Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

4.
ITXURAGATIK
EPAITUAK IZATEA

 

      Lisa Halliday idazleak Asymmetry izeneko eleberria argitaratu zuen 2018an, eta bi idazleren arteko affaire-a kontatzen du, besteak beste: Aliceren (mundu editorialean lan egiteaz gain idazle izateko anbizioa duen neskaren) eta Ezra Blazeren (idazle kontsakratua eta Nobel sarirako hautagai eternala den gizonaren) artekoa. Lisa Hallidayk berak affaire bat izan zuen Philip Roth idazle kanoniko eta bera baino 52 urte zaharragoarekin eta bistakoak dira errealitatearen eta fikzioaren arteko zubiak. Nobelan, bazkaritan ari dira Alice eta Ezra. Halako batean, irakurle bat gerturatuko zaie mahaira:

 

      — Barkatu. Nire senarra lotsarazten ari naiz, baina zuri esateko premia neukan zeinen garrantzitsuak izan diren zure liburuak guretzat.

      — Eskerrik asko.

      — Oraintxe bertan bi dauzkat mesanotxean.

      — Bikain.

      — Eta zu —esan zuen emakumeak, Alicerengana jiratuta— oso polita zara.

      — Eskerrik asko —esan zuen Alicek.

 

      Emakumeen gorputzen eta kanpo irudiaren gaineko epaia atergabea da bertso munduan —eta handik kanpo—. Oholtzan itxuraz diskretuak izan nahi dutela aipatzen dute emakume bertsolari askok. Entzuleen arreta bertsora bideratu nahian traba zaie gorputza. Diskretuak, akaso, esan nahiko du neutroa, testuala, bertsolaria: alegia, gizona.

 

      Alaia Martin:

      «2004ko Gipuzkoako eskolartekoaren ondoren elkarrizketatxo batzuk egin zizkidaten. Uste dut orduan konturatu nintzela lehen aldiz entzun ez ezik ikusi ere egiten nindutela. Kazetarietako batek galdetu zidan finalean sujetadoreko tirak ikusten zitzaizkidanez, ea aldarrikapen modura egin nuen. Orduz geroztik kontzientzia handiagoa izan nuen neraman eta ez neraman arropaz. Gertu-gertuko jendeak ere, garai hartan, eta aurrerago ere bai, esan izan dit erne ibiltzeko ematen dudan itxurarekin, eskubidea neukala nahi bezala janzteko eta makillatzeko, baina jendeak gero edozer gauza pentsa zezakeela niri buruz... Hain nengoen desados mugatze ahalegin horrekin, zalantzaren aurrean bider bi egitea hartu bainuen joera gisa. Orain askotan aipatzen ditut nire makillajea eta ustezko superfizialtasuna. Batetik, neure buruari gogorarazteko horretarako libre naizela eta, bestetik, etiketaren absurdoa mugara eramateko, etiketatzailea nabarmen geratzeraino. Tarteka ateratzen dudan ilehori ergel bat daramat orain nire barruan, eta lagunak gara».

 

      Ane Labaka:

      «Eskolarteko azken-aurreko urtean, 16 urte nituela, bular zabaleko tirantedun elastiko batekin joan nintzen finalera. Ordurako gorputza garatua nuen eta gogoratzen naiz entzun nuela: “Epaileak ez dakit nora begira egongo ziren gaur”».

      «Urte batzuetan ezker abertzalearen barruko prototipo militantearen estiloan janzten nintzen, eta horrek ez zuen distortsiorik sortzen bertsotan; baina gogoratzen naiz ezpainak margotzen hasi nintzenean nola azpimarratzen zidaten behin eta berriz, normala ez balitz bezala. Pixkanaka, nire itxura aldatzen hasi nintzen, bestelako feminitate bat performatzen. Eta horrek eragin zidan tentsioa; izan ere, gustatzen zaidan eran janzteak segurtasuna ematen dit, baina, aldi berean, badakit horrela janzteak eta horrela makillatzeak zer ekar dezakeen. Feminitate arautik gertuago kokatzen naiz, horrek segurtasuna ematen didalako eta hein batean boteretzen nauelako, baina traba egiten dit hortik irakurria izateak, eta arroparik femeninoenak oholtzatik kanporako uzten ditut. Beti neurtzen dut feminitatea».

 

      Maddalen Arzallus:

      «Behin sentitu nintzen gaizki bertsotan, gaztetxe batean izan zen. Ez daukat inolako arazorik gaztetxeekin, baina egun hartan sartu nintzen eta ez nuen nire outfit-a egoki ikusi leku hartarako. Arrotz sentitu nintzen. Bestela, inoiz ez».

 

      Oihana Iguaran:

      «Uste dut ematen dudan irudia dela indartsua, sendoa, irmoa... Uste dut gizonentzat intimidatzailea izan naitekeela; indartsua naiz fisikoki, edozein kirol egiten badut azkar muskulatzen naiz. Ezkutatu egin izan ditut nire giharrak. Nerabetan mari-mutil epaia jasotzen nuen eta badakit hori nirekin daramadala; neskamotza deitzen didate. Gertatzen zait, apaintzen naizenean edo, zehatzago, feminizatzen naizenean askotan entzuten dudala “ze guapa, egunero jarri behar zenuke horrela” edo “beste bat ematen duzu”. Sentitzen dut erakargarritasun potentzial bat aitortzen didatela baina, aldi berean, irudi kontraesanezkoa eman dezakedala».

      «Nire lehenengo Ez da kasualitatea[5] saiora bertsotarako inoiz jantziko ez nukeen arropa jantzita joan nintzen: soinekoa, lepoko bat, ezpainak margotuta... Baina saio handietan, txapelketan, demostratu egin behar dudala sentitzen dudan saioetan serio har nazaten, neskatila bat bezala irakur ez nazaten..., bertsolari moduan aitortua izan nahi dudan lekuetan nire presentzia fisikoa ezabatzera edo lanbrotzera egin dut. Ez da kasualitatea saioetan ez dut nire bertsolaritasuna demostratu beharrik sentitzen, zuzenean naiz bertsolari, beste guztiak adina. Baina bestelako saio askotan bai, saio konkretu batzuetan, batez ere: Aia, Ereńotzu, Altzo... Hor neutroa izan nahi dut, nire feminitatea ezabatu edo lanbrotu... maskulinoa delako neutroa. Eta nire fobia pertsonala da: sentitzen dudan bakoitzean arropa aukeratzen edo neure burua apaintzen denbora gehiegi ematen dudala, gero bertsotan ondo egiten ez badut neure burua zigortzen dut, gogor, energia okerreko lekuan jartzeagatik, bata bestearekin zuzenean lotuta balego bezala. Aiako saio batean hain gaizki pasatu nuen... Kamiseta berria neraman soinean, kamiseta diskretu baina polit bat, han estreinatu nuen eta ez nuenez maila eman ez dut gehiago jantzi; neure burua zigortu nuen kamiseta berria eraman izanagatik».

      «Txapelketan, galtza beltz batzuk eta jertse zabal bat aukeratu nituen, diskretuak, eta amak esaten zidan: “Neska, badauzkazu horiek baino jantzi txukunagoak, telebista egongo da”. Nik esaten nion: “Hori ez da inportantea”. Arreta nire bertsoetan jar zezaten nahi nuen, ez nire itxuran. Ahotsarekin nahikoa ez banu bezala! Ze askotan gertatu zait nire bertsokide gizonei esatea “hik kristoren puntu erantzuna bota duk”, “hik kristoren bakarkakoa egin duk”..., eta niri esatea “hik kristoren ahotsa daukan”. Ahotsarekin badut nire gerra. Eta Illunbera pasatu nintzenean ezin nuen burutik kendu lau urte lehenagoko komentarioa: “Ilehori hori nora doa bota gorri horiekin?”. Oihartzun hori neukan. Sentitu dut Alaia nola epaitzen den, eta nik ez dut hori nahi. Alaia asko miresten dut, oso ausarta iruditzen zait, baina ez zait gustatzen testuinguru batzuetan nola irakurtzen eta tratatzen duten. Eta nik, Alaia defendatu beharrean egin dut ez nazazue zaku horretan sartu; salbuetsi nazazue. Neure buruan detektatu dut hori, eta kezkatzen nau».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Lehen beti polit egon nahi izatetik, uste dut gorputzaz oroitu ere ez egitera igaro nintzela oholtzan. Ez diot bereziki erreparatzen nire janzkera/postura/jarrerari, eta uste dut 20 urterekin hartu nuen defentsa mekanismo baten ondorio dela. Arropak erostera joateari utzi nion, praketan ez kabitzeak ematen zidan beldurra saihesteko».

      «Gizonezko askoko saioetan gorputza apur bat gehiago difuminatzera jotzen dut. Arriskuak eta iraultzak Ez da kasualitatea-rako uzten ditut, uztekotan (hankak depilatu gabe soinekoa jantzi nuen behin, jakinda oholtza publikotik urruti egongo zela). Beldurtia naiz aldaketa fisikoei dagokienez».

 

      Ainhoa Agirreazaldegi:

      «Gogoratzen naiz Alaiari eta zuri [Uxue] nola esan zizueten bazela garaia bertsotan benetako emakumeak egon zitezen. Eta horren harira, konturatzen naiz emakume bertsolariak plazara irteten direnean bai gizonek eta bai emakumeok etengabe neurtzen dugula emakume bertsolari hori gaur ze guapa dagoen edo gaur ez dagoen hain guapa... Etengabe neurtzen dugula, denok, emakume bertsolarien itxura. Ez dut sentitzen gizon bertsolariekin hainbeste egiten denik. Ordea, emakume bertsolari bat kantuan ari denean saio osoan zehar jasotzen du bere itxuraren araberako begirada. Bertsotan latz egin behar du haren itxura ahantz dezagun eta haren bertsoan zentra gaitezen. Eta ez badu bertsotan oso ondo egiten zigortu egiten da dotoreegi edo prestatuegi badoa. Baina alderantziz ere, ez baldin badago bereziki guapa ere epaitzen dugu».

 

      Miren Artetxe:

      «Itxura aldaketa bat izan dut janzkera eta estetika bera ere ekintza zuzen gisa bizitzetik beste era batera ulertzera igarotzearekin batera. Ez da kasualitatea orain modu egokiagoan jantzita agertzea, eta horrek jendearen irakurketa aldatzen du, zilegitasun handiagoa ematen didatela ohartzen naiz».

 

      Onintza Enbeita:

      «Ni neska lodia naiz. Eta emozionalki asko eraiki nau horrek. Asko kostatzen zait esatea, baina ez banintz fisikoki naizen bezalakoa, izan ez banu daukadan dimentsioa, emozionalki, psikologikoki eta ideologikoki ez nintzatekeen heldu naizen puntura helduko. Ez banintz neska lodia izan gauzak bestelakoak izango ziratekeen politikan, bertsotan... Itsusitzat jotzen den loditasunak gauza onak ere eman dizkit: jazarpen eta eraso sexistetatik babestu nau eta, loditasunagatik onartua ez sentitzeak eraman nau beste ezaugarri batzuk lantzera ere. Fisikoki ez zarenean izan behar den modukoa, beste era batera demostratu behar duzu zenbat balio duzun».

 

      Maialen Akizu:

      «Emakume bertsolari zaharragoak lehenengoz diskurtso feminista egiten entzun zintuztedanean, sentitu nuen horiek lehengo emakumeen esperientziak zirela, guk gaindituta geneuzkanak, garapena esponentziala balitz bezala eta guri dagoeneko eragingo ez baligute bezala. Nik uste nuen ni bertsolari gisa ikusten nindutela, baina segituan ohartu nintzen ezetz, lehenengo ikusten zena ez zela bertsolaria, ezpada neska, eta hortik abiatzen nintzela kantuan».

      «Oso umetan hasi nintzen bertsotan eta gorputzaren aldaketa guztiak jasan ditut bertsotan ari nintzela. Eskolartean hasi ginenean, 9 urte neuzkala, mari-mutil itxurakoa nintzen: kirolzale amorratua, pilotazalea, ile motzekoa, morroska, beti txandalarekin. 14 urterekin pisu galera handia izan nuen. Eskolartean txikien mailatik gazteenera pasatu nintzen garaian izan zen: Emakume bihurtu nintzen argaldu ahala. Ume gisa ausarki egiten nuen bertsotan, baina emakumetu, argaldu, heldu, neskatu... egin nintzen, eta ordutik kilo baten gorabeherak ere eragiten dit. 14tik 18ra garrantzi handiagoa ematen nion polit egoteari. Ondoren, 18tik aurrera, beltzez jantzita kantatu dut gazte sariketa guztietan. 18 urterekin ez dakit zenbaterainoko kontzientziaz baina gorputza ezkutatzeko premia sentitu nuen. Beti beltzez. Kanpotik ere esan izan didate: “Joan diskretu, ahalik eta diskretuen; beltzez bazoaz, hobeto».

      «Bertsotan eragiten dit dimentsio korporalak. Bertso afarietan, gorputza mahaiaren atzean ezkutatuago dagoenetan, oharkabean postura maskulinoak hartzen ditut, ziurtasuna eta sendotasuna adierazteko. Kantaera ere aldatu izan dut. Neure buruari agindu behar izaten nion bertsoaz pentsatzeko, ez gorputzaz, baina burua gorputzera nahi baino gehiago joaten zait. Beltzez joateko hautua egiten duzu gorputza ezkutatzeko eta, hala ere, oholtzan, gorputzaren presentzia beti hor».

 

      Miren Amuriza:

      «Estetikoki aurrefeminismora bueltatzen ari naiz orain [barrez], ilea luzatzen uztearekin batera. Luzatu zait, mototsa egin dut... eta lehengo Mirenen antza hartzen diot neure buruari. Niretzat itxura hau da “#kontzeptugisa: neska-laguna” [algarak]. “Orain bai zaudela guapa”, esaten dit jendeak».

 

      Oihana Bartra:

      «Publikoaren aurrean jartzen dugun lehenengo elementua da gorputza, ahotsa baino lehenago. Zergatik uzten dute neska askok bertsolaritza nerabezaroan? Motiboak hainbat dira, baina nerabezaroan gorputza jendaurrean jartzea gogorra da; neska bazara gehiago. Niretzat oso zaila zen jendaurrean agertzea, lotsa ematen zidan gorputza erakusteak».

 

 

[5] Ez da kasualitatea saioak emakume bertsolariz osatutakoak dira. Bertso emanaldi musikatuak dira, izaera feminista dutenak. 2009an antolatu zen lehen Ez da kasualitatea Mutrikun. Geroztik, 100 saiotik gora egin dira.