Geroztikakoa
Geroztikakoa ez zekiat, egunkariena besterik, agure alu harengatik hasi huen dena. Bulebarreko ordulariaren inguruan geundean, asko ere ez, ordubete lehenagotik baitzuten hartua, furgoietarik irtenda, udaletxetik kaiaruntz inori uzten ez ziotela. Ume batzuk zeudean espaloiaren koskan jezarrita. Beti somatu uste duk baten bat, baina haiek seguru zirela, bikote bat, oinetako sportak, bizardunak, normalegiak, ezer galdetzen bazidaten ez jauna, nesken zai gaude, edo kuadrilakoen afaria eta esperoan. Bakeosoak geundean, ez huen oihurik inondik. Irrifarrez behatzen zigutean.
Neure ondoan zegoan, aldizkari bat irakurten, zer egiten ote zian han, beti suertatzen duk agure zororen bat. Tabernara hurbildu hituen hiru, lasai. Jendea gomentarioak egiten hasi huen. Aurki irten hituen, garagardo kaxa bat zeramatean biren artean, bolabotalea erakusten ziguan hirugarrenak. Guk ere farre egiten genian, beldur. Furgoian sartu ziaten kaxa. Farreak. Zabaltzerakoan trabatu egin zitzaien atea sobra ere. Ez zutela itxiko. Algarak. Orduan agure alu hari burutik egin zitzaioan. Biltzen dik aldizkaria galtzen sakelan eta baziak beraiengana zuzenean. Alamedako espaloian jezarritako umeak zutitu egin hituen. Agureak bizkarrean ukitu zioan bati, barka esanez bezala, eta eginahalean hasten dela atea ixtearren. Fistuak eta alferrak eta mozkorrak.
Orduantxe eman ziotean bola botatzeari, bazterrak bete soinu. Egia esan, agurerik izan ez balitz ere, berdin hasiko huen. Ke poteak. Sakabanatu egin gintuztean, barne aldera. Ez zigutean segitu, kale ertzetarik botzen zuten. Bi minututarako ez huen deusen hotsik somatzen. Tabernak ere zabalik zeudean, sartu egin gintuztean. Neska batzuk ere bahituen bertan.
Eskatu orduko sportezko oinetakodunak atean, pistola bana eskuan. Paretari beha eta eskuak gora jar erazi gintuztean denok. Katxeatu egin gintuztean mutilok, eta jiratzeko esan zigutean, ongi behatzeko gero erahil ahal izateko, halaxe esan zian batek. Karnetak eskatu zizkigutean, ipinteko denak mostradorearen gainean.
Nesketako bat ez huen mugitu. Ezpain ederrak zizkian. Eta hi, zer. Eta neska ez huen mugitu. Uztan karneta besteek bezala. Ez diat karnetik. Nola, nola, etxean ahantzi zain? Ez, erre egin diat. Mututurik gelditu hituen biak. Nola, nola, errepika ezan. Eta patxada batean esan zian, berriz esanen diat, makarra, nik banuen karneta, baina orain ez diat, erre egin diat. Harrituta zeudean, eta beldurtu ere egin hituen. Denak ostera paretari beha jartzeko agindu zigutean. Algaraka hasi hituen. Erre egin diat, makarra, eta farre egiten ziaten, makarra esaten ziotean elkarri, lehen banian eta orain ez diat, erre egin nian, neskaren aboza itxuratuz. Batek tabernaren izena galdetu zioan tabernariari, eta telefonoa eskatu zian. Kaleak ere zer izena zuen. Sei zifratako zenbakia markatu zian. Hemen Starsky eta Hutch esan zian, bidaltzeko segituan auto bat halako kalera halako tabernara, izenaren azken -tz ahoskatu gabe. Euskaldun zoro bat eraman behar dizuegu alaitzeko, esan zian, eta algara egin ziaten biek. Erre egin duela hi, zioten elkarri. Autoa heldu zelarik neskarekin irten hituen. Turismo bat huen, gorria. Mostradore gainean zeudean karnetak. Handik aurrerakoa, egunkariek ekarri dutena.