Hiria gure oinetan
Hiria gure oinetan
2025, saiakera
96 orrialde
978-84-19570-46-8
editorea: Jule Goikoetxea
Irati Majuelo Itoiz
 
 

 

Sarrera

 

 

      Hau ibilbide bat da, proposamen bat, nobela batetik bestera paseatu ahala espazioaren inguruan gogoetatzeko. Izan ere, espazioa nola okupatzen dugun eta espazioan zehar nola mugitzen garen ez dira kontu ezdeusak. Ibili ahala behatuko dugu, hortaz, nolakoak diren bizi garen hiriak eta nola irudikatu ditugun gure literaturan, zertan eragiten digun espazio publikoaren eta pribatuaren dikotomiak, zein diren egokitasuna transgreditzeko baliatzen ditugun estrategiak, zein haien ondorioak. Hau da, espazioak bere baitan dituen botere inplikazioei, generoaren araberako antolamenduari eta arau patriarkalei jarriko diegu arreta. Espazioa ibiliko dugu, hala, egunez zein gauez, etxean eta kalean, lagunen babespean eta bidegurutzeetan zabaltzen diren aukerei adi. Espazioa ibiliko dugu eta gure gorputzetan antzemango dugu.

      Espazioa politikoa eta ideologikoa baita. Henri Lefebvrek azaltzen zuen, sarri zapaltzen dugun ingurune huts modura ulertzen badugu ere, objektiboa eta homogeneoa balitz bezala, espazio oro dela produktu sozial bat. Horrek esan nahi du ez dagoela espazio neutrorik, bizi duen gizartearen arrastorik biltzen ez duenik. Feminismoaren prismatik begiratuta, agerikoa da gure bizitzetan eragin zuzena dutela arrazoimen patriarkaletik diseinatu diren inguruneek eta horietan erreproduzitzen diren ideiek: horren adibide dira espazio pribatura zokoratzen gaituen feminitate eredua, gauaren eta festa-espazioen inguruko beldurraren diskurtsoak edota hainbestetan lekuz kanpo sentiarazten gaituen normatibitatea bera.

      Finean, liburu honek hitz egin nahi du espazioaz, eta bide batez, eta batez ere, gorputzez, horien zilegitasunaz eta zaurgarritasunaz, zaintza-lanez, desiraz eta premiaz, laguntasunaz eta bakardadeaz. Literaturak lagunduko gaitu bide honetan, euskal eleberrigintzan topatu baititugu espazioaren inguruan hausnartzera bultzatu gaituzten pertsonaiak, hiri-ibiltariak, emakume okerrak, kontraesanez jositako paseatzaile errebelde eta zaurgarriak.

      Espazioa, feminismoa eta literatura elkarrizketan jartzen dituen ibilbide bat egingo dugu, beraz. Hirian barneratuko gara horretarako. Zergatik? Bada, hiria espazio zabal eta konplexua baita, giza kontzentrazio handiko ingurunea, botere politiko eta ekonomikoaren erdigunea eta bizitza sozialaren esparru nagusia. Gizarte baten ispilu eta motore da hiri bakoitza, nolabait. Horrez gain, baina, Alicia Menéndezek (2010) argitu modura, hiriak osagai sinboliko garrantzitsuak biltzen ditu, hots, haren inguruan sortu diren narratibek osatzen dute. Horregatik interesatzen zaigu behatzea nola deskribatu diren, nola kontatu, sailkatu, idealizatu, aldarrikatu edo planifikatu diren. Azkenerako, imajinario urbano horiek eragin zehatz eta erabakigarriak baitituzte egunerokoan bizi ditugun hiriak pentsatzeko, esperimentatzeko eta bizitzeko dugun moduan.

      Hori dela eta, hiriak literatura batean duen garrantzia eta irudikapena ez dira ausazkoak. Mendebaldeko kulturetan, espazio garrantzitsua hartu dute narratiba urbanoek, are handiagoa xix. mendeko industrializazioaz geroztik, hiri modernoaren jaiotzarekin. Orduan eratzen da publiko-pribatua bereizketa sostengatzen duen ideologia, eta orduan sortzen da, halaber, eleberrigintza modernoa, espazio publikoari eta esperientzia urbano moderno horri erabat lotuta. Hala bada, bai hiriek espazio politiko eta ideologiko gisa, bai haien inguruko irudikapen eta irakurketa literarioek, balioko digute gaur egunera arte iraun duten praktikak eta ideiak aztertzeko; jakiteko nola planifikatu diren urbanistikoki, zein diren espazioa arautzen duten norma moral eta sozialak. Hau da, ulertzeko zergatik den arraroa poteatzera bakarrik ateratzen den andre hori, zergatik begiratzen zaion desberdin kalean zalapartaka ari den lagun-talde kuirrari, zergatik iristen diren amak korrika eskolara umearen bila, guraso txar izatearen aurpegiera larrituarekin.

 

 

IBILBIDEAREN AURRETIK, IBILTARIA

 

      Esan bezala, ibilbide honetan ez gara bakarrik egongo. Euskal eleberrigintzako zenbait liburu eta pertsonaia izango ditugu bidaide; zehazki, Egunero hasten delako (Ramon Saizarbitoria, 1969), Zergatik panpox (Arantxa Urretabizkaia, 1979), Ugerra eta kedarra (Sonia Gonzalez, 2003), Jenisjoplin (Uxue Alberdi, 2017) eta Neguko argiak (Irati Elorrieta, 2018). Hala ere, berehala ikusiko dugu lagunduko gaituzten hauek ez direla ohiko hiri-ibiltariak izan.

      Izan ere, hirien inguruko narratibetan, gizonezkoa izan da normalean ibiltaria. Industrializazioko hiri modernoen sorrerarekin, esperientzia urbanoa azaltzeko, hiriaren alderdi publikoan jarri zen arreta, bertan gertatu baitziren transformaziorik handienak eta bertan sortu baitziren gizonentzako sozializazio-eremu berriak. Boulevard zabalek, kafetegiek, klub literarioek edota kale arteko barnebideek girotu zuten esperientzia moderno hori. Gizonezkoak gailentzen ziren espazio publikoaren inguruko errelatoa osatzerakoan, ezinbesteko figura literarioa izan da flâneur-a.

      Flâner, alderrai ibiltzea, aisialdiko ekintza atsegin bat deskribatzen duen terminoa da, plazer huts eta, era berean, xede zehatzik gabekoarekin lotzen duena paseatzailea. Flâneur-aren jarduera nagusiak izanik hirian zehar lasaitasunez ibiltzea, ingurua xehetasunez behatzea edota jendetzaren artean oharkabean murgiltzea, espazio publikoa askatasunez okupatu eta bizi duen pertsonaia modura ulertu behar dugu. Azken finean, flâneur-ak espazioarekin duen harremanean eraikitzen du bere burua: paseatu ahala definitzen du hiria, eta era berean, hiriak definitzen du bera.

      Hala ere, ikuspegi feministatik kritika egin zaio figura horrek modernitatearen diskurtsoan izan duen zentraltasunari. Flâneur-ak hiria paseatzeko, behatzeko, kontsumitzeko eta pentsatzeko legitimitatea eta denbora librea izan badu, gizona zelako eta logika burges batean oinarritzen zelako izan da (Pollock, 1988: 253). Azken finean, bere jarduera eta identitatea espazio publikoan ardazten duen gizona da, horrek berari inolako gatazkarik sortu gabe. Ezaxola, helburu jakinik gabe, erantzukizunik gabe, flâneur-ak hiria esploratzeko eta harekin harritzeko aukera du, bakarrik ibili eta anonimo izatekoa, gizartearen begirada eta epaitik salbu.

      Flâneur-ari egindako kritikatik, eremu berri bat zabaltzen da eredu maskulino patriarkal horretatik at dauden esperientzia urbanoak esploratzeko: nolakoa da hiria neska nerabe baten begietara? Hiri-paseatzaileak dira sexu-langileak? Zein mugimendu trazatzen dituzte eguneroko zaintza-lanek? Zer gertatzen da hiria lagunartean deskubritzen dugunean? Espazioaren antolaketa patriarkala argitara ekartzen duten esperientziak dira, errealak eta askotarikoak, eta horiei helduko diegu liburu honetan.

      Ildo horretan, zenbait kritikari feministak flâneuse-a proposatu dute hiri-ibiltaria birpentsatzeko figura literario modura. Ez litzateke flâneur-aren bertsio femeninoa[1], horrek eramango baikintuzke “emakumeek hiriarekin izan dituzten harremanak gizonek hiriarekin izan dituzten harremanetara” mugatzera, Lauren Elkinek (2016) argitu modura. Ordea, eredu horretatik urrun, defendatzen da flâneuse-ak, nahitaez, gatazkan bizi duela espazio publikoa, ez dagokion espazioa hartzen baitu, Bestea da kalean zehar dabilenean. Hau da, espazioen banaketa patriarkala urratzea ordena sozialaren haustura den heinean, esan dezakegu flâneuse-a transgresioan soilik izan daitekeela hiri-ibiltari.

      Honenbestez, bidaide izango dugun figura honek ezinbestean konektatuko gaitu espazio publikoa okupatzeak dakartzan tentsio eta kontraesanekin, hiria gure egiteko garatzen ditugun erresistentzia-praktikekin, konektatuko gaitu minarekin, arriskuarekin, plazerarekin. Hiria ibiltzeak gatazka dakar, baina subertsibotasun horretatik sortzen da, halaber, aurretik urratu gabeko norabait iristeko aukera.

      Hori hala, flâneuse ibiltariaren barnean ulertzen dira emakumeek eta identitate disidenteek izan dituzten askotariko esperientzia urbanoak. Ikuspegi gaurkotu batetik, esaterako, flâneuse-az hitz egiten da prostituten, bidaiarien edo trabestismoa praktikatu zuten emakumeen ibilerei buruz aritzerakoan. Ildo berean, hiriari eta espazioari buruz hausnartzera garamatzate gizonen begiradatik at espazio publikoan zehar dabilen bollerak, hiriaren planifikazioan bere lekua aurkitzen ez duen amak edota flâneuse kolektibo gisa funtzionatzen duten mobilizazio feministek[2]. Hain zuzen ere, begirada garaikide horrek aukera ematen digu flâneuse-a garai, giro eta espazio jakin batetik harago irudikatzeko, eta hartara, xix. mendeko Europako giro burgesetik aldentzeko.

      Liburu honetan ere, askotariko esperientziak, identitateak eta gorputzak dituzte bidean lagunduko gaituzten flâneuse-ek: badira gaua tabernaz taberna pasatzen duten punkiak eta iluntzea parkean lasai paseatzeko probesten dutenak; itota bizi diren ama langileak eta ama izan nahi ez duten gazte haurdunak; atzerrian bere lekua bilatzen dutenak eta gaixotu berri zaien gorputzean kabitzen ez direnak; bakarrik dabiltzanak eta lagunei esker ibil daitezkeenak.

      Badute, hala ere, zeinu amankomunik. Ondoan izango ditugun ibiltariak emakume gisara izendatzen dira nobela hauetan, eta horrek gatazka sortzen die, hiriarekin talkan jartzen dituen heinean. Honenbestez, “emakume” terminoa erabiliko dugu haiei erreferentzia egiterakoan, eta baita gogoeta teoriko gehienetan ere, hala erabiltzen baitute autore ugarik. Horrek ez du esan nahi aipatzen diren esperientzia espazialak bestelako gorputz eta identitateetan islatu ezin daitezkeenik, disidentzia praktikan jartzen dutenetan batik bat antzekotasun handiak igar baitaitezke. Hala ere, ez da modu orokor batean baliatuko, eta gorputz eta identitate disidenteak berariaz aipatuko dira, haien errealitateak azaldu nahi diren kasuetan.

      Ibilbidearen eta bidaideen lehen koordenadak argituta, beraz, has gaitezke ibiltzen.

 

 

 

    [1] Hasiera batean, ideia horren bueltan agertzen da flâneuse-aren existentziari buruzko eztabaida. Janet Wolffek flâneuse-a ezinezkotzat jotzen du kasik: mahai gainean jartzen du modernitateko literaturak espazio publikoa gain-irudikatzeko bide eman zuela, eta, ondorioz, emakumeek nobeletan zuten papera gizonekiko zuten harremanetara mugatu zela, XIX. mende amaierako eleberrietako emakumezko pertsonaia ohikoenak prostitutak, maitaleak, alargunak eta eraildako emakumeak izanik (1985: 44). Hori dela eta, argudiatzen du ezinezkoa dela hirian zehar gatazkarik gabe eta zilegitasunez paseatzen den emakumerik imajinatzea; hots, muga patriarkal gehiegi daudela flâneur-aren jarduna praktikan jartzeko.

    [2] Flâneuse-aren berrezaugarritze garaikidea arlo eta ahots ugaritatik egin da. Ildo horretan, garrantzitsuak dira Deborah Parsons-en (2000) prostituzioaren inguruko lana, Catherine Nescik (2007) hiri-ibiltarien trabestismoari buruz egindakoa, Sally Munt-ek (1995) flâneur-a eta lesbiana alderatzeko egiten duen proposamena, bakarrik bidaiatzeari dagokionez Lauren Elkin-ek (2016) plazaratutako gogoetak edota Leslie Kern-ek (2021) flâneuse-a askotariko gorputzetan bistaratzeko egiten duen ariketa, tartean ama paseatzailea eta manifestazioetan sortzen den ibiltari kolektiboa.