Errota zahar
...Ez da gehiago zuregan errotarriaren hotsik entzungo
(Apok. 18,22)
I
Errota zahar maitea
uraren ertzean.
Uraren ertzean ta
basati beltzean:
Negar egiten duzu
alea txetzean.
Ni ere triste nabil
zutaz oroitzean.
Zotin sekua dagi
errotarriak.
Itzalitako izar-distirak
dira niretzat zure begiak.
Izar eder bat dago
hor goiko lepoan.
Errota zaharra, berriz,
erreka zokoan.
Berebiziko pena
badaukat barruan:
Ezin gintezke bizi
elkarren ondoan.
Bizitza-legea
nahi dut onartu.
Horrela beharra
koraiaz hartu.
Berez dihoana
zertan behartu?
Nigan, ordea,
ez nauzu fio;
nire ahalmenak ez du balio.
Sentitzen badut
berriz haren kanta
(errotaren tranka)
barne-minduraz nagoke berriro...
Errotaren oihuz
maluraz nauzute.
Zigor hau nirekin
izango dut beti
hiltzen naizen arte!
w1966
Musika: Lurdes Iriondo