Itxialdia
Telefonoak ez zuen gau osoan atertuko, eta deskolgatzea izanen zen onena. Jendea urduri zegoen, farre ugariegitan somatzen zen, eta denak ere nazkatzen hasiak ziren brotxa latzeko pintorearen txiste errepikatuekin. Hamabost bat gazte, pintorea, taxistaren alarguntsa. Apaizgoa utzi berri hark prestatua zekarren gai zerrenda debaterako, baina pintorearen presentziak ez zuen inor lasaitzen, inork ez zuen kopetarik itxialdia uzteko esateko. Taxistaren alarguntsak urrezko kate bat erakusten zuen jertze gorriaren gainetik, senarra zuenaren eraztunarekin eta lauburu batekin. Lo zakuak zabaltzen ari ziren iadanik. Berriro jo zuen telefonoak. Pintorea altxa egin zen, eta bigarren joaldian hartu eta putasemeak hil eginen zaituztegu banan bana esan zuen oihuka gaztelaniaz eta ez gaituzte bakean utziko eta deskolgatzea izanen da onena. Mahai gainean bertan utzi zuen. Denak adi gelditu ziren erabat isildu aurretik egin zituen soinu motei. Udaletxeko leihotik erretorea ikusten ahal zen eliza ixten. Beha gelditu nintzen, telefono kaiola kontrolatzen. Posibilitate bat zen.
Taxistaren alarguntsak argia itzali du etorri direnean. Auto bakarra aurrena, hiru ere bai berehala. Elizaurreko telefono kaiola inguratu dute. Denek dakartzate metrailetak. Batek ez dakar uniformerik, buzo ilun bat. Kontuz ireki du telefono kaiolaren atea, minutu eskas bat egin du barruan. Irten eta autorantz joan da ezezkoa eginez buruarekin. Mikroa hartu du leihatila irekian zehar. Udaletxeko leihoko pankartari beha gelditu da beste bat, hitzak ezpainak erabiliz deletreatzen. Tabernako sare metalikoaren hotsak jira erazi egin du. Berehala heldu dira beste hiru auto, sapaietako argia dizdizka. Telefono kaiolaren berrogeiren bat metrotako radioan jarri dira, metrailetak bular aurrean gurutzatuta. Buzoduna telefono kaiolaren barruan aritu da ostera. Kable bat ekarri du aurrena etorritako autoraino. Kutxa ttipi bat atera du autotik. Bi ziren telefonotik ekarriak zituen kableak, hala ikusi zen bi muturrak hartu eta kutxan lotu zituenean. Keinu bat egin die besteei, eta autora inguratu dira batzuk. Argiei eman diete berriro, eta sirenei. Kutxaren kerten bati eragin dio, eskuzko kafe errota bat balitz bezala.
Udaletxeko leihoak txikitu egin dira. Ederra izan da eztanda, su gorri-urdin bat, hots lehor bat. Inor ez da mugitu. Buzodunak zer edo zer jaso du elizaren ate ondoan. Itzali egin dituzte sirenak eta argi dizdizkariak, autoetan sartu dira, alde egin dute. Atari guztiak ireki dira, eta ume zaparrada bat irten da lasterka eta bultzaka. Makurka jardun dute bilketan, oiloak diruditela, telefono kaiolarik gabeko plaza osoan sakabanaturik. Kantoiko tabernak jaso egin du pertsiana eta zenbait parrokiano kaleratu da, isilean, edalontziak eskuan dituztela. Argia biztu du norbaitek eta duroz eta bost durokoz betea daukagu udaletxeko batzar gela. Primeran, esan du brotxa latzeko pintoreak, pokerrean dakienik ba al da? Telefonora eraman genituen begiak. Kolgatua zegoen. Joka hasi da.