Azkeneko harkaitzen muga
1
Nitasunaren legerik muinenak
susmo biziz hausnartu du
bizidunen taupada hunkigarria:
kosmos-indarra, ludi-dinamika
materia multsoetan lehertua;
sustraien barru-eskema;
gure izakera gertua;
berez direnen,
berez daudenen
zentzudunezko
hezurdura ziertoa.
Eta aitortzen dut berau dudala
nire bizitzako amets gaiztoentzat
atseden soil-soila;
eremu larrutuan koinonia estua.
2
Eta bizidunen eboluzioan
kantu zaharra zen
—errepika ohia—
forma ororen birretortzea:
loreak zimeldu,
begiak itzaldu,
sendi-arrastoa galdu...
Eta berriro
lore berritzearen,
begi argitzearen,
sendi ninitzearen
egunsentia.
3
Musika-saio honetan
entzungarria da
giza-izpirituaren
ahots bakartia:
lurraren arnasa bero, amultsuak
nigan du ahapaldi,
kontzientzia-batze gailurra,
materiaren izpirituzko oihua,
iraunkorra, betikoa,
librea,
nire arnasaren hats urrunekoa,
azkengabea;
nire nahiak mugarik-ezean
beti luzapen duela.
4
Azkenaren azkenak
esjaton batera narama:
mendiak errauts bihurtzean,
itsasoa eta lurrak
hasierako nahasi-mahasi gertatzean,
—ilargia odol bihurtzean—
itotako desirakunde zabalak
xehatuko dira lurrikararen dardaretan:
garrasia,
mueka garratza,
azken-arnasa
dagoke ene begitartean.
Eta xehatze hori ikustean
ludiak errudun joko du
bere burua,
ito duelako
bizi-amore librea.
Orduan herio askoren bizi-nahiak
kupiraz beteko ditu
ludi gogorraren suzko erraiak.
Eta azkeneko harkaitzen muga igarotakoan
eroriko naiz lurrera,
eskale xahar nekatuaren antzera.
5
Egun hori datorken artean
ludi mugaren harantzak ez du
sarrera
estu
ene bihotzean.
Ezaren bidetik harantza noa
ibar isilean.
Ezetz esanez baiezten noa
argi zabalean.
Izan hutsezko naizelakoan
hausnartzen dudala
nire mugetan mugarik-ezak
sortu ohi duen
barruko susmo urrunekoa:
gauzen harantzagoko zelai berrian,
gauzen honantzagoko mugaren-mugan.
Eta gaur
nire baitan naizelarik
dagiten aitormen honek
egun oro sortuko ahal dit
itsas barrurago ausartu beharra:
eta lurra lur den arte
entzun ahal izango da
barru eskema bizi baten
ezin-utzizko
deiadarra:
nigan osagai den
bizi-nahi baten
iraun-gogoa.
w1972