Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-06-1
Bernardo Atxaga
1951, Asteasu
 
 

37 galdera mugaz bestalde dudan kontakto bakarrari

 

Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak?  Kausitzen al duzue maitasunik sikira zuen maitatuen arteko ehunetik hogeita bost edo hogeiaren baitan, ala hemen bezala mutu al diraute telefonoek, bihotz mortuak bailiran gauez gau, bihotz mortuak bailiran etxeko labirintuaren azkeneko salan?

 

Zuen erresumako lurraldeen artean ba al dago Greenland edota Groenlandia deitutako parajerik? Ospelak al dira hango haranak?  Ba al daude Shell konpainiako gasolindegiak, eta ez al dira biltzen tximeletak kolore horiko karrankaletan? Neguan ere ez?  Ez al du esistitu han Cenizas bezala firmatzen zuen espia batek?

 

Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak?

Ez al duzue karramarroekin ametsik egiten? Eta ume itsuekin? 

Tom Simpson ziklistarekin akordatzen al zarete inoiz? Nola

asfisiatu zen Aubisque mendian gora, nola bere elastikoak

axedrez taula apurtu bat zirudien karreteraren harri txintxarretan?

 

Mugaz bestaldean, hostoek ematen al diete babesa fruituei? 

Ba al dago marrubirik? Arrain abisalek ba al dute aurresentipenik

eguzkiaz, ba al dakite argia eta iluna hitzak bereizten? 

Trena hartu eta egunaren transparentzian ezkutatu zen jendeak,

azken unea arte gorde al zuen geldi zitekeeneko ilusioa?

 

Hala esan zaidan, haize boladetan datzala txorien halabeharra,

ba direla portua sekulan aurkitzen ez duten untziak itsasoan;

Zuek patua aipatzen duzuenean, zertaz ari zarete zehazki?

Lan seguru baten abantailaz? Edo laranjarekin jaten denaz, sinpleki?

Otoi egiterakoan, gogoan izaten al dituzue desertuko karabanak? 

 

Asko al dira, asko al zarete mugaz bestaldeko erresuma hartan?

Egunero kaletik ikusten dudan jende hau, han bizi al da?

 

w1983

Musika: Ruper Ordorika