Esku 3
Kimu mugikorra bezala da izan,
bostortza bezala,
atzazalez sendoturiko zuztar kolpatzailea.
Biziaren defendatzaile den hegazti harraparia,
erabateko zapelaitz fierra:
ikararik gabe, nork eraso zain eta ekilea.
Odola bezain saltakor, adorea bezain ausarta;
borroka tzarretan gudari oldartzen delarik
asfalto gaineko lehian.
Dena —eta bizia ere bai—
eskuek amore ematean amaitzen da.
Atzapar setatiz eusten dio eskuak
izar nekatuen denboraldiari:
eta burdina goritua izatera iristen da bera;
paralitikoen ur-eragile izatera;
eta pianoaren hortzetan hausnartzen du
bakoitzak daraman barne sonata.
Norentzat ari ote du kontziertoaren ametsa,
pago arteko usoen kironimia?
Eta behatz artean, itsumustuan,
lanean ari zait ene arima:
egunargiari orduak ebasten ari.
Nola ez nabari,
biziko bagara egiten dugun lan presatian,
berriro gainean dugun gau mailukaria?
Esku kupiratsua
—buztin-moldetari bera—,
laztan lehorrez
aurpegien kerantza ferekatzen dabil,
besteen begiak herstean
zeru bat eskaintzen duela,
betazal sentiberen ukimenean.
Meatze gorrien zainek
sendotzen dute eskua,
ukabilean korapilatzen diren zainek.
Iluna bera baino harantzagoko basotik datoz
bost ipotx iduriko behatzak,
goizetik gauera behargin dihardutela
biziak ezarritako lanaren oihanpe gordean.
Eta kometen kalpar dira,
zolaz-gora daudekeen ortzi txikiak;
odol-bentosazko ontziak;
eta gaua besterik ez zaie erortzen,
heriotza besterik ez dute jasotzen
egunerokotasunaren uhin artean.
w1978-79