6. Amaiera?
Ez dago espazio gatazka gaberik
“Hiria testu bat bada, nola irakurri behar genuke?”, galdetzen du Joyce Carol Oates idazleak. Literaturak hiria testu modura ulertzeko aukera ematen digu, ibili ahala idazten eta irakurri ahala ibiltzen dugun espazioa da, aldiro berridatzi, irudikatu, eralda dezakeguna. Mendeetan zehar eraikitako iruditeria eta topikoak iritsi dira gaurko gure testuetara, eta hiria ulertzeko era batzuk eskaini dizkigute; baina ez dira bakarrak, ezta aldagaitzak ere. Mugimendu oro ez dago-eta aurrez idatzia.
Espazioari feminismotik begiratzeak erakusten digu hori. Ikusi dugu askotan perspektibaz aldatzea aski dela hiri berri baten parean gaudela ohartzeko, eguneroko ibilaldi arruntek marrazten dituztela ezezagun zitzaizkigun kartografiak edota gure gorputzetan arreta jartzeak espazio publikoaren definizioa bera jar dezakeela zalantzan. Flâneuse-ari jarraiki, bizitza den zera eder eta bortitz hori ageri zaigu hirian: antro ilunak eta paseorako parkeak; lagunekin leherrarazitako gauak eta beste norbait izatearekin amets egindakoak; autobus barruko izerdi usaina edo autoen kearena edo labadora jarri berriena; behatzea gozagarri zaizkigun gorputzak, ikusgarriegi izatearen beldur direnak, behingoz kalean bakarrik eta bakean egon nahi luketenak, eta gehiegi hitz egiten duten gorputz gorputz-gabeak; erasoak, manifak, lotsa, fantasia, dibertsioa, presa. Hori dena da hiria.
Espazioa politikoa eta ideologikoa da, esan zuen jada Lefebvrek. Ibilaldi labur honetan, ikusi dugu, hori ez ezik, gatazkaduna ere badela espazioa. Lagun izan ditugun flâneuse-ek euren larruan bizi dituzte espazioan, publikoan zein pribatuan, egikaritzen diren botere-harremanak. Izan norma soziala inposatzen delako, izan espazio publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa zalantzan jartzen dutelako, kalea okupatu eta gozamenerako eremu bilakatzen dutelako edota zaurgarritasunerako zein transformaziorako gune gisa baliatzen dutelako; emakumeak eta identitate disidenteak epaituak, zigortuak edo jazarriak dira hirian. Susmagarri izaten jarraitzen dute, arriskutsu.
Flâneuse-ak konfliktoan bizi du hiri-ibiltari izatea, baina horrek transgresiorako aukera irekitzen dio; izan ere, espazioa hartu, defendatu eta plazerez betetzerakoan sortzen dira, ikusi dugunez, ibilbiderik interesgarrienak. Badakigu guk ere, hiria ibiltzea gatazkatsua da, eta hartu-eman horretan aritzen gara, oraindik irudikatu gabeko bideak trazatzeko modu bakarra denez gero. Arriskua, desira eta laguntasuna bidelagun, gure narratibak idazteaz ari gara, ibili ahala arrastoa uzteaz. Azken finean, araua arrakalatzea hiri berriak sortzea baita, bizi nahi ditugun mundu berri horiei bide emateko.