Hiria gure oinetan
Hiria gure oinetan
2025, saiakera
96 orrialde
978-84-19570-46-8
editorea: Jule Goikoetxea
Irati Majuelo Itoiz
 
 

 

4. Aterpea.
Nire ahizparen etxean
babes hartuko dut

 

 

      Hiria, beraz, esparru arrotza izan daiteke emakumeentzat, askatasuna bilatzeko eremu edo arriskua bizitzeko espazio izan daitekeen era berean. Plazera eta zigorra, araua eta disrupzioa, bakardadea eta anonimotasunik eza. Ideia hain aurkakoak izanik, nola egiten dugu, orduan, hiria deskubritzeko, hirian bizitza bat eraikitzeko?

      Beste asko izan zitezkeen arren, hona estanpa bat: nerabe talde bat, auzoko plazan, banku baten inguruan pipak jaten. Ez bada gurasoekin, ez dira askotan atera beren identitatearen marka ezartzen duen auzunetik, bertan dituzte etxea, instia, lagunak, mundu oso bat kabitzen da kale gutxi batzuetan. Hala ere, sumatzen hasiak dira muga espazial hori heldurik gabe hausteak ekar dezakeen abentura: lehen parranda Alde Zaharrean, manifa baterako gerturatze saiakera, ezer ere ez erosteko merkatalgunera txangoa amaren begiradatik at, billabesa hartzearen aztoramendua eta billabesa galtzearena. Hizketan ari dira, altu. Hiriko beste puntan dagoen auzo horretako jaiak dira laster, batek musika eskolako lagun bat dauka han. Elkarrekin joango dira, nola bestela.

      Leslie Kernek azaltzen duen bezala, adiskidetasuna hiriaren ateak irekitzeko gakoa izan daiteke. Laguntasunak aukera eman dezake hirian aske sentitzeko edo hirian barneratzera ausartzeko, eta, era berean, espazio publikoan egindako ibilaldi horiek erabakigarriak izan daitezke lagunen arteko harremana sakontzeko. Izan ere, nerabezaroan, esaterako, izan daiteke arauak hausteko, mugak zalantzan jartzeko, eta finean, errebeldiarekin esperimentatzeko modu bat. Nerabezarotik aurrera ere, askatasun eremuak bilatzeko baliatzen da sarri hiri handia, itomena sortzen duten esparru itxiegiei ihes egiteko; eta horrek, askotan, esan nahi du familia-loturak haustea, etxe izandakoa atzean utzi eta beste bat eraikitzeko baldintzak sortzea, hau da, ezezagunerantz abiatzea. Egoera horietan, laguntasunak babesgune zein familia modura funtzionatzen du: lur ezegonkorretan ibiltzeko helduleku, arriskatzeko bermea dira lagunak.

      Horren adibide da aurreko kapituluan aipaturiko Ugerra eta kedarra eleberria, Kat eta Eberen laguntasuna izanik istorioaren zutabeetako bat. Desio duten bizitza eraiki dute elkarrekin, eta bizitza hori Bilboko kaleetan sostengatzen da, hain zuzen ere. Batak bestea zaintzeko zin isila eginda, hautatutako bizitza alternatiboan bidelagun bilakatzen dira, eta, hala, laguntasunean oinarritzen da haien esperientzia urbanoa: ahizpatasuna da Bilboren alde marjinala, akuilatzailea, gozagarria deskubritzera eramaten dituena.

      Katek gaztetxean ezagutzen du Ebe, ordura arte zapaldu gabeko espazio okupatura bera bakarrik joaten den lehen aldian. Hasiera batean lekuz kanpo senti zitekeen arren, Ebek egindako harrerari esker bueltatzen da lehen unetik txunditu duen gune horretara. Konfort eremutik atera da Kat, gustuko ez zuen lagun taldearen ohiturak alde batera utzi, familiak berarentzat aurrezarritako bidetik aldendu, eta giro underground-ean murgildu da. Eberekin batera ezagutzen du Bilbo zikina: gaua eta taberna-zuloak, droga eta gizonekiko engantxea, hiriaren bazterrak, bizirik sentiarazten dituen Bilbo uger hori. Honenbestez, ikusten dugu Eberekin duen harremanak espazio urbanoan zehar ziurtasunez ibiltzeko tresnak ematen dizkiola Kati: ausardia, izaera kontestatarioa eta autonomia; bere ibilkera urbano berriaren oinarriak. Finean, hiria bere egiteko oinarria da Ebe.

      Biek dakite hautatu duten bizitza ez dela errazena, marjinala dela, bazterrekoa eta deserosoa, normaz kanpokoa. Horrez gain, kontziente dira, maite duten Bilbo ilunean ere, gizonak direla arau, gaugiroa eremu maskulinizatua dela erabat. Parranda pizgarri duten arren, eremu gatazkatsua da gaueko espazio publikoa; hala, ez da kasualitatea etxetik atera aurretik “borrokarako prest” daudela azpimarratzea. Ez zaigu ezezaguna tabernaz taberna bizi beharko dutena: begiradak, sexualizazioa, espazioaren lehia, gutxiespena, epaiak. Periferiaren periferian, beraz, elkar hartzea ezinbesteko zaie, hiria deskubritzeko ez ezik, bertan bizirauteko. Gorabeherak gorabehera, bai Katek bai Ebek izan duten harreman luze eta egonkorrena da haien laguntasunarena, eta, ezinbestean, bizitzaren gordintasuna jasateko salbamendu-txalupa bilakatu dira bata bestearentzat: “Ebe, zu beti egongo zara nirekin, ezta?”.

      Bilbon bizitza ez-normatibo bat eraikitzeko hautuak askatasuna ematen die bi emakumeei: lanaren eta familiaren morrontzetatik at libre sentitzen dira. Normatibitatearekin hausteko, beraz, laguntasuna da gakoa eleberri honetan. Izan ere, familia hegemonikoaren ideiatik ihes egiteko bidea da, Katek behin baino gehiagotan adierazten duenez: “Ebe nire familia bakarra da”. Urteak daramatzate etxea partekatzen, sarri okupa, azkenekoa alokairuan. Teilatupe berean bizitzeak, espazio publikoa ez ezik, espazio pribatua konpartitzeko aukera ematen die, festaren estasian ez ezik, biharamun luzeetako intimitatean ere elkar zaintzekoa. Garrantzi handia ematen diote bientzako espazio bat topatu izanari, nolabaiteko egonkortasuna eta babesgunea emango dien etxe bat konpartitzeari. Erribera kaleko pisua, “handia eta zaharra, luzea eta hotza, igogailu bakoa eta iluna. Baina eurena da”.

      Eguneroko desfasatu eta bortitzaren parean, arruntasun zentzu bat ematen die etxeak, errenditzeko leku bat. Espazio pribatua, kasu honetan, ez da emakumeei ezarritako rola betetzeko eremua, espazio publikoak eragiten dien akidura goxatzeko lekua baizik. Bizitza umil baina egonkor samar baterako espazioa da, azken finean: “Etxe usaina da. Honelako gauza ñimiñoek bihurtzen dituzte zementua eta habeak etxe: kafe usaina; patioetatik sartzen den tortilla-zarata...”. Domestikotasuna laudatzen bada, ez-normatiboa delako da, hau da, bazterreko bizitzek existitzeko beharrezko minimoak eskaintzen dituelako, hain zuzen ere.

      Izan ere, laguntasunak eskaini badie ere Bilbo euren etxe bilakatzeko modua eta elkar zaintzeko familia ezohiko bat, ez du ezabatzen marjinetan bizitzearen gogortasuna. Bakardade handia sufritzen dute bi-biek, etorkizun ezaren etsipena, euren bizimodua orainetik harago irudikatzeko ezintasun gaitza. Beren gain daramate, halaber, heteroarauaren pisua: gizonekin dituzten harremanak mingarri zaizkiela jakin eta, hala ere, harreman horietan galtzea, momentu batean, euren laguntasuna bigarren mailan jartzeraino. Sorgin-gurpil batean bizi dira Kat eta Ebe, egunerokoaren hutsaltasunak tabernaz taberna alkohola, droga eta sexuaren menpeko bilakatzen ditu protagonistak, eta, era berean, hori da bizi duten errealitatetik ihes egiteko modu bakarra, ibili ahala harrapatzen dituen hiri horretatik urruntzeko bidea.

      Hala bada, adiskidetasunak ez ditu Bilboko ugerretik salbatzen. Subidoiaren ostean, etsipenera kondenatzen ditu hiriak. Beste bizitza hobe bat posible dela badakite, baina, eta bizitza hori elkarrekin irudikatzen dute:

 

      —Ba imajinetan dot hamen egon beharrien, Uholde tabernan, beste leku baten gaozela, oso urrun, zu eta bixok, bakarrik, mundua zornatzen doskun jentillajearengandik oso-oso urrun.

      —Non?

      —Hori bardin da, beste edonon, inportanteena da bestelako pertsonak garela, ez beste batzuk, baina bai bestelakuek, eta bestelako munduen gaozela, ze beste mundu batera joan barik seguru nago bestelako lekuek daozela mundu honetan bertan, kale, taberna eta hiri puto honetatik kanpo. Imajinetan dot zoriontsuek garela (2003: 153-154).

 

      Erin Wunkerrek Notes from a Feminist Killjoy (2016) lanean galdetzen zuen zer-nolako tankera leukakeen emakumeen arteko laguntasuna erdigunean duen bizimodu batek. Akaso, Kat eta Eberena modukoa litzateke, ez perfektua, baina bai mundu zitalari aurre egiteko ezinbestekoa.

 

 

LAGUNTASUNA, MUNDU-ERAGILE

 

      Ez da ariketa erraza Wunkerren galderari erantzutea. Laguntasuna, azken finean, zer da, ez bada maite dugun norbaiti denbora eskaintzea, behar duenerako heldulekuak ematea, elikatzea, zentzu guztietan; elkarrekin irakurtzea eta lo egitea, eztabaidatzea politikaz, maitasunaz, bizitzaz, aholkuak eta errezetak partekatzea, entzun nahi ez direnak esatea, eta entzutea. “Laguntasuna ideologia kapitalistari kontrajartzeko” bide gisa defendatzen du Wunkerrek, produkzio eta erreprodukzio logikei iskin egiten dien heinean. Alabaina, denok ditugu bihotzeko lagunak eta denok dakigu horiek mantentzea eta zaintzea zein zaila den, areago bikote eta familia heterosexualetan ardazten den abiada handiko gure gizarte mendebaldarrean. Wunkerren planteamenduari gehitu beharko genioke, beraz: posible ote da laguntasuna erdigunean jartzen duen bizimodurik heteroarauaren barnean?

      Korapilo horretan murgiltzen da besteak beste Neguko argiak eleberria. Irati Elorrietak 2018an argitaratutako liburuaren protagonista Añes da, atzerrian bizi den euskalduna. Parisetik Berlinera lekualdatu berri da eta eraldaketa pertsonal betean dago, iraganeko mamuak atzean uzten eta etorkizuna non eraiki nahi duen erabakitzen. Transformazio horretan, bidaide ditu hiriak eta lagunak.

      Añes Parisera joan zen ikastera, etxeko giro itogarritik ihesi. Han bikote-harreman bat abiatzen du Brunorekin, gutxiespenean eta tratu txarretan oinarritutako harreman bat. Biolentzia zirkulutik ezin atera dabilela, Marta ezagutzen du gau batean, eta zulotik ateratzen laguntzen dio. Elkarrekin bizitzera joateko gonbidapenarekin hasten da haien laguntasuna, eta Parisen egiten dituzten ibilaldi, irakurraldi eta zine-emanaldiekin sustraitzen da. Haurdun geratzean, Martak Berlinera bizitzera joatea erabakitzen du, bikotekidearekin; eta Añesek, Martari jarraitzea.

 

      Haustura. Hiri ezezagun batera heltzean, bizitza orduan hastera doala pentsa daiteke. Urrun geratu zaio Pariseko hasiera eta Añesek ez daki gogorik baduen dena berriro egiteko. Horretan pentsatu gabe etorri da. Zerbaitekin hautsi zuen Parisera joan zenean. Han ere zuenarekin hautsi zuen Marta ezagutu ostean. Orain Martarekin ez hausteko etorri da Berlinera. Daukan lotura bakarrarekin ez hausteko. Baina zalantza egiten du hori justifikazio nahikoa ote den, azken batean, oraingoan ere ez daki zeren atzetik dabilen. Soilik daki ezin zela Parisen gelditu (2018: 21).

 

      Joango zinateke beste hiri batera bizitzera lagun batengatik? Erabaki hori hartzera bultzatzen duten beste arrazoi zenbait dituen arren (jaioterrira itzultzeko zalantza eta Brunoren harremanak utzitako zauriak osatzeko beharra tarteko), hori da, finean, Añesek egin duena. Bizitza berri bat hastera doa Berlinen, hiria ezagutu gabe, lanik gabe, alboan beste inor ez duela, soilik Marta. Mugimendu ezohikoa da, laguntasuna bizitzaren ardatzean jartzeko apustu argi bat. Eleberri honetan, gainera, hortik abiatuta jaiotzen da, Berlin goitik behera ibiltzen duen hiri-paseatzaile interesgarri bat ez ezik, emakumeen arteko adiskidetasunari behatzeko bestelako dimentsio bat.

      Izan ere, Mendebaldeko tradizio kulturalean, emakumeen arteko laguntasunak leku gutxi izan du, eta irudikatu denetan begirada patriarkal batetik egin izan da. Klixe ezagunak dira emakumeen arteko adiskidetasun friboloak, azalekoak, txolinak. Edota, beste aldaera batean, etsaitasuna oinarri duten lagun-harremanak, elkarrekiko inbidian eta lehian eraikitzen direnak, ea zeinek gizonen arreta bereganatu. Ohikoak dira, halaber, emakumeen arteko laguntasunean gizonen begiradatik eraikitako fantasia sexualak ikusteko saiakerak. Ezin konta ahala adibide daude nerabeentzako eleberrietan edo igandeko bazkalosteko pelikuletan. Horiek dira oinordetzan jaso ditugun narratibak.

      Hori hala, errelato kultural hegemonikoek gutxietsi, ahuldu edo zuzenean baztertu egiten dute emakumeen arteko adiskidetasunaren konplexutasuna eta ahala. Eskasak dira topikoetatik kanpo irudikatzen diren lagun harremanak, eta, are gutxiago, erlazio horiek espazio publikoa hartzeko orduan duten garrantzia aitortzen dutenak. Kernek dioen gisara, harreman horiek eragin zuzena dute emakumeek hiriarekin duten inplikazioan, eta eskuarki erlazio sexu-afektibo heterosexualei arreta handiagoa jartzen bazaie ere, laguntasuna determinantea da espazioa ibiltzeko, okupatzeko, zeharkatzeko dugun moduan.

      Hori dela eta, kezkagarria da laguntasunari buruzko narratiba apurtzailerik apenas sortzea, hari buruz hitz egiteko terminologia espezifikorik ez aurkitzea. Sarriegi, maitasun erromantikoarekin alderatzen da eta haren hiztegia baliatzen da adiskideen inguruan hitz egiteko. Bestela, konpetizio modura aurkezten da, hizkera belikoa erabiliz jarrera jeloskor eta territorialak markatzeko. Badakigu, ordea, laguntasun harreman gehienak ez direla horrelakoak, eta, are gehiago, ikusmira patriarkal horretatik askatu nahi ditugula. Alde horretatik, badirudi hitzak falta zaizkigula emakumeen edota identitate disidenteen arteko harremanen konplexutasuna deskribatzeko eta bestelako testuinguruetan irudikatzeko.

      Akaso, adiskidetasuna izendatzeko ezintasunak ikusarazten digu diskurtso patriarkalean ez dagoela emakumeen arteko egiazko harremanetarako hizkuntzarik; akaso, horrela bizi gara, hizkuntzatik at (Wunker, 2016: 140). Hori dela eta, heteroaraua nolabait arrakalatzen duten laguntasunei buruz hitz egitea eta idaztea hizkuntza berri bat sortzea da, egitura patriarkalei jarraituko ez dien mundu bati espazio berri bat ematea, fikziozkoa bada ere. Badirudi euskal literaturako eleberri hauek (Ugerra eta kedarra, Jenisjoplin, Neguko argiak) ahalegin bat egiten dutela norabide horretan. Ildo berean, bereziki interesgarria da Miren Amurizaren Pleibak (2024), hain zuzen ere, lengoaia propioa sortu baitie bere nobelako bi protagonistei, adiskidetasunaren zimenduak hizkuntzatik bertatik eraikiz. Ahotsa ez ezik, mundua izendatzeko gaitasuna ere eman die Jone eta Pollyri. Emakumeen arteko laguntasunarentzat hizkerak, paisaiak, keinuak, mugimenduak imajinatzea, narratiba berriak, eta beraz, mundu berriak eratzea baita.

      Neguko argiak eleberrian, Añes eta Martarentzat, bien arteko harremanak forma ugari hartzen ditu. Batetik, Kat eta Eberekin gertatzen zen gisara, familia hautatua aurkitzen dute batak bestearengan. Izan ere, atzerriko bakardadearen eta joan-etorriko harremanen aurrean, Parisen elkarrekin bizitzeak oinarri sendoa eskaintzen die biei, hirian bizirauteko ezinbesteko zaiena. Hala, familia tradizionaletik edo bikote heterosexualetik kanpo eraikitzen dute euren atzerriko familia, emakumeen arteko adiskidetasunean zimendatua. Partekatzen duten Rue de Gobelinseko etxean, intimitate estu bat sortzen dute: elkarrekin egiten dute lo, elkarrekin sukaldatu, filmak ikusi, eztabaidatu, irakurri.

      Hala ere, etxeko eremu pribatutik harago, Martak aterpe bat eskaintzen dio Añesi. Etxe bat, eta handik irteteko aukera. Hau da, lagunak ahalegina egiten du Añesek hiria eremu bizigarri, desiragarri eta interesgarritzat har dezan, eta bide batez, bere baitan berriz ere ongi senti dadin; “trikua bezala bilduta bizitzetik, mugimendu-eremua zabaltzen” has dadin. Martaren eskutik ateratzen da Añes bere minak eta segurtasun-ezak gordetzen dituen etxetik, harekin zeharkatzen ditu bulebar zabalak, eta harekin deskubritzen du Parisen historia, paristarren istorioak, Agnès Vardaren pelikulak, arkitekturak ezkutatzen dituen esanahi-geruzak.

      Bi lagunak ez daude inolaz gizarte patriarkaletik salbu, ezta inertzia heteroarautuez libre ere. Hala, Berlinera aldatu eta bakoitzak etxe bat edukitzean, harreman estua mantendu arren, gorabeheratsuagoa da haien arteko laguntasuna, eta biko familiaren ideia desagertu egiten da. Orain, jada, ez da soilik Añes laguntza behar duena, Marta harreman itogarri batean sartuta baitago Martinekin. Hala ere, elkarri egiten diote konpainia, eta elkarrekin ateratzen dira kalera, parkeetan zehar ibiltzera, Alemaniako hiriburuaren historian arakatzera. Berriz ere, hiriak eskaintzen die espazioa hartzeko, arnasteko, egurasteko aukera. Eta, bide batez, beste lagun batzuk ezagutzeko abagunea.

      Horrela, laguntasunak espazio publikoaren eta pribatuaren arteko loturak eta hartu-emanak ikusarazten ditu: espazio pribatuan ezkutatu ohi diren gatazkak (bikote harreman biolentoak, bakardadea eta isolamendua, ziurgabetasunak dakarren zaurgarritasuna) espazio publikora ateratzen dira partekatuak izatean, beste gatazka batzuekin jartzen dira kontaktuan nolabait, hirian hartzen dute leku, eta hiriaren mugimenduak, erritmoak, iragankortasunak zeharkatzen ditu. Halaber, espazio publikoan ageriko diren gatazkak (eleberri honetan, esaterako, etxebizitzaren arazoa, pobrezia edota migrazioa) espazio pribatura ekartzen ditu laguntasunak, eta eztabaidatzeko, soluzioak bilatzeko edota zaintzeko gune bat eskaintzen du. Mundu biolentoaren kontra, adiskidetasuna karaoke saio zoro bat da etxeko sukaldean. Izan ere, Margarita Pisanok zioen modura, “laguntasuna, iruditzen zait, oin bat esparru pribatuan eta bihotzean izanik eraikitzen da, eta bestea, pentsatzearen zera publiko-politiko horretan... elkarrekin pentsatzearenean. Dimentsio horrek dituen balio eta ardura sozial eta humano ororekin” (Pisano in Gabiola, 2018: 6).

      Hala, ikusten dugu adiskidetasuna, intimitate konpartitua ez ezik, badela heldulekua, jakin-mina, abentura, ezezagunerako tranpolina. Mari Luz Estebanek Hizlandia podcastean dioen bezala, laguntasuna ekintzarako eremua da, eraldaketarako eta garapenerako akuilua, eta horrek bete-betean egiten du bat hiria askatasunerako eta desirarako espazio gisa pentsatzearekin. Are gehiago, emakumeen arteko laguntasuna hiria birdefinitzeko, berrirakurtzeko eta, finean, birmoldatzeko bidea dela ulertzearekin. Horri dagokionez, “mundu eragile” gisa uler ditzakegu harreman horiek:

 

      Kuir teorian, mundua egitearen ideiak eskatzen ditu praktika, performance eta harreman irudimentsuak, disruptiboak, utopikoak, baita huts egindakoak ere. Eskatzen ditu ez soilik normatibitate heterosexual eta homosexualaren, publiko eta pribatuaren, eta abarren egiturei desafio egiten dieten irudikapenak, baizik eta beste mundu batzuk kartografiatzen dituztenak, kuirrak, errebeldeak, bidezidor ezagunetatik harago daudenak. Mundua egiteak espazioa edo espazioak irudikatu eta sortzeko prozesura garamatza, gauzak beste era batera heda daitezen. Emakumeen arteko laguntasuna bizimodu gisa praktikan jartzea, niretzat, mundua egiteko ekintza da (Kern, 2021: 69).

 

      Mundu berriak kartografiatzeak aurrekoen mapak zartatzea dakar, ezinbestean, Ahmedek kultura patriarkalaren poz gisa izendatzen dituenak izorratzea. Horregatik, laguntasunaz, hiriez zein bizi nahi dugun mundu berriaz narratiba berriak sortzen ari dira, sortu behar ditugu. Zubia Landak “Flâneurraren hiria” zutabean azaldu bezala, “flâneur estiratuak” behatzen eta pentsatzen duen, eta ondorioz, konfiguratzen duen bulebar zabaleko hiri apain eta erregulatuetatik harago, oso bestelakoak dira postaletan kabitzen ez diren errealitate urbanoak. Begirada beste hiri horietan jarriko bagenu, ikus genezake laguntasunetik arrakalatzen dela sarri espazio publiko bortitz hori. Galdera berriek auzitan jartzen dute ohiko imajinarioen zentraltasuna. Hain zuzen ere, nolakoa da paseorako elkartu diren señoren hiria? Zein ibilbide trazatzen dituzte identitate kuir eta ez-bitarrek? Eskutik helduta doaz? Nola astintzen du ingurua festa ez-misto batek? Eta galdera guztien gibelean, garrantzitsuena: zer gertatzen da lagunekin hiria hartzen dugunean?