Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

4. BATAILA.

Zulo bat

 

bagira: Klik.

 

(Musika hasi da. bagira eta liudak bals bat dantzatzen dute.)

 

liuda: Helburua geldirik badago errazagoa da.

Miratik begiratu eta /

 

bagira: Klik.

 

liuda: Distantziak axola du.

      Eta haizeak.

      Bi gorputzen artean dagoen distantzia ondo neurtzea da gakoa.

      Eta haizea.

      Dantza egitea bezalakoa da.

      Bi gorputzen arteko distantzia.

      Eta haizea.

 

(liudak bagiraren gorputza berearen kontra estutu du. bagira deseroso dago eta apur bat apartatu da.)

 

liuda: Gero eta urrunago, gero eta zailagoa da asmatzea.

      Baina ez ezinezkoa.

 

(Berriro erakarri du liudak bagira, eta berriro apartatu da bagira, oraingoan liudaren gorputzetik askatu arte. Eta badoa. liuda bakarrik geratu da.)

 

liuda: Zuloa ondoren dator, asmatzen baduzu.

 

soldadu ezezaguna: Liuda 1916an jaio zen, Errusiar Inperioaren parte zen eta gaur egun Ukrainan dagoen Bila Tserkva herrian. Historia ikasi zuen Kieven eta 1941eko ekainean, Alemaniak Sobietar Batasuna inbaditzeari ekin zionean, Armada Gorrian sartzeko eskaria egin zuen. Erizain-lanetan aritzeko aukera eskaini zioten.

 

liuda: Nik ez dakit nola estaltzen den zulo bat.

 

soldadu ezezaguna: Erizain izateari uko egin zion, eta Armada Gorriko 25. Rifle Dibisiora bidali zuten, frankotiratzaile. 1941eko abuztuan, bere lehenengo bi zuloak egin zituen bi soldadu naziren buruetan, Belyayevka inguruan, ikusmira teleskopikodun Tokarev SVT-40 fusil erdi-automatikoarekin.

 

liuda: Distantzia, haizea eta zuloa. Ez dago besterik.

      Lehenbailehen kendu behar da begia ikusmiratik, odolik ez ikusteko.

 

soldadu ezezaguna: Liudak guztira 309 zulo egin zituen, 309 soldadu naziren buruetan, 1942ko ekainera arte. 309 zulo 330 egunetan. Ia zulo bat eguneko, morteroz zauritu zuten arte.

liuda: Oso erraza da. Azalean kalkulatu haizearen indarra. Bi gorputzen arteko distantzia neurtu belarrian, banatzen zaituzteten zaraten arabera. Entzuten dituzu erretzen ari den zigarroaren txinparta txikiak? Haren begi-kliskak? Haren ahotsa? Haren urratsen oihartzuna?

      Begia ikusmiran pausatu. Arnasa hartzeari utzi eta /

 

bagira: Klik.

 

soldadu ezezaguna: Min erre bat buruan. Zapore mingotsa mingainean. Txistu gor bat belarrian. Ilunabarraren koloreko odola kopetatik behera. Orain, bihotzean ez ezik, zulo bat daukazu buruan.