Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

BIGARREN BONBARDAKETA

 

pianista (Gerra-zelaiko belarraren usaina ilunabarrean kanta jotzen hasi da.)

 

(Sirena-hotsak.)

 

magenta (gutun bat idazten du): Ama…

      Etxera mezu bat bidaltzen utzi digute.

            Hotz egiten du hemen. Kapitainak esan digu hotza ona dela gerrarako. Erne mantentzen zaituela. Baina atzamarrak izozten ari zaizkit. Ia ezin diot baionetari eutsi. Gerrarako ea zer den inportanteagoa galdetu nahi nion kapitainari. Hotza ala baioneta. Baina ahoa itxita egoten gara denak kapitainak hitz egiten duenean. Hotza ala baioneta. Ez naiz isiltasun hori hausteko nahikoa ausarta izan. Orain zalantza egiten dut zergatik ezin diodan baionetari eutsi. Hotzarengatik edo beldurrarengatik.

            Ez dakit nola izan ausarta.

            Zer moduz dena etxean?

            Ia egunero gogoratzen naiz zuekin. Hemen ere hondartza dago. Ume batzuk jolasean ikusi ditugu goizean. Harea gainean belauniko ari ziren aztarrika. Batek kasko bat jantzita zeukan. Guk erabiltzen ditugunen parekoa. Bi balaren inpaktua zeukan kaskoak. Zuloak ikusten ziren. Eta pintura urratuta. Harea azpian harrapakin gehiagoren bila ariko ziren. Gure zaborrak dira haien altxorrak.

            Pasatzen ikusi gaituztenean izutu egin dira umeak. Belar batzuen atzean ezkutatu dira, hondartzaren hegian. Haien begiak ikus nitzakeen belarren atzetik zelatan. Ez ziren nireen oso desberdinak.

            Beti pentsatu izan dut bizitza eten egingo zela gerra hastean. Umeek utziko ziotela jolasteari. Ez dakit nork erabaki duen dena batera posible dela.

            Zer moduz dago aitaren bihotza? Geratzen al da medikurik herrian edo frontera bidali dituzte guztiak? Nork zainduko zaituzte orain? Zergatik ezin da bizitza eten gerra dagoen bitartean?

            Bihar iritsiko omen gara etsaiaren posizioetara. Hori dio kapitainak. Bukatu dela belar artean ezkutatuta egotearena. Ez dugula umemokoak izan behar. Buruak zartatu beharko ditugula. Etsaien buruak. Odolez zikinduko zaizkigula aurpegi eta eskuak. Etsaien odolez.

            Baina oraindik inork ez digu ausartak izaten irakatsi.

            Esan aitari eusteko bihotz-taupaden erritmoari. Laster amaituko dela dena.

            Ez dakit noiz itzuliko naizen, ama. Baina ezin dut hau horrela utzi. Hemen egon behar dut. Hau da nire tokia. Ez dakit noiz itzuliko naizen. Hori ez esan aitari.

            Gerrako frontetik gertu, negukoa ematen duen udazkeneko izotzezko egun batean.

 

Magenta soldadua