Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-06-1
Bernardo Atxaga
1951, Asteasu
 
 

Ez naun emaro iragan amarguraren auzunetan barrena,

Baina orain Arreba sugearen zuhurtziaz linburtzen naun

Hireganako bidean: hazila hala nola hire soinekoa zirtzilatzen.

Urmael urruna edo ixiltasunaren palazioa ez ditun izan

Taxi anonimoan erne deuseztatu diren amets bakanak baino. 

Eta zuregana noa Ama edo zure zain nauzu hemen, estazio honetan

apatrida hori bezain hautsia eta hutsala edo edur lehena. 

Ez daramat ezer Fata Morgana ikusi nuena baizik,

Ur urdinak lur zartatua estaltzen zuen nostalgiaz

Eklipsearen lehen orenetan eta zu argia edanez ibaian etzanik;

Eta ikusi nuen txilarra ere bere kalize nimiñoetan Fata Morgana,

Euria jasotzen eta planeta oro geldi eta kantatzen Arreba;

Baina itsu ez nizkinan ikasi persekutatzaileen izenak,

Eta zurea Ama ispilu arteko pasiluetan ahantzi zitzaidan. 

Eta errepara egiozu ene ohantzea estaltzen duen hautsari,

Non pantera baten arrastoa dibujatzen den gauero. 

Eta nola aipatuko Ekiaren ziutatea edo Ikaria bera,

Zaldi bulartsuenaren taupadak ur tanta baino ez

Ene bihotzerako aduana pasatzerakoan ilunpean. 

Arreba, errautsa sinestaidan desioa dun nigan;Suaren derrota oroz elikatzen naun.

Besteak formolean eta ni gorrotoaren baitan,

Eta nirekin mitxeleta guztiak mitxeletak, mitxeletak.

 

w1978