Algara mutilatuak
Algara mutilatuak
2021, saiakera
112 orrialde
978-84-17051-60-0
editorea: Jule Goikoetxea
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2022, antzerkia
 

 

Hitzaurrea

 

Uxoa Anduaga

 

      Izendapenak, definizioak eta auto-identifikazioak dakartzaten eztabaidaz eta garrantziaz mintzo zen Kattalin Miner Argiako artikulu hartan. Angel Erroren olerki bat zekarren gogora lehen pertsonan gertatu zitzaion anekdota baten markoan, eta hantxe izan nuen lehen aldiz “neska mutilatua” izenburupeko poemaren berri.

      Norberari berea beharko lukeen zati bat bortxaz kendu izanaz eta horrek gainerakoengan sortzen duen erreakzioaz mintzo zen Erro. Neska osoa izateko zerbait falta zuen gorputza nola zen besteengandik etengabe itaundua, lehengoa edo oraingoa zein arraroago galdetuz beharbada, edo zein zilegiago, akaso, eta hitz joko interesgarri bat proposatzen zuen idazleak artean, erauzketak neskatoa mutil bihurtu (“mutilatu”) ote zuen, mesfidati begiratzen zuenean inguruak.

      Mutilatuak izan daitezkeen atal asko daude gorputz batean, batzuk besteak baino ikusgarriagoak, batzuk besteak baino ezezagunagoak, baina guztiak ere berdin sentikorrak ebaketa nozitu duenarentzat. Hain ezaguna ez izanagatik ere ohikoa den mutilazio horietako bati heldu dio Ane Labakak bere lanean, algararen erauzketa emakumezkoon gorputzetan nola ematen den ikertzea izan baitu jomuga. Ariketa horretan bidaide izan ditu ipuin kontalariak, clownak, bakarrizketariak, formatzaileak, aktoreak, aktibista feministak, gai jartzaileak eta bertsolariak, guztiak ere umorean ari eta adi diren emakumezkoak, eta haien errelatoekin osatu du sentikortasunen gorputz mapa bat, zauri irekiez, orbainez eta sendabideez diharduena.

      Haien ahotik ikasiko dugu umore propioaren ebaketak emakumezkoen gorputzetan bederen bi ondorio izan ditzakeela. Bata mutilazioa, erauzketa, egon beharko lukeena eta ez dagoena, emakumeoi umore propio bat gauzatzeko plaza ebatsi baitzaigu eta menderakuntza horretan sortze prozesuaren subjektu izateko aukera antzutu. Bestea “mutil-azioa”, androzentrifikazioa, sasi normaltasun maskulinoa. Ez baitago umore aseptikorik, ezpada gizarte heteropatriarkalak gizonezkoa ardatz hartuz espresuki diseinaturiko hori, emakumezkoa bazterrera kondenatzen badu ere zilegi, neutral eta objektiboki umoretsutzat erakusten zaiguna.

      Eta ez da kasualitatea. Umorea biluziko bagenu, talde menpekotasunei eusten dien botere harremanez osaturiko hezurdura bat ikusiko genuke, eta erraz jabetuko ginateke umore hegemonikoa, saldoka kontsumitzen dugun hori, ez dela ausazkoa. Umore normaldua, matxista alegia, sistemak bere aldekoak dituen ikuspegi eta praktikak zabaltzeko baliatuko du, oharkabean kontsumitzen ditugun diskurtso horiek normalaren eta anomaloaren gaineko gure ikuspegia zedarritzeko duten gaitasunaz ezjakin garen bitartean. Kontrol eta erregulazio mekanismo izanik, beste iturri normatiboetatik edaten ditugun ideien indartzaile izango da, eta zentroak eta periferiak, sorginak eta birjinak bereizten eta finkatzen irakasteaz batera, zeharka baino zuzenago, emakumezkoek ez dutela umorerik, ez dakitela umorea egiten, ikasiko dugu.

      Haatik, ezohikoa eta deserosoa izanagatik ere emakumeen umorerik badela bistaratuko da liburu honetan botere harremanen eta umorearen mihiztatze hori erakusteko esparru gisa hartuz bertsolaritza, tradizionalki maskulinoa bezain umoretsua izan dena. Praktika sozial oro lez, publikoan egiten denean bertsolaritza ere arautze maskulinoek uztarpetzen dute, gaiak, egikerak, hotsak eta gorputzak eredu maskulinotik eratorriak baitira eta subjektu maskulinoaren neurrira eta oinetara jarriz erreproduzituko dira, abesten duena halakoa izan edo ez. Baina emakumezko bertsolarien umore oro ez da eredu androzentrikoak bezatutakoa izango, menderakuntza mekanismo ez ezik, askapenerako erreminta eta abagune ere izan baitaiteke umorea. Argi azaltzen du Labakak: “Umorea aho biko tresna da, finean: ‘boterea’ eta ‘kontraboterea’ izan baitaiteke aldi berean. Askotan, pentsamendu nagusiaren isla garbia da eta ideologia hegemonikoaren balioak eta mugak azpimarratzen ditu, baina kontraboterea ere izan daitekeenez, botereak beldurrez begiratu ohi dio. Baliteke behetik gorako umorea goitik beherakoa bezain hedatua ez izatea baina ezin esan daiteke sektore zapalduek umore mota horretara maiztasunez jotzen ez dutenik”.

      Aukera egonagatik ere, beti ez da erraza izaten halako umorearen erabilera, besteak beste, bertsogintzaren egikera normatiboak kantagintzan dabiltzanen ikusmoldean bezainbeste eragin dutelako ikusleenean ere, eta hamaika bider errepikatu ostean aztura bihurtu dira, unibertsal, aseptiko, mutilazio. Bertsolaritzak eta umoreak, biak praktika sozialak izanik, funtziona dezaten kode konpartituak behar dituzte ezinbestean, konplizitate harremanak emaile eta hartzailearen artean, eta horrek norbera mutilatua izateari uztea ez ezik, gainerakoak “neskatu” beharra dakar. Ederki azaltzen du Maialen Lujanbiok: “Mundu guztiak barre egiteko, mundu guztiak ulertu behar du eta mundu guztiak onartu behar du. Berriz ere boterearekin eta onarpenarekin dauka zerikusia. […] Hasieran astakeria bat da, bigarrenean jada ez da hain astakeria eta hirugarrenean, barre egiten du jendeak. Iraultza txiki bat izango da eta gertatzen ari da dagoeneko. Eta hori ederra da”.

      Eta bai, ederra da. “Behetik gorako” umorearen ahaltasunik nagusiena ez baita piramidearen erpinean dagoena kakaztea, oinarrian daudenen mundu ikuspegia ezagutzera ematea baizik: besteaz baino, norberaz mintzatzea. Horretarako ezinbestekoak dira mundu ikuskera propioei buruzko itaunketa intimoak eta berdinen arteko jabekuntza ariketa konspiratiboak. Hortik etorriko da gero publiko zabalean hitza hartzeko eta adarra jotzeko ahalduntzea, eta egite horretan identitate bat, gorputz (bir)osatu bat, eraikitzeko aukera: emakumea, gaztea, ijitoa, euskalduna edo lesbiana. Izate adina aukera, eta aukera adina umore.

      Gorputz eta umore berri(tu) horretatik hitz egiteak ezinbestean dakar nolabaiteko iraulketa, norberarena eta bestearena, botere-harremanena. Errealitatea ulertu eta bizitzeko pluraltasunari zor, inguruaren kontingentzia eta hori aldatua izateko posibilitatea bistaratuko ditu eta, halabeharrez, performatu. Umorea joko zelai politikoa baita eta litekeena da boteretik hori kontrolatzen xahutzen den energiaren zuzenki proportzionala izatea duen ahalmen (des)eraikitzailea.

      Horretaz ere jabetu dira elkarrizketatuak eta ondo erakutsiko digute lezioa. Umoreak ez duelako zertan gutxi batzuen pribilegio izan behar, baizik eta gureganatu beharreko esparrua ere bada, subjektibatzekoa, gorpuztekoa; beste ingurune politikoetan bezalaxe umorean ere emakumeok badugulako zeri barre egin eta nor izan.