Ura jaten
Ura jaten
Maddi Goikoetxea Juanena
Azaleko irudia: Sara Galan Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
246 orrialde
978-84-19570-07-9
Maddi Goikoetxea Juanena
1994, Donostia
 
 

 

IDOIA ZABALETA MORAN

 

AZALA KREAZIO ESPAZIOA

 

 

      Lasierra herria Gasteiztik ordu erdira dago. Bidea ezagutzen duenarentzat, ia dena zuzen egiten da Arabako lautadetan barrena, zenbait bidegurutze igarota. Hiriburua atzean utzita ez da kotxe gehiegi ikusten errepideotan. Paisaiak erlaxatu egiten nau. Zerua urdin, eguzkiak bete-betean berotzen du ostegun goiz honetan. Arazoak dauzkat mugikorreko datuekin eta Google Maps kolapsatu egiten da noizbehinka. Seinalea joan-etorrian, galdu beharrean nagoenez, hurrengo herrixkara iritsi bezain pronto gelditu naiz, trenbide zahar abandonatu baten ertzean. Norbait topatzeko esperantza daukat, bidearen azalpenak eskatzeko: badakit gertu nagoela eta ez dudala galtzeko aukera handirik. Trenbidearen parean ostatu bat dago, Madrilera bidean kamioilariek kafea hartu, zerbait jan eta hankak luzatzen dituzten horietakoa. Azkenean, handik gizon bat atera eta ibilbidea argitzen dit: bi edo hiru herri txiki pasatu ondoren, Lasierra. Soroekin mimetizatzen diren herriño marroien kartelei so segitzen dut orduan, Lasierrara iritsi arte: herrira sartu bezain pronto ia atera egin naiz, eta atzera bueltatu behar izan dut, zinez txikia baita.

      Kalean inor ez. Muino batean eliza eta inguruan etxe batzuk. Ez daukat nori galdetu Azala zehazki non dagoen, baina bertan aparkatu ondoren ibiltzen hasi eta segituan egin dut harekin topo. Tinbrea jo eta ez dit inork erantzun: “Kaixooo! Ba al dago inor?”, deiadar egitekotan naiz, pelikuletan bezala, baina irekita dagoen ate bat aurkitu eta inoren baimenik gabe sartu naiz. Orduan errekonozitu ditut Azalako web orrian dauden argazkiak: terreno handi berde bat egurrezko txabolaz beteta, bata bestetik distantzia zuhur batean ipinita. Txaboletan barrena leihoetatik begiratzen dut, Idoia non aurkituko, nire zain dago eta orain dela ordubete nintzen iristekoa. Ia terreno guztia zeharkatu ondoren, altura batean paratuta, kristalera zabaleko laukizuzen bat ikusi dut, eta eskailera batzuetatik igo naiz. Hortxe dago Idoia, paraje eder horretan ordenagailu eta paperen artean lanean. Espaziotik bueltatxo bat ematera gonbidatu nau eta guztiaren funtzionamendua azaldu, goizero elikatzen dituen oiloak barne. Hantxe bizi da bera, parean dagoen baserri batean.

      Idoia Zabaletak (Gasteiz, 1970) ibilbide kultural zein artistiko luzea eta aberatsa du: ehun Biologian graduatua, ekosistemetan eta populazioen dinamiketan espezializatu zen, eta ezagupen horrek izan du eraginik bere sorkuntza prozesuetan. Dantza Berria eta Inprobisazioa ikasitakoa da Bartzelona, Florentzia, Amsterdam eta New Yorken. Antzerki eta dantza munduko maisu eta sortzaile ugarirekin formatu, ikertu eta sortu du, baita diziplina anitzetako artistekin kolaboratu ere. Kultur eragile moduan hainbat espazioren koordinatzailea izan da. Sorkuntza prozesuen akonpainamenduan espezializatuta dago, eta formakuntza ugari dinamizatzen ditu, besteak beste, Madrileko master batean. Orain dela hamabost urte Azala espazioa sortu zuen, Juan Gonzalez kidearekin batera: alde batetik, sorkuntza artistikorako egoitza; bestetik, landetxea. Kontatu didanez, Juan bigarren jarduera hori kudeatzera dedikatzen da, eta hauxe bera da alde artistikoa ekonomikoki bideratzen laguntzen duena.

      Tisana hartzera eseri eta nire ikerketaren tesia konpartitu diot:

 

“…Horregatik guztiagatik, antzerkiak prestigio sozialik ez duen heinean, prekaritatera kondenatuta dago”.

Erabat ados.  Agerikoa da kulturak ez duela prestigiorik gizarte mailan, eta are gutxiago politikarien artean: azkenetan azkena da, ez dago inondik inora ere baloratuta, eta berdin gertatzen da estatu mailan ere. Nire ustez horrek jatorri historiko bat dauka: Espainian diktadura bat izan dugu, ez da benetako trantsiziorik egon. Horren ondoren, 90eko hamarkadan Europan izan zen prozesuak eragina eduki zuen: kultura debekatuta edo diktaduraren menpe egotetik, “liberalizazio” eta globalizazio egoera batera igaro zen. Diktadurarik izan ez duten herrialdeei begiratzen badiegu aldea nabarmena da: Frantzian, adibidez, kultura askoz ere baloratuagoa dago. Euskal Herriak zenbait alorretan Estatu espainiarraren historiatik kanpo egon nahi badu ere, horren parte izan da, eta erabat baldintzatuta dago.

 

Lehenengo elkarrizketatua zara diktaduraz hitz egiten didana… askok aipatzen dute kulturak ez duela prestigio sozialik balore transbertsalengatik, hau da, bizi garen gizarte-ereduagatik, baina ez du inork zuzenean diktadura aipatu. Harrigarria da zer azkar ahazten dugun! Hainbat urte pasatu dira eta ez dugu kontuan hartzen gure historiaren bilakaeran diktadurak oraindik ere daukan eragina. Nik neuk askotan aipatu izan dut Europa mailako beste herrialde batzuekin alderatuz gero zein kultur politika atzerakoiak ditugun... baina, benetan, ez dut presente izan diktadurarena. Nik ez nuen garai hura bizi izan, baina oso gertutik ezagutu dut gurasoen bizipenengatik.

Argia da historia horrek bete-betean eragiten diola gaur egungoari. Diktadura luzeak bizi izan dituzten herrialdeetan ere gauza bera gertatu da: Italian, Portugalen, Brasilen, adibidez, kultura estatuaren monopolioa izan zen. Diktadurak amaitu osteko urteetan, 80ko hamarkadan, sistemaren krisia etorri arren, 90eko hamarkadan eztanda bat egon zen, eta globalizazioak hartu zuen lekua: Bartzelonan Olinpiar Jokoak egin ziren, kultura funtzionarioei lotu zitzaien eta, batez ere, merkatuaren baitan ulertzen hasi zen. Karro hartara igo zen EAJ, eta horren ondorio da gaur egun bizi dugun egoera. Bestalde, Kataluniaren historiarekin alderatuta, batzuek esaten dute garai batean burgesia katalanak ahalegina egin zuela haien hizkuntza eta kultura babesteko, underground kultura barne, eta hemen, aldiz, euskal burgesiak ez omen zuen hori egin: euskal hizkuntzatik aparte utzi zuen kultura. Horrek azaldu lezake zergatik egon izan diren euskal kultura eta kultura garaikidea horren banatuta.

 

Beharbada horregatik dauzkagu hainbeste arazo “euskal kultura” definitzerakoan: euskaraz egiten den kultura da? Edo euskal lurraldean sortzen dena, nahiz eta gazteleraz izan?

Bai, gainera hori politikoki oso instrumentalizatuta egon da. Katalunian momentu horretan ez hainbeste; hortaz, tradizioa eta abangoardia lotuago landu ziren.

 

Azala espazioan sorkuntza prozesuei akonpainamendua eskaintzen diezue, eta helburu horren baitan, besteak beste, lab-a proiektua sortu zenuten. Zertan datza?

Irudimena lantzearen eta elkarrekin lan egitearen filosofia Azalaren “etxeko marka” dela esan genezake, horixe da gure helburua: irudimenari hegan eginarazteko tresnak partekatzea. Azken hogei urteotan egon naizen testuinguruetan eta parte hartu dudan masterretan, elkarrekin lan egiteko tresnak, praktikak eta jokoak asmatzen joan naiz, prozesuak laguntzen espezializatuz. Nire irakasle lana da elkarri lagundu diezaiokegula erakustea, elkar eragiteko potentzial handia dugula uste baitut: kritikoak izateko eta elkarrengandik ikasteko gaitasuna garatu behar dugu. Izan ere, gehienetan besteengan oso argi ikus ditzakegu zenbait gauza, baina ez dizkiogu elkarri kritikoak diren iritziak konpartitzen, gorde egiten ditugu, eta horrela ez diogu inolako mesederik egiten bizi dugun prekaritateari, ez ditugulako harreman kritikoak sendotzen. “Kritikoak” diodanean esan nahi dut elkarri lagundu eta elkarrekin hazteko moduko iritziak.

      Bizkaia eta Gipuzkoarekin alderatuz, Araban bizi dugun egoera are prekarioagoa da, Arabako Foru Aldundiak ez duelako kultura eta kultura garaikidea deitu dezakeguna batere sustatzen. Testuinguru horretan sortu zen lab-a proiektua. Arabako kultura eta arte munduko zenbait eragilek bi urte daramatzagu topaketak egiten, ikasketa talde bat dela esan genezake: gure egunerokotasunean topatzen ditugun zailtasunei aurre egiteko moduak bilatu, elkarri nola lagundu ikertu eta etengabeko kexan edo inertzian ez gelditzeko helburua du ekimenak. Zortzi eragile gaude momentu honetan eta guztiok krisi ugari gainditu ditugu, eta hala ere lanean dihardugu: Garaion Sorgingunea, Lazarraga elkartea (Oihaneder-i lotuta, Kafe Antzokia sortu nahi dute Gasteizen), Baratza Aretoa, Gaztefilm Jaialdia, Pez Limbo antzerki konpainia, Marijo Lojo Gasteizko artista, Thusia Bernedoko antzerki konpainia eta Bitartean Jolasean elkartea.

      Eragile bakoitzak proiektu bat garatzeko asmoz parte hartzen du: Lazarraga elkartea Kafe Antzokiaren inguruko edukiak nola garatu bilatzen ari da, haiek kudeaketa mundutik baitatoz, eta ez horrenbeste sorkuntzatik. Baratzak proiektu berri bat dauka, Topa izenekoa, coworking espazio bat, lokala beste eragile batzuekin partekatzeko, eta modu horretan auzoan eragin. Gaztefilm jaialdikoek arazo ekonomiko larriak dituzte eta jaialdia bertan behera geratzeko arriskua ikusten dute. Pez Limbok Arabako herrietan antzerki sentsibilizazio programa bat burutu nahi du, zenbait asteburutan herri txikietan arte eszenikoko bi lan aurkeztu nahi dituzte, dantza eta antzerki arlokoak, horretarako ezohikoak diren espazioetan, eta gero herritarrekin topaketa bat antolatu. Marijo Lojo arte ederretatik dator eta emakumea eta artea uztartzen dituen obrak egiten ditu. Thusiak antzerki-kudeaketari dagokionez pedagogia egin nahi du, antzerki-programatzaileei zuzendutako testu bat sortuz, liburu edo txosten bat. “Pedagogia erradikala” egin nahi dutela esango nuke, eragin politikoa izatea bilatzen baitute. Garaionen helburua beren lanean duintasuna lortzea da, gainezka baitaude, zenbait proiekturi ezetz esaten ikasi, eta abar. Bitartean Jolasean-eko kideak Oionen daude eta gizarte hezkuntza arlotik datoz, migranteen eta emakumeen arazoekin egiten dute lan, eta sorkuntza prozesura gerturatu nahi dute, haien proiektua beste alor batzuetatik elikatu ahal izateko.

 

lab-a baino lehen beste proiektu bat zenuten: pica. Zein da aldea?

pica proiektuari “Programa de imaginación colectiva: Procesos de creación artística” deitu genion. Nire ustez, irudimena prozesu kolektibo bat da: zuk zerbait irudikatzen duzunean, beste pertsona batzuk irudikatzen dituzu halabeharrez, halako dramaturgia kolektibo bat egiten duzu beti. Bi urte iraun zuen proiektuak, bi hilean behin elkartzen ginen astebetez. lab-aarekin alderatuz, intentsuagoa izan zen, eta artistei bakarrik zuzenduta zegoen.

      lab-an lantzen ari garen gaien artean dirulaguntzak daude. Nik argi diot, halako sistema baten aurrean elkar lagundu behar dugu tranpak egiteko, fakturak gurutzatzeko, eta abar. Gainera, ondotxo dakigu datozen bi-hiru urteetan Euskal Herrian ez dela dirulaguntzen kudeaketa aldatuko. Garaion Sorgingunea bidelagun, dirulaguntzez aparte beste diru-sarrera batzuk asmatzen saiatzen gabiltza, mezenasgoa planteatzen, adibidez... Ez da batere erraza, oso bideratuta baikaude diru publikoa modu jakin batean eskatzera, eta dirulaguntzekiko menpekotasuna oso handia baita. Horrek asko baldintzatzen gaitu gure proiektuak sortzeko orduan, gure proiektuetan pentsatzeko moduan, ardura publikoa ulertzeko moduan... Nik beti esaten dut: urte batean edo garai batean egiten den dirulaguntzen gidoiak hurrengo urteetan egingo diren lanak baldintzatuko ditu. Lana bera ikuste hutsarekin, askotan kapaza naiz zer dirulaguntzari “dagokion” asmatzeko, zer laguntza emango dioten, proposamena goitik behera trazatuta dagoelako. Hori da arriskutsuena: dirulaguntzek ez gaituzte ekonomikoki bakarrik baldintzatzen, pentsatzeko moduan ere eragiten digute.

      Bestalde, kanpora begira bizi garela uste dut, beti gauzak egiten: egin, egin eta egin. Sarri ahaztu egiten zaigu zein zen hasierako desira, zer den guk benetan egin nahi dugun eta egiten dakigun hori. Eta, hortaz, oro har, geure esfortzua eta lanak nolabait neurtzen saiatzen gara, dimentsionatzen, lehentasunak ipintzen. Egiten dugun lana gizarteratze aldera geure burua nola izendatzen dugun eta egiten duguna nola azaltzen dugun birplanteatzen ari gara, kultur eragile asko ez baikara lan ona egiten ari zentzu horretan, eta oso beharrezkoa ikusten baitugu estrategia berriak bilatzea.

 

Dirulaguntzek gure pentsamenduarekiko duten eragina aipatu duzu, ardura publikoa, diruarekiko harremana, ezetz esatearen garrantzia eta kanporantz begira bizi garen sentsazio hori, nola horrek guztiak geure burua bidean galtzera eraman gaitzakeen... Sakondu dezakezu pixka bat horretan?

Errealitate horren sintoma bat etortzen zait burura, ia guztioi gertatzen zaiguna, baina bereziki sortzaile gazteengan ikusi izan dut. Zein da artearen funtzioa? Ezezaguna zaiguna kudeatzea, hor aritzea, horren bueltan sortzea, harreman berriak imajinatzea, eta abar. Nire ustez, artea errealitatea ezagutzeko modu bat da: artearen funtzioa errealitatearen sinplifikazioan konplexutasunak, fisurak edo arrakalak sortzea da, gauzak beste ikuspuntu batetik ikusarazteko. Dirulaguntza bat eskatzen duzunean, normalean, laguntzaren berri izaten duzunetik aurkezteko epea iristen den arte, asko jota sei hilabete edo urtebete daukazu. Bitarte horretan beste lan batzuk egin behar dituzu. Hortaz, kasurik onenean bi edo hiru egonaldi egiteko denbora izango duzu proiektua sortzeko. Azalara gazte asko etortzen dira egonaldia egin aurretik lan espekulatibo bat eginda, hau da, lanean jarri aurretik beren buruan dagoeneko pieza sortuta daukate: badakite norekin lan egingo duten, nolakoa izango den argiztapena, eta abar. Espekulazio hori telepatiaz bidal lezakete deialdira zuzenean aurkezteko. Eta zergatik gertatzen da hori? Presioa daukatelako batetik, eta emozionatuta daudelako bestetik, dena ez da txarra ere... Baina hori ez da sorkuntza prozesu bat! Sorkuntza prozesu batean material bat daukazu, eta lanean hastean material hori garatzen joango da eta behar duen ibilbidea egingo du. Edozer gauza bihur liteke. Aldiz, dirulaguntzetan ohikoa da proiektuaren inguruko baldintzapen ugari aldez aurretik ezartzea, adibidez, piezaren iraupena edo espazioa: dantzan, adibidez, hamabost minututako pieza bat ezohiko espazio batean egiteko 3.000 eurotako laguntza jasoko du. Piezak zenbat iraun eta non aurkeztu behar duzun esaten badizute, sorkuntzaren % 60a baldintzatzen dute, eta zuk dirulaguntza jaso nahi duzunez ez zara parametro horietatik aterako.

 

Lana guztiz mugatuta dago aurretik.

Dirurik ez badaukazu eta benetan zerbait egiteko desira edo grina badaukazu, eredu horretan sartzeko prest egongo zara. Honekin ez dut esan nahi proposatzen dituzten baldintzapenak desegokiak direnik edo sorkuntza prozesu batek oso luzea izan behar duenik. Kasu batzuetan astebeterekin nahikoa izan daiteke, baina modu libre batean behar du izan.

      Ohikoa den beste arazo bat zera da: sortzaileek euren burua eszenatoki batean irudikatzen dute, bertan egiteko sortzen dute pieza, baina gero ez dute aukerarik eszenatoki batean lan egiteko, asko jota egun bat edo bi entseatu dezakete bertan, eta makineria eszenikoa oso gauza konplexua eta aberatsa da! Beste herrialde batzuetan hamabost egun edo hilabete bat ematen dizute pieza aurkeztuko duzun antzokian bertan lan egiteko. Aukera hori ez baduzu espekulazio hutsean ari zara, benetan espazioan probatu gabe ez baitakizu funtzionatuko duen edo ez. Horregatik, gero eta gauza sinpleagoak egiten ditugu, dirulaguntzak ere halakoak baitira: txikiak. Zenbat eta dirulaguntza txikiagoak izan, geroz eta lan kaskarragoak egingo ditugu.

      Hala ere asko ekoizten dugu, eta ekoitzi behar da, baina gero ez dago merkaturik obra horiek plazaratu ahal izateko, ez dira publikoarengana iristen. Hortaz, balore katea apurtuta dago: zertarako ekoizten dugu hainbeste? Egia da dirulaguntzak horretara zuzenduta daudela, baina era berean guk ere filosofia hori barneratu dugu: ekoitzi, ekoitzi eta ekoitzi.

      Garai batean, dantza arloan 3.000 eurotako laguntzak ematen ziren lehendabiziko sorkuntzak egiteko. Handik urte batzuetara, inkestetan zera agertu zen: “Euskal Herrian, dantza piezen % 70a 3.000 eurorekin egiten da”. Mesede eskasa! Gure kontra egin zuen horrek. Izan ere, diru-kopuru horrekin egiten genituen piezak, baina gero ganorazko zerbait egin nahi bagenuen aurrekontu handiagoarekin, adibidez 50.000 euro, ez zen existitzen aukerarik, eta ez da Euskal Herrian existituko: sorkuntzen % 70a 3.000 eurorekin bakarrik egin izan bada, zergatik emango digute gehiago?

 

Dirulaguntza hori tranpa bihurtu zela dirudi: behin aurrekontu bat edo lan-baldintza batzuk onartuta, oso zaila izan daiteke gehiago exijitzea.

Bai, baina zorionez logika hori ere aldatu da: orain, antzerkia sortzeko behintzat, diru gehiago ematen dute. Hori lortu ahal izateko garrantzitsua izan da elkarteek egin duten lana. Hala eta guztiz ere, beste gatazka batzuk sortzen dira: demagun pieza bat egiteko 30.000 euro lortzen dituzula… berez daukazun ardura eta presioaz gain gremioan zer esana egongo da horren harira, batzuei eman dietelako eta besteei ez, lehia handia dago sortzaileon artean.

 

Lehen “produktua” sailkatzeko moduaren inguruan esan duzunak atentzioa deitu dit: produktua diot hala tratatzen dutelako, zentzurik merkantilenean. 3.000 eurotako ordainsarira eta hamabost minututako neurrira bueltatuta, nondik atera dituzte irizpide horiek sorkuntza bat neurtzeko?

Hori gertatu zen garai batean modan jarri zelako dantza ikuskizunak kalean erakustea, eta hamabost minutuko lau piezarekin erraz osa litekeelako programa bat. Euskal gazte sortzaileen mostra txiki bat zen, ordubeteko saioa, eta hori oso erakargarria egiten zitzaien programatzaileei. Ideia hori ondo egon daiteke, baina ideia horretatik patroi bat sortzea eta guztiok patroi edo eredu horren menpe egotea ez da bidezkoa. Hortik atera ahal izateko izpiritu kritikoa behar da, galderak egiten dituena: Zer ari gara egiten? Zer da hau? Ingurunean ditugun seinaleak irakurtzen saiatu behar gara, eta ez gara hori lantzen ari. Nik sortzaileekin askotan egiten dut lanketa hori, eta gerora ezagutzen nautenek baloratzen dute, baina hasiera batean “punki” bat bezala ikusten naute: gogorra, erradikala… Adibidez, gordinki esaten diedanean: “Pieza hori jadanik sortu duzu zure buruan, orain has zaitez beste bat sortzen”.

 

Ondo azaldu duzun bezala, dirulaguntzen dinamikak dena izugarri baldintzatzen du eta espekulatzen ibili beharra gogorra da: non egingo den, noiz, dokumentu ugari aurkeztea dena justifikatzeko… Horrez gain, diruaren % 80a ematen dizute hasieran eta % 20a bukatzean, hau da, bitarte horretan beste nonbaitetik eskuratu behar duzu diru kopuru hori. Paradoxikoa da: sorkuntza-prozesu baterako dirulaguntza eskatzean sorkuntza horren inguruko informazio ugari eman behar duzu, eta, preseski, laguntza eskatzen baduzu ezer ez daukazulako da. Ez hori bakarrik: dagoeneko zer daukazun eskatzen dizute eta sorkuntza-prozesuaren amaieran zer edukiko duzun. Orduan, bide hori irudikatzera behartzen zaituzte. Gero zerbait aldatuz gero leporatu egingo dizute, zuk produktu jakin bat agindu zenielako. Ordea, sorkuntza prozesu batean aldaketak egotea oso ohikoa da, bestela ez litzatekeelako sorkuntza prozesu bat… labur esanda, proposatzen dutena antikreatiboa da.

Ados nago, baina hori guztia ez da bakarrik politikarien edo kultur politikaren errua. Izan ere, hain gaizki funtzionatzen badute, zergatik eskatzen ditugu dirulaguntzak? Alde batetik, argi dago, dirua behar dugulako; baina, beste alde batetik, iruditzen zait halako komunitate batean sartzen garen sentsazioa ematen digula. Ondo pentsatzen baduzu, ekonomia aldetik ere batzuetan ez du konpentsatzen: 3.000 euro ematen badizkizute eta konpainian hainbat kide badaude, bakoitzak zenbat irabaz lezake, 900 euro asko jota etxeko ekonomiarentzat? Horren ordez, zergatik ez duzu hilabete batez edo biz taberna batean lan egiten eta gero nahi duzun prozesuan lan egin? Modu horretan ez zenuke dirulaguntzarik eskatu beharko. Baina, aipatu bezala, kontuan eduki behar da dirulaguntza publikoen zirkuituan sartzeak diru-iturri bat eskuratzea baino askoz gehiago suposatzen duela, halako zilegitasun edo aitortza bat ematen digu, nolabait “sisteman” egotearen sinesmena. Eta, egia esateko, nahiko absurdoa da. Gainera, artistok geure artean jarrera hori elikatzen dugu, garrantzi gehiegi ematen diogu.

 

Jo dezagun sortzaileen arteko harremanetan sakontzera. Lehen aipatu duzu ez dagoela elkartasun izpiriturik, eta kritikei dagokienez, ez garela gardenak geure artean.

Bai, elkartasuna da, hain zuzen ere, lab-an landu nahi duguna. Orain arte hiru topaketa egin ditugu, eta lehenengo bietan ez genuen kanpoko aditurik gonbidatu. Oso intentsua eta polita izan da: nik planteatu ditudan tresnak oso eraginkorrak dira, baina, hori baino gehiago, elkarri gauzak esatea zein garrantzitsua den konturatu gara. Gauza horiek esateko moduak topatzean potentzial handia dago, eta normalean ez dugu egiten. Konfiantza lantzeko denbora behar da, oso prozesu sakona baita: nondik sortzen dugun ulertzea, zer beldur dauzkagun, zer ausardia eta jakituria... Oso zaila da, ez baitugu elkarrekin egoteko denborarik hartzen, dauzkagun agendekin! Bestalde, gizarte lehiakor batean hezi gara, eta “pastela kenduko digutenaren” beldurra ere ohikoa da, horregatik ez dago elkartasunik, baina horrek Araban ez du hainbeste funtzionatzen, egoera horren prekarioa izanda ezin duzulako zeure kabuz biziraun, besteen babesa ezinbestekoa da.

      Aurreko batean obra bat ikustera joan nintzen, Dejaburen Naon Tokin. Kasu honetan sortzaileak lagunak ditut, baina hala ez direnean ere joaten naiz, niretzat lanaren parte baita. Obra bat ikusten dudan bakoitzean, edo ia beti, email bat idazten diet egileei nire feedback-a ematen, gauza onekin eta oraindik landu beharreko gauzekin. Niri hori lagun bakan batzuek egin didate, oso gutxitan, eta oso-oso aberatsa da. Naon Tokinen kasuan izugarrizko lana egin dutela ikusi nuen, Euskal Herrian ez dela inoiz horrelakorik egin. Pentsatzen nuen guztia aipatu nien eta zera erantzun zidaten: “Ez digu inork horrela hitz egin”. Eta haiek ere oso lagun onak dituzte gremioan, baina ez gaude horrelakoak egitera ohituta. Momentu batean barkamena eskatu nien, beharbada ausartegia edo gardenegia izan nintzelako nire iritzia emateko orduan, baina, alderantziz, asko eskertu zidaten. Eta ez da estilo kontua, haien lana estilo aldetik ez doa nirekin bat, baina aitortzen dut proposamena Euskal Herrian berritzailea dela, eta beharrezkoa iruditzen zait kultur eragile bezala hori mugitzea, ahalik eta publiko gehienak ikus dezan.

      Logika honi jarraiki, pixka bat muturrera eramango dut: demagun nik datorren urtean antzeko lan bat egiteko asmoa dudala. Zertarako gehiago ekoitzi, baldin eta Naon Tokin egin badute eta obra hori mugitzen lagundu badezaket? Egia da postura erradikala dela, baina uste dut kultur eragile bezala hori dela nire lana. Aldiz, errealitatea da dirulaguntzei salduta gaudela erabat, gure zilborrera begira. Ni asko ibili naiz Portugalen lanean, eta bertan artisten arteko testuingurua oso ezberdina da. Lan bat aurkezten duzunean beste artistak etortzen dira eta argi eta garbi komentatzen dituzte haien iritziak, “gustatu zait” edo “ez zait gustatu” sinplifikaziotik haratago doazenak. Ondotxo ulertzen dute beste batek egin duen lana nolabait zuk ere egin duzula, zure lan-eremuan dagoelako, eta zu horren parte zarela.

 

Hain zuzen ere, interkonektatuta gaudela eta hori dela naturalena, ezta? Sorkuntza partekatu bat edukitzea zentzu horretan: saretuta gaudela eta erreferentziak dauzkagula jakitea. Gogoratzen dut behin irakasle bati entzun niona: “Kopiatzea artistok egin dezakegun onena da, zerbait gustatzen bazaizue, kopiatu”. Aldiz, norberak berea egin nahiaren eta “originala” izatearen ideiarekin tematuta gaude. Eta hori ez da existitzen, “originaletan originalenak” ere erreferentziak hartu baititu nonbaitetik…

Hala da, eta edozein obra sortzeko orduan ikerketa ezinbestekoa da, hau da, jadanik egin diren lanen inguruan informatzea. Nire lana ez delako “ezerezetik” jausten, hori guztiz absurdoa da, baina logika horietan murgilduta gaude.

 

Gizarte indibidualista eta “jenioaren” paradigma, artearen munduan txertatua dagoen iruditeria dela iruditzen zait: ideia erromantiko eta idealista bat, non, badirudien artista dohain berezi batekin jaiotzen dela eta horretaz gain ez duela besterik behar…

Bai, bereziki sortzaile gazteekin ikusten dudan gauza bat. Adibidez, demagun lan bat egiten ari direla aulki baten inguruan. Nik balorazioa egitean aurrekariak aipatzen dizkiet, lehenago aulkiarekin lan egin duen jendea aipatzen diet, ezagutuko dituztelakoan. Eta zera erantzuten didate: “A, ez, ez… Nireak ez du zerikusirik haienarekin”, kritika txarra egiten ariko banintz bezala, eta ez dute ulertzen guztiz kontrakoa dela. Funtsezkoa da geure lana beste lan batzuekin erlazionatzea, hartara lan-ildo bati lotzen zarelako, eta baten bat gauza bera ikertzen ari bada pertsona horrekin kolabora dezakezu, edo norabidea aldatu eta gaiaren beste alderdi baten inguruan lan egitea erabaki.

 

Lehen baldintzapenen inguruan hitz egin didazunean motor originalaren beharra gogorarazi didazu, primarioena, sakonekoa: Zergatik egiten dugu egiten duguna?

Bai, pultsio artistikoa izango litzatekeena, zeintzuk diren gure desirak. Nik uste dut bidean galtzen ditugula, oso erraza da hori. Ez dugu zertan beti hain puruak izan, baina garrantzitsua da. Imajinatzen dut, batik bat sortzaile gazteentzat, lana bera egitea baino sisteman sartzea izan daitekeela haien desira, hau da, dirulaguntzen zirkuituan inskribatzea; eta hori ere legitimoa da, guztiok pasatu gara hortik. Erritual bat da, eskolatik atera eta zenbait pauso eman behar dituzu profesionalizatzeko. Baina momentu bat iritsi da Euskal Herrian non erritual hori trabatu egin den, ez du jarraipenik, oraingo gazteentzat zaila izango da sartzea bera ere. Puntu batera iritsita, makinerian sartu ondoren ere, ez da batere erraza garatzen jarraitzea. Orduan berriro ere galdera hori egin behar diozu zeure buruari: Zein da nire pultsioa? Dirulaguntzak eskatzen jarraitzea? Gehiago ekoiztea? Piezak mugitzea? Internazionalki mugitzea? Zenbait gai jorratzea?

 

Erritual hori burutu ostean dezepzioa etor daitekeela suposatzen dut, baina argi dagoena da erritual horren bidez geure burua legitimatzen dugula, izendapenaren bitartez. “Izenak” egiten gaitu “izan”, bestela, dei diezaiokegu geure buruari “artista”? “Amateur” hitza etorri zait burura, eta aipatu dugun sistemaren baloreak direla medio, oso hotza egin zait.

Niri amateurismoa asko gustatzen zait, beti izan naiz oso zalea, izan ere, amateurrek gauzak pultsioagatik bakarrik egiten dituztela esan genezake: egiteko desiragatik eta egite hutsaren plazeragatik.

 

Burura etorri zaidana amateur kontzeptuari lotutako gutxiespena izan da: hau da, hobbyekin erlazionatuta, pixka bat infantilizatuta...

Nik amateur mundua balorean jartzen dut, horrenbeste baldintzapenik ez duen etapa bat dela iruditzen zaidalako. Aurrekoan sortzaile gazte bati zera entzun nion: arteaz bizitzea ez lortzea porrot moduan irakurtzen dela. Baina errealitatea da oso artista gutxi bizi direla beren artetik. Porrot hori onartu behar dugu. Ni, adibidez, Azalako kudeatzaile izatetik bizi naiz, artea eta sorkuntzarekin guztiz lotuta dago baina ez naiz artista, ez naiz neure sorkuntza artistiko propioetatik bizi, eta ez naiz biziko. Denbora asko pasa dezakezu hori disimulatzen.

 

Eta zenbat min egin dezakeen disimulatze horrek…

Eta badirudi sistema disimulu horretarako prestatua dagoela: dirulaguntza txiki bat hemendik noizbehinka, handik beste bat... Baina ez da inoiz nahikoa izaten soldata duin eta egonkor bat izateko. Zentzu erradikalago batetik jotzen badugu, Euskal Herrian artera edo arte garaikidera dedikatzen garen asko klase ertainekoak gara, nolabaiteko baldintzak izan ditugu: ez bakarrik baldintza ekonomikoak, gure aukeren iruditeria mailan ere ari naiz. Horren harira, ez da benetan justizia historikorik egon: pribilegiatuak pribilegiatu azkeneraino. Eta alde horretatik ni erradikala naiz: Euskal Herrian bizitzeko pribilegioa baldin badaukazu, eta 3.000 edo 6.000 eurotako dirulaguntza bat eskuratzeko aukera... Diru horrekin ez duzu mundua salbatuko, bene-benetan egin nahi duzuna egiteko izan beharko luke. Baina zer egin nahi dugu sakonean? Galdera horri erantzutea ez da batere erraza.

 

Oso adierazgarria da pribilegio eta aukera horiek izateagatik sentitu ohi dugun ardura, hain pribilegiatuak ez diren horiengatik eta horientzat sortzeko ardura.

Ia-ia erru sentimendu bat dena, eta gero beste horiek askotan ez dira enteratzen edo ez zaie inporta, eta pentsatzen dute haiengandik urrun dagoen zerbaitetan murgilduta gaudela.

 

Beharbada horregatik kultur arloan bada politikoki zuzena denarekiko halako insistentzia bat, gobernuen partetik ere, gaiak ezartzerakoan. Adibidez: generoa, arrazakeria, sentsibilizazioa, eta abar lantzeko orduan.

Dena jartzen dute gure gain: artista da “ona” den izaki hori, eta bere ardura da gizartea heztea.

 

Lehen aipatu duzu kultur eragileok orokorrean ez garela oso iaioak gure lana gizarteratzen, hau da, nor garen eta zer egiten dugun kontatzen.

lab-an asko ibili gara horren inguruan hausnartzen, eta hor eragiten duten hainbat faktore daudela ondorioztatu dugu. Batzuetan ez dugu gure lanarekiko nahikoa distantziarik beste errealitate edo testuinguru batera egokituta azaltzeko: sorkuntza prozesuetan lengoaia propio bat dugu, zenbait hitz edo kontzeptu baliatzen ditugu, eta ez gara horietatik distantzia jartzeko gai. Niri hori asko gertatzen zait, ez gara konturatzen alde batetik gure lengoaia dagoela, eta beste alde batetik, dibulgazioa. Hau da, zientzia kuantikoko ikerlari batek bere lana beste hitz batzuetan azaldu behar die herritarrei. Batzuetan distantziamendurik eza ondo dago, lengoaia berezi horrek sistemaren baitan legitimatzen zaituelako. Arte Ederretan, adibidez, hori ohikoa da. Kultura eta artea, hasieratik aipatu dugun bezala, ez dago balioetsia, nolabaiteko sinesgarritasun falta dauka gizartean; hortaz, geure burua defenditzeko modu bat izan daiteke “inteligenteenak” garenaren jarrera edukitzea. Eta egia da gutako askok oso leku sakonetara iristeko gaitasuna dugula, errealitatea ikusteko beste modu bat daukagula. Horregatik, gizartearen gutxiespenaren aurrean, hainbat jarrera hartzen ditugu, haserretik edo errebeldiatik: modu bat da makarrarena egitea, nire kasuan bezala. Batzuetan gertatu zait, adibidez, ezagunak ditudan politikariengana edo kultur teknikariengana jotzea diru eske, haiek nirekin hazitakoak izanda, Gasteizko eskolakoak, ondotxo dakitenak ni klaseko lehena nintzela, eta harro samar portatu direla nirekin. Horrelakoetan makarra jartzen naiz, demostratu nahi izaten dudalako ez nagoela haiek edo gizarteak jartzen nauten tokian. Halakoetan gertatzen diren prozesuak oso konplexuak dira: batzuetan makarrismoa da, beste batzuetan hermetismoa, hitz egingo dut ezertxo ere ulertuko ez didazun modu batean “beste maila batean nagoelako”. Urteak pasatu ondoren, orain, zahartuta, ohartu naiz jarrera horiek ez dutela ezertarako balio, eta gure arazoak areagotu besterik ez dituztela egiten. Distantzia hartzeko gai izan behar gara, eta modu sortzaile batean, umorez, zer egiten dugun kontatu. Horrek ez du esan nahi dena ulergarri egin behar dugunik, beharrezkoa da zenbait zulo, zenbait misterio, uztea. Baina, aldi berean, erakargarri egin, desira pizteko. Eta kontuan eduki behar dugu kontakizun horren bidez iruditeria jakin bati apelazioa egiten diogula.

      Niri gertatzen zait Azala oso modu poetikoan azaltzen dudala… poetikoegian! Eta ulertzen ez duen norbaitek ez du inondik inora harrapatzen. Artista bezala, nire lanari dagokionez, ziurgabetasun handiarekin azaltzen dut: “Arraro samarra da, ez da ez dantza ez antzerkia, pixka bat ‘frikia’ da, erradikala...”. Eta ez dut zertan nire lana justifikatu. Askori gertatzen zaigun zerbait da, gure lana azaltzeko orduan guk geuk ez dugu behar bezala balorean jartzen. Nire alter egoek azaltzen dutenean hobeto egiten dute, baina nik, benetan neuretik azaltzerakoan, lanaren itzalak nabarmentzen ditut argiak baino gehiago. Lagun asko ikusi ditut hori bera egiten. Horren inguruan asko dugu lantzeko eta ikasteko: gure lana nola kontatzen diegun bai gizarteari bai politikariei eta baita kultur programatzaileei ere, ez baita berdin nori zuzentzen gatzaizkion.

 

Aipatzen duzun azken honek kultura eta artearen inguruko ezjakintasuna jartzen du agerian, eta baita mundu horietan eman daitekeen elitismoa ere, lengoaia ulertezinaren kontzeptutik abiatuta. Badago, bestalde, sinplifikatzera eramaten gaituen lengoaia bat, eta dirulaguntzetan, adibidez, askotan erreproduzitzen dena. “Hitz gakoak” diren kontzeptuak, esate baterako: gizarte eraldaketa. Baina zer da hori, zer esan nahi dugu benetan “gizarte eraldaketa” aipatzen dugunean? Nahi duguna argi edukita ulergarri egin behar genuke, nolabaiteko oreka bat topatu?

Niretzat gakoa ez da hainbeste ulergarri egitea baizik eta asmatzea zerk eragin dezakeen besteen eta guztion irudimena aberatsagoa izatea.

 

Bai, eta aldi berean, erakargarri egin: gizarte honetan ez gaude batere ohituta ezezaguna egiten zaigun zerbait ikustera joaten. Ni ere Naon Tokin ikustera joan nintzen eta ama eta lagun bat gonbidatu nituen. Haiek ez dira sarri antzerkira joaten eta gainetik azaldu nien proposamen hori zertan zetzan, nik ere oso ondo jakin gabe. Etengabe egiten zizkidaten galderak: “Baina, aktorerik egongo da?”, “Nola izango da espazioa?”, eta abar.

Horrelakoetan estrategia bat izan daiteke, azalpen gehiegi eman gabe, “antzerki obra” bat dela esatea eta kito, eta berrikuntza edo berezitasun horiek guztiak ikusterakoan antzerkia oso zabala dela konturatuko lirateke, hau da, hori ere antzerkia dela. Zeren, batzuetan, “akzio” edo “performance” deitzen diogu zenbait gauzari eta horrela jendearen irudimenean antzerki klasikotik ateratzen den oro beste gauza bat da, eta ez antzerkia.

 

Estrategia ona izan daiteke. Azkenik, zein da zuretzat Euskal Herrian kultura garatzeko bidea?

Badira hainbat eragile horretan lanean dihardutenak, adibidez, Karraskan: Euskadiko Sormen Esperientzia Sarea, hainbat eragilek osatzen dutena. Azalak ere parte hartzen du bertan, politikoki nahiko eragingarria izaten ari da. Nire ustez bidea hori da: sarea sortu, diziplina bakoitzeko beharrak identifikatu, baina era berean baita diziplinetatik atera ere, arte sorkuntza zentzu zabalago batean ulertzeko: jendea ohartarazi artea ez dagoela diziplinen logikek horren baldintzatuta.

      Bestalde, ezinbestekoa da elkarteetan modu konprometitu batean lan egitea eta horrek politikariengan eragina izan dezan saiatzea, horretarako sortu behar diren estrategia, lobby edo mugimendu guztiak bultzatuz. Eta, batez ere, sortzaileok elkarrekin lan egin behar dugu, eta sortzaile diodanean jende askoz ari naiz: artistak direnak, hezkuntza munduan dabiltzanak... Zentzu horretan, beharrezkoa da euren burua sortzailetzat hartzen ez duten horiek guregana erakartzea, nahiz eta zuzenki kultur eragile ez izan, okupatzen duten lekuaren arabera eragin handia izan dezaketelako kulturan.

 

Denok eragiten dugu modu batean edo bestean kulturan.

Denda batean lan egiten duen norbait izan daiteke kultur eragile baldin eta kulturan interesa badauka. Zentzu horretan ere, garrantzitsua da eremua zabaltzea eta kultura balioan jartzea kultur arloan lanean ari garen pertsonez haratago, hezkuntzan balioa jarriz, adibidez.

 

Horrekin esan nahi duzu kultura eskubide bezala ulertu beharko genukeela? Herritartasun kritiko bat sortzeko beharrezkoa da kultura aberats baterako sarbidea.

Hori da. Nik ez dut politikariengan konfiantzarik baina herritarrengan bai, eta ziur nago jende asko dagoela kulturarekiko interesa duena, artelan berritzaileak edo erradikalagoak ikusteko eta horien aurrean erantzuteko prest. Ez dut “publiko guztientzako” diren gauzetan sinesten. Programatzaileek beldur hori izan ohi dute, publikoak ez duela ulertuko. Segur aski herritar gehienak egungo politika kulturalak baino jantziago daude.

 

Eta gainera beraientzat egiten dugu lan.

Beraientzat eta beraiekin, azken finean, ez?

 

Eta beraien parte gara: hau da, gu ere herritarrak gara.

Bada, horrela laburbilduko nuke: kulturarekiko irudimena herritar guztiei zabaltzea. Guztiei ez, beharbada guztiek ez dute nahi, edota beste kultura-logika batzuetan daude, baina askori bai.

 

* * *

 

      Idoiak esperientzia zabala dauka, eta haren lanak kontzeptu asko gainditu dituela esan genezake: “artista” bat da baina ez artista soila, kultur eragile, irakasle, aditu… Antzerkilaria izan liteke baina ez guztiz, edo ez bakarrik, “dantzari” kontzeptuarekin gerta dakiokeen moduan. “Koreografo” gisa ere izendatzen dute han eta hemen, edo “zuzendari”. Fenomeno hau ez da isolatua, arte diziplina baten edo batzuen baitan lan egiteak uste baino adar gehiago ukitzera eraman ahal zaituelako, zuhaitz oso bat ikertzera, sustraietatik azken hostotxoraino. Beharbada aniztasun eta zabaltasun hori “sortzaile” hitzak bereganatu lezake hobekien, eta harekin batera “kultura”k. Idoiak ondo azaldu duen bezala, ez da erraza lengoaia egiten dugun horretara egokitzea, are gehiago egiten dugun hori sortze-prozesu etengabean baldin badago eta irudimen aberats bati apelatu nahi badiogu.

      Gasteiztarrak subjektu aktiboagotzat hartzen du antzerkilaria, eta erabaki-ahalmen hori aitortzen diolarik ahaldundu egiten duelakoan nago. Berak argi dauka gurean antzerkiak, eta, oro har, kulturak, ez duela prestigio sozialik. Hala ere, sortzaileak, edo kultur eragileak, badu eraginik horretan, eta prestigiorik ezari aurre egiteko ezinbestekotzat ditu artisten arteko elkartasuna eta saretze egonkorra. Euskal Herrian faltan sumatzen dituenak, preseski.