Hitzaurrea
Irati Zubia Landa
Iratik hitzaurre hau idazteko gonbita luzatu zidan egun berean bidali zidaten Bartzelonatik albiste absurdo bat. Antza, etxeko ezkaratzetik aulkiak atera eta auzokideekin hitz aspertuan esertzeko praktika debekatuko zuten. Bereziki herrietako señorei hainbatetan ikusi diegun praktika da hori, gazteleraz a la fresca egotea esaten zaion berbera. Gerora deskubritu nuen berri faltsua zela, bertako alkateak argitu zuenez, baina tira. Ordenantza urbanoek izan duten bilakaera ikusita, ez zait inozokeria iruditzen halakorik sinestea. Gainera, kalean lagunekin solasean biltzea praktika jazarria da gaur-gaurkoz. Bai Bartzelonan eta baita Euskal Herriko hirietan ere. Lagun taldea osatzen duten kideen azal kolore eta itxuraren arabera, beti ere. Liburu honek balio du hori azaltzeko ere. Zeren bai, literaturari buruzko lan bat duzu esku artean, baina ez hori bakarrik.
Oier Guillanek seinalatu zuen hirien inguruko literatura azpigenerotzat har litekeela kasik. Lan honen izenburuak horixe iradoki zidan boteprontoan, alegia, hiriaren bueltako literaturaren analisi batekin egingo nuela topo. Eta hori ere bada Irati Majuelok egin duena, baina ez hori bakarrik. Euskal literaturako bost eleberri hartu eta hiriaren, errepresentazioaren, espazio publikoaren, bertako arau eta kontrolen eta horiexek transgreditzeko estrategia pertsonal zein kolektiboen inguruko gogoeta egin du. Eleberrietako pertsonaien, hainbat adituren eta bere ahots propioa tartekatuz. Mosaiko aberats bat izan da emaitza, mota askotariko ahots eta testuen konbinazio bat. Amablea bezain zorrotza. Ate batzuk danbatekoz itxi ditu eta beste batzuk, berriz, erdi zabalik utzi.
Hala, eztabaida feministetan funtsezkoak diren kontuak agertzen dira hemen, esaterako: neutraltasun kontzeptua, publiko/pribatu dikotomia, lanaren banaketa sexuala, familia nuklearraz haragoko ahaidetasunak, espazioaren kontrola edota honen okupazioa. Hausnarketek ematen dute “debekatuta baloiarekin jolastea” kartelarekin hasi eta “kaleak, gauak, gureak dira” edo “nire lagunek zaintzen naute, ez poliziak” gisako lelo ezagunen inguruan pentsatzeko. Argi eta garbi literaturan zaletua, baina aditua ere bada autorea. Begirada transfeminista batetik (ezin zen bestela izan) kontatzen du esateko duena. Gehiegizko spoilerrik gabe, ekarri nahi ditut ariketa horretan zentralak iruditu zaizkidan pare bat kontzeptu, aperitibo gisa.
Hiria da liburu honetako espazioa. Liburu transfeminista bat ez balitz, dekoratu gisa har zenezake hiria, elementu pasibotzat. Alabaina, hemen autorea hasieratik lerratzen da, irakurle. Argi esango dizu, hiriaren kasuan ere, ez dela existitzen espazio neutrorik. Horra, lehen danbatekoa. Begira, kalekumea naiz ni eta txikitatik irentsi ditut hirian ganoraz ibiltzeko bete behar diren arauak. Pentsa, udaltzainak etortzen ziren eskolara horietako askoren berri ematera. Gogoan dut nire lagun Sararen neba gaztea, zur eta lur, ez zuela ulertzen zer dela eta debekatzen ziguten peatonaletik patinetean ibiltzea patruila autoek bertatik pasatzerik bazuten.
Hiriko eremuari “espazio publiko” deitu zaio maiz. Udal hauteskundeen eta eraikuntza enpresen iragarkietan, batez ere. Kaleaz dihardu “espazio publiko” terminoa ahotan duenak, baina oso toki zehatz batetik hitz egiten du. Izan ere, kontzeptu arauemailea da espazio publikoa, kalea deskribatu baino, kaleak nolakoa behar lukeen proiektatzen du. Lehen begi kolpean promesa erakargarri bat da. Peatonalizatuko dira lehen lokatzezko ziren bideak edo homogeneizatuko dira fatxadak elkarrekin konbinatu dezaten. Hesituko dira jardinak eta jarriko dira edateko baino luzitzeko balio duten iturriak. Gentrifikazioaren aurrean, tao trafikoa ordenatzeko eta terrazak aisia kontrolatzeko. Finean, espazio publikoak kalea zibilizatuko du. Izan dadila txukuna, erosoa eta segurua denontzat.
Promesa tranpatia da, ordea, edo, behinik behin, eusteko zaila. Batetik, denok ez garelako ez hiritarrak, ez berdinak. Bestetik, apaingarri dotoreenak ere ez dituelako estaltzen desberdinkeria oinarri duen sistema baten botere-harreman eta miseriak. Edo bestela, eman buelta bat Donostiako erdialdetik hurrengo gabonetan. Kaleak arauak eta kontrola behar ditu espazio publiko izan nahi badu. Eta ordena desiragarria —kapitalista, heterosexuala, zuria— asaldatzen duen pertsona eta praktika oro arrastoan mantentzea. Soilik orduan bilakatuko da kalea ganorazko espazio publiko eta, bide horretatik, inbertsoreentzat lurzoru.
Hor sartzen dira jokoan paisaia urbano batean ia naturaltzat jotzen diren elementuak. Atera zaitez kalera, irakurle. Begiratu paretak, tabernetako toldo, plastikozko mahai eta aulkiak. Ikusiko dituzun kartelek zerbait erosteko edo arau bat betetzeko aginduko dizute. Horiek dira legez baimentzen diren mezuak. Aluaren Neska grafitigileak zera esan zidan behin: “Zergatik jar dezake hor Coca-Colak bere sinadura eta nik ez nirea?”. Ba hori.
Horren aurrean, saihetsezina da galdetzea ea nork eta noren oinentzat jartzen dituen harlauzak hirietan. Galdera horri heltzeko, kaleko ibiltariei begira jarri da Majuelo. Horrela aurkeztuko dizkizu flâneur eta flâneuse-ak. Izenak arrotzak bazaizkizu, ez kezkatu. Aise harrapatuko duzu zertan den mobida.
Flâneur-a xix. mendeko industrializazio prozesuek konfiguratutako hirietan kokatzen den figura literario bat da; frantses literatura modernoan jaio eta berehala zabaldu zena. Hiri modernoetako paseante ideala da flâneur-a. Ibiltari bakartia, patxadatsua, eroso dabil hiribide zabaletatik. Jende oldean barrena galdu eta plazeretik zein jakin-minetik paisaia urbanoaren ertzak atzematen ditu. Berak du, antza, horretarako sentsibilitatea. Ideia bat egiteko, gabardina dotore bat jantzita irudika zenezake.
Figura zinez liluragarria da, erakargarria oso. Hiriak bukoliko izan badaitezke, flâneur-aren ibilkeratik erromantizatu ohi dira. Hain zuzen ere, flâneur-aren begirada horri egin zaio gorazarre hiriaren eta hiritarren irudi inspiratzaileak bilatu direnean. Irudikatzeko istorio hunkigarriak Paris, Londres edo Madril bezalako hiri itogarri batean. Atzemateko istant preziatuak a priori seko estresatuta egon beharko luketen hiritarren atzean. Flâneur-ak bere anonimotasunari esker du zera berezi horiek apreziatzeko gaitasuna. Izan ere, flâneur-ak, horrela aurkeztuta, ez omen du ez gorputzik, ez identitaterik, ez presarik. Alabaina, spoiler: gorputzik gabeko subjektu bat aurkezten dizutenean, beti egon ohi da begirada maskulinoa tarteko. Ia automatikoa da.
Hori horrela, Majuelok hasieratik finkatzen ditu ondoren garatuko dituen galderak. Pentsa dezagun, nork baimendu liezaioke bere buruari flâneur-aren patxada? Nor ibil daiteke hirian barrena begiratua (eta, beraz, epaitua) izan gabe? Zer gertatzen da bestelako gorputzen esperientzia urbanoekin? Nolakoa da bestelako begirada horietatik azaleratzen den hiriaren argazkia?
Galdera horietan katramilatuta agertzen dira flâneuse-ak. Nik, hasiera batean, flâneur-aren ordezko femenino gisa irudikatu nuen flâneuse-a. Imajinatzen nuen xx. mendeko emakume europar eta gutxi gorabehera klase altuko bat. Gabardina beharrean bisoizko abrigoa soinean, saltoki eta galeria modernoetan. Gaur egun Inditexen dendak dituen hiribidean ibiliko litzateke. Oker nenbilen, ordea. Honetan ere berehala posizionatzen da Majuelo: flâneuse-arekin ere pauso bat haratago joateko premia aldarrikatzen du. Galdetzen du ea posible den flâneuse kuirrik, flâneuse disidenterik, bakarrik baino taldean doan flâneuse-rik. Eta ea, haien eskutik, nolakoa den literaturak hiriaz itzultzen digun erretratua.
Orotariko flâneuse posibleak topatuko dituzu hemen. Ama langile dibortziatua, neska gaztea, bulebarretik baino, taberna zuloetan dabilena, militantea, errebeldea, zaurgarria, hanka egin duena, etxera bueltatzen dena. Horiek ezagutu ahala, etengabe kolpekatuko zaitu galdera honek: hiriak eskaintzen al die pertsona horiei modu gozagarrian ibiltzeko aukerarik? Autorearen ahotik entzun beharko duzu erantzuna, irakurle. Baina, badaezpada, hona hemen Jule Goikoetxeak utzi zigun pista bat: “Bakea ez da existitzen, feminismoa bai”.
Liburu honetako punturen batean —ez dizut esango zeinetan— Joyce Carol Oates idazlearen galdera batekin egingo duzu topo: “Hiria testua bada, nola irakurri beharko genuke?”. Esku artean duzun dokumentu hau tresna baliagarria da ariketa hori egiteko; baina, alderantzizko ariketa ere gomendatuko nizuke. Ibilaldi baterako gonbita egingo dizu Majuelok lehen lerroan. Haren besoari eusteko aholkua da, irakurle, nik eman diezazukedan onena.
Irakurri hemendik aurrera datozen hitzak ibilian, pasatu orriak zure oinkada propioak izango bailiran. Egin pausa eta bilatu esertzeko banku bat barrena mugitzen dizuten bidegurutzeetan. Zauriren bat ukitzen dizun kontzepturen batekin topo eginez gero, begiratu errepidearen bi alboetara aurrera segi baino lehen. Ostera, ez itxaron semaforoa gorritik berdera igaro dadin zirrara eta gehiagorako gosea pizten zaizunean. Konfiantzazko lagunari ukondotik heltzen diozun moduan, partekatu zure kideekin bertako esaldi eder eta beldurgarrienak. Egin zure Kat, Nagore, Gisèle, Añes eta izenik gabeko ama horren estrategiak. Ekarri gogora zuk zeuk kalea habitatzeko garatu dituzunak. Egin pintadak eta grafitiak ahaztu nahi ez dituzun orrien ertzetan. Finean, har ezazu liburu hau kalea bera bailitzan: azpimarratu, tolestu eta zirriborratu marjinak nahi adina. Ondo gordetzea merezi duten ideiez lepo dago-eta. Bidaia on.
2025eko uda