Otoitza
Zu bezain ahaltsu banintza ni,
Jauna, ez litzake munduan
tristurarik izango, ez litzake
ume itsurik jaioko,
ez litzake maitasuna nekatuko,
ez litzake ilunbea triste izango
eta tristeago argia,
eta ni Zu bezain ona banintza
onago izango nintzateke Zu baino;
Jauna, ez nuen andre konkordunik egingo,
ta ez umerik hiltzen utziko
ta ez herririk agonian
ta ez begien argirik zahartzen
ta ez amarik haur hila bihotzaren gainean duela
bakarrik abandonatuko.
Eta etzuen bere buruaren gainean neska batek
nire anaiagatik alferrik negar egingo.
Etzan mundu hau holakoa izango, ez
eta guk dakigu hitz honek esaten ez duen
zer esango lukeen gure hitza zure justizia balitz.
Izango baitzen nire hitza zurea ez bezalakoa,
eta etzuen kreatura galdu baten oihartzun banala
urik ez daukan desertuan sortuko,
ta ez nuen holakoa egingo hitza
gizonok gurutzera eramanaren kulpa izatekoa.
Zure begiak balira nireok, Jauna,
harri batekin, aizto batekin, lotsa batekin
itsutu nahiko nuke beharko nire begiratu zurea.
Baina ezin, baina inola ezin.
Aingeru bat egin baninduzu behintzat
nire hegoak norbaiti emanda hiltzeko...
Baina gizon. Eta nork nahi du gaur
gizon bat ezertarako!
w1968