Aurkibidea
2. NOLA HELDU GARA TOPAKETETARAINO?
2.1. Gure kontraesanez lokaztutako bazterrak
3. EMAKUME* ABERTZALEEN VIII. TOPAKETA FEMINISTAK
3.1. (Mikro)komunitate feministak gorpuztu
3.2. Euskal Herriko agenda feminista antiarrazista baterantz: burujabetza feminista ipar
3.3. Harreman kolonialak: begirada gaurkotu bat feminismotik
4.1. Ispiluaren aurreko biluzte-ariketak
4.2. Bide-orria eta bide-lagunak
4.4. Euskal Herria dekolonialitatetik eraiki
Aurkibidea
2. NOLA HELDU GARA TOPAKETETARAINO?
2.1. Gure kontraesanez lokaztutako bazterrak
3. EMAKUME* ABERTZALEEN VIII. TOPAKETA FEMINISTAK
3.1. (Mikro)komunitate feministak gorpuztu
3.2. Euskal Herriko agenda feminista antiarrazista baterantz: burujabetza feminista ipar
3.3. Harreman kolonialak: begirada gaurkotu bat feminismotik
4.1. Ispiluaren aurreko biluzte-ariketak
4.2. Bide-orria eta bide-lagunak
4.4. Euskal Herria dekolonialitatetik eraiki
4.3.
Agenda antiarrazista
partekatu baterantz
4.3.1.
MIGRAZIO-POLITIKEN SALAKETA
Azpimarratzekoa da errefuxiatuen eta migratzaileen aldeko mugimenduetan mugimendu feministako militante askok hartu izan dutela eta hartzen dutela parte, modu aktiboan egin ere. Herrialdeetako muga politiko-administratiboak hilerri bilakatzen ari diren garai hauetan, ezinbestekoa da feminista bezala jarrera aktiboa izatea. Urte gutxiren bueltan, izan ere, Bidasoko muga administratiboak ere hilerri itxura hartu du, gero eta gehiago baitira ibaia zeharkatzen, errepideak edo trenbideak zeharkatzen bizia galtzen duten migratzaileak. Egoera larri horren aurrean, salaketa ozen eta iraunkorrak artikulatu behar dira, eta salaketa horiek ahalik eta sendoen egiteko, migrazio-bideak egin dituzten pertsonen esperientziak entzuteaz gain, premiazkoa dugu Atzerritarren Legearen gaineko ezagutzan sakontzea, legearen kontrako bozgorailu biziak sortu ahal izateko. Ezin dugu ahaztu, gainera, Hendaian ere badugula Atzerritarren Atxikitze Zentro (cie) bat, eta hortaz, zentro horretan gertaturiko jazarpenak eta biolentziak ikusgarri egitea ere badagokigula, zentro horien izaera koloniala salatzearekin batera.
4.3.2.
BOTERE KORPORATIBOEN KONTRA HARROTU
Feminismo antikapitalista eta internazionalista garatzea botere korporatiboen eta transnazionalen biolentziak ikusgarri egiteko ardura hartzea dakar. Botere korporatibo eta transnazional horien biolentzia koloniala izendatu ez ezik, botere-egitura horien kontra hautsak harrotu behar ditugu, modu zuzenean egin ere, geure gorputzen eta lurraldeen aldeko defentsa egin ahal izateko. Alde batetik, enpresa pribatu jakin batzuk eta instituzioak interpelatzeko beldurrak gainditu behar ditugu, eta markaketa zuzenak egiteari ekin behar diogu, Euskal Herrian bereziki badugulako nondik hasi, askotarikoak direlako botere korporatiboen, transnazionalen eta instituzioen arteko konplizitateak eta hitzarmenak. Beste alde batetik, egun martxan dauden askotariko alternatibak eraikitzen eta sustatzen jarrai dezakegu, guztiak ere kilometro zero kulturaren eremuan kokaturiko alternatibak, eta elikadura-, energia- eta kontsumo-burujaberanzko urratsak egiteko bideak egituratzen eta irudikatzen ari direnak.
4.3.3.
IJITOEKIN ZOR HISTORIKOA
Arrazakeria jakin batzuk beste batzuk baino ikusezinagoak izan ohi dira, naturalizatuago daudelako, errotuago daudelako. Mendetan zehar jazarri dituzte ijitoak, Pastora Filigranak El pueblo gitano contra el sistema-mundo liburuan xehe-xehe azaldu duen moduan; ijitoen kontrako arrazakeria euskal herritarron artean ere oso erroturik egon da mendetan zehar, eta oraindik ere ijitoek biolentzia arrazista pairatzen dute etengabe, egunero. Jazarpen horien kontrako erresistentzia-historia luzea du ijito-herriak, Filigranak ere gogorarazi bezala, eta geuk ez diogu ijito-herriari erresistentzia hori aitortu izan, eta gutxitan landu dugu espresuki ijitoen kontrako zer-nolako arrazakeria gorpuztu dugun, arrazakeria hori zer-nola deseraiki eta desgorpuztu behar dugun jakiteko. Galdera-soka luzea dugu erantzuteko, eta hari pila bat tiraka segitzeko: nola eraiki zubiak gure herrietan eta auzoetan dauden ijito-komunitateekin? Nola deseraiki ijitoen inguruan barneraturik ditugun aurreiritzi arrazistak? Nola hurbildu ijito-kulturara, euren bizipenak eta esperientziak hobeto ezagutzeko eta ulertzeko? Aipatzekoa da Amugek[48] azkeneko urteetan Euskal Herriko Mugimendu Feministaren barruan egindako lana.
4.3.4.
ESPETXE-ERAKUNDEAREN ARRAZAKERIAK
Euskal politikan presoen eta espetxearen auziak presentzia handia izan du beti, baina batez ere gatazka armatuaren testuinguruko presoak kokatu izan dira agenda politikoaren erdigunean. Nolanahi ere, azken urteotan ikerketa antropologiko-feministei esker, eta mugimendu feministako aldarrikapenei esker, espetxe barruan emakume* izateak dakarren zapalkuntza bikoitza aztertu izan da, eta espetxea genero-erakundea ere badela agerrarazi dute hainbat ikerketa feministak. Jakina, gutxiagotan salatu izan dugu euskal politikaren esparrutik espetxeak migratzailez eta arrazializatutako subjektuz beterik daudela, eta antzera, geruza ekonomiko zaurgarrienean kokaturiko pertsonez beteta daudela. Alegia, espetxea ere erakunde koloniala da, baita klase-erakundea ere. Ondorioz, espetxe-erakundearen inguruko begirada intersekzional bat garatzeak aukera emango digu espetxe-politika eta justizia-eredua modu konplexuago batean aztertzeko, eta espetxearen azpiratze-mekanismo guztiak ikusgarri egiteko (eta horiek iraultzeko estrategiak zein ildoak pentsatzeko).
[48] Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea.