Araka ditzagun gure bazterrak
Araka ditzagun gure bazterrak
2022, saiakera
168 orrialde
978-84-17051-87-7
editorea: Jule Goikoetxea
Emagin
 
2018, saiakera
Euskal Herriko Bilgune Feminista
 
 

 

2.2.
Gure bilaketak

 

      Ikusi berri dugunez, ugariak eta askotarikoak izan dira maila indibidualean zein kolektiboan bizi izan ditugun interpelazioak, ezinegonak, kontraesanak edo klak momentuak. Horiek guztiak izan dira gure bilaketei heltzeko motorra, piztutako galderei erantzunak aurkitzeko motibazioa. Hala, barrura nahiz kanpora begira aritu gara, ertz ugariko esperientzien eta hausnarketen amalgama josiz.

      Liburu honetan Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketetara eraman gaituzten azkeneko hiru edo lau urteetako prozesuak jaso ditugun arren, beste topaketa batzuetan ere, arrazakeriaren afera hizpide izan genuen mahai-inguru batzuetan. Aipatzekoa da 2014an Ondarroan antolatu genituen Emakume* Abertzaleon VI. Topaketa Feministetako mahai-inguruetako bat. Burujabetza feminista zen hizpidea, galdera hau abiapuntutzat hartuta: nola egin prozesu ireki, feminista eta integral bat Euskal Herri burujabe bat eraikitzeko? Mahai-inguru horretara Garaipen talde feministako Jeanne Roland gonbidatu genuen, eta diskurtso antiarrazista batekin egin zion ekarpena Euskal Herriko burujabetza feministaren estrategiari. Eta bere hitzek utzitako oihartzuna, gaur egungo eztabaiden aurrekari gisa gogoratzen dugu:

 

      Gu gatoz herrialde batera, zeinak urteak pasatu dituen gure herrialdeak zapaltzen, eta bertako emakumeak* baliatu izan dira zeharka zapalkuntza horren onurez. Nola landu diskurtso politikoa, emakume* eta etorkin gisa kokatzeko, arrazismoa indarrean dagoenean? Nola agertu gezurra dela kanpoko emakumeak* bertako emakumeentzat* mehatxu garela, euskararentzat, lan aukerentzat… Gu euskaltzaleak eta abertzaleak gara! (ehbf, 2015eko otsaila, “Bagoaz Euskal Herriaren Burujabetza Feministarantz!” txostena).

 

      Bestetik, abertzaletasuna birdefinitzeko nahi bat ere bageneukan, eta hor kokatu daiteke Idurre Eskisabelen hitz-hartzea. Topaketa horietan hasi ginen sumatzen bi ikuspegi horiek gurutzatzeko premia, eta oraindik hausnarketa teorizatu eta partekaturik ez genuen arren, burujabetza feminista gorpuzteko moduetan oinarri berri batzuk jarri nahi genituen. Batzuetan oharkabean, beste batzuetan kontzientzia betez, bilaketa- eta desplazatze-prozesu bat abiatu dugu azken urteotan.

 

 

2.2.1.
SOLASKIDE POLITIKO BERRIAK:
EMAKUME* MIGRATZAILEAK

 

      Honaino iristeko Euskal Herriko Mugimendu Feministako zenbait taldetako kideok elkarren beharra izan dugu, bai bizitzan, bai militantzian. ehbfrentzat, estrategikoa izan da emakume* migratzaileekin aliantzak egitea. Badaude urte hauetan guztietan zehar gure alboan egon diren kideak, guk gure bidea egin ahal izateko itsasargiak izan direnak, eta beti gurekin elkartzeko, pedagogia egiteko eta gure jardunaldietan parte hartzeko prestasuna erakutsi dutenak. Horretarako gune nagusia emm izan bada ere, ezin ahaztu maila lokalean jositako beste sare eta konplizitateak, eta elkarrekin antolatutako ekimenak. Gogoan ditugu, besteak beste, Mujeres del Mundo, Malen Etxea[24], Bidez Bide[25], Gasteizko Te-encuentros kolektiboetako kideak, Garaipen, Trabajadoras No Domesticadas, SOS Arrazakeria[26], etab.

 

Emakumeen Mundu Martxa (emm)

      ehbf 2002an sortu zenetik emmko plataforman parte hartu du modu aktiboan. Dudarik gabe, emm izan da aliantza sendo eta iraunkorrenak josteko gunea, baita gure buruari galdera berriak egiten eta ikuspegia zabaltzen lagundu diguna ere. emmko karabanak antolatzen, bestelako ibilbide pertsonalak dituzten emakumeekin* nahastu gara; prozesu migratorioak gauzatu dituztenekin, eta arrazakeriak une oro zeharkatzen dituztenekin, besteak beste. Euskal Herriaren bazter desberdinak ezagutzeko eta aitortzeko aukera paregabea izan da guretzat, lehen antzemateko gai ez ginen ahotsak entzuten ikasteko, eta gure praktika pertsonal eta politikoak elikatzeko.

      Badira 6-8 urte emakumeon* arteko aliantzak eta aniztasuna plataformaren oinarri bilakatu zirela. Espazioa kudeatzeko orduan, modu bat eta bakarra ez zegoela ohartu ginen, eta horrek eraman gintuen gure aritzeko moduak auzitan jartzera: helburuak ezin du izan besteak gure etxera gonbidatzea, Itziar Gandariasek dioen moduan, “etxea irekitzea ez baita soilik besteak gurera gonbidatzea”, guztion etxea izango dena eraikitzea baizik; ezin du izan besteak gure egiteko moduetara moldatu behar izatea, denon artean adostu behar baitugu etxea nola antolatu eta apaindu nahi dugun. Antolatu eta erabakiak hartzeko moduan joera produktibistak zeharo errotuta ditugula ohartu ginen, eta aritzeko bestelako modu batzuk aitortzearen garrantziaz oharturik, gureak errebisatzeko beharraz jabetu ginen. Halaber, aniztasunak gatazka ere badakarrela ulertu genuen. Gure inertziek bereizkeriak eragin dituztela ohartu ginen, eta elkarrekin aritzea, beharrezkoa izanik ere, prozesu mingarria eta deserosoa ere izan daitekeela. Modu berean, gure kultura politikoak oso ekarpen positiboak eragin zituen: antolakuntzan, espazioen dinamizazioan, metodologietan, zubigintzan, konpromisoan…

      emmko plataforman garatutako prozesuetan, mundu ikuskera eta errealitate desberdinak harremanetan jartzeko zubi-lanean aritu ginenoi esker, hainbat gogoeta politiko plazaratzeko espazioa sortu zen. Hainbat teorizazio gauzatu arren, zein praktika politikok hartzen dute nagusitasuna? Denon artean nolako praktika politikoak egingo ditugu? Nola egingo dugu espazio hauek euskaldunak izateko, baina, aldi berean, euskaldunak ez diren emakume* migratzaileak hemen eroso egoteko?

      Gurutzatzen gaituzten zapalkuntza desberdinak aintzat hartzen dituzten praktika politikoak abiatu genituen, bere mugak eta gatazkak saihestu gabe. Izan ere, emm beti izan da feminismo intersekzional horren erakustoki nagusia, baina, aldi berean, ezin diogu ezikusi egin errealitate honi: liberatuak edo koordinazio-ekipo iraunkorreko kideok profil zehatz bateko emakume* euskaldun zuriak izan gara gehienbat. Une hartan horrek tira-bira ugari sortu zituen eta, ondorioz, sarri egokitu zitzaigun interpelatuak izatea, deserosotasuna agoantatzea eta klak ugarik jota etxera bueltatzea.

      Bestalde, klasismoaren definizioa errebisatzeko beharra ere sortu zen, langile-klasea ez delako homogeneoa. Gure ustez, une horretan egiten genuen nazio-gatazkaren kontzeptualizazioak ez zituen biltzen Euskal Herrian dauden gatazka guztiak, eta ordurako nazioaren ulerkera zabaldu nahian genbiltzan. Eraiki nahi genuen herriak zertzelada berriak behar baitzituen. Zer Euskal Herri nahi dugu? Norekin eraiki nahi dugu? Zer da guretzat euskalduna izatea? Ardatz horretaz gogoeta egiteko, beraz, prozesu bat egiteko genuen. Nazioa-kultura-jatorria bezala izendatzen hasi ginen landu beharreko ildo hori, eta zaku berean sartzen genituen horri lotuta egon zitezkeen askotariko zapalkuntzak. Urte batzuk pasatu behar izan dira arrazializazioaz hitz egiteko eta arraza-zapalkuntzaren ardatza gure testuetara ekartzeko. Feminista antiarrazisten antolakundeek ikuspegi dekoloniala txertatzeko egindako lanari esker, eta subjektu politikoen ulerkera zabaltzeko egindako interpelazioei esker, hasi gara geu ere ikuspegi edo kokapen horien inguruan hausnartzen.

      Zentzu horretan, ehbfko kideontzat mugarri izan ziren 2018ko irailean, Feministon Herria[27] ekimenaren atarian, emmtik Iruñean antolatutako burujabetza feministaren inguruko jardunaldiak. Momentu horretan emakume* migratzaile euskaldun bat zegoen liberatuta emmko koordinazio-taldean, eta berak proposatu zuen Latinoamerikatik Karina Ochoa eta Aura Cumes ekartzea ikuspegi dekolonialaz aritzeko. Ordurako, emmren barruan, aniztasuna kudeatzearen inguruko hainbat hausnarketa eginda bagenituen ere, Karina eta Auraren ekarpenek ikuspegi dekolonialaren teorizazioan murgildu gintuzten, euren buruak feminismo dekolonialaren markoan kokatzen baitzituzten. Hitz-hartze haiek ohartarazi gintuzten gure feminismoari marko dekoloniala txertatzeko beharraz, eta askatu beharreko korapilo berriekin topatuko ginela ere iradoki ziguten. Izan ere, bereziki Aura Cumesek espainiar bezala interpelatu gintuen hitz-hartze osoan zehar, geurea ere Espainiak (beste modu batean bada ere) zauritutako herrialdea dela aitortu gabe. Ez zuen Euskal Herriaren inguruko ezagutzarik. Teoria dekolonialetatik atera beharreko lehen ikaspena bestearen ez homogeneizazioa eta ez unibertsalizazioa izaki, geure buruak Espainiaren zakuan sartuta ikusteak min egin zigun eta elkar kokatzeko arduraz jabetu ginen. Dena den, hitz-hartze haiekin teoria dekolonialetan kokatu ginen, eta sentitu genuen gaur egun ditugun pribilegioen jatorria ulertzeko iraganari begiratu eta gertaera historikoak errebisatu behar genituela. Era berean, aliatu gisa behar ditugun feministei gure lurraldea eta hizkuntza ezagutarazteko arduraz ohartu ginen. Beraz, erronkaz betetako aliantzak genituen eraikitzeko Euskal Herri feministaren alde.

 

Mujeres del Mundorekin egindako prozesua

      Lehen adierazi bezala, emmri esker, hasiak ginen dekolonialitatearen inguruan irakurtzen, hausnartzen, eta jardunaldi ugaritan parte hartzen. Zalantzak eta kontraesanak agertu ahala, Mujeres del Mundorekin elkar ezagutzeko prozesu bat garatzeko aukera sortu genuen. Hasieratik argi genuen bizipenetan oinarritutako ariketa bat egin nahi genuela, hori izan zitekeelako elkarrengana hurbiltzeko biderik samurrena. Hala, bi erakundeen oinarri komunak eta espezifikoak ezagutzea eta ikuspegi dekoloniala bilduta, elkarrekin urra dezakegun bidearen inguruan hausnartzea jarri genituen helburutzat.

      Lehen saioa 2019ko irailean egin genuen. Pribilegioen, eskubideen eta zapalkuntzen inguruan eztabaidan aritu ginen eta hor ikusi genuen pribilegioen eta eskubideen arteko bereizketa tentuz egin beharrekoa dela. Horretaz gain denbora-lerro batean gure bizipenetan izandako zapalkuntzak nahiz askapen-egoerak irudikatu genituen. Papelografo handi hartan, hamaika zauri, hausnarketa eta emozio bildu genituen, hamaika biografia zeharo desberdinen irudia marraztu genuen. Elkarri begiratzeko modu hura ariketa oso emankorra izan zen, bestearen azalean jartzeko guztiz baliagarria izan baitzen guretzat. Herrialde berean bizi arren, oso ibilbide desberdinak izan dituztenen bizitzak entzutean, ikusezinak zaizkigun zapalkuntza-egoerez jabetzen lagundu zigun. Baita gureak ezagutarazteko aukera eman ere. Enpatia-ariketa hunkigarria izan zen eta bertan parte hartu genuenok gehiagorako gogoz gelditu ginen.

      Hurrengo tailerra urte berean izan zen, Durangoko Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan. Gure sareko kide ugari hurbildu zen bertara, eta pribilegio eta eskubideen arteko eztabaidan sakontzeaz gain, aurrera begirako erronkez aritu ginen. Durangoko jardunaldietan dekolonialitatearen inguruko mahaiak zurrunbilo zaratatsua utzi zuen gugan, eta tailer hartako parte hartzaileen artean ere sumatu genuen gaiaren inguruan hausnartu eta bilaketan jarraitzeko beharra.

 

Etxeko langileak

      Asko handitu da azken bost urteetan zaintza-lanen gaineko eztabaida mugimendu feministaren barruan. Ekonomia feministaren inguruko teorialari askok aspaldi problematizatu zituzten zaintza-lanak, eta analisi ekonomikoen erdigunean jarri, eta, azken aldian, Euskal Herrian orokortu egin da zaintza-lanen demokratizazioranzko zein elkar zaintzeko beste eredu bateranzko aldarrikapena.

      Uztarturik dauden askotariko fenomenoan faktore motor dira zaintza-lanak. Izan ere, definizio zehatzetatik harago, lan prekarietatearekin, lan merkatuko segmentazioarekin, pobreziaren feminizazioarekin, jardun bikoitz edo hirukoitzekin, denboraren pobreziarekin, bazterketa sozialarekin edota indarkeria matxistarekin lotzen da gaur egungo zaintza-erregimena. Horregatik esan ohi dugu erregimen bidegabea dela, eta aldatzeko premia dugula.

      Hain zuzen ere, zaintza-krisi sakon batean murgildu gara, biztanleriaren sektore askok bere burua zaintzeko, beste norbait zaintzeko edo zainduak izateko izugarrizko zailtasunak ditugulako. Zailtasun horiek agertzen dira zainketen gaineko erantzukizunak banatzeko eredu tradizionala ezegonkortu delako eta, sistema sozioekonomikoa berregituratu arren, ez delako aldatu etxeko lanen sexuen araberako banaketa, ezta lan-merkatuko genero-segmentazioa ere. Eta argi dago zaintza-krisiak ez diola soilik ugalketaren esparruari eragiten. Aitzitik, gure ustez, zainketen krisia kapitalismo patriarkalak dituen oinarrietan sakontzeko egin duen ahaleginaren ondorioetako bat da. Kapitalismoak ahalegina egin du eragiten dituen tentsioak, banaketak eta arrakalak areagotzeko: eremu pribatuaren eta publikoaren artean, ugalketaren eta ekoizpenaren artean, eta, azken batean, oinarrizko beharren eta irabazi ekonomikoak sortzearen artean.

      Guztiz gutxietsiak dauden lanak dira zaintzarenak, eta gainera, honako aldagai hauek gurutzatzen dira: lehenik, hiperfeminizatuta daude, gizonen presentzia oso eskasa da; bigarrenik, etika atzerakoia, eredu familista eta arrazista bultzatzen duten legeriak ditugu; hirugarrenik, desfamiliarizazio-estrategiak berpribatizatuak, merkantilizatuak eta informalak dira, eta etxeko langileak kontratatzea da estrategia orokorra Euskal Herrian; eta, azkenik, zaintzaileek bizitza sozialean zein lan-merkatuan erabateko zigorra pairatzen dute.

      Horrek guztiak eraman gaitu mugimendu feministaren aldarrikapenen erdigunean zaintza-lanak kokatzera, eta egoera urgenteak zein diren identifikatzera. Neurri horretan ehbfrentzat eta Emagin elkartearentzat, ezinbestekoa izan da esparru honetan barne zein kanpo lana egitea, eta gure jardunaren ildo estrategikotzat hartzea. Horiek horrela, aitortu beharra dugu hasi besterik ez garela egin, eta pixkanaka ari garela gure jardunaren erdigunean kokatzen zaintza-lanen demokratizazioa eta sistema publiko komunitario baten aldeko hautua.

      Lehen urratsa ikerketaren esparrutik etorri zen. Beterri-Buruntzaldean zaintza-lanen diagnostikoa egiteko aukera paregabea izan genuen (Emagin, 2020). Zaintzaileen egoeran sakontzeko apustua egin genuen, eta hasieratik iruditu zitzaigun garrantzitsua etxeko langileen egoerak bozgorailua behar zuela; izan ere, urteak eman dituzte etxeko langile feministek mugimendu feminista interpelatzen haien egoeraz jabetzeko zein aldarrietan ekarpenak egiteko, eta aukera paregabea zen hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Hala ere, intuizioak izan arren, eta haien egoeraren inguruan irakurri arren, uste genuen derrigorrezkoa zela etxeko langileekin zuzen-zuzenean egotea, eta haien esperientziak ezagutzea. Horretarako, Trabajadoras No Domesticadas taldearengana jo genuen. Hortik aurrera kontzientzia handia hartu genuen, eta lehentasuntzat hartu genuen tokiko proiektuetan, kasu honetan Beterri-Buruntzaldean, parte hartzea, etxeko langileekin eskuz esku egoteko, haien esperientziak jasotzeko eta gure artean saretzeko. Gure helburuak hauek izan dira: zaintza-lanak sozializatzeko eta kolektibizatzeko bide berriak urratzea, eta zaintza-lanetan daudenen aitortza, autoafirmazioa eta ahalduntze-prozesuak laguntzea. Norabide horretan urratsak egiteko ezinbestean haiekin egon behar genuen.

      Esperientzia oso aberasgarria izan zen Beterri-Buruntzaldean bizi eta lan egin zuten etxeko langileekin egotea. Askotarikoak ziren haien egoerak, batzuk migrazio-prozesu luzeetatik zetozen; beste batzuk, aldiz, etorri berriak ziren. Gehienek egoiliar gisa egiten zuten lana, eta beste askok ordukako lana soilik zuten. Berehala eskertu zuten haiengana jo eta esperientziak jasotzea, gutxitan galdetu omen zaie hori eta (bereziki aipatzen zuten Hernaniko ahmer-sos Arrazakeria taldeak egindako akuilu-lana). Horretaz gain, sustraitzen hasi zen Maitelan Kooperatibarekin[28] hainbat jardunalditan, hitzalditan eta hausnarketatan parte hartzeko aukera izan genuen. Hortik aurrera, gure posiziotik egin genezakeena zen haien egoeraren berri eman, hedatzeko ahalegina egin, eta Beterri-Buruntzaldeko herriko udalek zein elkarte sozialek ardurak har ditzaten bultzatu.

      Zaintza-erregimenaren aldaketaren gaineko kontzientzia handitu genuen, zalantzarik gabe. Horrenbestez, sakontzeko, ikerketa esparruan jarraitzeko bideak urratzen hasi ginen. Bide horretan urratsak egiteko, bai Ataungo Udalak, bai Oñatiko Udalak, urtero ateratzen dituzten ikerketa-beketan proiektuak aurkeztu genituen, eta bietan Emagineko proiektua aukeratu zuten. Bietan zaintza-lanen genealogia osatu nahi genuen, tokiko etnografia feminista osatu eta eremu horretan egon diren aldaketak edota antzekotasunak jaso. 1950. urtearen testuinguruan abiatu genuen gure ikerketa eta gaur egunera arteko zaintzaileen bizipenak arakatu genituen. Bi ikerketa horietan geure hipotesia bete zen: zaintza-lanen ezaugarriak aletu ondoren, azaleratu genuen historikoki oinarri bertsuei eutsi zaiela, eta argi geratu zen azken mendean feminizazioek, klase-bazterketek zein migrazio-prozesuek zeharkatzen dituztela zaintzaileen jardunak.

      Zaharrak berri. Garai batean landa-eremutik hiriguneetara neskame joandakoen egoerek eta gaur egun txirotutako herrialdeetatik Euskal Herrira datozen emakume* arrazializatuen egoerek antzekotasun handiak dituzte. xx. eta xxi. mendeetan klase ertain eta altukoek negoziatu ahal izan dute etxekotasun “zikin eta neketsuaren” zein “emetasun natural espiritualaren artean”. Askok uko egin izan diete zaintza-lan batzuei, eta emakume* pobreagoen esku utzi. Horrela sustatu ziren emakumeen* arteko ezberdintasunak eta horrela sortu zen neskametza, edo 60ko urteetatik aurrera etxeko langileen zerbitzua. Horiek horrela, gaur egun ere, Euskal Herriko familia askotan etxeko langileak kontratatzea da zaintza-lanak kanpora ateratzeko lehenesten den aukera.

      Bide horretan feminismo dekolonialak egindako ekarpenekin ere egin genuen topo, eta feminismo zuriaren emakume-eredu askearen atzean eraikitzen diren bestelako zapalkuntzak ikusgarri egin zitzaizkigun. Ezinbestekoa izan da, hortaz, zaintza-lanak Euskal Herrian nola antolatzen diren ulertzeko, ez bakarrik tokiko errealitateari begiratzea, baizik eta ikuspegi transnazionala izatea. Eta horrela ulertu ditugu hobeto zaintzaren kate globalak, edo zaintzaren zapalkuntza-kate globalak, hobeto esanda.

      Gure elkarte eta jardunean zaintza-lanek inoizko garrantzirik handiena dute, eta horietan sakontzeko zein horiek demokratizazio-bidean jartzeko proposamenak lantzeko konpromiso irmoa hartu dugu. Hala ere, gure analisiek ikuspegi intersekzionala behar dute, eta zaintza-lanak aztertu eta horietan proposamenak garatzeko, ezinbestekoak dira kontuan hartzea adinkeriak, arrazakeriak, kapazitismoak edota klasismoak sortzen dituen zapalkuntzak.

 

Abya Yalako aliantzak eta osatze feminista

      Mujeres del Mundoko lagunez gain, aliantzak eraikitzen ahalegindu gara itsasoz bestaldeko kide feministekin ere, bereziki El Salvador eta Guatemalako feminista komunitarioekin. Abya Yalako lagun feministei entzun genien lehen aldiz osatze feminista (sanación feminista) delakoa. Estrategia kosmiko-politikotzat dute eta mundu-ikuskera desberdinak aitortu eta haien jatorriaren garrantzia azpimarratzen dute. Prozesu pertsonalak zein kolektiboak bideratzen dituzte, arbasoek utzitako ondarea oinarritzat hartuta, bizipenak partekatu eta emozioak kudeatuz ekintza politikoak sustatzeko. Osasuna natur elementuekin (sua, ura, haizea eta lurra) lotzen dute, elikadura burujabetzarekin, izakienganako errespetuarekin eta espiritualtasunarekin.

      Haiei entzun ondoren, osatze feministaren ildoa lantzeari ekin genion. Gure iragan urrunak —eta ez hain urrunak— gugan utzitako zauriak aintzat hartuz, osatzea politizatu eta gorputzei nahiz emozioei gurean ere tokia egiteko beharra sentitu baikenuen. Horretarako gure herriaren kosmogonia ulertu eta arbasoengandik datorrena berreskuratzeko asmoari heldu genion. Hala, osatze feministarena, ehbfn gaur egun lantzen ari garen lan-ildoetako bat bilakatu zen.

      Izan ere, kapitalismo heteropatriarkal kolonialak naturatik eta gorputzetik deskonektatzen gaitu, kapitalaren eta bizitzaren arteko arrakala handituz. Mendebaldeko jendartean, gorputzen eta osasunaren normatibitatea eraikitzen da eta bestelako edozein ereduren gainetik jartzen da. Gainera, zapalkuntza-sistemek, urteetan, gure soinean, komunitatean eta herrian eragin zuzena izan dute; samin, zauri eta orban ugari sortu dizkigute eta, horiek sendatzeko, lan kolektiboa egin behar dugu. Osatze Feministaren inguruko prozesuak sustatzeko abiatzen gara ahizpatasunetik, “gorputzak badaki” mantraren konfiantzatik, arbasoen jakituria eta horien mundu-ikuskerak berreskuratzetik, aitortzatik eta errespetutik, naturarekin bat egitetik, bizimodu eta unearekin bat egitetik, eraikitako iruditegiak aztertu eta berrasmatzetik, boteretzetik eta osasunaren ikuspegi holistikotik.

      Planteatutakoarekin koherentzian doan militantzia ere proposatzen dugu, hots, biziak zaintzen dituena, gorputzei arreta jartzen diena, ahots guztiei leku egiten diena, errespetua, integritatea, aniztasuna, ongizatea, elkarren zaintza eta babesa aintzat hartzen dituena. Militantzia osasuntsu eta bizigarria, barne-oreka eta bakea bilatzeaz gain, esparru ezberdinen errespetua artikulatzen dituena: intimoa, pertsonala eta kolektiboa. Horren guztiaren lanketa, bide askatzaile eta sendatzailea izan daitekeela ulertzen dugu. Eta esan bezala, askatasunez bizi ahal izateko gorputz-gogo eta identitateak osatzeko prozesuak ahalbidetzeko proposamen politikoa da Osatze Feministatik egiten dena.

      Arrazionaltasuna eta sakrifizioa oinarrizko baliotzat izan dituen militantzia-ereduan hazi garenontzat, erronka izan da aritzeko modu berriei ateak zabaltzea, eta gure emozioei, gorputzei, ingurumenari eta espiritualtasunari begira jarrita prozesu kolektiboak garatzea. Horretarako osatze-egonaldi zenbait egin ditugu, batzuk geure kolektiboko kideen artean, eta beste batzuk sareko kideei zabalduta.

      Eta horietako batzuetan bidelagun izan ditugu Lorena Cabnal (Tzk’At sareko osagile eta Guatemalako feminismo komunitarioko militantea), Vicky Fernández (El Salvadorreko Nayarit elkarteko kidea), eta Lolita Chávez (Guatemalako kitxe herriko lider indigena eta lurraren defendatzailea). Gure arbasoei buruz, sinboloei nahiz errituei buruz galdezka hasi zitzaizkigun. Lekuan lekuko genealogiak aztertzearen eta aitortzearen garrantzia azpimarratu ziguten. Eta guretzat, osatze-prozesuak politizatzeko eta kolektibizatzeko bidean, garrantzitsuak izan ziren haiek luzatutako galderak. Orduan konturatu baikinen modernitatearen sorrerarekin eta jendarteen homogeneizazioarekin arbasoekin lotzen gintuzten sinbolo eta erritu ugari galdu genituela, eta haiek berreskuratzeko edo birsortzeko beharra sentitu genuen.

      Nolanahi ere, feminismo komunitariotik edan eta ikasitakoaren bidetik, gure prozesuak sozializatu ditugunean, beste kulturak geureganatzea leporatu digute noizbait. Apropiazio kulturala egin izana egotzi digute. Eta a priori, hala denik pentsatzen ez badugu ere, kulturen jabetzeaz eztabaidatzeko eta hausnartzeko gogoa piztu digute interpelazio horiek, baita geure jardun eta ibilbide hori kritikoki birpentsatzeko ere.

      Bestalde, aliatu feminista komunitarioek gure herriko historian egondako paktu patriarkalen inguruan ere galdegin ziguten, eta begirada atzera botatzera eraman gintuen horrek; iraganarekin solasaldi bati hasiera eman genion. Hala, hurrengo atalean bildu ditugu solasaldi horrekin lotutako bilaketak eta horiek eragindako hausnarketak.

 

 

2.2.2.
GURE GENEALOGIEN ERTZAK

 

      Hego Ameriketako osagileen eskutik eta gerora beste feminista batzuen ahotik jaso izan ditugu gure iraganaren ardura hartzeko askotariko interpelazioak, beraz. Honela mintzatu zen Lolita Chávez Argiako elkarrizketa batean:

 

      Europari ez zaio mingarri, beti egin duena hori baita. Odolean daramazue. Inbasioa bultzatzen duen eredu intergenerazional bat daramazue barruan. Horixe gertatzen da, barruan daramazuela, ezin ikusia zaizuela, zuen osagai delako, ez duzuelako zuen izatea deskolonizatu, hemen ere kolonizazioa gertatu baitzen. Zuen barrura begira hasiko bazinete, eta ikusi nola torturatu zituzten hemen zuen arbasoak, hemengo amatxi jakintsuak, Zugarramurdin erre zituzten emakumeak… analisi kritikoa egiteko gai izango zinatekete (Elustondo, 2018).

 

      Bistan denez, harreman kolonialetan arakatzea eta gure iraganarekin solastea, orainarekin estuki lotuta dagoen sokatik tira egitea da. Arduraz egin beharreko ariketa da, Euskal Herrian egindako paktu patriarkalak eta kolonialak ezagutzea, desmuntatzea eta emakumeon* memoria dekolonialitatetik lantzea.

      Gure genealogian arakatzeko, beraz, hainbat bilaketa-mota egin ditugu. 2020an ehbfk antolatutako udazkenleku feministetan, Iraitz Agirrerekin, xvi. mendeko emakumeez* aritu ginen solasean, baita Axier Lopezekin ere euskal esploratzaile eta esklabo tratulariei buruz. Mahai-inguru berean Helena Xurio eta Ainara Abete Zugarramurdiko sarraskiaz mintzatu zitzaizkigun, eta eraikitako hainbat mito eraitsi zituzten. Urratsez urrats eginiko birkokatze horretan, mahai-inguruetan entzundako eta intereseko artikuluetan irakurritako ertzak ekarri nahi izan ditugu hona.

 

Pentsamendu modernoa

      xv-xvi. mendeetan hasi zen errotzen Modernitatea Europan: hain zuzen ere, geroago arrazoiaren, eskubideen eta askatasunaren Europa definituko duen aroa. Esaldi honek definitzen du zein zen sasoi hartako filosofia: Descartesek Metodoari buruzko diskurtsoan (1637) garaturiko “Pentsatzen dut; beraz, banaiz” esaldi ezagunak biltzen duena. Karina Ochoa Mexikoko soziologo eta ekintzaile feministak dioen bezala, “arrazionalitate modernoak, genozidioaren ekintza irrazionala behar du. Are zehatzago esanda: ez dago modernitaterik esklabotzarik gabe” (Ochoa, 2021). Ildo beretik, Descartesen esaldiaren beste aldaera bat erabiltzen du garai horretako gerraren naturalizazioa azaltzeko: “Konkistatzen dut; beraz, banaiz” (Ochoa, 2021). Frantz Fanonek (1961) ere azpimarratu izan du kolonialismoa ezin dela ulertu bortxatzeko, torturatzeko eta txikitzeko aukera ematen duen jendartearen sostengurik gabe. Alde horretatik, nahiz eta garai hartako jazoerek Euskal Herrian edo Abya Yalan modu eta dimentsio diferenteak izan zituzten, hitzarmen sozial berri bat inposatu zen bietan, bortxa tresnatzat hartuta, eta izateko, egoteko, pentsatzeko eta ekiteko modu jakin batzuk arautu ziren.

      Karina Ochoak (2021) honela definitzen du gorputz eta lurraldeen kolonizazioa: zibilizazio batzuen gizatasuna ezabatzea eta “ez-existentziara” kondenatzea. Eta dominazio horri eusteko erabilitako estrategiak askotarikoak izan dira: ekonomia estraktibistak eta esklabotza, gerraren logikaren errotzea, arrazaren araberako klasifikazioak, jatorrizko kulturen infantilizazioa nahiz ukazioa, eta menderakuntzaren naturalizazioa.

      Bestalde, Europan bertan inperio handiak (gerora estatu-nazio bilakatuak) garatzea ahalbidetu zuen mundu-ikuskera errotzeko bortxa hauek erabili zituzten: sorgin ehizak, inkisizioa, lur komunalen pribatizazioak, herrien asimilazioa, eta bizimodu inter-eko-dependienteak suntsitzeko prozesuak… Karina Ochoak ere hipotesi hau bota zuen: aurrerago beste kontinenteetako zibilizazioak kolonizatzeko lehenengo entseguak izan zitezkeela, ondoren logika horietariko asko birproduzitu baitziren kolonizazio-prozesuetan. Osatu gabe daukagun Europa barneko kolonizazio-prozesuen eta erresistentzien memoria, ikuspegi feminista dekolonial batetik berridaztera ere gonbidatzen gaituzte bere adierazpenek.

 

Inkisizioa, ebanjelizazioa eta sorgin ehiza

      Aro hartan, Espainiako Koroak herria militarki konkistatu ostean, bere aginte politiko eta erlijiosoa ezartzeko ezinbesteko tresna izan zen Inkisizioa. Disidentzia politikoa kikildu eta akabatzeko estrategia. Nafarroako kasuan, konkistatutako herriaren erresistentzia —eta biziraupen ahalmena— ahultzeko tribunala izan zela esan daiteke, prozesatutako gehienak Nafarroako errege-erregimenaren aldekoak baitziren. Bestalde, hedapen inperialaren erdian, Bidasokoa bezalako muga geoestrategikoaren gainean kontrol zorrotza ezartzeko modua ere izan zen inkisizioa, Mikel Azurmendi antropologoak Argiako erreportaje batean adierazi zuen moduan, “Muga hori eraikitzeko, frantsesez eta espainolez hitz egiten ez zuen eta mugarik ikusten ez zuen bertako biztanleria kikildu beharra zegoen” (Lopez, 2020-11-22). Ez zuen alferrik esan Pierre de Lancre inkisidoreak Satanas euskal lurraldeetan indarrez sartzeko arrazoietako bat, horixe bera izan zela: alegia, euskarak ireki ziola bidea deabruari. Ondorioz, xvi. mendean zehar jende saldoa epaitu, jazarri, torturatu, zigortu, deserriratu, eta erail zuten mugatik gertu. Beste batzuek “mugaz bestaldera” ihes egin beharra ere izan zuten —zoritxarrez, gaurkotasun handiko gertaera da—. Bestetik, azpimarratzekoa da “euskal herejeei” ondasunak konfiskatzen zitzaizkiela, eta herritar horiei atzemandako ondasun horiek askotan elizgizonen eskuetara joaten ziren. Eta bitxiena zera da, pilatutako aberastasun horietako asko kolonietako konpainia esklabistetan inbertitzen zituztela, negozioa biribiltzeko.

      Helena Xuriok dioen moduan (Lopez, 2020-11-22), gertakari horiek interpretatzeko, ezin dugu sorginaren edo akelarrearen mitoa gehiago puztu, haiek guztiak gerra biktimak izan baitziren. Hala, orduko inkisizioak eginiko sarraskiak, gaurkotasunaren oihartzunetara garamatzate, inkisizioak sorginkeria egozten zien modu berean egozten baitie Audientzia Nazionalak terrorismoa gaur egungo disidente politikoei[29].

      Horrez gain, sorgin ehizak feminizidio masiboa ere ekarri zuen Europa osora, baita Europak konkistatu berri zituen lurraldeetara ere. Ondorioz, bizimodu inter-eko-dependienteak suntsitu ziren. Gainera, ebanjelizazioak emakumeak* senarren mende jarri zituen eta haien gorputzak, eta oro har, lan erreproduktiboa, kapital metaketaren zerbitzura ezarri zen, eta ordena kapitalista eta patriarkal berria eraikiz joan zen, Silvia Federicik Caliban eta sorgina (2018) liburuan xehe-xehe azaldu duen moduan.

 

Lur-desjabetzeak eta kultur homogeneizazioa

      Espainiako eta Frantziako estatu-nazio kapitalisten sorrerak, xvii-xix. mendeetan zehar, herri-lurren pribatizazioa zein merkaturatzea, politikaren zentralizazioa eta kultur homogeneizazioa ekarri zituen. Prozesu horrek ere harremanetan jartzen dituzte hemengo eta hango desjabetzeak. Izan ere, Euskal Herriko lur komunalak merkaturatu eta pribatizatu zirenean, horietako asko erosi zituzten Hego Ameriketako enpresa kolonialetan aberastutako kazikeek. Europan gertatu zen herri lurren pribatizazioa, ondare publikoaren lapurreta izan baitzen, herriaren desjabetze biolentoa, hein batean kolonietako lapurreten mozkinarekin edo beltz-tratulari gisa irabazitakoarekin finantzatu zena[30]. Azken finean, gure herriaren historiaren parte bat ere bada “euskal” burgesia eta oligarkia Espainiako eta Frantziako estatuen interesekin lerrokatu izana. Gainera, estatuen homogeneizazio kulturalak euskararen degradazio progresiboa eragin zuen, estatu-egiturek ez baitzuten zientziaren, aurrerabidearen edota liberalismoaren hizkuntzatzat hartu.

 

Euskal “esploratzaileak”

      xvi. mendeko euskaldun esploratzaileen historian hainbat hutsune daude: nondik atera zen ontziak egiteko dirua? Nola metatu zituzten bertoko eliteek euren dirutza handiak? Historia hori ezin liteke azaldu lapurretak aintzat hartu gabe. Euskaldun haiek lurraldeak indarrez konkistatzera joan ziren. Haien negozioa hazienda eta urre meategietan lan egitera derrigortutako indigenekin suspertu zen, eta, noski, Afrikako esklaboen salerosketa eta garraioarekin. Hala izanik ere, Espainiako kontakizun inperialistari jarraiki, euskal erakundeetan zein jendartean Gaztelako Koroaren interesei segitu zieten Elkano bezalako “euskal nabigatzaileen balentriei” gorazarre egiten zaie, lobby turistikoen edota eliteen interes enpresarial eta politikoei men eginez. “Lur berrien aurkikuntzaren” ikuspegi eurozentrikoa bere eginez, bertako aurrerapen teknologikoak goraipatuta eta kulturen arteko topaketaren iruzurra onartuta, euskal itsasgizonen eta geroko euskal transnazionalen esku-hartzeak garbitzen jarraitzen dugu.

      Bada garaia, ispiluaren aurrean jarrita, gure iragan kolonial eta esklabistaz ganoraz hausnartzeko. Bada garaia orduko konpainia esklabistak gaur egungo jarduera estraktibistekin lotu eta bertako enpresak interpelatzekoa. Eta, bukatzeko, bada garaia horrek guztiak ahalbideratu dizkigun pribilegio historikoen inguruko autokritika egitekoa, ondo baitakigu bertako Barne Produktu Gordina igotzen duten konpainia hidroelektrikoek, adibidez, komunitateak suntsitzen dituztela beste herrialdeetan.

 

Biraketa epistemikoa

      Dekolonialitateak kokapen epistemikoaren biraketa dakar. Bizirauteko, kolonizatutako herriek mendebaldar bihurtu behar izan baitute mendeetan zehar: hizkuntza kolonizatzailea eta modernitateak ezarritako kategoriak bere eginez, hala nola bitartasun baztertzailea, eta arrazoiaren eta norbanakoaren nagusitasuna. Hura guztia, beraz, epistemizidioa[31] izan zen, ordura arteko pentsamendua, munduan egoteko eta izateko moduak lehertu zituelako, eta bertan behera utzi zituelako bertako egitura politikoak, balioak eta autoritateak.

      Gauzak beste modu batean aztertzeko begirada kritiko bat da dekolonialitatea. Halaber, bestearen eraikuntza, “egia zientifikoak”, diskurtso nagusien dispositiboak desmuntatzeko teoria eta praktika multzoa da. Jakintzen, lengoaiaren, gogoaren eta gorputzaren kolonizazioa du aztergai kritika dekolonialak, baita horrek sortutako biolentzia epistemiko-filosofikoa ere. Hala, egoteko eta izateko beste era batzuen bila jartzen gaitu, “bestela” jarduteko, desobedientzia epistemikoa antolatzeko; finean, gure pentsatzeko, harremantzeko eta sentitzeko modua dekolonizatzeko. Hartara, boterearen, ezagutzaren eta nortasunaren kolonizazio- edo asimilazio-prozesuen funtzionamendua arakatuta, ezkutuko errealitate eta memorietan murgiltzera garamatza.

      Sarraski horien artean biltzen ditugu, besteak beste, Europa barruan nahiz Europatik at garatutako hauek:

 

      I. Al-Andalus-en konkista. Espainiako estatu-nazioaren fundazio-mito bilakatu dena, eta garbiketa etnikoa ardatz nagusitzat izan zuena, hegoaldeko birpopulatze-prozesua abian jarri zelako, iparraldeko jendearen migrazio-mugimenduak sustatuz, eta pentsamendu bakarra ezartzeko tresna izan zena.

      II. Liburutegiak erretzea. Granadako liburutegia erre zen; ezagutza-gune baten deuseztatze sinbolikoa izateaz gain, ezagutza-multzo bat deuseztatzeko ekintza ere izan zen.

      III. Abya Yalako konkista. Sarraski epistemikoa izan zen, eta hori ahalbidetzeko prozesu horretan ere liburuak erre zituzten. Ordena arrazial oso bat ezarri zen (beltz, indio, zuri...); izan ere, indigenak arimarik gabeko izakitzat hartu ziren, eta ikuspegi horrek ahalbidetu zien indigenak hiltzea (ez-gizakitzat harturik): arima bereganatzeko (eta gizatiar bihurtzeko, nolabait) kristautu eta zibilizatu egin behar ziren. Afrikako esklaboak behar izan zirenean ere antzeko logikak jarri ziren abian, Afrikako epistemizidioa ahalbidetu zutenak.

      IV. Ijitoen kontrako jazarpena. xvi. mendetik aurrera jazarpen etengabea bizi izan du ijito-komunitateak, besteak beste, herri nomada (izan) delako, kultura eta ohitura propioak (izan) dituena, eta logika moderno eta kapitalista berri horietara egokitzen ez zelako, jabetzaz besteko eta soldatapeko lanaz besteko logikak garatu zituztelako.

      V. Sorgin ehiza. Sorgin izendaturiko horiek komunitateko jakintsuak ziren, herri-ezagutzak gorpuzten zituzten, ezagutza-gordailuak ziren. Hortaz, gorputzak ziren euren liburuak (euren ezagutza-euskarria), eta horregatik erre zituzten, ezagutza horren transmisioa ere eten ahal izateko. Jazarpen-prozesu sistemikoa izan zen, epistemizidio hori helburu zuena.

 

Eta bukatzeko

      Iraganerantz eginiko begiradan gure komunitateko pertsona jakitunen ezabaketa nola gertatu zen aipatzekoa iruditzen zaigu. Nagusiki euskaraz pentsatu eta bizi ziren emakumeak* ziren; ahozko transmisioan errotutako hizkuntza eta balioak hurrengo belaunaldietara helarazten zituztenak, hain zuzen ere. Liburu idatzirik ez zegoenez, emakumeon* gorputzak erre behar zituzten, gure hizkuntza, antolakuntza soziala zein ezagutzak ezabatzeko. Frantses eta gaztelaniazko alfabetatzea inposatu zitzaigun dominazio-tresna moduan. Horrek guztiak zerikusi zuzena du egun bizi dugun egoera linguistikoarekin ere. Erakundeetan normalizazio-itxurak egin arren, ezinezkoa baita gure herrian bizitzaren % 100 gure hizkuntzan ardaztea.

      Horregatik gure arbasoen jakituriaren haria berreskuratzeari garrantzitsua deritzogu. Garai ezberdinetan errotu diren mitoak aztertzeak aukera ematen digu Euskal Herriko genero-sistemaren ibilbidean izan diren paktu patriarkalak ezagutzeko, eta emakumeen* historian sakontzeko. Afera horretan, klabea deritzogu euskaraz pentsamendu eta praktika feministak sortzeari, eta kokaleku subalterno horretatik errealitatea izendatzeko kategoriak sortzeari. Bestalde, naturari loturiko bestelako errituak, antzinako kosmobisio edota espiritualitate ez-bitarrak, komunak eta gorpuztuak arakatzea interesgarria litzateke[32]. Horrek bestelako mundu posibleak imajinatzeko elementuak eskaini ahal dizkigu, kategoria moderno ilustratuek ezarritakoetatik harago, eta modernitatearen kontzeptu hauek zalantzan jartzera eraman gaitzake: garapen lineala, askatasunaren eta eskubide indibidualen idealak, gizon eta emakume sailkapena, berdintasuna eta unibertsaltasuna…

      “Markoa mugitzeaz” ari gara, beraz, eta gure aritzeko modu nahiz erreferenteak errebisatzeaz. Ezin dugu feminismoaren historia Ilustraziotik abiatu eta Mendebaldeko “olatuen” arabera ordenatu, kolpe batez ezabatzen baititugu mundu osoko emakumeen* kontzientzia-hartze prozesuetan egondako bestelako mugarriak. Itsutasun horri iskin egiteko, emakume* euskaldunen genealogiak ezagutzea, eta, aldi berean, eurozentrikoa eta zuria ez den feminismoaren historia berreskuratzea zor diogu geure iraganari, geure orainari.

 

 

2.2.3.
HARRAMAZKAK
GURE ZURITASUNEAN

 

      Iraganak iragan, orainera etorrita, baieztapen hau ukaezina da egun: gu, bilgune-emaginkideok, zuriak gara. Zer esan nahi du horrek? Non kokatzen gaitu estrukturalki gure zuritasunak? Zapaltzaile bezala identifikatzen al dugu geure burua? Zeintzuk dira zuritasun mendebaldarraren pribilegioak?

      2020ko otsailaren 27an, Bilbon Hegoa Fundazioak[33] antolatutako “Bestelako feminismoak eta bizitzaren iraunkortasuna” jardunaldietan Yuderkys Espinosa egon zen hizlari eta zorrotz aritu zen feminismo ezberdinen inguruan hizketan. Besteak beste, arrazializatutako pertsonen funtzioa, pertsona zurien zuritasuna bera interpelatzea dela adierazi zuen, alegia, deserosotasunak sortzea. Zuzen adierazi zuen ahotsa ez dutenen aurrean ezjakin aitortu arte ez dugula emakume* guztien alde borrokatuko: “Beharrezkoa da zuriek euren nagusitasuna zalantzan jartzea eta ezjakintasuna onartzea. Eta beltzek, aldiz, sinestea baietz, bere jakinduriak ere balio duela”.

      Arrazializatutakoen minaz ere aritu zen, etengabe ukatzen zaien errealitate batekin egin baitute topo aldiro: arrazakeria. Horregatik, borroka dekoloniala berarentzat osatze-prozesu bat ere badela kontatu zigun. Era berean, argi zuen deskolonizazioa ezinbestean bortitza izango dela, despatriarkalizazioa izango den bezala, eta hala adierazi zuen jardunaldietan: “Antiarrazistok erakusten dugun indarkeria, gure gorputzek egunero pairatzen dutena da. Ikusarazi egiten dugu existitzen dela aitortu dadin. Presioa egin behar dugu entzun dadin, suma dadin”.

      Yuderkys Espinosak esan zuen abizenik gabeko feminismoa zuria eta burgesa dela; eta gainerako feminismoek, aldiz, abizenak dituztela. Feminismoak modernitatearen eraikuntza ahalbidetu duela, eta horregatik, errebisatu beharreko zerbait ere badela:

 

      Azken batean, feminismoarentzat emakume askea zer den ikusten dugunean, emakume hori bere garaiko emakumea da, modernitatekoa, hezkuntzarako sarbidea duena, profesionalizatzen dena... Oso modu lau eta sinplean esateko, familiatik, beraz, amatasunetik eta zaintzetatik askatzen den emakumea. Mundu globalaren parte den emakumea, kapitalismoak sortutako ondasunetara sarbidea duena. Eta horrek esan nahi du, jakina, nahiz eta ez dagoen hain argi, horri buruzko galderarik ez dagoelako, azpian ustiapen bat dagoela. Hori guztia zenbait izakiren esplotazioan oinarritzen da, munduko herri kondenatuetatik eta naturatik datozen emakume eta gizon gehienen esplotazioan (Espinosa, 2016).

 

      Alde honetatik, feminismo hegemonikoak ez zion eman bizi-esperientziak izendatzeko eta ulertzeko tresnarik, eta feminismo beltzak, aldiz, sentitzen zuenari ahotsa jarri zion. Feminismo beltzak proposatzen zuen markoan aurkitu zituen errealitatea aztertzeko behar zituen tresnak.

      Entzundakoek arraza eta sexu-generoaren inguruko borroken artean hainbat paralelismo egitera eraman gintuzten. Bietan espazio mistoak edo ez mistoak egon daitezke eta guztiz ulergarria da zapalkuntza-esperientzia espezifikoak dituztenek beraien artean egoteko, indartzeko eta gozatzeko espazioak aldarrikatzea; guk, emakumeok*, gizonengandik aparte espazio propioak behar ditugun moduan. Bestalde, feminista bezala, gu ere beti ez gaude prest besteekin pedagogia egiteko, eta askotan esan diegu gizonei ez etortzeko guri galdetzera zer egin eta zer ez egin. Euren bilaketa eta hausnarketa propioak egiteko eskatzen diegu, eurei dagokiela hausnartzea dituzten pribilegioekin zer egin, nola desplazatu, nola egin uko pribilegio batzuei. Zentzu berean, guri tokatzen zaigu orain gure artean elkartzea eta hitz egitea gure pribilegio zurien inguruko kontzientzia eta ardura hartzeko. Ez da erronka makala. Guri dagokigu urrats bat atzera egitea, haiei lekua egiteko.

 

      Norabide horretan, 2018an, Emaginetik “Gure begiraden albo kalteak” izeneko mintegiak antolatzeari ekin genion. Euskal Feminismoak sortu dituen ikuspegiak, diskurtsoak eta praktika politikoak modu kritiko batean aztertzea eta gure begiradatik bazterrean utzitakoak berreskuratzea da mintegion helburua. 2020ko mintegiak dekolonialitatearen inguruan izan ziren bere osotasunean, eta mintegiaren prestaketan, Yuderkys Espinosak, Karina Ochoak nahiz Aura Cumesek esandakoak kontuan hartzen ahalegindu ginen. Era berean, kezkatuta geunden, azkenaldiko jardunaldietan nahiz mintegietan parte hartzerakoan erakusten dugun “bezero” jarrerarekin. Alegia, norbait ekartzen dugu urteetan garatutako hausnarketa hogei minututan sintetizatzera, eta guk, bestelako ahaleginik gabe, diskurtsoa entzun eta “erosten” dugu (edo ez). Horregatik, lokatzetan murgildu eta arrazakeriaren nahiz gure pribilegio zurien inguruko hausnarketa aktiboki egitera eraman nahi izan genituen parte hartzaileak. Arrazakeria instituzionalaren inguruan janzteko ariketa bat proposatu genuen taldeka, gai hauek lantzeko: Adin Txikikoen Atxikitze Zentroak, migrazio-politika, Atzerritarren Legea, eta abar. Horretaz gain, teoria dekolonialarekin lotutako hainbat testu irakurri genituen, galdera desberdinen inguruan hausnartzeko eta gainerako kideei testuaren nondik norakoak sintetizatzeko. Gure egunerokotik oso urrun gelditzen zitzaizkigun gaietara hurbiltzeko modu horrek, gure posizioaz kontzienteago egin gintuen, eta arrazakeria jorratzeari, pentsatzeari eta deseraikitzeari egunerokoan oso denbora gutxi eskaintzen diogula ohartu ginen. Gurekin bizi diren askoren askatasuna txikitzen duen Atzerritarren Legea, esaterako, erabat arrotza zitzaigun, hura topatzen nondik hasi ere ez genekien eta… Gure herrian bertan, Hendaian, hain zuzen ere, Adin Txikikoen Atxikitze Zentro bat badela jakin genuen, eta hango erregimenak nola funtzionatzen duen ikusteak harrituta utzi gintuen. Nola ez dugu ezer egiten injustizia latz horien aurrean? Berehala ohartu ginen lanketa sakonak ditugula egiteko; gure burbuila zuriak opakoak direla zeharo, eta ez garela burbuila horretatik kanpo gelditzen dena ikusteko gai.

 

      Dekolonialitatean sakontzeko beharra areagotu zitzaigun eta ehbfk 2020ko irailean antolatu zituen udazkenleku feministetan ere, “Lokaztu gaitezen” tailerra antolatu genuen, Emaginen eskutik. Tailerra baliatu genuen gure zuritasunarekin lotutako pribilegioak aztertzeko eta euskaldun bezala bizi ditugun zapalkuntzekin sortzen zaizkigun korapiloez hitz egiteko. Ariketa batean, bi galdera hauen bueltan ibili ginen eztabaidan: “Zein pribilegio ditut nik zuri bezala? Eta non atzeman dezakegu egiturazko arrazakeria gure jendartean?”. Erantzunen artean bizi-ereduari loturiko hainbat alderdi (paperak, lanak, etxea, ikasketak…) agertzen ziren, baita hainbat egoeratan a izatea ere (enpleguan, esaterako). Egote hutsagatik aurreiritzi batzuk ez sortzea (lapurra izatearen aurreiritzia, adibidez), eta begiraden presiorik ez sumatzea, eta estatus sozial jakin bat izateko aukera gehiago izatea, eta larruazalaren koloreagatik irainik ez jasotzea. Egiturazko arrazakeriatzat jotzen genituen honako biolentzia-tresna hauek: Atzerritarren Legea; atxikitze zentroak; poliziaren jazarpena; Mendebaldeko armagintza; pobrezia eta prekarietatea; bazterkeria eta bereizkeria; gutxiespena eta ikusezintasuna; baliabide materialak, legalak nahiz finantzarioak lortzeko oztopoak; ordezkaritzarik eza boterean eta instituzioetan; hiritartasun-eskubidea ezin eskuratzea; eta abar.

      Batek baino gehiagok aipatu zuen errazagoa egiten zitzaiola egiturazko arrazakeria identifikatzea. Arrazakeria ez dugu lehenengo pertsonan bizi, eta pribilegioak berezkotzat ditugunez, ez gara haiek hain erraz identifikatzeko gai. Gainera, arrazializatutako eta migratutako pertsonekin kontaktu gutxi dugu orokorrean, ez ditugu espazioak konpartitzen edo konplizitatezko harremanak sortzen, eta horrek kontzientzia hartzea zailtzen digu.

      Lanketa hau egiteko oso lagungarria egin zitzaigun “Pribilegio zuria: maleta ikusezina desegiten”[34], Peggy McIntosh-en testua. Eta haren laburpen bat ekarri nahi izan dugu hona:

 

      (…) Zapalkuntza sozialak elkarlotuta daudenez, askotan onartzen ez den pribilegio maskulinoa aztertzerakoan, konturatu nintzen, oso litekeena dela, ukatzen den pribilegio zuriaren fenomeno bat ere egotea. Pertsona zuri gisa, arrazakeria beste pertsona batzuk desabantaila-egoeran jartzen dituen zerbait zela irakatsi zidatela konturatu nintzen, baina horren ondorioetan, pribilegio zurian ez pentsatzen irakatsi zidaten, eta horrek abantaila-egoeran jartzen nau ezinbestean.

      (…) Pribilegio zuria pisurik gabeko maleta ikusezin bat da, hornidura bereziz, mapaz, pasaportez, kodeen liburuxkaz, bisaz, arropaz, tresnaz eta txeke zuriz betea. Pribilegio zuria deskribatzeak arduradun bihurtzen gaitu. Zer egingo dugu berau gutxitzeko edo akabatzeko?

      (…) Zuriei irakasten zaie beren bizitzak moralki neutralak, normatiboak eta idealak kontsideratzen. Horrela, beste pertsona batzuen eskubideen alde lan egiten denean, askotan, “haiek” “gure” antza handiagoa izatea erraztuko dien hura bilatzen da.

      (…) Pribilegioa baldintza mesedegarria dela pentsatzen dut, jaiotzagatik edo zorteagatik duguna, eta irabazitakoa edo emandakoa ere izan daitekeena. Hala ere, hemen deskribatu ditudan baldintzetako batzuk zenbait talde sistematikoki besteren gainetik jartzeko erabiltzen dira. Eta pribilegio horrek pertsona baten arraza edo sexuaren arabera bakarrik ematen du nagusitasuna.

  Nahi izanez gero, nire arrazako pertsona batekin egon naiteke denbora gehienean.

  Etxez aldatu behar badut, ziur egon naiteke etxebizitza bat alokatu edo erosi ahal izango dudala, bizitzeko aukera ematen didan edo bizi nahi dudan eremu batean.

  Ziur egon naiteke bizilagun berriak neutralak edo atseginak izango direla nirekin.

  Telebista piztu edo egunkariko lehen orrialdea zabaldu dezaket, eta nire arrazako pertsonak ordezkatuta daudela ikus dezaket.

  Ziur egon naiteke nire seme-alabei beren arrazaren berri ematen dien material curricularra emango dietela.

  Madarikatu dezaket, edo bigarren eskuko arropa jantzi, edo gutunik ez erantzun… erabaki horiek printzipio moral txarrei, pobreziari edo nire taldearen ezjakintasunari egotzi gabe.

  Egoera zail batean ondo jardun dezaket, nire arrazarentzat harrotasuna naizela esan gabe.

  Ez didate inoiz eskatzen nire arraza-taldeko pertsona guztien izenean hitz egiteko.

  Ahaztu egin ditzaket mundu mailan gehiengoa osatzen duten kolorezko pertsonen hizkuntza eta ohiturak, nire kulturan ahanztura horrengatik zigorrik jaso gabe.

  Ziur egon naiteke “pertsona arduradunarekin” hitz egitea eskatzen badut, nire arrazako pertsona bat aurrez aurre izango dudala.

  Polizia batek gelditzen banau ziur egon naiteke ez nauela nire arrazagatik aukeratu.

  Nire etxera itzul naiteke, kide naizen erakundeen bilera askotan parte hartu ondoren, besteekin konektatuta nagoenaren sentsazioarekin. Ez naiz bakartuta sentituko, ez lekuz kanpo, ez gutxiengo. Ez dut sentituko entzuten ez nautela, urrun nahi nautela, edo nire beldur direla.

  Ziur egon naiteke laguntza legala edo medikoa behar badut, nire arrazak ez didala halakorik eragotziko.

      (…) Nire larruazalaren kolorea abantaila bat zen edozein urrats egiteko, eta horretarako hezi ninduten. Nire burua garrantzitsutzat har nezakeen eta sistema sozialak nire mesedetan jarri. Askatasun osoz gutxietsi, beldur izan, jaramonik ez egin edo ahantz nezakeen kultur forma nagusietatik at zegokidan guztia. Gainera, kultura nagusiaren parte izanik, berau askatasunez kritikatzeko aukera ere banuen.

      (…) Horregatik iruditzen zait orain pribilegio hitza nahasgarria izan daitekeela. Horregatik, irabazitako gaitasuna eta sistematikoki emandako boterea bereizi nahi ditut. Merezi ez dituzun pribilegioetatik eratortzen den botereak, bortizkeriaren antza hartzen du; izan ere, zapaltzeko gaitasuna eskaintzen du. Baina nire zerrendan agertzen diren pribilegio guztiak ez dira nahitaez kaltegarriak. Horietakoren batek gizarte justu baten araua izan beharko luke. Beste batzuek, botere gutxien duten pertsonei jaramonik ez egiteko pribilegioak, adibidez, pertsona menderatzaileen eta desjabetuen gizatasuna desitxuratzen dute.

      (…) Zapalkuntza koloniala gaitzestea ez da nahikoa izango hura aldatzeko. Pertsona zuriek beren jarrerak aldatzen bazituzten arrazakeria amaituko zela, ikasi nuen. Baina Estatu Batuetan azal zuriak ate asko irekitzen ditu. Banakako ekintzak arindu egin dezake arrazakeria, baina ez dugu arazo guztiekin amaituko.

      Sistema sozial berri bat diseinatzeko, lehenik eta behin haren ezkutuko dimentsioak ezagutu behar ditugu. Besteak beste, pribilegio zuriaren gaia inguratzen duten isiltasuna eta ukazioa dira hemen tresna politiko nagusiak. Isiltasun horren ondorioz, berdintasunari eta ekitateari buruzko ideiak findu gabe geratzen dira, eta horrek merezi gabeko abantaila eta emandako nagusitasuna babesten jarraitzen du, gai tabu bihurtuz.

 

      Testuak dioen moduan, zuriok baditugu esaten diguten arte jabetzen ez garen abantaila-sorta ugari. Era berean, abantaila oro pribilegioen zakuan sartu litekeen edo ez eztabaidagai izan genuen tailer horietan ere. Zein da pribilegio eta eskubideen arteko ezberdintasuna? Non dago bata eta bestea banatzen dituen marra? Nola xehatu ditzakegu kontzeptuok? Zein da pribilegio hitzak izan dezakeen perbertsioa? “Araka ditzagun gure bazterrak” topaketetara arteko ibilbidean, etengabe azaleratu zaigu pribilegio eta eskubideen inguruko eztabaida.

      Horretaz gain, gure pribilegioen ardura hartzeaz hitz egiten dugunean, hainbat zalantza ere sortzen zaizkigu. Nola egingo dugu eraldaketa feminista eta antiarrazista gauzatzeko? Pertsona arrazializatu eta migratzaile askok behar urgenteak dituztela jakinda, nola erantzun horri zapalkuntza estrukturalak betikotzen dituzten neurri asistentzialetan jauzi gabe? Zilegi al da gure pribilegio-lekutik lankidetzak abiatzea? Nola elikatuko dugu borroka antiarrazista eta antikoloniala, borroka horietaz apropiatu gabe? Edozein mugimenduren aurrean jartzen zaizkigun fokuak eta mikroak nola desbideratuko ditugu borroka horretako askotariko subjektuak ikusarazi eta entzuteko? Ba al dugu borroken motor izateko zilegitasunik? Adibide sinpleetara joz: nork bota beharko lituzke Elkanoren estatuak? Zurioi ba al dagokigu hori?

      Bestalde, emakume* euskaldun bezala zapalduen aldean kokatu izan gara gaurdaino; izan ere, gure kontrako jazarpenak eragindako zauriak haragi bizitan ditugu oraindik. Ondorioz, dekolonialitatearen betaurrekoak jantzi eta zenbait pribilegioz jabetzeak kirrinka egiten digu sarri, geure buruak zapalkuntzaren onuradun egiten baikaitu.

      Alta, Euskal Herrian ere, gure lurra, kultura eta hizkuntzaren kontrako jazarpena ikuspegi berri horretara nola ekarri hausnartzeko beharra sumatzen dugu. Euskal Feminismoaren genealogiari behatuz, hainbat desplazamendu egin ditugu: zapalkuntza hirukoitzaren irakurketari heldu genion, gerora intersekzionalitatearen teoriekin geure jarduna berrikusi dugu, eta gaur egun hamaika hausnarketa eta praktika garatzen ari gara ikuspegi dekolonialak ere zeharka gaitzan.

      ehbfk eta Emagin elkarteak antolatutako tailerrek nahiz mintegiek hausnarketa eta arrasto ugari utzi dituzte gure kolektiboan. Jardunaldi horiez gain, Emagin elkarteak Buruntzaldean, Oñatin nahiz Ataunen eginiko zaintza-lanen ikerketek ere zer pentsatua ekarri digute. Zaintzen krisiak gaur egun eragiten dituen kate globaletan eta migrazio prozesuetan gure iraganaren zantzuak ere aurkitu ditugu, asko izan baitziren Euskal Herritik Frantziara neskame joandako adin txikiko neskatoak ere.

      Herri bezala egiten dugun zaintzen kudeaketak eragin zuzena du hainbat langileren esplotazioan eta egoera prekarioan, eta ondorioz, ardura horri heldu behar diogu, eta esku-hartze eraldatzaileak proposatu behar ditugu, herri feminista eraikitzeko bidean.

 

 

2.2.4.
ZAPALKUNTZA-ARDATZAK KORAPILATZEAZ

 

Zapalkuntza hirukoitzetik intersekzionalitatera

      Intersekzionalitatearen proposamena ez da berria Euskal Herriko teoria zein praktika feministan. 70eko hamarkadatik aurrera zapalkuntzaren hiru ardatz bateratzen dituen joera teorikoa garatu da Euskal Herrian: sexu/generoa, klasea eta nazioa. Sukaldetik plazara (Emagin, 2015) dokumentalean agertzen den moduan, Ipar Euskal Herriko feministek aipatzen dute, besteak beste, Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea (2016) saiakerak eragina izan zuela hainbat ardatzen arteko gurutzatze hori formulatzen hasteko[35].

      Aldagai horien artikulazioari zapalkuntza hirukoitza deitu genion[36]; uste genuen emakume* izateak ez zituela menderakuntzaren ertz guztiak azaleratzen eta klase sozialak eta euskaldun izateak menderakuntza-moldeetan eragiten zutela. Genero-identitatea ez genuen zapalkuntza-ardatz bakartzat, eta ehbfren sorreratik sexu/genero-, klase- eta nazio-zapalkuntzek eragindako errealitateak azaleratu ditugu: matxismoa, esplotazioa eta prekarietatea; gure herriak bizi duen ukazioa; gure kulturak, ondare naturalak edota hizkuntzak pairatzen dituzten erasoak… Azpiratze-mekanismo horiek gure lurraldeak, gorputzak eta bizitzak zeharkatzen dituzte, gure nortasuna eraikitzeraino.

      Kultura, jatorria, arraza eta etnia aniztasuna ere bereizkeria terminoetan ulertzen dugu. Euskalduntzat dugu geure burua. Nazioak eta jatorriak nortasun politikoa eraikitzen dute eta kultur identitateak hartzen duen dimentsio politikoa nabarmentzen dute. Euskal Herria herri menderatua da eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu euskal herritarrentzat. Herri zapalduetan bai emakumeak*, bai kultur adierazpenak azpiratzen dira. Azken batean, hizkuntza, lurra, ondare naturala... ez dira errespetatzen, ez dira zaintzen. Gurea estaturik gabeko nazioa izateak, nazioarteko esparru juridiko eta politikoan zaurgarri egiten gaitu eta agerian uzten ditu herrialdeen arteko desorekak eta botere-talkak.

      Gure ibilbidearen hastapenetan hiru menderakuntza horietan korapilaturiko katebegietatik begiratu genion errealitateari. Ibilian, mugimendu feministan topatutako hainbat kidek interpelatu gaituzte, eta zapalkuntza hirukoitzaren ikuspegia birpentsatzeko ariketa egiten ari gara. Feminista transmarikabolloen bultzadaz, sexu- eta genero-zapalkuntzaz gain, sexualitatea, plazera edota gorputza politizatu ditugu, eta eskema bitarrean arrakalak ireki ditugu. 2009an Granadan egin ziren Espainiako Estatuko Jardunaldi Feministetan[37] entzun genuen lehendabizikoz transfeminismoaz hizketan. Gurean, Medeak talde feministak ekarpen interesgarri ugari egin ditu ikuspegi horretatik azken hamarkadan zehar, eta Edo! argitaletxearen bidez, Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak (2013) liburuan, transfeminismoaren inguruko testuak euskaraz irakurtzeko aukera izan genuen. Hortik ere edan dugu ehbf eta Emagineko kideok.

      Herrialde kolonizatuetako feministek nahiz feminista beltzek honako hau adierazi ziguten: generoa ezin da formulatu klase ertaineko emakume* zurien esperientzia, espektatiba eta bizipenak bakarrik kontuan hartuta. Arrazaren zapalkuntza ikusarazi digute, beraz, duela gutxira arte arrazaren ardatzaz baino, kultura-, hizkuntza- eta nazio-zapalkuntzaz aritzen baikinen. Feminismo dekolonialak, emakume* migratzaile edo arrazializatuen ahotsek, indarrez jarri dute mahai gainean ardatz koloniala. Euren bizipenek errealitate materiala dute oinarri, arrazakeriaren gaia klaseak zeharkatutako afera baita. Estatus migratorioak sortzen dituen herritartasun-hierarkiak pobreak zigortzen dituelako bereziki, gerra eta miseriatik ihesi datozenak, bizirauteko borrokan ari direnak. Esklabotza-forma berriak ikusten ditugu kapitalismo globalaren jokoan: paperik gabeko migratzaile nekazariak, egoiliarrak, autonomo faltsuak, azpikontrataturiko langile prekarizatuak, ezkutuko merkatuan kobratzen duten garbitzaileak...

      Izendatzen ikasi ditugun ertz berriak, hortaz, gainontzeko zapalkuntzekin erlazioan jarri ditugu, gure begirada behin eta berriro bihurritzeko, zabaltzeko eta problematizatzeko. Formula amaitu gabeak eta aldakorrak baliatu ditugu. Horrela, su txikian, errealitatea eraldatzeko eta komunitate feminista harilkatzeko orduan, oso egoera ezberdinak bizi dituzten emakumeen* arteko sareen joskintzan murgildu gara, intersekzionalitatearen betaurrekoak praktikaren buztinarekin nahastuta. Eguneroko jardunaren lokatzean topatu baikara gure kontraesanekin, feminismoaren barruan dauden erdigune eta bazterrak miatzeak eragindako azkurarekin, deserosotasunarekin.

      Etenik ez duen gure egokitze-ariketa honetan hainbat gaitan sakondu dugu: boterearen inguruko eztabaidak; subjektu politiko feministaren eztabaida; transexualitatea; abertzaletasunaren ulerkeraren berrikuspena; kultura politiko eta bizi-ibilbide desberdinetako emakumeak* saretzeko metodologiak, eta egoteko eta aritzeko moduak bilatzea… Finean, etengabeko continuum bat da ehbfrentzat errealitate askotarikoak ulertzeko tresna teoriko eta praktikoak garatzea, aurrera egiteko, gure herrian, trantsizio feminista bat eragiteko, Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.

      Izan ere, zapalkuntza-sistemak ez daude airean, baizik eta gure gorputzetan adierazten dira momentu desberdinetan, era desberdinetan. Arrazakeria, klasismoa, heteroaraua, kapazitismoa, besteak beste, gizarte antolatzaileak dira eta testuinguru eta pertsonen arabera bereizkeriak sortzen dituzte. Adibidez, beltzen eta zurien artean, gorputz pobre edo aberatsen artean, gaitasun zehatz batzuk dituztenen eta ez dituztenen artean. Esaterako, zuritasunak oraindik funtzionatzen du diskriminazio-marka moduan, maila estrukturalean ez ezik, baita gure eguneroko ekintza eta harremanetan ere. Ez da esperientzia bera emakume* zuri batentzat Bilboko kaleetan ibiltzea, edo emakume* beltz batentzat.

      Zapalkuntzak artikulatu egiten dira, ez duelako bakoitzak bere kabuz funtzionatzen. Ikuspegi horren arabera, subjektu eta bazterketa-egoera berriak identifika ditzakegu. Menderakuntzen artikulazioak posizio sozial anitz sortzen ditu, askotarikoak dira emakumeon* egoerak. Durangon egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan esan genuen bezala: “Intersekzionalitatea zapalkuntza anitzen elkarrekikotasunetik borroka komun bat sortzea da. Elkargune horietan sortuko baitugu herri honen eraldaketarako jardungo den subjektu politiko poliedriko hori” (ehbf, 2019, “Gure bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatuak eta burujabetzak”).

      Guretzat intersekzionalitateak ez du esan nahi denok zapalkuntza oro maila berean borrokatu behar dugunik; esan nahi du prozesu zabal baten barnean borroka propio eta lokalizatuak kabitzea, horrek tarteka gure ziurtasunetatik aldentzera edo gure ikusmoldeak deszentratzera eramaten bagaitu ere. Generoa ez da esperientzia unibertsala eta ez ditu bizi ditugun bereizkeria guztiak azaltzen: emakume* baserritarrena, euskal hiztunena, prekarietate gordinean dauden paperik gabeko herritarrena… Intersekzionalitatea ez da zapalkuntzen metaketa hutsa. Esaterako, ez da bakoitzak bere zapalkuntza mahai gainean jartzea elkarren artean garatu nahi dugun proiektua ahalbidetzeko proposamen kolektiborik ez dagoen bitartean. Kontrara, intersekzionalitateak menderakuntza-posizioen korapilatzea eta uztarketa dakar, eta ondorioz, menderakuntza-korapilo horietatik guztietatik askatzeko bidean, premiazkoa da elkarrekin jarduteko zubiak eta aliantzak eraikitzea, izan unean unekoak, izan epe luzerakoak. Beste modu batean esanda, egoera konplexuei aurre egiteko irtenbide konplexuak topatzeko saiakera da, gerta daitekeelako a priori kontrajarriak diren aldarrikapenak konbinatu behar izatea. Baina saiatzea merezi izan du eta merezi du. Hala da, zapalkuntzen gurutzaketek barruan daramagun zama edo minaren adierazle direlako, eta zauri horiek etsai komunen aurkako antolakuntza eragotz dezakete behar den moduan atenditzen ez badira.

      Nazio-gatazka dekolonialitatearen markoarekin lotzen badugu ere, ez dira euskal elite ekonomikoak herri horren desjabetzea zuzenean pairatzen dutenak; kaltetuak, aldiz, langileak, prekarioak, disidente politikoak, emakumeak*, gazteak eta migratzaileak dira.

      Horregatik, aniztasunaz aritu beharrean, ekin behar diogu gure arteko bereizkeria-egoerak nolakoak diren eta nola kudeatzen ditugun izendatzeari. Aniztasuna ez da ezberdinen arteko metaketa harmoniatsua. Lehenago aipatu dugun bezala, aniztasuna gatazka ere bada eta ezin ditugu bereizkeriak aniztasunez mozorrotu.

      Gaur-gaurkoz, gure herrian posizio zenbait hauteman daitezke dekolonialitatearen eztabaidan:

  Emakume* arrazializatu batzuek minetik eta amorrutik hitz egiteko beharra dutela suma dezakegu. Ikusezinak sentitzearen, ez entzunak sentitzearen, eta mendeetako bazterketaren eta biolentziaren aje zilegizkoen ondorioa da. Espazio ez-mistoen aldeko hautua egin dute, eta autodefentsa feminista antiarrazistaren bidea lehenesten dute.

  Kasu batzuetan Espainiako edota Frantziako nazio- eta hizkuntza-markoa erabili izan dira Euskal Herrian dekolonialitateaz jarduteko, beste hiri batzuetako debateak bere horretan hona ekarriz, bertako errealitatearen ñabardurak aintzat hartu gabe eta sare feministekiko deskonexio batetik arituz. Kokatze espainol edo frantses horrek ere zauriak eta ezinegonak sortu ditu feminista abertzale edota euskaltzale batzuongan.

  Mugimendu feminista ziztatzeko interpelazioak barrutik bideratzen dituzte beste batzuek, euskaldun zurion pribilegio-egoerak azaleratzeko asmoz, eta askotariko aliantzak ehunduz feminismo autokritiko eraldatzailea sortzeko.

  Euskaltzaleon partetik, batzuetan proposatu izan da marko berean sartzea (are, parekatzea) auzi hauek guztiak (migrazioak, arraza, nazio-gatazka eta euskara, jakintza-diskurtso hegemonikoei eta eurozentrismoari kritika…), menderakuntza horien arteko loturak bistaratzeko asmoz.

  Beste batzuek pribilegioen lanketan zentratzea nahiago dute, gure arrazakeria lantzeko barne-mailan.

  Lanketa mikro eta komunitarioaren aurrean, egiturazko zapalkuntzei erantzungo dien estrategia orokorra lehenesten dutenak ere badaude, estatugintzaren klabean, mugimendu feministak boterea (eta baliabideak) eskuratzeko eta egituretan eragiteko bidean kokatu ahal izateko.

      Ikuspegi dekolonialetik nola aritu ere eztabaida mamitsu eta beharrezkoa dugu, eta posizio ezberdinek borroka honetan aurrera egiteko elementuak gehitzen dituzte.

      Bestalde, Euskal Herriko Mugimendu Feminista feminismo hegemoniko gisa interpelatu da eremu batzuetatik, eta barne-kontraesanak areagotu dira. Baina gauza bera al da feminismo zuria, feminismo hegemonikoa, feminismo liberala? Gai gara feminismoen arteko ñabardurak identifikatzeko, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministaren partikularitateak hautemateko? Azkenaldian bazterretatik zentroa interpelatzen gabiltza emakume* euskaldunak, migratzaileak, bollerak, transak, landa-eremukoak, gazteak, pentsionistak, klase-batasuna lehenesten dutenak… Baina gehiegi definitu gabe zentroan nor geratzen den zehazki, eta inork bere burua bertan kokatu gabe. Argi dugu: elkarren arteko interpelazioa eta gatazka ezinbestekoa da aurrera egiteko. Hala ere, joera horrek hainbat arrisku izan ditzake, gure ustean: besteak beste, nork bere pribilegioen kargu hartzea saihestea, zapaldumetroaren lasterketan erortzea edo borroka komunerako oinarriak eta sareak desegitea.

 

Entzuketa-ariketak eta elkarrizketak

      Dagoeneko ezagun ditugu Durangon egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan dekolonialitatearen mahai-inguruan gertatutakoak. Mahaiaren alde batean zein bestean orain aipatutako posizio eta jarrera horietako batzuk entzuteko aukera eduki genuen. Mahai-inguru hark guri mugiarazitako emozioak eta eragindako ajeak ere partekatu ditugu aurreko atalean. Izan ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren barruan, ikuspegi dekolonialaren inguruan garatzen ari zen prozesuari bozgorailua jarri zitzaion orduko hartan. Euskal Herriko sare feministaren parte diren herritar asko orduan ohartu baitziren gorpuzten genituen kontraesanez, baita eztabaida zein talka horiek zekarten erronkaren tamainaz ere. Alegia, ardatz koloniala aintzat hartzearen urgentziaz. Ez da hain ezaguna, ordea, eta bai zinez interesgarria, mahai-inguru hori antolatzeko egindako prozesua, jardunaldien antolakuntzaren eremuan. Hasiera batean burujabetzaz eta dekolonialitateaz hitz egiteko mahai-inguru bat antolatzeko asmoa zegoen, hau da, elkarrizketan jarri nahi genituen Euskal Herriko zapalkuntza eta migratzaile nahiz arrazializatuen errealitatea. Horretan ginela, momentu batean ikusi genuen, edo, hobe esanda, ikusarazi ziguten, ez geundela elkarrizketa hori emateko unean, horra iritsi aurreko bidea urratzeko genuela oraindik, alegia. Elkarrizketa hori eman ahal izateko, aurrena entzuketa-ariketa bat egitea tokatzen zitzaigun, beste batzuei zegokien hitza hartzea, orain arte hitza eduki ez dutenei, hain zuzen ere. Erabaki politiko kontziente bat izan zen ahots dekolonialek espazio propio bat izatea. Gainera, kolektibo arrazializatuetako batzuk ez zeuden parte hartzeko prest mahai-inguru hori espazio segurua izan ezean, eta, horretarako, emakume* arrazializatuez soilik eratutako mahaia izatea eskatu zuten.

      Elkarrizketa bat egon ahal izateko, alde bakoitzak liseriketa-prozesu bat egin behar du bizitako minak kokatu ahal izateko eta beste kode batzuetara irekitzeko. Pribilegio-posizioetan gaudenoi ere badagokigu elkarrizketa hori emateko estrategiak eta tresnak diseinatzea, entzuketa aktiboa egiteko prestatzea eta orain arte antzeman ez ditugun ahotsei lekua uztea. Bertakook ezin dugu maternalismoaren eta tutoretzaren logika ezarri, eta ezin dugu gure esperientzia edota borroka orokortu. Horregatik, gure boterea erabiltzen dugun moduaz kargutzea dagokigu, gure egunerokotik abiatuta, gure “espazio erradikaletan” gertatzen denaz jabetuta. Zenbat emakume* arrazializatu daude antolatuta eta zelako rola dute? Nola harremantzen gara beraiekin?

      Boterearen berrikuspen kritikoa behar dugu, epe luzerako prozesu komunitario lokalizatuak egin ahal izateko. Praktika dekoloniala ezin da mahai-inguru baten bueltan soilik gauzatu; gertuko harremanak, maila lokalean abiatutako elkarren ezagutza eta elkar babesteko ibilbideak behar ditu ezinbestean. Eta horretarako gure lehen egitekoa besteen lekuan jartzea da. Deszentratzea, hain zuzen ere.

 

Deszentra gaitezen

      ehbftik Granadan egin ziren dekolonialitatearen inguruko jardunaldietan[38] parte hartu genuen eta bertan, gure ordura arteko hausnarketak konpartitzeaz gain, beste hizlariei entzundakoetatik ikaspen berriak atera genituen. Horien artean, deszentratzearen inguruan, María Reimóndezek (2017) egiten duen gogoeta jaso eta geure egin genuen.

      Funtsezkoa da gure pribilegio-posizioaz jabetzea eta aitortzea, horrek ez baitu ukatzen beste nagusitasun-sistemen kontra okupatzen dugun mendeko posizioa. Ez posizio normatiboak, ez posizio periferikoak dira beti egonkorrak eta finkoak. Zapalduak eta zapaltzaile izan gaitezkeela onartzeak, kokapen batean nahiz bestean egon gaitezkeela ulertzeak, zalantzarik gabe, binarismo logikaren hegemonian arrakala bat eragiten du: zapaldua/zapaltzailea, iparra/hegoa, tokikoa/etorkina, eta abar.

      Gainera, María Reimóndezek esaten duenez, aldiberekotasunean eraikitako posizio hori (kolonizatua/ koloniala) giltzarria da besteengana hurbiltzeko. María Reimóndezek proposatzen du “posizio ez-hegemonikoen ulermena”. Hau da, posizio ez-hegemoniko bat okupatzeak potentziala duela beste diskriminazio-egoerak sentitzeko eta ikusteko. Eta ariketa horri deszentratze-egitasmo politikoa deitzen dio. Deszentratze-ariketa hori mingarria da eta ezinegona eragiten du. Eta honela biltzen ditu lanketa hori egiteko urratsak:

      1.— Distantzia hartu behar dugu: gure zapalkuntzatik kanpo kokatzeko ahalegina egin behar dugu, eta horrek biktima-posiziotik ateratzea esan nahi du (batzuetan oso itsatsita geratzen gara gure zapalkuntza-egoerara eta ez dugu beste ezer ikusten).

      2.— Konturatzea pribilegio-posizio bat dudala bestearekiko. Ariketaren parte hau bereziki deserosoa suertatzen da. Badirudi zapalkuntza ardatzen inguruan hautatu beharrean jartzen gaituela: nola liteke ni, zapaldua, zapaltzaile ere izatea? Kontraesanen aurrean, malgutasunez baina zuhurtziaz aritu behar dugu. Angela Davisek oso ondo adierazten du: zapalkuntzak kontraesanez beteta daude, eta kontraesan horiei heldu egin behar diegu, benetako eraldaketa gauzatu nahi badugu.

      3.— Behin kontraesan hori bizi eta onartzean, gaitasuna izango dut bestearen zapalkuntza-esperientzia aitortzeko.

      Gure baitan bi arima daude aldi berean, gu hegemonikoa (espainiar-frantziar-europar herritar zuri garelako) eta gu bestea (euskalduna, hizkuntza gutxitua, autodeterminatzeko-gobernatzeko desjabetua). Kokaleku konplexu horren potentziala erabili beharko genuke beste diskriminazio-egoerak sentitzeko eta enpatia-ariketak konplizitatez egiteko.

 

Hizkuntzaren dimentsio politikoa eta eraldatzailea

      Hizkuntza zein generoa, biak dira nortasuna eraikitzeko tresna, eta, horrenbestez, baita jendartea egituratzen duten botere-harremanak ulertzeko aldagaiak ere. Feminismoak betidanik izan du zapalkuntzaren ertz guztiak barneratzeko premia eta ahalmena. Hala ere, hizkuntza minorizatuen kasuan, feminismoan ere, lengoaia hegemonikoetara jotzeko joera gailendu da. Hizkuntza gutxituen bazterketa, menderakuntza patriarkalaren, kapitalistaren eta inperialistaren beste ondorio bat izan arren, askok garrantzia kendu izan diote eta gisa honetako borrokak gutxietsi dituzte. Hizkuntza oro, mundu-ikuskera edo kosmobisio baten errepresentazioa da, eta haien kontrako bazterketak, mota desberdinetako ezagutzen desagertzea dakar.

      Gloria Anzaldúa feminista txikanak argi dio kolonizazioak hainbat herri indigenatara, aurpegi estalkirik gabeko terrorismo linguistikoa ekarri zuela. Anzaldúaren ustez, emakumeen* kontrako indarkeria ez da soilik gertatzen emakume* bat hiltzen denean, hain ikusgarri ez diren eguneroko biolentziak ere egon badaudelako. Eta horietako bati deritzo hizkuntzaren kontrako biolentzia. Izan ere, emakumeak* izan baitira hizkuntza menderatuak gehien gorde dituztenak: “Eta nork esaten du, guda bat, herri bati bere hizkuntza lapurtzea baino bortitzagoa dela?” (Gloria Anzaldúa, 1987).

      Euskal Herrian indarkeria linguistikoaz ere hitz egin dezakegu. Esperientzia horretaz asko dakite gure amamek*, gaztelaniaren eta frantsesaren inposaketaren bitartez euskara eta euskararekin sortzen zen identitate osoa gutxitzea pairatu baitzuten.

      Euskal Herrian euskaraz jardutea apustu politiko bat izan da eta egun ere horrela da. Azkenengo ia bi hamarkadetan asko euskaldundu da feminismoa gure herrian, hainbat emakume* feminista eta euskaldunen xaxatze-lanari esker. Hala ere, aniztasunaren kudeaketaz ari garela, praktika feministan elkargunerako hizkuntza nagusiak hizkuntza hegemonikoak izan dira: gaztelania edo frantsesa. Eta euskara, hizkuntza ez-hegemonikoa izanda ere, nola bilakatu dezakegu elkargunerako tresna? Feminista erradikal bezala, gure gorputzen, lurraldeen eta lurraren gaineko defentsarekin batera, ez ote dugu gure ondare linguistikoaren eta kulturalaren defentsan aritu behar?

      Badirudi hizkuntza neutralak eta unibertsalak gaztelania edo frantsesa direla, eta euskara, aldiz, lekua egiten zaion beste hizkuntza hori. Gaztelaniaren eta frantsesaren hegemonia desmuntatu behar dugu, hizkuntza horiek hartzen duten lekua ez delako dagokiena, inposatutakoak eta baztertzaileak direlako, eta hain zuzen ere, sistema kapitalistak, patriarkalak eta kolonialistak sostengaturiko hizkuntzak dira. Horrekin batera, komunitate linguistiko ezberdinen elkarbizitzarako metodologia kontzienteak behar ditugu, eleaniztasunak euskararen normalizazioa kaltetu ez dezan. Euskara lotu behar dugu ez soilik komunikazio jakin bat sortzeko bidearekin, lotu behar dugu sormenezko kulturarekin, ertzekin, gorputzarekin, aldaketa nahiarekin, demokratizazioarekin, tresna eta identitate berriak sortzeko aukerarekin, hautu politikoarekin, herri eta kultura guztiekiko begirunearekin. Beraz, feminismotik eta euskalgintzatik praktika eraginkor partekatuak behar ditugu, Trikua esnatu da (2019) Lisipe bildumako liburuan Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelek jasotzen duten bezala.

      Bidean, euskal hiztunek, gertuko eremuetatik administraziora dituzten oztopoak jasotzearekin batera, euskaradun hezi eta hazi ez diren kideen bizipenak entzun beharko genituzke: zelako zailtasunak izan dituzten euskaraz ikasteko, zergatik lehenetsi dituzten beste gauza batzuk, euskararen eta euskal kulturaren zer imajinario edo aurreiritzi dituzten… Euskara harrera-hizkuntza bilakatzeko, lehen-lehenik, euskal hiztunok izan behar dugu harrera egiten aurrenak, entzuketa-ariketak gorpuzten nagusi, elkartasun-sareak josten eragile…. Bukatzeko, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken azterketa xehea lagungarri izango litzateke politika horien indarguneak eta ahulguneak ezagutzeko, eta batez ere politika horiek eraiki dituzten hizkuntza-ideologiak ezagutzeko, ideologia horiek arrakalatzeko, eta bestelako hizkuntza-politikak eta hizkuntza-ideologiak gauzatzeko, baita hizkuntza linguistikoa biziberritzeko ere.

      Zentzu horretan garrantzitsua iruditzen zaigu ehbfren jarduna, sortu zenetik, erabat euskalduna izan dela azpimarratzea. Hautu politikoa izan da guretzat. Antolatu ditugun ekimen, hausnarketa, material, eta jardun oro euskaraz izan dira. Feminismoa euskaraz ulertu dugu sortu ginenetik, euskararen mundu-ikuskeratik aritu gara herri feminista baten alde lanean, eta euskal mundua feministagoa egitea ere ez da erronka makala gero. Horretan gabiltza, eta horretan jarraituko dugu.

      “Bistakoa da bere-berezko hizkuntza mespretxatzen duen komunitate batek eta bere barneko hizkuntza eta kultur aniztasuna zapuzten duen estatu batek zailtasun handiak izango dituela kanpotik iristen direnak balioesteko...” (Reimóndez, 2017). Horregatik, euskaradun eta euskaltzale garenok ardura dugu, gurea balioesteko, irakasteko eta zaletzeko, eta, noski, bestea beste sentitu ordez, “parte” sentiarazteko. Lehenengo pausoa bizilagun oro aurrez aurre begiratzeko, sentitzeko, ukitzeko... gai izatea da, gure egunerokoan elkarrengana hurbiltzeko eta ezagutzeko apustua egitea. Horretarako, gure jarrera arrazistak eta aurreiritziak deuseztatzeko apustu kolektibo bat egin behar dugu, finean, enpatia-ariketa erradikal eta kolektibo bat egin, geuk sorturiko biolentzia zuriak desaktibatzen joateko.

 

 

[24]  Malen Etxea irabazi-asmorik gabeko emakume* etorkin eta autonomoen elkartea da. 2003an sortu zen, eta ordutik lan egiten du emakumeen* eskubideen defentsan, haien ahalduntzean eta emakume* etorkinen sustapenean.

[25]  Bidez Bide Euskal Herrian bizi diren emakume* migratuen giza eskubideak defendatzera bideratutako proiektu transkulturalak, generokoak eta dekolonialak gauzatzen dituen elkartea da.

[26]  SOS Arrazakeria larruazalaren koloretik eratorritako diskriminazio eta bereizketa ororen aurka borrokatzeko helburuarekin jaio zen, dela jatorriagatik, dela arrazoi kulturalengatik, modu indibidualean, kolektiboan edo instituzionalean gertaturiko bereizkeriak salatzeko. Euskal Herriko zein kanpoko herrialdeetan antolaturik dago, hainbat herri eta hiritan.

[27]  Informazio gehiago izateko ikus: https://www.emakumeen­mundumar­txa.eus/2018/10/29/eraiki-dugu-gure-feministon-herria/

[28]  Erakunde berean langileak eta erabiltzaileak artikulatu nahi dituen gizarte-ekimeneko kooperatiba integrala da, zaintzaren eta pertsonen arretaren sektorean beren lan-baldintzak hobetzeko antolatzea erabaki zuten emakume-talde batetik abiatutakoa.

[29]  Pastora Filigranak (2020) ere gogoeta bera egiten du ijito-komunitatearen bazterketaz eta jazarpenaz ari dela.

[30]  Ikus Urko Apaolaza 2020; Hektor Ortega, 2020a, 2020b, 2020c, 2020d.

[31]  Epistemizidioa, europar eta iparramerikar kolonialismoak eragindako herrien jakintzen suntsipenean datza; metodo zientifikoa klase menderatzaileen balioztatzaile bakartzat hartuta, hori bihurtzen dute objektibotasunaren bermatzaile bakar, subjektibotasunetik, irrazionaltasunetik babesteko tresnatzat aurkezten dutena. Horrela modernitateak bazterreko beste ezagutza-modu batzuk ezabatu zituen.

[32]  Leslie Feinberg aktibistak eta idazleak Borrokalari transgeneroak. Historia eginez, Joana Arc-ekotik Dennis Rodman-enganaino (Katakrak, 2021) liburuan subjektu ez-bitarren genealogia bat eraikitzeko ariketa autobiografiko ahaltsua egiten du.

[33]  Hegoa Fundazioa upv-ehuri lotutako Nazioarteko lankidetza eta garapenari buruzko ikasketa institutua da.

[34]  “White Privilege: Unpacking the Invisible Knapsack”, Peace and Freedom, 1989ko uztail/abuztua, 10-12.

[35]  Ibilbide kolektibo honetan ezagutu dugu jada 1851. urtean Sojourner Tru­thek 1851. urtean eginiko “Ain’t I a Woman?” hitzaldi gogoangarria, feminismo beltzaren testu aitzindaria. Feminismo beltzak ekin zion, beraz, zapalkuntza ardatzen arteko pentsamendua harilkatzeari eta hedatzeari, eta besteak beste, Kimberlé Crenshawek (1989) eta Patricia Hill Collinsek (2015, 2020) sakondu zuten begirada intersekzional horretan.

[36]  Zapalkuntza hirukoitzaren ikuspegiarekin bat egin duten erakunde feminista batzuen ibilbidearen berri izateko ikus: Epelde, Aranguren eta Retolaza, 2015: 54-58, 111-113; 139; 157-160.

[37]  30 urte geroago. Hemen eta orain. Estatuko Jardunaldi Feministak izenpean Espainiako Estatuko jardunaldiak antolatu ziren 2009an Granadan, eta bertan 5.000 emakume* elkartu ziren.

[38]  “IberLAB jardunaldiak. Eskola dekoloniala: elkarrizketa eta horizonte dekolonialak Gizarte Zientzietan eta Iberoamerikako humanitateetan” izeneko jardunaldiak antolatu ziren Granadako Unibertsitatean 2019ko maiatzean. Informazio gehiago izateko ikus: https://www.fundea.org/sites/default/files/documents/201905/19gr49_escuela_descolonial_triptico.pdf