Algara mutilatuak
Algara mutilatuak
2021, saiakera
112 orrialde
978-84-17051-60-0
editorea: Jule Goikoetxea
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2022, antzerkia
 

 

5.
Umore berrietarantz

 

 

      Umoregile feminista hauek! Suntsitu egingo dute etxera inongo hausnarketarik egin beharrik gabe itzultzen uzten zizun umore oinarrizkoa!

Nerea Ibarzabal, 2018

 

...Inkoherente hutsak gara gu,

onartu dezagun, nor ez?

Mihiak dakartzagu morez,

gure buruak guztiz biluztu

nahi genituzke umorez.

Erradikalak gara, 2017

 

 

      Gustuko duen umoreak gustuko ez duenak baino askoz ere esparru txikiagoa okupatzen duela zioen Ibarzabalek aurreko atalaren amaieran eta, hain zuzen, Anduagaren ustez (2015) umorea, orain arte aipatutako guztiaz gain, bada konkistatu beharreko esparru bat, ezbairik gabe. Izan ere, umorez erabiltzen diren errealitateek presentzia sozial bat lortzen dute. Ukitzen ez baldin badituzu desagertu egiten dira eta hor arrisku argi bat ikusten du ikerlariak; umorea lehenengo egiten duenak ildo bat markatzekoa. Hau da, orain arte umorerako erabili ez den gai baten inguruan, esaterako, preso politikoen inguruan, umore klase bat egiten hasten baldin bazara, oso zaila izango da ondoren beste umore klase bat sortzea eta hor, ikerlariaren ustez, borroka esparru bat galtzeko arriskua dago.

      Bestetik, umorea bada espazio bat zalantza hutsetik edo gauzak hipotetiko bilakatzetik berrinterpretatzeko aukera ematen dizuna; eraikitzeko aukera sortzen duena galdera batetik. Martinen ustez ere umoreak beste mundu bat sortzeko balio dezake, “beste mundu kontzeptual bat, zeinean erosoago sentitu”:

      Mundu kontzeptual guztiak dira aldamioak, nolabait, bertan solairu desberdinak eraikitzen joateko aldamioak. Eta oinarritzen bagara aldamio multzo batean guk egin ez duguna eta eroso sentitzen ez garena, ba horren gainean eraikitzen den guztiarekin ere ziur aski ez gara seguru sentituko. Horregatik uste dut behar dela hutsetik hasteko eta umore hegemoniko bati begiratzeko beste leku bat. Uste dudalako umorea badela uko egiteko, erresistentzia egiteko leku bat. (Labaka, 2017)

      Behin baino gehiagotan aipatu dugun bezala, umoreak normak markatutakoa betikotzea eta indartzea izan dezake xedetzat ala, aitzitik, markatutako horri erresistentzia egin eta iraultzea. Hala ere, Lujanbiok aitortzen duen bezala, erresistentziaren bidea nekeza da. Bere hitzetan, bertso munduan, esaterako, umore berria den umore mota hori erabiltzen hastean arraro senti zaitezke. Kode konpartituekin dauka zerikusia berriro ere, egiten duzun ahalegina bakar batzuena soilik den zerbait bezala hartzen baita eta kosta egiten baita hori estandarizatu eta onarpen maila orokor samar bat izan dezan lortzea:

      Mundu guztiak barre egiteko, mundu guztiak ulertu behar du eta mundu guztiak onartu behar du. Berriz ere boterearekin eta onarpenarekin dauka zerikusia. Baina, hori pixkanaka... Hasieran astakeria bat da, bigarrenean jada ez da hain astakeria eta hirugarrenean, barre egiten du jendeak. Iraultza txiki bat izango da eta gertatzen ari da dagoeneko. Eta hori ederra da. (Labaka, 2017)

      Arrarotasunarekin lotua, hainbat elkarrizketaturen susmoa da umorearen bidez ez ote den jada existitzen ez den Euskal Herri bat betikotzen ari. Ibarzabal, esaterako, ondorengoak arduratzen du:

      Errealitatea askotarikoa da baina, sarritan, aniztasun horri buruz kantatzeko beldurra sentitzen dugu, ez dakigulako kodea ulertuko den ala ez. (Labaka, 2018)

      Enbeitaren iritziz, “euskaldunak maiz barre egiten dio besteek berari buruz kanpotik eraikitako estereotipoari”. Varelaren hitzetan, berriz, Euskal Herriko umorea oso umore kostunbrista da eta sexuari buruzko txisteek haurrek egindakoak dirudite oraindik ere:

      Baserri eta furgonetadun familia heteronormatibo egokitik at dagoen guztia postmoderno samarra eta kanpokoa iruditzen zaigu. Orduan, noski, polimaitasunari edo beste praktika sexual batzuei buruz hitz egitea ez zaigu oso euskalduna iruditzen. Nik uste dut markoa hori dela, nahiz eta horrela bizi ez den jende asko egon. Hau da, zu bizi zaitezke Alde Zaharrean pisu konpartitu batean eta praktika bisexualak izan baina gure erreferentea bestea da oraindik ere: baserria, furgoneta, aita eta ama, umetxo bat eta euskarazko naturako elementuren baten izena duen txakurtxoa. (Labaka, 2017)

      Varelarentzat nabarmena da marko horretatik kanpo bizi den jende asko dagoela baina, hala eta guztiz ere, umore mota hori ikusten du erreferente nagusitzat. Garmendiak ere bat egiten du aurrekoarekin Euskal Herrian kontsumitzen den umorea oso kostunbrista dela esatean. Aktoreak kostunbrista hitzarekin adierazi nahi du genero aldetik oso umore maskulinoa dela, guztiz patriarkala; gizonaren inguruan eraikitako umorea.

      Horri aurka eginez, ordea, Egizabalek argi dauka umoreak borroka feministaren zehar-lerro bat izan beharko lukeela:

      Umore azido batek asko lagunduko luke. Min handia egiten du eta borroka bide bat izan daiteke, oso eraginkorra dena. [...] Feminismotik ari gara deskodifikatzen orain arte normaltzat edo naturaltzat jotzen ziren gauzak. Noski, ez da egun bateko borroka, baina biktimismoz egin beharrean umoretik egin daiteke. (Labaka, 2017)

      Umorea borroka bidetzat hartu izanaren adibide bat izan daiteke 2015ean sortutako Bertsxortan ikuskizun feminista. Parte hartzaileek azaldu moduan, bertsoak, bertsioak, kantuak, ipuinak eta inprobisazioa erabiltzen zituzten bertan egunerokotasun kolektibo bat publikoaren aurrean erreproduzitu eta islatzeko:

      Egiak, salaketak, aldarrikapenak eta zalantzak eszenaratzeko, umoretik eta umorez, pentsatzeko baina ondo pasatuz. Barre egiteko baina hausnartuz. Burla egiteko salatuz. Beraiek, gurekin, “gu”ak sortzeko. (Artetxe eta Labaka, 2019: 278)

      Ikuskizun honen helburua, barre eginarazteaz gainera, kritikak plazaratzea izan zen hasiera-hasieratik, kritika feminista eta antikapitalistak:

      Bertsxortan errealismo-ariketa bat izan da, bizi genuena lau haizetara kontatu nahi genuen, eta emanaldi-formatu honen bitartez lortu genuen. Ohiko ereduetatik pixka bat aldentzean, umorea derrigorrez bidelagun. Gai batzuen gordintasuna apaintze aldera, edo alderantziz, gordintasuna erakuste aldera, umore mota ezberdinak erabili izan ditugu. Umore absurdoa eta lotsagabea erabili dugu, haurren umorea batzuen hitzetan; beste batzuetan, performatiboa; gure kritikak performatzen genituen, performatze hutsarekin barregarri bihurtuz; bertso eta kantetan, umore ironikoa; baina gure tresna eta lagun handiena parodia izan da, gauza oro handitu, zentzua kendu eta barregarri bihurtzen duena. Umoreaz birjabetzen saiatu gara. (Artetxe eta Labaka, 2019: 293)

      Agirreazaldegirentzat, umoreaz birjabetzeko bide horretan, oso garrantzitsua da berdinen arteko umorea garatzea. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio egoera zein den adostea; konpartitzen duguna deskribatzea. Bertsolaritzan hori gertatu dela irizten dio Agirreazaldegik:

      Hasieran asko jotzen genuen inkluso biktimizatzera, beharrezkoa zelako adosteko zein izan den bizi izan dugun egoera. Baina, gero, behin adostu dugunean, batez ere gure artean eta baita publikoarekin ere, beste urrats bat eman behar duzu eta hor umorea agertzen da. [...] Hasieran umorea oso zaila da adostu gabe; egoera komuna adostu gabe ezin da. Lehen esan dugu konpartitzen dugun horretatik egiten dugula umorea. Orduan, lehenengo zer konpartitzen dugun adostu beharko dugu eta gero jada hortik askatu, liberatu eta aportatu. (Labaka, 2017)

      Emakume bertsolariek hegemonia zalantzan jartzen duen umore bat bilatzeko saiakera egiten dute maiz eta, Garmendiak elkarrizketa berean esan bezalaxe, armatzat ulertzen dute umorea:

      Umorea egiten dugunontzako barre eginaraztea ez da soil-soilik barre eginaraztea, zu mintzen zaituzten gauza horien inguruan barre eginaraztea da. (Labaka, 2017)

      Agirreazaldegik umorearen balio sendagarria azpimarratzen du, hain zuzen ere, lanean zehar aipatu den umorearen ezaugarri batekiko loturan; umorea egin ahal izateko distantzia hartu behar duzu eta distantzia horretatik ditugun konplexuei eta mamuei barre egiteko gai izatea oso sendagarria iruditzen zaio. Horrez gain, norberak barre egin eta publikoak ere barre egiten duenean, sendatze hori “erdi kolektiboa” dela iradoki du.

      Alberdik ere, elkarrizketa berean, kolektibotasun horretan jartzen du indarra:

      Uste dut zenbat eta gehiago garen, zenbat eta neska diferente gehiago garen, giro desberdinetatik gatozen... hor iruditeria eraikitzen doala. Eta seguru gizon bertsolariak joango balira Ahalduntze bertso-eskolara[27] flipatu egingo luketela zein umore ateratzen den ikusita eta akaso batzuetan sentituko liratekeela lekuz kanpo, deseroso, galduta... sentituko lirateke, gu ere gizon artean askotan sentitu izan garen bezala, ez? (Labaka, 2017)

      Lujanbiok ere duela urte batzuk espazio feministetan kantatzen hasi izanak aldaketa handia ekarri duela uste du[28]:

      Kristoren aldaketa da eta nik uste hori pixkana plaza estandarretara ari dela etortzen. Hori da esaten nuen kodigo konpartitu bat, testuinguru eroso bat, erortzeko eta ez dakit zer astakeria esateko beldurrik gabe, ez? [...] Da terminologia berri bat, umore diferente bat, beste erreferentzia batzuk. Gorputza, sexua, beste rollo bat. Beste parametro batzuk dira. Eta hori kristorena da. Izugarri aldatzen da. (Labaka, 2017)

      Martinen aburuz, Ez da kasualitatea bezalako saioetan normalean ohiko osagaia izaten da babes edo sare sentipena eta honek zuzenean eragin ohi du umorean ere:

      Nesken arteko saioetan errazago ateratzen da beste umore mota hori. Nik uste dut epaia ere badakizulako desberdina izango dela, ez zarela hain epaitua izango. Eta kontziente garelako batzuetan kantuan ari den pertsona hori ahalegin bat egiten ari dela beste eskema batzuetatik kantatzeko. (Labaka, 2017)

      Egungo bertso plazen sisteman, beraz, badaude hegemoniatik kanporako beste plaza mota batzuk non bertsolariak gehiago ausartu ohi diren, esaterako, norbere kontraesanei buruz kantatzen. Emakume bertsolariek horri buruz gogoetatu dute eta saiatu dira gustura egoteko moduko espazioak sortzen. Espazio horiek publikoaren erantzuna eduki ahala, gainera, kopuruz areagotzen ari dira eta beste espazio batzuetan eragitera ere irits daitezke. Berriozabalek argi bereizten du saio hegemoniko eta bazterrekoen arteko aldea, beti ere gai-jartzailearen ikuspegitik:

      Bazterreko saioak deitzen ditugun horietarako gaiak pentsatzen ditudanean askoz ere gehiago pentsatzen dut bertsolariengan publikoarengan baino, badakidalako formatuak berak bere horretan dakarrela leherketa edo apurketa bat. Uste dut ideologikoki ere kaotikoagoa den saio bat izango dela eta askoz ere askatasun gehiago egongo dela; ez dela hainbeste muga egongo. Eta saio normaletarako gaiak prestatzen ditudanean pentsatzen dut gehiago bazkari familiar baterako arropa erabakitzen duzun moduan. Hau da, nahi duzula besteei ondo iruditzea baina zu izaten jarraitu eta azkenean zoazela jantzita ez zu, ez eurak. (Labaka, 2018)

      Ibarzabalek bertsolari ikuspegitik osatzen ditu aurrekoak esandakoak:

      Dagoelako konfiantza bat, badakigulako publiko horrek ulertuko duela. Eta guk ere bai elkar. Horregatik egin dezakegu umore bat, geure txotxinei buruzkoa, geure estriei buruzkoa... Geure buruei barre egiteko konfiantza bat dagoelako. (Labaka, 2018)

      Botere-harreman parekideetaranzko bidean, besteei buruzko umorea egiteko modu inteligentea eta sanoa izan daiteke norbere buruari buruzko umorea egitea. Hala, publikoa ez da epaitua sentitzen eta identifikazioz egiten da konplize. Bertsolaritzan, hala ere, aipatu moduan ohikoagoa izan da normalki besteez barre egitea norberari buruz barre egitea baino. Ibarzabalek dio, ordea, norberak bere buruari buruz barre egitea dela umore biderik eraginkorrena:

      Uste dut gauza asko adierazten dituzula zeure kontraesanak azaleratuz. Eta leku guztietan ez da sentitzen konfiantza hori: bai zu lasai biluzteko eta bai argi jakiteko ez zabiltzala inor zapaltzen. Konfiantza eta kode konpartitu bat; nik hori sumatzen dut askotan. (Labaka, 2018)

      Bertsolari markinarrak orain arte ia etengabe klixeen gainean kantatu izan dela uste du:

      Aldiz, Ez da kasualitatea bezalako saioei esker, gero eta ohikoagoa da, adibidez, emakumeen sexualitateari buruz kantatzea, baina beste modu batean, bizipenetan oinarrituta eta askoz ere modu errealagoan. (Labaka, 2018)

      Lujanbiok harriduraz aipatzen du adibidetzat Bizkaiko Bertsolari Txapelketako 2016ko finalean Ibarzabalek berak eta Miren Amurizak jositako saioa. Gaiak hala eskatuta, bikotea osatzen zuten, Amuriza boliviarra zen eta Ibarzabal, berriz, lehen aldiz zihoan Boliviara Amurizaren familia ezagutzera. Mirenek bollerak zirela aipatu zuen bertsoaldiaren une batean eta Ibarzabalek azken bertsoan “asko maite zaitut ta/ gora Bollivia!” kantatuz borobildu zuen saioa:

      “Gora Bollivia”ren saioa, Bizkaiko final batean! Jada gaur egun ez gara harritzen baina ez dugu perspektiba galdu behar. Hori orain dela hamar-hamabost urte pentsaezina zen, ja ez Berrizko taberna batean, ez, Bizkaiko finalean hori kantatzea! Hori kantatzea, onartua izatea, txalotua eta jende guztiak barre egitea. (Labaka, 2017)

      Berriozabalek ere bertsoaldi berbera gogoratzen du, entzulea bere pentsamendu markoetatik atera izana eta umorearen bidez imajinario bat berritu izana goraipatuz. Bere aburuz, askotan kritikatik erresistitzeko joera nagusitzen da eta bertsoaldi horretan, aldiz, bertsolariek gaitasuna izan zuten eraikitzaile izanik erresistentzia egiteko. Gai-jartzailearen kezka da, ordea, zenbat jenderi iruditu ote zitzaion Ibarzabalen ateraldia barregarria edo umorezkoa. Alberdik ere tarte bat hartzen du elkarrizketan zehar aurrekoen ideiak garatzeko:

      Iruditzen zait batzuek ezin dutela imajinatu ere egin txapelketatik kanpoko giro feministetan umorea noraino joaten den. Lehengo batean egin zuten Errekaleorren Saioa Alkaizak, Miren Amurizak eta Miren Artetxek kopletako saio bat jende artean, ligatzeko norbait aukeratu behar zuten... eta izan zen izugarrizko saioa! Momentu batean ziren bollerismoaren barruko txisteak; “nik pelilarga bat nahi nuen baina ez dago erraza”... Kristoren txiste pila. Eta konparatu zitekeen, segur aski, baserri giro itxiko umore klase batekin. Guk orain arte gehiago ikasi dugu bestea, gehiagotan egon garelako [...]

      Bizkaikoan Bolliviarenarekin pasa zen. Feminismoa esparru zabalagora ari da iristen, sareak badakar hori, igual publikoaren ehuneko ehunak ez, baina badago publikoaren ehuneko hamabost bat, hogei bat, hogeita bost bat... oso ondo ulertuko duena, ez? Eta momentu batean sakrifikatzen duzu ehuneko laurogeia eta kantatuko duzu ehuneko hogei horrentzako, kode konpartitu horretatik. Hori ez da emakumeen artean bakarrik gertatzen, gizonek gizonen artean dauzkaten zenbait kode konpartitu ere ez dira publikoaren ehuneko ehunarentzakoak. Bertsokideen arteko konfiantza ezinbestekoa da Bolliviarena bezalako bertsoaldia josteko. Era berean, puntukako saio batean Unai Agirre eta Aitor Mendiluze egokitzen direnean, ez da bakarrik teknikoki elkar ezagutzen dutela; da mila aldiz kantatu dutela elkarrekin horrela. Orduan aurrelan horrek beste umore klase bat sortzen laguntzen du. Eta, gainera, beraiek daukaten bentaja da aurretik jende askok ikusi dituela elkarrekin eta kode horretantxe kantatzen. Identifikagarria da. Nik badakit zurekin kantatu dudala Ahalduntze-n baina, zenbat jendek ikusi gaitu elkarrekin buruz buru? (Labaka, 2018)

      Enbeitak dioen eran, kontu hauengatik guztiengatik, orain guri dagokigu publikoa berriro hutsetik hezten ahalegintzea. Eta “dagokigu” diot nik ere, hirugarren pertsonatik lehenengo pertsonara jauzi egiteko lizentzia hartuz eta, erabaki kontziente horrekin batera, orain artean idazten nuenarekiko mantendu nahi izan dudan distantzia txikiagotuz.

      Umorea eraldaketarako arma politiko gisa baliatzea dagokigu; geureganatzea; konkistatzea. Umorea kode konpartitu bat ere badela ulertzea dagokigu eta kode horri aldamio berriak eranstea. Umorea doitzen saiatzen jarraitzea dagokigu; etengabe zer, nondik eta nola esan bilatzea. Umoreaz baino umoreez hitz egiten hastea. Umoreari garrantzia aitortzea; umorea boterea dela berrestea; batzuk boteretu ahala besteak boteregabetzen dituela ohartzea eta ohartaraztea. Hurbiltzeko balio dezakeela, edo urruntzeko, iraunarazteko bezainbat iraultzeko. Erresistentzia izan daitekeela, eta tarteka transgresio. Negoziaketa beti.

      Familia bazkarietarako arropa eranztea dagokigu. Kolektiboki eta konplizitatez. Bazterrekoa gozatzea; hegemonia arrakalatzea. Elkarrekin sortzea; kantatzea. Hartzaileari azkura eragitea. Elkarrekin barre egitea. Algaraka. Ozen.

      Behingoz irribarre erditik osora igarotzea.

      Apurtzaileak izan gaitezke eta kortseen josturak indarrez eten. Muga guztiak gainetik igaro, lehertzen ari garela jakitun izanda dena leherrarazi, eta jendea horri buruz hizketan jarri. Edo mugen gainean dantza egin dezakegu sotilki eta pixkanaka-pixkanaka joan metro erdi bat harago bultzatzen, eta bultzatzen, eta bultzatzen. Metro erdika-metro erdika, azkenerako denontzako moduko espazio handiago bat sortuz.

      Biak dira zilegi. Biak behar ditugu.

      Mailu pneumatikoaren indarra eta landareen ekina.

 

 

[27] Plazan elkarrekin kantatzeko aukera urriak dituzten eta bertsolari bezala aurrera egin nahi duten emakumeentzat lagungarri izateko sortu zen Ahalduntze Bertso Eskola, 2015-2016 ikasturtean. Geroztik, urtero antolatu da, Euskal Herri osoko bertsolariei hilabetean behin elkartu eta elkarrekin esperimentatzeko leku bat eskainiz.

[28] 2014ko Feministaldian kantatu zuten lehen aldiz Uxue Alberdik eta Maialen Lujanbiok.