Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-02-9
Xabier Iratzeder
1920, Donibane Lohizune
2008, Beloke
 
 

Jainko-bilari

Lazkanon dago, Aralar zolan, euskal lurrean etzana,

Euskal ametsik den zabalena asmatu duen gizona...

Nork daki orai Euskal Herrian, nork daki haren izena?

 

Ez ote duk ba nehoiz aditu, Euskal Herriko jendea,

Nundik hoin bero dukan arima, nundik hoin azkar fedea,

Nundik ez zaikan hiri nausitu oraiko gezur-mendea?

 

Hain laket baituk supazterretan zernahi kondan aitzea,

Ez ote duk ba sutzen ikusi xaharren begitartea

Gazter aipatuz gizon gaitz horren ihurzurizko elea?

 

Haren mintzoak, haren besoak, haren behako kartsuak

Frangotan diztek ikararazi hire elizen murruak,

Nola galernak oihan kaskoak, ukurraraziz buruak...

 

Entzun gaupetik, euskal jendea, entzun gaur hire Arima:

Zerk ote hola traberi nausi mendetan barna herama?

Entzun, han, Aiten boz eta karrak iduri itsas-marruma...

 

Entzun Axular eta erretor saindu guzien ostea

Eta gain hautan moldatu hauen mendez mendeko jendea,

Entzun gaupetik su-deiadarka Bastidarreko Semea:

 

«Euskal Herriko gazte beroak, euskal bihotzek sortuak,

Mendi arrokak bezein tematsu, tirainak bezein zaluak,

Argi hasteko hedoi gorriak bezein arrai ta kartsuak;

 

Euskal Herriko gazte maiteak, euskal lurraren lorea,

Nundik duzue zuen barnean duzuen urre gosea,

Nundik amestu, diru egarriz, herritik kanpo joatea?

 

Hirirat edo itsasoz harat bihotza amets bazoazte.

Bazoazte eta zenbat, ondikotz! han ilun hilen zarezte,

Oro galdurik: diru, zorion, gizontasun ta sineste...

 

Ai, urrutirat so dauden Orri, Artaburu ta Larrunak

Eta gazteak jada milaka ereman itsas uhainak

Mintza balaite guri salatuz zer egin diren gehienak.

 

Zenbat amaso dauden aiduru... Ai balakite gaixoek!

Zertako bada joan zaizkiote etxeko seme zoro hek,

Beretu nahiz urre diote ifernu pindar horiek?

 

Euskal Herriko gazte maiteak, Jaunak dena suz eginak,

Ene ahotik entzun auhenez euskal lurraren auhenak,

Beha, iturri eta ibaika, zer nigarrak doazkonak...

 

Jaunak barnea egin dautzute itsas-mendi hauk bezala

Eta hara nun mundu guzian deus zuetaz gai ez dela.

Zerk ase ote ala nork bete zuen bihotzen zabala?

 

***

Zatozte! nik dut, bai nik dut egun zuen barnea aseko.

Nik dautzuetet bila zoazten zorion hartaz beteko.

Eskuko daukat zuen Ametsa, huna mendi hauk lekuko.

 

Zatozte eta ene ondotik igan euskal gain hartara;

Goazen denak bat, airos harturik aitzurra eta aizkora:

Ken lur hortarik harri laparrak, zuhaitz erroak atera.

 

Zatozte kantuz, zatozte bozik, ekar zuen su guzia,

Hor, denak anai, aurki dezagun nihun ez daiten loria

Eta toki hau deituko dute: euskaldun zeru-mendia!

 

Zuen odolak jitez behar du borroka eta gudua?

Nahiko gudu, izanen dugu, garaituz: gure burua

Eta gain huni tirain-orroaz oldartuko den mundua.

 

Zuen gogoek, ezin asea, ez du jasaiten mugarik?

Lurreko itzal haukien orde, huna ba huna nasairik

Ezin amestu goiko izaite neurri gabeko hetarik.

 

Igan ba eta besoz beso hel, lanoez harat behaka,

Hor asetzeko, hor zoratzeko gogo ta bihotz beteka.

Lurkeriz arin, gutarik libro, hel gaiten eta hor finka,

 

Lurra aitzurtuz, elgar maitatuz, goian alatuz gogoa,

Zorion sutan aurki dezagun, aurki gozoen gozoa:

Diren guzien iturburu den betiereko Jainkoa.

 

***

Oi Belokeko gain doatsua, nehork ez jakin gainttoa,

Mendiak oro baino gorago duzu gaurgoiti kaskoa,

Zure larrerat urtu delakotz Jaun Goikoaren Gogoa.

 

Zure alorren zirrimarreri urrundik beha egoki,

Laborariek jakinen dute nolaz lan egin Jainkozki

Eta zer gisaz beren lurretan bai zeru eta boz aurki.

 

Gau eta egun joanen baitzaizu zerurat euskal otoitza,

Zu zare orai hortxet izanen euskal lurraren bihotza,

Zu mendez mende euskal arima zainduko duen harkaitza.

 

Hor, euskal mugan geldi araziz ipar haize hilgarria,

Ez duzu hemen sartzen utziko gezurra eta lohia,

Zuk, zerurako galernen pean gizalde hunen argia.

 

Agur, Beloke, Euskal Herriko Golgota mendi saindua,

Zenbatek dute zutan eginen bihotz eskaintza kartsua,

Zutan jasanen, zorion pleinuz, amodiozko Pairua.

 

Kristoren pare, Kristoren maitez euskal bihotzik maitenak

Behin betiko izaite osoz Jainko baitan bat eginak,

Kantuz dituzte lurreratuko gauez gau zeru uhainak.

 

Agur, Beloke, gain doatsua, fede histuen pizgarri,

Osteka zaitzu jendea jinen kar eta bakez egarri

Zuri gaindika baitoakizu goiko Bizia iturri.

 

Zure kaskorat iganak eta zure uretan aseak

Biziko dire hiltzen ikusiz erresumak ta mendeak

Eta munduko lillurakeri guzien zoratzaileak.

 

Diren guziak Jaunak garrazki suaz frogatu ondoan,

Hek, oso garbi, mundu guzien hautsak, errautsak oinpean,

Jaun Goikoraino iganen dire zorion oso osoan,

Urrezko hedoi artalden pare iguzkiaren jitean...

 

        Goraipa-zue, itsas mendiak eta zelaiak,

                  goraipa-zue Jainkoa!

        Goraipa-zue, izar, iguzki eta hedoiak,

                  goraipa-zue Jainkoa!

        Bai eta gorets eta goraltxa beti, orotan

                          eta menderen mendetan...

 

Ez ginen eta... —zuri, Jainkoa, ospe, goresmen, esker ta kantu—

Hara nun garen euskal lurretik goi argiraino loratu...

Ez ginen eta... —zuri, Jainkoa, ospe, goresmen, esker ta kantu—

Hara nun garen beti betiko zuri so behar zoratu...

 

        Goraipa-zue, zeruak eta zeruko bazter soratzaileak,

                          goraipa-zue Jainkoa!

        Goraipa-zue, denez gabetuz Mundu berrirat igan jendeak,

                          goraipa-zue Jainkoa!

        Goraipa-zue, hedoiez hedoi lorios heldu

                          euskaldun Jainko Semeak,

        goraipa-zue, goraipa-zagun Jainkoa!

        Bai eta gorets eta goraltxa beti, orotan

                          eta menderen mendetan...

 

 

***

 

Lazkanon dago, Aralar zolan, euskal lurrean etzana,

Bi zurtxurien artean eta ibai hegian emana,

Euskal ametsik den zabalena asmatu duen gizona.

 

 

***

 

Hartu nau tanpez, orai lau urte, haren euskaldun sukarrak:

Joan naiz gainez gain ea nun ziren sutu zituen bazterrak,

Ea nola pitz herra-galernak handik ufatu su-garrak.

 

Igan naiz eta gain saindu hortan, nuen lehiaz beteak,

Bihotza amets, begia bero, aurkitu ditut gazteak

Otoitz ameska aitzurtzen ari, nola lehengo fraideak.

 

Zerumin beraz minez daudenen batetaratze gozoa!...

Denek bat lantuz lur zerutu hoik eta otoiztuz Jainkoa,

Kartsuki dugu bila-bilatzen Aintzinekoen Gogoa.

 

Batek pilpil bat, bertzeak hats bat, bertzeak aldiz pindarrak

Xorta xortaka biltzen ditugu hek utzi amets hondarrak.

Ai! baginitu hauien pizgarri Lazkanon dauden hezurrak!

 

Oi Lazkanoko fraide anaiak, idek ba hobi ziloa

Eta sistuka, zirimolaka, iduri haize hegoa,

Mendiz hainditik etor bekigu, etor haren hats beroa.

 

Zirimolan, furfurifian eta gaineri fereka,

Irrintzin-sistuz inarrosirik Larrun zolako erreka,

Hel bekigu hel guk amultsuki bildu su-gaier ufaka;

 

Eta, gurekin kantuz jeikirik zelaitar jende guzia,

Euskal lurretik izarretarat hau loriaren loria!

Gauez gau zaiku berritz iganen goiko suaren Argia,

Euskal zainetan burrustan sartuz betiereko bizia...

 

***

 

Oi Jainko-bilarien sugar zoraleak,

Igan, igan arinki, erre ilunbeak.

Guziak argi ditzan zeruko bakeak

Igan, igan airoski, pitz euskal jendeak.

 

Bazter guzietarik zueri begira

Zorion dantzan joaki izarren aldera,

Begiak oro beite boz eta lillura

Urretik diten libra, lohitik atera.

 

Zirimiro lilero zirimo mirolan,

Aira gaitezen oro aira zuekilan.

Zirimiro lilero zirimo mirolan!

 

Dantza-mantzari altxa zuen besoak,

Zirimolan eskain euskal ke gozoak.

Euskal jende guzien arima beroak

Noizbeit hurrupa ditzan zeruko Jainkoak.

 

Zirimiro mirolan hau dantza! hau boza!

Haize hego hauetan mendez mende dantza

Eta, zueri beha, Lurrak ikus beza

Gain huntan daitekela Jaun Goikoa goza.

Zirimiro lilero zirimo mirolan,

Aira gaitezen oro aira zuekilan.

Zirimiro lilero zirimo mirolan...

 

Oi fraide ixilaren bizitze gozoa,

Jadanik baitu harek gozatzen Jainkoa!

Bihotza libro eta zeruan gogoa,

Lurra bozik aitzurtuz zeru alde doa.

 

Amodioz barnea hain baitu zabala

Eta mugarik gabe Jainkoak bezala,

Jaunarekin mundua harek derabila

Otoitzean eginez bere lan ixila.

 

Zirimiro lilero zirimo mirolan,

Aira gaitezen oro aira zuekilan.

Zirimiro lilero zirimo mirolan.

 

Oi Jainko-bilarien gaintto doatsua

Zerurat igor beti euskal dei kartsua.

Euskal jender, Beloke, zabal-zak zerua

Bazter orotan piztuz Jainkorako sua.

 

w1946