Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

7.
DESEXUALIZAZIOA,
DESEROTIZAZIOA,
DESGORPUZTEA

 

      Emakumeek ezin dute idatzi premisari ni ez naiz emakumearekin erantzun izan diote emakume idazle askok, hala kontatzen du Russek. Bata ala bestea izatekotan, idazlea aukeratu eta emakumea ukatu. Horretarako estrategiak hainbat izan dira: femeninotzat jotzen diren ezaugarri fisikoak ezabatzea, idazkera “maskulinizatzea”, norberaren burua gainerako emakumeen multzotik salbuestea haiekin nahas ez dezaten...

      Ez-desiragarritzat jotako gorputzen deserotizazioa eta haiekiko biolentzia pasiboa, eta hipersexualizazioaren beldurrez autozentsuraturiko gorpuztasuna eta erotika, gatazka iturri dira emakume bertsolari askorentzat.

 

      Maddalen Arzallus:

      «Nire bertsolari lanean ez dut gorputza batere presente sentitzen, eta uneren batean sentitzen baldin badut indar sentsazioa ematen dit. Lepotik gorakoa daukat presente guztiz, gorputza ahaztuta, baina momenturen batean nire pentsamendua gorputzera pasatzen baldin badut indarra ematen didan zerbait da, osotasun bat. Publiko aurrean benetan indartsu sentitzen naiz, fisikoki indartsu. Irudi horrekin pentsatzen badut, ahalduntze sentsazioa ematen dit nire fisikoak».

 

      Jone Uria:

      «Kantuan ari naizela ahaztu egiten zait gorputza daukadanik ere».

 

      Miren Artetxe:

      «Gazteagotan irakurketa ustez feministak egiten nituen, baina ez nuen gogoetatzen feminismoak ni nola zeharkatzen ninduen. Feminista nintzela esatearekin batera neure burua ez-neska bezala definitzen nuen. Mutila ezin nuen, neska ez nuen nahi. Ez-neska definitzen nintzen. Atzera eginda, pubertaroan ez nuen titiak hazterik nahi. Gogoratzen naiz erosi genuen lehenengo bularretakoarekin, Peter Pan markakoa. Neure burua ispiluan ikusten nuen eta nazka ematen zidan, eta aldi berean erakarri egiten ninduen. Ez nuen hortik pasatu nahi. Nahiago nuen mutila izan. Eta ez dut uste egoera berbera izango zenik bertso eskolan ibili ez banintz. Uste dut bestelako elementu batzuk ere konbinatzen direla; adibidez, aitarekiko mirespena eta amarekiko gutxiespen inkontzientea. Aita zen dena, eta horrekin ere erraz artikulatzen da: bertso eskolan nenbilen eta balio berak erreproduzitzen ziren. Neska bihurtzera nindoan eta nik neskak mespretxatu egiten nituen! Orduan, nik ez nuen nahi, ez zetorkidan batere ondo momentu hartan. Miresten nituen neskak mari-mutilak ziren. Beraz, feminista nintzen baina uste nuelako beste emakume batzuek laguntza behar zutela, kristau asistentzialista banintz bezala. Ez nituen irakurketa sotilak egiten eta egiten nituen irakurketek ez ninduten zeharkatzen».

 

      Onintza Enbeita:

      «Egia da askotan andre txarrek ez dutela gizonezkoen irudira egiten eurena, baina ez dakit hori beti horrela den. Niri sentiarazi didate nire gorputza ikusezina dela, eta nik ahalegin handia egin dut haien begietara sexuatua izaten, haien begietara gorputza izaten, baina sentitu dut ez zaiela interesatu. Sentitu dut ez nautela desiratu, eta inoiz behar izan dut, nahi izan dut sentitu gizonek desiratzen nautela».

      «Duela hamar bat urte gai hau jarri zidaten txapelketan: “Zure leihotik pareko eraikineko leiho batera begira zaude prismatikoak hartuta”; halako zerbait. Bikote bat deskribatu nuen larrua jotzen, oso azaletik, badaezpada. Saioaren amaieran gizon heldu bat etorri zitzaidan eta esan zidan: “Beraz, zuk badaukazu esperientzia”. Itxuraz, ez zuen uste neska lodi batek bizitza erotikorik izan zezakeenik».

 

      Amaia Agirre:

      «Sexuaren inguruko gai asko jarri dizkidate, baina askotan egoera absurdoak izan dira, erridikuluak, bertsotan hasi aurretik barrea eragiten zutenak. Egoera hori benetan gertatuz gero deseroso egongo ginatekeenak, baina umorea egiteko balio izan dutenak. Nolako umorea, ordea? Despektiboa, goitik beherakoa, bertikala, patriarkala. Egia da. Emakumearen irudia askotan erridikulizatu egiten zuten egoerek, eta nik normaltzat hartu izan ditut ez nintzelako ohartzen oinarrian zer zegoen».

 

      Miren Amuriza:

      «Gure belaunalditik gorako gizonezko bertsolari gehienek alaba modura irakurri naute eta uste dut horregatik ez direla agertu izan nire gorputza eta sexualitatea beraiekin kantatu izan dudanetan. Nire fisikoari buruzko aipamenen bat egin izan didatenean beti izan da aurpegiari eta batez ere begiei buruzkoa. Gorputza eta erotika bertsokide neskekin agertu zitzaizkidan: beste elkarrizketa mota batzuk, beste umore mota bat, beste sedukzio era bat... Testuinguru horretan agertu zait gorputza figura interesgarri eta erakargarri moduan».

 

      Eli Pagola:

      «Koskortzean, plazara sartutakoan, ni ez naiz sexuatua sentitu. Momentu puntualetan bakarrik. Lehen esandakoaren harira, mutiko batek ez du beste mutiko bat sexuatzen, ez bada harpa jotzeko. Uste dut oraindik ere ez naizela oso sexuatua; batez ere emakumeek bilakatu nautela sexudun, edo nire fisikoari buruz, nire itxurari buruz batez ere emakumeek hitz egiten didatela. Gizonek, apenas. Hori, alde batetik, erasotua ez sentitzeko bide bat izan daiteke, baina, bestetik, ez zaituzte aipatu nahi. Nik ere defentsa mekanismoak garatu ditudala uste dut, ez kontzienteki, baina kolpeko bertsolaria izatea, nire izaeraz gain, izan da defentsarako mekanismo bat ere. Bertso eskola batean bost mutilekin batera neska bakarra zarenean, eta dena baldin bada harpa jotzetik, zuk ez duzu nahi zuri harpa nola hala jotzea eta mekanismo batzuk bilatzen dituzu».

 

      Ainhoa Agirreazaldegi:

      «Sexualitateaz aritzeko espazioa emakumeen artean topatu dut, epaitua izateko beldurrik gabe eta enkasillatzeko beldurrik gabe. Nik uste, emakumeen artean sexuaz kantatzen dugunean matizak azaltzen direla, ez dela azaltzen beste gorputz baten erabilerarik, baizik eta norberaren gozamena. Ez dut gogoratzen emakumeen artean akosorik edo deserosotasunik suertatu denik gai hauetan. Gehienetan norberaren buruaz, norberaren sexualitateaz kantatzen dugu, ez hainbeste besteaz. Nik sentitzen dut biluzteko askatasun handia, kontraesanak adierazteko erraztasuna, aniztasuna ateratzeko aukera... eta izan dela oso espazio erosoa. Eta nik benetan sexualitatea bizi dudan era ateratzeko aukera. Ze ia inoiz ez dut kantatu gizonekin sexuaz, baina uste dut konplikatuagoa litzatekeela. Ordea, espazio zabala, konstruktiboa ari gara eraikitzen emakumeon artean».

      «Uste dut gure belaunaldia ez zela batere sexuatua izan, burutik egiten genuela bertsotan eta geuk ere ez genuela geure gorputza ikusten. Gorputza ikusten baziguten, arriskua zegoen erabil zezaten. Ez genion lekurik uzten. Jartzen naiz atzera begira, jartzen naiz Maialen Lujanbiori, Iratxe Ibarrari, Estitxu Arozenari, Nahikari Gabilondori begira... eta sexua ez zen agertzen gure bertsoetan. Ez ziguten gai modura jartzen eta guk ere ez genuen ateratzen. Mentalki kolokatzen ginen. Geuk ez genituenez gure gorputza eta sexualitatea ikusarazten, babes eremu bat zen eremu horiek jokoan ez jartzeko. Horrekin lotzen dut... zu [Uxue] ikusi zintudanean Irunen minigonarekin kantari, eskuak burura altxatu nituen. Ordurako indartsu zentozen bertsolaria zinen, aurretik beste kanporaketaren bat irabazita zeneukan eta ikusten nuen aukera handiak zenituela kanporaketa hura ere irabazteko. Eta, bat-batean, azaldu zinenean minigona harekin, nik esaten nuen “Ai dios! Nora doa neska hau? Egin dezala ondo bertsotan ze bestela egurtu egingo dute”. Niretzat gugandik oso bestelako neska zinen, baita bertsotatik kanpo ere. Eta bi gauzak lotuta ikusten ditut: zein zen emakume bezala gure modua plazara agertzeko eta nik zer sentitu nuen bestelako emakume bat plazan ikustean».

 

      Oihana Iguaran:

      «Ilea labur moztu dudanetik aldatu egin da nire gaineko irakurketa gizonen aldetik. Ni ez naiz sekula asko apaindu bertsotarako. Dantzarako apaintzen naizen bezala, bertsotan, kontrakoa. Ahalik eta diskretuen joaten ahalegintzen naiz, batez ere, saio handietara, ez baitut nahi jendeak pentsatzerik nire arreta itxuran jartzen dudanik, hori inporta zaidanik, itxura polita ematera noanik. Niretzat esanguratsua da ilea moztu dudanetik kalean piropo maila jaitsi zaidan une berean jaitsi zaidala ligoteo testuingurua bertsotan. Eta nik sedukzio jokoan aritu nahi badut? Ohartzen naiz, bat-batean, kode hori ez dela existitzen nirekin, ezabatu egin dela automatikoki. Beste era batera irakurtzen naute».

      «Nire erotika gizonekikoa izan da normalean, baina bertsotan kontrara gertatu zait: Ez da kasualitatea-n egin ditut saiorik erotikoenak. Emakumeekin askoz seguruago sentitzen naiz adierazteko orduan, gaizki-ulertuetarako eta bestelako epai batzuetarako arriskua desagertu egiten dela sentitzen dudalako».

      «Kantatu dudan esparru guztietan eroso sentitu naiz erotikaren atea ixteko, horri bizkarra emateko eta beste bide batzuk hartzeko, eta publikoa konplize sentitu dut. Bertsolari gutxik sentiarazi naute deseroso. Egia da nire jarrera defentsiboa dela, bat gehiagokoa. Edo bestea lotsaraztekoa. Eta hori ez zait gustatzen, sentitzen baitut bere terrenora sartu naizela edo bere mailara jaitsi naizela. Batzuetan, gaia aldatzeko errespetuzko saiakera batzuk eta gero gaia ignoratzera ere igaro izan naiz. Atea itxi eta nire bidea ireki. Egia da, atea itxi beharra bera badela mugatze bat. Gainera, energia pila bat eskatzen du, ahalegin intelektual estra bat bideratu zenezakeena bestelako ideia eder batzuk garatzera».

      «Nire irakurketan deskartatuta nago merkatu sexual-erotikotik. Alde batera, ondo, ze nik hortik kanpo eraiki nahi izan dut. Baina, aldi berean, ez naiz ni izan karta horri uko egin diona; sentitzen dut karta hori kendu egin didatela, ukatu. Gaztearen eta berriaren irakurketa bi hilabetetan agortu zitzaidan plazan. Ezustean harrapatu ninduen, sentitu nuen ez zidala balio berriaren eta gaztearen rolak eta biluzik sentitu nintzen... Neska politarenak ere ez dit balio. Eta orain nondik eraikiko dut neure burua? Esaten nuen: Ados, ja ez naiz ez berria, ez gaztea, ez neska-gaztea... bale, nor naiz? Zer bilatzen duzue nigan?. Galduta. Nik nire buruari esaten nion: Ea, zer daukazu zuk eskaintzeko hemen? Eta pentsatzen nuen: Gauza pila bat, baina jendeak ere ikusi egin behar du, gai jartzaileek... nola adieraziko diot jendeari nor naizen, zer daukadan esateko?».

 

      Alaia Martin:

      «Orain gutxi ohartu naiz kantuan neskek askoz gehiago aipatu dutela nire gorputza eta aurpegia bertsokide mutilek baino. Uste dut askok ez dutela jakin izan niri nondik heldu. Nire gorputza apenas existitu den oholtzan (ni ere berandu ohartu naiz baneramala); nire takoiak eta nire makillajea izan dira kantagai normalean, eta azken bi urtean takoien zentimetro kopurua eta zapata mota nahita aldatu izan dut zeri kantatzen zioten ikusteko. Takoiek hor jarraitu dute jantzi gabe ere. Ez dit min egin izan etiketak, baina hortik kanpo zer egin nezakeen bilatzen ibili naiz, boladaka. Horren harira, pentsatu izan dut naizena baino azalekoago ikusiko ninduela zenbaitek».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Bertsoaldi bat neuk eraman dudanean erotikaren bidetik txarto sentitu izan naiz gero, horretarako eskubidea hartzeagatik. Aurrez gizonei bide hori moztu izan diedanez, gero ez dut zilegitasunik sentitzen nik bide hori hartzeko. Uste dut libre utzi behar genukeela eta edozein momentutan sentitu eskubidea deseroso bagaude gaia mozteko. Ez dugula errotik anputatu beharrik: hasi zaitezke zeu erotikaz kantari eta momentu batean erabaki ez duzula hortik segi nahi».

 

      Maialen Akizu:

      «Sexualitateari eta erotikari ihes egin izan diot. Kidea bada niri erotikaren bidetik ekiten didana, normalean, sinpatika, baina paso egiten dut. Behin Amaia Agirrek, Ahalduntze Bertso Eskolan esan zuen nola bera libre sentitzen zen Julio Sotorekin, adibidez, ligoteo kontuan: “Ondo pasatzen dugu biok, eta publikoak ere bai, badakitelako errealitatetik urrun dagoela esaten ari garena, fikzioan ari garela, plano horretan ulertzen da. Baina Julio Sotorekin Maialenek ligatzen badu (nire izena aipatu zuen eta inpaktatu egin ninduen), publikoak zenbateraino bereiziko ditu fikzioa eta errealitatea?”. Guk bertsokideok ere, ez dakit zenbateraino. Deserosotasuna sor daiteke, ohartzen baitzara errepresentazio horretan jendeak probabilitate bat ikusten duela, esaten duzuna ez dela testu hutsean gelditzen. Kontzienteki edo inkontzienteki, ligoteoan, gehiena, edo lehengusuarekin, edo neskekin aritu izan naiz, neskekin gehiago, badakidalako jendeak edo bertsokideek ez dutela planorik nahastuko. Gizonak terreno horretan nirekin sartu direnean, adar jotze bezala hartzen nituen lehen, ia gustatzeraino, baina gerora pisu gehiago hartu dute. Anekdota batzuk gogoan ditut, eta momentuan ez mindu arren, fikzio gisa irakurtzen nituelako, nire figura sexualizatua zela konturatzeko balio izan didate».