Araka ditzagun gure bazterrak
Araka ditzagun gure bazterrak
2022, saiakera
168 orrialde
978-84-17051-87-7
editorea: Jule Goikoetxea
Emagin
 
2018, saiakera
Euskal Herriko Bilgune Feminista
 
 

 

2.1.
Gure kontraesanez
lokaztutako bazterrak

 

      Bizitako haustura-une horietan barrena egingo dugun ibilbidea lehen aipatutako Angela Davisek 2016an Euskal Herrian egindako bisitatik abiatuko dugu. ehbfko kideok ipesek[9] eta Ipar Hegoak[10] antolatutako hainbat jardunalditan parte hartzeko aukera izan genuen, eta indarrez eta emozioz bete gintuen mahai-inguru batean gure hausnarketak konpartitzeak, baita Angela Davisenak zuzenean jasotzeak ere. Burujabetza feministaz, nazio-eraikuntzaz, subjektu politikoez eta espetxeen abolizioaz aritu ginen ordukoan, eta Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea liburua euskarara ekarri berria izanda, zapalkuntza hirukoitzaren gogoetan sakonduz “euskaldunak Europako beltzak” garela esatera ausartu ginen beste behin. Izan ere, beltzen kontrako arrazakeria, gure herriaren kontrako zapalkuntzarekin alderatzeko joera ez da berria, badituelako antzekotasun batzuk: besteak beste, errepresioa, espetxea, muntaia polizialak, eta kultur adierazpenen kontrako jazarpena. Eta antzekotasun horiek akuilu izanda, “black lives matter” leloa geurera ekarrita “basque lives matter” ere aldarrikatzera ausartu gara makroepaiketa jakin batzuetan.

      Tentuz ibili behar da, ordea, gauzak gehiegi sinplifikatzearekin, edo sortzen diren analogiekin. Izan ere, Europaren erdian kokatutako gure herri zapalduak baditu kolonialitatearen ajeak, nahiz eta historikoki borroka antikolonialak eta elkartasun internazionalista ezkerreko mugimenduen jardunaren ildo garrantzitsu izan diren. Ondorioz, egiturazko pribilegio-egoerek maiz itsutu egiten gaituzte, eta ikusezin egiten zaizkigu geure herri eta hirietan gertatzen diren diskriminazio-egoera ugari. Izan ere, egun harrigarria egiten zaigu une hartako publikoaren zuritasun orokortua, ordukoan kasik oharkabean bizi izan genuena. Hausnarketa hori kezkatzekoa bada ere, izan bada geure posizioa mugitu izanaren adierazle. Itsutze hori arrakalatzeko ariketa kolektiboa egiten ari gara, biolentzia arrazista argi izendatzen has gaitezen, eta bortxa hori ahalbidetzen duen isiltasunaz eta pasibitateaz beste egiteko.

      Angela Davisekin izandako solasaldiak, beraz, askotariko zapalkuntzez aritzeko parada izateaz gain, gurean, arrazakeriaren eta dekolonialitatearen inguruan ditugun erronkez jabetzeko lorratzak ere eman zizkigun, gure zuritasuna agerian utzi ondoren. Angela Davisen bisitaren ostean Kattalin Minerrek Berrian idatzitako “Ez gara beltzak” artikulua ezin argigarriagoa izan zen, une hartan bizitako klak edo haustura-une bat irudikatzen baitu guretzat ere:

 

      Emakume asko Davisen bueltan, baina bada detaile bat zeharo harritu nauena eta kontua da beltzik ez dudala inon ikusi. Pentsa genezake ez dagoela beltzik gure artean. Baina egia dena da badagoela beltz feminista, latina feminista, eta mila koloretako emakume feminista pila Euskal Herrian. Are gehiago, emakume arrazializatu feminista eta euskaltzaleak badaudela, kartzela ezagutzen dutenak, eta asko independentistak gainera. Agian ahaztu egin zitzaigun haien ekarpena zein izan zitekeen. Hortaz, dirudienez, Angela gure laguna da bai, baina lagun beltz gutxi dugu akaso, militatzeko, dantzara elkarrekin joateko.

      Pentsatu dut izan litekeela beltz hori gurean euskaldun horrekin aldatu dugulako. Alegia, gure belztasuna nazio zapalkuntza eta hizkuntza gutxituarekin ordezkatu dugula.

      Baina hala ere ez dakit ni neu ote naizen, baina kontuz ibili behar genukeela uste dut alderaketa horiekin; izan ere, bistaratzen baitzait euskalduna bere horretan oso zuria dela oraindik. Garela. Zuriegia eta europarra beltza eta hegoaldekoa izateak pisu handiegia duen mundu batean. Balio diezagula, hortaz, Davisen bisitaren ajeak geure buruei bistazo bat eman eta gure zuritasuna, gizontasuna eta klase-ertain heterosexualtasuna errebisatzeko behintzat. (Berria, 2016-02-12).

 

      Klak gehiago behar izan ditugu, ibilian-ibilian, gure posizioaren konplexutasunaz jabetzeko eta helburu horrekin 2021eko udaberrian, Emaginen eskutik Ziordian antolaturiko formakuntza asteburuan,[11] “Noiz konturatu zinen zuria zarela?” galdera luzatu genien bilgunekideei. Une horretan bizitako klak ugari edo kontzientzia-hartze une ugari jaso genituen, eta gutako askok atzerrira egindako bidaietan bizitakoez hitz egin genuen. Desberdina izate hutsak eragindako deserosotasuna aipatu zuten askok, haserrea eta nekea eragin zizkiela, nahiz eta jakin mespretxurik edo gutxiespenik gabeko “desberdintasuna” zela.

 

      Egona nintzen Dominikar Errepublika, Guatemala eta Kolonbian eta guztietan turista europar zuria nintzen bertakoentzat. Atseginak eta adeitsuak ziren nirekin; gutxi-asko Kuba ezberdina da, ordea; lehendabizikoz esplizitatzen zen turista zuriok desberdin tratatzen gintuztela bertakoen moneta ezberdindu batekin eta prezio altuagoekin. Haserretu egin ninduen horrek, lapurtzen ari zirela sentitzen nuen. Zergatik ordaindu behar dut nik gehiago? Euskal Herrira itzuli eta lagun kubatar bati kontatu nion esperientzia: “¿Qué te crees? Kubatarrek hala jarduten dute ahaldunduta daudelako”, erantzun zidan. Euren herria saltzen ez dutelako... Klak! Erresistentzia eta justizia sozialerako neurri bat zena nik diskriminazio gisa ulertu nuen.

 

      Bestalde, gutako askok hartu dugu parte Askapenaren brigada internazionalistetan, internazionalismoa eta herri zapalduen arteko elkartasuna borroka-lerro garrantzitsu izan baitira gure mugimenduan. Eta Erasmus bekarekin nahiz gkeen eskutik bidaiatu duenik ere bada. Han ikusitakoek klak ugari utzi dituzte gugan.

 

      Julieta Paredes feminista komunitarioarekin solasaldia izan genuen eta nahiko modu zuzenean azaleratu zigun ez zela eroso sentitzen feminista europar zuriekin hitz egiten. Gure feminismoak ez zituela haiek ordezkatzen. Momentu horretan ez genuen ulertzen esan nahi ziguna, guk euskaldun zapaldutzat genuen geure burua eta azaldu nahi genion gu ez ginela besteak bezalakoak. Egun hartan amorruz atera ginen eta amorru horrek luze iraun zidan. Gerora ulertu nituen bere hitzak eta begiak ireki zizkidan. Brigada guztian zehar ere interpelatuak izan ginen.

 

* * *

 

      Benetan ikaspen handiak bizi izan nituen, lehen aldiz pribilegio zuriari buruz hitz egin zidaten. Mendebaldeko mundu-ikuskera hegemonikoa… Eta horren aurrean Bolivian garatutako prozesu emantzipatzailea ezagutu genuen (hizkuntza, justizia, gobernua…). Bestelako kosmobisioak ezagutu genituen (aimarak kasu).

 

* * *

 

      Bahiako Salvadorreko (Brasil) ospitalean lanean ari nintzela lankide espainiar bat kexaka ari zen bertako “antolakuntza faltaz”. Higiene falta, puntualtasun falta, gelditasuna, desordena… Ez zuela ulertzen horrela nola funtziona zezaketen. Bertako brasildar batek isilik entzun zuen guztia eta amaitzean hauxe bota zion:

      “Hona etorri zineten duela urte batzuk bertako kultura, funtzionatzeko era… dena, suntsitu eta desagertzeraino. Afrikatik ekarri gintuzuen esklabo eta gure sinesmen, jakinduria eta ohitura guztiak zigortu zenituzten. Dena hankaz gora jarri diguzue eta orain hona kexatzera eta gauzak nola egin azaltzera etorri behar duzue?”. Lekuz kanpo eta lotsatuta sentitu nintzen eta han zer egiten nuen galdetu nion neure buruari. Momentu batzuetan izandako “superioritate moralaz” eta “aitakeriaz” jabetu nintzen.

 

* * *

 

      Txikitan ahizparen Mekaguen el kinto centenario kamiseta oso gogoan izan dut. Baita kanpaina horretan aldarrikatzen zen mezua ere. Gaztetan, unibertsitatearekin Hego Amerikara bizitzera joateko aukera izan nuen sei hilabetez. Hantxe lagunak egin nituen eta halako batean, parranda giroan, abesti bat jarri zuten. Abestiak (ez dut letra zehazki oroitzen), horrelako zerbait esaten zuen. “Kolonizadoreak alde hemendik! ¡Antes venían en carabelas, ahora en aviones!”. Nolabait kolonizazioak jarraitzen zuela esaten zuen. Estribilloa nahiko pegadizoa zen eta nire bi lagun ni seinalatzen hasi ziren zuria eta europeíta izateagatik. Momentuan nahiko gaizki sentitu nintzen, baina klak egin zidan buruak. Ni zapaltzaile zuri pribilegiodun izango nintzelako?

 

      Aske bidaiatzeko dugun pribilegio mendebaldar eta europar hori zalantzan jartzeko ariketa ere izan dira halako esperientziak.

      Hain urrutira joan gabe ere jaso ditugu interpelazioak Euskal Herrian bertan, kide feminista ugariren eskutik. emmko koordinazio-gunean askotarikoak izan dira bilgunekideok bizitako klak-uneak. emmko plataformak garrantzi berezia izan du guretzat ikuspegi dekolonialaren inguruan hausnartzeko. Errealitate eta jatorri askotariko emakumeekin* eskuz esku jarduteko aukera eman baitigu eta jarduera horretan, gure usteak, barneratutako aurreiritziak eta egiteko moduak ezbaian jarri eta errebisatzeko ateak ireki baitizkigu. Izan ere, ikusi dugu ekimenak antolatu eta garatzeko ditugun moduak, kulturalki jaso dugun produktibotasunaren ideiak erabat zeharkatzen dituela. Eta ohartu gara espazio feminista desberdinetan ere geure jarduteko moduak ezbaian jarri gabe horiek inposatzeko joera dugula:

 

      Munduko Emakumeak elkarteko kide batek emmko balorazio-bilera batean eginiko hitz-hartzea datorkit burura. Hartan bere sentipenak eta ezinegonak partekatu zituen. emmn aniztasuna zein intersekzionalitatea teoriatik praktikara eramateko beharra azaleratu zuen eta emmko barne-funtzionamendua eraldatu eta ildo estrategikotzat patriarkatua gainditzeaz gain, kolonialismoa, inperialismoa lantzeko beharraz aritu zen. Gainera, militantzia feministan kide berriek parte hartzea nahi bagenuen erritmo desberdinak, egiteko modu desberdinak lantzera gonbidatu gintuen, eta emakume* arrazializatuekiko tutoretzarik gabeko jardun feminista garatzeko beharraz hitz egin zigun. Bere eskuz idatzitako testua irakurri zigun orduko emmko koordinazio lantaldeko kideei. Bizkaiko Emakumeen Asanbladako lokalean izan zen. Maitasunez eginiko interpelazio-zuzenketa garratza egin zitzaidan. Aldaketa bat, klik bat eragin zidana, ziguna.

 

* * *

 

      2015ean Alternatiben Herrian eginiko argazki-erakusketa baten balorazioa. 2015eko Mundu Martxako karabanaren harira hala esan zigun kide arrazializatu batek. “Zergatik ez da azal kolore hau agertzen erakusketako argazkietan?” (bere azal kolore beltza seinalatu zuen). Esanahi sakoneko keinu soila izan zen, eta interpelatzeko moduak berak klak egin zidan.

 

      emmren dinamiketan, gure erreferentzietan ikusgarriak eta ikusezinak nortzuk diren susmatzen hasi ginen, beraz. Eta susmoak ebidentzia bihurtu ziren 2019ko udaberrian, María Reimóndez eta Ana Murciarekin, Azkoitian eginiko formakuntza-asteburuan.

 

      Zenbat feminista ez zuri eta ez europar ezagutzen genituen galdetu ziguten, eta denon artean (20 kide baino gehiago ginen) ez ginen heldu 10 izen esatera ere.

 

* * *

 

      Zenbait aktibista idazle eta militante feministaren aurpegiak pasatu zizkiguten argazkietan eta bakarrik zuriak zirenak ezagutzen nituen. Hor konturatu nintzen “nire genealogia” feminista ordura arte erabat zuria izan zela. Umiltasunezko posizio batera mugitzeko beharra sentitu nuen eta, aldi berean, iruditeria eta erreferenteen eremua zabaltzeko gogoa piztu zitzaidan. Asko eskertu nuen María eta Anaren jarrera. Eredugarria iruditu zitzaidan eta askotan etortzen zaizkit burura. Nagusitasuna eraisten denean geratzen den zaurgarritasuna jasotzen lagundu ziguten.

 

* * *

 

      Dena den, gure herrian mugarria izan zen klak kolektibo bat aipatzekotan ezinbestean Durangoko “Salda Badago”[12] jardunaldietan dekolonialitatearen mahaiaren bueltan sortutako azkura aipatu behar dugu. Kolektibo feminista desberdinetako emakume* arrazializatu eta migratzaileek osatutako mahaitik zuzenean interpelatu gintuzten bertan ginen emakume* zuri feministok. Publikoaren erreakzioak ere zeresana eragin zuen eta inor gutxi atera zen hotz mahai-inguru hartatik:

 

      Zuri emakumeon* pribilegioak interpelatuak izan ziren eta zuri emakumeok* zurrunbilo batekin atera ginen. Batetik interpelazioa barneratzea gogorra izan zen. Gerora, eskertzekoa eta sentsazio kolektiboa izan zela ikusteak aldaketarako itxaropena piztu zidan.

 

* * *

 

      2019an “Salda Badago” jardunaldietako koordinadoran parte hartu nuen eta emakume* migratzaileekin elkarlana konpartitu dudan lehenengo espazioa izan zen. Erreferentzia berriak jaso nituen. Luciana, Cony… Dekolonialitateko mahaiko eztabaidak, erantzunak, eraso arrazistaren berri izateak, zerbait hautsi zitzaidan bihotzean. Krak! Ordutik mantendu ditudan harremanei garrantzi handia ematen diet. Asko begiratu eta entzuten ditut.

 

* * *

 

      Durango. Korapilo nagusia gure mundu-ikuskera mendebaldarra, gure kultura, gure egiteko moduak, erritmoak… markatu nahi izatea geroz eta anitzagoa den euskal gizartean. Dauzkagun pribilegioen kontzientzia hartzea, baina benetan prest gaude hauek kuestionatu edo zalantzan jartzeko? Zapalduak ere bagara, baina gizonei eskatzen diegun ariketa, pribilegioak uztea, paraleloki egin behar dugu geuk beste arlo batzuetan…

 

* * *

 

      Nolabaiteko analogia egin daiteke gizonak aterki feministaren azpian sartu nahi direnean. Batzuetan agian intentzio onez, baina askotan kontzientzia barik. “Ez da nahikoa feminismoaren bandera hartzea” esaten diet edo diegu, eta nik nire baitan, eszena horren harira “aplícate el cuento” pentsatu nuen.

 

* * *

 

      Mahai dekolonialeko hitz-hartzeetako tonua nahiko bortitza egin zitzaidan, mina sumatu nuen, eta gu ginela min horren erantzule neurri batean. Kostatu egin zitzaidan jasotzea eta oso galduta sentitu nintzen momentuan... Ondoren, publikotik hitza hartu zuen emakume* batek etengabe errepikatzen zuen “aquí en España” eta hango jendearen artean zeuden bestelako minak bat-batean lehertuko zirela sumatu nuen. Oso urduri jarri ninduen egoera hark. Ondorengo hitz-hartzean Euskal Herriaren zapalkuntza mahai gainean jarri nahi izan zuen beste emakume* batek publikotik eta eztanda egin zuen denak. Oso une gogorra izan zen ordukoa. Uste dut entzutea tokatzen zitzaigula momentu horretan, mahaitik esan zigutena jaso behar genuela lehendabizi…

 

* * *

 

      Interpelatzeko tonuak deseroso sentiarazi ninduen. Gerora pentsatu izan dut, gauza batzuk haserre esatea beste erremediorik ez dagoela, eta gogoeta egin dut zeini baimentzen zaion tonu zehatz batzuetan hitz egitea eta zeini ez… Eta agian, tonua baino, deseroso sentiarazi ninduena, entzundakoa izan zela pentsatu nuen.

 

* * *

 

      Mahai dekolonialaren hurrengo egunean Bilguneko kideok Mujeres del Mundoko[13] emakumeekin* egiten ari ginen prozesuaren 2. tailerra egin behar genuen. Mahaitik jasotakoaren ondoren kezka, beldur eta zalantzaz beteta nengoen. Zer zilegitasun genuen halako tailer baten dinamizazioan aritzeko? Tailerra baino lehen, Mujeres del Mundoko kideekin elkartu ginen eta oso mugituta geunden denok… Gure egonezinak haiekin emandako besarkada kolektibo goxo batean askatu genituen. Une hunkigarria izan zen. Ondoren, tailerrera ehbfren sareko emakume* ugari hurbildu ziren, eta aurreko egunekoak eragindako kezkak eta ardurak sentitu nituen haiengan. Klak egin zidan buruak, eta egiten ari ginenak bazuela zentzua pentsatu nuen. Bilgunekideon artean dekolonialitatearen inguruko ikuspegia lantzeko ardura eta nahia sumatu nituen bertan.

 

      Durangoko jardunaldietan dekolonialitatearen mahaiak eragindako zurrunbiloak garbi utzi zigun ikuspegi dekoloniala lantzea ariketa konplexua dela Euskal Herriko ikuspegitik. Izan ere, Europan bertan kulturalki zapaldutako herria da gurea, historian zehar sarraskiak, errepresioa eta inposaketak jasan dituena. Egun gaztelaniak eta frantsesak Euskal Herrian duten nagusitasuna herri-zapalkuntza horren beste elementu bat da. Erraz ahazten duguna sarri, eta bigarren mailako borrokatzat ere jo izan dena bestelako gatazka batzuk erdigunean daudenean. Eta jardunaldien ondoren halaxe argitaratu zuten Nafarroako landa-eremuko talde feministen artean “Hizkuntza kolonialean dekolonizatzen ahal gara?”[14] galdera buru zuen iritzi-artikulua. Bertan diotenez, “hizkuntzak, bertze gauzen artean, mundua ikusteko modu bat ematen digu”, eta ehbfk feminismoa euskaraz egiten daramatzan 20 urteetan, mundua ikusteko modu hori euskal feminismora ekartzeko ahalegina egin du. Xuxurlariak, itzulpen-zerbitzuak, euskara erdigunera ekartzeko saiakerak… Pixkanaka bidea egiten goaz, baina handiak dira zailtasunak, bereziki gaztelania eta frantsesa bezalako hizkuntza hegemonikoak aurrez aurre ditugunean, etengabe euskarari lekua kentzen, euskal hiztunak baztertzen. Izan ere, badirudi gure herrian gaztelaniak edo frantsesak hartzen duten tokia “berezkoa” dela eta euskarak hartzen duena, aldiz, “emandakoa”. Erakundeetatik egiten diren hizkuntza-politikek ere ikuspegi hori indartzen dute, eta ondorioz, iritzi-artikuluan dioten bezala, euskaraz aritzea bera ekintza feminista bat dela uste dugu. Jakin badakigu euskaraz mundu-ikuskera matxistak eta patriarkalak ere garatu direla eta, hortaz, euskarazko mundu-ikuskera horiek ere feminismotik berrizendatu eta deseraiki behar ditugula. Baina jakin badakigu globalizazioak eta neoliberalismoak estatu-hizkuntza bakarra eta ingelesaren hegemonia sustatzen dituztela, bestelako hizkuntza-komunitateak azpiratuz, eta hala izanik, feminismo antikapitalista eta ekologista batek hizkuntza ekologia ere ardatz nagusi izan behar lukeela, lekuan lekuko hizkuntzekiko eta kulturekiko zaintza bere aldarri nagusi eginez.

      Baina, zoritxarrez, oraindik lanak ditugu hori ulertarazteko, eta ondorioz, noiznahi zabaltzen zaizkigu zauriak auzi honen harira. Hizkuntza komunikazio-tresna garrantzitsua da aliantzak lantzeko ere, eta herritar asko ez dira herri honetan historikoki gauzatu den gaztelaniaren nahiz frantsesaren inposaketaren jakitun. Beraz, zalantzarik gabe, ondo kudeatu beharreko auzia dugu hizkuntzarena:

 

      Euskal herriko emakume* feminista arrazializatu batzuen elkarrizketa irakurri nuen Berrian eta euskararekiko duten bizipenak beldurra eman zidan. Inoiz ez nuen pentsatu euskara pribilegio moduan eta bazterketarako zerbait bezala ikus zitekeenik, eta horrek min eman zidan. Euskalgintzan dugun erronka handia dela ikusarazi zidan. Handia eta urgentea!

 

* * *

 

      2018ko greba feministaren mahai-inguru bat antolatu genuen herrian. Ezagutzen genituen kide arrazializatu batzuk gonbidatu genituen bertan parte hartzera. Mahai-inguruko kide gehienek beren hitz-hartzea euskaraz egin zuten, saioa hasi baino lehenago adostu bezala. Kide arrazializatu baten txanda iritsi zenean, euskaraz aritu izanaz kexatu zen, eta horregatik diskriminatuta zegoela esan zuen. Publikoan zeuden emakume* nagusi euskaldun batzuk “Hau Euskal Herria da!” oihuka hasi ziren, eta liskarra sortu zen ehundaka pertsona begira zeudela. Momentu horri eustea oso zaila egin zitzaigun, eta arraza vs hizkuntza dikotomia perbertsoan erori zen kasu askotan eztabaida. Ordutik aurrera hizkuntzaren kudeaketa tentu handiagoz zaintzeko ohitura hartu genuen.

 

      Hizkuntzaren zapalkuntzarekin batera, gure herrian, errepresioa, inposizioa eta indarkeria mendeetan hedatu dira, eta euskaldunen inguruko askotariko imajinarioak sortu dira errepresio hori zilegiztatzeko, baita euskal emakume* disidenteen kontrako imajinario berezituak ere. Lancre inkisidoreak hauxe zioen euskal emakumeez*: Evak bezala debekatutako sagarrak jaten genituela, eta, hortaz, bekatariak ginela. xvi. eta xvii. mendeetan Zugarramurdi eta inguruko bailaretan, sorginkeriaren akusaziopean, hirurehun herritar baino gehiago auzipetu zituzten, eta horietako asko sutan erre zituzten. Mende batzuk beranduago deitu gaituzte sorginak, Nekaneak, komandoko putak, basandereak...

      Eta egun oraindik ezezaguna zaigu gure herriaren historia bera. Ez da eskolako Historia liburuetan agertzen, memoria-ariketa oso bat dugu egiteko, gure herrian egon diren zapalkuntzak eta paktu patriarkalak berrikusteko.

      Halako saiakera bat izan ziren Katakraken antolaturiko sorgin ehizaren inguruko jardunaldiak[15], baina jardunaldiok haustura-une deserosoak eragin zituzten han izandako batzuengan, arrazoi hauek eraginda: Espainiako estatuaren markoan kokatuta egoteak, Euskal Herriaren eta Herrialde Katalanen aitortza faltak, eta Zugarramurdiko museora egindako bisitan bizitakoek. Eta gertatutakoak eragindako egonezina helarazteko idatzi bat egin zuten ehbfko hainbat kidek antolatzaileei zuzenduta:

 

      Ostiralean hasita, asteburuan zehar sentsazio bat konpartitu genuen: Iruñean egon arren, gure izaera, gure begirada eta gure hitza ezkutatutako errealitate bat bilakatu ziren. Euskara anekdota izan zen, bigarren mailako zerbait. Baina nola hitz egin dezakegu sorgin ehizaz euskara kontuan hartu gabe?

      Sorginen ehizaren biktima izan ziren emakume* guztien memoria berreskuratzeko kanpaina globala abiatzea zen topaketaren helburuetako bat; gure kezka hauxe da, ordea: globalean pentsatzen ari gara bertako errealitatearen beharrak, testuingurua eta kosmobisioa kontuan hartu gabe?

 

* * *

 

      Zugarramurdira egindako bisita zela eta bertako feministekin harremanetan jarri ote ziren kezkatuta geunden. Gure logika eta ezjakintasunari jarraiki, imajinatu genuen Zugarramurdiko museoa upnko gizon talde batek kudeatzen zuela eta bertako feministekin batera “hainbat gauza” esatera gindoazela. Museoaren aretora sartu ginenean, herriko jendea bazegoela konturatu ginen. Horrek hasieran pixka bat lasaitu arren, berehala konturatu ginen haserrea eta mina aretoan senti zitezkeela. Antolatzaileek manifestu bat irakurri zuten, gaztelaniaz, museoaren edukiari buruzko hainbat gauza hobe zitezkeela defendatzeko. Bertako langile eta feministek orduan sentitutako mina eta ezinegona azaldu ziguten, hamarkadak daramatzatelako herriko memoriaren eraikuntzan lanean, auzolanean. Zugarramurdiri buruz aritu ginen bertako feministekin harremanetan jarri gabe, eta mendeetan pairatutako min, jazarpen eta borroka guztiei aitortzarik egin gabe.

 

      Gure arbasoei begirada feminista bat eman eta memoria eraikitzea egiteko dugu, beraz. Bide horri ekiteko interesgarria izan zen 2017an Lorena Cabnal, Lolita Chávez eta Vicky Fernández Ertamerikako osatzaileengandik jasotako ikuspegia, Eginon egin genuen egonaldian[16]. Kosmogonia desberdinez aritu ginen eurekin solasean. Errituak, sinboloak, eta gure arbasoen eta historiaren ezagutzan murgiltzera gonbidatu gintuzten:

 

      Mina lagun: Osatze egonaldia Eginon (2017an). Sanadorek egin ziguten gonbidapena, hemen historikoki garatu zen patriarkatua aztertzeko, Euskal Herrian dabilen menderakuntza-sistema izendatzeko, eta gure kosmogoniak arakatzeko. Ezjakintasun handia nuela konturatu nintzen; arbasoen arbela oso zabala, kontraesankorra eta korapilatsua delako. Ze (ez) den Gu hori oso konplexua dela eta baita mingarria ere adierazi edo ikusterakoan. Aldi berean, osatzeko beharrezkoa, eta zauriak sendatzeko lagungarria. Askatzailea eta gu berri baterako itxaropena.

 

      Gure herriaren historian zehar, badira konkistatzaileak eta esklaboen trafikoan aritutako garaiko “heroi” izendatutakoak. Zoritxarrez, horien oroimena gordetzen da oraindik herri askotako estatuetan edo errituetan. Espainiako erreinuaren kolonizazio-prozesuetan erantzukizun zuzena izan zutenak eta gerora ere Abya Yalako prozesu militar ugaritan esku-hartze inportantea izan zutenak.

      Bestetik, Euskal Herriko mugimendu ezkertiarrek borroka antikolonialistei elkartasuna adierazi izan diete historian zehar, Espainiako nahiz Frantziako estatuetako asimilazioaren kontrako borrokan kokatuta. Errepresioa eta espetxea herritar askoren eguneroko ogi izan dira eta mugimendu feministan asko gara hori guztia geure azalean bizi izan dugunak. Ondorioz, espazio feminista desberdinetan, gure herriaren aitortza faltak, edo ezezagutzak harritu eta kezkatu ere egin gaitu:

 

      Emakumeen Mundu Martxan nazioarteko ekintzaren markoan, 2018ko uda aurrenean formazio-jardunaldi batzuk antolatu genituen. Momentu horretan ni liberatuta nengoen emmn eta talde-dinamizatzailean teoria dekolonialen inguruko ahotsak eta eztabaidak entzutea beharrezkoa iruditu zitzaigun. Aura Cumes, Karina Ochoa eta Edu Uzgun izan ziren ponenteak. Momentu hori izan zen teoria dekolonialaren eta nazio-zapalkuntzaren arteko harreman konplikatuaz jabetu nintzen lehen aldia; izan ere, beraientzat gu espainol konkistatzaileak ginen.

 

* * *

 

      Mujeres del Mundorekin egindako esperientzia-trukean denbora-lerroa egin genuen: bertan gure nazioa, arraza, edo ideiengatik pairatutako zapalkuntzak aipatu genituen. Kide batek kontatu zituen bere militantzia abertzaleagatik jasandako atxiloketa, torturak eta espetxeratzea, baita beste hainbat kiderenak ere. Gogoratzen dut emakume* arrazializatu batzuek ez zekitela Euskal Herrian hori gertatzen zenik. Alegia, polizia kontrola, gutako askoren militantzia arrisku-egoera bat izan dela, haientzat atzerritartasuna delitua den era berean. “Nola, baina zuen poliziak egiten dizue hori?” galdetu zuen, eta hala erantzun zioten “Ez, eske, ez da gure polizia, guk ez dugu poliziarik nahi! Zuek bezala”. Klak! Horrek batzen gaitu.

 

      Errepresioak gutako asko kolpatu gaitu, batzuk espetxeratzeraino. Esperientzia horrek norberaren baitan eragiten dituen klak-ek anitzak eta asko behar dute izan, derrigor.

 

      Intersekzionalitatearen gorpuztea. Espetxean, jatorri anitzeko emakumeak* zeuden. Niri (eppk-ko kideari) klase ertaineko zuri europarra izateak hainbat abantaila ekarri zizkidan. Giltzari asko, arrazializatuak, lesbianak, gorputz ez-normatiboak, emakumeak* ziren. Horrek barne-gatazka eragin zidan. Zapalkuntzen gurutzaketaren konplexutasuna gorpuztuta zegoen han. Espetxeak zapalkuntza asko muturrera daramatza, gainera. Horien artean, arrazakeria. Oso agerikoa da. Ikaskuntza eta hazkuntzarako baliagarria izan zitzaidan. Bestelako kulturak, errealitateak, bizipenak jaso eta ezagutzeko aukera.

 

      Geruza horiek guztiak kontuan hartu beharrekoak dira eta, beraz, konplexutasunez bizi dugu ikuspegi dekolonialetik eta kritika dekolonialetik gure herriak bizitako zapalkuntza aztertzea eta teorizatzea. ehbfko eta Emagineko kideon artean “Araka ditzagun gure bazterrak” Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketak antolatzeko lantalde-ideologikoa eratu genuen, eta saiatu ginen gaia kokatzen. Ez genekien zein termino balia genezakeen konplexutasun hori ebazteko, Euskal Herriko azpiratze kultural eta politikoaz jarduteko, baina xvi. mendean kolonizaturiko lurraldeen egoerarekin huts-hutsean berdindu gabe (besteak beste, euskal lurraldeetako herritar ugari oraindik ere arpilatze- eta kolonizazio-prozesu haien onuradun ekonomiko garelako, bertako botere ekonomiko eta politikoek arpilatze haietatik eginiko negozioen ondorioz). Hainbat izendapen izan genituen buruan: barne-kolonialitatea, europar kolonialitatea, kolonialitate kulturala, lurraren okupazioa... Baina ez genuen topatu guztiz ase gintuenik. Bestelako kontzeptualizazio bat garatzeko premiaz ere hitz egin genuen. Horretan ginela, Iratzar Fundazioak[17] 2020ko abuztu bukaeran egindako “Euskal Herria dekoloniala” UEUko ikastaroan Ibai Atutxak proposatutako “basa” terminoaren inguruko gogoetak jaso genituen[18]. Oraindik sakontzeko eta ulertzeko dagoen kontzeptua izanda ere, argi izpi bat sumatu genuen orduan, geuk susmatzen genuena izendatzeko itsasargi bilakatu zitzaigun:

 

      Iruñeko Iratzarreko jardunaldietan Ibai Atutxaren hitz-hartzean “basa” kontzeptuaren proposamenak klak egin zidan. Nolabait korapilo bat askatzeko bidea iruditu zitzaidan. Euskal Herrian bizi dugun zapalkuntza kontzeptualizatzeko modu bat eta begirada dekolonialarekin uztartzeko aukera bat.

 

      Gure herrian bizi dugun zapalkuntza ikuspegi dekolonialarekin uztartzea garrantzitsua zaigun arren, ezin ditugu kolonialitateak gure herrian utzi dituen ajeak eta pribilegio-egoerak ahaztu. Zaintza-lanen aferan gako horiek nola azaleratzen diren ikusteak ezinegon ugari eragin izan dizkigu:

 

      Ezustean amamak hankako hezur bat apurtu eta erresidentzia batera joan behar izan zen bi hilabetez (hemen lehenengo klak bat etorri zen, langileen baldintzak zein ziren ikustean). Etxera joan zenean lan batzuk egiteko (amama dutxatu, labadora jarri, garbiketa orokorra egin) etxeko langile bat kontratatu zuten: emakume* migratzaile bat. Hainbestetan kanpotik hitz egin ostean ni eta nire familia gurpil horretan sartuak geundela konturatu nintzen. Horra hor klak erraldoia. Hori gutxi balitz, pandemia etorri, eta noski, amamaren seme-alabek lanera joan behar ez zutenez, etxeko lanetan jarduten zuen emakumea* kaleratzea erabaki zuten (konfinamenduak iraun bitarte). Nire lekua topatu ezinik geratu nintzen. Zer da nik feminista bezala egin behar nukeena? Lasaitu ninteke “baldintza onak” dituela sinistuta? Jai egunean jai hartzen duelako? Harremana egokia delako eta bere bizitzaz hitz egiteko aukera duelako? Zeinen zaila barrutik bizitzea. Kontraesanez eta mugez zeharo beteta sentitu nintzen.

      2018 eta 2019an, zaintzen greba deialdian, zaintzez kontziente egiten hasi nintzen eta konturatu nintzen nire inguruko emakumeek* zituzten zaintza-lanek zenbat eta zein forma zuten. Honetaz jabeturik, zaintza-lanak egiten dituzten emakume* migratzaileak egun horretan greba egiteko aukeratik zeharo urrun zeudela konturatu nintzen. Klak.

 

      Emagin elkartean ere ikerketa-lerro gisa lantzen dugu zaintzen gaia; ondorioz, harremana izan dugu etxeko langileen kolektibo zenbaitekin. Horren harira Trabajadoras No Domesticadas[19] elkarteko kideekin harremanetan jarri ginen eta jardunaldi batzuen dinamizazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu ziguten beste elkarteekin batera:

 

      Klak desberdinak izan nituen. Lehena, gonbidatu izan ez bagintuzten beharbada ez ginela joango. Zenbateraino lehenetsiko genukeen larunbat bat Bilbon pasatzea, etxeko langileen baldintzen inguruan hausnartzen? Ez dakit joango ginen edo ez. Bilgunekide bat ere etorri zen eta biok egon ginen bertan. Han gehienak etxeko langileak, arrazializatuak, eta migratutako emakumeak* ziren. Oso-oso gutxi ginen zuriak. Eta mahai-inguruko errepresentazioan eta publikoan zegoen zuri kopuruen desproportzioa ere handia zen. Horretaz gain, Euskal Herriko talde feminista aktiboetako oso jende gutxi zegoen, eta horrek ere atentzioa eman zidan. Ordezkaritza txikia zegoen, eta, gainera, oso gutxi hitz egin zen mugimendu feministan gaiak zuen tokiari buruz. Pixka bat kezkatuta gelditu nintzen. Asko aipatzen dugu etxeko langileen egoera zaurgarria baina, gero, haiek protagonista bihurtzen direnean, zenbateraino lehenesten dugun han egotea, entzuten egotea…

 

      Gauza bat eta beste, mundu paraleloetan bizi garen sentsazioaz jabetzen joan gara azken urteotan. Zaintza-lanetan gurutzatu gara sarri eta horrek lagundu digu ohartzen geure burbuila zuriaren dimentsioaz:

 

      2017an aitonaren heriotzaren urteurrena zela eta album bat egiten ari nintzen. Argazki haietako batek sekulako klak edo gatazka, egonezina eragin zidan barruan. Bertan 100 bat pertsona zuri agertzen gara etxeko patioan herri-bazkarietan jartzen diren moduko mahai luzeetan bazkaltzen, asko lastozko txanoak jantzita festa giroan. Patiora ematen duen etxeko balkoian bi emakume* nikaraguar agertzen dira, guri begira irribarre batekin, nire aitona-amonen zaintzaileak zirenak. Argazkia ikustean inoiz ez bezain zuri eta pribilegiatu sentitu nintzen, gu eta besteak inoiz baino argiago ikusi nuen argazki hari begiratu nionean. Hortxe hasi nintzen pentsatzen zaintza-lanen sistema nola irauli edo aldatu, nire barneko arrazakeria eta “gu-besteak” arteko distantzia hori nola ezabatu.

 

      Eta bestelako momentuetan ere, klak askok eragin digute burbuila zurian bizi garen kontzientzia hartzea:

 

      Emagin elkartetik egin genuen aurreko Lisipeko[20] prozesuan zenbait elkarrizketa egin genituen. Horietako bat Jeanne Roland-i egin genion eta gidoian honako galdera hau jaso eta zuzendu genion: “Zein dira Euskal Herrian emakume* beltzen gaineko estereotipoak?”. Oso erantzun azkarra izan zuen berak. Izan ere, guri zegokigun galdera bat egin genion hari: “Erantzun iezaiozue zuek” esan zigun. Orduan konturatu nintzen ikusten ez nituen errealitate asko zeudela, ez nuela ikusten emakume* beltzen egunerokoa, urrutikoa zela, ezezaguna. Eta gainera, nik egin behar nuen ariketa beste bati egiteko eskatzen ari ginela.

 

* * *

 

      Gasteizen Olarizuko etxe okupen desalojoaren aurrean izan genuen erantzun-erreakziorik ezak klak egin zidan. Errekaleor zabalagoa den proiektu bat bada ere (proiektu komunal osoa izatearen anbizioa baitu), ondo-ondoan dagoen auzo honetan jende arrazializatua bizi zen gehienbat. Pobrezia eta bazterketa egoera argian. Errekaleorren edozein desalojo mehatxuren aurrean egon den erantzuna eta Olarizuko kasuan eman zenaren arteko desberdintasunak zer pentsatu handia eman dit. Zergatik ez gara gai herri-mugimendutik (nigandik hasita) tamainako erantzuna emateko?

 

* * *

 

      Pandemia aurretik Lanbideko bulego batera joan behar izan nuen. Jendea, kalean bere hitzorduaren zain zegoen. Han ginenetatik % 90a baino gehiago pertsona arrazializatuak ziren. Burura etorri zitzaidan lehenengo galdera hauxe izan zen: “Joe! Non sartzen dira hauek guztiak?”, pentsatuz nire inguruan eta egunerokoan pertsona arrazializatuekin apenas dudala harremanik. Baina galderak honako hau izan behar zuen: “Non sartzen naiz ni, joe?”.

 

      Askotan, gure burbuila zuritik kanpora begiratzean, besteak homogeneizatzeko joera izan dugu. Ondorioz, arrazializatua den edonor migratzailetzat jotzen dugu eta horrek ere eguneroko errealitatea zein betaurreko kamutsekin begiratzen dugun uzten digu agerian:

 

      Legorreta ondoan dugun baserrian geunden. Asteburu pasa etorri zen gure lagun baten anaia gaztea eta hantxe zebilen hura ere jo eta ke gurekin lanean. Ondoko bidetik herriko gizon bat pasatu zen paseoan eta mutil gazte arrazializatua gurekin ikustean halaxe bota zigun: “Eta nondik ekarri duzue mutiko hau?”. Eta mutikoak berak zarauztar hizkera peto-petoan erantzun zuen: “Aizu, txo, ni hemengoa naiz, e? Zarauztarra”. Belarriko mina eman zidan “ekarri” aditz horrek berak ere...

 

      Burbuila zuriak lehertu eta gure jardunean eta bizitzetan ikuspegi dekoloniala txertatzeko argi dugu aliantzak behar ditugula. Unean unekoak badira ere. Elkarri entzun eta elkar ikusteko espazioak. Esperientzia konpartitzeko, biolentziak ikusarazteko eta aliantzak egiteko.

 

      Gasteizko emakume* arabiar batekin mintzalagun (arabiera-gaztelania/euskara) orduak egiten nituen. Mundu-ikuskera, ohitura, harremanak izateko era, kultura bizitzeko era, emakume* izateko era, gauzak ikusi, pentsatu eta egiteko era ezberdinegiek oztopatu egiten zuten bion harremanean laguntasun bat sortzea. Hor egin nuen bigarrenez klak, pentsatzean “ez dakit zer, noiz, nondik aldatu behar dudan, baina zerbait mugitu behar dut emakume* honekin aliantza sortzeko”.

 

* * *

 

      Hainbat urtetatik hona Pasaian hilabetean behin saio bat egiten da, eta normalean hilabete bakoitzean emakume* migratzaile batek bere herrialdeari buruzko aurkezpena egiten du. Bertan adin ezberdinetako emakumeok* parte hartzen dugu. Hasieran aurreiritzi asko zeuden eta aurkezpena egiten zuten emakumeek* komentario paternalistak eta kolonialistak entzun behar izan zituzten. Prozesuan aurrera egin ahala espazioa eraldatzen joan da, ordea, eta aldaketa ikusi da zenbaiten jarreretan. Sinergiak eta aliantzak sortzeko espazio bilakatzen ari da.

 

* * *

 

      Te-encuentroak antolatzen hasi ginen, jatorri desberdinetako emakumeen* artean bakoitzak bere errealitatetik aritzeko; egoera desberdinak azaltzen eta lanketa amankomunerako gakoak ematen aritu ginen. Zein gertu gauden eta zein urrun egiten dugun bizitza.

 

* * *

 

      2011. urteaz geroztik Donostiako transmarikabollo koordinadoran Garaipen[21], Medeak[22] eta ehgamekin[23] batera elkar ezagutzeko truke prozesu bat hasi genuen. Gogoan dut lehenengo harreman horietan honek harritu ninduela gehien: haientzat ildo estrategikoa koordinadora horretan sortzen zena zen. Eta ez, aldiz, mugimendu feministari begira osatzen zen koordinadora feministaren ingurukoa. Emakume* arrazializatu bollerak ezagutzea nire iruditegi estereotipatuan klak bat izan zen. Harremanetan sakontzen jarraitu genuen eta gero elkarrekin egin dugu parranda, dantza eta elkarren etxeetara joan gara bazkaltzera.

 

* * *

 

      Duela gutxi, herri euskaldun eta abertzale batera joan naiz bizitzera, eta gogoan dut lehen Martxoaren 8an bizi izan genuena. Denak emakume* zuriak, euskaldunak, gehienak gazteak, heteroak… Eta mugimendu feministan militatzen urteak eman eta gero arraro sentitu nintzen testuinguru hartan. Aniztasuna? Ikusgarritasuna? Ez nuen arrazializatutako kideekin konpartitu gabeko M8ko ospakizunik irudikatzen. Ez nuen borroka egun hura haiek gabe bizi nahi. Aliantza horien beharra barren-barrenean sentitu nuen.

 

      Prozesu kolektibo honetan galdera batek zeharkatu gaitu, askotariko moldeetan: “arrazista al naiz?”, “arrazista al gara?”. Galderak askotariko erantzunak eta ezinegonak jaso ditu. Hemen horietariko bat, askoren artekoa:

 

      “Arrazista al naiz?” galdera buruan dudala, erantzun hau datorkit: bai, arrazista naiz. Arrazista naiz, jaso ditudan tradizio, ikuspegi zein genealogietan arrazaren ikuspegia txertatzeko ariketarik ez baitut egin orain arte, eta neure egunerokoan ez baitut behar beste salatu egiturazko arrazismoa, ez baitut neure agenda politikoan behar beste txertatu antiarrazismoa… ez naiz behar beste asaldatzen eguneroko keinu arrazista txiki eta handiekin… eta, beraz, konplize naiz, konplize izan naiz… Eta hain zuzen ere, ariketa hori dut egiteko, konplize izatetik beste posizio batera desplazatu beharra, neure mundu-ikuskerak arrakalatuz, neure genealogia arrazistak birpentsatuz, neure agenda politikoa birdefinituz, neure egiteko moduak deseraikiz…

 

      Eta horrela, arrakalaz arrakala, zartatzez zartatze, klak bakoitza ordenatzeko, ulertzeko, jasotzeko eta kokatzeko lanean bilaketa ugaritan murgildu ginen. Horiek klak berriak ekarri zizkiguten eta korapiloak askatzeko eta lotzeko ahaleginean ari gara, bilaketa-prozesu horretan gabiltza, teoriatik praktikaranzko jauzia egiteko, berandu baino lehen.

 

 

[9]  ipes 1977. urtean sortu zen Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea da, herritarren formazioa helburu duena, eta gaur egun hauek ditu lan-ildo nagusiak: kartzela kalera, euskal aniztasuna, ezker pentsamendua, Euskal Herriko historia.

[10]  Ipar Hegoa Fundazioa 1996. urtean sortu zen Ikasketa Sindikaletarako Fundazioa da, eta lab sindikatuaren barne-mailako formazio beharrak elikatzea du helburu, eta bide horretan, gizarte-ikerketak eta hausnarketak sustatzen ditu, betiere klase-, herri- eta genero-ikuspegiak ardatz hartuta.

[11]  ehbfk urtero antolatzen du militanteentzako formakuntza-asteburu bat udaberrian, eta 2021ekoan, besteak beste, dekolonialitatearen aferaz aritu ginen.

[12]  2019an Durangon eginiko Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak.

[13]  Mujeres del Mundo kulturartekotasuna eta generoa lantzen dituen kolektiboa da eta emakume* migratzaileen esperientzietatik abiatuta, arrazakeria eta kolonialismoari kritika egiten dio.

[14]  Berria, 2019-11-02. Sinatzaileak: Inés Matxiarena (Goldatz Berako emakume feministen taldea), Uhaina Apezetxea (Baztango talde feminista), Harri Arrijuria (Plazara Dantzara), Helena Xurio (Zugarramurdiko Feministak), Lorea Flores Compains (Lesakako Emakume Taldea) eta Mikele Etxekolonea Diez (Emura Malerreka eta Bertizaranako Talde Feminista).

[15]  “Sorginak, kapitalismoa eta emakumeen kontrako indarkeria” sorgin ehizaren historiari buruzko I. Topaketa Feministak antolatu ziren 2019ko martxoaren 22tik 24ra.

[16]  ehbfren Osatze Feministako lantaldeak egonaldi bat antolatu zuen Eginoko aterpean 2017ko udazkenean. Bertara gonbidatu genituen Abya Yalako hainbat kide feminista komunitario.

[17]  Sortu alderdi politikoaren ikerketa eta formakuntzarako fundazioa.

[18]  Terminoen eta izendapenen inguruko gogoetari helduko diogu berriro ere 3.3.1. atalean.

[19]  Gehienbat etxeko langileak diren emakume* feministen kolektiboa da, baina baita hainbat hamarkadatan etxeko langileen eskubideen alde militatzen daramaten emakumeena* ere. Sektorearen lan-baldintzak hobetzeaz gain, egungo gizartea errotik eraldatu nahi du, baita iparraldeko eta hegoalde globaleko emakume* pobretuen bizitza eta gorputzen gaineko zaintza-beharrak asetu ere.

[20]  Ezagutzaren matazak izeneko Lisipe bildumako 4. liburua atera zen prozesu hartatik.

[21]  Garaipen lidergo sozial eta multikulturala eraikitzeko emakume* etorkinen eta euskaldunen kolektibo feminista bat da.

[22]  Medeak 2000. urtetik 2020. urtera arte aktibo egon den talde feminista erradikala da. Hasieratik gorputza erdigunean jarri du bere ekintza politikoan. Hala, feministaz gain, hainbat etiketaz hornitzen joan da hasieratik: bollera erradikalak, transexualak, putak, beltzak… azken batean bazterretan dagoen hori aldarrikatu nahian. Transfeminismoaren korrontearekin bat egin zuen Medeak taldeak.

[23]  Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua (ehgam) 1977. urtearen bueltan sortutako Gay askapenerako erakundea da. Hastapenetik, homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren kontra aritu dira lanean, eta askotariko identitate sexualen alde (gay, lesbiana, bisexual, transexual), jendarte-esparru guztietan identitate horien onartzea eskuratzeko.