Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

1. BATAILA:

Besteen gerrak

 

 

(lei eta zan publikoarekin batera sartu dira aretora. Hizketan doaz, alai antzean. Une batean, pasilloan gelditu eta elkarri musu zaratatsu bat eman diote. Besaulkietan jarri beharrean, agertokira igo eta tabernako terrazako mahaiaren bueltan eseri dira. Entzuten ez baditugu ere, elkarrekin hizketan ari dira, ikusleak esertzen diren bitartean. Aretoko argiak itzali direnean isildu egin dira biak. Deseroso daudela ematen du. Bakoitza alde batera begira dago. Isilik dauden arren, tentsioa gero eta handiagoa da. Harik eta lei altxatu eta kolpe gogor batez mahaia lurrera bota duen arte. Eta atzera begiratu gabe, handik alde egin du, etxera. Egongelan sartu da.

 

zan, hasierako sustoaren ondoren, aulkitik altxatu da eta badoa, mahai eroriari etengabe begira.

 

lei negarrez dago etxean, batetik besterako ibili urdurian. Lasaitzeko ahaleginean, apaletan diskoren baten bila hasi da. Bat hartu du eskuen artean, eta harrituta begiratu dio, ikusten zuen lehen aldia balitz bezala.

 

Egongelako atearen aurretik pasatu denean, ibilia gelditu du zanek. Dardarka dago. Atean jotzeko imintzioa egin du. Behin. Bitan. Baina ez da ausartu.

 

Une batez zerbaitek desbideratu du leiren arreta eta aterantz begiratu du, han kanpoan norbait dagoela sumatu izan balu bezala. Atera hurbildu da, diskoa eskuetan duela. Han gelditu da, ateari begira. zan dago beste aldean, baina ez du aterik jo. Horren ordez, agertokitik desagertu eta goiko komunean agertu da.

Komuneko argia piztuko du eta han ikusiko dugu, urduri, triste, baina keinu nabarmenegirik egin gabe.

 

Tarte baten ondoren, diskoa zorrotik atera eta disko-jogailuan jarri du leik. Orratzak binilo hutsean egiten duen zarata entzun da lehenbizi, eta giroa nahasten hasi da. Zeruak iluntzera egin du. Eztanda eta tiro-hotsak entzun dira urrunean. Giroa laranja da. Sufre usaina sarkorragoa da orain. Biniloa jiraka hasi da. Musika.

 

Handik gutxira, magenta agertu da agertokian. Fusil bat eta gerretako fronteetan erabiltzen zen telefono zahar horietako bat daramatza sorbaldetatik zintzilik. Lurrean botata dagoen mahaiari begiratu azkar bat egin dio. Mahai eroria bertan geratuko da azken iluntasun unera arte. Ondoren, leiren atean jo du. Bi aldiz. Kax-kax.)

 

lei: Uzteko bakean, Zan! Utzi nazazu bakean.

 

(magentak atean jo du berriro. Bi aldiz. Kax-kax.)

 

lei: Ez al duzu nahikoa izan hamar urte hauekin, Zan? Nazkatuta naukazu. Jo eta nire eskuekin akabatuko zintuzket hementxe bertan, putrea!

 

magenta: Barkatu, baina gauzek ez dute horrela funtzionatzen. Inor hiltzen hasi aurretik, bandoa aukeratu behar duzu. (Etena) Ulertzen duzu?

 

lei: Zer? Nor zara zu?

 

magenta: Magenta jenerala.

 

lei: Magenta zer?

 

magenta: Jenerala.

 

lei: Popatik hartzera, Zan. Joan zaitez popatik hartzera.

 

magenta: Barkatu, kamarada, baina esan dizut ez naizela Zan. Magenta kapitaina naiz.

 

lei: Ez al zinen jenerala? Eta ez nazazu kamarada deitu, zirina. Ez nago jolasetarako, Zan.

 

magenta: Ni ere ez.

 

(Isilunea.)

 

magenta: Noren ondoan borrokatu nahi duzu, orduan?

 

lei: Nahikoa daukat nire gerrarekin, besteenetan borrokatzen ibiltzeko. Utzi nazazu bakean behingoz. Bakean!

 

magenta: “Si vis pacem para bellum”.

 

lei: Zer?

 

magenta: Bestela esanda, bakea lortzeko, ez dela nahikoa gerrarik nahi ez izatea.

 

lei: Baina zu nondik atera zara?

 

magenta: Istorio luzea da hori. Gerra bukatzen denerako utzi beharko dugu. Hau hasi besterik ez da egin eta bandoa aukeratzeko unea da.

 

lei: Ba al dakizu zer? Nire atetik segituan hanka egiten ez baduzu, poliziari deituko diot.

 

magenta: Frontera bidean dago mundu guztia. Polizia ere bai. Etxe honetakoak /

 

lei: Burua pitzatuta daukazu, Zan. Pitzatuta!

 

magenta: Etxe honetakoak bakarrik falta zarete. Ez du konplikazio handirik. Bi bando egin behar ditugu, zikina botatzeko elkarri. Beti izan da horrela. Seguru gogoan duzula, kamarada. Oinaztarrak eta ganboarrak. Agramondarrak eta beaumontarrak. Liberalak eta kontserbadoreak. Demokratak eta faxistak..., edo, nik zer dakit, capuletoak eta montescoak.

 

lei: Eta nola aukeratu behar dut? Esan, zeintzuk dira onak? Bi bandoek ezin dute igualak izan. Bietako batek arrazoi izan behar du.

 

magenta: Hori ondoren erabakitzen da.

 

lei: Nola “ondoren”?

 

magenta: Gerraren ondoren. Segun nork irabazten duen.

 

lei: Magenta kapitaina, edo jenerala, edo sarjentua..., gauza bat esango dizut. Zanek utzi egin berri nau. Horrela, bat-batean. Urde zikin horrek. Bai, ondo entzun duzu: ur-de-zi-ki-na. Hamar urte eta gero, hau. Eta horrela. Ur de zi ki na. Ikusi behar zenuen zer su-festa, zer espektakulu han jende guztiaren aurrean. Gure betiko tabernan. Bizkarretik jo dit tiroa gorotz doilor horrek. Ezustean. (Etena) Jende otzana. Hori da arriskutsuena. Jende otzana. Gutxien espero duzunean zerri askara botako ditu zure amets eta ilusio guztiak. Eta hantxe abandonatuko zaitu.

 

(Lurrean eseri da lei, bizkarra atearen kontra bermatuta, etsita. zan komunontzian eserita dago, publikoari begira. Ez du negarrik egiten, baina leiren irain bakoitzak gorputza dardararazten dio.)

 

magenta: Laguna gerra-zelaian bezala.

 

lei: Zer gerra-zelai eta zer kristo, Ma-gen-ta?

 

magenta: Lasai, hori ere iritsiko da. Baina, lehenbizi, bandoa aukeratu behar duzu.

 

lei: Nazkagarria zara, Zan. Erraien sakon-sakonenetik. Putrea, putrea, putrea. (Lurretik altxatu eta atea kolpatu du, eskuak irekita) Negarrez eman beharko ditut orain asteak eta asteak. Zure kulpagatik. Burua galtzen ere hasi naiz. Zure kulpagatik. Nondik atera den ez dakidan disko puta hori. Gero argi horiek. Disko puta hori. Zaratak. Eta orain zer? Orain haluzinazio hauek. Ze kristo ari naiz bakarrik hizketan?

 

(lei negarrez dago, nabarmen, kontsolaezin, apurtuta.)

 

magenta (poltsiko batetik atera duen libretan irakurtzen ari da): Niretzat mundua bitan zatituta dago: bera, eta berarekin batera zoriona, itxaropena; eta beste aldea, bera ez dagoen leku hori: tristezia, iluntasuna, amaiera.

 

(leiren negarrak urratutako isilunea.)

 

magenta: Tolstoi. Gerra eta bakea.

 

lei: Beste aldea. (Ia ez zaio aditzen negar artean)

 

magenta: Nola?

 

lei: Beste aldea. Beste aldea. Bandoen kontu inozo hori. Beste aldea aukeratuko dudala. Zan nazkagarria ez dagoen lekua.

 

(zan komunontzitik altxatu eta ispiluaren aurrean jarri da, eskuak apain-mahaian bermatuta. Ispiluaren islan ikus dezakegu negar egiteko ahaleginean ari dela, baina ez zaiola malkorik ateratzen.)

 

magenta: Tristezia, iluntasuna, amaiera.

 

lei: Horretara kondenatu nau.

 

magenta: Hala izan bedi.

 

lei: Eta orain, zer?

 

magenta: Orain, bai. Orain, nahi duzuna hil ahal izango duzu.

 

(zanek argia itzali du eta apain-mahaiko aulkian eseri da, erdi-ilunpetan. Biniloaren musika entzuten da berriro. Gero eta ozenago. Gerrako zaratekin nahastutako musika da. Zeruan, gerra baten itzal eta argiak.

 

Bat-batean, magentak zintzilik daraman telefonoa joka hasi da, zoro, gupidagabe. Telefonoa hartu eta alde batetik bestera paseatu da magenta, aztoratuta, hizketan ari den bitartean. Zarataren ondorioz, ez da entzuten esaten duena.)