zuen, zirina, eta zirinaren ostean kaka zurruilo bat, turrut eginez hustutzen ari zen, hesteen presioa nabaritu zuen, bazihoazkiola, heste luze bat, irrist eginda ateratzen ari zen, odol urdinarekin zikindua, ordea estomagoa ere joan nahi zitzaion, beherantza labantzen ari zen, handia zen baina jaio nahi duen ume batek bezala egiten zuen bidea, uzkia bortxatuz irten egin zen, atzetik giltxurrinak, tripetako saburreriarekin jolas piska bat egiten zuten eta gero lerratu egiten ziren zulorantz, haiekin ixurkin hori-xuri, berdeska, gorrikarak, parpar, ezagutzen ez zituen barrunbe txiki batzuk atera ziren, zainak, giharrak, kurruskak, odol kolpe bat eta gibelak ere egin zuen dardar, bere gibel anpatua ipurtzulora zihoan, agur, agur, utzi egiten zuen, plazer halako bat orduan, barrabiletatik tira egiten zioten barrurantz, zakilak buelta ematen zuen eta bere bihotzari begira jartzen zen, ez! nere laguna, alperrik zen, haiek ere kanpora ziren, orain birikak, arnasa! nola hartu behar zuen arnasa? baina odol xurrupita batekin atera ziren, saihetsak ere hutsik, gorputz ikara bat, azkeneko porroskak, ez zeukan ezer, bihotza bakarrik, dum-dum, dum-dum, bihotza, maitea, ez zaite zu joan, biok elkarrekin, ikusiko duzu... eta bihotzak bere lekuan segitzen zuen, ajea, baina orduan buru kolpe bat izan zuen Ai! berriz ere burua, bai, hantxe zeukan mina, Una mala herida en la cabeza, bere buruan, ba ote zuen bururik oraindik? goizaldean joan egin bait zitzaion, gorputza utzi eta joan egin zitzaion, gorputzetik pare bat metrotara jarri zen eta barre egiten zion, gorputza geldi-geldirik zegoen, goardia zibilez inguratuta, beste gorpu haiek, Xabi, Joxan, Federico, hil al zaituzte? bere burua bakarrik zebilen libre eta txabolako leiho txikitik atera eta hegan abiatu zen, hego haizeak erabilia, haize bero bat! mugaz gaindi joan zen, mugaz bestaldera, lurretik tiro egiten zioten, ban! ban! bera uso bat zen, uso libre, libre bat, munduan inor ez zeukana, ez ama bat, ez lagun bat, ez atseden hartzeko kabiño bat ere, Goizuetako kanposantu gainean pasatu zen eta Puñaleko aitona, itsuak, ikusi, eta siñuka hilobiak erakusten zizkion, barreka, Nora hoa hegan? esaten zion, hi're horrara beharra haiz! Aldegintzak usoñoa! oihu egiten zioten zuhaitz hostogabetuek, Aldegintzak! mendiak, eta itsasoak, baina ezin zuen gehiago, oso nekatuta zegoen, erori egin behar zuen, erori egin behar zuen, orduan laino batean sartzen zen eta harek altxatu egiten zuen eraman, eraman, Tolosaraino, hildako bere gurasoen etxera, egurrezko kaja batean sartuta zegoen eta jende batzuk begira zituen, baten bat sartu zen gelara eta Lukas hil dela? no jodas! eta pelukeroari beste batek esplikatzen zion atarian: bai, Lukas, ile beltz hura, A, gogoratzen zen pelukeroa, hortz handiak zituen hura... Jendea bere inguruan jaten ari zen, lehertzeraino betetzen ari ziren ogiz, razionamenduak bukatu ziren! bukatu ziren taloak, kontrabandoak, ogia jaten ari zen jendea, eta ura edaten, iturritik edaten zuten, ur zurrusta ederra, Ura! ura! orduan norbaitek baso bat ezpainetaratzen zion, likidoa somatu zuen, odola! odola zen! ezin zuen edan, Xabi, Joxan, Federico! Están muertos, sí. Llámale a Kapero, Zibilak! esan zuen Joxanek, eta nahi izan zuten, une batez, erreakzionatu, berak pistola aterata hots ikaragarria aditu zuen, fusil bat ikusi zuen atean, trikornioa leihoan, tiro egin zuen norbaitek, zein erori da? txabolako ispilu txikia, bera eserita izandu zen harria, gakoa, eskuare baten hortzak, hortzak! Ese no tiene oro, gizonaren ahotsa, klin, klin, mailua, Federico! ardigorotzaren usaina, bota beltz odoleztatuak, txabolatik kanpora arrastaka zeramazkiten...

 

 

1970

 

Isidro Beltza erraten dioten hori meategia ireki zutelarik etorri zen hona, Gipuzkoakoa da, herrian aisa jarri zen, ordurako gizon helduxea zen, plakoa, orain den bezalakoa, eta morenoa, orain ez bezala, ilez eta aurpegiz, matrail hezurretik goiti masail erdiraino daukan zauri hori Frantziako gerran hartu behar izan zuen, aspaldi, nik ez dut inoiz tratu handirik izan, nire semeak, Martinek, bai, elkarrekin meategian aritu ziren! baina gizon horrek zerbait ixkutuzkoa bazuela susmoa izandu nuen beti nik, Magdalena zenak erraten zuenez, Isidro Beltzak lehen herrian izandu zen sekretario haren letra igual-iguala! zuen, peñako pankartak eta horko paperak egin izandu ditu eta, Askira etorri zen, badakizu, gu ttiki ginenean han bizi izandu ginen ba, gero itxita eduki zituzten meategi horiek eta orduan atzera ireki egin zituzten eta herriko seme asko sartu ziren horra baina gehien-gehienak kanpotik ekarri zituzten: ezkondutako bat edo beste herrian gelditu zen, bi-hiru familia etxe zahar batean eta hola, soltero zirenak berriz barrakoietara eraman zituzten, porlanez egindako etxe mulko bajo haietara, gu bizi izandako lekutik ehun bat metrora, berrehun baino gehiago lagun! extremeño, murciano, asturiano, gallego, euskaldun, denetik zegoen! aspertuz gero alde! eta bestela segi! bi barrakoi handi, eta etxe txuria ondoan, han ere baziren ezkondutakoak, giro zikina! hura gogoan dut neroni ttiki-ttiki nintzela eta ez zen toki ederra! lokatza-eta, mixeria-eta, jateko patata eta garbantzua, eta xingarra eta txorixoa, eta urik ezin edan, mineralen garbitasunekin gorrixta heldu zen eta, ardoa besterik ez zuten edaten, eta gero moxkorrak izaten ziren, eta builak eta zamarrak, bat hemengoa zela eta bestea ez dakit nongoa! eta emakume kontuak, behin Galleguito erraten zioten mutil isil batek etxe txuriko Manuel Rodriguez izeneko bati nabala lepoan sartu zion, Manuelen andrearekin nahastu eta zezioa izan zutelakoz biek.

        Eta Isidro horrek urte batzuk egin zituen han eta gero, askok fardelak egin eta norbere herrira itzuli zen denboran, lana ere gutxixeago zegoela eta, hura herrira jeitsi zen, Juanaren etxean apopilo, hala bait da oraindik ere! ba, hura zuloan hasi omen zen minerala ateratzen, baina gero, bigarrengo urtean, galeria jeneralean minerala ateratzeko kaldera erabiltzen ari zela, furgoneta zaharra goitik beheiti helduki zen abioan eta berak ez ikusten eta hanka harrapatu omen zion eta belauna txikitu, orduan ayudante de lavadero jarri omen zuten, eta gero ofiziala, maquinista de primera, belaunari esker harek ez omen zituen birikak erabat hondatu, bestela ez zen bizirik izanen! galerietan orduan, babes bakarra, esponja bat ibiltzen bait zuten aho-sudurrean goma batekin lotua, hirurogeitabostean, Martinek hura utzitakoan, heldu omen ziren eta lehenbiziko karetak, eta handik hiltzen ziren minero gehientsuak, hautsa zela medio, labaderoan egin behar izandu zituen hango bere azkeneko urteak Isidro Beltz horrek, tanketan garbitu beruna eta gero filtroaz lehortu eta depositora pasa, kamionetara, gero berriz, beruna gutxitu egin omen zen, eta blenda ere bai, eta espatoa bakarrik ateratzen zuten, eta hondarrak errekara botzen zituzten, eta konturatu ziren arraia galtzen ari zirela baina halaz ere segi!

        Gure Martin Isidro Beltzarekin hagitz ibilia da, Erramunekin eta Manolorekin eta, edadez pare-parekoak ez izanagatik askotan ateratzen ziren elkarrekin, zela soziedadera, zela festara, zela ehizara, denak behinipehin meategian aritutakoak ziren eta, Martin baso lanean hasita zegoen baina, Aizkorberen denda utzi zuenean koadrilarekin Prantzira, Haute Garonera, trabiesa piska bat egin-eta, papeleretarako xeheak-eta, han astoak bezala lan egin eta bueltan Martin bere kasa hasi zen hemen, basoa erosi, egurra saldu, tipo horretara, eta Erramunek ere, Askiko lana utzi eta kamionarekin esne biltzen hasi zen, Goizuetatik Hernanirainoko baserri guztiak korritzen zituen, hala egin behar du oraindik ere, eta Donostira ere badituzte horiek joan-etorri batzuk eginik, Jesus Perez, Txapiteneko Prudentxirekin ezkondu zen hura-eta, beste minero batzurekin, larunbat arratsaldean autobusez joanen ziren Donostira eta, Conchan paseo bat edo zirkoa bazen zirkora edo giro bazen plaiara, dantzara ez omen ziren inoiz ere joaten! eta arratsean, ziten etxera joaten ziren, hango alde zaharreko batera, edo Antiguoko barrioko bestera, etxe horiek ezagunak izan behar dute! ez dakit oraindik izango diren, larunbatean kobratu eta fuego! kanpoko minero gehienek egiten zutena, gure Martinek ez! bertakoek ez, bertakoek gehienaz ere Hernaniko buelta egin eta etxera iluntze nabarrean! baina beste haiek etxe haietan ezagunak ziren! dormida egiten omen zuten han, denek elkarrekin gosaldu eta berriz ere goiti, barrakoietara, ibilera haiexegatik kanpoko mineroetatik ia inork ez zuen herrian nobiarik egin!

        Ba, egun hartan, festak ziren herrian, artean nere gizona bizi zen eta, arratsaldean zezenak izandu ziren plazan, eta nik ikusi! Rubito de Viana! mutiko bat, ez zait sekulan ahaztuko! ze garbosoa zen! ze korajea zuen! eta gero, ilunbista heldu zela, hau ikusi, bestea ikusi, tonbola, karrusela, Urnietatik etortzen zen hari erroskilak erosi eta gu ja etxerako! siempre toca, eta biharamunean Martinek kontatu zigun, haiek soziedadean omen ziren ba, Isidro Beltzarekin eta Manolorekin eta Erramunekin eta, haiek beti afariak! basurdea ez bazen oilagorra zen, edo usoa, edo legatza! Pasaiatik ekartzen zuen Jose Manuelek, edo trikua, ama! trikuaren karrasiak, bertatik entzuten genituen! uste bait genuen ume bat hiltzen ari zirela soziedadean! bizirik zegoela bizkarretik ireki eta larrutzen, karrasi ikaragarriak! Lorenzak ume deabru hura egin zuenean bezalakoak! —zuk ez duzu jakinen hori, Lorenza, lehengoan kontatu nizun ba, Kaperok hura haurdun utzita alde egin bait zuen hemendik! eta gero, zenbait hilabeteren buruan monstruo batez erditu zen Lorenza! belarririk ez zuen eta isats luzzze bat! min ikaragarriak eta orruak eta ahotik aparra eta bere konpesioa egin-eta segituan hil omen zen gero, apaizak berak eman omen zuen satan ume hura itotzeko agindua, on Juan zen artean, hargatik Apaizak? erran zidan ahizpak, nazkatuta neon! eta Isilik egon hadi neska, hire gogokeriak ditun horiek! eta Ba al dakin on Juan ezkontzera doala? On Juan? Bai, ezkontzera doa, gaur meza eman du eta bere neskarekin hor joan da pinudian goiti, eta apaizekin arront deseingainatuta zegoela, neskaren anaiek zer zebilen jakin eta desafio egin omen zioten, hilko zutela eta hartzeko, gainerakoan hilko zutela, eta joan obispoagana, apaiza, eta habitoak uzteko eta ezkontzeko, erran omen zion obispoak, berak kontatu zuen, igandeko sermoian, nola batekin engainatu zen eta nola uzten zion bere apaizetako zerari, hara gizon sotila!

        Hauek gau hartan afaria zutela eta nonbait, ogia eramateko enkargatu zenak ez zuen ogirik eraman-edo, ogirik gabe gelditu ziren behintzat eta gure Martin eta Isidro Beltza erraten dioten hori joan omen ziren Txapitenera, han beti izaten zen eta ogi luxeren bat edo soberan, artean plazako burruketa hasi gabe behar zuen eta Txapitenera sartu dira eta Aizan, jateko moduko ogi pare bat ez dun bada izanen, Prudentxiri, eta honek, motel txamarra izaki eta, Ogia? zer ba? Ekatzan ogia! Emakume xoila, Prudentxi, Jesus Perez hori orduan esposatu zuen, sukaldera sartu zen ogi bila —Prudentxi eta, Mikaela eta, Juanita eta, Rosario Igantzikoa, beti masailak gorrixta baxoerdi parea edan balu bezala, aita pastila pilo bat hartuta hil zitzaion hari, odoleko pastilak edo ez dakit zer ziren haiek, haiek beti egoten ziren Txapiteneko sukaldean! herriko berri bazekiten haiek! Magdalenak erraten zuen bezala Pilota plazako gure leiho horrek baleki hizketan, erranen luke zenbat zahagi ardo ohosten ziren horrera, eta puruak, Magdalenak berak egiten omen zituen oso puru ederrak, nik ezagutu nuen ganbaran aniloak paratzen puruei, gero Café Oriental Donostira eta Pamplonara eramaten, Juanitaren amak eramaten zituen Pamplonara, aitak erraten zion Hik uka, hik uka, uka, hik! atxikitzen bazuten ere, Eladio, Juanitaren aita, gizon eroa zen! ardoari arront emana eta zernahi disparate egiten omen zuena etxean: behin, amak loreekin ikaragarrizko afizioa eta lore ederrekin omen zuen Hernaniko balkoia eta Eladiok Fuera berdura, fuera berdura! ojuka hasi eta denak kanpora bota omen zituen, haren beste alaba, nola zuen izena? Paqui, ez, Paqui ez zen! alferrik da! ez naiz akortzen, goardia zibil batekin ibiltzen hasi zena, Ño! erran omen zuen amak, hura jakin zuelarik, orain alabak bestaldeko nobioa egin digu! eta gizonak berriz, ezagutu zuelarik alabaren senargaia, erloju eskumuturrekoa eta eraztuna omen zeramatzan eta Usté rico-rico e? erran omen zion, reloj en la mano y sortija y diente de oro, ja, ja, ja! Hernanitik herrirako hartan ibiltzen zen saka-mataka azkena, burdin zaharrak eta trapu zaharrak-eta biltzen, txapuzak egiten, berak arreglatu omen zuen konpontzerik ez zuela erraten zuten Oiartzungo errota, Benga ekarri neri mailua! eman omen zioten eta klaska, klaska, klaska, eta errotakoek Dios, oraintxe egin ditugu! baina latx-latxa utzi omen zuen bada harek, ederki edo zebilela behinipehin, azken alaba harek etxetik aldegin eta gutxira, hirurogei urte gabe hil zen Eladio, bazkalondoan Hernaniko gari-ale buru-ttiki haiengatik gaizki esaka aritu omen zen eta gero siestara sartu zen eta arratsaldean, lore pote haiek bota zituen bezalaxe bota omen zuen bere burua balkoitik beheiti.

        Zer ari nintzen erraten? Eneee! hasten naiz txarduketa batekin hasi eta bestearekin segi eta solaskeria franko! Isidro Beltza, bai! zer egin zuen Isidro Beltzak Goizuetara etorri baino lehen! Martinek errana, Frantziako gerran hartu omen zuela aurpegiko zauria, eta bularrean ere ba omen duela bala zulo bat itsusia! gero, hango meategiren batean lan egin omen zuen, eta sos batzuk bildu zituelarik, hango portu batean, Marsella! hango portuan Ameriketarako barku batean sartu omen zen pasajero, Argentinara joateko, eta han sortzez nafarra behar zuen nagusi batek hartu omen zuen aziendak zaintzeko lanean, gutxi pagatzen omen zion eta berak Lauak bat! ba omen da ba han euskaldunen soziedade bat eta han sukaldari aritu zen eta gero kontrabandoan ere bai, barku batean, Mar de Platan, eta chester eta luki eta tabakoak eta Espainiatik joaten ziren botilak ere bai, fundadores, centenarios, eta urrutiko txiskeroak, gauza harrigarriak, fotografiak, kaskabelak, gauza horiek kontatu egin ditu berak, hala hornitzen omen zituzten hango euskaldunen etxeak, lau-bost egunetik behin errekaz bestaldera pasatzen omen ziren gauez, orduan hiru emakume ibiltzen omen zituen, haietako bakoitzak hiru soineko, abrigo bat eta maleta bete-bete eginda pasatzen omen zuten erreka, Joño, erraten omen zion Isidro Beltzari hango polizi batek, zu asko ibiltzen zara e? eta Isidrok Bai, gu pelotariak gara eta, paletak eramaten zituzten eta, gero berriz, hiru emakume haiek eskapatu omen ziren eta geroxeago bera ere harekin aspertu omen zen eta hango hotel batean ihardun omen zuen konsejero edo horrelako zerbait —Mendozan, hala zuen izena herriak, ongi gogoan dut, hotel hartantxe ezagutu bait zuen Eustakio! gure lehengusua, gaixoa, umeak utzita Ameriketara joan zen Ferminen anaia, eta harexen berriak ekarri zituen Isidrok Goizuetara etorrita, Eustakiok ez bait zuen etxera sekula karta bat bera ere bidali! Andresa, haren andrea, Pamplonako zoroetxetik bidali omen zuten familiak ez zuelako pagatzen eta Bilbon agertu zen gero, Bilbotik ailegatu behar izan zen eskakizuna hona, alegia, hango kaleetan Goizuetako emakume bat erremes zebilela eta gure aiuntamentuak diruz lagunduko al zuen: bera zen! hemen, Fermin eta horiei, herriko askok egin zien ixkirio! horregatik, ahizpak erraten zidan, Anai batentzat, ohea besterik ez bada, estalpea edo ogi puttur bat edo beti izaten da, ez haiek! Gorostipalen beti arlote bizi izandu dira! eta, Eustakio behinipehin, artzai omen zebilen han, ez omen zen ezkondu, lana gogor egiten omen zuen eta ez omen zuen etxera bueltatzeko gogorik ez diru pikorrik ere —gero Goizuetan, kasualidadea edo, Ferminen oso laguna egin zen Isidro Beltza, beti haren familiarekin, haien harremana bilatu zuen hemen eta barrakoietatik jeitsi zelarik, Fermin hil eta gero, Gorgorira joan zen bizitzera Beltza.

        Fermin eta Eustakio nire lehengusuak ziren, bai: haien aitaren aita eta nire amaren aita, anaiak ziren! Ferminek ere suerte gaixtoa izandu zuen, a! meategiak ireki zituztenean bertara sartu zen eta, hango jornala txikia bazen ere, eta telefono kableen lanarekin Hernanira eta Azpeitira joateko aukera izan bazuen ere, edo-eta egurrarekin nahi izan balu ere! eskuonekoa zen! behinipehin herrian Juanarekin ezkondu eta familia egin zuen eta, lazakeria piska bat ere bai eta, hementxe gelditu zen behintzat.

        Meategiko fakultatiboarekin izan zuen lipizta gogorra Ferminek! Martin artean han aritzen zen eta berak kontatuta dakit, Fermin ez bait zuen, fakultatibo harek, hagitz ongi ikusten, nonbait, Fermin eta beste bi lagun Donostira joanak ziren lehenago, abogaduagana, meategitik, espato-fluor balitz bezala, izen harekin, egiaz gehiena beruna eta blenda ateratzen ari zirelako, espato-fluorrak ez bait zuen benenorik, eta bai berunak eta blendak, horiek garbitzeko zianuroa erabiltzen bait zuten, zikina ez zen-eta garbitzen gaineratikoan. Abogaduak behinipehin, bazterrak farrastatu zituen! eta handik beste urtebetera edo, mineroentzat guanteak eta karetak ekarri zituzten, gero, fakultatibo asturiano harekin —fakultatiboak beti izaten ziren asturianoak, konpainiakoak Bilbo eta Arrasatekoak baldin baziren ere, baina hauek astean behin etortzen ziren bakarrik— izan zuen ateleka Ferminek. Zortzi ordu egiten zituzten egunero eta, jaietan erreparazioetarako beste ordu batzuk, agindu zuten ordu gehiago baina mineroek ezetz, Fermini etorri zitzaion kapataza eta Bueno Fermin, bihar —jaiagatik— etorri behar duk, Ez, Zer, ba? Igandea delako eta ez zaidalako igandean lan egitea interesatzen, Ikusiko dugu, fakultatiboarekin mintzatuko naiz, etorri zen fakultatiboa eta Zer, erran zion, erdaraz, zer erraten du honek, zergatik ez duzu etorri nahi igandean? Ongi pagatuz gero, tokatzen zaidana... Etorri egin behar duzu e! Ez, eta Ez, eta Ez, eta paratu zuten haiek jarri zuten paperaren ondoan beste bat, Isidro Beltzak eskribitu zuena, harek bait zuen letra polita, behinipehin igandean bai, igandean ez, hartan ari zirela, hirurogeita hiruan izandu zen hori, istripua gertatu zitzaion: bai bait zuen, Ferminek, kostunbre txar hura, deabruak eraman dezala, eta hala hil zen noski gaixoa, metxa motza jartzekoa, eta ongi kalkulatzen zena zen baina, edan xamarrik sartu ote zen meategira edo, laguntzaileari erran omen zion Atera hadi atzeraxeago, tiroak ematera niak eta, eta berak buelta eman zuelarik danba! bizkarra txiki-txiki eginda, bagoiak arreglatzen zituen beste gallego batek ikusi omen zuen eta goian zen Isidro Beltzari deitu omen zion Isidro, Isidro, Fermin hil duk eta etorri! San Benito galerian izan omen zen, bizkarra puskatuta omen zuen baina oraindik arnasa hartzen omen zuen, Ea, ea, hemendik atera beharra zeok, kamilian atera omen zuten, Juanaren izena omen zeukan harek ezpainetan baina bidean odolustu omen zen, herriko medikuak zertifikadoa egin eta gero Gorgorira eraman omen zuten zuzenean, seme bakarra utzi zuen Ferminek, Luis, aspaldi Zubitara ezkondu zena hango neskatxa batekin, eta aitaren lehengo afizioa berak hartu zuen, egurra! eskuzerra, zerrotea, zepilo xabalarekin aritu izandu zen baina, jesus tximista! berak ere izan zuen istripu! justo makina berria erostera zihoala tailerrean bi behatz moztu eta, suertea izandu zuen! handik denbora gutxira bankuko orain daukan eseri-lan hori eskuratu bait zuen!

        Eta, Martin eta Isidro Beltza Txapitenera ogi eske sartu ziren hartan, kanpoan ixtilua hasita omen zegoen, eta Mikaela, Prudentxiren ahizpa sukaldetik begira egonen zela badakit, eta hari zehar begiratu bat egin gabe ez zuela Martinek alde egingo, Mikaela beti gizon eske! zerbaitegatik erraten zen, artean eroen etxera bisita batzuk egina zen baina, oraindik gorputz ederra zuen! eta gizonak, pinpirrindu! Amaxemegiko dantzaldietatik ezagutzen zuen Mikaela gure mutil honek, hura dantzan, eta gure Martin baxter batetik begira, lagunekin moxkortzen, nik hori badakit e! ez nago ikusia baina kontu horiek oso ederki dakizkit, noski ordurako alaba bazuen Mikaelak, Ines, orain mediku dagoena, aita Hernanin Orbegozon lan egiten zuen gizon mardul bat, Rodolfo, baina gure Martin honek bazuen ba zerbait, Hegoaizea peligro, erran nion nik, arratsalde batean, soroan ari ginela, hegoaizea putzun sartzen duk e! aguro sartzen duk putzun! xerbait nabarituta noski, eta berak konprenitu, eta hola, ahalketu antxean gelditu zitzaidan, artean Martxelinarekin ezkongai zebilen eta, ez zen txorakerietarako sasoirik, handik hilabete gutxitara esposatu ziren, Martin eta Martxelina, banketea Hernaniko Epelekon, ikaragarrizko festa, beste behin ere ez dut hainbeste maliskorik jan nere bizitza guztian! aia! ongi dakit nik ba, Mikaela maite zuela honek, urte batean, gazteentzako bizikletaren egunean, Espilako Motza erori zen eta, egun hartan juntu-juntu ikusi omen zituzten biak, eta gero, Askiko maldan sarri ibiltzen bait zen Mikaela, eta Martin ere bai, kamionarekin, ba, zera, ez dakit zer gertatu zen! eta gero Rodolfo, Mikaelaren gizona, gizon mandoa, Hernaniko labeetatik aterata ez bait zuen inoiz, gorputza epeltzeko izaten da ba gelaska bat, hara ez zuen sartu nahi izaten! eta motoz egiten bait zuen hemendik harakoa, behin lanetik itzulian izoztuta gelditu zen gizona, bi hankak moztu zizkioten eta handik hil zen, bihotzekoak emanda, baina hori beranduxeago izanen zen, Martin eta Martxelina hirurogeita hiruan esposatu bait ziren, eta ezteitan Zaragozan hamar egun egin —lau ume dituzte, artean ttikiak, orain ate-gain hori jo gabe sartuko ez liratekeenak! eta pozik bizi zen, herritik kanpo bere bolarak eginda, Frantzian, italianoekin, italianoak pinutan eta euskaldunak pagotan, hala erraten du.

        Ogia hartuta atera omen ziren Txapitenetik eta, Portutxarreko kantoian, Santos, herriko mutila, astazakila! kanpoko batzuri errrronka bizian! txoro-moro, eta gero dinbi-danba burruka hasteko atxaki gutxi aski zuten haiek, Qué pasa aquí! heldu omen ziren goardiak, kaboa eta beste bat, haiek beti kanpokoei kontra egiten zieten, eta kanpokoak azarri, besteek zer egingo, eta Santos eta beste bakarren bat ere kontra su batean, eman egin behar zietela eta eman egin behar zietela eta ematen uzteko! Emiliok eta, lasaitzeko, eta goardiak erdian, itxurak egiten baina kanpoko haienganako gorroto bizian: seguru bait ziren, kaboak hala izan behar zuen ustea, kanpoko mutilak, Pasaia eta Oiartzun eta handik etorritakoak zirela bezperan goiko kamioko gurutze baten gainean ikurriña paratu zutenak, Abertxales, baina Anjelek erran zidanez, hori herrikoen gauza izanen zen, Erramun eta Luis edo ibiliko zirela, eta igual Mattin Mikelestonekoa, orain preso dena, edo haren koadrilako beste gazteren bat igoko zela noski rapadorarekin, goizean goardia zibilek neke ikaragarriak ibili omen zituzten hura kentzeko, Utz nazak hil eginen dizkiat eta, Santos aho-bero hura, Urtain! deitzen omen zioten hari, Urtain, badakizu, bozeoa egiten zuena, harek merezi zuen okozpekoa! baina Martini jo omen zioten bultzakada bat, ogia lurrera bota bait zioten, Hi Jaxin, ze arraio pasa duk hemen! baina kaboa tartekatu omen zen, kabo hura, Salaberria gazteena preso eraman zuena, beste urte batean, gazte hari, edaten zuelarik, begia kliska-kliska hasten bait zitzaion eta kabo horrek ostatu batean hola egiten ikusi eta, berari imintzioak egiten ari zitzaiolakoan, kuartelilora eraman zuen! eta, Jaxinek hari, esplikazioak ematen Vienen de fuera, y quieren mandar aquí, zera, liatu gaituk, eta kaboak orduan, bere ahots lakar harekin gogoan bait dut Bien, erran omen zien mutilei, hay que dar ostias a esos —bihar baietz nonbait ikurriña azaldu...!

 

 

1989

 

Gelako kristala hautsi egin zitzaidan lehengo hilabetean eta ni hotzagatik kejatu eta inork ez dit konpondu oraindik, ahantzi! ahantzi eginen zitzaien, bost seme-alaba mundura ekarri, horretarako, eta ni hementxe, goatzean, jeiki ezinean urtebete ja, kadera hautsi bait nuen, San Sebastian eguna, seme-alabak zerria hamalau umerekin begiratzera joanak eta silatik erori nintzen rrraka! soinua aditu nuen, hezurra pipittak, hementxe paratu didate burni-barra bat goiti eta berrogeitazortzi puntu eman zidaten, ni, sekula mediku bat ikusi gabea, larogeitazazpigarren urtea aurten! aurtemintan, Jose Murritxak, eroa! gutxi zirela erran zidan! ja, ja, ja, jeeesus! hagitz gutxi, larogeitasei kunplitu nituen lehengo urriaren azkeneko egunean, larogeitasei! halajainkia! beste batzuk hil dira eta guk ez dugu nahi! Nikolas Larrea, azkena, atzo zortzi Legasako bidean aurkitu zuten, Bulatxiki parean, Pedro Mari Basakantakoak etxetik goitik beheiti zetorrela ikusi zuen, bide bazterrean, eskopeta ondoan zuela, berak tiratu ziola bere buruari tiro baina, zera, zertarako joan behar zuen haraino? etxeko ganbaran tiro ematea zuen! igual ez zela intentzio horrekin atera, gizona ez bait zebilen ongi, burutik zegoela, haren arrebak erraten omen zuen senideen artean etsaiak! ikusten zituela, Josefa haren emaztea hagitz penatuta zegoen, emakume gaixoa, hankako minarekin, errenka, goizeko mezara joateko bakarrik ateratzen zen kalera, eta gizona etxean, xabartuta gizona, ez zuen lasai egon behar Nikolasek! gaitz handiak egindakoa bait zen, hori batzuek bizi direnek badakite ongi! eta hil direnek ere bai asko! eta guk barkatu egin dezakegu baina hildakoek ez dute barkatzen! zera barkatuko dute, Isidro Beltz hori, Eustakiorekin Ameriketan izan zena eta zera, erranen dizut, Nikolas ez zen pakean bizi! alkoholak errea, Inesek errana, joan den urtean osasuna pulmonia batekin konplikatu zitzaiola eta kalenturarekin eta edateari uzten ez, Inesek oso pronostiko txarra egin omen zion, daldarka egoten omen zen, handik ez zen atzera piztu, eta udan kalera atera zelarik arront makal ikusten omen zen, nik ez nuen ikusi aspaldi! eta nola agure tximel horrek ailegatu behar zuen Bulatxikiraino! hiru ordu laurdeneko bidea nola egin behar zuen! eta inork ikusi ez! zubi nagusitik ez zela pasatuko, koartelekotik pasatuko zela eta Depositomaldan goiti igoko zela, baina, Labeburukoek ere ez omen zuten ikusi! sototik ongarriak ateratzen ari ote ziren edo, seko erotuta zegoela! erran omen zuen Inesen lehengusuak, seko erotuta zegoela eta hargatik egin zuela, bazuela osaba bat, hori nik ezagutu nuen! Alejandro izena, Xeferen aita zen, eta Xefe motiko koxkorra zela, bere burua urkatu zuen, Alejandro horrek, itto, ardiak omen zituen harek, kontrabandoan ibiltzen omen zen eta, nonbait abisu eman zieten karabineroei eta harek denak utzi eta eskapatu, eta bere koñaduak aurkitu omen zuen urkatua, lau andre hartu zituen harek: alargundu eta berriz espostu! denak umeekin, ez! bat izan zen umerik izan ez zuena, hori gogoratzen, arratsaldean Ines izan bait zen hemen, bisita egin zidan, botikak ekartzera etorri zen, neri gauza horiek! baina hari kasu egiten diot eta hobekixeago nago! nik bestela gauza naturalak, arraultzen gorringoa eta pereilak eta mizpirak eta, neska jatorra da Ines, ongi zaintzen nau, Ongi ematen duzu, erran zidan lehengoan, Bai, ongi neon, zera, gero eta okerrago, aisago? ez, ez... lastima ama gaixo duela, eta mutila, Mikelestoneko hori, preso du, ez al zenekien hori? polizien kontra burruka egin zuelako preso sartu zutena, haren nobia da! lehengoan Hernanitik pasta batzuk ekarri zizkidan, ilobek jan zituzten denak! afaria egin genuen etxean eta alabak eta ilobak etorri eta zera, denak jan zizkidaten.

        Lehengoan, norekin uste duzu egin nuela amets? Laxaro, nire lehenbiziko gizonarekin, gizon ederra zen, gustoa hartu nion, zuk uste duzu, nire adinean, horrelako istoriak, biok aiuntamentuko aterpean elkarrekin ginela eta zera...! Ja, ja, ja! gaur berriz, Juanximonekoak gogoratu zaizkit, Iñaxio horren aita eta aitona eta osabak eta izebak, horiek bait ziren Laxaroren familiakoak, ooo! arront kontu zaharrak etortzen zaizkit burura, gure auzoan bizitakoak dira horiek, Bordaluzen, zuk ez zenituen ezagutuko gaxoa! eta horiek guri bekazio handiak egiten zizkiguten, guk beti ongi egiten genien, sagarra bazutela eta sagardoa egiteko barrika behar izandu zuten eta guk eman egin genien, eta barrika entregatzeko denboran kaka eginda entregatu zuten haiek, astoak ziren, moxkorrak, gaixtoak, aziendak ere, ardiak eta artantzuak eta bildotsak, denak berex izaten genituen eta haiek kostilezurrak hautsi makilarekin eta begiak jiratuta bueltan, bastoak ziren! harroak! eta gero hemendik, jendearekin haserre eta jendeak bidali zituen eta Legasara joan ziren bizitzera, Juanximonera, eta han ere auzoko denekin haserre! ez ziren inorekin mintzatzen, haien arrebak hiru ume galdu zituen, sor arau hil egiten zituen-eta, Kapero ibili zen hemen gizon sapo bat, bai, erran dizut lehenago, eta harekin bazuten tratua horiek, eta haren andrearekin, Lorenza, xaloa! ez zekien jesusik erraten baina buruz ahula zen, ez zuen heriotz hura merezi! raza gaixtokoak, Juanximonekoak... Hemen herrian bazen, justo, prezisamente, Nikolas hil den horren aitona izan zen hura, eta harek baserrian lan egin behar zuen, Kinkenetik etortzen omen ziren horrara, Botetara, eta iratzea ebaki eta gurdiarekin eramaten zuten etxera, Nikolas ume ttiki-ttikia izanen zen eta haien etxe paretik pasatu zela aitona, ez dakit zeinekin zihoan, Demetriorekin uste dut, biak gurdian eta Juanximoneko mutilak tiroa tiratu omen zion, benganzan, Larrea horrek, lehenago, lur batzuk kendu zizkielako, tiroa tiratu omen zion eskopeta zaharrarekin eta hemendik sartu eta hemendik atera, Nikolasen aitonari, eta begia atera behar izandu zioten, baina bizirik atera zen, orduan gero hatzaparra erantsi zioten tiro egin zuen hari eta kartzelara sartu zuten denbora batean, gero hura bueltan etorri zen eta ez zen gehiago etxetik atera! mutil harek utzi zuen begibakarra Nikolasen aitona, mendilapurra ematen zuen, begian trapu beltza eramaten zuen eta tratante hasi zen orduan, bere behi txuripinto haiekin eta eenee! lehenbiziko behi Holandakoak, harek ekarri zituen! orduan ardia besterik ez zegoen herrian, berrogei ardi izaten genuen orduan etxean eta orain halajainkia, uuu! hemengo azienda pila, eta, ze gastu gero! dena pentsua-ta, neguan, ixtilu! alpalpa kamiona! alpalpa eta nahiko belarra eta pentsua, orduan, zera, astoa eta bi mando eta bi zerri eta, Jeeesus! baaai, haiek orduan egin zizkieten lur guztiak kendu, berenak bait zituzten, inork ez zituen maite Juanximonekoak baina familiaz nere gizonaren lehengusuak bait ziren, denok ibili genituen saltsak orduan! Handik hartu ziguten Larrea horiek gorrotoa guri ere! nere gizona hogeitamabost urterekin hil zen baina, gero nerekin ere berdin izaten zen! Nikolas, aaa! erranen banizkizu nik Nikolasek egin zituenak! hil denagatik gaizki erratea ez dago ongi baina, harek egin zuena ere ez dago ongi egina e! ez dago ongi egina! Eustakio bazen hemen mutil bat sanoa eta Nikolasek egin zuen zera, haren andrea izorratu! eta familia galdu eta gizona, Eustakio hori, handik denbora gutxira eskapoan Ameriketara joan zen eta han hil omen zen gaixoa, eta andrea berriz, Nikolasek hautsi zuen hura, eroetxera sartu zuten eta han hil egin behar izandu zuen, hori herrian denek ez dakite, zaharrek bai baina gazteek ez dakite! ai, ai, ai, baina hori horrela da! eta Josefaren semea, Donostian botikario dagoena, ez da Josefarena! Josefaren umea galdu egin bait zuten haiek jaiotakoan, Nikolasek berak hil ez bazuen hura! Josefa beste gizon batekin bait zebilen juntatuta, hura oraindik bizi da, Zabaleta, Leitzakoa, gure ezaguna... Baina, Donostiako hori, ez da Josefarena! andre harena, Andresarena da, eee, hori badakit ongi! Lorenza Kaperorenak hilurre zegoela bere konpesioa egin bait zuen eta erran omen zuen, kanposantuan ikusi zuela, Andresaren umea lurperatu zuten hartan, Josefa nigarrez! Nikolasek zer egin zuen! bere benetako amari kendu zion umea! umea kendu bere benetako amari eta bere etxera eraman zuen horrek, hori egin zuen, eta bestea, Eustakio, burutik gaixotu eta Ameriketara joan eta han Isidro Beltzak ikusi eta gero hil eginen zen noski —hil eginen zen baina haren anima hemen dabil, a bai! haren anima hemen dabil, oraindik ere, baten batzuren animak ibiltzen dira! zera, orain urte batzuk, Zimiztan, Xeporekin txerri garbitzen ari nintzela, amona Genoveva hila eta egun batean hantxe jarri zitzaigun atearen gainean amona! meza baten falta zuela eta meza bat ateratzeko hari, denbora batean hola etortzen ziren, horrelako asko! eta nik, Xepo hari laguntzen aritzen nintzen eta, erraten nion Nahiago nuke Pelix ere hemendik aterako balitz, Bai? eta Bai, Zertarako? Hango kontuak gogoratzeko, aber zer-nola bizi diren edo zer modutan bizitzen diren, orain ez omen dira azaltzen, lehengoan Maritxuk erran zidan, orain ez direla azaltzen, orain animek meza asko izaten dute eta horregatik ez dira lehen bezala ateratzen, Eustakiorena ere hor ibiliko da, nik ez dut aspaldian ikusi baina, ibiliko da, inor ez bait da akortzen harekin, hara, nik erran behar banu, seguru nago Nikolas hura ikusita zegoela! animarekin gogoratzen ez bada, gero ihesi ibiltzen dira horiek, hori ez luke inork sinistuko, sorginkeria edo ez dago burutik edo hola erranen luke, baina haiek atera egiten ziren, geronek ikusia, ttikitan, Etxabe deitzen zen hango gizon bat hil omen zen mendian eta gero gau batean gure etxean pla-pla-pla alanbreak ebakitzeko bezalako soinua aditu genuen kanpoan, eta gero hurruna ere bai, eta berriz ere, eta aitak erran zigun Gaur arratsean begiratu behar dut ba nik lehiotik aber zer ote den, eta gero gau hartan berriz ere soinuak, fuerteak, ikaragarrizkoak, etxea eroriko balitzeko soinuak, eta ezin agoantatu eta kandilak hartuta goiti joan ginen, aita aurrena eta ni haizkorarekin, eta ganbaratik begiratu genuen eta behean, sotoan, leihoaren parerainoko zakurra! ikusi genuen, ilargi ederra zegoen eta garbi ikusi genuen, eta gero beste leihotik begiratu genuen eta zakurra bidean beheiti zihoala ikusi genuen, zubia pasatzen ari zela, gero gau hartan meategiko gizon batzuk joan omen ziren kantinara, atea irekitzeko! ikusi zutena ikusi zutela eta pattarra behar zutela! hurrengo goizean aita Aresora joan zen, han bizi bait zen Etxabe haren andrea, eta gizona nola ateratzen ari zen eta aber mezaren batzuk atera edo zerbait egiten zuten, beharrena hori zela, eta harek, hori oraindik egiteko zutela, familiakoek meza bat atera omen zuten, eta beste sekula ez zen haren animarik atera!

        Gero, lehengo asteko gau horretan, Nikolas hilda azaldu zen horretan, etxean egin genuen afari: kroketak eta zopa eta arkumea eta oilaskoa piperrekin-eta, Petra eta bere gizona eta bere umeak etorri ziren, eta Xexili eta bereak ere bai, Martin ez! basoan galduta dugu mutila! herrian ez zuela gelditu nahi eta Tira goiti Frantzira basora, aber zertarako ez zen igeltsero sartzen, basoak utzi eta igeltsero sartu! baina horrek segi berean! eta Frantziska ere, ez da etorri aspaldi! gizona fabrikatik kanpo utzi zuten, oraindik hemezortzi mila duro kobratzen omen ditu, gero erretiroa jartzen dioten denboran orduan akaso ez diote horrenbeste emanen baina —eta, afaldu eta, zera, hauek haserretu! Florentina gizonarekin haserretu! Liribitara joan behar zutela biharamunean! artantzu batzuk bazirela bordara eramatekoak eta han ziren ernariak beheiti ekarri behar zirela, hiru edo lau laster umatzeko egonen zirela eta belarra emateko etxean eta Anjelek, zera, Leitzan ere bazutela lana! jai eguna zela baina kapatazak erran ziela joateko sin falta! eta Bihar, zeinek eginen ditu mendiko lan horiek! eta Nik ez behintzat! hemengo muturrak! Aber berak joan behar al zuen Liribitara ere! aber etxeko lanekin ez ote zuen aski! ikaragarri suspertuta, eta Petrak erran zuen, bera egonen zela etxean eta joateko mendira lasai! eta gero txanpañak edan zituzten eta hitz aspertu batzuk egin, eta gero Anjel herrira jeitsi zen, Pepe, bere fabrikako laguna, orain bartuloak egin eta Castillara zihoala! hara bizitzera zihoala eta Amusenian gelditu zirela tragu bat hartzeko, Pepe eta biak, kangrejoarekin, denbora batean, mila kiloko bobinekin zirriki-zarraka, eta ezin gelditu! bost t'erdietan ateratzen ziren eta etxetik eraman bokadiloak eta atzera iluntze nabarrean bokadiloa probatu gabe etxera! betarik ez! lana! beti lana! eta gero Pepe horrek ixtripua izandu zuen, fabrikako nagusiak bisita egin behar zuela eta lantokia txukundu egin behar zutela, hara, dena xahu, txoko denak pintatu eta, grua baten gainean botila batzuk egon behar zuten eta, kontroletik Pepe bidali zuten haiek kentzeko baina, beste bat ere konturatuko zen eta, grua mugitu omen zuen eta tetxoa eta gruaren artean harrapatuta gelditu omen zen Pepe, orduan botikinera eraman eta medikuek ez zela deus, eta kalmante bat eman eta etxera joateko; eta gizona gaizki-ta, gaizki-ta, gaizki-ta mediku kabezerakoari deitu, harek ikusi zuen eta segituan anbulantziari deitu Pamplonara eramateko korrika! justu-justu ailegatu omen zen, hiru kostila hautsiak eta bat biriketan sartuta behar zuen, odola zeratzen hasia... horiek lantokian kontua franko, eta orain berriz, automatiko zera horiekin! orduan, zenbat emakume enplegatzen zen! zenbat neska-ta! orain makina batek berrogei lagunen lana egiten du, horrexek galdu du dena —lehen gauzak bagenekien nola ziren, geure esku genituen, aizkorarekin botatzen zen basoa eta egurra txikitzeko jende pilak eta gero, hura bildu, txondarrak egin, ikatzak atera, gero hemengo basoetan gaztainak bildu! ezagutzen al dituzu zuk gaztainak? ez, zera ezagutuko dituzu! gaztain txapardoa, gaztain ederra, hiru-ale, hiru-ale, alduntzi-mentuak eta mentu-larriak xabal-xabal jarrita, ximeltzen hasitako goiz-gaztainak usaindu, mentuxe batzuk berezi etxerako, ilbeheran jiratu, eta gero morkotsa samurtzen hasita dena jo, morkotsa larria kendu, ondoko txehe zikin haiekin gaztaina zehe-zehe-zehe egoten bait zen, ganbaran torosoka-torosoka, katuek pisa egin gabe ongi kuratu arte tapatuta dena, aaa! bizimodu latxa baina, behinipehin denentzat izaten zen lana, denbora batean, gizona joaten zen goizean eta, gu arto zuritzen etxean igual, lehenbiziko etxe batean eta gero bestean eta hola txandan-txandan, kantuan eta Xingurin gorri bular ederra, ote du adiskiderik, eta besteek kontestatu Bai atsegin baduzu, eta gero Horrek nahi baldin badu adiskiderikan, holako lekutakoa, eta arratsean, gizona berandu etortzen bazen zeozer erraten nion eta goiz etortzen bazen berriz, kontentu, hola izaten zen bizimodua, orain baino xuxenago, bizimodu garbia.

        Anjel Pepegana eta Amuseniara sartu omen zen, tximinia piztuta omen zegoen eta jendea erretzen eta kea eta beroa! gure Martin han omen zen suaren ondoan jarrita, Zubita zaharrarekin, eta Luisekin, Ferminena, bankuan lan egiten duena, eta Ezkerro-eta beste koadrila batean, eta gazte batzuk kartetan, beste mahai batean, Periko-eta, Jose-eta, Joseren arreba-eta, Ines bera ere bai eta Felipe, monteroa-eta, Zubita-eta, Zer dugu? eta Hementxe, euria hasi duela-ta, blai-blai eginda! Ekatzak kopa bat, Inesi kontu pare bat erran omen zion, nola pastak ekarri zituen eta gure etxean denek apreziatzen dute Ines! neska zintzoa da, gurekin beti portatu da ongi! eta alkatearekin ere txarduki omen zen, udaletxeko ixtiluak! sekretarioa bota nahi omen dute orain! pinuekin, subasten diruekin negozioa egin duelako! ley reguladora eta ley contenciosa-eta badira bada! eta orain besteek ez dute mahaian hauekin eseri nahi! eta salatik begira, eta begira, eta alkateak eta horiek sala utzi eta gero xixtako batean itzuli eta plenoa bukatu zela! erran omen zuten, eta Anjel han omen zegoen, Luisekin joan omen zen, eta Bukatu al da, erran omen zuen, hola egiten al duzue zuek lana? Goiti erran zuen, denek aditzeko maneran, Antoniko ere han omen zen, Nikolasen seme zaharrena, bere autobusak utzi eta han omen zen eta hura berriz oso politikazalea eta gure Anjeli, hori erran zuelako, errebeska begiratu zion! eta gero Luisekin Portutxarren eta berak erran omen zion Luisi Eta herriko problemak, noizko? Herriko problemak? herrian ba al dago ba problemarik? Ez al dago ba? ño motelak! orain politikarekin nazka-nazka eginda dago! Berdin HBkoak badira edo besteetakoak! Joseren kontra ez bait du deus, haren ama, emakume jatorra, gaztetan ezagutu dugu, arraultzekin Donostiara zihoala eta gero neskame egondu zen han, esposatu baino lehenago.

        Jesus Perez ere han omen zen Zubita eta hauekin, Zubita horrek ere baditu urte batzuk eta, kontu zaharrak gogoratzen, bera mutiko koxkorra, karretera lanean, pikotxarekin, eta klinki-klanka, klinki-klanka, eta Alfonso trece etorri zela eta Dónde está el alcalde? galdetu omen ziola, pikotxa bazterrera bota eta alkateak orduan estankua zuen, joan harengana eta, beti kontu bera du! eta gero Jesusek, Aranoko ardiak Bordatxipin ikusi zituela, bera letxuga batzuk ateratzera joan zela eta handik itzulita harekin topatu zela, Nikolasekin! atera omen zuen gaia, eta Luisek orduan begiak kiñatu omen zituen! Luisen familian, erran dizut noski! Nikolas makur handia egindakoa zen, eta hau eta hura eta hasi omen ziren trapuak ateratzen, Malaterrekosoroko hura ere! Luisek erran omen zuen, Nikolasek salatu omen zituen Malaterrekosoroko bordan errefujio bilatu zuten haiek, Kaperok erran berari eta berak goardia zibilari salatu! Nikolas, gerra baino lehen, nazionalista izandu zen, orduko nazionalistena! eta Seberianorekin-eta partidario omen zen! gerra hasi eta berehala ideia haiek atzendu eta aziendekin eta irinarekin negozioari lotu zitzaion, ikaragarri! askok ezin zuten ikusi! eta Anjeli orduan gogoratu omen zitzaion, berak ikusi bait zituen hil baino ordu batzuk lehenago maki haiek, aitarekin zebilela, eta haien soinak eta arropak-eta, hemen ditu! gogoan ditu eta Kaperoz ere gogoratzen da ongi! gizon txaputx hura, gure umeak haren beldur izaten bait ziren! gure Martini susto ederra eman zion ba! Kaperok Nikolasentzat lan egiten bait zuen, eta, batek erran omen zuen, biharamunean etorriko zela haien beste semea, botikarioa, egitan ez bait dute berena! eta Josefak leihoak ireki eta etxeko ispiluak eta koadroak estali zituela, gizonaren anima ihesi joateko! herrian etsai asko zituela eta lehenago hil ez baldin bazen kontentu baina orain min hargatik desesperatuko zela. Eta Jesusek erran omen zuen, hain gaixtoa ez zela Nikolas, xaloa da Jesus! Nikolasek asturianoei kontra egin ziela, asturiano haiek izorratu nahi zituztela eta Nikolasek kontra egin ziela...

        Eta, hartan ari zirela behinipehin, herrian argiak joan ez ziren ba! eta hauek Amusenian eta Urte berrirako seinale txarra duk! eta Salomon apaiza atera duk eta kandelak ekarri! eta halako batean atea ireki zen eta baten bat sartu zen barnera, Anjelek ez omen zuen ezagutu hasieran, gero segituan, Donata, etxekoandreak zekarren kandelaren argitan, antzeman zion, Isidro Beltza zela, eta Aupa Isidro, nondik heldu haiz? eta Zer ba, zer ba! erran omen zuen, irribarre moxorro, eta xira erantzi eta paretean helduleku batetik txintxilikatu eta aulki batean sutara arrimatu eta Juan Joseren ondoan jarri omen zen ixilik, txapela erantzi gabe, sutara begira, eta Anjel berari begira eta denak ixilik gelditu omen ziren instante batean, eta hartan, Isidro Beltza, sutara begira eta, txistuka hasi omen zen ba! bozik eta txistuka! eta Anjel adi eta adi eta txori kanta bat! eta zeini entzun zion, honek aspaldi, oso aspaldi, holakoxe bat? eta orduan, Isidrori begira, eta Isidro sutara begira, Anjelek xixt! beste aurpegi bat ezagutu omen zuen, beste gizon baten aurpegia, bera gaxtea eta, kanpoan euria eta, bera, aitarekin, sutara begira, eta Isidro Beltzaren hezur-matraileko eta bularreko zauriak, orduan konturatu! Isidro Beltza Malaterrekosoron txepetxa bere eskuetan lokarrazi zuen gizon hura zela!