1. Etxea.
Bide oro abiatzen da etxetik
Espazio pribatua definitzeko espaziorik zehaztu bada, hori etxea izan da. Etxea da publikotasunetik babesteko, intimitaterako, deskantsurako eremua. Espazio itxia, kanpokoen begiradatik gordetzen gaituena. Etxea da familiaren, harreman afektiboen, zaintzaren eremua; bertan jartzen ditugu garbigailuak eta bertan pilatzen zaigu zaborra azpiko ontzia likatu arte. Egunerokotasuna gauzatzen den norberaren esparru hori da, kontu arrunt, txikien lekua. Horrez gain, edo horregatik, etxea da normatibitate patriarkalaren espazio behinena. Hau da, Bilgune Feministak 2021ean gogorarazten zigun bezala, indarkeriarako espazioa ere bada.
Bide oro abiatzen da etxetik, gertuko erosotasun eta minetatik. Gurea ere, hemen hasiko da. Horregatik, espazioari begirada feminista batetik behatzean antzematen den funtsezko gatazka izango da gure lehenengo abiapuntua: zergatik bereizten dugu espazioa bitan? Zer da espazio pribatua eta zer publikoa? Etxea eta kalea?
Errepaso historiko labur bat egingo bagenu, ikusiko genuke lanaren banaketa sexualak definitu duela espazioa era dikotomikoan. Industrializazioaren garaian garatu zen lanaren antolamenduak eremu maskulino eta femeninoak zedarritu zituen, eta horien bidez, espazio publikoa balio maskulinoekin eta lan produktiboarekin erlazionatu zen, eta espazio pribatua, aldiz, jarduera erreproduktiboekin eta balio femeninoekin. Hala, gizon eta emakume kategorien eraikuntza kulturala indartu duten balio eta ideiak proiektatu ziren prozesu horretan, eta bi espazio antagoniko eta independente zehaztu. Gaur egunera arte iraun duen modernitatearen pentsamendu bitarrean, ez zaizkigu arrotzak egiten halako dualtasunak: Emakumea/Gizona, Femeninoa/Maskulinoa, Pribatua/Publikoa, Natura/Kultura, Pertsonala/Politikoa, Emozioa/Arrazoia.
Ondorioz, ikusten dugu espazio publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketak genero estereotipoak sustatu dituela, eta alderantzira, estereotipo hauek legitimatu dutela bereizketa espaziala. Elkar elikatu duten bi prozesu paralelo izan dira, beraz. Literaturak ere, espazioaren banaketari dagozkion diskurtso estereotipatuak indartu ditu Mendebaldeko pentsamenduan. Hala ere, horiek zalantzan jartzeko aukera sortzen du, ikusiko dugunez.
Nahiz eta zaila den espazio publiko eta pribatuaren bereizketaren jatorria xehetasunez zehaztea, sistema kapitalistarako trantsizioan koka genezake. Industria Iraultzan zehar Mendebaldeko herrialdeetan jauzi handia eman zen etxeko ekoizpenetik merkatu-ekoizpenera, eta horrek ondorio zuzenak eragin zituen espazioaren eta denboraren antolamenduan, aurretik muga lausoak zituzten bi eremu bereiztea ekarri baitzuen: etxea eta lanlekua. Hala, lanaren banaketa sexualerako oinarri sendoagoak ezarri ziren. Izan ere, etxeko lanen eta manufaktura-lanen eremuak banatzean, are gehiago bereizi ziren lan produktiboari eta erreproduktiboari zegozkien esferak.
Bide horretan, soldatak markatzen du zer den produkzioa eta zer ez, zein espaziok duen lanerako balioa eta zeinek ez. Hori dela eta, pentsamendu feministatik salatzen denez, lansaria ezartzearekin batera, erreprodukzio lanek balioa galdu zuten, baita hein handi batean “lan” izaera ere, soldatarik gabeko jardunak baitziren (Federici, 2010: 112). Esan bezala, beste behin ere, bereizketa ulerkera dikotomikoan gertatzen da: gizonak lan produktiboez arduratzen dira —eremu publikoan egiten direnak, soldata bat dutenak eta balioa handitu dutenak—, eta emakumeak, aldiz, lan erreproduktiboez —eremu pribatuan egiten direnak, ordaindu gabeak, garrantzia kendu zaienak—. Ildo berean, lan erreproduktiboak etxera zokoratzean, berdin ezabatzen dira espazio publiko sortu berritik emakumeak zein produktibotzat jotzen ez ziren gainerako gorputzak ere: haurrak, adinekoak eta pertsona zaurgarriak.
Hortaz, industriaren eta kapitalismoaren oinarriak sendotzean, espazio pribatu eta publikoaren arteko bereizketa-prozesu luze, sakon eta konplexua gauzatzen hasi zen. Industrializazio eta urbanizazio masiboak, transformazio demografikoek, zerbitzuen sorrerak eta masa-kontsumoak zein etxearen egituraketa berriak bide eman zieten modernizazioan zehar ideologia kategoria hartuko zuten ohitura eta arau domestiko berriei (Carrasco, Borderías eta Torns, 2011: 19). Eraldaketa horiek, gizarte industrialerako trantsizioan lehenik, masa-gizartearen eta ongizate estatuaren osaketan gero, berebiziko eragina izan dute familiaren, lanaren eta etxearen ulerkera modernoan, eta bidenabar, espazio publikoaren zein pribatuaren konfigurazioan. Areago, gaur egungo espazioaren antolamenduaren eta erabilera patroien oinarria dira.
Alabaina, espazioaren banaketa zein haren erabilera eskema bitar horren arabera soilik ulertu eta interpretatzea akatsa litzateke, ez baitute bere horretan errealitatea azaltzen, ezta islatzen ere. Modernitatearekin batera sustraitu eta, egun, sistema kapitalistak sustatu eta egituratzen duen pentsamoldea da eredu bitarra, diskurtso patriarkalak eta esentzialistak sostengatzen ditu perspektiba objektibo eta neutroaren argudiopean, eta ondorioz, erabat baztertzailea da. Kokapen feminista eta eraldatzaile batetik zalantzan jarri beharrekoa, hain justu.
Hasteko, ezin baita esan emakumeek espazio publikoan zein lan produktiboan parte hartzen ez zutenik, espazioaren birkonfigurazio aldian ere ez. Eulalia Abaitua (1853-1943) argazkilari bilbotarraren artxibo grafikoak ematen digu horren berri: emakumeak ikus ditzakegu iturrira ur bila joaten, merkatuan sardina-saltzaile, garbitzaile Nerbioi ertzean. Eguneroko beharrizanak direla eta, kalera, plazara jo dute emakume langileek garairik garai, nahiz eta berrikuntza teknologikoak agertu ahala, lan horiek etxe barrura mugatzen joan diren poliki-poliki (Col·lectiu Punt 6, 2019: 76).
Bestetik, merkatu-ekonomiari so eginez gero, eremu pribatuko lanez gain emakumeek etxetik kanpo lan ugari egin dute, euren eskulana funtsezkoa izanik, bai industrializazio-prozesuan, bai kapitalismoa egonkortzeko orduan: nola fabrikako langile gisa, hala jauntxoen etxeetako neskame modura. Horrez gain, etxetik kanpo jardutea ezinezko zitzaienean ere, manufaktura edo artisautzarekin jarraitu zuten (joskintzan, adib.), beste zenbaitek baita nekazaritzan, komertzio txikietan edo prostituzioan ere, merkatu informalean pisuzko lekua izanik. Lan-eremutik kanpo, gainera, jakina da emakumeek parte hartze aktiboa izan zutela iraultza sozialetan, borroka politikoetan, saretze komunitarioetan. Hala ere, lan ikusezinak eta historia ahaztuak tarteko, ideia hori betikotu da: espazio publikoa ez dela emakumeentzat.
Hala dio esaera zaharrak, ez omen dagoela ikusi nahi ez duena baino itsu okerragorik, eta alde horretatik, emakumeak espazio publikotik at egon direla adieraztea murriztailea da oso, esperientzia urbanoaren mitifikazio burges eta eurozentrikoa berresten baitu. Hau da, ideia horrek pentsamendu bitarrean oinarritutako eskema indartzen du eta errealitate xehetik aldendu. Edonola ere, egon bazeuden arren, emakumeen presentzia susmagarri izan da espazio publikoan, izan burgesiaren idealen neurrira, izan langile klaseko gizonen begietara, gatazkatsua izan da beti. Lehenentzat, zalantzan jartzen zuelako eraikitzen ari ziren domestizitatearen arketipo femeninoa; bigarrenentzat, arriskuan ikusten zutelako euren enplegua eta etxeko botere-gune propioa (Segura, 2006: 30). Aldi berean zaurgarri eta arriskutsu, emakumeen gorputzak lekuz kanpo jotzen dira espazio publikoa hartzen dutenean.
Hala ere, liburu honetan ez gara hiri modernoaren sorrerez ariko, gure garaiaz baino. Izan ere, ez dugu xix. mendera jo beharrik espazio publiko baztertzaileaz hitz egiteko. Transformazio sakonak jasan dituzte hiriek azken bi mendeotan, eta eurekin batera baita hiritarren bizitzek, genero arauek eta espazioa erabiltzeko moduek ere. Esaterako, xx. mendean aurrera egin ahala emakumeak lan munduan gutxinaka txertatzeak, nukleo familiarrak txikiago bilakatzeak edota aldirien zein almazen handien sorrerak emakumeen ibilerak baldintzatu dituzte erabat Mendebaldeko gizarteetan.
Ikusten dugunez, publiko-pribatu dikotomia eszenatoki berrietara birmoldatu da eta xix. mendean finkaturiko oinarriak nolakotasun garaikidera egokitu dira. Espazioaren erabilera arautzearekin erraz lotzen dira, esaterako, egungo bortxaketaren kultura edota beldurra hedatzea helburu duten diskurtsoak: ez ibili gauez, ez edan gehiegi, ez joan bakarrik. Kalea leku ezezagun eta arriskutsua omen da gizona ez bazara. Ikusten dugu, halaber, nola jazarri eta erasotzen diren espazio publikoan emakumeak zein identitate disidenteak, baita kalea era kolektiboan hartzen denean ere.
Gogora ekar dezakegu, esaterako, Farrukas kolektiboak sanferminetan gertatzen diren sexu-erasoen kontra festen bezperan antolatzen zuen manifestazioak 2016an utzi zigun anekdota. “Beldurra aldez aldatuko da” zen urte hartako leloa. Manifestazioaren amaieran, Nabarreria plaza beltzez jantzitako manifestariz goraino zegoela, performance bat egin zuten hainbat kidek. Biluztu egin ziren eta gorputza margoz zikindu, festa giroan bizi ditugun biolentziak salatzeko. Jendaurrean biluzik zeudela, eta testuinguruari erabat ezaxola, gizon bat txistuka hasi zitzaien plazako taberna batetik. Isiltasunak hartu zuen feministaz betetako plaza, manifestazioaren leloa kolokan jartzeraino. Segundo gutxi batzuk baino ez zuen iraun, eta manifestarien erantzunak oihuz hautsi zuen gizon haren botere erakustaldi saiakera. Beste adibide bat baino ez, geure buruei oroitarazteko espazio publikoan egote hutsa ekintza politikoa dela.
Espazio publikoa okupatzea biolentoa da oraindik ere, bereziki, sistema heteropatriarkaletik at kokatzen diren identitate, sexualitate eta bizipenentzat. Jazarpenak, epaiak eta arauak jarraitzen du erregulatzen xxi. mendeko espazio publikoa, eta gatazkatsua da kalea bakardadean eta anonimotasunez ibiltzea, esaterako. Hirien konfigurazioari behatuz gero, publiko-pribatu bereizketaren ondorioak molde ugaritan bizi ditugula ohartzen gara: zaintza-lanak zaildu eta ikusezin bilakatzen dituzten espazio urbanoak nagusitu dira; mugikortasun-ereduek ibilgailu pribatua lehenesten dute eta ibilbideak jarduera produktiboak gauzatzera bideratuta daude; produktibitate kapitalistaren erritmoarekin bat egiten ez duten pertsonak baztertzen dituzten hiri-antolamenduetan bizi gara; era komunitarioan bizi nahi duten pertsonak gutxietsi eta kriminalizatzen dira; eta abar.
Esperientzia horiek erakusten dute espazio publikoaren eta pribatuaren artean bereizketa zurruna baino, beste zerbait gailentzen dela: bi eremuen artean bizitzak berak, bizitza zaindu, sostengatu eta garatzeak dakartzan loturak eta tentsioak. Ez al genuke, bada, bereizketaz ez, baizik eta publikoaren eta pribatuaren arteko interdependentziaz hitz egin behar? Bi eremuetan ezinbestean ezartzen diren harremanez ohartzeko liburu interesgarria da Zergatik panpox eleberria, Arantxa Urretabizkaiak 1979an argitaratua.
Senarrarengandik banandutako emakume baten egun bat kontatzen zaigu, goizean esnatzen denetik gauean oheratzen den arte. Ariketa egin beharko bagenu irudikatzeko nolakoa den emakume langile baten egunerokoa, halako pentsamenduek hartuko ligukete gogoa: “kajoitik dirua hartu behar dut konprak egiteko”, “agian ez dut nahiko denbora pasatzen haurrarekin”, “porruak eta galtzetinak, gailetak eta botak zapatariarengandik”, “noraino galdu dudan neure buruaz arduratzeko ohitura”. Hori da, hain zuzen ere, Urretabizkaiak proposatzen diguna, izenik gabeko protagonista horren, emakume-ama-abandonatu-langile-nekatuaren pentsamenduan murgiltzea, ikustea nola uztartzen diren, etengabe, gogoetak eta eguneroko zereginak, ama ideala ez izatearen itolarria eta autoaren azeleragailua.
Protagonistaren barne bakarrizketaren bidez, ekintzen eta pentsamenduaren arteko lotura estuak ikusarazteaz gain, espazio publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa jartzen da zalantzan eta bien arteko elkar eragina nabarmendu. Izan ere, egun bakar baten kontakizunaren atzean, era argian igar daiteke zaintza-lanen zama erreala eta horiek gauzatzeko ezintasuna, etxe barnean eta kanpoan lan egiteak protagonistari sortzen dion antsietatea edota hiriaren antolamenduak bere bizimoduan duen eragina.
1970eko Euskal Herrian kokatzen da nobela eta garaiko kezka feministek zeharkatzen dute: lana eta zaintza ezin uztartzea, banaketak eta abandonuak, ama bakarren erru-sentimendua. Tamalez, gatazka horiek ez dira batere urrun geratzen 2023ko Greba Feminista Orokorraren aldarrikapenetatik ere. Kontzientzia feminista sakon batek zeharkatzen duen eleberria da, idazleak berak aitortu duenez, bere ingurura behatzean pizten zitzaizkion galderetatik sortu baitzen istorioaren ideia: “Niri gainera gaiak bizitzatik ateratzen zaizkit. Nik Franco hil zenean igarri nuen lehenengo aldaketa zera izan zen; nire inguruko bikote guztiak desegiten hasi zirela. Gizonek alde egiten zutelako banatzen ziren denak” (Irastortza, 2004).
Hori da, hain justu, eleberriko protagonistari gertatu zaiona. Senarra etxetik joan ostean, semearen ardura osoa bere gain hartu behar du. Horri gehitzen zaizkio soldatapeko lana eta etxeko garbiketa, erosketa, antolaketa eta abarrak. Eta, noski, abandonuaren mina. Egoera horretan, galde genezake: bereiz daiteke espazio publikoa espazio pribatutik emakume langile eta ama bakar baten bizitzan?
Urretabizkaiaren pertsonaiak ematen digu erantzuna. Bi esparruen arteko interferentziak igar daitezke, esaterako, etxean dagoela, semearekin hitz egiteaz gain, egunean zehar egin beharreko mandatu guztiak zerrendatzen dituenean:
[...] ez diot labadorari suabizanterik bota, bueno, bigunduko zaizkizula gero galtzak, seguro, tira, goazen, deitu zuk aszensoreari, neguan ez zinen oraindik botoira ailegatzen, ez eta boten puntan zutituta ere. Gaur ere kolatu egin beharko dugu semaforoan, ikastolara berandu joan nahi ez badugu, bai panpox, zuri gustatzen zaizu, baina neri ez, ai, eutsi aszensoarearen ateari, ez dut dirua eta konprarako poltsa hartu [...] (1979: 13).
Etxean pilatutako lanek etxetik kanpoko zereginak oztopatzen dizkiote, eta alderantzira, berdin. Esparru publikoan egin beharreko enkarguek, lanean pasatzen dituen orduek eta semearen bila hara eta hona ibili beharrak ez diote uzten etxea nahiko lukeen moduan izaten, ezta umearekin egoteko denbora gehiago edukitzen ere. Publikoa eta pribatua gainjarri egiten zaizkio, ezinezko zaio bata eta bestea bereiztea. Azken finean, eguneroko bizimoduak agerian jartzen du espazio publikoa eta pribatua elkarren menpeko direla, ezin direla era zurrunean bereizi. Interdependentziak, bada, ez du esan nahi oreka eta harmonia, baizik eta ekidin ezinezko hartu-emanak eta tentsioa, elkarren arteko mugak lausoak direlako oso.
Ildo horretan, Bartzelonako Punt 6 kolektiboko urbanista eta geografo feministek pertsonen egunerokotasuneko mugimenduak aztertzearen beharraz ohartarazten dute Urbanismo feminista (2019) liburuan. Ibilbide arruntetan ikusten da ondoen esparru pribatuaren eta publikoaren artean dauden loturak sendoak direla, eguneroko jarduerek jarraikortasun bat marrazten baitute batetik bestera lekualdatu arren. Hala, espazioen arteko konexioetan, publiko-pribatu bereizketa desegiteko zantzuak azaleratzen dira, lan-banaketaren genero-desorekak eta hiriak eguneroko beharrizanei aurre egiteko dituen gabeziak ikusarazteaz gain.
Urretabizkaiak aurkezten digun ama langileak ere eguneroko mugimenduetan jartzen du kolokan publiko-pribatu dikotomia, etxetik eskolara, eskolatik lantokira, erosketetara eta beste zereginetara eta bueltan eskolara eta etxera egiten dituen joan-etorrietan. Inés Sánchez de Madariagak “zaintza-lanen mugikortasuna” deitzen duena gorpuzten du. Hau da, etxeko eginbeharrak bete eta semearen kargu egiteko ibiltzen da hirian zehar eta ez plazera, dibertimendua edo jakin-mina helburu dituelako.
Ageriko egiten da, beraz, Carme Miralles-Guasch-ek (2010) azpimarratzen duena: emakumeen desplazamenduak aztertzeak gizarte patriarkalean betetzen duten rolarekin lotutako mugikortasun modeloak erakusten dituela, alegia. Generoa eraikuntza sozial eta kulturala den heinean, aintzat hartu behar da hirian egoterako eta mugitzeko orduan eragin zuzena dutela generoaren arabera egokitutako eginkizunek, identitateek, jokamoldeek eta ardurek. Hala, hirian zehar egindako mugimenduak ez dira berdinak emakume, gizon, pertsona trans edota identitate ez-normatiboentzat.
Kasu honetan, hiri-ibilbideek ama heterosexual dibortziatu baten eguneroko bizitza erakusten dute. Lan erreproduktiboen eta produktiboen arteko oreka mantendu nahiak eragiten du egunerokoa batetik besterako mugimendu itogarria izatea, eta ondorioz, deskantsurako apenas tarterik duen emakume bat ikus dezakegu. Behin eta berriz errepikatzen dira presa eta estutasuna adierazten duten pentsamenduak: “ez dugula mantekilarekin aritzeko denborarik”, “ez dakit nola moldatzen naizen”, “tira, panpox, muxu, berandu egingo zaigu bioi”, “itoko naiz”.
Marina Sagastizabalek (2020) argitzen duen gisan, emakumeek bizitzaren eta kapitalaren arteko talka egunerokotasunean eta euren gorputzetan bizi dute. Bi logika bateraezin dira, eta hala ere, nola hala bateratu behar dituzte, biei eutsi, bizitzak aurrera jarrai dezan. Alde horretatik, aldiberekotasuna da nobelako protagonistaren ezaugarri esanguratsuenetako bat, bi lekutan aldi berean egoteko gaitasuna baitu. Nola? Fisikoki pelukerian dagoen bitartean eskolaraino dituen semaforoetan pentsatzen ari delako. Ez da superbotere bat, ez, tamalez emakume ugarik etengabe praktikatzen duten ariketa mental nekagarria baizik. Hau da, protagonista beti dago nora joan behar duen aurreikusten, hurrengo pausoa antolatzen, denboraz larri beti, eta, beraz, espazioak elkarren artean gainjartzen zaizkio maila fisikoan zein mentalean:
Bostak hogei gutxi. Debería darse mechas, a su pelo le irían muy bien y le dulcificarían los rasgos. Hemendik ikastolara, bat, bi, hiru, bost, sei, ez, zazpi semaforo, abenidatik buelta emanez gero bi gutxiago, baina trafiko gehiago agian. Zaloaren ama beti berandu etortzen da, baina zu ez. Bostak laurden gutxi. Si le doy un golpe de tenacilla le quedará mucho mejor, más natural. Zazpi semaforoak gorriz egonda ere, zazpi minutu, eta beste hainbeste bidean, hamalau minuto guztira, bainan jendea berriketan geldituko da ere ikastolako atearen aurrean (1979: 29).
Gizarte patriarkalean duen zaintzaile paperaren erakusgarri, espazio pribatuaren eta publikoaren arteko mugak ikusezin bilakatzen zaizkio eleberriko amari. Areago, esan genezake esparru publikoak bere funtzioa galtzen duela hein handi batean. Izan ere, emakume ugariri gertatzen zaion bezala, etxetik kanpo dagoen espazioa etxearen beraren luzapen bilakatzen zaio protagonistari, etxeko zereginak aurrera eramateko igaro beharreko ingurune hutsa da. Hala azaltzen du Teresa del Valle (1997) antropologoak: azkenerako, emakume askok espazio publikoa trantsitatu baino ez du egiten, haren parte izan gabe.
Autoan mugitzen da Zergatik panpox eleberriko protagonista. Korrika eta presaka bizi dela eta, autoak hirian zehar mugitzea errazten badio ere, emakumeak espazio publikoa zapaldu beharrik ez izatea eragiten du, eta ondorioz, baita bere gorputza ezkutatzea ere. Honenbestez, hirian ibili gabe dabilen pertsonaia urbano batez ari gara. Esanguratsua da, alde horretatik, emakumeak kalean oinez egin behar dituen tarteak (autotik kafetegira, dendatik pelukeriara, autotik eskolara) desagertzen direla kontakizunetik eta ez, ordea, autoarekin egin beharrekoak.
Horrez gain, egungo hirien nolakotasunaz hausnartzeko aukera ematen digu nobela honek. Hiri zatikatuak dira, non bizitzarako ezinbesteko diren espazioak (hala nola bizitokia, lantokia, eskola, komertzio txikia eta saltoki handiak, osasun-etxea) ez dauden bata bestetik hurbil, eta horrek zaintza eta erreprodukzio lanak zailtzen ditu. Funtzio produktiboen arabera pentsatutako hirietan bizi gara, autoaren erabilera erdigunean jartzen duten espazio urbanoetan, eta horrek zaintza-lanetarako disfuntzional egiten ditu.
Hau da, goizean lantokira joan ostean izeba ospitalera lagundu behar baduzu, ondoren umea eskolatik jaso eta eskubaloira eraman, gauean afaltzeko erosketak egin aurretik, joan-etorri ugari egin beharko dituzu, autoz gehienak, zerbitzu horiek guztiak hurbil izatea ezinezkoa baita. Are gehiago periferietan edo lo-auzoetan bizi bazara. Mugimendu horiek guztiak, gainera, eguneroko premiak asetzeko baino ez dira. Bizi ditugun hiri zatikatuek espazio txikia ematen diote (ordaindu gabeko) aisiari, eta honenbestez, gero eta zailagoa da hirian egoteko egokitutako inguruneak aurkitzea. Errepiderik gabeko kaleak, atseden hartzeko eserlekuak edota baloiarekin jolasteko plazak dirudiena baino ezohikoagoak dira, tamalez[3].
Hots, hiriaren konfigurazioan espazio publikoa eta pribatua bereizita daude, nahiz eta eguneroko joan-etorriek erakutsi bereizi ezineko eremuak direla, ezinbestean eragiten baitiote elkarri. Nobelan bertan, hirian egin beharreko joan-etorrietan, espazio urbanoaren antolaketak ama langileari eragiten dizkion ezinegon eta oztopoak etengabe azaleratzen dira: semaforoak beti daude gorri presa gehien duzun unean.
Sarri, beraz, espazio publikoa tramite bat da, etxean bizitza aurrera ateratzea ahalbidetzen duen iragate-espazioa, eginbeharren eremua. Nobelako protagonistarentzat ere, kanpoko espazioa domestikoaren luzapen bat baino ez da, eta ondorioz, eremu publikoaren erabilera mugatua eta aurrez planifikatua da, helburuduna eta zehatza. Flâneur-aren ibilera patxadatsu eta axolagabetik aldentzen da nabarmen eleberri honetako ibiltaria, hiria ez baita berarentzat gozatzeko eremu bat, baizik eta eguneroko premiei atxikitako espazioa.
Egoera horrek emakume langileen paradoxa ekartzen digu argitara: lan merkatuan daude, espazio publikorako sarbidea dute, are gehiago, halabeharrez gurutzatu behar dute, eta, hala eta guztiz ere, ez dute hiria deskubritzeko, behatzeko edo, besterik gabe, ibiltzeko aukerarik. Ez lege edo arau zehatz batek debekatzen dielako, baizik eta gizarte kapitalistetan arduraldi osoko ama izatea eta etxetik kanpo lan egitea bateraezinak direlako kasik. Hau da, sinpleki, ez dutelako astirik ez zilegitasunik kalean zehar lasai ibiltzeko.
Horrek guztiak ikusarazten digu espazio publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa pentsamendu patriarkalaren barnean garatu diren uste, arau, ohitura, planifikazio urbano eta ordena moralen elkargurutzaketa konplexu bat dela, eta ez hiriaren erabilera inozente eta “naturala”. Besteak beste, espazioan modu batera edo bestera mugitzeak lotura zuzena duela bakoitzaren genero, adin, langintza eta klase sozialarekin, eta bakoitzari aurrez suposatu zaion erabilerarekin. Horregatik, publiko-pribatu bereizketa ideologia gisa ulertu behar dela defendatzen dute hainbat teorialari feministak, eta ez espazioaren ordenamendu neutro gisa.
Izan ere, espazioaren bereizketa dikotomikoa ezin da modu ahistoriko eta abstraktuan pentsatu, eta Carole Patemanek (1996) azpimarratzen duen bezala, espazio, garai eta gizarte-klase baten ikusmiretan kokatu beharra dago: batetik, Europan eta Ipar Amerikan garatzen da, hau da, Mendebaldeko pentsamendu tradizioan; bestetik, kapitalismorako trantsizioan dauka jatorria; azkenik, eta bereziki, klase ertain-altuen edo burgesiaren praktiketan zein liberalismoaren eredu ideologikoetan ulertu behar da.
Balio moral zorrotzak ezarri eta emakume burgesentzat errespetagarria zena eta ez zena definitu zuen, hein handi batean, espazio publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketak. Izan ere, ideologia liberala klase sozial burgesarekin harremanetan egonik, bere irudira sortutako feminitate-eredua definitzen du espazioaren banaketa dikotomikoaren bidez. Hots, bortxaketak zein lapurretak gerta zitezkeela argudiatuta, pentsaera horrek ez du etxetik kanpoko espazioa emakumeentzat ohoragarria kontsideratzen, arriskutsua da, galbiderako bide zuzena. Halaber, balio moral burgesak feminitatearentzat zalantzagarri jotzen dituen jardunak (prostituzioa, mozkorkeria, libertinajea, lotsagabekeria) ikusi eta antzeratu zitzaketelakoan baztertu izan dira emakumeak espazio publikotik. Ez hori soilik, noski, baita arrakastaren, arrazoiketaren, nor izatearen eremua delako ere; hots, gizon burgesen espazioa bertan eraiki delako.
Genero-harremanak betikotzen dituen ideologia da, eta, beraz, mezu argia helarazten duena: ez desbideratu, manten zaitez bazterrean eta izan adeitsu, ez hartu gizonen lekua. Hala, eskema bitarrak zigor/sari logikan funtzionatzen du burgesiako emakumeentzat, eta langile klasekoentzat, berriz, erdietsi beharreko eredu gisa. Alabaina, guztiei eragiten die muga eta jazarpena.
Honenbestez, ideologia gisa ulertu behar da espazioaren generoaren araberako bereizketa, praktikan lotuago baitago burgesiaren ideal femeninoari eta emakumeei “otzan eta zintzo” izan zitezen ezarritako arau moralei, errealitatean hiriaz egiten zuten erabilerari baino, batez ere, emakume langileen bizimoduak erakusten zuenez. Horrela, generoaren araberako botere-harremanak plano espazialean zein sinbolikoan zehaztu dira, eta hirian gauzatzen diren esperientzia, joan-etorri eta jardun askotarikoek era praktikoan deuseztatzen badute ere, espazio publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketak gure moralean, iruditeria kolektiboan edota fikziozko irudikapenetan pisu nabarmena izaten jarraitzen du.
Ideologia modura kategorizatuta, hobeto ulertzen dira espazioaren banaketa bitarrak gaur egunera arte izan dituen eraldaketa eta egokitzapenak, baita dikotomiaren ideiak errealitatearekin egiten duen talka ere. Zergatik panpox eleberriko amak bete-betean gorpuzten du kontraesan hori. Izan ere, bi eremuak ekidin ezinezko harremanetik bizi ditu, eta hortaz, afera ez da espazio publikoan egoteko eta ibiltzeko muga espliziturik duenik, baizik eta mugimendu horiek espazio pribatuko eginbeharrek erabat baldintzatzen dituztela. Hau da, erreprodukzio lanak eta soldatapeko lana gainjartzen zaizkio eta halabeharrezko eremua bilakatzen da emakumearentzat. Etxetik kanpo egiten du lan, independentea da, ez du kalera joateko debekurik, baina hala ere, etxea da bere ardatza.
Ardatza, eta ez espazio propioa, bereizi beharra dago. Protagonistari, bera ez den beste guztiak inbaditzen dio lekua, maila fisikoan zein psikologikoan. Etxean, ardatz izanik ere, semearen atentzioak edo senar ohiaren oroitzapenak okupatzen diote dena. Horrek espazio pribatuaren eta domestikoaren artean egiten den bereizketara garamatza: zenbait adituren arabera, espazio pribatuak intimitaterako eremua baitakar berekin, nor bere baitan egoteko aukera eskaintzen dio subjektuari, eta espazio domestikoak, aldiz, gainerakoentzat prestu egotea eskatzen du, norbere buruaz ahazteraino sarri. Hala, espazio domestikoa bermatua duenak soilik goza dezake espazio pribatuaz. Etxeko lanez arduratzen diren emakumeen kasuan, espazio pribatuak eta espazio domestikoak horren muga lausoak dituztenez, norberarentzako lekurik gabe geratzen dira.
Areago, Marta Segarrak argitzen duen bezala, emakume horiek norberarentzat espazioa hartzea salbuespen edota pribilegio gisa ulertzen da:
[...] besteentzat irekita egotearen ondorioetako bat da norberaren mugak faltan izatea, eta beraz, norbere burua subjektu gisara pentsatzeko ezintasuna. [...] Etxeko aingerua feminitate konplituaren ikur modura: bere familiako eta inguruko kideei mesede egiteko sakrifikatzen da; bere burua lehenesteko edozein zantzu berekoikeria desegoki eta ez-desiragarriaren baliokide denez gero (Woolfek era parodikoan erakusten du hori, familia-bazkarian oilasko-paparra edo -izterra aukeratzeko eszena baten bidez), emakume ideal hori ez da, azken finean, oskol hutsa baino, edo, metafora domestiko bat erabiltzearren, substantzia oro pasatzen uzten duen iragazki bat, berarentzat ezer gorde gabe (2014: 13-14).
Era horretan nabarmen geratzen da emakumeei xx. mendean zehar gehituriko zama: andre idealaren espektatiban sartzen da, etxearen kargu egiteaz gain, ordaindutako lan bat izatea, eta bereziki, zoriontasun eta asebetetze itxura ematea. Alde horretatik ekarpen interesgarria egiten du Urretabizkaiak, enplegua zein lan erreproduktiboa islatzean, eta biak gauzatu ahal izateko eremu batetik bestera egin beharreko lekualdaketak literaturara ekartzean. Ama langileen eguneroko bizitza jartzen du erdigunean, Mendebaldeko literatura urbano hegemonikoak ez bezala, hiri modernoaren izaera guztiz androzentrikoan ardaztu baita.
Hiria apenas zapaltzen duen hiri-ibiltaria, eguneroko eginbeharrek mugiarazten dutena, antsietateak eta erruak itoa: posible da horrelako flâneuse-rik? Ikusi denez, eleberri honetako protagonistak kontraste nabarmena egiten du literatura urbanoan sarri erabili den flâneur-aren irudiarekin. Geldotasuna, zoria, detaile txikietan arreta jartzea denez gero bere jardunaren muina, produktibitateari guztiz kontrajartzen zaion ibilera gauzatzen du. Hots, flâneur-a ez dute ohiko lanaldi baten betebeharrek mugatzen. Kalean askatasun osoz ibiltzea edota behaketa patxadatsuan murgiltzea errazagoa da burua eginbehar zerrendaz beteta ez baduzu.
Kontrara, ama dibortziatuak halabeharrez erabiltzen du etxetik kanpo geratzen den eremua, derrigorrez zeharkatu beharreko espazioa da bere gain hartu dituen ardurak betetzeko. Ama “ona” izateko, dibortziatu arren bere semearen ardura osoa hartzen duen emakume “bikaina” izatea exijitzen zaio, eta eginbehar horiek gauzatzeko erabiltzen du espazio publikoa; ez plazerez paseatzeko edo hiria deskubritzeko, hausnartzeko, zalantzan jartzeko. Ondorioz, liburu honetan ez dago espazio urbanoari buruzko deskribapenik, gogoetarik ez begitaziorik, baizik eta enkargu-lista amaigabe bat.
Esan beharra da, eleberri honetan amatasunak baldintzatzen dituela hein handi batean pertsonaiak hirian dituen mugimenduak. Horren harira, Leslie Kernek auzi esanguratsu bat ekartzen du mahai gainera Feminist City (2020) liburuan: posible da ama bat flâneuse-a izatea? Kernek kritikatu duen gisan, flâneuse-aren existentziari buruz garatu diren eztabaidetan, zaila da aurkitzea emakume zuriez eta gorputz normatiboez aparteko irudirik. Hori dela eta, aldarrikatzen du bestelako gorputz eta identitateetan ere bilatu beharko litzatekeela hiria okupatzeko eta pentsatzeko ibiltariaren figura, espazioa okupatzeko potentzialtasun alternatiboa esleitzen zaion heinean. Kasu honetan, galdetu beharko genuke: posible da ama langile eta dibortziatua den flâneuse-rik? Badakigu ez duela hirian zilegitasunez eta nahieran ibiltzeko aukerarik. Beraz, galdera honakoa da: zein bide irekitzen ditu espazio publikoa transgreditzeko?
Nolabait, flâneuse-aren potentzialtasun subertsiboa darama bere baitan protagonistak. Argi geratu da beharrak mugitzen duela eta ez plazerak edo jakin-minak, izan ere, bizitzaren eta kapitalaren arteko talka gorpuzten du. Alde horretatik, baina, publiko-pribatu bereizketa kolokan jartzen du bere ibilerak. Zaintza-lanen mugikortasuna jartzen du praktikan, eta hala, bestelako hiri eredu bat galdegiten du, Punt 6 kolektiboko kideek aldarrikatzen duten gisara, produktibitateak erdigunea hartuko ez duen urbanismo feministago bat. Horrez gain, ama dibortziatu eta langileek bizi duten antsietatea eta estresa ikusarazten ditu. Ideal ezinezkoak hausteko arrakala bat da, honenbestez.
Zergatik panpox eleberriak flâneuse-a emakume langilearen eta amatasunaren eremura hurbiltzen du, eta beraz, errealitate horien bidez berrezaugarritzen da figura literarioa. Gatazkan dagoen hiri-ibiltaria da, xx. mende amaierako emakume langileen paradoxa bizi duena: alegia, lan merkatura sartzeak edota teknifikazio handiago batek ez du etxeko lanen ardurez eta antolakuntzaz salbuetsi, eta era berean, baztertu du espazio publikoa patxadaz eta bakardadean gozatzeko aukeratik, hirian galtzeko posibilitatetik. Finean, ez da kalera ateratzen ez bada kontsumorako edo eremu pribatuko eginbeharretarako igarobidea delako. Honenbestez, eskuratutako mugimendu askatasunak eta ustezko independentziak (ekonomikoak, ez familiarrak) ez dio bere kasa mugitzeko bermerik ematen.
Hala, ez da ezintasun morala edo arau sozialen zurruntasuna hiriaren alde publikoa bizitzeko mugak ezartzen dizkiona, baizik eta sistema kapitalista heteropatriarkalak ama langile eta dibortziatu bati eskaintzen dion patua: norberarentzako denborarik eta espaziorik eza, isolamendu soziala, espazio publikoaren erabilera neurtu eta aurrez planifikatua, zaintza-lanen ardura osoa eta horiek gauzatzeko ezintasunak sortzen duen errua.
[3] Gai honen inguruko artikulu bikainak idatzi dituzte Irati Zubia Landak (“Debekatuta baloiarekin jolastea”, 2025) eta Lizar Begoñak (“Tigrea etxean da”, 2025) Berria egunkarian.