Araka ditzagun gure bazterrak
Araka ditzagun gure bazterrak
2022, saiakera
168 orrialde
978-84-17051-87-7
editorea: Jule Goikoetxea
Emagin
 
2018, saiakera
Euskal Herriko Bilgune Feminista
 
 

 

3.
EMAKUME* ABERTZALEEN
VIII. TOPAKETA FEMINISTAK

(2020ko abenduak 12)

 

 

Araka ditzagun gure bazterrak

lanbroak ezkutatzen dizkigunean

 

Miren Amuriza eta Maite Berriozabal[39]

 

      “Maite ditut, maite, gure bazterrak...” kantatzen genuen behinola. Eta halaxe da, izan ere: arreta handiz aritu gara geure bazter pertsonalak zein kolektiboak deskubritzen, maitatzen, zaintzen…

      Zatoz, eser gaitezen parez pare. Zatoz, eta kontaidazu nor zaren, zer duzun, nondik zatozen… Kontaidazu zerk pozten, mintzen, lasaitzen, amorratzen zaituen. Hitz egin dezagun aho-bizarrik gabe, epairik gabe. Hitz egin dezagun elkarren dohainez. Eta gabeziez. Erraiez. Eta erroez.

      Eta erroak lurrez estalita genituela ohartu ginen; makurtu, eskuak basaztu eta pentsamendu feministaren bibliografia atera behar genuela, berrirakurri, berridatzi… Aitzinekoen pentsamendua geuretu behar genuela, baina baita bizipenak ere: gure izekoen, amen, amamen argazki zuri-beltzekoak, eskutitzak, objektutxo pertsonalak… Edo memoria historiko eta kolektibo bat berreraikitzeko ezinbestekoak diren pieza horiek guztiak.

      Geure begiradaz beste... bat egiten ahalegindu gara aldian-aldian; ikuspegia zabaltzen eta arreta-puntuak zentratzen; zabaltzen, zentratzen, zabaltzen… Leitzan hasi eta Tolosatik, Ondarroatik, Berriozartik… Gaurdaino. Pantailaz bestaldean zaudeten kide guztion herrietaraino.

* * *

      Eta “maite ditut, maite, gure bazterrak...” kantatzen genuen, bai… Baina harrezkero, eraldatzen joan gara pixkana-pixkana; eraldatzen joan gara gu, eraldatzen joan da jendartea, eraldatzen gure borroka-eremuak... Eta ez dugu autokonplazentzian erori nahi. Horrexegatik abiatu gara aditz berrien bila aurtengo topaketetan, ekintza berrien bila. Transformazio prozesu etengabe honen baitan, orain artean zapaldu bako kokalekuetara eramango gaituzten praktika berrien bila.

      Arakatzeari ekin diogu, beraz. Eta arakatzea zer da? Esploratzea, miatzea, aztertzea, analizatzea... Inpultsua hartzeko bidean pausatxo bat egitea da arakatzea. Elkarrekin eseri eta pentsatzea. Kuestionatzea. Eztabaidatzea. Arakatzea barrura begira jartzea da; nork bere buruari, nik zuri eta zuk niri, guk haiei eta haiek guri... Barrura begiratu eta geure argiguneen eta ilunpeen artean haztamuka ibiltzea da arakatzea. Deseroso sentitzea. Eta deserosotasun horiekin guztiekin zer egin erabakitzea.

      Araka ditzagun, ba, gure bazterrak; gure ertzak, gure izkinak, gure mugak... Bazter partikularrak eta bazter konpartituak; bazter ezagunak zein ezezagunak; bazter kontraesankorrak; bazter gatazkatsuak... Araka ditzagun gure lagunarteak, militantzia esparruak, auzoak, herriak... Eta errepara diezaiegun, dagokigun ardurarekin, egunerokoan zeharkatzen gaituzten harreman kolonialei. Errepara diezaiegun gure praktika linguistikoei eta kulturalei.

      “Dekolonialitatean ere aditu bilakatu behar al zarete orain?” galdetuko digute, akaso, kolektibo arrazializatuetako kideek. Arrazoiarekin galdetu ere… “Irakurtzea ederto dago baina hausnartzen duzuen hori guztia lurreratzea da eskatzen dizueguna; praktika antiarrazistak abiatzea…”.

      Eta isildu egin beharko gara tartetxo batez. Eta mugitu, arakatzen segi; gure bazter miresgarriak eta ez hain miresgarriak… Gure bazter pribilegiatuak. Isildu, arakatu eta entzun; bazter-horma batetik bestera joan etorrian dabiltzan berben sakoneko esanahiak, arrastoak, oihartzunak… Bazter, bazter, bazter, bazter...

 

* * *

 

      Baztertzaile, baztertu, bazterreko, baztergile, bazterzaleak gara gu... Bazterrak lotu nahi ditugu, bazterren erdigune bat. Erdigune bat erdibitu gabea. Erdibituko diren bideez osatutako zirkuitu bat. Gu gara tarteka gu eta tarteka hura, gure barruetako lanbroaren ura, gura zein ez gura, gure egiten dugu ardura, bakea dirudien guda, hauteman daitekeen helmuga, badator, heldu da, duda, duda, duda...

      Kaleidoskopio bat mugimenduan. Elkartzen gara borroka batean edo elkartzen gaitu kondizio batek, eta ukitzen ditugu elkarren ertzak. Batzuetan gertuago, bestetan urrunago, batzuetan gardenago, bestetan lausoago, zailago, ikusezinago, korapilatsuago, ago, ago, ago.. Nago ezin dugula dena ikusi, eta horregatik begiratzen dugula denera. Besteak ikusten saiatzeko, entzuteko, sentitzeko, ulertzeko, indarrak batzeko, elkarrekin sortzeko eko, eko, eko... Ekografia bat gurea, gutako bakoitzaren barrenena, guk osatzen dugun taldearena.

      Mugimendu bat baikara. Mugitu gaituzte, mugitzen gaituzte, mugitu gara, mugitzen ari gara, ez gaude geldi, ez gara geldituko, ez gaituzte geldituko, uko, uko, uko. Ukorik ez garenari, ukorik ez, ez garenari. Aurrera egiteko atzera begiratu behar bada, ahal dugula behintzat, 360 gradutan begiratuko dugu, zirkulu baten forman. Borobilak ez duelako ertzik, ertz asko dituztelako norbere egia borobilek. Bizitza zirkularra bada, gure borroka biribila, bila, bila, bila...

      Bila jarraitzen dugu, ikasten eta desikasten, hazten…

 

* * *

 

      Ez gatoz azpirago nor dagoen neurtzera, azpiak astintzera baino. Zapaldu eta zapaltzaile mugez harago begiratu nahi dugu. Elkarrekin bizi gara, elkarrena bizi dugu eta eskuz esku egin nahi dugu bidea. Emantzipaziorako bidean zu eta ni, gu eta haiek, bera eta gu. Ez gara zapalduenez ari, zapalkuntzez ari gara, gu guztion eta gutako bakoitzaren zapalkuntzez.

            1 ahotsa: Ez gara zapaldu bakarrak

            2 ahotsa: Ez dira zapalduak bakarrik

            1 ahotsa: Ez dira zapaldu bakarrak

            2 ahotsa: Ez gara zapalduak bakarrik

      Elkar entzun eta elkarrekin ekin. Sinesmenetan, ekintzetan, taldeetan, inguruetan, garenean arakatu nahi dugu eta gu ez garen horiei entzun. Egon eta egin. Pentsatu eta gertatu. Irudikatu eta gauzatu. Egitera, gertaraztera eta gauzatzera gatoz. Teoriatik praktikara dagoen bidean belztu nahi ditugu oinpeak. Identitate desberdinen ahotsak eta bizipenak elkarlotu nahi ditugu. Burujabetza feministarako bidean elkartu egin nahi dugu, berrantolatu, birkokatu eta aliantza berriak sortzeko prestatu.

      Arakatu eta astinduko ditugu gure bazterrak, eta lanbroa argitu ahala aurkituko ditugu bide eta bidaiakide berriak. Maite ditugulako maite gure bazterrak eta ezagutzeko ditugun beste guztiak.

 

 

      Gure arrazakeriaren itzalek, feminismo dekolonialen oihartzunek eta hizkuntza-gatazkaren zauriek azken urte luzean askotariko guneetan (jardunaldietan, elkarguneetan, bileretan, iritzi-zutabeetan, elkarrizketa publiko zein pertsonaletan, eta abarretan) sorturiko kezkez eta ardurez blaiturik heldu ginen topaketa feministetara. Ezinegon eta talka horiek elkarrekin ˝abartzeko ez ezik, azkura horiek energia eraginkor bilakatzeko asmoz sortu genuen gogoetagune hori, geure pentsamendu zein estrategia birkokatzeko eta birpentsatzeko lehen urrats gisa, burujabetza feministaranzko bidean antiarrazakeria ere ardatz iraunkor nola bihur dezakegun irudikatzeko, pausoz pauso.

      Emakume* Abertzaleen VIII. Topaketa Feministetako plaza (presentziala zein birtuala) gogoeta-ibilbidean beste geltoki bat baino ez zen izan, ordura arte bildutako ekarpenak zein hausnarketak pausatzeko eta partekatzeko aukera eman ziguna, baita beste bilgunekide edota sarekide batzuen iritziak zein inpresioak jasotzeko aukera eman ere —ekarpen-sare horren oihartzunez josita dago liburuxka hau—.

      Topaketetan bi ahots-motari, bi ekarpen-motari egin nahi izan genien lekua. Batetik, gure ahots kolektiboari: hilabeteetan zehar topaketetako lantalde ideologikoak bildutako gogoetak eta diskurtsoak aurkeztu nahi genituen, ekarpen kolektibo hori izan zedin abiapuntu nagusi: ehbfren ahots kolektibo hori Amaia Zufiak ordezkatu zuen topaketetan. Gutasun horretan arakatzeko, Emagini eskatu genion emakume* abertzaleen edo abertzaletasunaren atzera begirakoa egiteko, betiere arrazakeriaren ardatz hori gogoan izanda, eta Iratxe Retolazak heldu zion arakatze horri.

      Bestetik, kanpoko ahots kolektiboei: kontuan izanik topaketen helburua ere bazela ikuspegi dekolonial batetik gutasuna birpentsatzea, gutasuna birkokatzea edo desplazatzea, funtsezkoa iruditu zitzaigun gutasun hertsi horretatik (emakume* abertzale feministatik) kanpoko ahots kolektibo batzuei leku egitea, eta jakina, ahots horiek bestelako arraza-kokapena izatea. Bi militante feminista gonbidatu genituen, kanpoko begirada eta ahots hori jaso ahal izateko: Pastora Filigrana, Red Antidiscriminatoria Gitana (RAG) elkarteko kidea, eta Sindicato Andaluz de Trabajadores y Trabajadoras (SAT) sindikatuko kidea; eta Ana Murcia, Garaipen kolektiboko kidea.

      Topaketetan plazaraturiko ahots horiek egituratzeko Amaia Zufiak aurkezturiko ehbfren hitz-hartzea hartuko dugu hezurdura nagusitzat, eta bertan txertatuko eta tartekatuko ditugu beste kide batzuek eginiko iruzkinak, ekarpenak zein hausnarketak.

 

 

[39]  Miren Amurizak eta Maite Berriozabalek 2020ko abenduaren 12ko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministetarako idatzitako testua.