Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Hila da
Ez ninduen sekulan herioak laztu.
Egun nere gogoak guzietan ditu
Haren ikara eta usainak senditzen.
Errobiko zelaia, gaur hola zerk zaitu,
Gozo hura kendurik, hainbertze usaintzen?
Beldur nago ez baitut nigarrik ixurtzen,
Beldur bihotza zapart eginik ez naizen,
Penak salatu gabe, hemen flakatuko.
Denak zerk ote ditu gaur hola usaintzen?
Lohitik heldu dira, lohi itzultzeko...
Pertsukeri hoik oro ezin jasan zaizko
bihotz huni; egiten baitiotet uko.
Doala ba lasaiki nere zorigaitza.
Ixil ba ixil, nere penen entzuteko.
Oi, gaindi egin gabe, huts hadi bihotza.
Eskuratu dut atzo arrebaren hitza
Ikasi baitaut anai baten heriotza.
Azpian eman zautan: «Zure Mayi» eta
Nigar bat... ezin gordez pena horren gaitza.
Gaixoak! zertan zaizte Ama eta Aita?
Mixel, nere anaia suhar eta hauta,
Berri beltz hori ezin sinetsia baita,
Zato, ager zakizkit, egidazu irri.
Zato lehen bezala dugun biek kanta;
Bi bozetan lot gaiten zure kantu horri:
«Ttipi ttipitik...» bainan bakarrik naiz ari...
Ahantzi ote zaitzu, oihuz nago zuri.
Zure anai leialaz, Mixel, orroit zaite.
Itsasoan arrauka, mendietan kurri,
Elgarrekin joaitea hain ginuen maite.
Orai denak ahantzi zaizkitzu, ba ote?
Bihotzek ahanzterik sekulan ez dute:
Ixilik orroit zaude; ez zaitut ahantzi
Ez eta ahantziko zuganat jin arte,
Zuri esker delakotz nere karra bizi.
Zuk dautazu Herria hola maitarazi
Zure gogotik, zure karretik datortzi
Nere amets zabalak, pertsulari karra.
Hiltzekotan hiltze hau zinuen merezi:
Herriaren zaintzale, etsaier begira.
w1940