Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

Euskadi Saria jasotzean
egindako hitzaldia

 

2020-11-19

 

Emakumeok okupatzen ditugun espazio guztiak zedarritzen ditu biolentziak. Etxea, kalea, gaua. Geure gorputz propioa. Emakumeon mugimenduak, ahotsa eta imajinazioa ere biolentziaz kimatzen dira.

 

Sasiak janak bide-lasterrak,

azpiratuak eskuin-ezkerrak,

profazadoren ondorengook

nahasten ditugu bazterrak.

Lur minatuan txoriak hegan,

belarrietan, muskerrak,

besten lurretan maizterrak:

zuen artean naiz bertsolari

eta zuei eskerrak.

 

      Bertso honekin amaitzen da Kontrako eztarritik. ZUEK, kasu honetan, emakume bertsolari feminista guztiak dira. Liburu honetan parte hartu dutenak eta beste hainbat, aspaldi hilak eta oraindik jaiotzeko daudenak.

      Baina badira beste ZUEK batzuk ere.

      Daiana Ruiz artista buenos airestarraren hitzak:

      “Beti hunkitzen naute emakumeek eginak diren proiektuek. Amaitzen ditudanean sentitzen dut, harrotasunarekin batera, baieztapen triste bat: gizonak direla espazio publikoa. Emakumeon parte hartzea gizonen desirari egokitzen zaio. Horregatik, emakumeok proiektu bat armatzen dugun aldiro ari gara urratsak ematen espazio publikora sartzeko gizonen desiratik bereiz eta haien baimenik gabe. Emakume izatea indarkeriak zedarrituriko espazioan bizi den gorputza izatea da. Gehienetan, ikusezina zaigu biolentzia, testuinguru sozialari baitagokio. Eta guk espazio hori hartzean borroka egiten dugu, sufritu egiten dugu, baina, ere berean, maitatzen dugu, plazer hartzen dugu eta mugitzen gara muga horien barruan”.

 

 

Kontrako eztarritik liburuak muga horien barruan mugitzeaz, sufritzeaz, borrokatzeaz, maitatzeaz eta sortzeaz pentsatzen du. Gure emakume gorputz indibiduala eta kolektiboa hertsatzen duten, mugimendu-marjina mugatzen diguten mekanismoak identifikatzea, izendatzea eta azaltzea izan da erronka, ikusgarri bilakatzeko ahotsa menosten diguna, mugimendua lotzen diguna mintzo publikoa erabili nahi dugun bakoitzean, espazio publikoa okupatu nahi dugun aldiro.

      Hitzak pentsamendua behar du, eta pentsamenduak hitza. Horregatik ZUEK badira pentsalari eta idazle feminista guztiak ere. Eta ZUEK dira ezinbesteko bi bilduma, liburu hau eta beste asko pentsatzeko hitzak ematen ari zaizkigunak: Eskafandra eta Lisipe bildumei esker, feminismoa euskaraz pentsa dezakegu gaur egun, eta euskaraz albaindu pentsamendu feminista. Hala ere, berdintasunaren aldeko borroka inon egon bada, kalean egon da, emakume taldeetan eta akademiatik kanpoko igurtzian, babes, akzio eta pentsamendu sareetan. Horregatik,  ZUEK, batez ere, gure aurreko emakume feminista guztiak dira, gu mugi gaitezen mugitu zirenak: plazara atera zirenak, euren iritzia eman zutenak, espazio publikoan kirola egiten hasi zirenak, tradizio baztertzaileak zapartatu zituztenak, galtzak jantzi zituztenak, abortu eskubidearen alde borrokatu zirenak, poteatzen hasi zirenak, haserretu zirenak, plazerari bideak ireki zizkiotenak. Eta ZUEK dira euren belztasunarekin gure zurikeria interpelatzen ari diren emakume migrante eta arrazializatu guztiak, gu libertateaz pentsatzen ari garen bitartean geure etxeak, eta geure zaharrak zaintzen dituztenak: bizitzarik eusten diotenak.

      Eta amaitzeko, datu bat: Saiakera alorreko Euskadi Literatur Saria banatzen hasi zenetik, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateak kontuan hartuta, orotara bi emakumek jaso dugu sari hau. Gainerako 18ak gizona dira. Nik baino lehen sari hau jaso zuen beste emakumea Arantxa Urretabizkaia da, Bidean ikasia lanarekin, zeinak biolentzia matxista duen oinarri-oinarrian. Gizonezkoen saiakerek askotariko gaiak jorratzen dituzte: Demokrazia, Literatura, Kritika, Hizkuntza, Politika… guztiak hizki larriz idatziak. Amaitu nahi nuen esanez, jasaten dugun indarkeriak berak behartzen gaituela desberdinkeriaz pentsatzera. Kontrako eztarritik liburuarekin batera, nik dakidala, gutxienez beste lau saiakera feminista zeuden izendatuta sari hau irabazteko: Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak, Kattalin Minerren Moio, Samara Velteren Nik sinisten dizut eta Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen Trikua esnatu da. Badirudi gai garela saiakera feminista zorrotzak idazteko BAINA, aho biko labana da hori: geure txokoaz pentsatzeko autoritatea baino ez daukagu. Jasaten dugun biolentzia pentsatu beharrak ez digu mundua pentsatzen uzten. Akaso, gizonak jarriko balira genero desberdinkeriaz pentsatzera eta hura eraistera, emakumeok idatzi ahal izango genuke mundua.

 

Eskerrik asko