Ura jaten
Ura jaten
Maddi Goikoetxea Juanena
Azaleko irudia: Sara Galan Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
246 orrialde
978-84-19570-07-9
Maddi Goikoetxea Juanena
1994, Donostia
 
 

 

RITA NAVIERA ETA KOLDO ZELESTINO

 

KURKULUXETAN KULTUR ELKARTEA

 

 

      Hiriburu handiek irentsi edo, gutxienez, ikusezin bilakatu ditzakete ahaleginik handienak. Zer esanik ez, baseko lanaz ari garenean, edo euskarazko sormen hezkuntzaz ari garenean. Bilboko Zenbat Gara elkarteak bultzatu ohi dituen proiektuen artean bada antzerki hezkuntzari loturiko bat, azken urteetan erreferentziazkoa bilakatu dena. Etengabe prestigioaz ari garen honetan, azkar begitantzen da zein izan daitekeen gurpil zoroaren zero gunea: hezkuntza.

      2000. urtean, Bilbo erdian dagoen Gabriel Aresti euskaltegiaren baitan, hausnarketa prozesu bat eman zen: euskara klaseak emateaz gain euskara sustatzeko ekimen baten bila zebiltzan, haur eta gazteei bereziki zuzenduta. Horretarako, aproposa iruditu zitzaien antzerkia, eta hala sortu zen Kurkuluxetan Kultur Elkartea: bere helburua euskararen normalizazioa eta erabilera zentzu ludiko batean sustatzea da, euskaraz bizi eta ondo pasatzeko esparru bat eskaini nahi du eta, era berean, ekintza interesgarri bat egin. Koldo Zelestinok (Bilbo, 1963) eta Rita Naveirak (Barakaldo, 1974) euskal militantetzat dute euren burua, euskal mundutik datoz eta euskara indartzea da haien helburu nagusia. Bide horretan antzerkigintza eta kultura, oro har, baliagarriak direnez, apustu hori egin dute.

      Kurkuluxetan eta Gabriel Aresti euskaltegia Zenbat Gara elkartearen baitan daude, eta berorren barne dago, halaber, Bilboko Kafe Antzokia. Espazio hori baliatzen dute, hortaz, antzerki klaseak eman eta antolatzen dituzten beste ekimenetarako. Arlo pedagogikoaz gain, konpainia bezala haur eta gazteentzako antzerkia sortzen dute, eta musika arloan euren abestiekin cdak ere atera izan dituzte. Orain dela lauzpabost urte ikasleekin film pedagogikoak ekoizten hasi ziren, Euskal Herriko muga gainditu dutenak, Venezuela eta Kubako haurrekin aritu baitira elkarlanean.

 

Zein da Kurkuluxetan elkartetik antzerki hezkuntzan egiten duzuen ekarpena?

koldo: Alde batetik, haur eta gazteei zuzendutako antzerki eskola daukagu, momentu honetan mila ikasle inguru dituena. Helduekin ere, salbuespen modura, zeozer egin izan dugu. Hogei urteotan ibilbide luzea egin dugu eta gauza ugari ikasi ditugu; izan ere, gure premisa etengabe ikasten eta geure burua auto elikatzen egotea baita. Gure eskolaz gain, Bilboko hainbat ikastetxetako curriculumaren barruan gaude, eta Lehen Hezkuntzan antzerki ikastaroak eskaintzen ditugu. Hori jorratzeko, programazio batzuk egin ditugu non, adin bakoitzaren beharren arabera, elementu batzuk izan ditugun kontuan: zer den arlo linguistikoan landu behar dena, zer arlo artistikoan eta zer arlo kognitiboan. Hiru elementu horietatik abiatuta ariketak sortzen ditugu, gure helburua ez baita antzezlan bat egitea, jolas dramatikoak egitea baizik. Alfredo Mantovaniren filosofian oinarritzen gara. Mantovani Argentinako notario bat zen, baina notariotza gustatzen ez zitzaionez Andaluziara joan zen antzerkigintza egitera, haur eta gazteekin batik bat, eta antzerkiaren pedagogia landu zuen. Zentzu horretan, guretzat garrantzitsuena ez da artista bat sortzea, pertsonaren garapenean elementu ezberdinak ipintzea baizik, haien egunerokotasunean erabilgarriak izango direnak. Adibidez, publiko aurrean hitz egiten jakitea, ahotsa ondo proiektatzea, gorputz-adierazpena, jendeari begietara begiratzea, eta abar. Gure txosten pedagogikoak oso egituratuta dauzkagu, zikloka, egunez eguneko saio guztiak jasota. Irakasleek adinaren eta esperientziaren arabera jakin ohi dute saio bakoitzean zer egin, baina ez dira txosten pedagogikoak egiten, ez dago literaturarik.

 

rita: Orain dela urte batzuk ehazen elkarte gisa lehenengo helburuak edo egin beharrak zeintzuk ziren mahaigaineratzen hasi ginenean, ume eta gazteen mundua oso garrantzitsua dela komentatzen genuen guk. Izan ere, txikitan antzerkia egiteak ez du derrigor esan nahi antzerkilaria izango zarenik, baina zaleak sortzen ditu, eta horrek antzerki sare osoa elikatzen du: gero ikusle bezala joan eta antzerkia baloratuko dutelako. Gainera, eurekin batera ingurukoak erakar ditzakete, beren familia eta lagunak… Eta etorkizun batean, haiek ere haurrak izango dituzte! Horregatik, haur eta gazteei zuzendutako txosten pedagogikoak sortzea oinarrizkoa ikusten dugu.

            Nire ustez, antzerkia bizitza osoan gogoratuko duzun esperientzia bat da: zer sentitu zenuen oholtza gainean, zenbat kostatu zitzaizun testua ikastea, zer nolako arazoak egon ziren taldean, ez dakit nor negarrez hasi zela inpotentziagatik eta besteak lagundu ziola... Horiek oso bizipen politak dira, eta antzerkia horrela maitatu ahal izateak ez du preziorik. Gure esku dago maitasun hori transmititzea. Antzerkia egin duen norbaitek antzokira doanean ikusten duen lana balora dezake, badakielako zenbat kostatzen den.

 

Bi gauza aipatu dituzue oso garrantzitsuak iruditzen zaizkidanak: batetik, antzerkia egiteak ez duela zertan artista sortu, eta bestetik, azken emaitza edo helburua ez dela ezinbestekoa, hau da, prozesuak daukala lehentasuna...

koldo: Hau ulertzeko nik beti paralelismo bat jartzen dut: heziketa fisikoa inportantea da haurrentzat? Jende guztiak erantzuten du baietz, nola ez. Baina baten bati pasatzen al zaio burutik eskoletan heziketa fisikoa egitearen helburua kirolari profesionalak sortzea dela? Ez, helburua garapen fisikorako baliabideak ematea eta ohitura batzuk ezartzea da. Leku askotan —borondate onez— antzezlan bat egiten dutenean, haur bakoitzari pertsonaia bat eta gidoi bat ematen diote. Hor denak bihurtzen dira pinuak: ez dute gorputza mugitzen, ez dute interpretatzen, zurrun-zurrun gelditzen dira... Hori guztiz antipedagogikoa da, ez da umeek naturalki daukaten espontaneotasuna azaleratzen. Horregatik, guk programazioa egiten dugunean, argi dugu, adibidez, clowna noiz landu behar den: egia da edozein adinetan landu daitekeela, baina zeintzuk dira clown naturalak? Umerik txikienak, sudurra ematen diezu eta denak dira clown! Helduok, aldiz, paperean sartu behar dugu, gorputza berotu... Era berean, ume txikientzat itzal antzerkia ez da egokia, teknikoki nahikoa trebeak ez direnez kaos bat izango litzatekeelako.

            Hamabi urtera arteko haurrekin dramatizazioa lantzen dugu, non eduki eta interes zehatz batzuk dauden: garrantzitsuena garapena da. Antzerkigintza, berriz, hamahiru urtetik aurrera lantzen dugu, eta hor helburua antzezlan bat sortzea da, pertsonaia jakin batzuk eta istorio bat interpretatuz. Alfredo Mantovaniren antzerki ebolutiboaren teoriak haurrek adin bakoitzean dauzkaten beharrei erantzuten die. Zein da helburua? Ume horiek unibertsitatera joaten direnean, edo joaten diren tokira joaten direla, haien gorputzarekin hitz egiteko eta bizitzeko gai izatea. Badaukagu horren adibide bat mundiala dena: ikasle bat genuen guztiz burumakur etortzen zena, konkortuta, sorbaldan karga bat izango balu bezala ibiltzen zena. Aitak ekartzen zuenez, aita ere berdin-berdin ibiltzen zela konturatu ginen. Handik hilabete batzuetara, ordea, zast!, tentetu egin zen, eta zuzen ibiltzen hasi zen, arin.

 

rita: Behin, haren ama etorri zitzaidan eta zera esan zidan: “Nire semeak barre egiten du”. Eta nik pentsatu: “Jo, ume batek barre egiten ez badu, bere amaren aurrean ere egiten ez badu, zerbait gertatzen zaiola izango da, ezta?”. Antza denez askatasun horren beharrean zegoen. Egia da bere aitak berdin-berdin ibiltzen jarraitzen duela, baina orain gaztetxoa den ume hori beste jarrera batekin ikusten dugu: bizitzan, harremanetan... Tronpeta jotzen zuen baina ez zen jende aurrean jotzera ausartzen eta, azkenik, Kafe Antzokian ausartu zen antzezlan batean. Hori antzerkiak bakarrik eskaintzen du. Izan ere, musika instrumentu bat jotzen ikasten duzunean ez dizute jende aurrean nola jo irakasten, hori kontzertuz kontzertu egin ahala ikasten duzu, praktikarekin. Antzerkiak, aldiz, bere horretan horrelako ikasketak barnebiltzen ditu.

 

Ikastetxeetan antzerki saioak ematen dituzue curriculumaren barnean, eta baita hortik kanpo ere. Bertaratu eta antzerkia heziketa fisikoa bezain garrantzitsua dela planteatzen duzuenean, zer erantzun jaso izan duzue? Teoria hauek guztiak azaldu behar izan dituzue?

koldo: Denetik aurkitu dugu. Orokorrean, jendeak ez daki dramatizazioa eta antzerkigintza ezberdintzen. Antzerkiaren inguruan dagoen eskema antzezlan bat interpretatzea dela da, normalean lehenagotik sortuta dagoena, eta pertsonaiak eta testua banatu ondoren entseatu besterik ez dela egiten. Hala balitz, aurpegi gehien duenak egingo luke hoberen. Gure metodoa irakasle eta gurasoei azaltzen saiatzen gara, eta gure helburu nagusia antzezlan bat sortzea ez den arren, kurtso amaierarako prestatzen dugu, badakigulako haurrentzat pizgarri bat dela eta ilusioa egiten diela.

 

rita: Izan ere, antzezlanik egin gabe haurrei zaila egiten baitzaie jolasak zergatik egiten ditugun ulertzea, aurretik azaltzen diegun arren. Urtetan konprobatu dugunez, antzezlana egitea haientzat halako lorpen bat da, helmuga bat: “Oholtza gainera igo naiz nire kideekin, denok batera lortu dugu eta ondo atera da... Eta gaizki aterako balitz ere, lortu dugu egitea”. Lorpen horren aurrean haurrak handitu egiten direla ikusi dugu, eta sentsazio hori oso inportantea da, taldean kohesio polit bat eragiten duelako. Tutoreek ere aitortu izan digute, bistan geratzen baita kohesio hori.

 

koldo: Hala da, antzezlana egitea baino garrantzitsuagoak dira zeharkako gauzak, baina guretzat zentralak direnak hauek dira: talde lana, norbait erdi marjinatua baldin badago antzezlanean protagonismoa ematea, eta abar. Adibidez, hemen, Kafe Antzokian ditugun taldeekin topaketak egiten ditugu, ez lehiaketak. Bilboko Udalak, aldiz, antzerki taldeen arteko lehiaketa antolatzen du, eta dirulaguntza bat banatzen dute ikastetxeek parte har dezaten. Guk ere noizbait parte hartu izan dugun arren, ikasleek badakite horren kontra gaudela, eta ez diogula lehiari inongo garrantzirik ematen. Hirutan irabazi dugu, eta, horren ondorioz, Arriagan antzeztera gonbidatu gaituzte. Ikasleak oso pozik agertu diren arren, guk garrantzia kendu izan diogu, eta beti azpimarratzen dugu lehentasuna taldean sortu den konexioa eta elkartasuna dela.

            Gure lanarekin antzerkigintza bera bultzatzen laguntzen dugula uste dugu. Batzuek esaten dute antzerkia ikustera joan behar direla, egia esan oso antzerki gutxi ikusten dute, baina nik uste dut hori ez dela nahikoa: gure esperientziaren arabera, umeak hobeto murgiltzen dira eurak badira antzerkiaren parte edo protagonista. Gainera, euren irakasleek ere antzerkia egiten dutela ikusten dutenean, eta horixe da gure kasua, ekuazioa perfektua da. Perfektua dela esan nahi dut, zaletasuna transmititzeari dagokionez. Noizbait, ikastetxe batean curriculumaren barruan antzerkia eskaini ondoren eskolaz kanpoko ekintza bezala planteatu dugu, eta barra-barra apuntatu dira. Horrek esan nahi du funtzionatu duela.

 

Bilboko zenbat ikastetxetan zaudete?

rita: Hamar-hamaika. Lehen Hezkuntzan lehenengo mailatik laugarren mailara gaude. Askotan ikasturte bakarrean eskaintzen da antzerkia, bertsogintzarekin egiten den moduan. Politena kurtso guztietan egitea izango litzateke; hartara, Lehen Hezkuntzaren amaierara iristerako formakuntza osoa izango lukete, baina gehienetan gure programazioa urte bakar batean eman ahal izateko egokitu behar dugu. Ikasturte horretan tresnak ematen saiatzen gara, ikasturte amaierako antzezlana, bederen, duintasunez egin ahal izateko, esperientzia polit bat izan dadin, eta ez prest ez daudelarik lehoietara bota, horrek dagoeneko dezente baldintzatzen baitu. Halere, zailtasunak dauzkagu, ikastetxeek antzerki eskolak emateko dirurik ez daukatelako, ez baitago horretara bideratutako dirulaguntzarik; eta guk ere elkarte moduan ez ditugu jasotzen. Pena bat da: ikasturte guztietan egin ahal izango bagenu, haurrek txikitatik ulertuko lukete antzerkia gauza serio bat dela, ondo pasatzen dugun arren baditugula gure arauak, kideak errespetatu egin behar direla esposizioan daudenean, eta abar. Gure eskolan, berriz, hori guztia txikitatik normalizatzen joaten gara: seigarren mailara iristen direnerako bide guztia egina daukate, eta asko nabaritzen da.

 

Lehen esan duzue ikastetxeetan irakasleen partetik denetik entzun izan duzuela zuen proposamen pedagogikoari dagokionez. Eman diezadakezue adibideren bat?

rita: Badago jendea gurekin guztiz ados dagoena, gai dira dramatizazioaren balioa ikusteko praktikan ondorioak antzeman baino lehenago.

 

koldo: Bestalde, irakasle batzuek haien gabeziak transmititzen dizkigute, haurrenak beharrean. Hau da, haien gabeziak proiektatzen dituzte ikasleengan: adibidez, zailtasunak ikusten dituzte ikasleen adierazkortasunean, irakasle asko armairuak bezalakoak direlako.

 

rita: Bai, eta askotan, tutorearen figura horretan, nire ustez okerra den sinesmen bat daukate: ikasleen errespetua lortzeko postura serio bat izan behar omen duzu, hau da, “tontakeriak” egiten hasten bazara ez zaituztela errespetatuko. Eta ez dago irakaslea izan beharrik hori pentsatzeko, pertsona askoren iritzia da. Ondorioz, haurrak oholtza gainean ikusi arte, ez dute esaten dieguna sinesten. Dena dela, lehenengo urtean oso zaila da dena perfektu ateratzea, ez dugu miraririk egiten. Horregatik, ikastetxe batean lehenengo aldia dugunean, kontzientziazio lan handia egin behar izaten dugu, eta lana doblea da: bai irakasleekin eta baita ikasleekin ere. Irakasle batzuei atentzioa deitzen die nola denbora guztian jolasten ibiltzen garen, jolasa bera gure gizartean gutxietsita dagoelako, eta ez da zentzu pedagogiko batean kontzebitzen. Antzerkia jolasa da.

 

koldo: Eskola askotara joaten garenez, eskola eredu asko ezagutzen ditugu: publikoa, kontzertatua, ikastola, kristaua... Non izaten dugun onarpen handiagoa, non baloratzen den dramatizazioa gehien? Pedagogia aurrerakoiak dauzkaten ikastetxeetan. Egia da zentro batzuek berritzailearen itxura eman nahi dutela, eta proiektua saltzeko denetik egiten dutela: igeriketa, kung-fu, antzerkia... Baina azalekoa da. Halere, orokorrean, paralelismo hori ematen da. Nahiz eta gure proiektua beti zalantzan dagoen eta urtero demostratu behar dugun oso onak garela, eta haurrek oso ondo pasatu eta ikasten dutela, pedagogia aurrerakoiak dituzten ikastetxeak dira beti guganako konfiantza handiagoa izaten dutenak.

            Bestetik, administrazioak gutaz paso egiten du, umezurtz batzuk gara. 2023. urtean gaude, eta oraindik ere hainbat tokitan lehenesten dena ni neu haurra nintzen garaiko gai berdinak dira: matematikak, zientzia... Formatu legalean artetzat ulertzen diren ikasgaiak musika, arte plastikoak eta dramatizazioa dira, baina orokorrean azken multzo hau nahiko baztertuta dago. Izan ere, musika ikasgairako profesionalak diren irakasle batzuk badaude, arte plastikoak banatu egiten dituzte boluntario agertzen diren irakasleen artean, hau da, edonork egiten du, eta dramatizazioaren kasuan, baten batek nahiko balu bakarrik ateratzen da aurrera. Hortaz, administrazioak bere lege propioa baztertzen duela esan genezake, ez baita arte esparru hori ganoraz eskaintzen. Hori dela eta, gu ikastetxeen eta udalen borondatearen menpe gaude: horrek baldintzatzen du proiektua aurrera doan edo ez. Administrazioak antzerkia modu arautu batean ikastetxeetan sartzeko apustua egingo balu, seguru nago jendeak askoz gehiago eskatu, baloratu eta eskertuko lukeela.

 

* * *

 

      Kurkuluxetan Kultur Elkartean argi dute zein den lehentasuna, eta hori erdiesteko bidea: lehenengoa euskara da, bigarrena antzerkia. Edo, zentzu zabalago batean ulertuta, kultura bera. Koldok eta Ritak euskal mundutik datozela azpimarratzen dute, eta egiten dutena haientzat medio bat dela: medio zoragarri bat, gauza askotarako balio duena, euskararen naturalizazioa bultzatzeaz aparte. Hezkuntza arloan haur eta gazteekin aritzen diren antzerki irakasle batzuek kritika egin izan dute honen harira: antzerkia euskalgintzari lotzeak antzerkiak berak duen balorea desgaituko balu bezala, edo bere horretan duen potentziala gutxietsiko balute bezala, euskararen zerbitzura jartzen dutelako, honen menpeko, nolabait. Hainbatetan errepikatu bezala, ezjakintasuna da hemen oztopo handiena. Hezkuntza alorrean antzerkiaren inguruan asko ez dakiten irakasleek medio huts bat bezala ikusten badute, teatroa bere osotasunean gutxietsiko dute. Ezagutzak bakarrik, edo profesionalenganako konfiantzak, ematen duen errespetu batetik begiratuz gero, euskarari lotuta egiten duen zerbitzu hori benetako potentzial moduan ikus liteke, hau da, antzerkiaren balioei beste bat gehitzen diena. Ritak eta Koldok, ezinbestekotzat dutena.

      Antzerkiak, eta artearekin lotutako edozein ikasgaik —musika eta plastika, kasu— hezkuntza mailan duen presentziak —edo, kasu honetan, presentzia ezak— administrazioen partetik utzikeria kezkagarria islatzen du. Testuinguru horretan, edozein haurrek ez dauka arte eta kultur formazio zein kontsumorako sarbide bera. Izan ere, Koldo Zelestinok adierazi bezala, pedagogia aurreratuena daukaten ikastetxeek izaten baitute antzerkiarekiko jarrerarik irekiena, eta halere horrek ez du kalitatezko zerbitzu bat segurtatzen, gehienetan ez dutelako behar besteko baliabiderik. Horren harira, klasea eta pribilegioak aipatu beharrean gaude: pedagogia aurreratuenak dituzten ikastetxeek ez dute nahitaez kontzertatuak edo pribatuak izan behar baina, zoritxarrez, ikasketa planarekiko askatasun edo malgutasun gehien haiek izan dezakete. Askatasun hori erosi ere egin baitaiteke.