5. Bidegurutzea.
Beste norbait izateko aukera
Tekla izeneko neska trans bat metropolira joan da, Georgiako bere herri txikia atzean utzita. Diotenez, Istanbulera desagertzera joaten da jendea. Desagertzeak, kasu honetan, esan nahi du existitzea. Haren bila abiatu da Lia izeba, etxetik egotzi ostean damututa. Hiria handiegia da, baina, anonimotasuna bilatzen duen norbait aurkitzeko. Hiria, halaber, gurutzaketa posible ororen eremua da, Crossing (2024) filmak kontatzen digun eran. Bidegurutzeetan irautearen beharraz ari gara.
Ezagunegiak zaizkigu Teklaren antzerako istorioak. Desagertzeko edo agertzeko, pertsona kuir eta identitate disidenteentzat ihesbide izan da maiz hiri handia, jaioterriak eragin dezakeen itomen sozialetik alde egiteko[5]. Hiriak, halakotan, trazatutako bidetik harago, beste norbait izateko aukera ematen du. Bilakatu daitekeen espazio arautu eta zigortzaile horren gainetik gailentzen da bestelako bizitzak irudikatu eta praktikatzeko bulkada. Jendetzaren artean ezezagun izateak, anonimotasunak, nolabaiteko askatasuna eskaintzen du, familiaren espektatibetatik zein inguruaren kontroletik libre, norberaren izatea entseatu eta eraikitzeko. Areago, baita bidean lagundu dezaketen komunitateak topatzeko ere, prozesu horretan gune seguruak bermatuko dituzten kide eta familia hautatuak ezinbestekoak baitira, hain justu.
Anonimotasunaren edo ezezagun izateko nahiaren ideiari tiraka, flâneur-ak praktikatzen dituen hiri-ibilaldietara hurbiltzen gara berriz nolabait. Izan ere, aipatu dugunez, ingurukoen begiradapetik aske dagoen paseatzailea da, eta horrek bestetasuna arakatzeko aukera ematen dio. Hiriarekin bat, ibili ahala eraikitzen du bere izatea, eta honenbestez, erraz antzaldatzeko gaitasuna du. Jende masaren barnera murgiltzen denean, bera izan daiteke edo beste norbait, ibiliko ez lituzkeen kaleak hartu eta ohikoan egingo ez lituzkeen keinuak imitatzen ditu, jendetzaren aniztasuna hauteman ez ezik, islatu egiten baitu. Hau da, bestetasuna esploratzen du, transformatzeko gaitasun handia du, eta horrek hiriaren izate heterogeneo eta anbiguoa harrapatzen laguntzen dio. Baudelairek ez zuen alferrik kaleidoskopio batekin alderatu[6].
Hala ere, flâneur-a leku deserosoetan jar daitekeen arren, posizio hegemoniko batetik egiten du, normaren gorputzetik. Ez du transformaziorako premiarik, ez dio sortzen gatazkarik. Finean, bere antzaldaketek ez dute hausturarik sortzen ordena urbanoan, ez dute arretarik deitzen. Beste era batera esanda, ez du bere burua arriskuan jartzen, eta berak ere ez du arriskurik eragiten.
Beste leku batetik bizi dute hori kuir eta disidenteek. Metropoliko anonimotasunak askatasuna eman arren, inguruaren begirada dute halabeharrez gainean. Hau da, jaioterritik urrun ezezagun izanik ere, gorputz disidentea gorputz begiratua da, eta, ondorioz, epaitua, baztertua, zigortua. Izan ere, bigarren kapituluan azaltzen genuen gisa, normaren gorputza ez den orok deitzen du arreta espazio publikoan. Eta hala ere, disrupzio hori ospatu egiten dugu eta arrakalak sortzen disfrutatu. Izan ere, tentsio bikoitz horretan oinarritzen da transgresioa. Hiriak beste norbait izateko esparru bat irekitzen du, norbera beste era batera izatekoa, baina, horrek haustura eragiten duen heinean, konfliktoa sortzen du. Honenbestez, errealitate kuirrak gehiago hurbiltzen gaitu flâneuse-aren esperientziara flâneur-arenera baino.
Izan ere, flâneuse-en praktika ohikoa izan da itxuraz aldatzea, hala identitate eta izate desberdinak gorpuzteko, nola hirian ibiltzeko biziraupen-tresna modura. Catherine Nescik (2007) argitara ekartzen duenez, xix. mendean emakume artistek trabestitzeko hautua egiten zuten sarri, espazio publikoan jasaten zuten kontrol sozialari eta sexualizazioari ihes egiteko. Espazio publikoa jazarpenik gabe ibili nahi zuten, hiri modernoaren jaiotzan gertatzen ari ziren transformazioak euren begiez ezagutu. Ezagunak dira, alde horretatik, George Sand, Flora Tristan eta Delphine de Girardin idazleak. Janzkera eta ibilkera antzaldatuta, flâneur-ak espazio publikoan zuen zilegitasuna eta anonimotasuna bilatzen zuten, xede zehatzik gabe eroso mugitu ahal izatea. Gizonentzako galtzak eta kapela jartzen zituzten, eta hala, ikusezin bilakatzen ziren jendetzaren artean, hiriaren eta hiritarren behatzaile aktibo izateko.
Alabaina, Leslie Feinbergek (2021: 16) azaltzen duen gisa, trabestitzeak zein cross-dressinga praktikatzeak, janzkera eta itxura aldatzetik harago, norberaren identitatean arakatu eta bestetasuna esperimentatzeko atea irekitzen dute, eta era horretan, normatibitate bitarra auzitan jartzen da. Ildo horretan, idazle horiek hiria beste nolabait ezagutzeko modua izan zutela esan daiteke, beren gorputzei aurrez ezarritako genero arau eta espazioetatik at. Hau da, bestetasunetik. Ekintza transgresore modura ulertu behar dugu egiten zutena, hiriaren ordena espaziala zalantzan jartzen zutelako, batetik, eta gorputzen genero-bereizketa dikotomikoa hausten zutelako, bestetik.
Nescik trabestitze ekintza horiei izaera praktikoa esleitzen die oro har: helburua da hirian zehar objektibizatuak izan gabe ibiltzea edo ukatutako espazioetara joan ahal izatea. Hala ere, Feinbergen bidetik, galdegin behar genuke “genero zapalkuntzarik ez balitz, tartekako cross-dresser batzuk aske sentituko” ote liratekeen antzaldatzea noizbehinkakoa izan ordez egunerokoan hala bizitzeko. Alegia, pentsamendu bitarretik harago joateko ariketa egin behar genuke: hiria esploratzeko trabestitzea izan zitekeen modu bat emakumeek pairatzen zuten genero-zapalkuntzari iskin egiteko, baina izan zitekeen, halaber, gizon-emakume kategorietatik kanpo bizitzeko hautua ere.
Existitzeko espazio berriak bilatzea sarri errealitate kuirrekin lotu bada ere, hirira migratzea edo eremu urbano handietara lekualdatzea transformazio indibidualerako bide izan da betidanik. Horren adibide dira xix. mendeko landa-exodoa azaltzen duten nobelak (Honoré de Balzac-en Illusions perdues kanonikoa esaterako) edota globalizazioaren testuinguruan argitaratutako zenbait euskal eleberri, Europako hiriburuak dituztenak kokaleku nagusitzat: Ezinezko maletak (Olasagarre, 2004), Bat, bi Manchester (Jimenez, 2006), Bi hitz (Goia, 2008). Azken horietan, pertsonaietako batzuk kuirrak dira eta besteak ez, baina garapen pertsonalerako nahiak pisu esanguratsua du hiri handi batean bizitza berri bat abiatzeko egin duten hautuan, aipagai dugun eleberrian gertatzen den bezala.
Neguko argiak eleberriko Añes ez da hirira askatasun bila doan pertsonaia kuirra; ez du bere identitatea edo sexualitatea normatik kanpo bizi, ez du cross-dressinga praktikara eramaten. Hala ere, ikus dezakegu harengan hitz egindakoaren zantzurik. Gehiegi estutzen zuen inguru bati iskin eginez, bere buruarekin gustura egoteko jaioterria atzean utzi behar izan duen emakumea da. Uribe Kostan ditu sustraiak, eta nerabezaroko bizipen eta harremanei lotuta sentitzen du espazio hori. Jaioterria familiako arauen, gaztetako txutxu-mutxuen, ohitura eta bizimodu zurrunegien gainean eraikita dago. “Kartzela” baten parekoa da Añesentzat. Hau da, etxea ez da “etxe”. Hortik ihesi joaten da Parisera, eta Euskal Herrira itzultzeari itzuri eginez bilatzen du bere lekua Berlinen. Metropoliak, etxe bat ez ezik, beste norbait izateko atea zabaltzen dio, berarengandik oso bestelakoak diren bizitzak ezagutu, eta, zenbaitetan, baita euren larruan jartzeko posibilitatea eskaini ere.
Izan ere, Berlin hiri handi bat izatean norbanako eta identitate desberdin asko gurutzatzen dira. Eleberriak agerian jartzen du norbanako bakoitzak hiria ikusi eta bizitzeko duen era, eta alde horretatik zer-nolako eragina duen bakoitzaren jatorriak, generoak, bizimoldeak, egoera sozioekonomikoak edo izaerak halako hiri batean bizi berri bati ekiterakoan. Hori dela eta, bere perspektibatik harago, Añesek Berlin beste begi batzuetatik ezagutzeko tentazioa izaten du, hiriari beste kokapen batetik behatzekoa, bestearen lekuan jartzekoa. Adibidez, alokairuzko etxean bere aurretik egondakoen bizitzak asmatzen ditu eta bizia ematen die, egongelan berarekin daudela irudikatzeraino.
Alabaina, pentsamenduaz harago, praktikan ere jartzen du Añesek antzaldatzea. Esaterako, bere lagun Xuanen presentziaren jabe egiten da, metrorako txartela uzten dionean. Haren identitatean barneratuta, Xuanen begietatik egiten die so metroan gurutzatzen diren bizitzei:
Hilabeterako bere metro txartela utzi dio Xuanek Añesi. Geltokiz geltoki hiria lotzen duten izenen multzoan galdu eta Xuan izan nahi du Añesek bidaia honetan. Ez Xuan vietnamdarra, ez Xuan algoritmo-zalea, ez eta Xuan probokatzailea ere. Hiriko paisaian inskribatzen den Xuan izan nahi du Añesek. Hartu duen lekuaren jabe izan (2018: 210).
Pasarte horretan hiri handietan gertatzen diren gurutzaketa aurreikusezinak azaleratzen dira, ustekabekoak bezain iragankorrak direnak. Metro-geltoki bakoitzean igo eta jaisten den jendea, elkarrekin topo egiten duten begiradak, leihateetako isla efimeroak; bizi ez dituzun bizitza posible guztiak sar daitezke bagoi bakarrean. Hiriaren berezko mugimendu etengabea norberaren identitatearekin esperimentatzeko tresna gisa proposatzen da: eserleku bat hartzen du Añesek metroan, Xuanek hartuko lukeen gisan, eta bera izaten hasten da. Lineaz aldatzean, halaber, neska batek hartzen du berak Xuan izan aurretik zuen lekua. Hala, aditzera ematen da bestearen espazioa hartzeak bestearen azalean sartzea esan nahi duela. Añesek Xuanena eta pareko neskak Añesena. Beraz, hirian mugimendua, abiadura eta jendetzaren lekualdaketa atergabea denez, identitateak lekualdatzeko bidea ere ematen du, edota behintzat, antzaldatzearekin jolastekoa.
Nolabait esatearren, beste norbaiten pausoen bidez hiria ezagutzea zer-nolakoa litzatekeen irudikatzen da Neguko argiak nobelan, eta horrek Añesi ahalbidetzen dio eraldaketa pertsonal betean dagoen une batean beste identitate batzuk, beste garai batzuk, beste Berlin batzuk esploratzea. Esanguratsua da, alde horretatik, une batean Jean-Luc Godarden Vivre sa vie (1962) filmeko protagonistaren larruan jartzen dela:
Kanalaren bazterretik doa Añes etxerantz. Ozta-ozta belarriak estaltzen dizkion orrazkera motzarekin eta Clairerena izandako berokiarekin doa. Eta Añes izateari utzi dio. Añes Nana da. Nana, zinema batetik irteten. Marienbad zinematik. Gizon ezezagun batek ordaindu dio sarrera. L’Année dernière à Marienbad ikusi du. Ez, Jules et Jim. Edota bere buruari buruzko filma bera, Vivre sa vie (2018: 193).
Pelikulan, Nana sexu-lanean aritzen da, eta, beraz, bere larruan jartzeak hiriaren pertzepzioa aldatzen dio Añesi. Ordura arte sumatu ez duen begirada patriarkala nabari du bere gorputzean: emakume bat da espazio publikoan.
Aipatu dugu aurretik ere, espazio publikoa xede zehatzik gabe okupatzeak mesfidantzarako objektu bilakatu dituela emakumeak, eta, ondorioz, ezarritako ordenarentzat arriskutsu. Errealitate horrek talka egiten du, ordea, Añesen esperientziarekin. Berlineko parke eta kanaletan zehar alderrai ibili ohi da, kalera jotzen du pentsamenduak argitu nahi dituenean, auzoan zehar paseatzen da bakarrik edo Martarekin, ibiltzea beste helbururik ez duela. Hiriak askatasuna ematen dio, erabakitzeko eta mugitzeko askatasuna, jaioterrira lotzen zuten sustraiak laxatuta, nahi duen Añes izatekoa. Izan ere, jada ez du bizimodu normatibo bat jarraitu beharraren itolarria sentitzen, ez du lan finko edota bikote harreman baten premiarik atzerrian bizi nahi duela justifikatzeko. Hots, ez dio inori azalpenik eman beharrik.
Baina hala ere, Nanaren gorputzean sartzean mamu bat jaiotzen da Añesengan, eta emakume izateagatik hirian aurki ditzakeen zailtasunak eta baldintzapenak etortzen zaizkio gogora. Hiriak denbora- eta errealitate-geruza ugari biltzen ditu, eta beraz, bidegurutzeetan kokatzeak soilik uzten digu guk zuzenean bizi ez ditugun horiek hautematen. Hori dela eta, ez da inozentea beste norbaiten azalean jartzeko ariketa, Añesek ezagun baitu beste egoera batean bera Nana izan zitekeela, edo etxea jasanezina zaion bizilagun alkoholikoa, edo etxegabetu berri duten auzokidea. Bere minen sustraia jaioterrian duen arren, hiria ere gatazka eremua dela ohartzen da Añes, eta tentsio horretatik baino ezin dela hauteman esperientzia urbanoa.
[5] Hala ere, kontua ez da hiria vs. herria kontrajartzea, joera horrek ez baitu ukatzen herri txikiak identitate disidenteentzat babes eremu eta komunitatean bizitzeko alternatiba izan daitezkeela, Itxi Guerra aktibista kuirrak defendatzen duen gisa. Azken urteotan, gainera, narratiba berriak sortzen ari dira landa eremuko errealitateak ikusarazteko, hala nola Dom Campistron ilustratzaile eta idazlearen Bekatorosak (2021) lana.
[6] “Aldera genezake jendetza hori bezain neurrigabea den ispilu batekin; kontzientziaz hornitutako kaleidoskopio batekin, bere mugimenduetako bakoitzean bizitzaren elementu guztien askotariko bizitza eta grazia urduria ordezkatzen duena. Ez-Niaz ase ezinezko Nia da, uneoro garraiatzen du eta adierazten du bizitza baino biziagoak diren irudietan, beti ezegonkor eta iheskor”. (Baudelaire, 2005: 29-30)