Etxeberri
I
Nik esan behar banu, ez nuke esanen Manuel gizon zintzoa ez denik, baina azken egunotan gertatutakoak eta, ez dakit, susmoa hartzen ere hasia naiz udan izandako sua ez ote zen izanen... Badakizu, kartzelan sartu zituzten aita-semeak eta Sangarrengo baron jaunak berak atera zituen, gaizki pasa beharko zuten bestela, gaineko solairu guztiak behea jo zuen, ganadua larrean zeukala hartu suak gainera. Kasualidadea.
Manuel pobrea zen orduan, hona etorri eta baserria jaso zuenean Sangarrengo baron jaunaren amak, San Millango markesak, emandako lurrotan. Ezkonberria orduan, eta etxean bizibiderik ez, berak karea eta harria garraiatu eta jasotzen lan egin, eta markesak berriz zura erosi eta ofizial bat ekarri zuen Etxeberri egiteko. Txikia da, baina badaude itsusiagoak. Manuelek berak esanda dakit nik tasatu egin zutela hamasei mila errialetan, eta erdi bana izatekotan konformatu omen ziren markesa eta biak. Orain markesa zaharra dago, alargundu zenez gero ez du onik izan gainera, semeak daramatza aspaldian gauza guztiak, Sangarrengo baron jaunak.
Ni haien aginduetara nago, ni ez naiz politikan sartzen, eta hobe dute nire izena ahotan ez hartu. Bai, ongi ezagutzen ditut bazterrak nahasten dabiltzanak, inor ere ez lasaotarrik. Hortik atera kontuak, hemen denek ezagutzen naute. Ni ez naiz tabernan marmarrean egon zalea, batzuk goiko eta besteak azpiko, hala egin gaitu Jainkoak, nagusiak batzuk eta Manuel maizter. Halaxe esan nion nik berari, eta sutan jarri ez zitzaidan ba, ez nintzen bakarrik gainera, markesaren ajente berri honek euskaraz ez daki baina, esanen dizu hark ere galdetuz gero. Nik, botazioak daudenetan egin izan dudan bezala ajenteari lagundu baserrietara, eta orain, berri honekin, erdaraz ez dakitenekin hitz egin, alegia, San Millango markesak, eta bere semeak, Sangarrengo baron jaunak, Manuelen etxearen jabeak alegia, eskuinari eman behar ziotela botoa.
Eta nola jarri gizona, sekulan holakorik. Eta egizu kontu larehun baserri dituela markesak, eta ezta bakar batean ere. Aizu, ajenteak jakin egin nahi zuen, beti bezala, eta ez besterik. Ea ba markesak ez diezaiokeen botoa nahi duenari eman. Zera, eta Manuelek ere bai noski, hor konpon bakoitza.
Orain harroaldi handia sortu da Manuelek Etxeberri utzi behar duelako, baina zuk ere jakinen duzu, alferrik ibili direla tribunaletan. Noski, Manuelek ez zuen pleitura joko azpeitiarrek erabili izan ez balute abokatuekin eta, baina zer esan dute juzgatuan, markesa bere lurraren jabea dela eta Manuelek utzi egin beharko duela baserria. Aizu, eta gainera markesak zortzi mila errialak eman dizkiola.
Gobernadorearengana ere joanak dira, Azpeitikoek eta politikoek eta Manuel bera hartuta, eta han ikasi behar izan dute markesaren semeak, Sangarrengo baron jaunak, ez duela etxea uztera behartuko botazioak egin arte. Mugitu dira alajainkoa, eta Don Justok berak esana dit Obispuarekin ere egonak zirela, baten batzuek beti izaten baitituzte lanak eginak. Ja, esan dizut larehun baserri dituela markesak. Zenbatsuk uste duzu egin dutela bat Manuel Etxeberrikoarekin. Jakina.
Begira, ni konfiantzakoa bainaute, askotan hitz egiten dute nire aurrean, eta zenbaitetan galdetu ere bai, eta ez pentsa beti algara egiteko moduko erantzunak ematen dizkiedala, eta aurreko batean jira eginda zaldia sartzen ari nintzela beren artean hartu ninduten markesaren semeak, Don Justok eta markesaren abokatuak, Pagoaga jaunak, deputatuak, eta han ari ziren baietz eta ezetz eta markesaren semea eta Pagoaga jauna kapelauaren aurka alegia ez zela komeni Manueli botazioak baino lehen etxea utzaraztea, hustutzen ere hasia zen lehengo astean eta markesaren semeak lasai egoteko esan zion, itxoiteko oraindik, eta kasikan behartu egin zuen traste ateratzen ez jarduteko.
Markesaren semeak, Sangarrengo baron jaunak, eta Pagoaga jaunak, deputatuak, gogor egiten zioten Don Justori, eta markesari buruan sar erazi behar ziola ez zela komeni Manuelek etxea uztea botazioak baino lehen. Eta Don Justo setan, ezetz. Pagoaga jaunak esaten zion oraingoetan bat ez ezik, larehun boto gutxiago jasoko zituela horrela egitera. Eta orduan inguratzeko, eta galde egin zidaten, nik ezagutzen nituela baserritarrak eta. Nik, errespetu guztiarekin, hobeto ezagutuko zituela Don Justok, beren pekatu eta guzti. Eta ez zuten irrifarre egin bestetan bezala, larri zeuden. Ni Don Justo eta markesaren aldeko. Hamaika artaburu mantentzen baitu ogiak, ni uste horretakoa naiz, eskarmentua behar dugula. Bete dadila tribunalak esan duena. Eta lehen bait lehen kanpora. Nik ezagutzen ditut baserritarrak eta bakoitza bere etxekoa da, inor ez da sartzen besteren mahaian agintzen, eta gutxiago politikako saltsetan: Seguru ote nengoen eta nik irrifarre egin nuen. Eta garbi esan nien pentsatzen nuena, horretarako komenigarria izanen zela azpeitiarrak lotzea, Martin Beltza batez ere, jendea harrotzeko balio duena baita. Eta orduan baietz, baina nola, zer iruditzen zitzaidan egin zitekeela galdetu zidaten, eta nik arestian esan dizudana bera esan nien, ez nintzela politikan sartzen, nahikoa nuela nik neure lanarekin. Eta orduan irrifarre egin zuten denek, eta tira, tira, Don Justok, eta markesaren semeak barrena pasatzeko eta mahaian jartzeko esan zidan, eta Pagoaga jaunak berriz ea nor nintzen, eta bizkarrean jo eta bere aurretik sarrarazi ninduen. Afaldu genuen laurok, eta Martin Beltzaren bizimoduaz eta galdezka jardun zitzaizkidan eta soldata handiagoa jasotzeko aukera eder bat eman behar zidatela gomentatu zuten beren artean.
Nik erdaraz oso ongi dakit baina hitz arraroak eta badakizu jaun horiek nola dauden ohituak, ulertu ez nituen gauza asko esan zituzten. Eta ajente berriarekin hitz egin eta berriro bildu behar ginela esan zidaten.
Ni San Millango markesaren monteroa naiz. Sanmieltxiki esaten didate.
II
Begira, Etxeberriri su eman ziotelakoa eta gezur hutsa besterik ez da. Susmoa har dezakete nahi dutena, orain harrite guztien kulpante egingo baitute Manuel, baina Etxeberri halamoduz egina, ahula, markesak ekarritako ofizialak asko lagundu ere ez Manueli etxea jasotzen, orduan. Halako aditzera daukat nik, artean ume kozkorra nintzen eta. Gogoratzen naiz, hau dena baso itsua zenean, makina bat lan egin behar izan du hemen baten batek. Ez markesenekoek jakina. Aizu, zuk jakinen duzu noski, markesa titulua aspaldian debekatu zutela Gipuzkoan erabiltea probintziako Juntek. Ba nahi baduzu Manuelek berak esanen dizu, joan den udan euliak ikuilutik ezin botarik nazkatua zegoela, eta ferian entzun omen zuen oso ona izaten zela sua piztea, eta keak berehala uxatzen zituela. Biztu du sua, eta zer dek eta, goiko solairuak su hartu, ahula Etxeberri hau, eta eskerrak aita semeak azkar ibili ziren, bestela etxe osoak igual. Ba kartzelan sartu markesak, horixe markesak. Bai, semea ez du inozoa, eta badaki hobe dela maizterrekin onez onean, eta han joan behar izan zuen ateratzeko eskatuz. Baina ez zituzten libre utziko kulpanteak juzgatu izan balituzte. Zera, ganadua ere kanpora atera zuela propio, markesaren partea bakarrik hondatzeko, eta zer nahi duzu, hori ez dizu baserritar batek esanen, uda gorrian behiak ikuiluan itxita eukitzea. Eta kartzelatik aterata fama hartu markesaren semeak Azpeitian, gizon jatorra omen alegia Sangarrengo baron jauna. Hemengo lege zaharrean ez zegoen ez markes eta ez baron eta ez konde. Bere eskuz, bere eskuz jaso zuen baserri hau Manuelek, eh Manuel.
Lau egurtzar ekarri zituela eta ofizial mozkor bati ordaintzeagatik etxea erdi bana egin behar. Eta berak bere eskuz egindako etxearen jabe egin nahi badu, zortzi mila errial eman behar markesari. Inork ez dio esaten lurra berea ez duenik, baina etxapea, hori, gizona etxapetik botatzea, gibela behar du.
Jakinen duzu noski zergatik bota nahi duten etxetik. Ez da oraingo kontua. Hemen Errepublika etorri zenez geroztik botazioak baitaude libre, ez lehen bezala, nik aditzera dudanez lehen ere baziren baina, bestelakoak, eta morroiek ere nagusiaren deputatuari eman behar botoa. Eta zer egin dute orain arte, ba botazio aurretik etxez etxe bidali ajentea, ea nori eman behar dioten botoa galdezka. Eta badakizu, baserritarrak umil, kottau, ez zekitela ba, politika gauza horiek zailak zirela eta. Orduan ajenteak, hola, xamur, ba markesak halakoari eman behar ziola eta, komenigarria izanen zela ba markesaren gauzak ongi joatea denen onerako ere. Izan behar baititu larehun baserri edo gehiago.
Eta etorri dira ba besteetan bezalaxe Manuelengana, ajente berria oraingoan Sanmieltxikirekin, eta monteroa galdezka, eh Manuel, erdaraz ez dakizulakoan, eta mindua baitago Manuel udako iskanbilarekin eta semea ere gureetakoa baitu, zer uste duzu, horregatik eraman zituzten kartzelara. Ba esaten ahal ziola markesari berak ez ziola botoa eman behar Pagoagari. Eta nola uste duzu jarri zirela Sanmieltxiki eta ajentea, ulertu zuen euskaraz orduan bai. Orain libreak omen dira, baina ez dira libreak botazioak. Garai batean hemen ez zuten jauntxoek botorik aizu. Hori jakinen duzu zuk ere.
Eta orduan zer dek eta, etxea utzi behar duela Manuelek. Markesak berak erabili nahi omen ditu lur hauek alegia. Igual ikusi beharko dugu Sangarrengo baron jauna uztarrian lotuta San Millango markesak goldeari eusten diola baratzan izerditan. Baina orain akabo dira lehengo mehatxuak eta nagusikeriak. Manuel Etxeberritik bota nahi badute, ez da lur hauen premia dutelako, Manuelek botoa guri eman behar digulako da, eta ez besterik. Mugitu egin baikara, komeriak dituzte orain. Uste zuten, gure Manuel umila baita, kottauegia aukeran, beragatik isil isilik aterako zela Etxeberritik, bere eskuz jasotako etxetik zera, baina orain ez da lehen, orain baserritarrok bildu egin gara, eta indar egiten dugu. Gobernadoreak berak aizu, gobernadoreak berak esan behar izan dio markesari pakeagatik hobe duela Manuel bertan lasai utzi. Baina markesa egoskorra da, eta hor dago Pagoaga beldurrak, ea Manuel kale gorrian ikusita gainontzeko baserritarrek ez dioten botoa ukatuko. Semea ez, semea zuriagoa du, hezurrak gogortu gabea oraindik, eta lehengoan bera etorri zitzaion lasai egoteko esanez, ez aldegiteko, itxoiteko. Baina ongi dakigu eh Manuel, botazioak pasatakoan kalera, orduan ez baitie izanen errespeturik maizterrei.
Gainera ez da markesa bakarrik, gozoa da holako gauzetan Don Justo ere, kapelaua. Hori gutxieneko karlista porrokatua edo, sotanape ilunekoa behintzat. Egizu kontu enziklika guztien kontra jarduten duela horrek, baserriz baserri ez da ibilten ba kristauak ezin diezaiokeela botoa kristau zintzoei besterik eman eta. Noski, nor uste duzu dela hemen kristau zintzoa. Sutara besteak. Ba gu ez gaituzte menderatuko nolanahi eh, jota zer egin genuela uste duzu, Obispuarengana joan. Bai bai, zer arraio, Azpeitiko erretoreak berak esaten ez dituenak botatzen ditu Don Justo horrek eta, hartu eta Obispuarengana. Eta ez dut uste batere gustora hartu duenik kapelauak ateratako nota hori, irakurriko zenuen noski izparringian, Bikario Jeneralak egindako idazkia, alegia eskuineko blokea bezain katolikoak garela gu, eta bietako edozeini ematea libre duela katolikoak. Hor hartzen dute min hauek, uste zuten Jainkoa berea zutela, eta katoliko guztiak morroi.
Markesa eta barona eta horiek, horiek, ezkerrak berak baino boto gehiago eman dizkiote horiek reboluzioari. Eta hori ezin liteke ametitu. Horretarakoxe gaude gu, ez eskuineko eta ez ezkerreko. Euskaldunak.
Eta gauza bat esanen dizut. Oraindik ere ez dituzte tripakomin guztiak pasa. Tribunalek erabaki dute ezta Manuelek etxea utzi behar duela bai, ba berehala utziko du. Botazioak baino lehen gainera, eh Manuel. Eta eskuinekoek ez dutena baitugu guk, gizalegea, gureetako jaun batek, asko ahal duena, baserri bat eskaini dio Manueli hantxe jartzeko eta lur sail ederrak lantzeko, Loiolako horretan. Hori da gizalegea. A ze ipurdikoa eman behar diogun markesari, eh Manuel.
Ni Nekazari Bazkunako ordezkaria naiz Azpeitian Martin Beltza esaten didate.